Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Iñuxente, potente...

Leire Narbaiza 2010/12/28 22:31
Eibar eta inguruetako esakeria gaurko

"Iñuxente, potente, txakurran buztana tente!" hau esaten da (zan) Eibarren eta inguruetan baten bateri inozentadia egitten jakonian Iñuxente egunian. Eta inozentadia egittiari "iñuzente eragiñ" esaten jako, Goio Aranan erretratuan ikusten dan moduan.

 Argazkiak.org | Inuzente eguna Leintz Gatzagan © cc-by-sa: goioarana

Arrasate aldian Ahotsak.com-en Modesta Gallastegiri  jaso detsen moduan holaxe be esten ei da:"Iñuzente, babalora, txakurren buztana jira gora"

iñuxente egunahttp://www.fotolog.com/ainhoiri/37393093

 

 Iñuxente eguna politta izaten da, batez be komunikabidietan ze txantxa jartzen dittuen. Egixa esateko, ez dittut asko ikusi eta bi aittatuko dittut; bata asko gustau jatalako, eta bestia, zorionez, guzurra dalako.

Asko gustau jata Garak etara dabena: Hugo Chaves bixar egongo dala San Mamesen euskal selekziñuak Venezuelan kontar jokatuko daben partidua ikusten. Ikaragarri gustau jata, benetan. Atzo ohera juan aurretik irakorri neban eta barre mordo bat egin! Politta eta barregarrixa.

Gustau ez jatan ez dot entzun, baiña kontau egin deste. Radio Eibarren egin dabe. Esan ei dabe Eibarren estaziño barriko obrak dirala-ta AHT be geldittuko zala aurrerantzian! Zorionez, guzurra da, bestela zelako disgustua! Nahikua astokerixa egitten dihardue bariantian azken zatixa egitten, AHT egitteko moduan! Ai, ama! AHTri EZ!!! Ez Eibarren, ez iñun be!

Eta amaitzeko, Jozulin blogari lagun, Susatukide eta antxiñako lankidiak asmatu daben komunikabide barrixa: Papereko Sustatu! Zelako barriak egin dittudan! Tripak bota dittut!

Aurkibidea 1:
Aurkibidea 2:
Aurkibidea 3:

Ondo amaittu eguna, eta iñork ez deizuela iñozente eragin! Bestela, atzera be hauxe kantauko detsue: Iñuzente potente, txakurran buztana tente!!!!

Kapela buruan eta ibili munduan!

Leire Narbaiza 2010/12/27 00:51
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta

Gure aitita-amama denboretan kapela janzten zuena dotorea zen, ez zuelako baserritarren burukorik eroaten (zapi zein txapela). Beraz, kalekoa eta aberatsa izatea adierazten zuen. Honen adibide dugu “Baionako suprefeta” Pantxoa eta Peioren kanta ezaguna. Prestigio sozialaren ikurra zen; izan ere, denek burua estalita eramaten zuten, hori baitzen ohitura.

Denbora aurrera joan ahala, sonbreiruaren erabilera ia desagertu egin zen. Buruko guztiak joan ziren: zapiak, txapelak, kapelerak, pamelak,... Kaskoa estali barik izatea askatasun eta ohitura berri malguagoen erakusgarri bihurtu zen. Txanoak-eta hotz handietan edo hondartzan baino ez ziren ageri.

Pena handia eman dit moda horrek, ni ginbailen (zelako berba polita!) zale itzela naiz-eta. Hori dela eta, beti ahalegindu izan naiz bat edo beste janzten, lotsa handia ematen bazidan ere. Ez dakizue zelan begiratzen duen jendeak kapelu bat jarriz gero! Baita barre egin ere! Barre, alajaina!

Beraz, nire ametsa izan da beti ezkontza ingeles (Cuatro bodas y un funeral-en moduan) edo nobleziaren ezkontza batera joatea. Ascoteko zaldi-lasterketetan ere disfrutatuko nuke, horratik! Badakizue zelako kapela jantziko nukeen?...Itzela, ikusgarria, polita...Txanpinoi bat emango nuke, baina, zer demontre? Zelako gozatua!


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Zenera

Horregatik nabil oso pozik negu honetan. Erakusleiho guztiak ginbailez (zelan gustatu zaidan hitz hau!) beteta daude, moda-modan, horretara! Iaz hasi zen txapelen eta gorroen moda, eta hotz handiak egin zituenez, ikaragarri aprobetxatu nuen, baita pare bat erosi ere. Hori dela eta, aurten ondo hornituta nago; eta lastima da, kapela izugarri gustagarriak baitaude. Beharbada, merkealdian...

Hemengo argazkiak (bat izan ezik) neure kaleko denda batzuei ateratakoak dira. Ia guztiak errenkadan, eta parez pare. Erretratuak ez dira oso onak, baina arretaz begiratuz gero, oso buruko originalak eta ederrak ikusten dira.

Nik irakurle guztiak animatu nahiko nituzke txapela/kapela/txanoa/ginbaila janztera, modan ibiltzeaz gain, epel-epel izango dituztelako ideiak eta burua, eta datorkigun neguan biziki garrantzitsua izango delako: Kapela buruan, eta ibili munduan!

Baikortasuna eta ilusioa

Leire Narbaiza 2010/12/12 00:00
Bideo itzela!

Gari Araolazari facebook-etik hartu nion bideo hau. Zatika ikusi nuen, izan ere, oso luzea da, eta ordenagailuaren aurrean gaitz egiten zait luzaroan bideoak ikustea. Hala ere, hemen txertatzea erabaki nuen ia bigarren minututik!

Hasiera-hasieran nahiko astuna dela dirudien arren, gutxira barre pila bat egin nituen, egiak oso era errealista eta zuzenean dioelako, eta bera xelebrea delako, bere adierazteko modua, batez ere. Eibarko zaharrek esango luketen moduan: famosua, gizoná.

Bene-benetan merezi du. Dioena egia da, nire ustez. Ia guztia behintzat. Zuek esango duzue zer iruditu zaizuen, baina ezin didazue ukatu irribarrea, ilusioa eta baikortasuna ez direnik munduaren motorra!! Lastima, gaztelaniaz egotea....

Disfruta ezazue!!!

Emilio Duró - Optimismo e Ilusión from Ivan Torres Ramon on Vimeo.

Euskararen eguna?

Leire Narbaiza 2010/12/03 23:34
Eguna hasi dudan moduan amaitzen nabil.

Ikasleei beti esaten diet idazlanak tripekin ez idazteko. Nik, baina, aholku honi gaurkoan ez diot jaramonik egingo, ezin baitut. Barruak erretzen nau, egoneza daukat, eta bota behar dut!! Euskararen eguna omen da, erdaldunek uzten diguten espazio txiki hori euskaldunok geure gauzatxoak egiteko, zein toleranteak diren agertzeko.

Gaur goizean irratian entzun ditudanak sutu naute. Lehengoz ospatu da euskararen eguna instituzio guztiak elkarrekin, denok elkar hartuta, aho batez, ados. Hizkuntza politika berria kontsentsutik baitator! Jakina, hizkuntza politika hori loreontzi eta pose hutsa denean. Everybody elkarrekin, zein polita, zein zuria, zein faltsua.

Guk, baina, pobre mentalitatea daukagu eta, euren mahietako apurrak eta soberakinak eskatzen ditugu, dirua gurea ere ez balitz bezala. Beti eskean, beti txiro konplexuarekin, molestatzen dugulakoan. Tolerantzia darabilte ahoan, eta hori, dakigunez, boteredunen luxua: toleratzen zaitut, hogeita hamaika dauzkadalako eskutik, eta nahi dudalako, ni bainaiz hemen nagusi.

Pinpilinpauxa aldarrikatzeko behar dugu eguna, antza denez. Hori bai, beti eskaparatismoa egiten dutenen ondoan, irribarrez argazkian agertu, jatorrarena egin eta euskara mesprezatzen segitzeko gaurtik aurrera, atzo bezala. Eta guk sinistu, zirrikitu bat zabaldu digutelakoan!

Gainera erru sentimendua, gurea omen delako kulpa osoa, ez dugulako nahikoa egiten gure hizkuntzaren alde! Bai, zera! Zer gehiago egin nezake, bada! Medikuarenera joan erdaraz, funtzionarioak erdaraz, politikoak erdaraz, lehendakaria erdaraz, denda handietan erdaraz, postontzietako publizitatea erdaraz. Hizkuntza KOOFIZIALA  da euskara, demontre, orain  30 urte!! Ez zarete enteratu, eta horrela jarraitu gura duzue. Zuen legeak ere ez dituzue betetzen, miserableok!

Ez da inposatu behar, baina, euskara. Konstituzio espainiarrak, halere, euskaradunoi erdara inposatzen digu, bada! Hori bai, gure onerako. Hizkuntza basati eta traketsa dugunez, (eta edukazio bakoak) salbatu behar gaituzte geure burutik, kulturizatu eta salbai izatetik, moderno, kosmopolita eta normal bihurtu arte!

Eta guk irentsi eta sinetsi! Nahikoa da, matxina gaitezen! Bada ordua gure bidea egiteko, eta higuingarrikeria hauek guztiak bazterrean lagatzeko, eta euskara kobazulotik harro ateratzeko!!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Progreak beti inmigranteak "onak" bezala jarri ... nazka nazka eina, 2017/04/20 12:47
http://www.diariovasco.com/[…]arrio-20170413010958... Ikusi eta begiak ireki, 2017/04/14 00:28
Ados nago zurekin Leire. Titularra tendentziosoa ... Sosola, 2017/03/30 11:43
Leire, eskerrik asko egin zenuenagatik eta idatzi ... Markos Zapiain, 2017/03/30 11:06
Arrasti on, Zegatik ez dago ergatibo famatua ... Aitzol Agirre, 2017/03/29 19:17
Zorionak zeure jarreriai, baña sarritan albora ... maite leturiondo, 2017/03/28 10:25
Eskerrik asko guztioi erantzuna lagatzeagatik! ... Leire Narbaiza, 2017/03/27 13:56
Leire-ri erantzuna. Kontua ez da anonimoekin ... Leireri erantzuna., 2017/03/27 12:34
Zorionak, Leire! TXalogarrixe hartu dozun jarrera ... Mari Eli Ituarte, 2017/03/26 13:26
Eskerrik asko Verónica, 2017/03/25 22:08
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua