Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Futbolkrazia eta despotismoa

Leire Narbaiza 2011/05/31 00:28
Gaur egungo gaitz bi.

Maiatzeko asteburuak oso konplikatuak izaten dira, denetatik izaten baitugu. Badirudi uda baino lehen mundua amaituko zaigula, eta elkarte, lagun-talde eta eskolek jaiz et ebentoz betetzen digute aisialdia. begira bestela Asier Sarasuak zelakoa izan duen maiatza

Antza denez, futbol txapelketa ia guztiak ere maiatzean amaitzen dira, edo amaitzear daude. Hori dela eta, partida pilo bat ematen dituzte telebistan eta egunkariek hil ala bizko dueluez hitz egiten digute; eta mendeko matchak jotzen dira asteburu baten bai, bestean ere bai.

Ez litzateke hain txarra izango futbola aitzakia hutsa ez balitz, edo foballa (Eibarren esaten diogun moduan) zikina estaltzen duen tapiza bihurtuko ez balute: arazoak badaude, erratza erabili eta futbol-alfonbrapean ezkutatu.

Asteburu honetan horren adibide bi izan ditugu, bata Bartzelonan, bestea Eibarren. Bartzelonan Champions-aren aitzakian, Katalunia plazan zeuden suminduak botatzeko euren eskuetan zeukaten indar guztiarekin. Eskusa ezin hobea nahi zutena egiteko. Zorionez, plazara itzuli ziren hurrengo egunean bertan.

Eibarren ere despotismoa erabili da fulbolkraziaren loriarako. Asteburuan 46. Euskal Jaia ospatu dugu (ondo diot ospatu, disfrutatzeko festa delako). Horretarako Untzaga plazaren alde biak erabiltzen ditugu jaia herriaren bihotzean egon behar delako, nahiz eta karpa jartzea askori ez gustatu. Dantzak harmailen aldean egiten dira, eta karpa udaletxe aldean jartzen da. Aurten Eibar futbol taldearen partida ere bazen larunbat arratsaldean, eta posiblea zen 2. mailara igotzea, eta jokalariei ongietorria egitea Untzagan.

Hori dela eta, alkatearen idazkariak astelehenean deitu zien Klub Deportibokoei (Euskal Jaiko antolatzaileak) batzar bat egiteko, eta bertan plazak trukatzea proposatu zien. Batzordekoek bilera egin ondoren, idatzi bat prestatu zuten alkatearendako, txarto iruditzen zaiela aldaketa esateko, eta trukatu barik ere, jai biak konbinatu zitezkeela. Horretarako, bestelako proposamenak ere egin ziren. Desadostasuna ere adierazi zioten, eta bere esku laga erabakia. Hori guztia, asteartean izan zen.

Asteazken eguerdian alkatearen idazkariak esan zien ahoz erabakia plazak trukatzea zela, eta idatziz ere jasoko zutela erantzuna. Komisiokoek S. D. Eibarko presidente eta direktibo batekin hitz egin zuten egindako gestio guztien berri emateko. Ostegun goizean etorri zen alkatearen erantzun definitiboa idatziz: alkatearen dekretua! Nik diodalako, nik nahi dudana egingo dut. Beraz, karpa harmailen aldean, eta dantzak  udaletxe aldean. Gora demokrazia!!

Gero, ez igotzeko, gainera! Dantzariena izorratu (jendea zutik luzaroan eta ganoraz ikusi ezinda) eta ongietorririk ez! Megafonia ekipo oso bat alokatu, erabili barik itzultzeko! Krisi sasoian! Baina futbolarendako dena da ona, dena da zilegi! Molestatzen duena baztertu, estalki perfektu batekin! Futbolkrazia despotismoaren mesedetan, eta alderantziz, sinbiotikoak dira-eta!

Herritarrak etsita, aspaldi amore emanda. Eta berari botoa ematen jarraitzen diote....Ikasiko ote dute inoiz?

PD: Posta aldatu dut lehenengo eskuko informazioa izan dudalako, ez zelako nik kontatu nuen moduan izan. Mila esker informazio osoarengatik.

Fribolitatea

Leire Narbaiza 2011/05/18 08:55
Beharrezkoa ote?

Aurreko asteetako berriei begiratuz gero, aspaldian izandako albiste kezkagarrienak agertu zitzaizkigula esan genezake. Planetaren betiko gaitzez gain (gosea, pobrezia, gerra, analfabetismoa, beroketa globala, injustizia, konflikto ahaztuak,...), beste notizia kezkagarri eta ilun batzuk erantsi zitzaizkien: Espainiako langabetu kopurua 5 milioira ailegatu zen, Bildu-ren legalizazioa Gorenaren aldetik eta Konstituzionalean era agoniko batean zain egon beharra, Ben Ladenen erailketa,...Gaineratu behar dizkiogu Fukushimaren tragedia erdi ezkutua eta Libian dugun gerra. Panorama polita, ezta?

Hala ere, estaltzeko moduak lortu dituzte. Alde batetik, ezkontza arranditsu batekin,mendeko futbol partidu birekin eta aita santu baten beatifikazio ponposo batekin. Espektakulua jendeak egoeraren larritasuna ahatz zezan. Girgilerian eta azalean geratu mamira joan ez gaitezen. Panem et circenses

Esan beharra daukat ni ere erori nintzela fribolitate horretan, azalkerian. Nahita. Nik ere Sustatuko Zer erantzirako Londresko ezkontzaren gainean idatzi nuelako. Baina ez da "mea culpa" bat, azalpena baizik. Izan ere, igande batez idatzi nuen artikulua. Ia arratsalde osoa eman nuen horretan: argazkiak bilatzen, hitz egokiak aurkitzen, testua atontzen... Hala ere, ez nengoen oso ziur artikuluaz eta idatzitakoan Sustatuko Kolaboratzaileei bidali nien euren iritzia jasotzearren. Handik ordu eta erdira etorri zen Gorenaren erabakia; gogo barik horrelako gauzaren bat ateratzeko, ez argitaratzekotan egon nintzen.

Baina azkenean atera genuen artikulua. Alde batetik, eman zidan lanarekin (batez ere lexiko aldetik, horren gainean idatziko dut posten bat) ez nuen paperontzira bota nahi. Bestetik, fribolitatearengatik, Sustatun kolaboratzen dudenetik askotan neure buruari planteatu diodan gaia. Zer erantzin idazten dudan guztia oso friboloa da: arropa, janzkera, itxura...eta askotan kritika hutsa izaten da; azalekoari erreparatu, hondoan asko sartu barik. 

Hala ere, bueltaka dabilkit galdera bat: Nor naiz ni horrelakoak idazteko, inor kritikatzeko? Ez dakit ezer modaz, barren! Askotan epaile sentitzen naiz, gizarte tradizionalaren defendatzaile: artaldetik irteten den ardiari haginka ekiten dion ardi-txakurra legez. Pentsatzen dudanaren konta, beraz. 

Esan dudan moduan, arinkeriez baino ez dut idazten Sustatun; izan ere horretarako baino ez zidaten deitu. Horretara, lana ondo betetzen ari naizela esango nuke.

Dena dela, alde on bat ere ikusten diot fribolitatearen gai honi: barre eragiten digula. Eta inoiz baino gehiago behar dugu irri egitea, horren premia larria dugu. Nire ustez, fribolitatea kaltegarria da horretan huts-hutsean geratzen denean. Horregatik ahalegintzen naiz azalkeriaz post horietan, irribarrerik sortzen ez bada, beste buleta bat ere eragiten, gizonezkoen janzkera kritikatzen eta arropagatik inor ez juzgatzen. Edo hori nahiko nuke, behintzat!

Izan ere, barre eginez, edo irribarrez, baino ezin izango diogu aurre egin hasiera-hasieran azaldu dudan panorama beltz horri, sekula iparra eta jo-puntua galdu barik, baina umorez. Bestela gureak egin du. Edo?

"Indarrak lagun diezazuela!"

Leire Narbaiza 2011/05/12 23:39
Gaurko esaldia izan da

Ikasleekin gaur izan ditut azken klaseak mailako azterketak baino lehen. Larunbatean ia guztiak izango ditut bertan HABEren etsaminak egiten. BECn ahal dutena emango dute, eta emaitzaren zain izango gara. Ez dezagun geure burua engainatu, horretara etorri zaizkigu ikasleak, ehuneko ikaragarri handi bat bai, behintzat. Paper zati baten bila, lana lortzen edo lagunduko omen diena. Perfildunez bete EAE, irlandarizaioaren bidean: independentzia barik eta hizkuntza ere maila-probetan galduta.

Urduri nago, eurengatik, baita niregatik ere. Eurendako urte guztiko lana eta esfortzua pare bat orduan demostratu behar dutelako. Eta nolabait ere, nire lana epaitzen delako, askok emaitzaren arabera neurtzen dutelako irakasleak laguntzen egin duen lana. Gainera, aztertzailea izanda, zapatua behar eguna izango dudalako, eta azterketa ostekoa inoren ikasleak balantzan jartzen eta zulora ala ahozkora pasatzen.

Dena den, beste gai batek ekarri nau gaur blogera, eta eredu faltarena izan da. Egun hauetan zalantza artean, aholkuak ematen ahalegintzen naiz (gara). era berean suertea ere opa diet, Ikasleak urduri egoten direnez, nire pailazo sena irten egite da, eta lelokeriaren bat esaten saiatzen naiz, Zorte on! edo Animo! hutsen artean hainbat esaldi probatu ditut. Hasi nintzen "mucha mierda" esaten, "kaka asko" gero. Baina ikasle batek harritu aurpegia jarri zidanean eta azalpenak ematen hasi nintzenean, errepertoriotik kendu nuen. Gainera, "kaka asko" ez da batere ondo geratzen, "mucha mierda"rekin konparatuta.

Obamaren hauteskunde sloganarekin ere jarraitu nuen "yes you can" eta oraindik ere, noizean behin erabiltzen dut. Hala ere, ez du lehengo grazia egiten eta ez da hain ona.

Beti gustatu izan zaidana ederra eta frikia "indarrak lagun diezazuela!" da. Hori esan diedanean, harritu aurpegia jarri didate, hain haluzinatuta, "que la fuerza os acompañe" esan behar izan diet! Orduantxe egin dute barre.

Grazia gaztelaniaz egiten du, ez euskaraz. Zergatik? Gure erreferentzia guztiak gaztelaniaz/frantsesez (eta gero eta gehiago ingelesez). Nork egingo du barre "Luke, zure aita naiz"? Baina "Luke, soy tu padre"rekin? Edo "Sue Ellen, berriro ere edan duzu!", baina "Sue Ellen, has vuelto a beber"? edo "bi kandela beltz jarriko dizkizut", baina "te voy a poner dos velas negras"?

Argi dago, telebistak eta zinemak ematen dizkigute ereduak eta hauek gure eguneroko hizkeran txertatzen dira. Zinema euskaldunik edo euskaraz, hutsaren hurrengoa! Eta telebista euskalduna, azaren azpiko orria, ahuntzaren gauerdiko eztula izan da horrelakoetarako, etb 1ek ez duelako marrazki bizidunetatik haratago ezer gutxi egin.

Nola ez dugu erdarara joko? Noizko horrelako esaldi eginak euskaraz denon ahotan? Bitartean "Obi-wan Amunarriz, nire esperantza bakarra zara" esaten jarraitu beharko dugu...

"T" (Tragediaren poza)

Leire Narbaiza 2011/05/10 13:18
Juanjo Olasagarreren nobela.
T

Gustura hasi nintzen nobela hau irakurtzen. Planteamendu oso ona eta originala iruditu zitzaidan, eta autorearen idazteko modua ere oso atsegin dut ("Ezinezko maletak" irakurrita nion eta freskoa eta originala begitantzeaz gain, asko gustatu zitzaidan).

Hala ere, planteamendua gustatu arren, liburuan aurrera egin ahala, hainbat egoera irrealak eta sinesgaitzak egin zaizkit. Horrek indarra kendu dio istorioari, nire ustez.

Beste alde batetik, tragedia grekoaren gaineko pasarteak oso astunak egin zaizkit. Izan daiteke ni kultura klasikoan guztiz ezjakina naizelako, baina Techne eta Tyche kontzeptu horiek gehi pertsonaia greko horien aipamenek ez zidaten nahi beste disfrutatzen laga.

Liburua gorabeheratsua dela esango nuke. Ez du magia hori beti mantentzen. Zati batzuk oso ederra dira, baina beste batzuk kalitate kaskarrekoak direla iruditu zaizkit.

Dena dela, gomendagarria deritzot; batez ere pertsonaia nagusi batengatik: Barrutiarengatik, hain zuzen ere. Horrelako pertsonaiarik ez baitut ezagutu euskarazko liburuetan (gaztelaniazkoetan ere ez dakit!)

Irakurri eta esango didazue!

 

Londresko ezkontza

Leire Narbaiza 2011/05/04 14:07
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta.

Ostiralean Londresko ezkontza ikusi nuen, ezteiak asko gustatzen zaizkidalako, eta batez ere emaztegai-soinekoak. Badakit gai friboloa dela,eta askok gaizki begiratuko didatela (batez ere egunotan bizi duguna bizi izanda). Jakin ere badakit Ingalaterrakoa erret-ezkontza izan zela, errepublikanoa izanda arbuiatu beharko nukeena.

ezkontza

Gainera, erlijioa gailendu zitzaion gizarte zibilari; beraz, agnostiko batendako, gaitzesgarri. Beste alde batetik, ezkontza horretan emakumearen menpekotasuna agerian laga zuten hainbat sinbolorekin (beloa aurpegian, eraztun bakarra,...), feminista izanda, errefusatu beharko nuke. Horretaz gain, hainbeste diru xahutzea ezkontza huts batean, eta bertan botere ekonomiko handikoak baino ez azaltzea ezkertiartzat bere burua duenak erdeinatu beharko luke.

Hala ere, asko disfrutatu nuen: zelako antzezlana eta eszenaratzea, nolako antzokia! Baliteke umetatik eskaini dizkiguten ereduak buruan sartu zaizkidala eta hauxe dela gelditu zaidan arrastoetako bat. Ez dakit gustu hauek nondik nora sortu zaizkidan, baina halakoekin ondo pasatzen dut.

Pamela, ginbail eta burukoengatik izatea. Eta emaztegaiaren soinekoaren oihal, bordatu eta parpailengatik, baita paramenta eta soineko luze eta baporosoengatik ere. Ez dakit, baina estetikoki ederrak begitantzen zaizkit.

Tira, Zer erantzi izanagatik ere, nire asmoa ez da Kate Middelton-en soinekoaz, edo gonbidatutako emakumeen arropaz berba egitea. Nire ustez, gehiegi egiten da berba horren gainean, kritikatzeko eta gaizki esaka jarduteko. Ez, gizonezko janzkeraz mintzatu nahi dut: uniformeak eta jaketak, lan txikia niretako!


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot

Horrelako ezteguetan uniformeak janzteko mania ez dakit nondik datorkien. Badakit emakume askori ikaragarri gustatzen zaizkiela uniformez jantzitako gizonezkoak. Edo behintzat, hori diote telebistan eta filmetan. Inguruan inori ez diot horrelakorik entzun. Niri neuri suhiltzaileak ere ez zaizkit horrela gustatzen! Baliteke euskal herritarra izateak ez lagatzea uniformedunez gozatzen :-)

Senargaiak eta bere albolagunak (aitabitxiak) uniformea zeramaten. Williamek, ezkontideak, uniforme gorri-gorria, zerrenda urdin bat bularrean gurutzatuta ezkerreko sorbaldatik, eskumako mokorreraino, zatar-zatarra Beukelaerreko printzea zirudien! (Eskerrik asko @boligorria artikuluaren ideia eta irudiagatik!) Gainera, uniformea handi zeukan, oso handi. Nola liteke neurrira ez egitea? Imajinatzen duzue emakume batek soinekoa hain nasai eramango balu zelakoak entzun beharko lituzkeen? Horretaz gain, bularraldean zeraman txatar guztia? Ikaragarria! Itsusi mortala!


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot

Eta txatarraz hitz egiten badugu Harry anaiaz [eta bere best man-a (albolaguna, aitabitxia)] ezin aipatu barik laga! Txatarraz gain, borla eta eta soka doratuak metroka zeramatzan uniforme beltzaren jakaren bueltan. Bazirudien balkoira irten aurretik errezeletan kateatu zela, eta lepo inguruan geratu zitzaizkiola sokok! Sokasaltoan gonbidatu guztiak egiteko beste metro zeroazen! Itzela! Eta amaitzeko uniforme bako gizonezkoen janzkera aipatu nahi nuke laburki. Zelako tristea, gatzbako eta aspergarria!! Grisa eta beltza, eta ausart batzuek kolore apaleko gorbataren bat. Badakit protokoloak agintzen duela, eta jaketa dela derrigorrezko. Baina inoiz aldatuko ahal da janzteko modu inuzente hori, ezer esaten ez duena?

Gustura ikusi nuen espektakulua, baina britainiarrendako. Ez nuke nahiko monarkia ordaindu ikuskizun zoragarria eskain ziezadan 20 urtean behin,.....A! Orain konturatu naiz! O! Ez! Bagabiltza horretan! Errepublika subito!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua