Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Gantxilla, bazterretik

Leire Narbaiza 2010/05/23 00:25
Gure egoeraren metafora garbia

Orain urte bi egin zenean ekimen berria, imajinazioz betea, sinbolikoa, jai girokoa...zoragarria iruditu zitzaidan. Aurten ere egin behar zela jakinda, poz-pozik jarri nintzen, uste dudalako euskarak horrelako gauzak ere behar dituela, politak, partehartzaileak, integratzaileak.

Aurten, gainera, familian txiki bat daukagunez, ilusioa handiagoa; nire ustez, gantxilak transmisioa adierazten duelako: hartu eta eman; kontuz pasatu, apurtu litekeelako. Ederra irudia. Ederra kalea jede-ilararekin, irribarrea ahoan dutela.

Bigarren ekitaldi honek bazeukan osagai guztiak arrakastatsua izateko: aurreko esperientzia, jendearen gogoa, eguraldi zoragarria... Hara non, ez genuen espero oztopoa gure polizia munizipaletik etorriko zenik. Ez dira agertu. Beraz, errepidea ezin izan da moztu eta gantxilak eskurik esku, espaloitik joan behar izan da!

Penagarria da, jakinda nola funtzionatzen duen udaletxeak, badakit ez dutela era konsziente baten boikoteatu. Baina, beharbada, hori da tristeagoa, utzikeriaz jokatu izana, hain zuzen ere, adierazten duelako etxe handikoendako zer garen: hutsaren hurrengoa!

Gantxilaren ekintza oso sinbolikua da, lehen esan dudan bezala: ura elkarri pasatu, eskuz esku, iturri batetik herriaren zentrura. Metafora ikaragarria. Hara non, udalak bere utzikeriarekin, metafora biribildu duen, errepide erdia okupatu beharrean, espaloian, askoz era ezkutuagoan egin behar izan dugun. Metafora tristea: euskarak Eibarren ezin du erdia okupatu, baztertu egiten dute oztopoek. Tristea, baina egia da.

Jakinekoa da, euskaldunok hizkuntz komunitatearen (herriaren) erdia eta bihotza ez garen bitartean, beti izango da herri erdalduna, euskal komunitatea erdal komunitate horren satelitea izango da,  orbita berean, baina beti kanpoan. Eta ez diot nik, Txepetxek baizik!

Musika airean

Leire Narbaiza 2010/05/20 21:19
Karmele Jaioren bigarren nobela.
musika airean

 

 

Hau da Karmele Jaioren laugarren liburua. Ipuin liburu bi eta beste nobela bi. Irakurri nion lehenengoa "Amaren eskuak" izan zen. Niri neuri ez zitzaidan askorik gustatu, motelegia iruditu zitzaidan. Beharbada, hain polita zela esan zidatenez, gehiago espero nuen eta dezepzio txiki bat jaso nuen.

Hala ere, eta lan kontuagatik "Zu bezain ahul" irakurri nuen. Ikaragarri gustatu zitzaidan, espero ez nuen arren. Ondoren "Hamabost zauri" irakurri nuen. Hura ere asko gustatu zitzaidan, ez hain beste, ordea.

"Musika airean" badauka ukitu fresko bat. Beharbada protagonistak duen prozesuan alaitasunak zirrikitu batetik sartu egiten zaiolako. Iraganak lagatako samina eta hutsa, musikaz eta bizitzaz betetzen hasten da. Edozein une da ona bizitzeko.

Pertsonaiak ere errealak eta normalak dira, egoera guztiz sinesgarria bizi dute, gainera. Eurak nahiko saminduta badaude ere, lan optimista da neurri batean.

Gustura irakurtzen den nobela da, jakin-mina pizten duena. Edozeini gomendatzeko modukoa, alegia.

 

M.I.A., born free

Leire Narbaiza 2010/05/18 17:49
Romain Gravas-en film laburra

Film hau Youtubetik erretiratu zuten. gia esateko aztoratu egiten gaitu ikustean. Musika azkarra, biolentzia, ezer ez ulertzea....gure planetaren milaka egoera dakarzkigu burura. Beti zentzubakokeria dute ardatz egoera horiek.

Zuek ikusi eta esan. Hainbat momentu oso gogorrak egin zitzaizkidan. Nik abisatu egiten dut, badaezpada!

M.I.A, Born Free from ROMAIN-GAVRAS on Vimeo.

www.miauk.com www.neetrecordings.com

Director : Romain Gavras
Director of Photography : André Chemetoff
Producer : Mourad Belkeddar
Production company : www.elnino.tv
Executive Production : Gaetan Rousseau / Paradoxal
Special thanks to Lana & Melissa from The Director's Bureau

Espainiako krisi morala

Leire Narbaiza 2010/05/13 21:24
Krisia ez da huts-hutsean ekonomikoa, oinarrian printzipio falta du.

Espainia krisi sakonean dago. Askok nobedaderik ez diodala pentsatuko duzue, gauza jakina dela. Arrazoia daukazue. Gauza da, ez dudala krisi ekonomikoaz berba egingo, sakoneko krisiaz baino.

Hartzen diren neurriak hartzen direla, gaitz izango dute espainiarrek krisitik irteteko; izan ere, euren ekonomia eraikuntzan eta turismoan dago oinarrituta. Eta denok dakigunez, larregi, bizkorregi eta txarto eraiki da; etxe huts gehiegi dago bazterretan, nork erosteko zain.

Beste gauza bat asmatzen ez badute, turismoarekin jai daukate, sektore aldakorra delako, eta ez duelako ziurtasunik ematen.

Horiek baina, negozioak dira, ekonomia. Eta horretaz hitz egingo ez dudala esan dut, jausi naizen arren. Espainiaren benetako krisia balore krisia da. Ez ikaratu, ez naiz Munillaren laguna. Horregatik, hain zuzen ere, ez dut moral berba aukeratu. Hitz hauek biek badute horrelako usain atzerakoi eta erlijioso txarra-eta. Baina ez du zertan horrela izan. Bizitzan baloreak behar direla uste dut. Beharbada, ez burura etortzen zaizkigun horiek, baina bai oinarri sendo batzuk elkarbizitzarako. 

Nire ustez, Espainian "pelotazoaren" kultura zabaldu da, diru errazarena, esfortzurik barik famatu edota aberats bihurtzea. Berdin da bitartekoa, helburua da inporta dena. Ustelkeria, eskua kutxan sartzea, lapurretan egitea..... berdin dio. Helburua dirua egitea da, besteen gainetik gelditzea.

Beste alde batetik, garrantzitsuena telebistan agertzea da. Ereduak dira Belen Esteban eta Alessandro Lecquio. Garrantzitsuena diru erraza egitea da. Platoz plato ibiltzea trapu zikinak aireratzen, dirutzaren truke. Gran hermanon agertu, gero Interviun titiak erakusteko. 4. mailako famosillo batekin oheratu, ondoren kontatzeko zelako zakila zeukan. Dena libre.

Baina kultura, ikasketak, esfortzua....ez dira baloratzen. Batzuetan, horretan tematzen direnei (esfortzuan, lanean, ikasten) barre ere egiten zaio. Pikareska da araua. Engainua, trapitxeoa dira nagusi.

Gaitz estrukturala da, eta aldatzen ez den bitartean tokatu zaigun Estatu honek ez dauka atarramentu onik.

Patxi Lopezek barre egiten digu!

Leire Narbaiza 2010/05/09 17:30
Guri guztioi muturrean, gainera.

Euskal Herria oso txikia da, baita Pais Vascoa ere. Denok daukagu lagun bat, lehengusina bat duena, beste baten lankidea dena eta hirugarren hori ezagun baten koinatua dena. Sei graduen teoria, gure kasuan, lau gradura mugatzen da, eta sarri askotan, bira. Horrela jakin nuen nik gutxienez orain bost urte euskara irakasle partikular bat zuela Patxi Lopezek, nire lakinde baten ikaskide ohia zena. Kontatu zidatenez, orduan ere, piper (martxando, sasieskola) mordoa egiten zuen, batzar bat, bidaia bat....aitzakian.

Horregatik, lehendakari zela, euskara klaseak hartuko zituela esan zenean prezio ikaragarri horretan, ez zuela ikasiko esan nuen. Aurrekariak zituela, eta atzera ere, kale egingo zuela. Hau komentatzerakoan, beste lagun batek gradu teoria honekin jarraituta, esan zidan bera ezagun batek Lopez ezagutzen zuela, eta alferra zela, alfer fama zuela bere inguruan. Eta orain huts egite hauek.

lopez

Larria iruditzen zait lehendakari batek esatea piper asko egiten dituela, horrela publikoki. Denok dakigu sarritan kanpoan ibili behar dela, hainbat batzar dituela, eta onartuta daukagu. Baina publikoki horreta esatea, ergelena da. Ez dut esango zuzenean zer iruditzen zaidan Lopez; izan ere, Iñaki Arriolari "miserable" deitzeagatik isuna jarri diote eibartar bati! Baina ezin du inork ukatuko lau haizetara klasera ez dola esatea ez dela oso inteligentea. Batez ere denon artean pagatzen dizkiogunean!

Gainera, ez da lehendakari bakarra euskara klaseak jaso duena. Ibarretxek, behintzat, bai eta polito ikasi zuen, horratik. Oker ez banago, Ibarretxe Laudiokoa da, ez Lea-Artibaikoa. Gura dut esan, ingurua ez dela oos euskalduna. Hori bai, gogo handiagoa jarriko zion. Beste alde batetik, esan behar da goi karguek ingeles klaseak ere jasoko dituztela, eta protokolokoak, eta hainbat, seguru nago, kargurako beharrezkoak direnak. Inork esan du piper egiten duela?

Euskara zaila da, ordea, Patxi Lopezen hitzetan. Ez da inoiz hitz egin Ezkerraldean. Eta? Esango didazue euskaldun ikasirik ez dagoela Bilbotik mendebaldera. Euren poltsikotik ordaindu dutenak euskalduntzea, gainera. Zer pentsatzen dute pertsona horiek horrelakoak entzutean? Zer pentsatuko zukeen Andolin Eguskitza zenak, euskaltzain oso izatera iritsi zen santurtziarrak? Nahiko nituzke entzun euren berbak.

Adierazpen horiek irakurri nituenean nire ikasleekin akordatu nintzen, eta euskaltegietako ikasle guztiekin. Euskara ikasi duten denekin. Zenbait langabezian, beste batzuk prekarioan. Baita euskara ikastera derrigortuta daudenak ere. Zintzo-zintzo egunerao joaten direnak, baita euren urtebetetzeetan ere. Esfortzu iksragarria egiten dutenak iakstearren, huts ezegitearren, lanetik zuzenean etorrita, familia alde batera lagata. Zer pentsatzen ote dute? Euren musturretan barre egiten die euren lehendakariak. "El de todos"

Nire harridura, baina, bere azalpenekin etorri da, legebiltzarrean egindako adierazpenekin, hain zuzen ere. Beste "boutade" bat, gustu txarrekoa, denon lepotik barre egiteko. Ikusi bideoa:

 

Halakorik! Erlaxatu egin behar dugula esan! "Vaya semanita" ikusteko? Matematika ere ez daki, barren! Tipo honek, baina zer uste du, hau bere kortijoa dela? Zergatik esaten ditu gezurrak? Zertarako balio digu horrelako lehendakari batek? Uf! Beste banpiro bat!

Ikusezin

Leire Narbaiza 2010/05/07 14:22
Paul Austerren nobela irakurri berri dut.
ikusezin

"Brooklingo erokeriak" irakurri nuenetik eskuartera etortzen zaizkidan Austerren liburua guztiak irakurtzen ditut; beste zorakeria baten bila-edo. Baina, beharbada, tontoarena egiten ari naiz. Halakorik bakarra delako, eta nahiko absurdoa delako irakurritako liburu baten bila jardutea beste liburu batzuetan. dena dela, uste dut nire moduko hainbat pertsona dagoela, gauza bat gustatu eta horren atzetik ibili.

Prozesu honetan denetarik eduki dut. Azkena, baina, harrigarria izan da; Ikusezin liburua, hain zuzen ere. Istorioak gogor jo ninduen. Zenbait pasarte gordinak egin zitzaizkidan. Hala ere, guztiz kateatu ninduen kontakizunak; edo hobeto esanda, kontakizunen mataza. Izan ere, hari bat baino gehiago du nobela honek, egia eta gezurraren artean mugitzen da etengabe, baina irakurleak beti egia irakurtzen ari dela pentsatzen du.

Misterioa eta intriga dauka liburuak. Protagonistak oso bereziak dira, istorioak ere bai. Horrek guztiorrek interesa mantenarazten du. Interesgarria da oso.

Itzulpena ere txukuna da, orain aldiaren itzulpena izan ezik. Ohiturazko forma erabiltzen du etengabe, burutua erabili beharrean. Baina ez da itzultzaile bakarra hori egiten duena.  EGLU irakurtzea gomenduko nieke.

Bestela, merezi duela esan behar dut. 

Freskuran, gustora!

Leire Narbaiza 2010/05/04 21:27
Gaur eguardiko esperientzixa barrixa!

Eguraldi aldaketa radikalak ez jataz gustatzen, asko kostatzen jata adaptatzia, egoera barrixan eroso egotia. Kanbixo suabiak dittut gustoko, poliki-poliki erropa kapak eranztia: kaltzetiñetatik galtzerdixetara, eta hórretatik pinkixetara pasatzia, panazko fraketatik bakeruetara eta gero liñozkuetara; manga motzetik luzera; kotoizko jertsietatik “kuello zamoretara”, sandalixak, zapata itxixak, eurittakua eta botetara, ordena honetan.

Hori, baiña, gitxittan izaten da holan. Gure herri honetan goizetik gabera aldatzen da eguraldixa. Pasa dan astian, 30 gradotan; astion, 9tan! Negutik udara; udatik negura hamar egunian, edozein zoratzeko moduan!

Banekixan beruakin ez nintzala bape ondo ibiltzen, eta biharrerako beti nahi izan dodala freskuria. Negu hau, ostera, hain gogorra izanda, gustora hartu nittuan aurreko asteko lehen egunak: egun naturala, freskuria goizian, eguerdixan epel. Ideala. Hori bai, eguaztenekua ezin izan neban aguantau. Ha berua! Udako be larregikua!

Gaur eguardikuak, baiña, zer pentsatua emon desta. Atzera be neguko txamarra lodira bueltauta, panazko fraketara, jertse potolora. Maietzian ala eneruan gagoz? Galdetu izan detsa batek baiño gehixagok bere buruari. Guantiak janzteko gogua, txapela, bufandia….Holan, estaziñora jaun naiz, normalian baiño lehenatxuago. Andenian bankuan jarri, liburua etara eta irakortzen hasi naiz. Ondo abrigauta nenguan. Halako baten, haixe freskua etorri jata arpegira. Ummm! Ze edarra! Gustora nenguan, hotzaz disfrutatzen, halakorik!

Sekula ez jata holakorik pasau. Haluzinau egin dot, zeiñek esango lestake neri hotzakin gozauko nebala. Sensaziñua ikaragarri ona izan da, itzela. Neguan parkian eguzki epeletan egoten garanan modokua. Mundiala!

Dana dala, esan bihar dot trena segiduan etorri dala. Bestela, post hau ez neban iñoiz idatziko, izoztu egingo nintzalako. Eskerrak!

1.01

Leire Narbaiza 2010/05/03 21:24
Dantzaz konpainiaren ikuskizuna.
dantzaz kartela

Barixakuan Dantzaz Konpainiaren ikuskizuna ikusten izan ginen Eibarko Koliseon. Antzokia ez zegoen beteta, eta ume askotxo zegoen, nire gusturako; izan ere, mugitzen ibili ziren ia ikuskizun guztian zehar. Ez dut gaizki ikusten umeak horrelakoetara eramatea, pentsatzen dut ona dela. Baina dantza espektakuluetan sarri nabil hori ikusten. Badirudi umeendako gauza dela, edo nagusiek umeen aitzakia behar dutela, ez dakit.

songeurs

Songeur koreografiarekin hasi ziren. Sinpatikoa, umoretsua. Hiru dantzari gizonezko ikaragarri ondo dantza egiten. Ameslariak, eurek ez dakit, gu bai!

ballet 101

Ikuskizuna lau atalek osotzen dute: Sogeurs, Ballet 101, Björk duets eta Torque. Laurak oso desberdinak, bai koreografia, bai musika aldetik. Niri neuri gehien Ballet 101 gustatu zitzaidan. Atal honetan dantzari bakar batek balleteko oinarrizko posizioekin egiten du dantza, off-eko ahots baten aginduei jarraituta.

bjork duets

Björk duets-en Björk kantari islandiarraren musikan oinarritzen da koreografia. Ni ez naiz oso Björk zalea; beraz, hain gustukoa ez nuen izan. Dena dela, bikoteka egindako lana, lortutako espresibitatea, ikaragarria iruditu zitzaidan.

torque

Torque-ko eszenografia hutsa eta latza da. Eszenarioa inongo teloirik barik. Musika ere, zarata hasieran, zorrotza, industriala. Ez nengoen konbentzituta, baina azken zatiak aho bete hagin laga ninduen, batez ere erdian zegoen bikoteak. Zoragarria izan zen dantzan egin zutena! Ederra benetan!

Zerbait ikusi nahi baduzue, hona hemen bideoa

 

 

Gazteendako konpainia profesionala da Dantzaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duena. Diru oso ondo inbertitua, benetan. Bazen ordua horrelako gauzetan gastatzeko, benetan!

Gehituta: Post hau agertu eta ordu batzuetara Dantzan.com -en Tokiko tv-ren bideo bat agertu da, Dantzaz konpainiaren nondik norako azaltzen duena. Interesgarria da oso. Horregatik behean txertatu dut. On egin!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua