Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Biteri

Leire Narbaiza 2012/10/28 22:01
Atzo emon gentsan azken agurra

Biterik Jose Ignacio zekan izena, baiña denok Biteri esaten gentsan. Aittan laguna bazan be, udalekuetan ezagutu neban hobeto, mantenuan ibiltzen zalako, asteburuetan. Orduan, gure aittan laguna izatiaz gaiñ, geure lagun be bihurtu zan. Babesle haundixa, gero demostrau zeban moduan.

Gizon txikixa gorputzez, irribarria ahuan. Holan ezagutu neban nik eta oin gitxi, azkenezkoz ikusi nebanian be, halaxe. Beti eukan zeozer esateko, Leireeee!! besterik ez bazan be.

Esandako moduan Goñin ezagutu genduan hobeto, eta esan biharra dakat gaztion berbia entzun egitten ebala (orduan gaztiak giñan artian!). Belaunaldi bat baiño gehixago dabillenian zeozertan, sarri gertatzen da naguxiak ez detsela jaramon haundirik egitten gaztetxuak esandakuari. Bera, baiña, kontrakua zan.

Demostrau bihar ebanian, demostrau eban bere erara: zarata askorik barik baiña babesa emoten. Harrezkero, gu guztion bihotzian toki bat egin eban. Portau zan!

Ordutik, persona espeziala izan zan guretako. Kariño handixa netsan hartuta. Azkenekoz makal egon ostian, kalian ikusi eta egunetik egunera hobeto eguala jakitziak poztu egitten ninduan. Sarri ikusten neban errondia egittera zoiala, beti oso ondo orraztuta…

Aitta izan dot akorduan, ezin ebitau! Izan be, Biteri ez ezik beste lagun bat be hilda aste honetan. Zer egingo detsagu, ba?

Gugan bego, Biteri! Eta besarkada estuena Mireia, Garazi eta Amaiurreri.

Irratia

Leire Narbaiza 2012/10/27 12:55
Euskadi irratia 30. urteurrena ospatzen ari denez, niri post hau otu zait.

Umetako oroitzapenei soinu banda jarri beharko banie, irratiaren doinua izango luke. Izan ere, gure etxean beti egon izan da irratia piztuta, goizean goiz, zein eguerdi-arratsaldean. Batez ere sukaldean. Ez telebistarik ez zegoelako (nirekin batera sartu omen zen etxean), ohitura hori izan dugulako beti.

Independizatu nintzenean ere, pisu hartara eroan nuen gailu elektriko bakarra transistore bat izan zen, zoratu eta azkenerako Arrate irratia baino sintonizatzen ez zuena! Gero, opari izugarria jaso nuen: musika katea. Bertan, musika ere entzun arren, irratiak ordu luzez egiten zuen behar; izan ere, jaiki bezain laster irratia pizten nuen, eta pizten dut pisu honetan eta musika-kate berean.

Hori egiten baitut: esnagailua jotakoan, irratia entxufatu, argia piztu aurretik. Jakina, honek batzuetan arazoak baino ez dizkit ematen; izan ere, pi-pi-pi horrek berriro jo artean, irratiko albistegia entzunez erdi-lokartu egiten naiz, eta berriak ametsetan sartu eta, askotan, ez dut jakiten benetan entzun dudan edota ametsa izan den. Edo bien nahastea!

Irratia nirekin oso lotuta ikusten dut. Zer esanik ez, etxe honetara bizitzera etorri nintzenetik, telebista barik lau urte bizi izan nintzelako. Orduan, egun osoan egoten zen piztuta, hainbat katetako programazioa jakiten nuen eta zapin ere egin. Gainera, Matrallako irratian saioa ere egiten nuen: "Albarakia paparrian". Irratia nire bizitzaren parte garrantzitsua zen!

Hala ere, esango nuke, irratia entzutea (eta goizetan entzutearena) galtzen ari den ohitura dela. Edo, beharbada, ez dagoela nik uste bezain zabaldua. Goizetan informazio dosi hori ezinbestekoa da niretzat, kafe katilua bezain. Horregatik, sinestezina egiten zait jendeak esaten didanean ez duela irratirik entzuten, edo automobilean baino ez duela isiotzen; edota musika irratiak edo irrati-formulak besterik ez duela sintonizatzen. Batzuek-batzuek inoiz entzuten ez dutela ere aitortu didate!

Ikasleen artean ikusten dut joera hori. Zenbat eta gazteago, orduan eta eta gutxiago dira irratizale (salbuespenak badaude ere). Honetaz gain, esan nezake zenbat eta zaletasun txikiagoa izan irratiarekiko, orduan eta desinformatuago. Hori ere hala da.

Horregatik, batzuetan neure burua friki samar ikusten dut ez-irrati mundu horretan; izan ere, goizeko klasean, adibidez, azken berriak komentatzen baditut, ia inork ez ditu jakiten (egunkaria aurretik irakurtzen duen batek salbu). Eta etsigarria egiten zait.

Hiper-informazioaren mundu honetan, irratiak ez du bere paper hori galdu. Internetek beste bide bat baino ez dio zabaldu. Kontuan izan, Kukutzako gaztetxearen hustea gertatu zenean twitter eta Irola irratia izan genuen askok informaziorako bide. Iturri biak internetez, elkarren osagarri, biak ezin besteko.

Beraz, irratiari etorkizun handia ikusten diot, telebistari baino handiagoa, nahiz eta batzuen artean zerbait demodé izan. Eta seguru nago, nire bizitzaren soinu banda izaten ere jarraituko duela!

Orain urtebete

Leire Narbaiza 2012/10/20 22:26
ETAren behin betiko suetenaren urteurrena.

Orain urtebete nintzen idaztekoa post hau. Baina ez nuen abagunerik aurkitu edo aldarterik, ez dakit. Aurten bai. Azkenean gertatu eta sentitutakoaren kronika antzekoa izan daiteke, nahiz eta orain urte honek eman duenaz analisia egin genezakeen.

Nire asmoa ez da hori. Ez dut ukatuko orduan sentitu nuen zirrara, askotan gobernuak zapuztu didala, eta inpasse batean gaudela iruditzen zaidala. Espainiako gobernuak zerbait egin beharko luke, duela urtebete jasotako berri on hori osoa izan dadin.

Baina noan harira. Denok gogoratuko dugu non geunden 2011ko urriaren 20an. Ni lanean, 3. mailakoei (EGAkoei) klasea ematen. 8ak aldera, lankide batek atea jo zidan esateko bazihoala eta bakarrik geratzen ginela eta orduan eman zidan albistearen berri.

Ikasleei esan nien. Ezin agoantatuta. Ez dut horrelako gairik inoiz jorratzen klasean, eroso ez naizelako sentitzen eta, gainera, Ermuan nabilelako beharrean. Baina hain garrantzitsua iruditu zitzaidan, non ezin izan bainion eutsi. Gainera, arbel elektronikoan jarri nien bideoa, ikus zezaten. Pentsaezina, ETAren komunikatu bat klasean! Gero esan nien, galdetzen zietenean, euskaltegian zeudela erantzungo zutela beti. Ahaztezina zelako.

Momentuaren emozioak gainezka egiten zidan. Ikasle batzuek arraro begiratzen zidaten. Kontuan izan behar da, kurtsoa hasi berria zela eta askok ez genuela elkar ezagutzen. Ez nuen nahi euskara beste kontu batzuekin lot dezaten, baina une hori gomutan izatekoa zen.

Bideoa ikusi, komentatu eta klase normalarekin segitu genuenean, buruan pertsona asko agertu zitzaizkidan, aurpegiak izen eta abizenekin, eta batzuen iritzia jakiteko gogoz nengoen. Baina denen gainean hiru gizonezko akorduan, ume bi eta joandako bat: gure iloba biak eta gure aita.

Umeak etorri zitzaizkidan lehenbizi. Nagusiak urte bi eta erdi zeuzkan orduan eta txikiak lau hilabete. Beste Euskal Herri bat ezagutuko zutela otu zitzaidan, ez hain muturtuta eta indarkeria gutxiagorekin. Beraiek beste bizipen batzuk izango zituztela, nik sekula bizi bakoa; izan ere, ETAren lehenengo ekintza armatua eta biok urte berekoak baikara. Zer ote da ETA barik haztea? Zelan aldatuko zitzaien bizimodua?

Eta denen gainetik, aita. Penaz, une hori bizi ez zuelako. Lastimaz, ez jakiteagatik zer pasatuko zitzaion burutik albistea ezagutzean, sentimendu gazi-gozoa, seguruenik. 50 urte lehenago kide izandako baten bihotzak zer sentituko zuen jakin barik, Artzain Onaren katedralaren dorrean ikurrina jartzeko eskalatzeak izango zuen ibilbidearen amaiera ikusi gabe.

Loreak bota eta jaso

Leire Narbaiza 2012/10/16 17:10
Post bat bururatu zitzaidan twitterren @Txapisotegi-rekin izandako elkarrizketa baten ondorioz

Gustatu egiten zait ingurukoei gauza onak esatea. Lagun bat aurreko egunean baino ederrago ikusiz gero esan egiten diot, lankide batek belarritako politak badauzka, nik miretsi; blogari baten artikulua gustatu bazait, atsegin dut berari aitortzea.

Badakit jokaera hau txarto ikusita dagoena. Errazago esaten direla gauza txarrak edo akatsak, kontu onak eta bertuteak baino. Geureak, onak zein txarrak, aitortzeko eskatzen badigute, txarrak segituan esango ditugu eta onak kostatuko zaigu adieraztea, lotsatuta. Batzuetan ere nekez aurkituko dugu bertute hori.

Horregatik, horrela jokatzean errezeloz begiratzen didate, eta askotan parekoak uste du lorea bueltan entzutea nahi dudalako dela, edo losintxaria naizela, koipe-emailea, zuria, eta horren bitartez zerbait lortu nahi dudala. Ez da horrela izaten, benetako gauza politak esatea gustatzen zait, beste barik.

Era berean, ez diot esaten aurrekoari gaur oso zatar dagoela, edo daramatzan prakak ez zaizkidala gustatzen. Hori nabarmentzea ez dut batere atsegin. Galdetzen badidate ematen dut iritzia, negatiboa bada ere. Edukazioa eta kontu handia izaten dut horrelakoetan. Batzuek pentsatzen duten guztia esateari zintzotasuna deitzen badiote ere, nire ustez heziera falta eta harrokeria baino ez da.

Gehien miretsi izan nauena, baina, lorea jasotzen dutenen harridura izaten da. Ez gaude ohituta gauza politak entzutera! Itzela da! Ez dakigu laudorioak jasotzen. Tristea, ezta? Kritika negatiboak jasotzen ez jakitea, ulertuko nuke; nahiz eta horiek ere hartzen jakin behar dugun, modu onean esaten badituzte, jakina!

Horregatik gustatzen zait kontu politak esatea, munduan badago-eta nahikoa gauza txar eta disgustu, onak ez esateko. Ez, ala?

Zatiak batzen

Leire Narbaiza 2012/10/10 23:57
Bihotz apurtuak

Edade batera ailegatuta, nahi baino gehiagotan apurtu digute bihotza. Batzuetan krak eginez, zauri sakon eta mingarria eraginda, gaitza dena osatzeko, orbaina lagako diguna betiko. Barruraino sartuta eztena, sortzen duen zuloari odola dariola egongo da luzaroan. Minsor-minsor, hortxe izango dugu beti.

Beste batzuetan, sarriago, bihotza printzatu egiten da, automobiletako aurreko kristalak bezala, zeharo txikitu barik, oreka ahulean, edozein ukiturekin milaka puskatan amiltzeko prest.

Besteetan, apurtu beharrean, arrakalatu egiten digute, ez da birrintzen baina markatuta geratzen zaigu, txikitan lisaburdinarekin eskuan egindako errea bezala: estua, meharra ia ikusezina, baina beti hor dagoena gogorarazteko zein erraz ematen diguten min.

Maizago, bihotza makestu egiten digute, akastu, mailatu txikiak baino ez dizkigute eragiten, izekoren baserriko portzelanazko kikara eta katilu zaharra balitza bezala, betiko makatu eta kamertua.

Horregatik askotan gure bihotzak belaunen itxura hartzen du; izan ere, belaunok gure umetako jauste guztien lekukotasuna baitute, urratuak lagatako aztarnak, mapa bihurtuta. Beste batzuetan konbatea amaitu duen boxeolari baten aurpegia dirudi: ebaki egin berriak, odoletan, ubelduak, hanpadurak, jipoitutako gorputz sufritua.

Kolpeek, batzuek zein besteek mina eta samina eragiten digute. Jakina, txiki-txiki eginda, birrinduta dagoenean da latzena. Baina kolpe txikiek ere zauritzen dute, uste duguna baino gehiago. Sarritan espero ez genituelako, dezepzioak eta desilusioak baino ez direlako izan.

Agian, mingarriagoak izan zaizkigu mailatu hauek bihotza gogortuta, gotortuta eta sendotuta geneukala benetan pentsatzen genuelako. "Berriro ez zait pasatuko" amorruz oihu egin genuelako…

Atzera ere bihotz eritua, berriro ere kola bila zatiak jaso eta itsasteko, indartuko den esperantzan…

Baina ez dago sentimenduak korazatzerik, nire aurretik poeta handiak konturatu ziren bezala, eta nik baino hobeto deskribatu zuten legez

Liburu elektronikuak

Leire Narbaiza 2012/10/05 11:20
…eta kittorako idatzittako artikulua

Liburu denda baten sartu, portada koloretsuak ikusi, liburu barrixak laztandu, hartu, zabaldu, usaiña egin. Ba ete dago plazer txiki haundixagorik? Liburutegira juan, apaletan saltsan ibili, liburu bat hartu, atzekua irakorri. aukeratu eta etxera eruan. Ba ete dago hori baiño momento itxaropentsuagorik?

 

Bai, gozatu edarra hartzen dogu liburuzaliok liburuekin. Liburu kuttunak dittugu, guretako berezixak izan diranak: maitte dogun batek erregalau deskulako; edo erreka onduan irakortzen guztiz katiauta geguazela, uretara jausi jakulako eta luzaruan leidu ezinda ibili izan garalako interesantien zeguanian…

 

Bai, aitortzen dot, neu be halakua naiz. Neuk be gorde izan dittut liburuetan eskindutako loriak, jasotako gutunak, bizitzako souvenir txikixak…Batek baiño gehixagok fetitxista deittu arren, bardin detsa, liburuak maitte dittugulako.

 

Bai neuk be esaten neban ez nebala liburu elektronikurik gura, papelaren ikumena nahi nebala, usaiña eta hotsa…

 

Probau neban arte! Oiñ, liburu elektronikuak be maitte dittut; izan be, zenbat liburu irakorri eta ahaztu dittugu? Ez deittu beletosa! Probautakuan, esango destazue, askoz gehixago leiduko dozue. Liburu barrixen usaiña ahaztu barik, merezi daben liburuekin usmauko dozue-eta!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua