Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

20 urte beharrean!

Leire Narbaiza 2010/01/30 23:29
Urtarril honetan bete ditut 20 urte euskaltegian hasi nintzenetik. Bizitza erdi klaseak ematen, uf!

Gabon ostean hasi nintzen lanean. Orduan hogeita bat urteko umemokoa nintzen, ikasketak amaitu berri eta lan egiteko prespektiba gutxirekin; izan ere, sasoi hartan ere krisi sakona bizi genuen Euskal Herrian, eta ez zegoen lanik ia inorekndako, are gutxiago esperientza bako gazteentzat. Hori dela eta Irladara joateko erabakia hartuta nuen, au-pair, ingelesa ikastera, hori zen-eta orduan jendeak egiten zuena bide berriak jorratzearren. Hori edo Nikaraguara brigadista joan....

Eskualdeko Udal Euskaltegi batzuetarako eginda neukan proba bat, esperantza gutxirekin. Hegazkin txartela erostera joan behar nuen egunean, janzten ari nintzela, telefonoz deitu zidaten azterketan nahiko aurrean geratu nintzela, eta segur aski lana izango nuela. Jakina, ez nintzen bidaia agentziara joan! Hau guztiau Gabon aurretik izan zen. Ez zidaten datarik jarri, eskualdean transmisio kanpaina martxan jarri behar zuten, baina arazo batzuk zirela medio, ezin ziguten ezer ziurtatu.

Denbora pasa ahala, kezkatzen hasita nengoen, ez zen deirik, Irlandakoa baztertuta neukan. Zer egin behar nuen? Dei hori egin zen, Gabon ostean esan dudan moduan. Hori bai, deitu zidanean gripearekin nengoen ohean! Ai, ama , dena kontra. Zein gaitza zen lehen beharra topatzea!

Hasi nintzen, hasi. Eibarko Udal Euskaltegian lau sartu ginen. Ni nobata bakarra, besteak ibilita baitzeuden, gutxi baina zer edo zer. Junkalek, euskaltegiko irakasleak hartu gintuen bere babespean, bera zen gure koordinatzailea. Berba baten esateko, berak irakatsi zigun (zidan, agian hobeto) klaseak ematen. Ni oso eskertuta nago gurekin izan zuen pazientzia, irakatsi zigun guztia, beti oso umoretsu eta irribarre batekin. Inoiz ez diot esan, eta aprobetxatuko dut momentua: mila esker guztiagatik, Junkal!

Lehenengo urratsa ematen nuen, guraso talde bitan. Denak ni baino askoz zaharragoak, 40 urteren bueltan. Sarri pentsatzen nuen eurek ni ikustean hain gaztea, esperientzia bakoa, hain pipiola ez nindutela aintzakotzat hartuko. Gainera, hankasratzen handia egin nuen, esan nien ez nuela inoiz klaserik eman nagusiekin. Hori ezin da inoiz egin!! Tira, ondo errespetatu ninduten, zintzo-zintzo etortzen ziren. Emaitzak? ez dakit. Zerbait ikasi zuten, eta ez da gutxi.

Eta zelako denbora! Ordenagailua idazkariak baino ez zeukan, ez zen Euskaldunon Egunkaria ere existitzen. Prentsa idatzian Argia, Aizu eta Habe baino ez zeuden. Dena fotokopiatan (eta fotokopiadorak halamoduzkoak), sarri eskuz idatziak. Ez HEOK, ez atazetan oinarritutako irakaskuntzarik. Hiztegi bakarra 2000! Liburu errazak euskaraz irakurtzeko ia ez zegoen......Ia dena artesanala zen. Hori bai, karpetetan gordeta euskaltegietako irakasleok karpetak gurtzen baititugu! Atzera begiratuz gero, zientzia fikzioa iruditzen zait guztia. Nola ematen genituen klaseak? Zelan ikasten zuten gure ikasleek? Egia esan behar badut etb1en futbol gutxiago ematen zuten, eta pelikula gehiago. Hori bai, gaztelaniaz azpititulatuta! Klasean bat ikusiz gero, orri batekin estaltzen genituen.....Zelako sasoia!

Eibarkoaren ostean, Bergara, Ermua, Galdakao, Getxo, Arrasate, Basauri, Zalla eta Durangoko Udal Euskaltegiak etorri dira, baita Ermuko Kaltxango aek euskaltegia ere. Lehengo urratsetik EGAra, erretiratuak eta gaztetxoak, autoikaskuntza eta klase presentzialak, alfabetatze eibarreraz eta alfabetatze teknikoa, inmigranteak eta eibatar peto-petoak, zero-patateroak eta ikasle gruyerrak, instituteroak eta funtzionarioak.......ia denetarik pasatu da nire begen aurretik. Ia guztiekin, oso ondo. Batzuekin, primeran. Gutxi batzuekin, ez hain ondo. Poz asko jaso ditut, baita atsekaberen bat ere. Ia beti gustura eta ondo ibili naiz, jendearekin eta euskaraz aritu naizelako.

Kasualitatez hartu nuen bide hau, eta ez zait damutu. asko gustatzen zait nire lana, gero eta gehiago, esango nuke. Baina Irlandara joan izan banintz, orain non nengoke? Batek daki!

"La pesaca del salmón en Yemén"

Leire Narbaiza 2010/01/11 21:25
Paul Torday-rena, Salamandrak argitaratuta.

Jendeak liburuaren portada ikusten zidanean haluzinatu egiten zuen. Azal hori, izenburu horrekin, zer dabil irakurtzen Leire? Izan ere, gauza arraroak irakurtzearen fama izan dut.

la pesca del salmon en yemen

Arrantza? Noiztik zaude arrantzan interesatuta? Baina zer da liburu hori? Hau esaten zidaten, izenburua benetan bitxia delako. Yemen bezain lehorra dirudi, oso berezia eta ederra izan arren.

Nola definitu liburu hau? Narrazioa da? bai. Nobela? baita, oso sui generis, baina. Kontakizuna ez darama narratzaile orojakile batek, ezta lehenengo pertsona batek kontatu ere. Narrazioa puzzle bat da, hainbat idatzik osatuta: eguneroko baten zatiak, gutunak, e-mailak, ikerketa bateko transkripzioak.....Protagonisten dokumentuak, edo protagonistei hartutakoak. Oso oso bitxia.

Istorioa ere arraroa da. Pertsonaiak ere bai. Xeke yemendar aberats batek izokinak nahi ditu sartu Yemenen, gero arrantzan egin ahal izateko. Eskozian moduan, hain zuzen ere. Baina Eskoziako klima eta Yemengoak ez dute inolako antzik, ezta herri bietako ibaiak ere.

Horretarako aditu ingeles bat kontratatu du, funtzionario britainiar bat. Funtzionarioak ez du lana hartu nahi, baina Erresuma Batuko gobernuko goi kargu batek behartu egiten du, nolabait esatearren. Horrela pasadizo pila bat daude liburuan. Baita maitasun istorioa bat ere.

Pertsonaiak bitxiak dira. Xekea oso maitagarria da, nahiz eta hasieran prepotente samarra dirudien. Bera da pertsonaiarik xaloena, zorakeria bat egin nahi du, baina hain ondo argumentatzen du, ezen azkenean beste protagonista biak ilusionatzen dituen.

Pertsonaia nagusia, zientifiko ingelesa, gizajo hutsa da. Emazteak gutxietsi egiten du, gizon aspergarria da, bere bitxoak dira bere bizitza osoa. Hala ere, benetako maitasuna ezagutuko du eta honek dakarren zoriontasuna eta mina.

Liburu gomendagarria, zinez. Asko gustatu zait, diferentea delako, bai planteamendua, bai pertsonaiak, bai istorioa. Umorea ere badauka, sotila den arren. Ez beldurtu izenarekin eta anima zaitezte liburu honekin!

Haidar eta Lujanbio

Leire Narbaiza 2010/01/10 15:22
2009ari atzerabegirada bat botaz gero, izen bi hauek agertzen zaizkigu.

Aminetu Haidar eta Maialen Lujanbio. Emakume izen bi. Biak eredu, biak iazko pertsonaiak, nire ustez, euren artean antz handiegirik ez badute ere, euren bizipenak oso desberdinak diren arren. Biek dute burua estalita. Bata, Haidar, bere heriaren janzkerarekin, melfarekin. Bestea ere, bere herriko gizonen kapeluarekin, txapelarekin, Bertsorali txapeldunaren txapelarekin, hain zuzen ere.

Aminetu Haidar indar eta duintasunaren irudia da. Borroka egiteko bere era leun baina tinkoa. Egoerarik txarrenean ere, irribarrea ahoan. Herri oso baten isla.

Haidar bineta

Maialen Lujanbio, ostera, Euskal Herriaren irudi berria. Txapelaz gain, beste titulu bat irabazi du, apal eta harro, lehenengo emakume bertsolari txapelduna izatea. Hori asko da, gero! Mundu maskulinoan gaztetxotik hasita, beste emakume batzuek irekitako bidea zabaltzen, nasaitzen. Historia egiten. Hainbat eta hainbat emozionatzen. Baita Taliban Jatorra ere!

Lujanbio-zaldieroa



Emakume izen bi: Aminetu eta Maialen, urteko pertsonaia absolutoak. Ganorazko gauzengatik, balore positiboengatik. Bestela, andrazkoak noiz agertzen dira, bada, komunikabideetan? Biktima izanez gero, eta txotxolakeriengatik, kitto!

Andrazko eredugarriak, emozionatu egiten gaituztenak, herri txiki biren ispilu. Umil eta tente, denondako modelo.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua