Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Bigira ahaztezina

Leire Narbaiza 2013/03/16 23:40
Horrelakoa izan zen ostiralekoa

Atzo Elgetako Espaloia kafe antzokian ahotsak.com-ek hamargarren urteurrena ospatu zuen. Bai, ondo aukeratu dut aditza, ospakizuna izan baitzen egin zutena, jaia: elkartu, ospatu, gozatu, barre, negar, gogoratu, goratu, agurtu, musukatu, besarkatu, jan, edan, dantza eta kantuan egin genuelako.

Igo, konpainia noblean igo nuen Elgetara: Serafin eta Anerekin. Horrela hasi zen bigira. Behin Elgetara ailegatutakoan lagun kuadrilla agurtu genuen: Asier, Iban, Jaione, Juan Martin, Urtzi, Esti…

Ekitaldia xumea eta egokia izan zen. Doia emozionatzeko, joandakoak gogoratzeko eta egindako lana gogoan hartzeko. Aurrera egiteko indarra batzeko ere balio izan zuelakoan nago, jasotakoaren garrantziaz hausnartzeko. Transmisioa, transmisioa, transmisioa: jaso, eman, hartu, pasatu. Eman euskara elkarri, finean!

Jaialdi berezia izan zen, ez ahazteko moduko askaia. Izan ere, idatzitakoaz gain, aspaldiko lagunen topagune bihurtu zitzaigun Espaloia. Ekitaldian zehar falta zaizkigunak etorri zitzaizkigun burura: Fernando, Emilio, norberaren etxekoak… Eskertzen ostean, jan-edanaren tartean etorri zelako, besarkada eta irribarre momentua izan zen. Orduan, aspaldiko ezagun eta lagunak agurtzeko unea: Maripi, Nerea, Soko, Karmele, Inma, Estepan, Igone, Josu, Egoitz, Joxe… Batzuk hamar bat urtean ikusi bakoak: Nuria, Alberto,… Desbirtualizatu ere, bi desbirtualizatu nituen: Joseba eta Jon, urte askotarako!

Gero, kontzertu/dantzaldia hasi zen, eMePebost-en eskutik. Dantza eta kantu era oso dibertigarrian! Jende asko joana zen, eta petit komitean geundenez, dena izan zen intimoa eta hurbilagoa! Zoragarria!

Irribarrea ahotik kendu ezinda, ordu horretan ia edozertarako prest, nor edo nork esan zuen Elorrioko Arriola antzokian Ruper Ordorikak jotzen zuela. Ruper Elorrixon? Goazen! Bota zuen norbaitek, eta hara joan ginen sei zoro gauari amaiera ematera! Zelako kolofoia! Amaiera eman Ruper entzuten! Zer gehiago eska geniezaiokeen, bada, gau horri?

Oso berandu iritsi baginen ere laga ziguten sartzen. Ederki! Kantu batzuk entzun, abestu, txaloak egin, garagardo bat hartu, aspaldiko beste pare bat lagun ikusi Josune eta Iñaxio (zelako ezusteko ederra!) eta irribarrea ahoan, etxera!

Orain eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, dena antolatu zutenei, lana egindakoei eta joandakoei, egun ahaztezina eskaini zenidatelako, mila esker! Gainera, horrelako batze-lan bikainaren aitzakian! Ederra, benetan!

Etsaitzat dute

Leire Narbaiza 2013/03/13 23:53
Ez dut ulertzen euskalkia zergatik ikusten dute askok oztopo!

Iban Arantzabalen blogeko post hau "Tokiagoak beharko dugu izan, sustraituagoak" irakurtzen niharduela, erantzun lagatzea erabaki dut. Ibanek eta biok ikuspegi antzekoa dugu –ez bada bera– euskalkiari dagokionez, erraza egiten zait berari oharrak uztea, agian, soka berekoak garelako, baliteke. Amaitutakoan post baten hazia izan zitekeela pentsatu eta hemen nabil zerbait egin nahian.

 

Betikoa, ez dut ulertzen zergatik askok duten euskalkia etsaitzat! Sarasolak aitatzen du mendebaldeko euskaraz egindako edozer, okerra dela batuaren izenean eta batasunaren aitzakian.  Hala ere, berak irrati (semi)nazionalean pontifikatzen duenean, gipuzkeraz dihardu besteon euskalkikeriaz! To! Gora ekidistantzia, gora batua, gora gu eta gutarrak!

 

Horrelakoak esaten dituztenean, mespretxatu egiten gaituzte, euren hitzak eta ekintzak bat ez etorrita, –eta gutxiespen tonu horretan–, min handia egiten digute. Niri bai, behintzat, nagusikeria adierazten duelako. Beraiena delako batua, noranahikoa, zentroa. Gurea da galdu behar dena, oztopo eta kalte baino ez dena. Ez du ulertzen jarrera hori, guretako euskalkia iturria delako, sena, batuaz egiten laguntzen diguna, erreferentea. Lehen ere esanda nago hori berori!

 

Batua maite dut, ikaragarri, berba eta esamolde asko eman baitizkit, hizkuntza lotu eta kohesionatu duelako; eta era berean, hegoak eman dizkiolako. Nola adieraziko nuke nahi dudan guztia, gura dudan eran, zabal eta nasai baturik ez banu? Zer irakatsiko nieke hainbat herritako ikasleei? Zelan irakurriko nuke Euskal Herri osorako prentsa, irratia entzun, beste euskaldunei aditu?

 

Baina, era berean, gureari asko gura diot, maitasuna eta goxotasuna ematen dizkidalako, barruan dudan ume horrekin konektatzen nauelako, nire alde intimoarekin, nire idiolektoa delako, azken baten! Euskalkian sentitu eta pentsatzen dudalako!

 

Hain gaitza egiten zaie ulertzea? Zergatik nahi gaituzte baztertuta eta eta ezdeustatuta? Hain kaltegarriak gara euskararendako? Ez dut deus konprenitzen!

Aurreiritziei aurre egin ezinda

Leire Narbaiza 2013/03/12 16:22
Kontzienteak gauza bat diosku, baina inkontzienteak beste bat!

Gabon hauetan Olentzerorena egiten nenbilela, 3 urteko iloba Gariri oparitxoa egitea falta zitzaidan. Baneuzkan ipuintxo batzuk baina beste zerbait ere nahi nuen. Horrela, asko gustatzen zaidan jostailu denda bateko erakusleihoan begira nengoela, bizkar-zorro koloretsu, alai eta moñoñoa ikusi nuen. Ze polita! pentsatuta barrura egin eta dendariari erakusteko eskatu nion.

Berak beste modelo bat ere bazuela esan, eta bila joan zen. Bitartean, neure buruan galdera sortu zen: "ez da infantilegia? Infantilegia? 4 urte ere ez ditu, barren! Orain ez badu gauza infantilak eroaten, noiz?". Horrela, zentrifugatu baten nerabilen burua.

Halako baten, beste kezka bat sortu zitzaidan, ez dakit nondik: !ez da oso neskarena?". Artean, dendaria etorri zen, eta erakutsi zidan motxila polita zen baina urdina, eta barrutik irten zitzaidan, zakar: "hau ez!". Jakina, saltzaileak haluzinatu egin zuen, zoro bat sartu ote zitzaion dendan pentsatuko zuen! Horregatik, azaldu nion buruan zebilkidana. Era berean, esplikatu nion izan nuen pentsamenduak ere zeharo harritu ninduela, ez nuelako sinisten neska/mutil banaketa horretan. Berak esan zidan errotuegi ditugula aurreiritzi horiek, nahiz eta kontzienteki gauza bat pentsatu, hezkuntza eta antzinako ereduek habia egin dutela gure pentsamendu sakonetan.

Motxila erosi nion, oso-oso polita da. Eta ikastolako bizkar-zorrorik desiratuena da!

Nire feminitatea

Leire Narbaiza 2013/03/08 15:51
Pasa den ostiralean otutakoa, gertaera bitxi baten ostean, sentitu nuelako. Gaurko aproposa izan litekeelakoan.

Nire feminitatea ez datza makillajean, ez takoien altueran, ez gonaren luzeran, ez titien biribiltasunean, ezta ugalkortasunean ere. Ez naiz emakumeago, ezpainak gorrik margotzeagatik edo hankak depilatuta eramategatik. Samurtasunak edota maite ditudanak zaintzeak ez nau egiten andreago. Ibilera baldresak edo ile laburrak ez didate femeninotasunik kentzen.

 

Sarritan, oso gizon sentitzen naizen arren, horrek ez du esan nahi oso emakume ez naizenik. Izan ere nire emakumetasuna maskulinoa ere bada. Bietatik dudalako, eta biak barik ez nintzatekeelako ni.

 

Ez dakit zer den emetasuna, jainkosa bat ez daroadala nire barnean ere badakit (edo bai, baina beste edozein pertsonak bezala). Printzesa ere ez naiz, errepublika aldarrikatzen baitut beti. Ez dut gizonezkoen aldean desberdina izan, ezberdina banaiz ere.

 

Ez dakit zertan datzan emakumetasuna, zer den ere definitzeko ez banaiz gai. Halere, emakumea naiz, femeninoa eta maskulinoa, pertsona, finean. Eta gustura nago emakume izanda!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua