Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ametsetan

Leire Narbaiza 2013/06/25 22:53
Monotema bihurtzen ari zait. Serie bateko bigarrena?

Badaroat bolada nahiko luzea esnarik ametsetan. Trenean noala, liburutik begiak altxatu eta leihotik euri artean urrunera begiratuta, irribarre inozo bat marrazten zait, gura barik. Jatetxe inpertsonal hartan, sardexka airean dudala, murtxikatzeari lagata, soa amesti doakit urrutira. Semaforoan geldi noiz aldatuko, ahopeka doinu bat irteten zait. Birikak arnasez beteak, begiak jostari, ezpainak lore, flotatzen laino artean bezala. Bai, bolada honetan egun asko horrelakoak dira.

Ez da zoriona, suzedaneo bat da, marka famatu baten faltsifikazioa bezalakoa; angulak beharrean, gulak jatea legezkoa. Baina egun hauek zorionaren antzekoenak dira.

Deserria gurean

Leire Narbaiza 2013/06/23 21:53
Burokrazia egin behar izateak inspirazioa ere badakarrelako.

Pasa den larunbateko Anjel Lertxundiren artikulua irakurri, eta astelehenean Bilbora joan behar. Gran via gora eta behera ibilita, argi daukat Lertxundik arrazoia daukala, Bilbon Bilbao kabitzen dela, eta ez Bilbo Bilbaon, alegia.

Bilbo maite dut, beltza eta iluna zenean ere nuen gustuko; gustukoagoa, beharbada. Baina bertako hainbat tokitan zein arrotza sentitzen naizen! Ikaragarria da! Udan idatzitako artikulu batean nioen Donostian zenbaitetan aborigen sentitu izan naizela. Bilboko kale nagusi honetan, ordea, guztiz arrotz, atzerrian banengo moduan, ia beti.

Holakoetan zalantzan dut zer ote den Euskal Herria. Orduan ere, bazkaltzen eta apunteak hartzen estrainoa nintzen han. Paisaiak ere ez du laguntzen, Europako edozein hiri handitako arteria nagusian egon nintekeelako. Edo, hobeto esanda, Espainiako edozein hiritan.

"Agur" entzun, eta erreferentzia bakarra izan, Bizkaiko hiriburuan; San Mames estadioaren eraistea sinbolo bihurtu duena, identitate ikur ia bakartzat futbola eta museo amerikar bat dituena. Bilboko euskaldunek ez dute meritu makala, gero!

Azken finean, deserriak gure muga geografikoen barnean ere badaudelako. Atzerria, gure baitan.

Dantza eta generoa

Leire Narbaiza 2013/06/16 22:35

Pasa den ostiralean Kezka dantza taldearen Dantzari egunaren ikuskizunean izan nintzen Untzaga plazako harmailetan. Eli lagunarekin joan nintzen euren alabak egiten zuelako dantzan, eta biondako oso plan atsegina izaten delako dantza ikustea, hala ezagutu genuen elkar orain hogeita hemeretzi, urte gure lehenengo egunean, elkarren ondoan jarri gintuzten, eta gaur arte!

Tira, ekitaldi ikusten ari nintzela aste honetan Amelia Barquinen Kinka blogeko post honen harira twitterren dantzaz izan den elkartrukeaz gogoratu, eta buruari buleta batzuk eragin zizkidan.

Kontua da Barquinek generoaz diharduela, zein markatuta dagoen euskal dantzetan dio. Arrazoia du, arropak dantza askotan oso desberdinak eta markatuak dira, eta bikoteak neska-mutil dira. Ados.

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Gutxi dakit queer teoriaz, gutxi dantzaz. Baina nire hausnarketa bide batzuetatik joan zen, aurrejoa gogoan. Eta badauka generoarekin zerikusia: mutil falta eta gizartearen aldaketa.

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Dantza taldeetan mutil falta ikaragarria dago, ostiralekoa ikustea besterik ez zegoen. Gure sasoian hori ere pairatu genuen (dantza mistoak nagusiagoak ginenean egiten baikenituen, baina nagusitu ahala mutilak desagertu, beraz Kaskarot, for ever)

Badakizue, futbolak kentzen zizkigun mutilak, dantza nesken kontua omen delako, femeninoa. Benetako gizon batek egiten ez duena, arrosaz janztea bezalakoa. Emakumeen kontua izaki, arbuiagarria.

Baina paradoxikoena da Hego Euskal Herrian, gutxienez (ez naiz ausartzen Iparraldeaz berba egitera, agian oraindik ere Zuberoan hala delako), gizonak zirela dantzariak, rol hori eurei zegokien, eta dantzari ona izatea, ohorea zen, gaur egunean futbol taldeko goleatzailea izatea lakoxea. are gehiago, Gipuzkoako dantzen errepertorioan ez zegoen espezifikoki emakumeendako zirenak, plazetako fandango eta arin-ariez gain (hauek mistoak). Neskek dantza egin zezaten mutilen batzuk hartu eta guk dantzatu! Hor ere plazaren konkista. Dudarik ez dago, dantza horiek (eta beste batzuk) gizon, emakume zein mistoan egin daitezkeela, gura den moduan!

Tapia eta Leturiak "Bizkaiko kopla zaharrak" disko zoragarrian Banango abestian laugarren koplan hauxe dio: "txapel gorridun mutil horrexek krabeliñie dirudi". Imajina zenezakete gaur egun gizonezko bat krabelinarekin konparatzen? Ez, ezta? Ez da batere maskulinoa! Bada, antza, hemen bai.

Zer gertatu zaigu Euskal herrian? Zergatik abandonatu dugu pentsaera hori?

Ez dago dudarik, plazaren espazio sinbolikoa dantzaren bitartez gizonen lekua izan dela. Baina gizontasunarekin ere lotua. Plazan dantza egitea maskulinitatearen ezaugarria zen. Maskulinitatea adierazteko beste modu bat.

Hori ere konkistatu genuen, plaza eta beste gizarte batzuen ereduak erakarrita, gizonek abandonatu zuten. Konkistatutakoan, degradatu konkista, gizartearen begietan, zoritxarrez.

Genero, maskulinitate, gizontasun, emetasun, feminitate eta abarrak alde batera lagata, dantza disfrutea da, gozamena. Gure gorputzaren kontzientzia hartzeko modua, jendarte honetan hain abandonatua daukaguna. Buru-gorputza konexioa lortzeko modua, indarrez kargatzen gaituena. Sentsualitatea deskubriarazten diguna, musikaren konpasean. Gizonek zein emakumeek behar-beharrezko duguna.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua