Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Martxel

Leire Narbaiza 2011/06/20 18:04
Gure bigarren loibia!
Martxel

Oin aste bi, hillan 3an, jaixo zan Martxél Mendaron. Mutiko edarra da, gero, hiru kilo eta erdikin jaixo eta gaur egun lau dakaz. Moreno-morenua da, eta nahiko luzia. Begixak txinito-txinito dakaz, baina koloria ez da igartzen. Hori bai, esan geinke urdin argixak ez dittuala izango :-)

Lo asko egitten dau, eta lasaixa da. Ez gagoz horrera oso ohittuta, eta egre gurasuak espero dabe luzaruan holakua izatia!

Ikaragarrixa da ze txikixak diran jaixo barrixak, zelan ahaztutzen dan ze guxi pexatzen daben, ze gauza gitxi diran! Eta beti harrittuko nau zelako suabiak diran, baitta zelako usan gozua daken baiñau barik be!

Emoten daben pakia be itzela da, besuetan hartuta lo dagozela edo esnarik, berdin detsa, momenturik ederragorik ez dago.

Danok pozik: ama, aitta, amamak, aittitta, eta tiak, adurra darixola. Gaiñera, Gariri mimuak emoteko hau baiño aukera hoberik badago? Ba ez, iñoiz baiño pa eta laztan gehixago emoten detsaguz alkarreri, eta hori, gaur egun, eta euskalduna izanda eskertzekua da!

Hori ba, Martxel etorri jakula, eta Garik emon deskun bizipoz bera emongo deskula seguru nago. Ondo etorri, politt hori!

Diskretu izatea

Leire Narbaiza 2011/06/14 17:00
Batzuek bertutea ikusten duten lekuan, nik akatsa.

Euskal Herrian diskretua izatea bertutea da; nabarmentzea, ostera akatsa, saihestu behar dena. Berritsua edo alferra izatea bezain gaitzesgarria.

Hala ere, diskretutasun (edo diskretukeria) horren atzean, gizarte tradizionalaren betoa, tabua eta errepresioa baino ez dago. Nortasuna izatea, desberdin izatea erreprimitu beharra dago. Hobe masa, hobe artalde.  

Inguruan baditut diskrezio hori goraipatzen dituztenak: kolore diskretuak, barre diskretuak, elkarrizketa diskretuak.....baina diskretua mediokrea da, erdipurdikoa. Zer dira, bada, emaitza diskretuak? Hobetu beharrekoak!

Gure herrian, eta batez ere janzkeran, kolore diskretuak, estanpatu diskretuak, arropa diskretua... oso-oso erabiliak izan diren terminoak dira, horiek klasea edota dotorezia emango digutelakoan. Hain oker daude, ordea! Mediokritatetik eta originaltasun faltatik nekez sor bailiteke dotorezia.

Bestetik, kontrol soziala ere badela esango nuke. Aipatu dudan moduan, berdindu baino elkarrengandik ez desberdintzera bultzatzen gaituelako; sena, gustua eta kreatibitatea zapalduz, gizakiak gris, triste eta uniforme bihurtuz. Pertsonak jende bilakatuz, berba baten.

Nabarmentzeari beldurra dionak, gaitz dauka indibiduo izatea. Joerak erreprimitzen dituenak zail du libre izatea.

Gastua eta inbertsioa

Leire Narbaiza 2011/06/02 18:17
Begitu aldizkarirako idatzitako

Hauteskunde usaina oraindino ez zaigu airetik joan. Badirau, denboran luze jotzen duelako: aurre-kanpaina, kanpaina bera, hausnarketa eguna, bozketak, kontaketak, botazio ostekoak, aliantzak, itunak, kromo aldaketak,..asteak politikaz entzuteko, erakunde berriak osotu aurretik.

Eta denbora eternal honetan politikoen berbak entzuten ditugu etengabe, egingo dituzten gauza zoragarriak agintzen, guretzat dauzkaten proposamen ezin hobeak plazaratzen, ahoa promesaz beteta. Dena polita eta berria, guztia esperantzaz betea. Hala ere, inork gutxik dio zer egin duen txarto, zein agindu bete ez dituen, ezer ere ez jan duen berbaz. Hori guztiori ahaztuta geratzen da aurreko kanpainaren kutxaren barruan, aurtengo kanpainakoa ere, lau urte barru, kutxa horretan ahaztuta geldituko den itxaropenaz.

Dena dela, hori ez da izan kanpaina honetan harritu nauena; izan ere, politikariek ohituta gauzkate horrelakoetara. Oraingoan atentzioa eman dit zelan erabili dituzten berba bi, oso era esanguratsua delako pertsona baten benetako pentsamendua ezagutzeko. Berba hauek “gastua” eta “inbertsioa” izan dira.

Hitz biak Harluxet hiztegi entziklopedikoan kontsultatu ditut, eta gastatu eta inbertitzeko ekintzak direla jartzen du. Beraz, hiztegi berean gastatu eta inbertitu aditzak bilatu ditut era hauxe dio: Gastatu: 1. du ad. Dirua zerbaitetan erabiliz ahitu (amaitu).Inbertitu: du ad. EKON. Errentagarritasuna lortzeko asmoz, ekipamendu- nahiz kapital-ondasunetan edo finantza-aktibotan aurrezkiak erabili.

Argi dago, ezta? Gastuak diru barik uzten gaitu eta inbertsioak, gastua bada ere, errentagarritasuna dakarkigu. Horregatik eman dit atentzioa gu gobernatzen jarri gura dutenek zelan erabiltzen dituzten berbok. Osasungintza, kultura, euskara, hezkuntza aitatzen dutenean gastu berba darabilte; azpiegiturak ahotan hartzen dituztenean, ostera, inbertsio hitza da entzunena. Baina hau horrela da? Bat zatozte honekin? Ni ez.

Kultura, hezkuntza, osasuna, euskara,…gastua dira, ez dago dudarik. Hala ere, dirua arlo hauetan irazi ezik, ezin da ongizaterik sortu. Jendarte osasuntsua eta kultua aberatsa da, dirutan ez ezik, izpirituan ere. Bian gure diru publikook azpiegituretan xahutzen baditugu, zer geratuko zaigu? Porlana eta galipota, besterik ez.

Esango didazue porlanak eta galipotak beharra ematen dutela, enplegua sortzen dutela, eta horrek aberastasuna dakarkiola gizarteari, baita erosotasuna ere. Arrazoia, baina osasunean, euskaran, kulturan eta hezkuntzan inbertitzeak ere ez ditu lanpostuak sortzen? Ez dago horren atzean kontsumoa, enpresak, turismoa, oporrak, botikak, masajeak, ospitaleak, anbulatorioak eta komunikabideak. Ez ote dira hamaikatxo pertsonaren ogibide? Ez ote dute beste pertsonen bizimodua hobetzen eta indartzen. Ez ote da inbertsio merkeagoa?

Azpiegiturek bizkorrago joanarazten gaituzte, eta egia da, askotan erosotasuna ere ematen digutela. Hala eta guztiz ere, ez dira garestiegiak? Ez dute gehiegi kutsatzen? Gainera, esango nuke sortzen dituzten etekin ekonomikoak gutxi batzuen mesedetarako baino ez direla. Nola berreskuratzen dute, bada, erakundeek jarritako dirua? Errepide batek zelan ematen ditu etekin ekonomikoak bidesari barik? Zerga bidez esateak ez du balio, enpresa kulturalek ere zergak ordaintzen dituztelako. Norbaitek azalduko balit….

 

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua