Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Amama Kilkerra eta uraren zikloaren sorrera

Leire Narbaiza 2010/10/31 15:30
Herri Ayoreoaren kondaira.

("Instituto lingüístico de invierno" blog interesgarritik hartuta, moldatuta eta itzulita)

Ayoreo herriaren uraren zikloaren sorreraren kondaira da hau. Ayoreo herria Paraguai eta Bolivia artean bizi da, Mendebaldeklo Chaco-n. Eurek elezahar bat daukate uraren sorrera azaltzeko. Hauxe da:

Hasieran, Direjná izeneko kilker bat zen Ayoreo-en amama. Bera zen uraren jabea, eta edonon

Amama Kilkerra

egonda ere, euria ere bazegoen. Ilobek joateko eskatu zioten. Esan eta egun. Orduan hasi ziren beroa eta lehortea. Amama Kilkerra bigarren zeruan bizitzea erabaki zuen, eta bertatik gai da euria bidaltzeko, norbaitek bere historia kontatzen duenean. 

(Idatzi orduko euria botatzen hasita zegoen, e!)

Elezahar hau hartuta animazio film labur bat egin dute urarekin dagoen arazoa azaltzeko, baita pribatizazio eta merkantzia bihurtze arriskuez ohartarazteko ere. Hemen behean dago, merezi du ikustea!

Abuela Grillo from Denis Chapon on Vimeo.

Egileak Bolivia, Danimarka eta Frantziakoak dira. Zortzi artista boliviarrek sortu dute: Alejandro Salazar, Susana Villegas, Cecilia Delgado, Joaquín Cuevas, Miguel Mealla, Román Nina, Salvador Pomar y Mauricio Sejas. Zuzendaria frantsesa da: Denis Chapon. Produkzioa Danimarkari esker egin zen, bertako animazio eskola baten:The Animation Workshop. Musika Luzmila Carpio boliviarrarena da.

Era polita uraren kontsumoaz ohartzeko eta kontzientzia pixka bat lortzeko. Honekin lotuta, artikulu bat atera dute Argian: Zainzuriak nola agortu dituen Peruko iturriak. Interesgarria eta hausnartzeko balio duena, eta gure kontsumo ohiturak aldatzeko. 

Izarren argia

Leire Narbaiza 2010/10/25 00:51
Ez duzue negar egin behar, egin behar duzuena da gu ez ahaztea.

Domeka iluntzean "Izarren argia" filma ikustera joan gara. Eskerrak joan aurretik lagun bati otu zaiola sarrerak hartzea, izan ere, hainbat sartu ezinda geratu da, areto txikian eman baitute. Ez dakit, hainbesteko propaganda egin ostean, areto handia ez erabiltzea ere.

Bagenekien film gogorra ikustera gindoazela, benetan gertatu zela gure etxetik 20 kilometrora eta oraindik protagonistetako batzuk bizirik daudela. Bagenekien negar egingo genuela. Eta halaxe izan da. Baina uste genuena baino latzagoa gertatu zaigu.

 Izarren argia / Estrellas que alcanzar "Trailer" from Mikel Rueda on Vimeo.

Gerrako emakumeendako kartzela, mojek daramatena; horrek esan nahi duen guztiarekin. Jainko eta katolikotasunaren izenean dena dago ondo, dena da zilegi. Moja eskoletan ibili garenok ondotxo dakigu zelako ankerrak eta okerrak izan litezkeen euretako batzuk. Hori horrelako testuinguru batean jarrita, itzela izan liteke. Eta horrela izan zen. Are gogorragoa egin zait mojen abituan armarria ikusi dudanean: mertzedariak! Gainera, behin baino gehiagotan enfokatu dute, ez ahazteko moduan. Barruak nahastu zaizkit; izan ere, hamar urte pasatu nituen euren eskolan, asmatzeko pista gehiago ere banituen: abitu zuriak eta kartzeletako lana. 

Pasarte asko gogorrak, malkoak dariola egon gara. Hala ere, filmaren pasarte batzuk, kartzelaldiko egunerokotasuna, adibidez, uste dut ez direla hain gogor agertzen. Beharbada, momentu dramatikoei indarra emateko. Baina momentu dramatiko horiek, oso-oso tragikoak dira, larregikoa, zoritxarrez.

Tragikotasuna lotuta dago amatasunarekin; izan ere, espetxera ume eta guzti bidaltzen dituzte emakumeak. Seme alabak dira txantajerako bidea, eta sufrimenduaren ardatza. Ez da ahaztu behar andrazko askori haurrak ostu zizkietela, eta beste familia batzuei eman; baina Argentinan Videlaren sasoian moduan.

Emakumeen pelikula bat da, gizonak ez dira apenas agertzen, euren bizitzako errutinetatik urrun daude, ez daude bertan. Klara Badiolak, Itziar Lazkanok eta Barbara Goenagak oso ondo egiten dute lan, eurak dira protagonistak, baina nahiko korala dela esan genezake. Oso eder agertzen dira, mojen tokekin ondo egotea gaitza da, baita makillaje barik eta sufrimendu aurpegiarekin ere. Horrekin ere haluzinatu egin dut.

Baina makillajeri gutxi erreparatu ahal izan diogu. Batez ere amaieran. Izugarria da, izua sortzen duena, alegia. Hirurok malkotan, kredituak jartzen hasi direnean. Bertan laga izan bagintuzte, nik hamar minutu luze egon nintekeen negarrez, nahiz eta hasieran bizirik irten zirenetako batek esan digun: "Ez duzue negar egin behar, egin behar duzuena da gu ez ahaztea". Baina ezin eutsi malkoei.

Altxatu gara, eta hall-ean, oraindik malkoak irteten zitzaizkigun. Hori bai, elkarri begiratu, eta barre zoroak ere egiten zigun alde, baina malkotan. Negar eta barre, ezin geldituta. Gauza kuriosoa. Barruan horrelako sosegu eza, tristura eta estutasuna.Eta ezin gara kexatu, pelikulan ikusi dugulako. Zorionez ez zaigu bizitzea tokatu, eta berriro ez dakiola inori toka espero dut. 

Dena den, merezi du ikustea eta jakitea zer gertatu zen Saturraranen, gure etxetik gertu, duela 70 urte. Joan zaitezte, eurek guk gogoratzea merezi dute-eta

Udal Euskaltegietako murrizketak

Leire Narbaiza 2010/10/05 00:17
Ikasturte berrian ikasle asko kalean.

Udal Euskaltegietara murrizketak etorri dira. Gerrikoa estutu behar omen dugu guztiok, eta 2010-2011 ikasturtean %12,4 murriztuko dute gure aurrekontua. Euskaltegi guztiei ematen zaien aurrekontua, berriz, %6 moztuko da.

Zertan igarriko da hau? Irakasleen kontrataziotan. Hau da, plantillakoak direnek baino ez dute klaserik emango. Beraz, izena eman duten hainbat ikasle kalean geratuko da. Euskara ikasi ezinda.

Eudelek salatu duenaren arabera, 59 irakasle kaleratzea ekarriko luke neurri horrek. Ez dute ondo azaltzen. Seguru aski, irakasle horiek langabezian egongo ziren udan; izan ere, behin behinekoak direlakoan nago (batzuk 15 urtean, edo gehiago, lan honetan). Oso larria da, kontuan izanda, iaz kontrakoa geratu zela, behar beste irakasle kontrata zitezkeela, alegia. Horri esker, egin nuen lan iaz.

Larria izan liteke irakasle horiena, jakina. Baina ez da are larriagoa hizkuntza ofiziala ikasteko aukera barik gelditzea? Ez gara, bada zerbitzu publikoa? Eta, gainera, bokazio horrekin ez gabiltza? Kalitatearen aldeko lan guztietan ez dugu gure Mision-vison-valores-en hori defenditzen? Orduan?

Pasa den urtean, krisia dela eta, euskaltegietako matrikulak gora egin zuen. Jendea animatu egin zen euskara ikasten. Eta aurten hauxe. Nire iazko ikasleen erdia kalean geratu da. Badakizue zelako mina ematen duen horrek? Euskarentzako galdutako jendea da, berriro ere martxan jartzen eta motibatzen kostatuko zaiena kontuan izanda.

Gasteizko gobernua noraezean dabilela uste dut euskara irakaskuntzari dagokionez. Ez dakite zer egin, eta udal euskaltegiak patata beroa dira euren eskuetan. Baina errua ez da eurena huts-hutsean: Lehengo hautsek ekarri dituzte lohiok! Udal euskaltegiak sortzetik dira arazo, inprobisazioaren iturritik ezin litekeelako ezer ganorazkorik atera-eta. Nagusi biren morroi, neurri zorrotzak, ordutegi zurrunak eta epe laburrean jarrita pentsamendua. Sekula ez gaituzte iraunkor nahi izan, eta hona hemen emaitzak.

Baina ez dute merezi euskaldungaiek zerbitzu publiko iraunkor eta gaur eguneko beharrizanetara egokitutakoa? Ikasleei begiratzen diena eta ez ratioei, orduei edo diruari?

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Progreak beti inmigranteak "onak" bezala jarri ... nazka nazka eina, 2017/04/20 12:47
http://www.diariovasco.com/[…]arrio-20170413010958... Ikusi eta begiak ireki, 2017/04/14 00:28
Ados nago zurekin Leire. Titularra tendentziosoa ... Sosola, 2017/03/30 11:43
Leire, eskerrik asko egin zenuenagatik eta idatzi ... Markos Zapiain, 2017/03/30 11:06
Arrasti on, Zegatik ez dago ergatibo famatua ... Aitzol Agirre, 2017/03/29 19:17
Zorionak zeure jarreriai, baña sarritan albora ... maite leturiondo, 2017/03/28 10:25
Eskerrik asko guztioi erantzuna lagatzeagatik! ... Leire Narbaiza, 2017/03/27 13:56
Leire-ri erantzuna. Kontua ez da anonimoekin ... Leireri erantzuna., 2017/03/27 12:34
Zorionak, Leire! TXalogarrixe hartu dozun jarrera ... Mari Eli Ituarte, 2017/03/26 13:26
Eskerrik asko Verónica, 2017/03/25 22:08
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua