Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Jai egunak

Leire Narbaiza 2011/10/25 19:48
Estatutuaren egunean jairik egin duzue?

Nik bai. Jai egin dut. Tira, jai izan dut, desberdina da eta. Joan nintekeen lanera, baina ezin izango nuen errekuperatu. Horretarako etxean hobeto! Lau egun jai izan ditugu, gainera.

Urriaren 12tik urtero errepikatzen dena: jai espainolik ez! Ados nago. Baina jai katolikoei bai? Bizitza guztian hartu ditugun aitzakiaz, horien kontra ez du inork ezer esaten. Hala ere, ez dira bizitza guztikoak, hauek ere aldatu dituztelako; izan ere, hainbat kendu digute, Korpusa, esate baterako. Ez dugula ezer ospatzeko ere badiote. Egia esateko, ospatu, nik ez dut ia bat bera ere ospatzen. Ez naiz lanera joaten eta kitto! Igandeak jendeak ospatu egiten ditu, ala? Edo Aste Santua? tira, tira.

Jai katolikoek gure bizitza gobernatzeari ez deritzot ondo. Gabonak dauzkagu, gero Aste Santua. Gabonak beti egun bertsuetan dira, baina Aste Santua? Ilargiaren araberako jaia da! Iaz oso berandu izan zen eta bigarren hiruhilekoa amaiezina egin zitzaigun; eta hirugarrena, ostera, bat-batean pasatu.

Aurrekoaz gain, txarto ikusten dut jai guztiak udazkenean pilatuta agertzea (gutxienez EAEn): urriaren 12 eta 25 jai, azaroaren 1ean jai eta abenduaren 6 eta 8 jai. Ostean, Gabonak. Erritmoa hartu ezinda. Gabonak pasa eta gero, ez dago jairik Aste Santura arte. Gero maiatzaren 1a. Ondorik, udako oporrak. Nongo buruan sartzen da banaketa hau?

Hala eta guztiz ere, euskaldunak edo gureak jartzekotan ez nuke jakingo noiz eta zeintzuk jarri. Laiko eta euskaldun, zaila delako. Argi daukat maiatzaren 1a salbatuko nukeela, baina bestela… Solstizioak, beharbada, Sanjuan eta Gabonak, birbataiatutako jai zaharrak direlako? Agian! Baina bestela, zeintzuk?

Hau argitu bitartean, egutegia gorri dagoenean egingo dut jai, begiratu barik zer etiketa daroan. Bestela egin ezean ez dit-eta inork eskertuko; ezta neure buruak ere.

Gorbataren lokarria

Leire Narbaiza 2011/10/19 15:12
Sustatuko Zer erantzi atalerako idatzitako artikulua.

Atal honetako artikuluak irakurri dituenak jakingo du ez ditudala larregi maite gizonezkoen trajeak eta hedaduraz, edo pieza honengatik beronengatik, gorbata. Zentzugabeko zintzilikarioa, berorik eman ez, sama laburtu, kokospea bikoiztu eta bilur itogarri bihurtzen dena, zentzunbako apaingarri zatar eta alferra. Hala ere, batzuendako uniforme bilakatuta, seriotasun eta formaltasun ikurra izan da duela 40 urte arte, baztertzen hasi zelako, eta gizonezkoendako janzteko beste modu batzuk ere zabaldu zirelako, zorionez. Gaur egun, ordea, bakoitzak ikusiko du zer jantzi, nola joan behar den saraoetara. Baina gehiegizkoa deritzot Iñaki Anasagastik (moda-joera sortzaile horrek) Paul Riosi esatea gorbata jantzi behar duela, hori izango delako esku artean duen eginkizuna serio hartu duen seinale!

Gauza asko konta niezazkizkioke Anasagasti jaunari bere itxuraz, baina ez dut txiste errazean jausi nahi. Dena dela, esan nahiko nioke, beharbada, Riosek zeraman alkandora ez zela politena, edo egokiena, baina inoren begiko zamarra ikusi, eta norberarena ez, huts larria dela; eta seriotasuna ez diola ematen eginkizunari janzkerak, baizik eta eginkizun hori burutzeko erak eta moduak. Esango nuke Anasagastik eskaparatismoaz diharduela, itxurakeriaz; kanpokoak barrukoak baino gehiago balio duela bere pentsaeran, alegia: “nola jantzi, halakoa izan”. Eta hori aspaldi amaitu zen, zorionez.


Creative Commons Aitortu © cc-by: Paul Rios

Iruzkin horrekin ez du Riosen janzteko modua soilik kritikatzen; inplizituki gorbatarik janzten ez dutenena ere kritikatzen du, eta makinatxo bat dira! Har dezagun Martin Garitano. Sekula ez du gorbatarik janzten. Horregatik, bere jardunari seriotasuna kendu dio? Beharbada, Anasagastiren iritzirako bai. Orduan, Markel Olanok esan nahi du oposizioa ez dela hain serioa? Zeren, ez dakit konturatu zareten, baina Garitano ahaldun nagusi denetik, Olanok ez baitu janzten gorbatarik! (askoz hobeto dago, esan beharra dut). Gaztelaniaz den bideo honetan, Olano eta Garitanoz gain, Basagoiti ere agertzen da gorbata barik. Azken honek ere ez dio Eusko Lege Biltzarrari seriotasunik ematen, antza.

Baina goiko hirurez gain, hainbat aipa ditzakegu. Odon Elorza, esate baterako. Elorzak gorbata jantzi izan du, baina beste estilo bat ere badarabil, eta argazkiotan ikusten den moduan, zapi-moment nahiago izaten du. Honek ere Donostiako alkate izateari 20 urtean seriotasuna kendu ote dio?

Aitatutakoez gain, beste hainbat ere badaude: Pello Urizar, Juan Karlos Izagirre, Dani Maeztu, Mikel Arana... Ia beti gorbatarik gabe, baina gauzak serioski egin nahian. Gainera, emakumeok gorbatarik gabe janzten garenez, ez ote diegu merezi duen seriotasuna ematen gure aktibitateei?

Hauetaz gain, era berezi batean hiru politikari ekarri nahi nituzke hona euren dotoretasun gorbata gabekoagatik; izan ere, pertsona batzuek berezkoa den elegantzia badutela esango nuke, eta elegante izaten ikas litekeela, baina zaila da oso. Horregatik, hemen nire aukeraketa:

Batetik, Mikel Basabe aipatu nahiko nuke, nire ustez politikari goapoena, trajerik jantzi barik ere, normaltxo, egoki joaten dena. Tira, genetikak ere laguntzen dio, baita esateko moduak ere. Anasagasti jauna, ez da serioa Basabe parlamentaria?

Bestetik, Denis Itxaso, beste estilo bat zeharo desberdina. Ez dut gogoratzen gorbatarik jantzi duen. Hala ere, nik oso serio ikusten dut bere lanean. Eta ondo jantzita beti, oso ondo, Anasagasti senataria. Bera izango da ondoen janzten den politiko gizona.

Eta azkenik, Oskar Matute. Serioa gizona, irribarre gutxikoa, gorbata barik, alabaina. Beti txukun jantzita, fisikoak ere lagundu egiten dio. Nolanahi ere, Anasagasti, ez duzu uste serio ari denik?

Gorbatarena aitzakia da, argi dago. Bakoitza gusturen sentitzen den moduan jantzi behar da-eta. Ez litzateke barregarriagoa Paul Riosek gorbata jantzi janzteagatik egingo balu, jotzen ez dion alkandorarekin, edota ganorarik gabe? Ez ote daki senatari jeltzaleak askotan gorbata janzten dela barre eragiteko, Beranduegi saioko aurkezleek kasu?

Azken batean, Paul Rios gorbataduna edo kantinera jantzita joanda, garrantzitsuena egunotan egingo den lana eta emaitza izango dira. Eta espero dut hain positiboa izatea, non parranda itzel horren ostean gorbatak bekokian jantzita irtengo garen! Hala bedi!

Amantalen ahotsa

Leire Narbaiza 2011/10/09 21:37
Victoria Eugenian taularatutako ikuskizuna

Ostiralean taularatu zuten "Amantalen ahotsa" ikuskizuna. Ederra bezain hunkigarria; gure aurreko andreek gerra eta gerra-ondoa zelan bizi izan zuten dantzaz eta kantuz azaldu ziguten, euren testigantzaz lagunduta.

Niri neuri ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikuskizun ona zela iritzi nion. Ondo josita egon zen testigantza, musika, deklamazioa (edo aurkezpena), dantza, kantua, bertsoak. Hainbeste andrazko taula gainean: ume zein gazte. Zaharrak, bideoz. Hori bai, nire belaunaldia falta zen, eta gure amarena, Amaia Zubiriak ordezkatu zuen.

Amaia Zubiria aitatuta esan behar, kantariak zoragarriak direla: Zubiria bera, Zaloa Urain, Ain-1, Maialen Lujanbio, eta onena, Aranne Unamuno! Umea bizkarrean zuela, oso polita eta adierazgarria. Dantzariek umeei amantala jartzea bezain esanguratsua. Dena xehetasun eta detailez betea. Txikitasunean, handitasuna.

Esandako moduan, hunkigarria. Nik ez nion negar egiteari laga ia saio osoan; izan ere, ikaragarri gogoratu nintzen gure amamez, aitaz ere bai. Emozioa hain zen handia, malkoei eutsi ezinda ibili nintzela, amama Maria Angelesi hamaikatxotan entzundakoa, beste emakume batzuen ahotik entzun nuelako. Amama Virginiaren bizipenak imajinatu nituelako, aitxaren lehengo ume denbora "ikusi" nuelako… Gogorra, baina ahaztu behar ez duguna.

Arlo guztiak ukituz zituzten, historiak, letra handiz idazten denak, inoiz jasotzen ez dituenak: egunerokotasuna, zelakoa zen egun bakoitza, nola egiten zuten jateko, eskolara joateko, jolasean egiteko,… niri hainbeste kostatzen zaidana imajinatzea. 

Hala ere gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, hainbat arlotan, gainera. Lehendabizi sarreren salmentarena. Badakit antolakuntzakoen errua ez dela, baina esan beharrean nago, eta toki ona dela uste dut. Lehengo aldia zen kutxasarrerak.net-en bidez erosten nuela. Ai, ama! Alde batetik gaztelania da hobetsitako hizkuntza (norberak aldatu behar du euskarara). Bestetik, pantaila bakoitzaren informazioa eskasa da, eta gero ez du atzera egiten lagatzen. Hori dela eta, gura ez nuen moduan erosi behar izan nituen, eta sarrerak, kanpoan jaso: Irun, Donostian edota Tolosan. Hori da Gipuzkoa Kutxarentzat!!! Ikaragarria!!!

Bigarrena, ufalean sartu ginela Victoria Eugeniara! Kontzertu punki batera bezala! Euria ari zuela, atea zabaldu, eta raust denok trumilka! Gero gaztetxeez esango dute! Kukutzan lasaitasun handiagoz sartuko ziren kontzertuetara, seguru nago!

Hirugarren kritika anitza izango da, espektakuluaz jardungo dut eta. Nire ustez, oso ondo aukeratuta egon ziren testigantzak, baina bazterketa bat sumatu nuen: ia guztiak gipuzkeraz, gerra Gipuzkoaren zati baten baino bizi izan ez balute bezala. Jakin badakigu, Deba ibarrean grabazio ugari daudela, baita beste probintzia batzuetan ere! Ez dakit zein zen buruan zerabilten esparrua lana egiterakoan, baina Hego Euskal Herria izanda larria da, Gipuzkoa balitz, tristea!

Espektakuluan kontu bakarra ez zitzaidan batere gustatu, antzerkia, hain zuzen. Ez umorea sartzen ahalegin zirelako, ez. Ondo ikusten dut umorearena, giroa lasaitzeko eta negarra uzteko. Hala ere, modua ez zitzaidan ez egokia, ez benetakoa begitandu. Histrionikoegia, larjokatua, afanosokeriatik gehiago zeukan umoretik baino. Hainbeste imintzio, errealitatetik hain urrun. Gauza txar bakarra, nire iritziz.

Barre kontu honekin lotuta, jendearen barreak harritu ninduten. Haluzinatu egin nuen: oso pasarte latza kontatu, eta ikusle askok barre! Eta ni negarrez! Nola ezin zezakeen barre publikoak, eskolan maistrak euskaraz egitea debekatzen zienean kontatutakoan? Horrek sortzen zien inpotentzia eta sentimenduak adieraztean? Oso gogora egin zitzaidan! Beharbada, ohituta ez gaudelako hain hizkera espresiboa entzuten, baina barre… Denetarako gaude eta…

Hala ere, orokorrean zoragarria, beharrezkoak ditugu horrelako ikuskizunak, memoriaz gain, errealitatearen zati bat erakusten digutelako. Benetan merezi duena!

Ulazia goguan

Leire Narbaiza 2011/10/01 11:23
Atzo gogoratu genduan Txantxa zelaixan.
Ulazia

Domekan gertatu zan istrupua, ixa astebete. Zeozer idazteko gogua izan dot, baiña ezin. Atzo be, funeraletik etorritta asmua banekan, baiña nekatuegi neguan. Pasau neikian idatzi barik ezer, egixa da. Baiña estimatzen dittugun personak juaten diranian, barruak agintzen dau, sentimientuak diñue asaskatu bihar dogula, eta blogarixok ezagutzen doguna hauxe da: zeozer idaztia.

Ulazia ez zan nire lagun gertukuena, ezta gitxiagorik be. Eta, biharbada, batzuek, aste txarra pasau doadala esaten dodanian pentsauko dabe hori nabarmentziagaittik diñodala. Seguru, danetarako dago jentia-eta. Baiña askotan, lagun zirkulo zabal-zabal baten, hartu-emon handirik barik be, persona batzuk kuttunak dira. Juan Luis kasu. Asko estimatzen neban. Gehixago be esango neuke, famelixa haundi bateko kidiak garala: Eibarko Klub Deportibokuak, eta bertan ibili garanok, barruan, badakaugu zer dan hori. Horregaittik, neri bost holakorik pentsau leikenekin. Gure sentimientuak benetakuak diralako! Nik bera omendu baiño ez dot gura.

Ez dot gogoratzen zelan ezagutu neban. Baiña badakat bere imajiña bat deportiboko buleguan ertz baten jarritta, serixo. Badakitt, hasiera baten, bera ikusitta hain haundixa, bizar horrekin eta itxuraz serixo, inponidu egin ninduala; pixka bat ezagut arte, jakiña.

Irudi hori zihero aldatu zan denporia pasau ahala; izan be, Juan Luis beti zeuka irribarria ahuan, ez zan serixua, sinpatikua zan. Umore eta ironixa fiñekua. Lagun ona. Lagunak euskeraz dakazen esanahi guztiekin.

Mendixan ezagutzen da ondo jentia. Eta berakin gitxi ala asko ibili ezkero, segiduan igartzen zan eskuzabala zala, beti laguntzeko prest. Beti animuak emoten, forma fisiko eskasagua gekanori bidia errezagua egitten. 

Ezin dot ahaztu Euskal Jaixari emondako laguntzia, bihar ixilla eginda, lan "zikiña": berak, mendi taldeko beste lagun batzuekin batera, artisau eta basarrittarren ferixako postuak montatzen, asto-lana egitten. Baitta difrutatzen be! Guapo-guapo jantzitta, egunaz disfrutatzeko prest.

Hau guztiau, Mertxe andria onduan zeukala. Zelako bikotia! Enbidixia emoteko modukua! Gustau egin jata beti eurek emoten zeben sensaziñua. Ona, gustora egotekua.

Egixa esan, jente gitxi dago holakua, hain jatorra, hain ederra, hain gixti merezi dabena gertatu jakona. Eta bizirik jarraittuko dau estimatzen genduanon bihotzetan, Deportiboko jendian artian, bere famelixan. Gugan bego esan behar nuen, baina gugan badago.

Laztan haundi bat Mertxe, Ziortza eta Ehari. Besarkada bat Deporreko mendi taldekueri. Musu handi bat Juan Luis!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Cadena Ser-ek, Eibarko emisoratik gertaera jazo ... Sosola, 2017/05/05 19:35
Begiratu BERRIA, ARGIA, EiTB, DEIAn... horietan ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/03 13:11
Ezkutatu? Nik ustezko hiltzailearen izen abizenak ... Sosola, 2017/05/03 12:32
Jakina gizonek hiltzen dituztela, gizonak ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/03 12:15
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua