Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Irakurketa interneten

Leire Narbaiza 2011/01/23 17:12
Azken aldian bueltaka darabilt buruan fenomeno berri hau.

Begi bistakoa da internetek aldatu egin duela gauza asko egiteko modua, eta hauetako bat irakurketa da. Azken aldi honetan bueltaka darabilt buruan eta azaltzen ahaleginduko naiz, erraza ez den arren.

Irakaslea naizen aldetik, asko kezkatzen nau fenomeno berri honek. Argi daukat ondo idazteko, hizkuntza ikasteko, lexikoa handitzeko, ortografia ikasteko eta abarrerako irakurtzea ezinbestekoa dela; baita kultura eta jakintza lortzeko ere. Gainera, gure ikasleak (zoritxarrez) azterketei begira daudenez, modu oso garrantzitsua da ganorazko idazlana egiteko.(Post hau idazten ari nintzela artikulu interesgarri hau argitaratu dute Karrajuan)

Dena dela, konturatuta nago, hainbat ikasle gazteren artean irakurketak daukan fama txarrarekin. Euren ustez, zaharren kontua da, modaz pasatakoa; izan ere, irakurketa liburuekin baino ez dute lortzen. Nik, baina, beti esaten diet oso liburu zalea izan arren, edozein gauza irakur dezaketela, gainera orain interneten doan euren eskura nahi beste idazki dituztela. Baina hemen dago gakoa.

Interneten irakurtzen badute, nola irakurtzen dute? Labur eta saltoka? Sakon? Klik eginez? Kontzentratu barik? Zelan? Esango nuke, Interneten (edo ordenagailuan) egiten duten/dugun irakurketa azalekoagoa dela, saltokoa, alegia. Gain-irakurketa, sakontasun gutxikoa dela esatera ausartuko nintzateke. Zeharka, interesgune bila, paperezko egunkarietan askotan egiten den bezalakoa, datu konkretu baten bila.

Gainera, badago zapping fenomenoa; hau da, klik, klik, klik eginez orririk orri ibiltzea, azkenerako jakin barik non hasi garen eta zertarako geunden lehenbiziko orri horretan. Horrela jardunda, esango nuke ez direla hasierako premisak betetzen, eta irakurri bai, baina ez dela irakurketa hutsa, antz handiagoa du elkarrizketekin gertatzen denarekin: gairik gai salto egitea, ia hari galdu arte.

Zergatik diot hori? ez daukat froga zientifikorik; baina, ikasleen kasuan, galdera konkretu bat eginez gero, ez dute informazio osoa ematen ez dutelako jaso. Eta hainbat lagunekin ere tokatu zait, e-mailen bat bidali, gauzak esan eta esandakoa atzera ere galdetu. Behin baino gehiagotan. Ulermen eskasagoa, beti ere irakurketa "tradizionalarekin" alderatuta.

Hau ez da txarra, ezta ona ere. Fenomeno berria da, ez diguna balio helburu berberak lortzeko. Beste barik. Hori bai, bigarren paragrafoan azaldu duana lortzeko, beharbada, irakurketa paperean ere egin beharko da, ez soilik interneten. Hori baino ez.

Idazmenaz ere jardun nahi dut sortatxo honetan, bosgarrenean edo izango da hori. Bitartean segi irakurtzen gure blogak. Mila esker!

Twitter, facebook eta enparauak

Leire Narbaiza 2011/01/19 00:00
Zurrunbiloan egonda, bueltaka dabiltzanak.

Aurreko batean jardun nuen blogean sentitzen dudan zorabioaz. Zoramen honek badauka zer ikusia sare sozialekin: jaten diguten denborarekin eta sortzen diguten egonezinarekin. Post honetan nire pentsamenduak eta sentsazioak argitzen ahaleginduko naiz.

Nire ibilbide pertsonalean posta elektronikoaren ondoren eibartarrak posta zerrenda egon da. Bertan sartezak eta parte hartzeak gauza asko eman dizkit. Batez ere, sarean ibiltzeko makuluak; eta garrantzitsuena, sarean bakarrik ez ibiltzea, ziberlagun asko eman baitizkit. Blogari ere zerrendari esker naiz, behin baino gehiagotan azaldu dudanez. Gaitz ikusten dut bloga zabaltzea inork zirikatu eta animatu izan ez banindu. Beraz niretako, zerrenda familia da.

Blogak ere gauza on asko eman dizkit. Idaztea gogoko izan dut beti, eta aitzakia polita izan da zaletasun hau lantzeko. Eta asko ikasteko, ikaragarri. Bloga nire etxea da, hipoteka bakoa, auzo interesgarri asko dauzkana (eibartarren blog komunitatea), eta independenteki elkarri laguntzen diona. Kalamuatik Txargainera ez dago banku edo kutxen mailegurik, oso-osorik nirea baita.

Blogean esan nezake nahi dudana, nahi dudan luzeran, nahiz eta askok gomendioak eman. Blogean idazten denean, munduari idazten zaio, hiru jarraitzaile izan arren. Beste toki batzuetan, ostera, lagunak eta ezagunak daude, eta horiei begira idazten da edo "atsegin zait" klikatzen da. Lagunak omen dauzkagu, baina batzuk enpresak izan daitezke, edo bistaz baino ez ezagutu.  Facebook, lagunarte zabala litzateke, koadrila eta inguruko ezagunak. Soziala, aurpegi onarekin agertu behar delako.

Iturrik dioenez, twitter taberna izango litzateke, eta tabernetan, normalean, garenak baino guapoago, graziosoago eta -ago agertzen gara. Hau guztiau Iban Arantzabalek idatzitako "Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora" postean lagatako erantzuna da. Ibanek bertan idatzitako ia gauza guztiekin ados nago. Blogek gorakada handia izan zuten duela urte batzuk eta badirudi azken alde honetan beherakada izan dutela, batez ere euskaraz idazten direnak. Esango nuke asti gutxiago dugula hainbat gauzari dedikatu behar dugulako daukagun denbora urria. Twitterrek asko balio lezake, albiste iturri ona da (ikaragarria askotan) eta  abantailak ditu. Hala ere, esango nuke Ibanek esaten duen moduan, eduki horiek elikatu behar direla, lotura horiek egin behar direla eta euskaraz osatu behar direla. Beharbada hori da falta zaiguna, euskarazko edukiak.

Horrek harritu nau. Euskara hutsean ezagututako lagunak, sarean euskaraz ibili direnak, zenbat erdara egiten duten twitterren. Ez nuke pentsatuko horrelakorik inoiz. Gainera konturatu naiz, hainbatek loturak ez dituztela euskaraz jartzen, gure hizkuntzan egon arren. Adibidez, eitb.com-eko albiste, bideo eta abarrak bietara egonda, segundorik ere ez dute galtzen euskarazkoa topatzen. Eta euskaraz blogak elikatu ezik, eta loturak gaztelaniaz, honek ez dauka atarramentu onik!

Aipatu dudan Ibanen artikulu horretan bertan, erantzunetan "ziberpaboneo" berba aipatu nuen, hau da, denen aurrean zein ederrak garen eta zenbat dakigun erakustea. Azalekoa ere badela esango nuke. Hala ere, twitterrek libertimendutik ere badauka asko, eta alde ludiko hori gustatzen zait. Luistxok CodeSyntaxeko jardunaldietan esan zuen komunikabidea dela. Nik ez dut ukatuko, baina uste dut informazio onak eta zehatzak jasotzeko jende konkretu bati jarraitu behar zaiola, eta ez jende larregiri, bestela, ezinezkoa da. Luistxok "zarata" (twit asko) ere aitatu zuen, ona delakoan. Agian, kapazitate handiagoko jendeak ahal izango du, baina nik nahiago gutxi eta onei jarraitu. Bestela ez dago ez dibertitzerik, ez ondo informatzerik!

Dena den, geroak esango digu hauek guztiak zelan geratzen diren. Futurologia egiteak ez dauka etorkizunik. Twitter moda huts kontua den Negropontek elkarrizketa batean esan zuen bezala; ala blogak desagertuko diren ikusiko da. Gainera, auskalo zelako gauza berriak etorriko zaizkigun! Guk, baina, gure etxetxo euskaldun honetan jarraituko dugu jo eta sua, barrena husten, salagarria salatzen, mundua konpontzen eta barre egiten. Talde txikian edo koadrila zabalean, nahi dugun arte!

Teknologia berrien zurrunbiloan galduta

Leire Narbaiza 2011/01/16 12:10
Horrela sentitzen dut neure burua.

Gazteago nintzenean ez nintzen oso teknologia zale. Norbaitek esango du kontrakoa ere banintzela. Ez zen horrela, baina ez nituen hainbat gauza argi ikusten, nire bizitzan erabilgarriak zitezkeenik, eta, gainera, atzerakada puntu bat ere ematen zidaten.

Denbora pasatu ahala, sartu nintzen internet mundu honetan. Ez dakit zelan, ez dakit zergatik. Nire saltsera senak aginduko zidan, seguru aski. Poliki-poliki, ikasten joan naiz, hanka sarritan sartuta. Luxuzko irakasleak izan ditut, punta-puntakoak, asko irakatsi didatenak mundu honetan; eta eurendako eskerrik beroena izan duten pazientziagatik.

Mailatxo bat baneukan lortuta, baina teknologien munduan dena oso bizkor doanez, beti egon behar da ikasten eta berrizten. Tira, hori ez da txarra, neurrian bada behintzat, astia ematen badu kontzeptuak ulertzeko, barneratzeko, martxan jartzeko... Baina hori da arazoa: asimilatzeko denbora!

Asimilatzeko denborarik ez daukat. Gero eta ideia berria gehiago dabiltza, etengabe aldatuz. Ni zurrunbiloaren erdian sentitzen naiz, erdi-mariatuta, askotan galduta, sarritan ez gauza. Eta gainera, ia guztia ingelesez! Uffff!

Interneteko nire lagunak punta-puntan dabiltza. Azken tramankulu, aplikazio, programa eta sistemen berri daukate, eta komunikatu egiten didate. Sarritan, jarraitu ezinda egoten naiz euren elkartrukeetan, heldu (zentzu bietan: iritsi eta oratu) ezinda. Gehiegi dela uste dut, energia larregi kontsumitzen dudala gai hauetan.

Honek guztionek, egon eza sortzen dit, baita haserrea ere. Ez da batere gustukoa, eta sarri pentsatu dut hainbat gauza abandonatzea, eta bloga eta beste gauzatxo batekin baino ez ibiltzea. Ikusiko da. Argi daukat, baina, ez dudala energia gehiegi gastatu nahi horretan, etekina handia ez bada, behintzat! Izan ere, indarra non gastatu ere badaukat, eta mundu errelean!

2011rako espero dudana

Leire Narbaiza 2011/01/03 22:18
Ea zer dakarkigun urte berriak!

Sasoi honetan urte berriari begiratzen diogu ekarriko digunaren begira, ekarriko diguna begira. Orain, baina, desioak baino ez zaizkigu geratzen etorkizuna esperantzaz betetzeko.

Egunotan, denok jasoko zenituzten hamaikatxo power point zoriona opatzen. Gehienak oso kurtsiak, eta ia %100 erdaraz. Nik behekoa gaztelaniaz jaso dut, baina ez zait ñoñoa begitandu. Horregatik, gustatu zaidanez euskaratu egin dut, nire afizio gorde horietako bat.

Ez zarete kexatuko, gero! Opari bi baten: desio onak eta gainera euskaraz! Ea egia bihurtzen den! Urte barrigon!

 Topa egiten dut!

View more presentations from txargain.
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua