Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ile-apaindegian

Leire Narbaiza 2012/11/30 00:44
Barretartia blogerako idatzitako posta

Pasa den astean ile-apaindegira joan nintzen. Beharra nuen, zegoeneko flekilloa sudur puntaraino ailegatzen zitzaidan; eta, gainera, ile zuriak gero eta ugariago jaiotzen zaizkit, zoritxarrez. Benetako premia neukan, beraz. Baina beti ibiltzen naiz berdin: astirik hartu ezinda, eta gero txanda hartzea ahaztuta.

Horrela esanda, badirudi ez dudala atsegin pelukeriara joatea. Ez, horratik, guztiz kontrakoa! Ezin dudalako, bestela astero joango nintzateke. Ezin da, baina. Alde batetik, astia behar delako horretarako; eta bestetik, dirua; izan ere, ez da kontu merkea ilearena.

Horregatik ez dut ulertzen ile-apaindegira joatea gustatzen ez zaion jendea, sinestezina iruditzen zait, nire ustez plazer hutsa baita. Niretako astia, mundu paralelo batean egoteko, pentsatu barik, laztanak eta masajeak jasotzen. Sentsazioen leku atsegingarrian.

Horrela sentitu nintzen aurrekoan. Bertara iritsi eta besaulki erosoan eserarazi ninduten. Horrekin batera betaurrekoan kendu. Egia esatera, behin antiojoak kenduta, miopeok erraz dugu mundu paralelora bidaiatzea, gure baitan murgiltzea. Mundu erreala lausotzen zaigu eta beste zerbait dela pentsa genezake.

Orduan hasten da benetako plazera: metxak egin eta ilea zilar-paperez beteta badut ere, gustura nago (agian ez dudalako ganoraz ikusten), berotzeko gailu bat jarri didate, ez lehorgailua, ez. berogailu moduko batzuk, epeltasuna zabaltzen dutenak.

Estetizista hurreratu eta ea atzazalak egitea nahi dudan galdetu dit. Nik, baietz. Gutxitan egin didate manikura, baina plazer txiki eta zoragarri horietako bat da. Imajina zenezakete? Ni besaulkian jesarrita eroso, estetizista, beherago eskuetan eta atzazaletan zirkulutan krema igurzten, azal hilak kentzen, … Itzela! Ingalaterrako erregina baino boteretsuagoa sentitzen naiz, denak nire atseginaren  bila dabiltzalako!

Ondoren, ilea garbitzera. Uff! Ikaragarria, ura nire gustuko tenperaturan, xaboiaz masaje txiki bat… beti iritzi diot plazera norbaitek burua garbitzeari, eta birritan garbitu didatenez, zer gehiago eska nezake?

Gero, tintea. Pausu hau ez da bereziki gozagarria, baina banabil pentsatzen ile-lehorgailuan sartuko nautela (bai kaskodun horretan) eta aurretiaz nabil disfrutatzen izango dudan plazeraz. Izan ere, pentsatzen nabil horrelako bat erosi eta etxeko egongelan jartzea, estresatuta nagoenean, bertan sartu eta munduaz deskonektatzeko, laino burrunbatsu horretan murgildu eta materia bako planeta paralelo epel horretan flotatu izpiritu hutsezkoa banintz bezala,: brrrrrrrrrrr…………Ommmm!!!!  Esperientzia mistikoa, berba baten esanda. Gainera, fribolitatearen maila gorenera iritsi naiz: Hola! aldizkariaren zenbaki bi ondoan! Zer gehiago eska nezake? Entzefalograma laurako azken ukitua! Julio Jose Iglesiasen ezkontzaren argazkiak ikusi eta konturatu Isabel Preyslerrek eta alaba nagusia Chabelyk eta dutela elkarren ondoan argazkirik ateratzen amak alaba dirudielako, edo familia horretan zimur hitza ez dela existitzen, edo Holakoek zein gaizki erabiltzen duten photoshopa konprobatu… Zerua da! Deskonektatzea, mundu hutsal batean jaustea, lastaira bigun eta arol batean etzatea… Errealitatea, krisia, lana, familia, arazoak,… ile-lehorgailuaren bestaldean geratzen dira, pizten den bakoitzean!

Azkenik, galaxia miragarri horretatik atera ninduten, jakina! Orduan, berriro ere etorri zen ile garbiketa! Berriro ere gozatua! Amaitzeko, ilea moztu, orraztu eta lehortu eskuko ile-lehorgailuaz. Hori arruntagoa da, baina beti izan dut gustuko.

Hori bai, beti etortzen da ordaintzeko unea. Garestia da, baina ez zitzaidan inporta izan, benetan: ederrago eta ordu ordu atsegingarri batzuk pasatuta, gustura ordaintzen da. Poltsiko arinagoekin irteten gara, baita gogoarekin ere! Merezi du!

Ile-apaintzaileek barre egiten didate. Normala! Nik beste gutxik gozatzen dutela ile-apaindegian, diote. Horregatik ezin dut ulertu Thyssen baronesa bezalako jendea existitzea: diruz josita egon eta bera orrazten da, inoiz ez da ile-apaindegira joaten. Jakina, igartzen zaio… Duen diruaz, bere lekuan, astean birritan joango nintzateke! Zein txarto dagoen banatuta mundua, ai!

http://barretartia.com/2012/11/29/ile-apaindegian/

Besarkada ahaztezinak

Leire Narbaiza 2012/11/08 16:45
Besarkada batzuk betiko geratzen zaizkigu iltzatuta.

Astea honetan aspaldiko ezagun batzuen berri izan dut. Internet bidez, eta sareak dauzkan bide bihur horietatik, ziber-lagun batek aspaldiko lagun batzuen berri eman zidan, eta ikusiz gero eskumuinak emateko nik esan. Hark, ondo bete zuen lana, eta goraintziak ekarri dizkit bueltan.

Poztasun handia eman dit mezulariak, berak ere ez daki zelakoa. Irribarrea ahoan eta bihotza pozez beteta laga ninduen errekaduak. Aspaldiko lagunak, aspaldian une ederrak konpartitutakoak. Egun horiek ez dabiltza egunero neure buruan, baina bai lantzean-lantzean etortzen zaizkit, beti zer edo zerk gogorarazita. Oroitzapen txikiak eta politak dauzkat gordeta, buruaren zirrikitu batean, oroimen onen eta maitatuenen artean.

Lagun horietako bat asko maite nuen, maite dut. Berak ez daki, askotan gertatzen den moduan. Kide zaharrak maite diren moduan, kariñoz eta nostalgiaz, pasio barik, sexu barik. Izan ere, nire bihotzeko okupetako bat da. Harrituko litzateke, baina hala da, nik eskatu barik, hala sortuta.

Momentu eder horiek beti gogoratuko ditu, baina akordutik joango balitzaizkit ere, inoiz ez nuke ahaztuko eman zidan besarkada. Berak ahaztua izango duena, baina nik une horretan behar nuena eta indarra eman zidana.

Besarkada batzuk betiko geratzen zaizkigu iltzatuta memorian. Eta askok kontrakoa prentsatzen badute ere, ez dira izaten amak gaixorik geundenean emandakoa, edo aitak berri on hura jakindakoan eskainitakoa, edo lehenengoko musuaren ostean jaso genuena. Ezta umetxo kuttun horrek (seme, alaba, biloba, iloba,…) babes bila eskatu ziguna ere. Askotan, lagun eta gertukoen eskutik dator, besoak zabal-zabalik eskaini dizkigute gehien behar genuen mementoan, anparo gose geundela, arimaren kontsolagarri. Hor zeuden besook, gu gerizatzeko; lauskitu eta, indar horrekin, bihotza altxatu.

Ez ditut inoiz ahaztuko. Hainbeste ere ez dira izan. Espero dut, desio dizuet, horrelako une kritikoetan besarkada beroa, tinkoa eta abegikorra izatea. Bihotzez.

michlle eta barack

Post scriptum: Interneten Barack eta Michelle Obamaren besarkadaren argazkia ikusi dut, eta post honi ondo zetorkiola iritzita, jarri dut!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Progreak beti inmigranteak "onak" bezala jarri ... nazka nazka eina, 2017/04/20 12:47
http://www.diariovasco.com/[…]arrio-20170413010958... Ikusi eta begiak ireki, 2017/04/14 00:28
Ados nago zurekin Leire. Titularra tendentziosoa ... Sosola, 2017/03/30 11:43
Leire, eskerrik asko egin zenuenagatik eta idatzi ... Markos Zapiain, 2017/03/30 11:06
Arrasti on, Zegatik ez dago ergatibo famatua ... Aitzol Agirre, 2017/03/29 19:17
Zorionak zeure jarreriai, baña sarritan albora ... maite leturiondo, 2017/03/28 10:25
Eskerrik asko guztioi erantzuna lagatzeagatik! ... Leire Narbaiza, 2017/03/27 13:56
Leire-ri erantzuna. Kontua ez da anonimoekin ... Leireri erantzuna., 2017/03/27 12:34
Zorionak, Leire! TXalogarrixe hartu dozun jarrera ... Mari Eli Ituarte, 2017/03/26 13:26
Eskerrik asko Verónica, 2017/03/25 22:08
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua