Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Printzesa izateko jaio omen gara

Leire Narbaiza 2011/03/20 23:13
Horrelakoak dira egunero-egunero jaurtitzen dizkiguten mezuak.

Zenbat mezu jasotzen ote ditugu emakumeok gure pritzesatasunaz? Ume txiki-txikiak garenetik, printzesa eredua jartzen digute begien aurrean. Hori da denok izan nahi omen duguna, desio duguna lehenengo haurtzarotik.

Printzesa: gauza inutilagorik badago? Pertsona mota azalekoagorik? "Lanbide" alferrekoagorik? Loreontzietan loreontziena dena. Erakusleiho, itxura soila, barrutik hutsik dagoena. Horixe da printzesa izatea.

Hasi, Disneyrekin hasten da, eta bonbardaketa etengabea da. Esango didazue obsesionatua nagoela. Baliteke, baina nire ustez, ez da nahikoa aztertu zelako emakume eredu proposatzen duen eta honek nolako eragina duen gure neskatilatxoen artean. Bestela, zer dela eta arrosa kolorez janztea koaderno, gela, arropa, mozorro, motxila, zorro, guardasol eta abarrak? Nondik datorkie neskatotxoei kolore-gama bakarreko zaletasun hori?

Facebook-etik atera dut beheko irudia: Disneyko printzesak eta euren mezuak

disneiko printzesak

Printzesen ipuin tradizionalen berrikusketa ere topatu nuen sarean Microsiervos-i esker Dina Goldsteinen Fallen princesses argazki bilduma: Nola amaitu zuten "....hau bazan edo ez bazan...." (edo agian egokiago gaztelaniazko "Fueron felices y comieron perdices") formularen ostean, ametsak apurtuta, andrazko arrunt eta frakasatu! Oso onak dira argazkiak.

edurne zuri jausia

Dena dela, argazkilari hau kenduta, gutxi dira eredu monarkiko suntsitzaile honi aurre egiten diotenak, eta ez dakit zergatik. Zer dela eta sartu behar zaigu hau buruan txikitatik? Zer nahi da lortu horrelako gezurra zabalduta? Are gehiago, hezkuntza sailetik zabaltzen denean, duela gutxi Nafarroako gobernuak iragarki batean azaldu zuen bezala? (Nahiz eta gero ez eman komunikabideetan)


Argi dago, olatu more asko beharko direla printzesen uholde arrosari aurre egiteko! Agian, olatu baino tsunamiaren premia daukagu!

Pailazoak gorrotatzen ditut

Leire Narbaiza 2011/03/14 18:00
Ez dut inor asaldatu nahi, neu bainago asaldatuta.

Badakit post hau idatzita etsai asko egingo ditudala, jende asko haserretuko zaidala. Ez ezazue pentsa nire helburua probokatzea denik, ezta pentsatu ere! Baina, ezin dut gehiago jasan eta aitortu beharra daukat: pailazoak gorrotatzen ditut. Tira, onartu behar dut, zirkua oro har ezin dudala jasan: malabaristak, funanbulistak, domadoreak,....ezinezkoa zait ikustea! Ezin ditut jasan! Ezta Cirque du soleil famatua ere! Magoak eta trapezistak, ostera, horiek bai. Ez dakit zergatik den, inoiz esan didate ez ote dudan haurtzarorik izan (marrazki bizidunak ere ez ditut gogoko, ezta umeendako filmak ere. Zer esan ez Disneyren edozer Vade retro, Satanas! Hori gorrotagarria izateaz gai, arriskutsua ere bada). Izan liteke gure ume denboran Heidi eta Marcorekin hasi ginela zuri-beltzean, eta nola ez, Los payasos de la tele nazkante haiekin. Hola Don Pepito, hola Don José...

Umetako trauma izan liteke pailazoena, baina ez dauka azalpen handirik; izan ere, nire bizitzan normalean nahiko pailazoa naiz, umorea gustatzen zait, baita tontoarena egitea ere. Ezagutzen nauen edonork esango du hori. Nik neuk ere ez dut ulertzen ezinikusi hau.

Eta umeak gugandik urrun daudenean, tira, tirria hau eramangarria da, ez du eguneroko bizimodua oztopatzen. Baina zer gertatzen da parean haurren bat suertatzen denean, bidaia batean, adibidez? Orduan koplak, izerdi hotza eta egonezina.

Bai, eta ez da inor nire ezinikusitik libratzen. Ez, ezta Pirritx eta Porrotx ere!! Ez Marimototx, ez Takolo, ez eurekin kantatzen duten bertsolari, famatu eta guai guztiak. Ez. Ezin dut jasan. Sakrilegioa! Bekatu mortala! Bai, lagunok, euskaltzaleon artean dagoen tabuetako bat apurtzen dihardut: Pirritx eta Porrotx kritikatzea. Eta ez daukat euren kontra ezer. Euren lanbidea ez zait gustatzen. Ulertu beharko lukete, ni maistra naiz eta zenbat jendek gorrotatzen ditu irakasleak, e?

Badakit beraien mezuak positiboak direna, modernoak, familia anitzen aldekoak, umeak kontuan hartzen dituztela. Ez dago konparatzerik Una niña fue a barrer harekin,.....bale, tira. Mezuena gogoko nuen. Baina entzun nuenean : A mi me gusta el piripipi, dela bota empinar, parapapanpa,........kantu alkoholiko hori euskaraz itzulpen melenga horrekin, politikoki hiperzuzena....hor, momentu horretan, kable guztiak urtu egin zitzaizkidan eta automobiletik neure burua martxan botatzeko egon nintzen. Ufff!

Badakit umeei gustatzen zaizkiela. Bai. Hala ere, batzuetan gurasoek gustukoago dituztela esango nuke. Behintzat, hasieran. Umea jaio eta monobolumena erosi bezain azkar pailazoen CDa erosten (edo jiratzen) dute hainbatek, guraso izatearen betebeharren artean sartuko balitz bezala.

Eta ez pentsa abesten ez dudanik. Zuetako askok baino gehiago. Kantatzen dut Sorgina Pirulina.....; Han zeuden krokodilo....; Ikusi ikusi han, teilatu gainean;.....Kanuto xixilindro;.....Hil da, hil da gure katue;.....ume kantu ia guztiak dakizkit! Bederatzi urtean izan naiz begiralea udalekuetan! Eta disfrutatu egiten dut kantekin eta imintzioekin. Baina pailazoak ezin ditut jasan, larregi da nire buruarendako.

Debtris, zorraren Tetrisa

Leire Narbaiza 2011/03/11 01:00
Oso era grafikoan kontatuta

Gaur agertu da prentsan 1.210 pertsonak dituztela mila milioi dolarretik gora, inoiz baino gehiago. Nola izan liteke mundua krisi ekonomiko sakonean murgilduta dagoenean? Jende arruntak lana galdu eta ezin duenean hipoteka ordaindu? Dirurik ez dagoen honetan? zelan?

Erraz azaltzen digu beheko bideoak. Gobernuek herriak zorpetzen dituzte, aberatsak aberatsago bihurtzeko, herritar arrunten kaltetan.

Erraz eta ondo adierazita, edozeinek ulertzeko moduan!

 

Debtris - El Tetris de la Deuda from ATTAC.TV on Vimeo.

Martxoaren 9 ez da emakumeon eguna

Leire Narbaiza 2011/03/09 16:40
Ezta martxoaren 7a, otsailaren 20a, uztailaren 5a, irailaren 23a,......ere

Atzo emakumeon nazioarteko egun izan bazen ere, gaur ez da. Urtean 364 egun ez dira geureak, eta arazoek berdin diraute, baina inork ez ditu kontatzen. BBCren bideoa ikustea besterik ez dago (pena da, baina blogean sartzeko aukera kendu dute).

Euskal sindikatuek ere hainbat gauza aldarrikatu zituzten atzo; izan ere, andrazkook nozitzen ditugu, batez ere, murrizketak. ELA eta LABen ordezkari biri eta beste aditu batzuei ere egin zieten elkarrizketa Hamaika telebistan, oraingoan bai, oraingoan sartzeko baimena badugu:


Torturetan ere, ez da ezer aldatu eta, zoritxarrez, hauek existitzeaz gain, sexistak ere badira. Irakurtzea besterik ez dago Beatriz Etxebarriak salatu duena. Sexua erabiltzen dute izua eta terrorea zabaltzeko atxilotu eta isolatuta dauden emakumeengan.

Nahiz eta erakundeek adin konkretu bateko eta eskotedun karteleratzen gaituzten, erakutsi beharko dugu atzera ere, berdintasuna ez dugula lortu eta eskotearekin edo barik; gazte, heldu edo zahar, langile zein langabetu, era askotakoak garela eta berdinak bagara ere, anitzak garela.

Argi dago, martxoaren 8a ezin bestekoa dela, baina urteko beste364 egunetara zabaldu behar dena, bestela ezingo dugu inoiz benetan martxoaren 8a ospatu.

 

 

Campanades a Morts

Leire Narbaiza 2011/03/03 09:03
Martxoaren 3a da gaur

Duela bost urte Lluís Llachek Gasteizen eman zuen kontzertua, gaurko egunez, 1976an gertatutakoa gogorarazteko: bost behargin erailda eta  zauritutako pila bat. Joateko aukera paregabea izan nuen lagun bati esker (eskerrik asko Sonia, wapa!), eta benetan oso kontzertu hunkigarria bizi izan genuen. Egun horretan bertan, poliziak manifestazioaren aurka kargatu, eta jendea atxilotu zuen.

Martxoaren 3an, lan arazoengatik protestan ari ziren eta eliza batean protestan jende andana itxi zen. Poliziak hori bazekien ere, eliza barruan sartu eta kargatu egin zuen. Sarraskia saihestezina zen.

Llachek orain 35 urte idatzi zuen "Campanades a Morts" kantua, albistearen berri izan zuenean, hain zuzen ere. Orain bost urte eskatzen zuena, atzera ere eskatzen gabiltza: justizia, oraindik horrelakorik ez zaie egin eta. Ez omen dira biktima, asasinatu bazituzten ere.

 

Facebooketik izan dut bideo honen berri. Mila esker, Ricardo

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua