Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Zergatik behar dugu Kukutza?

Leire Narbaiza 2011/09/22 18:57
Errekaldekoak ez garen arren
kukutza teilatuko atxiloketak

Atzoko espektakuluaz berba gutxi geratzen dira esateko. Goiko argazkiak laburbildu lezake Kukutzan gertatu zena. Eta ia zuzenean ikusi genuena teknologia berriei esker. Hala ere, esan nezake ez nauela harritu, izan ere, badakigu barne sailburuek nola bidaltzen duten polizia, eta hamaikatxotan ikusi ditugu horrelakoetan, biolentzia erabilita.

Gaur interneten badabil jira-bueltaka orain 20 urteko irudi batzuen bideoa: Bilboko beste gaztetxe bat eta Bilboko beste alkate bat, baina gauzak ez dira apenas aldatu, imajinaren kalitatea eta arropa besterik ez.

 

 

Ez da antzekoa? Hori, bada! Diskurtsoak ez dira aldatu!

Urte hauetan guztiauetan, gaztetxe eta etxe okupatuak hustutzen eta botatzen jardun dute. Ia beti eraikin abandonatuak ziren gazteak (edo ez hain gazteak) okupatu dituztenean, jabeen  utzikeriaz, ardurabakokeriaz bertan behar lagata, abandonatutako etxeak.

Horrek beti eman izan dit atentzioa. Antza denez, edifizo hauen ugazabek nahiago izan dute arratoiek eta tristeziak jatea euren ondasunak, berreskuratu eta erabili beharrean. Edo, beste kontu bat ere izan liteke: hainbeste gauzaren jabe dira, non konturatu ere ez diren egiten etxe hura eurena denik. Baliteke.

Kasualitatea izango da, baina, urteetan itxitako fabrika, frontoia, etxea, ... erdi jausita egon, gazteak sartu, margotu, apaindu, biziberritu, martxan jarri, aktibitatez bete,... eta orduan gogoratzen dira bazeukatela fabrika, frontoi, etxe bat leku horretan!

Eta anbizioa sortzen zaie, jabegoaren harra. Orduan, esnedunaren ipuinean bezala, alferrik galduta zuten eraikinarekin zenbat diru lortuko duten hasten dira kalkulatzen. Begiak

Giltxo osaba

Tio Gilitori bezala dolarraren ikurrez $$$ betetzen zaizkie, edo euroarenak €€€, berdin dio, dirua beti baita ona (venga de donde venga). Segituan, birkalifikazioetan hasten dira pentsatzen, eraikuntza enpresetan eta espekulazioan. Une horretan hasten dira arazoak, diruak euren buruaren eta bihotzaren kontrola hartzen duenean. Izan ere, ordura arte, poz-pozik bizi ziren...

Hau guztiau positiboa litzateke gure herri eta auzoek kultura eta aisialdi aukerak balituzte. Baina ez da hala, makroaren gizartean baikaude, eta makroan eskaparatismoa da garrantzitsuena: dotorezia kanpotik, baina barrua hutsa.

Mikro asko behar ditugu, txikiendako eta txikiek eginak, izpiritu xumez, euren apalean eder. Horregatik behar dugu Kukutza, ..... Kukutzak! Kukutza moduko lekuak nonahi!

Eibar.orgko blogek 10.000 artikulu!

Leire Narbaiza 2011/09/20 18:24
Abuztuan lortu da zenbaki biribil hori

beti esan dut, eta beti esango dut eibar.org-ri esker naizela blogaria. Eibartarren zerrendari esker, eta jakina, bertako partaideengatik, akuilatu, bultzatu eta babestu izan ez banindute, nik ez nuke blogik edukiko. Beti esaten dut, eibar.org nire ziber-familia dela.

Harrokeria barik, baina bai harrotasunez, esan nezake ziber-mundura familia onean jaio nintzela, beti oso babestua sentitu izan naizela, eta jaio orduko nire publikotxoa neukalako. Edozeinek, komunitate bateko kide ez denak ezin lezake horrelakorik esan. Familia onean zentzu guztietan: maitasuna eta heziketa ona eman didatelako, eta gure ziber-mundutxo euskaldun honetan badelako eibar.org nor. Beharbada, lehenengoetakoa izan delako, edota partaide batzuk oso ezagunak direlako.

Gure txikian, edo handian, zazpi urte daroaguz lanean, beharrean. Zazpi urte hauetan 10.000 post idatzi ditugu! 10.000! Ikaragarria da. Gainera, 10.000.a nirea ei da! Kasualitatea!  Esan genezake, ia denak euskaraz idatzi izan direla. Jo dezagun sarrera hauetatik erdia (oso goitik jota) bideoak, argazkiak eta erdarazko artikuluak direla. Horrela izanda ere, 5.000 artikulu lirateke euskara hutsean! 5.000! Ikaragarria da!

Lanean hasi nintzenean, testuak irakasleok asmatzen genituen, edo testu liburuetatik kopiatu. Argia baino ez zegoen! Euskaldunon egunkaria sortzeke, hura basamortua zen! Herri aldizkariak ere ez ziren existitzen apenas, eta ahal zen moduan ibiltzen ginen.

Orain, ikasleak kexatzen zaizkidanean gustukorik ez dutela topatzen euskaraz haserretu egiten naiz! Euskal blogosferak hutsak dauzka oraindik, baina ezin da ukatu egindako bidea eta sortutako guztia.

Eibar.org-ko komunitateak badauka zer ospatua, baita euskaraz bizi nahi dugunon komunitateak ere! Zorionak denoi!

Monzon pastorala Bergaran

Leire Narbaiza 2011/09/18 22:25
Larraineko herriak emana

Bakoitzak bere perbertsioak dauzka eta nireetako bat lantzean behin pastoral bat ikustea da! Bai, disfrutatu egiten dut. Arraroa naiz, bitxia, badakit, baina zer egingo diogu, bada? Bakoitza bere zoroak bizi du!

Egia esanez gero, ulertzen dut jendeari aspergarria suertatzea. Baina jakin behar da zelan joan eta norekin. noski, beti nire moduko lagunekin joaten naiz, disfrutatzen dutenekin, bestela besteen kexak entzuteko, ez. Beti erosten dut libretoa, eta beti jarraitzen dut, ostantzean, ezin liteke jakin zein den zein, eta zertan diharduten. Eta eroaten ditudan azkeneko gauzak: umorea eta barre egiteko gogoa. Osagai horiekin, seguru ondo pasatzen dudala.

Ekainean-edo jakin nuenean Bergarara ekarriko zutela, ez nuen zalantza egin: egun horretan bertan izango nintzen: "Monzon" izan ala "Napoleon" izan. Behin etxera ekarriko digute, eta joan ez?

Hala, osagai guztiak egoki nahastuta, Seminarioko patioko karpan eman genuen arratsalde osoa antzerkia ikusten. Pastoral berezia izan zen; izan ere, bost bat kantu Monzonenak ziren, jakina, eta ikusle guztiok genekizkien. Beraz, taulagainekoek ez ezik, karpapeko guztiok kantatu genituen. Eta denok dakigu zein edarra den hainbeste pertsonak batera kantatzea zein ederra den!

Beste alde batetik, atipikoa ere izan zen hainbat dantza berri edota berriztu sartu zituztelako. Hori ez zitzaidan hain beste gustatu, uf, koreografia berriek ia beti auzo-lotsa puntu bat ematen didate, eta lan honetan ere horrela izan da: "Gerla" izenekoa ez zitzaidan gustatu, Monzonen heriotzakoa, tira, dantzariak hobeto egongo ziren satan jantzita. Orain, satanak aipatu ditudala, ez zen satanen elkarrizketarik egon! Bitxia!

Esan behar dut, emakumeen presentzia pertsonaien artean ia hutsa dela. Oso maskulinoa da, eta hori igartzen dela Jean Bordaxar idazlea ahalegindu zela emakumeak ere sartzen. Baina, zoritxarrez, behartu samar geratzen dela. Bueltaka jardun genuen ea zein emakume ikusten genuen pastoralerako sujeta izateko, eta zoritxarrez, ez zitzaigun burura etorri. Lastima!

Libretoari begiratzen jarraitzen badugu, batzuek abertzalekeria deituko liokete atzokoari. Baina jakina da pastoralak beti direla manikeoak: onak oso onak dira, eta gaiztoak, turkak, oso gaiztoak. Kontuan izanda turken artean Franco, Mola eta falangistak zeudela, gaiztoak benetan zuren oso gaiztoak! Gainera, prespektiba historikoa oso laburra da, duela gutxi hil zen Monzon, ez duela 200 urte. Eta pertsonaia horrek hori eskatzen zuen. Jose Antonio Agirre pastorala ez nuen ikusi, baina izango zuen "abertzalekeria", ezta? Santu bati eskaini izan baliote, erlijioaz eta jainkoaz jardungo zuen, ezta? Larraineko herriak jakingo du zergatik aukeratu zuen pastoral hori...

Horrek harritzen nau: Horrelako herri baten, hegoaldekoon istorioetatik hain urrun egonda, hain pertsonaia markatuak aukeratzea. Ez dut inoiz ulertu. Baliteke, harridura hau izatea ezagutza eza, baina beti laga nau "deskolakatuta". Gustatuko litzaidake gehiago jakitea, eta euren pentsaera hobeto ezagutzea!

Galdera gehiago ere sortu zitzaizkigun: berrehun biztanleko herri batendako zer ote da pastorala muntatzea? Herria derrigor indartu behar du, itzelezko indarra eta trinkotzea. Gauza ederra izan behar da! Gogorra eta ederra!

Amaitzeko gaiztakeria bi: Bergaran taula gainean agertu ziren ardiak eta astoa bergarakoak edo ingurukoak izango ziren, ezta? Zeren, bestela, zelako bidaia, ardi koitaduak!

Bestea: nor geratu zen Larrainen herria zaintzen? Santa-Grazikoak? Nork ematen die jaten oilo, ardi, behi eta zaldiei? 

Dena dela, ederra da egin duten lana: eskerrik anitx!

Irailaren 11ko zalantzak

Leire Narbaiza 2011/09/11 23:55
Askok ez dakite zelan azaldu hainbat gertakizun.

Egunotan New Yorkeko irailaren 11ko informazioak zabaltzen ari dira lau haizetara. Izan ere, 10. urteurrena bete da, eta bertako tragedia telebistaz ikusi genuen, zuzenean. Nire kasuan, behintzat, hala izan zen: 2. abioia dorrearen kontra jo zuenean eta dorre biak lurrera jausi zirenean. Bertan banengo bezala.

Gertaera hauek ordu eta orri asko okupatu dituzte hamar urteotan. Hala ere, hainbat pertsonak ez diote azalpenik aurkitzen pasatu ziren gauza batzuei eta ez daude oso konforme ikerketa txostenek diotenarekin.

Nire begietara dokumental bi ailegatu dira. Bietan hainbat datu aztertzen dituzte, eta galdera batzuk plazaratu. Erantzunik ez dute ematen eta hori ez zait gustatu. Ez badute sinesten ikerketak egiletzaren gainean dioena, hipotesi bat edo batzuk plazaratu beharko lituzketela uste dut. Niri, biak ikusita, zalantzak handitu eta areagotu egin zaizkit. Hala ere merezi dutela uste dut.

Lehengoa, italiarra da eta hainbat elkarrizketa eta datu gehiago agertzen dira. Gainera, dinamikoagoa da. Bestea, ostera, aspergarriagoa izan arren, datu batzuk argitzen dituzte.

Konpiranoiko deituko didazue, baina aspaldi ikasi nuen bertsio ofizialak zalantzan jartzen. Dena dela, erreportajeetako hainbat kontuk ez naute konbentzitzen. Beste batzuk, berriz, bai. Momentu batzuetan sujeritzen da AEBtako gobernuak egin zituztela. Nik ez dut hori sinesten, baina, beharbada, gauza batzuk txarto egin zirela eta akatsok estali nahi izan dituztela, bai. Hori sinesgarriagoa egiten zait.

Honekin batera anti-konspiranoikoen artikulu bat ere iritsi zait gaurkoan, eta hemen irakur dezakezue. Honek ere ez nau guztiz konbentzitzen. 

Tira, dokumental biak jarriko ditut, eta zuek atera ondorioak. A! Gero esan!

 Hemen italiarra:

ZERO investigación sobre el 11S from 11sbarna on Vimeo.


AEBtako hemen:

 

911- Painful Deceptions from alvarezmeo on Vimeo.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua