Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Una lectora nada común

Leire Narbaiza 2009/08/15 20:50
Alan Bennett-en nobela laburra.
Inglaterrako erregiñia


Entzunda neukan ondo berba egiten liburu honen gainean, eta liburutegin ikusi nuenean hartzea erabaki nuen. Ez ninduen defraudatu. Liburu desberdina da, kuriosoa; izan ere, protagonista Inglaterrako erregina da eta. Baina ez da historia liburua, ezta nobela beltza ere. Elisabethek, tronoan 50 urte inguru, bera 80en bueltan, liburuak deskubritu ditu, eta irakurle konpultsibo bihurtu.

Liburuekin ikusten dutenean ingurukoak harritu egiten dira eta arraro begiratzen diote. Irakurle bihurtze-prozesuan bere bizitzaren gainean hausnartzen du, baita irakutzaletasunaren gainean ere. Gertukoen inkonprentsioa jasango du, eta irakurleari ere, irakurtze prozesuei buruz pentsatzeko ere balio dio.

Nik oso ondo pasatu nuen liburua irakurtzen, asko disfrutatu. pena dut aipatzen dituen hainbat autore ingles ez ezagutzea, irribarre gehiago egingo nituen-eta. Liburu desberdina eta freskoa, literaturaz eta irakurtzeaz, gomendagarria oso, laburra eta atsegina delako. Bitxi-bitxia, benetan.

Maistra berbaren errebindikazioa

Leire Narbaiza 2009/08/14 23:50
Irakasle, maisu, andereño, hezitzaile esaten digute. Baina zergatik dago maistra hitza baztertuta?

Denok gara irakasle, baina ez denok maistra. Maistrak emakumeak gara eta lehen hezkuntza edo oinarrizko hezkuntzako irakasleak, oro har. Irakasle ikasketak dauzkagu eginda (magisterio, denok ulertzeko moduan). Baina inork ez digu horrela deitzen, ezta guk geure buruari ere. Zer gertatu da? Egin dezagun historia pixka bat.

Sasoi batean euskaraz lehen hezkuntzako irakasleoi maistra edo maisu deitzen ziguten, sexuaren
arabera. Gero, baina, emakumeondako "andereño" berba zatarra erabiltzen hasi zen. Andereño? Gaztelaniako señorita hitzaren kalko hutsa. Nik andereño zein señorita berbak gorrotatzen ditut, irakasle emakumeok (hau da, maistrok) izendatzeko ezezik, beste eginkizun batzuetarako ere (señora, señor, señorita, jaun andre, andereño). Kontuan izan, ez dagoela jaunño edo horrelakorik gizon ezkongabeari deitzeko. Gaztelaniaz existitzen da señorito, baina beste konnotazio batzuk dauzka. Atera kontuak, andereño hitzak profesioaz desjabetzeaz gain, gizarteko mailaren konnotazioa ere ematen digu. Ez da horelakorik gertatzen maisu berbarekin, profesioa baino ez du-eta izendatzen.

Harrezkero, maisu eta andereñoak baino ez zeuden. Zer dela eta maistra hitza baztertu? Geletan eta bizitza publikotik zokoratu delako, adibide hauei begiratzea besterik ez dago: maisulanak daude, dantza-maisuak, orkestrak maisuki jotzen du sinfonia hori,....Eta maistrak, non gaude maistrak? Mari-maistran baino ez gara geratu! Sargento semana-ren estilora. Hemen ere sexismoa ageri-agerian!

Nik gogoko dut maistra berba, handikeriarik gabe. Hori naizelako, hori errebinditzen dut!

Mal de escuela

Leire Narbaiza 2009/08/13 01:27
Daniel Pennac-en "Changin d'école"

Liburu labur hau di-da baten irakurri nuen. Laburra eta umorez betea dagoelako. Irribarrea behin eta berriro etortzen zitzaidan ezpainetara. Bertan Pennac-ek bere esperientziak kontatzen ditu. Alde batetik, bera ikasle zeneko bizipenak; beste alde batetik, bera irakasle zenekoak. Lubakiaren alde bietan egon baita Pennac, gainera, ikasle kaskarra izan zen, porroterako bidean zihoana. Baina irakasle onei esker eta irakurketa egokiei esker, buelta eman zion egoera horri.

Liburua asko gustatu zait. Gure lanaren, irakasleon beharraren goraipamen ederra. Kantu bat bezalakoa. Irakasle eskola guztietan derrigor irakurri beharko litzatekeena. Baita hainbat urtetan lanean diharduten irakasleendako, etsituta eta desmotibatuta daudenendako ere, gogorarazteko zer den gure ofizioa, zergatik erabaki genuen maisu edo maistra bihurtzea.

Zerk erakartzen gintuen? Gauza askok. Horien artean bat idealismoa izan zitekeen. Hainbat herrialdetan maistra zein maisu izatea behartsu eta zapalduen ondoan egotea zekarren. Hori gure gaztetxo denborako imajinarioan oso garratzitsua zen, plus bat ematen zion gure hautuari. Ez ginen gehiago izango guri tokatutako irakasleen gisakoak. Ez, aldatu egingo genuen hori. Gainera, ikasketak egiten ari ginenean, pedagogiako klaseetan hainbaten esperientzia zoragarriak aurkezten zizkiguten: Summerhill, Freire, Montessori, Freinet......denek deskubritu zuten era bat hezteko, ikasleak konprenditzeko, dena zen zoragarria, harro egoteko moduan geunden.

Gero geletara pasatu eta egoera aldatu egin zen. Metodo zoragarriek ez zuten mundu errealean eta gure heziketa sisteman balio. Eta pedagogoak gorrotatzen hasi ginen. Egunerokotasunak askotan utzikeria ekartzen digu, ahaztu egiten ditugu gure helburuak, sarritan ilusioak eta bokazioak ere huts egiten digulako.

Horrelako liburuek, baina, bider bi pentsatzeko astia ematen dute. Bai, ni umeekin egin nahi nuen behar. Eta? Berdin dio, maistra naiz eta nire lanean hori egiten dut, zubi lana, ezagutzari eta jakintzari alde batetik bestera pasatzen laguntzen diet. Ezagutza horrekiko ilusioa, atentzioa eta maitasuna ematen ahalegintzen naiz. Hori da-eta gure lana.

Liburu honen bitartez honekin guztionekin konturatu naiz, era atseginean. Ez da gutxi, ezta? Ba, errebidika dezagun maistra berba. Biharko post-ean!

 

Hoteleko hall-etik blogeatzen

Leire Narbaiza 2009/08/10 23:14
Lanzaroten nago, Costa Teguisen, ordenagailura entxufatuta!

Egun batzuetarako Lanzaroteko puntaraiñok etorri eta blogian idazten. Zeiñek esango lestake neri oin hillabete batzuk!

Egixa esateko, kezkatzen hasi  bihar naizela uste dot. Geek bihurtu ete naizen edo (okerragua dana) frikixa. Jakin nebanian hoteleko hall-ina wi-fixa zeguala eta duan, jirautrako portatillakin etorri nintzan. Gaiñera hainbateri normala eta dana begittandu jakon frikismo hau.

Ordenadoria jirau, bai, ondo entzun dozue! Ez da neria portatilla, ez. Eruateko baimena lortu nebanez, plaiako eskupaiñua, krema "protección 50", pareua, ulerako gantxua, eta txankletekin batera sartu neban makiñatxua. Eta portatilla izango da, baiña pisutsua be bai, horraittiok!

Karga-karga eginda (bost liburukote mardul be ekarri dittut eta) hona etorri, pasa-hitza eskatu eta hamen nabil klik-klik-klik. Bakarra naizela esan bihar dot, lotsa puntu bat be emoten desta, dana esan bihar da. Horregaittik, erretratuak flikr-era kargatzia, kamara, kable eta abarrak erabilitta........larregi. Gaiñera, ezpilluz eta dorauz betetako super-mega-makro hotel honetan, bonbillak ugari, baiña iputargixak dira danak. Oso efekto politta egingo dabe, baiña pantailla aurrian egoteko oso eskasak dira. Beste alde batetik, esan bihar dot mahaitxo hau erretzailliena dala; hortaz, hautsontziz beteta nago, baitta kez be. Zoragarrixa!

Bestetik, portatillakin arazotxo bat dakat, sekula ez dodanez desentxufauta erabilli ez dakit zelan kargau, zenbat aguantatzen daben baterixiak, arratoiari ze pasatzen jakon (askotan ez dabil) eta ni atzamarrakin ez naiz ondo moldatzen. Dana izango da ohitzia.

Gabeko animazuñuak jartzen dau kaparradia joten! Gustora egon leike holako bat ikusten? Ingurukuak, behintzat, kokoteraiño gagoz, auzo pobre bateko berbenia gelako aitian bertan dakagu-eta! Zelan amaittuko dittut holan nire 5 liburuak? Telebisiñua jarri biharko dot ostera be topera!

Ze gogorra dan turistian bizitzia!!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua