Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Aprobetxatu

Leire Narbaiza 2012/08/31 11:10
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/31

Badira pare bat egun euria ari duena. Jende asko hasi da hileta jotzen «ai, uda amaitu da», «eguraldi txarra datorkigu», «euria, ze nazka». Euskaldun tropikal horiek tanta bi jausi orduko horrela hasten dira, nahiz eta hau aspaldiko abuzturik sikuena izan. Hori bai, horiek beroriek kexaka jardungo dute ur eskasia egonez gero, edo gure bazter berdeak gorri ikusita. Euretako askok argudiatuko dute abuztuaren amaieran gaudela eta oporrak amaitzear dituztela, eguraldi honekin ezin dutela bakantzen hondarrez profitatu. Zertan jardun dute, bada, oporraldi osoan?

Eguraldia eta aprobetxatu aditza oso lotuta erabiltzen dira. Eguraldi-iragarpenean (adibidez neguko asteburu baten), eguzki egun bat iragarri, eta hurrengoa euritsua datorrela esaten badigute, esatariak berak, tonu profesional horretan hauxe aholkatuko digu: «Badakizue, aprobetxatu». Zer aprobetxatu behar dugu? Eguzkia? Euria? Denbora? Zergatik ez digu gomendatzen ondo pasatzeko, disfrutatzeko, gozatzeko? Ez, aprobetxatu. Zer da hori? Kanpoan ibiltzea? Paseatzea?

Antza denez, ezin da eguna probestu euria ari badu. Ez dago egunaz baliatzerik kanpoan ibili ezean? Kontzeptu zeharo desberdinak ditugu horren gainean. Aterpean gauza asko egin litezke: liburu eder bat irakurri, margotu, umeekin antzerkia egin, familian bazkalosteko luzean solasean jardun, tabernan lagunekin barrena hustu, Arte Ederretako museoa bisitatu, blogean idatzi… Mila kontu atsegin, eder, eta aprobetxagarri.

Konturatuko zineten ez dudala oso gustuko gomendio hori. Agian berba bera oso desegokia begitantzen zaidalako. Aprobetxatu entzundakoan beti etortzen zait soberan edo botatzeko dagoena erabiltzea, inork nahi ez duenarekin zerbait egin, hala moduz hondakin hori salbatu. Miserableen kontuak, alegia, edo premia gorrian dagoenak egiten duena. Koadernoen marjinak erabiltzea aurreztearren.

Baina nola lotu kontu hau erabili eta botatzeko gure gizarte honekin? Nola uztartu aprobetxatzearen filosofia, jai baten 120 tona tomate alferrik galtzearekin? Gure gizartearen desorekaren adierazgarri ere bada. Izan ere, jende asko jai egunei begira bizi da. Asteburuan zentratuta, aisialdian. Astegunik ez omen da, baina gure bizitza astegun buruzurietako kontua da, proportzioak diosku.

Errutinak, lanak eta arazoek betetzen dute gure bizitza. Ez genuke horietaz ere disfrutatu behar? Horregatik daude hainbeste frustrazio eta egonezin, horrenbeste ihesaldi. Ospa egin beharra, egunerokotasunak itota, furgoneta hartu eta fitxatu aurretik ia, hanka, errealitateari izkin eginez.

Ni ere banoa geratzen zaizkidan egunak gozatzera! Hurren arte! Plazera izan da! Tabernetan (erreal eta birtualetan) elkartuko gara!

Hemen Berrian

Euskalkia

Leire Narbaiza 2012/08/30 15:31
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/30

Batzuetan nire testuak ixaz eta jota belarez bete nahi nituzke, bustiduraz eta palatalizazioz. Azentuak jarri básoa eta basóa desberdintzeko. Barruak eskatzen dit. Batzuetan nire euskalkian idatzi nahi nuke Euskal Herri osorako, euskara hutsean argitaratzen den egunkari bakarrean, hemen. Berba bereziz hornitu, esamolde bitxiz bete. Batuko idatzia gure ahozkoaren indarrez zipriztindu nahi nukeelako, gatz eta piperrez, gozotu eta gogortu.

Maite dut batua, benetako batua. Berak ematen didalako aukera besteena ulertzeko, eta besteek niri konprenitzeko. Literatura ona izateko aukera eskaintzen digulako, irakaskuntzan jarduteko parada, berriak jakiteko era, erdaldunek gure hizkuntza ikasteko egokiera.

Esan dudan legez, benetako batuaren zale naiz, ez batutzat saldu nahi diguten herrenarena. Lexiko guztia da batua, gure herrikoa baino ez bada ere. Nork adierazi du piztu hitza isiotu baino batuago dela? Nork esan du ari izan forma izan behar dela bakarra orainaldi iraunkorra adierazteko? Azkenean, batueraren izenean hainbat uste oker zabaldu dira, desmuntatu beharrekoak, euskarari berari mesederik egiten ez diotenak. Badakizue zenbat sufrimendu ekarri duten uste ustel horiek? Zenbat jendek pentsatu izan du bere euskara txarra dela? Non ikusi da 5 urteko umea amamari esaten txarto hitz egiten duela? Zein hizkuntzatan? Azkenean, konplexuz bete ditugu aitaita-amama horiek, hiztun zoragarriak direnak. Gure formak ezkutatuz, politak eta egokiak ez direlakoan. Onbeharrez, kakaztu.

Batzuek ez dute ulertzen euskalkiarekiko afektu hau. Prest daude eurena abandonatzeko, batuaren mesedetan. Hori defendatzen dutenek, normalean, eurena estandarretik gertuago daukate, edo euskalkia fonetismoz eta kontrakzioz betetako jarduna dela begitantzen zaie. Hori besterik ez. Eta hori baino askoz gehiago da: aberastasuna eta adierazkortasuna.

Baina ez dugu planteatu behar afera hau euskalkia versus batuera: batak ez du bestea kentzen. Elkarren lagungarri eta aberasgarri direlako, bakoitzak bere esparrua daukalako eta batean sakontzeak bestea indartzea dakarrelako. Euskalkia izateko suertea daukagunok, gurea hobeto ezagutuko bagenu, dauzkan errekurtsoak ikasiz gero eta ondoren estandarrean aplikatu, batuera sendotuko genuke. Euskara aberastuko genuke, berba baten esanda.

Euskalkia behar dut sentimenduak adierazteko, maitatzeko, gorrotatzeko. Batua behar dut munduratzeko, besteekin eragiteko, hizkuntza hedatzeko, gaur eguneko bizitzarako. Euskara zuhaitz bat bezalakoa da: sustraiak behar ditu hazteko, eta adarrak handitzeko. Ez dago arbolarik bata zein bestea falta izanda.

Bihur dezagun euskara pago-tantai!

Hemen Berrian

Bainujantzia

Leire Narbaiza 2012/08/29 10:38
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/29

Debako zumardian eguraldi onaz disfrutatzen ari ginen. Eguerdia izanda eta uda, ia ez zegoen inor; izan ere, halako giroaz gehiengoak hondartzara joan nahi izaten du. Zibulu-zabuluetan geunden, hiru urteko umeek hareatza baino gehiago estimatzen baitituzte txintxaunak; eta eguzki galdatan egon baino hobea delako zuhaitzen geriza.

Denok arin geunden jantzita, batzuk hondartzatik haurrei jaten ematera etorrita, elastiko, praka eta alkandorapetan bainujantziak igartzen zitzaizkigun. Halako batean, bikini hutsean zeuden neska bi agertu ziren, eta atzetik jende gehiago, denak bainujantzian. Beste familia bat ere etorri zen, haiek ere bainujantzian. Eta asaldatu egin nintzen. Bat-batean, burutik hau pasatu zitzaidan: «Baina zelan etorri dira zumardira jantzi barik?». Berehala konturatu nintzen ideia horren okerraz.

Zenbat aurreiritzi dugun, geure burua liberaltzat badugu ere! Nondik sortu zitzaidan halakorik? Zergatik aztoratu zidan barrua? Bainujantzian zeuden, hareatzatik 20 metro eskasera.

Baina agian asaldatzea ez da gaitzena; txarrena da oiesa, txatarra, klase gutxikoa, gustu txarrekoa iritzi niola lehenengo brastakoan. Ondoren, pentsamendu horiek izutu egin ninduten, benetan. Hain klasista eta esnoba ote naiz? Hotzikara ere sortu zitzaidan. Zer dela-eta iruditzen zait egokia hondartzan bainujantzian egotea, topless egitea edo biluzik ibiltzea, eta handik hurre, ia leku berean, eskandalagarri begitandu? Argi daukat: jasotako heziketa da, dena sailkatzeko joera daukana, konbentzionalismoz eta aurreiritziz betea, batere gustuko ez dudana.

Egia esatera, justu bainujantzian zeuden pertsonek errukia ere eman zidaten lehenengo segundo horietan: zuri-zuri, oso argal eta gainera bainua hartu berri eta ilea oraindik bustita, buruari itsatsita.

Gure ondoan babesgabeak ziruditen bere erdi-biluztasun horretan. Horrek ere kezkatu ninduen eurenganako paternalismo moduko bat sentitu nuelako, ezgauza izango bailiran, eta ni jantzita egotegatik, gai eta benetan ahalduna nintzelako. Horrek ere zer pentsatua eman zidan. Arropak, eguraldiaz babesteaz gain, gizarteaz eta bere legeez babesteko balio du, antza.

Seguru eurek ez zutela horrelakorik sentitu eta barre egingo lidaketela hau irakurriko balute. Hala ere, subkontzienteak dauzkan mendeetako arau eta agindu horiek, gutxien espero dugunean, lasai eta bakean gaudela agertu egiten zaizkigu, zoritxarrez. Oraindik zenbat lan dugun gure buruak aldatzeko!

Hau guztia hausnartzen jardun dudan bitartean, kanta bat etengabe errepika izan dut: Nire baitan daude biak, Negu Gorriak-ena. Eta kasu egin beharko diot, bada: «Borroka nire baitan hasten da, aska ditzagun geure buruak».

Hemen Berrian

Segregazioa

Leire Narbaiza 2012/08/28 14:09
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/28

Moja eskolan ikasitakoa naiz. 4 urtetik 14 urtera, azken zortziak neskak baino ez, Oinarrizko Hezkuntza Orokor (EGB) osoa, alegia. Oso oroitzapen onak ditut, politak. Gure artean bazegoen konplizitatea eta giro ona. Bihurriak ginen, eta beti zigortuta geunden. Hori bai, oso xaloak ginen. Batxilergoa egiteko beste eskola batera pasatu behar genuen, eta denok pozez zoratzen, uniformea alde batera lagako genuelako (12 urtez!) eta inguruko eskola guztiak, bat izan ezik, mistoak zirelako. Mutilekin! Zein ondo! Pozarren genbiltzan! Halere, hartu genuen desilusioa handia izan zen. Ia guztiak umetxoak ziren, eta ez zekiten gurekin harremanetan jartzen (agian, guk ere ez haiekin). Tira, ikastola eta eskola publikoetatik zetozenak (mistoak) horiek bazekiten gu tratatzen, baina fraide eskolatik zetozenekin, orokorrean, gaitza zen. Batzuek bultza egiten ziguten, edo bularretakoa askatzen saiatu klasean. Beraiendako neskok kontu bitxia ginen, eta ez zekiten nola jokatu gurekin.

Txikitatik, elkarrekin ikasi bagenu, ez dut uste horrelakorik gertatuko zenik. Arrunta izango ginelako elkarrendako neska eta mutil, ez bat-batean gure errutinetan sartzen diren mamorro erakargarriak. Ez dugu ahaztu behar hau guztiau hormonak dena emanda dabiltzanean gertatu zitzaigula. Oraindik zailago, nire ustez.

Badakit Ipar Europako feminismo korronte batzuek eskolan sexuak banatzearen alde daudela, uste dutelako emakume indartsuagoak sor litezkeela hala. Horrezaz gain, senitarteko batek urte luzez diharduenak umeen irakaskuntzan dio neskek, eurek bakarrik, etekin handiagoa aterako lieketela ikasketei. Agian horrela da, ez dut zalantzan jartzen, baina gero, bizitzan denok nahastatuta jardungo dugu eta hobe da hasieratik elkar ondo ezagutu eta hezkuntzak ezarritako generoaren estandar horiek apurtzea.

Argi dago Espainiako gobernuak segregazioa praktikatzen duten eskolei diru-laguntzak eman nahi izatea kalkulatuta dagoela, ezkutuan berdintasunari galga jartzeko. Ikastetxe horien ideologian ez dago ez genero-parekatzea, ez feminismoa. Ia guztiak Opus Deikoak edo antzeko sektetakoak baitira.

Polemika hortxe dago. Baina argi dago matxismoak ez digula meniarik eskainiko. Edozer egingo dute, barregarria bada ere. Esaterako, Wert kultura ministroaren ideia berria, Clan umeendako telebista kate publikoa bitan banatzea: Clan girls eta Clan boys. Horrela, marrazki bizidunak generoz banatuko dituzte! Sekulako astakeria! Zeren arabera egingo dute banaketa? Beti egon behar dugu «hau neskena», «hau mutilena»? Arrosa/Urdin etiketa eroan behar du guztiak?

Laster, neskei ez diete ile laburra eroaten lagako, luzea eta txoriekin! Sekula halakorik!

Hemen Berrian

Happy meal

Leire Narbaiza 2012/08/26 22:38
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/26

Donostian paseoan genbiltzan, eta 3 urteko ilobak markesinako iragarkia seinalatu eta esan zidan: «Leire, hori nahi dot». Begiratu, eta MacDonalds hanburger-etxearen anuntzioa zen, Happy Meal produktuarena, hain zuzen. Harrituta erantzun nion ea hori, hanburgerra, nahi zuen, eta txarra zela. Berak ezetz, ez zela txarra eta jende askok jaten zuela. Nik atzera esan nion ez zitzaiola gustatuko. Umearen erantzuna izan zen jende askori gustatzen zitzaiola, eta hori nahi zuela baina oso txarra zela. Haluzinatuta, sekula halako jatetxe batean egon bako umeak zelan ezagut zezakeen. Gurasoei galdetu nien. Antza denez, aurreko baten telebistan iragarkia ikusi zuen, eta galdetu zer ote zen kaxa gorri hura. Hanburgerra erantzun zioten, eta berak nahi zuela bota zuen.

Aho bete hotz nengoen. Gaiaz jardun genuen, eta telebistako spot-a ikustea gomendatu zidaten. Etxerakoan hala egin nuen. Zein ona! Dena da jende zoriontsua, umeak, nagusiak, leku ederretan, kanpoan, iturriak ura bota eta bustitzen dutenak (oso garrantzitsua), txakurrak, xaboizko burbuilak, hondartza, eskuekin margotzen... ume txikiei gustatzen zaizkien gauza xumeak, denak irribarretsu, alai eta pozik. Musika ederra. Behin ere ez da agertzen jatekoa, kutxa gorria baino ez, hori da beti zentroa. Amaieran prezioa, oso merkea. Nagusiendako.

Nola izan liteke gure umeak desiratzea jakin barik zer zen benetan? Inoiz hanburgertegi baten egon gabe; hanburgerraren bat jan du, etxean edo taberna batean eginikoa, opari barik, besteok ogitartekoa jaten genuen bitartean. Ez daki ezer horietaz, baina dagoeneko lehenetsi ditu. Dena, telebistako iragarki on batengatik.

Spot-ean argi geratu zaigu umeendako dela kutxa gorriaren barrukoa. Martetar bat etorriko balitz, ez luke jakingo jatekoa, oparia ala zer den. Zoriontasuna dakarrela baino ez. Barruko jostailua ere ez du aipatzen. Arraroa egin zait. Gero, ohartu naiz euren betiko koloreak aldatu dituztela iragarkietan, denden kanpo aldean eta publizitatean. Berdea aukeratu dute, jakina, horrek ekologiko, garbi eta diskretuago egingo balitu legez. Aurpegi garbiketa.

Produktua ezkutatzeak badu esanahia, nire ustez. MacDonalds eta antzeko kateen azpian dagoena adierazten digu: ez dakigu zer gabiltzan jaten, baina berdin zaigu merkea delako eta gustuko dugulako. Umeak ere pozik dauzkagu. Zer gehiago eska liteke hain diru gutxiren truke?

Donostiako Bretxakoa zabaldu zutenean arrakastarik ez zutela izango uste nuen, zegoen tokian egonda. Oker nenbilen, bistan denez. Orain arte Bolivian baino ez du porrot egin. Gizakion uniformatzeko beharra ote da frankizia horien arrakasta? Ala saldu nahi diguten modernotasun zoriontsuaren ametsa? Ulertezina zait!

Hemen Berrian

Trinkotu

Leire Narbaiza 2012/08/25 12:53
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/25

Euskaldunok ez dugu elkar ezagutzen. Aurreiritziz beteta bizi gara, guregan mesfidantza eta errezeloa baino ez ditu sortzen honek. Bakoitza bere txokotxoan bizi da, besteena bisitatu barik. Orain arte, gurea mundu txikitxoa baitzen, herria edo haranekoa, probintzia ere handiegi geratzen zitzaigun.

Elkar ezagutze edo bistaratze hori beste herri batzuetan hezkuntza nazionalak (guk ez duguna) eta telebistak egin dute (gurean, kirola bultzatzeaz gain, ezer gutxi egin du). Telebistak estatuak kohesionatu ditu, balio izan duelako bertako kantariak, kazetariak, eta abarrak ezagutarazteko, euren hizkuntzan, era masiboan, publiko guztiengana ailegatuta. Baita frikiak ere. Alde horretatik, Hegoaldeko euskaldunok Espainiaren zatia gara. Nork ez du Chiquito de la Calzada ezagutzen, esaterako? Horrelakorik ez dugu euskaldunon artean, baina balego ere, bere inguruan baino ez litzateke ezaguna izango, minimundu sakabanatua baikara makromundu trinkotu eta aberats baten barnean.

Hori Hegoaldeari erreparatzen badiogu, baina Euskal Herria bere osotasunean hartuta, zer? Are okerrago; izan ere, Hegoaldekook gure espainolitatean (barkatu hain gordin esatea, askoren sentsibilitatea mindu badut ere) gero eta espainiarragoak gara. Orduan, zerk lotzen gaitu Iparraldearekin? Euskara bera da gure lotune garrantzitsuena. Baina ez da nahikoa, antza.

Elkarri bizkarra emanda bizi garela iruditzen zait; edo elkarri ipurdia emanda. Agian, Iparraldekoek gehiago begiratzen diote Hegoaldeari; esanguratsua da ETB2koek edozeini alkatxofa jarri, eta gaztelaniaz moldatzea. Baina frantsesa desagertu egin da irakaskuntzatik Hegoaldean, eta horrek urrundu egin gaitu.

Euskal Herri penintsularrean EH kontinentala ez da existitzen, edo aintzat hartzekotan, mitifikatuta dago. Arkadia gisako bat, benetako euskal esentziak gordetzen dituena. Eta badakigu mitoak beti direna faltsuak. Bidasoko eta Pirinioetako mugak elkarri jaramonik ez egin, eta psikologikoki ere asko banatu gaitu. Horregatik, jaidura Espainiara jotzea da, bestea urrun dagoelako, jakin barik Donostiatik Bordele eta Burgos antzeko distantzian daudela, adibidez. Horrekin esan nahi dut etxekoagoa egiten zaigula Espainia Frantzia baino, biak gure auzoak izanda.

Muga psikologiko hori apurtzeko, elkarren berri izan behar dugu. Nire lagun batek dioen legez, maitemindu, nahastu zentzu guztietan. Hori berandu baino lehen gertatu behar da, eta horretan sare sozialek asko lagunduko digutelakoan nago.

Buruko moldeak apurtu, muga hautsi, fisikoki nahastatu, nahaspila ederrean, pastel baten orea bagina bezala. Horrela trinkotu, eta legamiaz (euskaraz) bizkotxo eder eta arola izan liteke gure herria. Amesten duguna.

Hemen Berrian

Agurrak

Leire Narbaiza 2012/08/24 10:38
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/24

Uda agur esateko sasoia da. Betiko adiskide eta ohiturei uda hasieran, eta, amaieran, ezagututako leku eta lagun berriei esatekoa. Zenbat negar ez ote dut egin Goñiko udalekuetan txanda amaitzean! Azken dantza kantarekin hasten zen malkoei eusteko esfortzua, izaten genuen bukaerako erromerian. Hurrengo egunean, gure udalekuko kantu bereziez gain, Zergatik galdu itxaropena, berriz ikusteko? abesten genuen eskuetatik lotuta. Hor hasten ziren negar-euriak. Batzuek uholdea egiten zuten, beste batzuek lanbroa, baina inor ez zen libratzen. Despedida hori tristea zen, baina bazuen gozotik ere.

Hala da, agur guztiak ez dira tristeak, eta aste honetakoak, are gutxiago. Batetik, Donostiako Udalak agur esan die zezenketei. Pozteko berria. Alde askotatik da ona albistea. Nire ustez, laga egin beharko genioke animaliak esplotatzeari. Are gehiago libertimendu hutsa bihurtzen baditugu. Ea orain beste herri eta hiri batzuek bideari ekiten dioten eta zezenketa, ahari-jokoa, asto-karrerak eta entzierroak baztertzen dituzten egitarauetatik. Niri sentimendu bikoitza sortzen dit entzierroen kontu honek, gustatu egiten zaizkidalako; baina, horien helburua zezenketa denez, agur esatearen aldekoa naiz.

Beste adio gazi-gozo bat Tony Nicklinsonena izan da. Epaitegiek heriotza duina onar ziezaioten egiten zuen lan Nicklinsonek. Aurreko astean kontrako epaia eman ondoren, jateari utzi zion, pneumonia hartu zuen, eta apoplexiak jota hil da. Gizon horren agurrak mingots puntua ere badu, hiltzea lortu duen arren, ez duelako erdietsi nahi zuen eran. Gainera, heriotza guztiak, desiratuak izanagatik, tristeak dira. Gugan bego.

Heriotzaz urrunduko naiz oraingoan, eta egunotako beste akabera batekin segituko. Txirri, Mirri eta Txiribiton badoaz, desegin egingo dira! Zein pozik jarri naizen! Pixka bat ezagutzen nauen edonork badaki pailazoak gorrotatzen ditudana! Ezin ditut jasan, ez hauek, ez besteak! Beraz, oso albiste pozgarria! Tortura material berri gutxiago izango dugu hemendik aurrera, nahiz eta egindako saio guztien errepikapen amaiezinak ez digun desagerpenaren sentsazioa emango. Gainera, seme-alabak laga dituzte heredero!

Baina nori esango diogu aste honetan benetan Adixo, txorixo? Asmatu duzue! Patxi Lopez jaunari! Kostatu zaio joatea! Lehendakaritzara kolaz itsatsita zegoela zirudien! Poza eman digu badoala entzuteak, izan dugun agintari ganorabakoena, barregarria eta alferra. Intelektual plantak egin, zurikeria erabili, hemen gauzak desberdinak direla esateko. Bere buruari loreak bota, baina loreontzia hutsik! Hori bai, eskerrak eman behar dizkiogu treneko pasarteak eragin zizkigun barreengatik. Horrela pasatuko da historiara. Harrapazank, Txiribiton!

Hemen Berrian

Mediterraneoa

Leire Narbaiza 2012/08/23 11:07
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/23

Espainiar estatuan, aspaldiotan, den-dena mediterraneo adjektiboz bataiatzen dute, Iberiar penintsula Mediterraneo itsasoaren erdian balego bezala, Malta edo Sardinia legez. Lehen, klima, landaretza eta itsasoa baino ez ziren mediterraneoak. Orain, ordea, dena da mediterraneoarra! Patata frijitu zapore bat ere bada!

Boom handi hau dieta mediterraneoaren aurkikuntzan datza. Ikertzaile batzuk konturatu ziren jateko modu hori osasungarriena dela gaur eguneko bizimodurako. Hor hasi zen kopla hau guztia. Hain osasuntsua izanda, adjektibo hau edozeri jarrita ere, gauza hori on bilakatzen du, jakina. Horretara, izaera mediterraneoa bihurtu da izateko erarik onena. Horren erakusgarri nagusia, Nací en el Mediterraneo Serraten kanta ederra himno egin dutela. Hainbesterako, non Televisión Españolak egindako boto bidezko lehiaketan irabazi zuen gaztelaniazko kanturik ederrenaren saria.

Identifikazioa, hori da lortu duena marka horrek, espainiar izaeraren topikoa. Mediterranearrak gara; beraz, horrelakoak gara: alaiak, disfrutatzen dakigunak, bizitzaren alde ona ikusten dakigunak... Eraikuntza nazionalean beste aurrerapauso bat. Izan ere, Espainiak egunez egun dihardu bere nazioa eraikitzen, ez gure moduan.

Baina esango didazue kantabriar baten dieta tradizionalak zer duen mediterraneotik; edota gaztelarren izaera, oro har, mediterranearra den. Flamenkoa eta sevillanak bezala, deus ez. Miretsita nago nola funtzionatu dien asmakizunak!

Gurean ere izpiritu mediterraneo hori gorpuztu da; gure agintarien artean, gutxienez. Bestela, zer dela eta eraikiarazi dituzte horrelako azpiegitura zentzunbakoak klimari dagokionez? Denon gogoan dago Loiuko aireportua: egokia leku lehorrerako, baina ez 150 egunetan baino gehiagotan euria egiten duen herrirako; bururatzea ere zain zeudenak kanpoan lagatzea hotzetan... Eta Bilboko Zubi Zuri; bustita egonez gero, laprast egiteko egokiena, patinaje-pista bat baino askoz hobea. Um, arkitekto berarenak ez dira? Valentziarra bera, hain zuzen!

Eraikuntza mediterraneoaren izpiritua aterpeetan ere ikus genezake: Donostian Bretxa azokan baserritarrei jarritakoan, Ermuko Teresa Murgaren atarikoan. Biek, euri pixka bat eginda, burua estal dezakete, baina haizea ibiliz gero, akabo! Antzeko zerbait gertatzen da Euskotreneko geltoki berriztuetan: ez dago non babestu, aterpea izan arren; zain dagoena blai sartuko da trenean!

Azken mediterraneokeria Donostian agertu da: Metrotopoaren estalki berria! Ez dut ezer esango itxuraz, baina esker-eskuma babesik jarri ezik, alferrik. Beharrezkoa zen horrelako aterpe alferrikakoa?

Noiz lagako diote itxuran erreparatzeari eta funtsezkoan zentratu, praktikotasunean?

Hemen Berrian

Ezlekuak

Leire Narbaiza 2012/08/22 11:17
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/22

Aspaldi irakurri nuen Europa Mendebaldeko hiriguneak gero eta antzekoagoak direla. Eta nire bisitari esperientzia laburrean baiezta nezake irakurritakoa. Behin zentro historikotik aterata, dena da estandarragoa: dendak, kate handienak; tabernak, frankiziak; jatetxeak —zelan edo hala deitzearren— multinazional amerikarrak dira. Zubiak ere arkitekto berak eginak dira, sailean, guztiak antz-antzekoak.

Iberiar penintsulan eta Kanarietan, behintzat, lekurik parekoenak eguzkia eta hondartzako turismo-herriak dira. Irudi bera ematen dute: hamaka eta eguzkitako identikoak, pasealekuak, bertako dendak, txiringitoak... Igualtsuak dira. Bertan saltzen diren produktuak ere bai. Bob Belakia modan badago, elastiko modelo bera aurki genezake Benidormen zein Albufeiran. Ezingo genuke jakin non gauden toponimoengatik ez balitz; izan ere, denda eta tabernen oharrak ingelesez egoten dira, eta eskaintzen dituzten jateko eta edariak klonikoak izaten dira: hanburgesak, hot-dog-ak, espagetiak, paella eta sangria.

Antza denez, turista mota horri ahalik eta sorpresa gutxien gustatzen zaio. Nahiko luke bisitatutako lekua bere herria bezalakoa izatea. Hori bai, erosoagoa, buru-hauste bakoa eta eguzkitsua. Etxean jango lukeena jan, baina ukitu exotiko batekin. Horregatik menuetan beti dago paella edota sangria hondartza ondoko jatetxeetan, nahiz eta Lanzaroten egon. Benetakotasuna emate aldera.

Gune hauek ezlekuak bihurtzen dira; hau da, benetan existitzen dira, baina errealitate paralelo batean baleude bezala. Irrealak dirudite, fantasiazkoak. Egun batzuk bertan emateko diseinatuak, zentzunbakoak, funtsik gabekoak. Ez dira gure seme-alabak bertan hazteko tokiak. Nik ezin nezake imajina, behik behin.

Halere, ezlekuetan jendea bizi egiten da, guretako irrealak diren horietan. Baina nolakoa izan behar da urte osoan horrelako gune batean bizitzea? Are gehiago, zer izan behar du bertakoa, autoktonoa izateak? Zelan egin katalanaren defentsa Saloun? Nola mantendu herriaren izpiritua?

Gipuzkoa-Bizkaiko kostaldean ez gara hainbesteraino iritsi, agian eguzkia ez delako gure baliabide handiena, eta turismoa ez dugulako, momentuz, bihurtu diru-sarrera nagusia. Baina adi ibili behar dugulakoan nago, inoiz ni sentitu izan naizelako Salouko autoktono horren moduan. Autoktono sarri, batzuetan natibo, eta inoiz, aborigen. Bai, pare baten sentitu izan naiz aborigen Donostian. Bertara joan tramite batzuk egitera, eta didgeridooa baino ez zitzaidala falta sumatu!

Ez dut oso gogoko sentimendu hori, etxean arrotz sentiarazten nauelako. Dena dela, aborigenok segituan ikasi dugu egokitzen, eta ezlekuez ere disfrutatzen ikasi dugu.

Banoa ezleku honetako hondartzara!

Hemen Berrian

Taloak

Leire Narbaiza 2012/08/21 15:25
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/21

Zer lirateke gure herriko jaiak janari barik, familia artean egiten diren oturuntza eta lagun arteko tripa-festa gabe? Nolakoak lirateke egitarauak paella, marmitako, tortilla, eta abarren lehiaketa gastronomikoak falta balira? Zer litzateke dohainik banatzen diren jaki tipikoak kenduko bagenitu? Noiz jango genituzke txistorra, txokolatea, txurroak, taloak eta sardina erreak? Zer egingo genuke goizeko ordu txikietan txosnetan solomo-ogitartekorik egingo ez balute?

Ez dago jairik janik gabe, hala da. Elikagai horiek, sabela bete eta alkoholari aurre egiten lagundu ez ezik, bizipen eta komentario askoren iturburu ere izaten dira. Halaxe gertatu zitzaion lagun bati. Donostian zebilen jaietan, eta talo-postu baten ondoan hauxe entzun zuen: «Arto-ogia pobreen janaria zen. Ilaran (taloa) jateko zain egotea, nazionalismoaren eta ezjakintasunaren ondorioa baino ez da». To, Aste Nagusian arrantzatutako perla!

Bai, taloa pobreen elikagaia izan da duela gutxira arte. Ameriketatik ekarri zutenetik, hamaikatxo euskaldun elikatu du; izan ere, sekulako deskubrimendua izan zen. Gariaren aldean, errazago erein eta uzta oparoagoak ematen zituen. Gainera, gure klima eta lurretara oso ondo egokitzeaz gain, ederki kontserbatzen da. Gariak leku iluna eta lehorra behar du, bestela ernatu egiten da; artaburuak, ostera, ez. Artoari (eta esneari) esker, gure aurrekoak ase joaten ziren ohera.

Ez dakit zer ginatekeen Amerika barik. Ezin dut imajinatu patata, piper, tomate, indaba eta txokolate bako bizitzarik, besteak beste.

Pobreen jatekoak, bai, eta? Gure sukaldaritza tradizionaleko platerik famatuena, indabak, animaliendako ereiten zituzten, gosete handia etorri zen arte, eta animalien jana gizakiena bihurtu zen. Hara hor, zelako gozamena hartzen dugun baba-jana daukagunean txirotasunari esker!

Pobreziak pobrezia, horrelako esaldiak esaten dituenak nagusitasun morala duela erakutsi nahi du. Bera dela neurtzeko puntua, uraren izoztea eta irakitea termometroan 0 eta 100 diren legez. Normalean, bera lakoek uste dute elitea direla, kultuak eta erudituak, Gizon Jakintsua Zaldieroaren pertsonaia bailiran, eta ilaran zain daudenak bere zamaketari M'Ongolo. Ziur nago munduko hiritartzat duela bere burua, eta txistorra, talo eta jai herrikoiak barbaro eta ezjakinen kontuak direla begitantzen zaiola.

Mespretxuz eta erdeinuz betetako berba horiek, nire ustez, oso adierazgarriak dira; izan ere, jende-modu hori konbentzituta dago salbatu behar gaituela gure basakeriaz eta kultura ezaz. Ez daki, ordea, kasu honetan bera dela hezigabea, mamuak ez dauden lekuetan ikusten baititu, eta bere aurreiritziek lausotzen diotela entendimentua. Gizajoa!

Hemen Berrian

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua