Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Irentsitako azken liburuak

Leire Narbaiza 2010/09/28 22:38
Gehiago izan dira, baina gogokoenak edo, aipatuko ditut.

-"Galerna" Iratxe Esnaolarena. Liburu hotza, urruna, zelanbait esateko. Atmosfera berezia du, baina distantzia ikaragarria sortzen du irakurle eta istorioaren artean, nire ustez.

-"Aulki-jokoa" Uxue Alberdirena. Planteamendua asko gustatu zitzaidan, zaharrak gazte izan direla azaltze hori, beti ez direla horrelakoak izan. Hala ere, zerbait falta zaiola iruditu zitzaidan. Beharbada, gehixeago sakontzea edo. Ez dakit.

-"Ahaztuen mendekua" Alberto Ladron Aranarena. Nobela beltza, intriga sortzen du, eta irakurlea harrapatu. Historia eta memoria ere nahastuta daudenez, are interesgarriago bihurtzen du trama. Gustura irakurtzen ditut Ladron Aranaren liburuak.

-"Zulo bat uretan" Iñigo Aranberrirena. Liburu bikaina. Historia korapilatsua, oraina eta iragana nahasten duena. Gaur egungo astakeriak (Itoizko urtegia) iraganeko sarraskiekin (gerra zibila). Asko gustatu zait, nahiz eta baztuetan hiztegi zaila (oso zaila)  darabilen, preziosistegia, beharbada.

-"Vikingoen sorterria" Xabier Mendiguren. Ipuin luzez edo nobela laburrez; nahi den moduan, osotautako liburua. Oso ondo idatzia, hizkera argi eta onarekin. Istorioak gure inguruko edozein herritan gerta litezke, pertsonaiak ezagut ditzakegu, jende naturala da. Baina hainbatetan gertatzen dena ez da ohiko. Batzuetan aho bete hortz lagatzen gaituzte istorioek. Errealismoa zein gordina izan zitekeen, horratik!

-"Katu jendea" Eider Rodriguezena. Ipuin liburu honetan istorioak arruntak dira egunerokoak, baian denak dute zerbait berezia. Ondo idatzia.

-"Hygiène de l'assasin" Amelie Nothomb-ena. Nothomben lehen liburua, eta zer esan berari buruz? Idazten duen guztia da berezia. Oraingoan Literatura Nobel saridun berezi bat hilzorian dago. Inoiz ez du elkarrizketarik eman, eta hiltzear dagoenez, kazetariek egin diezaiokete elkarrizketa hori. Hala ere, banan banan, etxetik botatzen ditu, galdera desegokiak iritzita. Izan ere, munduan inork ez ditu bere liburuak irakurri, hain estimatua den arren.......Laburra, baina intentsua!

-"La hija del partisano" Louis de Bernières-ena. Pertsona desastre bik topo egiten dute. Neskak gizonari bere bizitza kontatzen dio, zatika, poliki. Baina gaitza da desberdintzea egia eta gezurra. Gustura irakurri dut.

-"La casa de los amores imposibles" Cristina López Barrio-rena. Maitasun liburu bat, ederra, gainera. Badakit maitasun liburuak oso desprestigiatuta daudena, lehen nobela beltza egon zen moduan, bestalde. Poesiaz beteta, familia baten istorioa, emakumeek kontatuta. Eta tartean madarikazio bat. Gaztelan kokatuta, baina Latinoamerikako usainarekin. Asko gustatu zait.

-"Hor hago Kevin?" Kevin Herediarena. Lau zatitan dago banatuta liburua. Lehenengoarekin asko disfrutatu nuen eta promesa asko zekartzala uste nuen. Hurrengo biak nahiko "kortapedos" izan ziren, espero nuena ez zidatelako eskaini. Eta amaierakoa...tira. Hori bai, asko gusttau zitzaidan hainbat katurekin egindako pasarteak. Batzuetan letrak testuan txertatuta, eta beste batzuetan letrak ekintzan sartuta. A! Ustezko Kevin Herediaren argazkia ere oso ondo landua. Mister Euskadi (idazle atala) irabazteko moduan dago :-)

-"Rapsodia gourmet" Muriel Barbery-rena. Liburu originala. Hilzorian dagoen gizon bat bere bizitzari errepasoa egiten dio, eta une bakoitza jaki edo edari konkretu batekin lotzen ditu, baita bere ingurukoa pertsonak ere. Bitxikeria bat gustura irakurtzen dena.

-"Maldito karma" David Safier-ena. Barregarria, dibertigarria, originala. Istorio zoroa, sinesgaitza, baina umorez betea. Une onak pasatzeko burua larregi nekatu barik.

-"La quinta mujer" Henning Mankell-ena. Nobela beltza, Kurt Wallander ikerlariaren sagako beste liburu bat. Interesgarria, kateatzen duena, pertsonaia sinisgarriekin. Eta hori eskertu egiten da. Gustuko dut saga hau, bai horixe!

-"Zazpi etxe Frantzian" Bernardo Atxagarena. Liburu desberdina. Emakumeak urruneko izakiak dira, nahiz eta giltzarri izan istorioan. Istorio tragikoa historia tragikoan. Gustatu zait.

-"Kearen truke" Aritz Gorrotxategirena. Nobela beltza, planteamendu interesgarri batekin: "Gero"-ren bigarren zatiaren bila hainbat hildako azaltzen dira. Erdian edo, indarra galdu, eta zerbait falta du.

-"Los monstruos de Templeton" Lauren Groff-ena. Historia pertsonal batetik AEBetako herritxo baten historia azalduta, era atseginean. Pertsonaia zoro eta bitxi asko. Beharbada, atzera aurrera gehiegi dabiltza, eta pertsonaiekin galtzeko arriskua dago.

-"El libro del aire y de las sombras" Michel Gruber-ena. Gustura irakurri dut, nahiz eta horrelako hamaikatxo egon.

Udazkenak zer ekarriko digu?

Leire Narbaiza 2010/09/24 00:17
Pasa den astekoa izango da kurtso honetarako bidea?

Goizetan erritual berezia egiten dut: esnagailuak jo bezain laster, irratia isiotzen dut. Ez naiz berehala jaikitzen; izan ere, erlojuak bost minuturo jotzen du bere pi-pi-pi higuingarri hori. mesanotxeko lanparatxoa pizten dut bigarrenean, eta beharbada altxatu. Ia beti eguraldiaren iragarpena entzun arte egoten naiz ohean. 

Bost minutuko tarte horietan, batzuetan, loak hartzen nau, edo erdi lo egoten naiz. Sarri irratian entzundakoa ametsarekin nahasten zait, eta ez dut jakiten egia ala gezurra den. Askotan, irrati-notizia eldarnio bihurtzen zait.

Beste batzuetan, ostera, berriak kolpetik esnatzen naute. Hori gertatu zitzaidan pasa den asteartean. Sarekada baten 9 atxilotu, eibartar bat tartean, Aniaiz, oso gertukoa. Horrelakoetan beti pentsatzen dut ez dela itzartzeko erritualik egokiena, egun osoa (edo astea) txarto pasatzeko modua baino ez delako izaten. Albisteak adiago entzun, telefonoa dantzan jarri, interneten sartu....hori armosuarekin batera etortzen da.

Lanerakoan, guardia zibila ikusi, baita erregistroa kanpotik filmatzen ziharduten telebista kamerak ere. Guztiz mediatikoa, zirkua. Egun osoan berrien zain. Etxerakoan, kasualitatez bere familiakoak ikusi. Jota, normala den moduan. Arratsaldean, gainera, funerala, Gernikan. Egun konpletoa!

Atxiloketak iraun duen egunetan erregistroak hainbat lekutan. Atxilotuta ez zeuden pertsona askori, benemeritaren inkautazioak: ordenagailuak, argazki kamerak, sakelako telefonoak, musika CDak, dirua.... dena itzuliko ei diete, baina noiz? Ateak lurrera botata, "los hombres de Harrelson" bezala (ariete eta guzti) goizaldean guardia zibilak (polizia guztien artean beldurgarrienak) esnatu. Ikara eta izua gorputzean gaua etortzen den bakoitzean. Ttakun-ttakun irrati libreak ezin du emititu gazte lokala miatu eta ordenagailu berriak eraman zietelako. Eibarko Arrate Kultur Elkarteko bulegoak arakatu eta hankaz gora jarri zituzten bost orduz. 

Okerrena, baina, atxilotuak inkomunikatuta egon zirela asteburura arte. Abokatuek epaileari protokoloa betetzeko eskatu zioten arren, uko egin zion. Entzutegi Nazionaletik pasatutakoan tortura basatiak salatu zituzten. Grande-Marlaskaren belarriek argizari tapoi itzela daukate, entzungor egin baitie salaketei. Argi dago tribunal horretan ez dagoela justiziarik.

Hau guztiau uda amaieran, udazkenaren atarian, ETAren komunikatu biren artean. Abisua bota du gobernuan. Ez daude treguan, ez entzunarena egin dute, jarrera gogorrak erakutsiz. Ez dakit pose bat den (hala bada, gogorregi ari dira jokatzen), ala segituko duten bide latz honetatik. Egia esan, esperantza handirik ez daukat, baina itxaropen izpi bat geratzen zait.

Baina hau da eman behar duten erantzun bakarra? ala pose bat da? Espero dut gauza puntual bat izatea, bestela une latzak bizi beharko ditugu. Goizetan esnatzea albisteak entzutean (edo, okerrago, poliziaren danbatekoaz) gogorra izango da benetan. Espero dut oker ibiltzea, une saminak tokatuko zaizkigu, ostantzean.

Post data: Gaur Asiskon bineta ikusi dut Argia aldizkarian. Harira datorrelakoak hemen jarriko dut:

Asiskon biñeta

 

Arrateko jaixetako hutsuniak

Leire Narbaiza 2010/09/09 20:05
Inguruko jarik onenak hobetzeko proposiziñuak.

Arrateko jaixak Eibarko jarik onenak dira, duda barik. Hantxe, zelaixan, libre, danok dibertitzeko prest. Badira urte batzuk aldaketarik barik, eta baten batek esango dau bihar ez dabelako ez dala kanbixorik egitten. Ni ez nago konforme. Aspaldixan gabiz gauza batzuk eskatzen, bestela ikustia besterik ez dago gaurko egunez 2008xan idatzi nebana, baita 2007xan be!

Gauzak ez dira aldatu. Uste dot hiru dirala premiñazkuenak: Dantza solte txapelketia orduz aldatzia, autobusek ordutegixa luzetzia eta alkoholemia kontrola Krabeliñen jartzia.

Hiru eskari urtero-urtero entzutzen diranak Arraten. Atzo be eguna erdi hasrre amaittu genduan, goiz juan bihar horrekin, erdi burrukan illaran jartzeko, baitta ertzantzaren kontrolakin be. Urtia juan eta urtia etorri, beti bardin amaitzen dogu, madarikatzen.

Iñork preguntauko dau zergaittik aldatu bihar dan dantza solte txapelketia. Lehen, eguerdi partian izaten zan, eta erromerixia bostetan hasten zan. jakiña, erromerixia txapelketian atzetik hasten da, zazpiretan. Hasi orduko, zelaixa hustutzen hasten da; baiña ez dantza egitteko gogo gitxi dagualako, ez. Hurrengo eguna bihar eguna da, eskola guztiak hasten dira martxan, eta azkeneko autobusa 9retan da! Lekua nahi izan ezkero, 8,30etan edo, juan bihar illaran jartzera. Bestela, hantxe Arraten gaupasa! Hain goiz juan bihar tokixa hartzera, erromerixia 11ak arte danian!!

Esaten deskue autobusa erabiltzeko, baina juanak 1,9 euro balio dau. Juan-etorrixak, horretara, 3,8. Krabeliñen aparkatziak? Euro 2!!!!! Zertan gabiz? Karuagua eta goiz bajau bihar! Hau antolatzen dabenak pantsau dau iñoiz horretan?

Eta amitzeko, alkoholemia kontrola. beti esan dot kontrol hórren alde naguala, era razional baten, baiña! Ez arratietan moduan. Arrate bezperan kontrola bariantian jarri zeben. Bariantian! Arratetik 8 kilometrora! Urteran tokixa daguanian! Arrate egunian Iturburun zeguazen, bidia hobetzen dan lekuan, beste batzuetan transformadorian be jarri izan dira. Zertarako, baiña? Izorratzeko, ez dakta zalantzarik.

Hirugarrenez idatzi dot honen gaiñian, eta espero dot azkena izatia!

 

 

Euskal literaturaren arrakastaz

Leire Narbaiza 2010/09/06 21:04
Facebookeko elkarrizketa baten ondorioa da hau.

Atzo Berrian Pako Aristik idatzitako artikulu bat jarri dut Facebook-en. Bertako gauza batzuekin nahiko konforme nengoelako jarri dut esteka. Idazleak zioen euskal literatura itzuliak ez zeukala arrakastarik Espainian, eta zergati batzuk ematen zituen. Batzuekin ez nago ados, baina pentsarazi egin dit.

Jarri eta berehala, erantzuna izan dut. Horrela, buelta pare bat eman dizkiot gaiari, eta aurretik pentsatzen nuena berrelaboratu egin dut; izan ere, hainbatetan erabili dut gaia buruan. Gaia eta hari darizkion izpiak, nire ustez luzeak eta korapilatsuak.

Irakurle porrokatua naizen aldetik, argi diot edozeinen aurrean euskaraz argitaratzen diren liburu dezentek gaztelaniaz argitaratzen direnek adinako kalitatea daukate. Proportzioan, jakina, euskaraz askoz gutxiago argitaratzen baita. Baieztatu egiten dut ingelesetiko itzulpen askok besteko kalitatea daukatela hainbat euskal liburuk. Amaitu da "Euskaraz edozer argitaratzen da", gaztelaniaz ere makinatxo liburu ez-jangarriak irakurri baitut nik. Txerri jatekoak. Lehenengo ingelesez argitaratu, eta ondorik gaztelaniaz. Larregi eta idazti txarregiak plazaratzen dira egunero.

Horregatik harritu izan nau beti euskal idazleen nobela onak zein oihartzun txikia daukaten Espainian, gure inguruko erdaldunen artean. Ez dakit Aristik esaten duena horren arrazoia den, baina nire ustez, gako bi daude: batetik, gehiegi argitaratzen dela, eta mare magnum horretan lan horiek galdu egiten direla. Eta bestetik, promozio falta ikaragarria.

Noiz ikusi dugu euskal idazle itzuli bat telebistan liburua promozionatzen? Nik bakarra: Kirmen Uribe Buenafuenteren programan (ez du lagatzen bideoa txertatzen). Baina horrelako promozioak ez ditu idazleak antolatzen, argitaletxeak baizik. Hortaz, nire ustez horiek dute erru zati handiena. ulertzen ez dudana, euren inbertsioa berreskuratzeko, behintzat.

Egia esateko, Aristiri arrazoi parte bat ere onartu behar diot. Espainian euskara, kasurik onenetan bitxikeria arkaiko bat da, gu burugogorrok, kontserbatzen tematzen garena. Gauza interesgarri gutxi, hortaz.

Ez dakit nola ikusten duzuen, baina hariari tiraka egiteko badago nahikoa mataza, eta hurrengo egunetan jarraitzeko asmoa badaukat.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua