Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Txapela

Leire Narbaiza 2009/09/28 18:00
Sustaturako, Zer erantzi sailean

Kalean galdetuz gero zein den jantzi tradizionaleen artean gure ikurra, zalantzarik gabe, ia jende guztiak txapela esango luke. Euskal Herrian zein kanpoan; izan ere, italieraz basco esaten zaio...Bitxia da, txapela Euskal Herrian XIX. mendearen erdi aldean zabaldu zelako, duela gutxi, esateko.
 
Gaur egun, txapela kirol irabazleek baino ez dute jamzten. Tira, beroarena kendu behar zaio baieztapen honi, badakit; ertzantzak, herri batzuetako udaltzainak, armadako eta guardia zibileko eliteko kideek ere erabiltzen dute. Esan, bestela, gure kaleetan egun arrunt baten zenbat txapel ikusten diren?

Horregatik, argazki hau ikusi nuenean harrituta gelditu nintzen,

Txapela

oraindik ere imajinario kolektiboan txapela gure (gizonezkoen) ezaugarria delako, Ian McKellen-ek keinu bat egin nahi zigula uste dut, gaueko ekitaldi batera traje eta gorbatarekin joanda txapela janztean. Ondo jantzita. gainera.
Niri polita iruditu zitzaidan,  hemen zein ondo jaten den esatea baino orijinalagoa eta ederragoa. Bestalde, esan beharra dago, oso ondo geratzen zitzaiola, ia gizon guztiei geratzen zaien moduan: ederto. Benetan diot, oso-oso guapo egoten dira ia gizonezko guztiak.. Askotan komentatu dugu hainbat lagunek sanandresetan, Euskal Jaixan edo horrelako okasio baterako gure ingurukoak baserritar janzten direnean. Oso erakargarri egiten zaigu, egiatan!
Inoiz ikusi dituzue bilbotar peto-peto horiek domeketan traje eta gorbataz jantzita eta txapela buruan (era berezi batean jarrita) Zazpi kaleetan?  Badago gauza dotoreagorik? Ez.

txalela 2

Uste dut txapela erdia ahaztuta dagoen janzkia dela, berreskuratu beharko litzatekeena.Babes handia ematen du, gizonak dotore daude, erosoa da, eta edonon erabil daiteke. Prezioa ere ez da txarra. dena abantaila, zergatik ez jarri berriro ere modan? Burusoil askok eskertuko lukete!

Badakizue: txapela buruan eta ibili munduan!

"Si Sabino viviría"

Leire Narbaiza 2009/09/27 21:16
Iban Zalduaren nobela.
si sabino viviria

Izenburuak erakarri ninduen lehenengotan. Si Sabino viviría.....sujerentea, benetan. Sabino, bakarra, eta viviría hori hain guria... Malaletxe puntu bat ere ikusi nion tituluari eta aspaldian neukan irakurzteko gogoa. Gainera, "Lengua de trapo" argitaletxean kaleratuta. Pare bat liburu irakurrita neuzkan etxe horretakoak eta benetan disfrutatu egin nuen, oso lan bereziak eta desberdinak izan zirelako.

Denetarik entzun dut liburu honetaz: ganberrada hutsa dela, grazia zipitzik egiten ez duela,....Nik, ostera, lehenengo orritik hartu nion gustua. Martzianada bat da (sekula ez dut adjetibo hau hobeto erabili). Uste dut, gustatzearen klabea askotan irakurlearen begitean ere badagoela. Hortaz, hasieratik begirakune oker hori jarrita irakurri nuen, maltzurkeria noiz etorriko zain.

Liburua kritika bat da, euskal munduaren kritika, edo horrela ikusi dut nik. Euskal kulturaren erreferentzia erdi -izkutuz (deo agerikoz) beteta dago, keinu gaiztoak eginez. Liburu erdi jardun nuen bila ea noren aipamena egiten zuen zoko bakoitzean. Hori ere oso dibertigarria egin zitzaidan.

Pena gaztelaniaz idatzita dagoela; izan ere, lehen aipatu ditudan keinu horiek euskaldun alfabetatu batek baino ezin ditu ulertu; eta, hala ere, uste dut denak ez nituela asmatu. Horregatik diot, irakurle madrildar batek, adibidez, hainbat ñabardura on ez ditu ulertuko; beraz, euskaraz ere idaz zitekeen.....

Asko dibertitu nintzen irakurtzean, nire alderik gaiztoena agerian laga nuelako, eta gaiztakeria honek disfrutarazi zidalako. Hori dela eta, bene-benetan gomendatzen dut, baina denok dugun zoro puntu hori erbili behar da irakurtzeko, bestela akabo.

Dotore egon guran hotelean

Leire Narbaiza 2009/09/24 12:37
Sustaturako, Zer erantzi sailean.

Udazkena etorri zaigu ofizialki aste honetan, nahiz eta pasa den asteko eguraldiak ekarri. Batzuk oraindik oporretan daude, eta besteok oporretako souvenir-ak botatzen/gordetzen gabiltza. Urrun ikusten dugu duela gutxi, beste mundu batean, beste sasoi batean bizi izandakoa.

Garbiketa egiten, hoteleko paperak aurkitu ditut, propagandak, argazkiak. Baita afarietako kontu bat ere. Burua joan zait udako plazer horietara, deskantsua eta “dolce far niente” ohitura zirenen sasoietara.

Edarien faktura ikustean afariekin gogoratu naiz, hainbeste janari hartzeak sortzen zidan harriduraz, nire inguruan zeudenen jarreraz, baita itxura bereziaz ere.

Egun santu osoan hamakan botata egon ondoren , kresalak ilea laztuta, krema, izerdi eta ur gazi nahastea larru-azalean itsatsita, batzuei afaltzeko orduan dotore eta guapo-guapo jartzeko gogoa pizten zitzaien.

Gogoak afarirako ilarara narama. Ingurukoei eder egoteren gaixotasunak gogor eraso die. Usainetan igartzen da gehien: perfume, gomina, after-shave eta afer-sun usainak nahasten dira, ia proportzio berean.

Haluzinatuta nago. Azal gorritu horiek maletan zeramaten jantzirik dotoreenek estaltzen dituzte. Dotoreak omen direnak. Niri neuri ez zait otu horrelakorik sartzea nirean; beraz, ezin jantzi. Agian, ez dut horrelakorik sartu ez dudalako halako piezarik armairuan. Izan ere, Marbella look-a nagusitu da emakumezkoen artean: nikian, tirantedunak, eskote handiarekin, bizkarra libre eta sabela bistan; minigona edo miniprakak bernak ederki erakusteko eguneko lan latza (beltzarantzea); aurpegia oso-oso makillatuta, ezpainak arrosa distiratsuz, begiak urdinez; ilea harro eta luze; denak dir-dir eta belztuta; eta takoiak, ahalik eta altuenak.

Gizonezkoak, ostera, anitzagoak. Praka piratak, eta kamiseta, baita praka luzeak eta alkandora manga laburra ere. Bat edo beste Greziako jaiko mozorratuta: zuri jantzita, zapatetatik, samaraino, jangela osoan gora eta behera paseatuz bere ustezko edertasuna.

Afaltiar haien artean gutxi batzuk ni bezala, udako praka freskoenekin eta kamiseta garbia.Hurrengorako ikasi dugu eta badakigu film ingelesetan bezala afaltzeko “jantzi” egin behar dela, etiketa bat dagoela.

Dena den, ustezko dotoretasun hark asko zuen hipermerkatuko beherapenetik, merkadilloko gangatik. Distirantegia zen dena, faltsuegia. Turista izateak duen faltsutasun guztiak bezala: lurrin larregi eta usain gozo gutxi.

Besarkadak

Leire Narbaiza 2009/09/22 22:56
Beharrezkoak dauzkaglako.

Askok kursia dela iritziko diote, ñoñoa beharbada. Sarri jasotzen ditut postan txisteak, txantxak, tontakeriak, deiadiak, aldarrikapen politiko eta sozialak, power-point sensibleroak, gauza onak eta txarrak zentzu guztietan. Azken aurrekoa hauxe "Besarkadak" izenekoa. tira, zuzen esateko "los abrazos" zen. Hartu, zabaldu eta itzuli egin nuen, asko guztatu zitzaidalako, esaten duena askorendako tontakeria den arren, nire ustetan ederra eta egia delako. Eta denok besarkaden premian gaudelako, ezta? Sekula ez dago maitasun eta kariñotik gehiegi. Inoiz ez da nahikoa.

Ikus ezazue inongo aurreiritzirik barik, laga lotsa tentelak albo batera. Begien hondoan burmuina izan beharrean kokatu bihotza, sentimendua. Beste era batera begitauko diozue-eta power-pointari.

 Hortaz, badakizue, besarkadarik beroena zuendako guztiondako. eta EHUren goiburua aplikatu zeuen buruei: Eman ta zabal zazue!

Praka barrenen moda

Leire Narbaiza 2009/09/19 10:00
Post hau izan da Sustatuko "Zer erantzi" saileko nire lehengo kolaborazioa.

Originala ikusi nahi izanez gero Zer erantzi-n klikatuta ikus zenezake erantzun eta guzti.

Urte batzuk dauzkagunok praka-barrenen moda asko ikusi eta sufritu ditugu. Alde batetik, hor dugu orain artekoa, kanpai-praka edo elefante hankadun prakena (kanpanoloak eguneroko hizkeran). Praka hauen barrenak luze-luzeak lagatzen ziren/dira zapata osorik tapatzeko, eta zenbat eta luzeago, hobe; tatarrez eroan eta barrenak txikitu arte.

Beste sasoi batzuetan prakak peskan erabili izan ditugu; hau da, orkatilaraino justu-justuan, galtzetinak ondo erakusteko, inoiz ez zuriak, jakina! Ni joera honetakoa naiz, ez dakit zergatik, baina normalean barrenak hartzen dizkidatenean luze baino labur uzten dizkidate; izan ere, hazi ez naiz hazi joan deneko 25 urtean.....

Erosleentzat, dena den, erosoena, dudarik barik, barren arremangauak dira. Zer?? hori bada, prakei ezer egin gabe, praka-hanka jaso arremangau, (3000 hiztegiak garbaldu eskaini dit), eta aurrera. Ez da erosoa? Gainera, hazi, gizendu edota txarto garbaldu arren ez dago arazorik: hurrengoan ere nahi den neurrian jar liteke. Orain ez dago modan, baina lasai, etorriko da. Hombrerak (euskaltermek: sorbaldakoak/ besaburuko betegarri!!!) ere itzultzekotan dira!!!

Badirudi Frantzian neska gazteen artean barrenak beste era batera hartzen hasi direla, batez ere takoiak erabiltzen direnean. Barren-barrenean azpildura josi beharrean, libre lagatzen da, eta jostura orkatila baino gorago egiten da. Hortaz, barrenak prakaren benetako barrena izaten dute, argazki ebakin honetan ikus litekeen moduan:

Argazkiak.org | Frakaren barrena (gertutik) © cc-by-sa: goioarana

Zelan jakin dudan hori? Ségolène Royali esker. bai, bai, Sarkozyren kontra lehiatu zen PSFko burua. Madame Royal Poitou-Charentes erregioko lehendakaria da, eta ni bezala Royan-en egon da. Bera oporretan, ni frantsesa ikasten. Goiko argazki ebakina Paris Match-eko portada batetik atera dugu: Ségolène horrelako praka-barren batzuekin! Eskandalua Royanen! Nola liteke horrelako emakume batek horrelako barren batzuk erabiltzea, ez da batere dotorea, batez ere nerabea izan ezean!

Argazkiak.org | Barrena (azal osoa) © cc-by-sa: goioarana />

Hau buruan nerabilela, Eibarren trenetik jaistean neska bati barren modu berri bat ikusi nion: praka pitilloak (hanka estu-estuak), barrenak luze-luzeak, takodun sandaliak....eta barren luuuuze horiek sandaliaren tiraren barrutik sartuta, botekin egiten den moduan!!!

Hamaika ikusteko jaio ginen, Ségolène!!

Sustatun kolaboratzaile!

Leire Narbaiza 2009/09/18 14:00
Sustatu berria abiatu da gaur.

Duela denboratxo bat Luistxo Fernandez Sustatuko arduradunak komentatu zidan albistegirako zeukan proiektua. Orduan bertan kolaboratzea proposatu zidan. Ni erdi inkonszientea naizenez, eta ezetz esaten ez dakidanez onartu egin nuen. Egia esan, ilusioa egiten zidan. Ohorea ere badela esan dezaket, nigan pentsatzea horrelako gauza baterako, kontuan izanda zer den Sustatu eta zein kolaboratzaile taldek hartuko duen parte.

Proposamena moda eta jantzi arloan kolaboratzeko izan zen. Moda? Nik? Bai, bai. Ez nengoen oos konbentzituta, baina azkenean belarria jan zidan, eta onartu (esan dut, ez dakit ezetz esaten). Onena, baina, gero etorri zen, gertu-gertuko lagunei eta familiakoei moda-kolaboratzaile izan behar nintzela kontatu nienean etorri zen. Zelako aurpegiak! moda, zuk? Purrustada batzuk ere entzun nituen.

Badakit oso moderna ez naizena, baina halakorik ez nuen espero. Hain txarto janzten naiz? Hain gustu txarra daukat? Horrek kezkatu egin ninduen, baita momentutxoren baten mindu ere. Hain gualtrapas-a ote naiz? Beharbada bai, eta horregatik proposatu didate atal hau: Zer erantzi.

Dagoeneko bat agertu da, beste pare bat ere ginda eta gordeta daude argitaratzeko, eta ideiak zientoka. Hala ere, hainbeste jenderengana ailegatuko dela jakiteak ez dakit ez ote dion idazteko erari "puntx" pixka bat kendu... Denborak esango digu.

Nik, baina, txoko honekin jarraituko dut. Sustatukoa kolaborazioa baino ez da. Hortaz, trakil egon ninteke, jarrai nezake gura dudana egiten (baita txapuzak ere) nirean. "Kalamuatik Txargainera" ez dut abandonatuko, hau delako sorburu eta etxe.

Ea zelan irteten digun esperientzia berri honek. Espero dut ondo joatea, batez ere beste blogariak kategoriakoak direlako et atalak benetan interesgarriak. Ea ba!

Gizatasun gutxi

Leire Narbaiza 2009/09/15 22:16
Gaur gozean trenean gertatutakoa kontatuko dut. Penagarria, benetan.

Bariku gauean, jausi eta ezkerreko belaunean bihurritu bat egin nuen, zaintiratua, esginzea, alegia. Era batere glamurosoan, dena esn beharra dago. Hori dela eta, herren nabil galtza moduko bat jarrita daukadalako; eta gainera, makulu bat ere badaramat.

Lanean jarraitzen dut, eta trenez joaten naiz, betiko moduan. Baina gaur gertatu zaidana tontakeria dirudien arren, kezkatuta laga nau. Nahiko kezkatuta.

Goizeko 8,13ko trena hartu dut eta gaur tren erosoa etorri da. Aleluia, Osana!! Tren horrek bagoi gutxiago dauzka, eta ia toki guztiak okupatuta joaten dira horrelako orduetan.

Erosoak bakarreko jarlekuak dauzka (ilara bat), baita binakakoak ere. Bai bauztk, bai besteak mugi litezke atzera eta aurrera launaka jartzeko edo alde batera edo bestera begiratzeko.

Bagoia sartu naizenean kojoka eta muletarekin bakarkako batean jartzeko asmoa neukan. Baina jesarrita zegoen gizon heldu batek poltsa eta txamarra jarri ditu, ni ez esertzeko. Ederto! Gora edukazioa! Beraz, lauko baten jarri naiz: aurrera begura, makulua ondoan, eta poltsak aurrez aurrekoan. Aberiatutako hanka altxatuta, pareko besoak jartzko leku horretan.

Zaldibarrera iritsi garenean, emakume heldu bi sartu, bat parean jarri eta tonotxo baten esan dit: ¿Te importa?. Sí esatekotan egon naiz, baina muleta begi bistan egon da eta egin dudan keinua eginda hanka jaisteko (ezin belauna tolestu) horrela esan diot: "No es tan fácil, tengo un esguince". Zer egin du? Zirkinik ere ez? Esan banio, bale, berdin-berdin.

Gauza da trenean jarleku gehigo zeudela libre: nire ondoan, atzean hiru bat. Baina ez zegoen lekurik biak elkarrekin joateko. Horretaz konturatu naizenean, burura begiratu diot eta begizkoa bota: Hankia apurtuko ahal don!

Gogorra? Bai, baina merezita. Niretzat oso gogorra izan da jesarleku biren artean horrela egotea, mugitu ezinda. Berari gertatuko balitzaio, ez luke horrela jokatuko, seguru nago.

Ez dakigu besteon lekuan jartzen, gizalegea ez da existitzen eta edukazioa...zer da hori? Konturatuko zineten behin eta berriro "heldu" adjetiboa erabili dudala. Izan ere, sarri esaten da gazteak direla horrelako gauzak errespetatzen ez dituztenak, edukaziorik gabekoak. Baina trenean joanda ikasi dut helduak direla sarri askotan txarrenak. Ez dute bagoitik irteten uzten, beraiek sartu nahian. Honen gainean ere esan daiteke hainbat gauza...

Hortaz, kojita bat ikusten baduzue, edo igeltsudun bat, edo muletadun bat ez zaitezte bordeak izan, eta konpreditu itzazue, gaitzazue. Hurrengoan, zuek izan zaitezkete-eta. Mila esker!

 

 

 

 

 

 



Alardeko ikusleak

Leire Narbaiza 2009/09/09 09:59
Hondarribian atzo alardea egin zuten.

Edo alardeak, hobeto esan. Alarde tradizional baztertzaileaz ez dut ezer esango, ez dute-eta berba erdirik merezi. Gaur aterki beltzen atzean daudenen gainean hitz egin nahi dut, egiten duten erridikuluaz. Euren ustez, besteok ez dugu eskubiderik iritzirik emateko, festa ez dugulako sentitzen. Eta? Isildu egingo gaituzte? Ezta gutxiagorik ere! Falta zena!

Askok eta askok begiratzen diogu Hondarribiari irailaren zortzian, nahiz eta gure herrietan jai ondo ederrak izan (Arrateko zelaiko bai floridadea!). Baina zeri? Bada, zer tontakeria asmatuko duten alarde baztertzailearen aldeko ikusleek. Denetatik ikusi dugu: Disneyren karetak (Disney!), plastiko beltza, guardasol beltzak...Aurten, iaz bezala, euritako beltzak erabili dituzte, inguruetako bazar txinatarretakoak pozarren daude! Atzo, dena den, guardasolek gurutze zuri bat zeukaten, letra batzuekin: Alarde tradizionala. Behean bideotxo bat:

 

Jakingo balute zein barregarri geratzen diren urtero! Eurek uste dute duintasunez jokatzen dutela eta guri lotsa baino ez digute ematen! Euritakoen atzean, ezkutatuta, kiribilduta, bizkarra emanez, ostrukarena eginez: A, ikusten ez badugu ez da gertatu! Tontoaga izan liteke jarrera? Belarrietan, baina jartzen dute guardasolik? Nik kokteletan jartzen diren sonbrillatxoak jartzea gomendatuko nieke, entzun ez ditzaten txilibituan, total irrigarri geratzeko munduaren aurrean falta zaien bakarra. Eta badakigu euskaldunondako ez dagoela barregarri edo lotsagarri gelditzea baino gauza txarragorik. Erridikulua egitea bekaturik larriena delako.

Gainera, iraintzen eta txistuak jotzen jarraitzen dute. Baina ez dute konturatu nahi partida galduta dutela, gero eta jende gehiago dagoela alarde parekidearen alde, eta eurak zitzak jandako antzinako errelikiak baino ez direla izango. Segituko diete Eskopetera deitzen, munduko irainik handiena balitz bezala. Badakizue, horren barruan betiko puta dago, irain originalena emakume bati botatzeko. Betikoa, eurak bezalakoa! Tradizionala.

Badaezpada, Jaizkibel konpainiak jarraitu beharko du desfilatzen uda honetan gehien jo duen taldeak babestuta; Ertzainak, hain zuzen ere (barkatu txantxa). Badaezpada. Biolentoak edonon daude :-)

Zer esan hemendik? Eskopetera izatea ez dela txarra, hobe hori euritako baten atzean egotea baino. Horregatik, animo neskak eta animo babesten dituzten gizonezkoak. Laster lortuko duzue zuen heburua! Gu ere ikusten zaituztegunean eskopetera sentitzen gara-eta

 

Begiak ez nekatzeko formula bila

Leire Narbaiza 2009/09/03 16:21
Gero eta gehiago nekatzen zaizkit begiak ordenagailuaren aurrean.

Hemen gaude, berriro ere lanean eta abarketa jotzen! Amaitu dira oporrak, atseden egun luzeak eta eguzkitsuak. eguraldia ere petraldu zaigu, rentrée edo vuelta al cole honekin. 

Beharrera itzuli, eta milaka idazlan eta ariketa on line zuzentzeko! gehi betiko irakurketak! Begiak erre-erreta dauzkat, asko nekatzen zaizkit. Atzo inoiz baino denbora gehiago eman nuen zuzentzen ordenagailuz. Hori dela eta, atzo eta gaur begiak gaizki. Hori lentillarik jartzen ez dudala, jarriz gero akabo!

Ez dakit zer egin. Letra tamaina handitu egiten dut beti (ez da ikusmen arazoa, miopea naiz eta gertutik ondo ikusten dut),  ez dut segidan ariketa asko zuzentzen, mugitu egiten naiz...baina hala ere, txarto.

Klase normalekin hasten naizenean, uste dut hobetuko zaizkidala. Baina bitartean zer egin? Baja hartu? Oporretan joan? begiak atera? Ariketarik ez zuzendu? Papera itzuli?

Pentsatzen dut zuetako askok nik baino ordu gehiago emango dituzuela pantailaren aurrean. Inori gertatze zaio niri gertatzen zaidana? Badaukazue trukurik saihesteko?  Zer egiten duzue? Lagundu, mesedez. Bestela irail hau oso luzea egingo zait!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Cadena Ser-ek, Eibarko emisoratik gertaera jazo ... Sosola, 2017/05/05 19:35
Begiratu BERRIA, ARGIA, EiTB, DEIAn... horietan ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/03 13:11
Ezkutatu? Nik ustezko hiltzailearen izen abizenak ... Sosola, 2017/05/03 12:32
Jakina gizonek hiltzen dituztela, gizonak ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/03 12:15
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua