Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Emakume eta euskararen kontrako erasorik ez!

Leire Narbaiza 2010/11/25 23:29
Emakunderen azken bi kanpainek euskara gutxietsi dute.

Gaur emakumeekiko tratu txarren eguna denez aprobetxatu nahi dut Emakundek azken bi kanpainetan euskarari eman dion tratu txarra. Euskara bigarren mailakotzat tratatu, emakumean mendeetan tratatuak izan diren bezala.

Lehenengo kanpainako goiburua: "Tratu txarretatik...irten daitekeelako EXIT" eta larrialdietako irteeraren ikurra. Argazkietan "menperatu OHIA", "Umiliatu OHIA", "Erasotu OHIA" agertzen da. Euskaraz ez dauka zentzu handirik negritak. Gaztelaniaz, ordea, bai: "EX humillada".... Atzera ere, kanpaina bat gaztelaniaz eta ingelesez funtzionatzen duena, baina euskaraz ez. Euskara beti EXIT gelditzen da halakoetan, OUT

ohi ez da ex

Hau lehenengoan. Eta bigarrena egunotan agertu zaiguna: Adieraz zaitez beldur barik ¡éxpresate!

 

adieraz zaitezkartela adieraz

Adieraz zaitez???? Zer da hori???? Adieraz ezazu izango da, horratik! Milaka kartel udalek, Berdinsareak, Emakundek, Eudelek, Eusko Jaurlaritza.... NBEren logoa baino ez zaio falta, baina euskaraz oso txarto. Gainera erraz zeukaten, adierazi huts-hutsean nahikoa zen! Buelta barik.

Gaur arratsaldean euskara zokoratzen duen hirugarren bat aurkitu dut, behekoa. Argazki txarra da kristal bateko pegatina delako (eta trena etorri bitartean ateratakoa delako). Zer, oraingoan? Puntu morearen barruan goiburu biak euskaraz eta gaztelaniaz, baina gaztelaniazkoa zurian eta euskarazkoa lilan. Horretara, euskarazkoa oso gutxi ikusten da, badirudi ez dagoela, Euskotrenen gertatzen den moduan. Izan ere, tipografiak eta letra motak garrantzia handia daukate berdintasunaren kontzeptuan. Eta zelako kasualitatea, euskarazkoa da beti leunagoa, letra argiagoarekin edo beltzean ez dagoena...

pegata adieraz

Hau da nahi dugun berdintasuna, emakumeon alde, baina euskara zokoratuz? Nik ez. Emakumea eta euskaldun naiz era berean, eta bata zein bestea izanda, biak berdin eta batera defendatu behar ditut.

Kosmetikoen historia

Leire Narbaiza 2010/11/24 16:00
Annie Leonard-ena

Aurretik, botilaratutako uraren historiaz eta gauzen historiaz jardun du Annie Leonard kazetari estatubatuarrak. Oraingoan kosmetikoen toxikoaz arituko da. Interesgarria zenbat txerrikeria dauzkaten eguneroko produktu horiek, azalean igurzten ditugunak, etengabe.

Ez dudanez gaztelaniaz topatu bideoa, frantsesez jarri dut, ingelesa baino hobeto ulertzen dut-eta. Gainera gure hirugarren hizkuntza ez da, bada?

Bost urte blogeatzen!

Leire Narbaiza 2010/11/21 19:08
Gaur bost urte hasi nintzan...

2005eko azaroaren 21ian idatzi neban nere lehelengo posta. Asko kostau jatan erabagixa hartzia; izan be, lotsa haundixa emoten zestan hastiak; batez be, nere ingurueri zer begittanduko ete jakuen pentsauta: Leirek bere buruari zer erizten detsa, mundu zabalari bere paranoiak eta hasarriak zabalduta, kazetari edo idazle izan barik? Horrek asko kezkatzen ninduan, biharbada ez nebalako ondo aitzen blogak zer ziran: nahi genduana esateko espazio libriak, tutore barikuak. Esango neuke, gaur egun be, askok ez dabela ondiokan blogena entendidu!

Hasiera haretan zeiñek esango leuke bost urte emongo nittuanik, 300dik gora post idatzi, radixuan tertulietan jardun edo Sustatun kolaborauko nebanik? Iñork gitxik; nik neuk ez, behintzat. Erdi-analfabeta digital bat erdi-geek bihurtuko zanik ez genduan uste. Hala izan da, baiña.

Blogeko bihar onek gauza onak baiño ez destaz emon, zorionez. Blog apaltxua danez, euskeraz, eta oso ezaguna ez naizenez, ez daka beste munduko arrakastarik. Horrek lasai eta eroso ibiltzeko aukeria emoten desta, presiño barik. Eta bueltan etorri jatana beti izan da politta eta atsegiña, ez da gitxi!

Blogak gauza onak emotiaz aparte, bizitzako momentu txar eta onak eruaten lagundu destaz: pasau neban gaixotasun luze ha; aittan heriotza, bihar aldaketia, loibian jaixotzia... Hor izan dot kuaderno partikular hau barruak hustutzeko eta psikiatriangana ez juateko. Merke-merke, gaiñera!

Argi dakat bloga eibar.org-eri esker sortu nebala. Esan gura dot, eibartarren posta zerrendiari esker, bertakuak animau ninduelako sortzen, eta eurek izan diralako nere lehelengo jarraitzailliak. Badakitt, eurengaittik be lortu dodala lortu dodan hau, eurek emon dabelako blog honen barri bere blogetan eta abarretan. Baitta gauza teknikuetan be! Zuengaittik nago hamen, millioi bat esker, gauza guztiengaittik!!!!

Eskerrak be emon bihar bloga irakorri daben guztieri, baitta beste blogari batzueri be (Jozulin!). Danen aurrian, Patxi Trapero, bera izan zalako ezagutu ez, eta ondo etorrixa eta jarraipena egin zestan lehelenguetakua!

Beste alde batetik, esan gura dot Facebook, twitter eta holakuen sasoian, bloga dala ezinbesteko txoko eta babesa, guria (neri, kasu honetan) dana osorik eta bene-benetan. Bestiak ondo dagoz, baiña beste zeozer dira. Bloga ezin dabe ordezkatu. Gora blogak!

Eta amaitzeko esan gustora ibili naizela eta holan jarraitzeko asmua dakadala. Zuen laguntziakin! Milla esker, bihotzez! Laztan haundi-haundi bana, ederrok!!!

Gauzen historia

Leire Narbaiza 2010/11/17 00:00
Annie Leonard-en beste bideo bat.

 Annie Leonard-en beste bideo bat topatu dut sarean. Beste baten berri baneukan "Botilaratutako uraren historia", Sustaturen bitartez. Bertan botilako urak nondik, nora eta zelako bidaia egiten duen gure mahaira ailegatu arte.

Oraingo honetan, Annie Leonard-ek kontsumoaz dihardu, gauza batek, produktu batek zelako bidea eta bidaia egiten duen gure eskuetara heldu arte. Gainera, zergatik diren hain merkeak hainbat tramankuluk azaltzen digu.

Bideo interesgarria, luzetxoa bada ere. Ikusi ostean, buruan ideia asko eta hausnarketa sakonerako bidea eskaintzen du. Gure kontsumo ohiturak aldatzen lagunduko ahal digu!

Otegiren janzkera

Leire Narbaiza 2010/11/11 18:38
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta

Beti pentsatu izan dut gizonezkoen janzteko modua tristea eta gatzgabea zela, aspergarria. Beti berdina, kolore diskretuak; jertse eta alkandora lisoak, marrazkirik gabe, marrak, koadroak eta erronboak baino ezin estanpatu. Oihalak ere jakin batzuk baino ez. Aldatzen den bakarra jaken luzera eta alkandoraren idunaren tamaina. Kitto! Eta politikariak? Pufa! Horregatik estimatzen dut Arnaldo Otegiren janzkera.

Zer esan politiko, bankari edo enpresarien janzkeraren gainean? Trajeak, uniforme bihurtuta, askoz ere aukera gutxiago lagatzen ditu: beltza, urdin ilun edo grisa; alkandora diskretuak eta gorbata izeneko munstroa zintzurretik zintzilik! Gauza itsusiagorik! Denak berdin, denak kloniko!

Hainbat politikarik, gurean, trajearen ohiturari jarraitu ez badiote ere, lehen bezain gatzgabe eta triste janzten dira. Batzuk nahiko gazteak eta gure aiten moduan: alkandora zuria/marraduna/koadroduna; jertse lisoa idun biribilekoa, eta praka ilunak.

Horregatik estimatzen dut Otegiren (8719600510) janzkera; nahiz eta oso alaia ez izan (gris/zuri/beltza dira bere koloreak), normalean dotore doalako trajea jantzi barik. Nire ustez, beti moderno, baina modernoegi izan gabe, ez desentonatzeko moduan. Ezagun du, darabilen arropa ez dela Elgoibarko Sigmako merkadilloan erositakoa (errespetu handiz, ni Eibarkoaren bezero fidela bainaiz); eta janzki gutxirekin -argazki asko ibili naiz errepasatzen- oinarrizko jantzi multzo (fondo de armario) ona lortu du, egokia edozein tokitarako gorbatarik janzteke.

Hori bai, inoiz bere kamisetak laga barik, eta lehen aipatutako hiru koloreetan. Barruko elastiko normalak, baina idun findunak. Orain urte batzuk gizonezko guztiek erabiltzen zuten t-shirtaren edizio berri eta findua, itxura gazteagoa ematen diotenak, bestalde.

Hau guztiau aurreko Zer erantziko postean Camachoren jertseaz jardun nuelako, eta erantzun batean elastikoena iradoki zidatelako; izan ere, pertsonaia publiko batek, askotan, ez du jakiten jendearen gogoan zer geldituko den, zein esaera, zein intonazio, zein irudi. Nire ustez, baina, elastikoak baino bere janzkera osoak post bat merezi zuen. Eta hona hemen, emaitza.

Dena dela, kartzelan arropak ez dira izango hain zainduak; seguru aski, txandala nagusi! Nahiko nuke, baina, beste post bat idaztea janzkera aldatu duelako, adibidez; telebistan edota kalean libre ikusi dugulako. Horregatik, Arnaldo askatu!

Zu ez txinoa, zu beltza!

Leire Narbaiza 2010/11/09 08:00
Film labur berezia

Kulturen arteko komunikazioak eta estereotipoak ditu hizpide film labur honek. Hori guztiori umore pixka batekin. Beltza txinatarrean lanean.

Disfruta ezazue, merezi du-eta!

Sahara okupatuko Agdaym Izik kanpamentua

Leire Narbaiza 2010/11/08 00:00
GDEIM izizk kanpamentua

Azaroaren 9an hilabete egingo da Mendebaldeko Sahara okupatuan Agdaym Izik kanpamentua eraikitzen hasi zela. Bertan 20.000 lagun inguruk salatu nahi dute bizi duten egoera: euren herrian bigarren mailako hiritarrak dira.

Baztertuan euren herrian, ezin dute gehiago. Lehengo Espainia pean, orain Marokok okupatuta. Hildako bat ere izan da, Nayem El Garhi 14 urteko nerabea, poliziak hila. Ekintza desesperatua dela diote, beste ezer ezin dutelako egin.

Zapalduta eta baztertuta daude. Inori ez dio axola herri honekin gertatzen diharduena. Kazetari espainiar bi jotzen dituzte, aktibista kanariar batzuei ere jipoia ematen diete abuztuan, baina ez da ezer gertatzen. Espainiako gobernuak mutu segitzen du. Inork ez du ezer esaten Mohamed VI.aren diktaduraz, dena onartzen diote. Zein botere ezkutu dauka Marokok?

Blog honetan, behitzat, lekutxo bat beti egingo diegu.

Bilbon

Leire Narbaiza 2010/11/06 19:45
Eguenian Bilbora juan nintzan.

Txinkirrikitxin, atzo nintzen Bilbora... diño ume kanta ezagunak. Tira, atzo ez, eguenian izan nintzan. tomate berdetan be ez, HABEn azterketen birzuzenketan. Tomatiak ez, baiña igual bai examen berdiak...

Azterketana, baiña ez da gaixa, Bilbon ikusittakua da kontau gura dodana. Bilbon, edo hobeto esanda, Gran Vian, bertatik ez nebalako urten.

Antentziñua emon zestazen gauza askok. Alde batetik, moderno ugari ikusi nittuan, traje eta korbata artian. Harritzekua, Bilbon jentia oso ondo janzten dalako, baiña oso konbentzional. Moderno hónek artista estilokuak ziran: artistia naiz eta erakutsi egingo detsuet klasekuak. Erropa diferentiekin, sonbreua buruan. Beti emon izan deste barregura pixka bat, baiña, halan da be, asko gustatzen zait ikustia zelan janazten diran, ze kolore inposible daroien alkarren onduan. Hirixari ikutu politta emoten detse, desbardiña. Ze litzake bestela Londres? 

Moderno askoz gain, eskaliak be mordua. Haluzinau egin dot. Halakorik! Gizon bat hankak erakusten, guztiz deformiak zittualako, terriblia ikusteko, begiradia beste nonora zuzendu bihar izan neban. Mezu kurriosua be ikusi neban eskale beten kartelian. Txakurrakin zeguan mutila eta hauxe ziñuan: "Argi tienen otitis. Una ayuda para sus medicinas". Txakurrari berari baiño erruki handixagua eukiko gentsalakuan-edo. Gizarte honen adierazgarri.

Pelaje askotako jentian artian, turistak mapiakin, eta erretratu kamarak paparrian. Diskutitzen eta monumentueri begira. "Mira, el Carlton. Ya sabremos dónde hemos ddejado el coche?"

Bittartian, bihargiñen manifa bat, bestiok dendan erosten ezer pasauko ez balitza moduan. Denda barrutik entzutzen ziran manifestarixen zaratak. Neri lotsa apur bat be emon zestan konsumo hutsian jardutiak bestiak biharra galtzen daben bittartian, baiña disimulua zan nagusi saltakixan barruan.

Hori bai, paisaje erdelduna. Oso erdelduna. Madril edo Murtzian egongo bagiña moduan. Martxan jarri izan balebe merkatarien euskera plana, letrero batzuk, behintzat, euskeraz egongo litzakez, eta gure ingurua "geuriago" sentiduko geunke.

Halan da be, zelan gustatzen jatan Bilbo! Tira, baltza eta zikiña zanian gustokua neban, oin zelan ez!

"Martzelino" jertsea

Leire Narbaiza 2010/11/04 16:40
Sustatuko Zer erantzi atalerako idatzitako artikulua.

Badakizue badagoela "martzelino" izeneko jertse bat? Behintzat, nire inguruan hala esaten diote trikota mota bati. Normalean, puntu ingelesez egina, kremaileraduna, idun zabalekoa (lotuta dagonean lepo luzea eta zisnea edo zamora dena), poltsiko birekin. Normalean, beltza, grisa edo berde kakia izaten da. Langileek eramaten dutena. Azalpen honekin asmatu duzue zein den?

Marcelino Camacho
By Brocco from Madriz, Spain (Marcelino Camacho Uploaded to Wikipedia by Petronas) [CC-BY-SA-2.0]

Martzelino deritzo jertse horri Marcelino Camachori esker. Iparraldekook eta gazteok ez duzue jakingo nor den Camacho. Gizon hau sindikalista handia izan zen trantsizio sasoian, eta komunikabideetan sarri azaltzen zen, beti antzera jantzita, traje barik, jertsearekin (moda hori ez zuen Evo Moralesek hasi). Horregatik, eta berak beti eramaten zuelako horrelako bat hasi zitzaion pullover horri horrela deitzen.

Badirudi, emazte Josefina Semperrek egiten zizkiola kartzelan egon zen sasoian, hotz handia pasatzen zutelako bertan. Beraz, Camacho eta jertsea bat dira gure imajinarioan. Hori dela eta, jakinda zer gertatzen den arroparekin, pertsona batek asko erabiltzen badu, bere izena ematen zaiola janzki horri, edo idun horri (Mao eta Zamora lepoak, esaterako); Camachok bere ekarria egin dio modari.

Izena eta izana bat datoz sueter horrekin; izan ere, hainbat lanbidetako beharginek erabili izan dute, beroa eta erosoa delako: sindikalistak izena eman dio langileendako beroki bati.

Jertse hau, duela urte batzuk, modan ere egon zen. Nik gris bat izan nuen; tira, ahizparena zen, baina puntu ingelesak asko ematen duenez, handiegi gertau eta oparitu egin zidan. Gustura janzten nuen, erabilera asko zeukalako: udazkenean, jaka; negu gorrian, lotuta lepoluze; grisa zenez, edozein arroparekin ondo zetorren,... Ederra, berba batean. Erabiltzeari laga nion desagertu egin zitzaidalako, eta inoiz ez nuelako berreskuratu. Penaz, sarri gogoratu dudalako.

null

Baina zergatik pasatu da moda hau? Dagoeneko oso langile gutxi ikusten dira arropa honekin, lehengoaren aldean. Artikulurako prentsatzen hasi nintzenean, konturatu nintzen forro polarrak hartu diola lekua. Eta hori berori aipatu zidaten Elena Lakak (Zer erantzi kideak) eta ahizpak (martzelinoaren jabeak); gure artean -eta bakoitzak bere aldetik- horrelakorik komentatu barik, gainera.

Bai, merQuechuak kendu dio espazioa janzki honi, lanerako arropen dendetan ikusten den bezala, ia jertse guztiak forru polarrak dira.

Dena dela, uste dut martzelinoak izan duela eboluzio bat modan. Trikota asko daude antzekoak, beharbada finagoak, ez hain sendoak, diseinu gehiagorekin eta aldaketa batzuekin: poltsiko barik, kolore gama zabala, beste puntu batzuk...

Kalamuako parlamentua” Eibarko mahai-jokoa aurkeztu genuenean ikus genezakeen bezala: argazkian sei lagun eta lau martzelinodun, edo hobeto esanda, jertse horren bariazioekin.

null
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Leire Narbaiza

Ostiralean hil zenez sindikalista handia, nire txaketa harekin gogoratu nintzen, eta Zer erantzirako ezin aproposagoa izan zitekeela pentsatu nuen. Horrela, Camacho gogoan, gurera ekarri. Inoiz pentsatu ote zuen arropa-sail batean agertuko zenik? Edota beroki bati izena eman zionik? Zenbat gauza bitxi gertatzen diren! Jarraitu Camacho ukabila gora, jertsea jantzita guri argi gorria emanez!

 

 

Anjel Lertxundiren hitzaldia Elgoibarren

Leire Narbaiza 2010/11/03 00:15
"Euskara nire errepublika"

Pasa den astean Anjel Lertxundik hitzaldia eman zuen Elgoibarren "Elgoibarko izarrak" antolatutako "Euskara ala ezkara" hitzaldi zikloaren barruan.

Betiko moduan, iluntzean izan zen; beraz, ezin izan nintzan joan. Baina internet eta teknikari esker ikusi eta entzuteko aukera izan dut. Ze ondo! sistema zoragarria, joan ezin izan ginenontzat primerakoa. Orain, antolatzaile guztiak animatuz gero, ez dut bat bera ere galduko. Ez dakizue zein pozik nagoen.

Izan ere, Lertxundik oso gauza interesgarriak dioz hizkuntzaren gainean, planifikazioaz eta estrategiaz. Baita irakurketaz eta euskarazko zinemaz ere. Berriro ikusi edo entzun behar dut ideia guztiak ondo mamitzeko.

Inork nahi balu behean jarri dut entzun dezazuen, merezi du eta. Luzea da, baina jaitsiz gero zatika entzun liteke. Nik horrela egin dut eta egingo dut. Disfrutatu!!

Anjel Lertxundi “Euskara, nire errepublika” hitzaldia Elgoibarko Kultur Etxean from berrigorri on Vimeo.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua