Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Bilbao-New York-Bilbao

Leire Narbaiza 2009/07/22 06:00
Kirmen Uriberen azken liburuaren gaineko nire iritzia

CS tailer osteko afari mahaikideei, bihotzez (Jozulin, Elena, Asier, Maite, Iban) egin dot azkenian!

Polemikaz inguratuta hartu nuen liburua eskuetan. Jasotako kritika batzuk ez ziren oso onak izan, eta egur-banaketan ibili ziren batzuk. Beste alde batetik, inguru hurreko lagun batzuek irakurrita zeukaten eta eurei gustatu zitzaien. Batzuei gustatu huts-hutsean, beste batzuei asko gustatu. Aurrekari horiekin hasi nintzen irakurtzen. Esandako guztiagatik gustatuko zitzaidala pentsatu nuen. "Bitartean heldu eskutik" poema liburua asko gustatu zitzaidanez, "Zaharregia, txikiegia agian" ere bai, baita beraren hitzaldi bat ere. Ni irabazita ninduen lehenengo letratik.

Hasi nintzen, bai, baina ez nion gusturik hartzen, hainbeste jende orri bakoitzean, genealogiak Genesian bezala,....galduta ibili nintzen "nor da hau?" esanda behin baino gehiagotan. Eta gauza interesgarriagoak hartuta neukanez, geldialdi begetatiboan laga nuen.

Hala eman zuen denbora luzetxo baten, irakurtzeari ekin nion arte. Trenean, beti trenean. Ohean irakurtzeko....Orriak pasatu ahala, pertsonaiak agertu ahala esan nuen: Kirmen Uribek blog bat behar du!! Hau ez da nobela bat, blog bateko post-ak elkartu ditu eta liburua osotu. Eta Berrian argitaratu bezala "Blogak ez dira papererako". Jakin izan banu aldez aurretik, beste era batean irakurriko nukeen. Izan ere, nik blogen kontra ezertxo ere ez daukat, prefosta! Halakorik! Nobela bat nuen hartuta, eta ez zen nobela. Batzuek esango dute bide berritzailea dela, nik ez dut hala uste. Blogak berritzaileak izan litezke (edo ez); sekula ez, ordea, nobelaren ordezko. Gauza desberdinak dira. Seguru nago gauza bera blog formatuan irakurri izan banu, gustatuko zitzaidala. Lepoa egingo nuke!

Beste alde batetik, hizkuntzaz berba egin gura nuke. Ia pertsonaia guztiak ondarrutarrak dira, eta sarri askotan euren ahotan jartzen dituen hitzak ez dira batere sinisgarriak. Adibidez, aitaita-amamei aitona-amona deitzen die. Amona? Aitona? Bizkaieratik urrunegi, ezta? Ez dut esaten Ondarroan egiten den modu berean idatzi behar duenik (edo zergatik ez?), baina zer edo zer gertuagokoa erabil zezakeen hainbat pasartetan. Amaitu bezain batuera da-eta bukatu. Akats gramatikalen batek ere ihes egin dio, eta zein zatar geratzen den horrelako lan batean!! 

Era berean esan nahi nuke pasarte batzuetan auzo-lotsa puntu bat ere sentitu dudala. Beharbada horrela sentituko dira hainbat eta hainbat blogak irakurtzean. Hausnarketa hau egin nuen irakurri ahala, askotan blogariok "querido diario" bezalako gauzak egitea leporatzen digute. Nik beti purrustada makarra bat egin izan dut horren aurrean, pentsatu barik nik neuk horrelako zerbait botako nionik idazle bati. Inkongruentziaz beteta gaude, eta lehenbailehen onartzea izango da onena!

Amaitzeko, pare bat gauza esan behar dut. Batetik, ez zaidala liburu txarra iruditu, ona ere ez. Niri neuri ez zait gustatu. Beharbada ikusmin handia sortu zidalako, eta beste gauza bat espero nuelako. Kirmen Uribe trankil egon daiteke, Brad Pitt-ekin berdina gertatu zitzaidan: hain goapoa, hain goapoa, eta ez da hainbesterako!

Bestetik, eta amaitzeko, idazleari eta niri gauza bera gertatu zitzaigun aitaren heriotzarekin. Agurtu ezin eta biok amets batean aita ikusi eta agurtu genuen, biok kostako herri batean, eguzkipean. Horrekin inpaktatuta gelditu nintzen, hitzez hitz niri pasatutakoa liburuan kontatzen duelako.

Orain zuen txanda da. Irakurrita badaukazue, esan zuen iritzia. Eta irakurri ez baduzue, leitu eta komentatuko dugu.

Puntua jarrita

Leire Narbaiza 2009/07/20 20:09
...eta "puntua" emanda ere esan nezake!

Aspaldi batean Yop.yop-ek puntua jarri zidan bere erantzunean. Ez dakit nor den, inoiz ez baita identifikatzen. Garbi atera dudan bakarra izan da, euskara ikasten ari dela....Tira, harira! Duela hilabete batzuk erantzun bat laga zidan azkeneko post-ean, (eta ez póstean :-)). Hau zioen: "Berri bat zu komentatzeko:" eta url bat. Hauxe da berria: Frantzian euskara ondare kulturala izango da (lotura gaztelaniaz dago, horrela bidali zidalako). Eta aspalditik neukan erdi eginda, baina sekula ere ez amaituta. Orain da sasoia.

Iritzia eskatu zidan eta nik eman. Gainera, lotu nahi nuke beste hiru gauzarekin: Eustaten euskaldun kopuruaren neurketa, erabileraren neurketak eta gaztelaniaren aldeko manifestuarekin.

Frantzian euskarari, eta beste hizkuntzei (bata alemana da, gutxitua Frantzia, baina guztiz normaldua Alemanian) ondare izendatzea ondo deritzot; pausotxo txikitxo bat da bide egokian. Baina ez nahikoa. Everestera joan nahi duenak Eibar-Bilbo autobusa ordaintzeko nahikoa diru lortzea bezalakoa litzateke. Bidean, bai; aireportura iritsi berri, hala ere. Hainbeste falta da! Kontuan izan, Frantziak ez duela oraindik sinatu Europako hizkuntzen gutuna, eta hasierako erreforma zabalagoa izan behar zela. Estatu horrek kezka handia du bere "nazio-hizkuntza"-rekiko,

Euskararekin hipokrita jokatzen du hainbatek. Patxi Lopezek, adibidez, bere eta Ibarretxeren euskara mailaren gainean galdetu ziotenean, esan zuen berak ez zuela Ibarretxek beste urte izan lehendakaritzan ikasi ahal izateko. Nire iritziz hori euskaltegietako ikasleenganako errespetu falta ikaragarria da, euskaldungai horiek jo eta sua dihardutelako ikasten lehendakari izan barik. Orain egunean hiru ordu klase hartzen omen ditu. Duela urte batzuk ere irakasle partikularra eduki zuen, eta makinatxo bat piper egindakoa zen, bere jarioak argi lagatzen duen moduan.

Politikariena, baina, mundu aparte bat da: lotsagarria, iraingarria eta errespetu bakoa gure ikasleekiko, eguneroko esfortzua egiten dutenenganako kontsideraziorik ez dute: exijitu bai baina eurak ezer ez. Ibarretxek salbu. Robokop da berbetan, baina gaztelaniako bere jarioa ere ez nahiko errobotikoa da. Eta ikusiko dugu zertan gauzatzen den gainera datorkigun gobernu berria.

Beste alde batetik, esan nahi dut, hiztun kopuruak gora egin duela nabarmen, baina erabilera antzera mantentzen dela. beraz, behera egin duela esan dezakegu: hiztun gehiago eta erabilera estankatua, gehiagok erabiltzeko aukera, gutxiago erabiltzen dute, hortaz.

Milioi bat ei gara euskaldunak. Ez da gehiegitxo? 3tik batek euskara daki? Erribera, Ezkerraldea, Araba eta Iparraldea kontuan hartuta? Horrek esan nahi du beste leku batzuetan ikaragarria dela dakitenen kopurua, eta nire pertzepzioak diosta hori ez dela egia, kafesnetan joatea beterik ez duzue!

Gure hizkuntza txikiak buruko min handia ematen die. Ez dakit zergatik. Baina PP ere duela gutxi ahalegindu da hizkuntza minorizatuen kontra egiten Europako parlamentuan. Ez dakit zer-nolako enbarazua egiten diegu. Behin eta berriro dioskute aukeratzeko askatasuna zapaltzen dugula. Guk, txikiok, hainbesteko indarra ote daukagu?

Baietz sinistu nahiko nuke indarra daukagula, baina gero eta konbentzituago nago eurendako gaitza garela, gure hizkuntzak aurrerabidearen aurkaritzat dauzkatela eta gu ezgai gizajo eta salbatu beharreko pertsonatzat. Dena dela, berba hauek nik baino lehenago Ruper Ordorika handiak jarri zituen kantu batean, jakina, nik baino hobeto:

Egin kontu
Bost mila zazpiehun
kultura ezberdin
desagertu dira historian.
Esaten dutenez
aurrerabidea
elkar jan horretan
oinarritu da mendeetan zehar.
Beraz ez larritu
izan jakintsu
orpoa erakutsi
aurrerabideari.
Jarraitu egiozu
asko dakienari
behingoz utziozu
baldar izate horri.
Gabiltza hainbeste
nor gara gu
zer gara gu
euskotarrak gara gu
Ez dela egoki
egunak ematea
zilborrari begira
munduan zentroa bagina
Ez dela zilegi
insolidarioa ei da
traban ibiltzea
ezberdintasun kontuekin
Diru kontua dela
autokonplazentzia
atzerakoia
txokoan bizitzeko gogoa.
Gabiltza hainbeste
nor gara gu
zer gara gu
euskotarrak gara gu
Ez baita ahaztu behar
kultura guzti horiek
zirela traba hutsa
delako progreso horrentzat.
Ez baita ahaztu behar
bost mila kultura
desagertu horiek
ezin dira okerturik egon.

 

Heriotza Sanferminetan

Leire Narbaiza 2009/07/14 21:01
Entzierroan hildako bat izan da aurten, baina ez da azken aldian hiltzen den bakarra Sanferminetan.

Hildako bat laga du Capuchino zezenak aurtengo jaietan. Baziren hamalau urte hildakorik ez zegoela Sanferminetan. Sanferminetan? Ez, entzierroetan. Baina entzierroan izateak garrantzi handiagoa ematen dio, antza. Izan ere, iaz Nagoren Laffage hil zuten festetan, eta ez zen horrelako kanpaina mediatikorik egon. 

Beste urte batzuetan ere izan dira hildakoak: Harresietatik jausita, Nabarreriako iturritik salto eginda, kaleak garbitzeko makinak harrapatuta, entzierroko kolpeen ondorioz hilabete batzuk beranduago....ia urtero dago horrelako heriotza bat. Hala ere, anonimatuan gelditzen dira izen bako gorpu horiek. 

Birritan-edo izan naiz Sanferminetan. Eta gogoratzen dudanez bietan izan dira hildakoak. Batean entzierroan (aspaldiko kontuez dihardut, ezta?), azken aurreko hildakoa, hain zuzen ere; Illinoisekoa omen. Bestean, ordea, txosnagunean (hau ere aspaldikoa, e!) lotan zeuden punki biren gainetik pasatu zen lurra garbitzeko makina, eta biak hil ziren (harrezkero, makina horren gaitzizena "matapunkis" da).

Beste heriotzak era isilena pasatu izan dira, ia izenik eman gabe, beharbada bata Illinoisekoa zelako. Edo momentuan hil ez zelako (azken hildakoaren kasuan, adibidez). Edo denboraren poderioz gauzak aldatu egin direlako. Orain hildakoaren irudia korrika egiten beste entzierro batean, bere familiaren pena, errausketa eguneko irudiak,.....hori guztiori ikusi dugu. Zergatik? Gainera, istripu bat izan denean, kontzienteki berak aukeratu zuenean zezenen aurrean antxintxiketan egitea? Beste hainbat kasutan desgrazia besterik ez denean izan?

Nire ustez erantzuna gizarte aldaketan dago: disfrutatzen ari zen mutil gazte bat hil egin da, eta biktima bihurtu dute. Ez da informazioa komunikabideek eman digutena. Pena baino ez digute transmititu. Pena eta sufrimendua. Informatzeari uko egin, eta biktimizazioa goretsi.

Hildako guztiei balore bera ematen ikasiko ote dute inoiz?

CS taillarra, ondorixuak

Leire Narbaiza 2009/07/13 18:55
Egun batzuk pasauta, pentsatzeko denporia izanda, zeozer idazteko moduan nago.

Egixa esateko, nahiko urduri nenguan egun horretarako. Alde batetik usten nebalako maillia latuegixa izango zala, eta nere moduko erabiltzaille apal eta ezjakin batek ez zebala tautik be aittuko. Bestetik, gitxittan ikusten dodan jentiakin egongo nintzalako, eta gaiñera on-line ezagutzen nittuan batzuk in person ezagutu bihar nittualako. Nahikua motibo nerbiosa egoteko, ezta?

Esan biharra dakat, hitzaldixak oso ondo egon zirala, nivel usuario izan ziralako. Ondo esplikauta, eta umore dosisakin. Oso gitxittan galdu nintzan, eta galdu nintzanian terminologixiangaittik galdu nintzala. hori dala ta, Jonek txosten bat bialdu desta hiztegi batekin. Milla esker, wapa!

Hori bai, galdera-erantzunetarako luzeiritzitta nenguan. behi eta berriro aittatu zeskuen kafia eguala, eta hartzeko. Baiña justo gu (Elena Laka, Jone Arroitajauregi eta ni) aretuan atzeko ezkiña baten jarritta geguazen. Altzau  ezkero, jardunaldixetako guztiak enterauko ziran. Ez zan plana. Aharrausi baten nenguan. Aurrian, Xabier Mendiguren eta Patxi Trapero, barrezka. Guk kafia bihar, baiña bestiak jo ta sua berriketan! Hor izan giñan matxinatzeko puntuan, baiña sublebaziñua hasteko zeguanian, amaittu zan, zorionez!

Hortaz, alde ziber-geek-a gaindittu genduan, uste baiño errezago. Halan da be, nere urdurittasunan zati haundi bat jentia ikusteko ilusiñuagaittik zan. Aspaldiko lagun batek imitatzen ninduanian "zelako ilusiñua" esaten zeban. Eta "zelako ilusiñua"  esaldixan atzian egoneziña egoten da beti. Egixa esateko Iturri, Iban, Xabier, Elena, Gari, Luistxo.... eurekin aurrez aurre egoteko aukeria oso-oso urrixa izaten da, eta gustora egoten naiz beti. Zer esanik ez Jozulinekin, lakide ohiak izan arren, urtiak ziran alkar ikusten ez genduala. Horretaz aparte, miresten dodan jentia be ezagutu bihar neban: Patxi, Maite, Joxe...Nerbiosa, artega, urduri? Jakiña, zelan egongo ziñake zuek?

Gero, konturatuta egongo zarien moduan, hórrek danak benetan jente jatorra dira. Igual raruak, baiña zein ez da rarua, ba? Nik txikittatik izan dot titulo hori buru gaiñian, eta zeingotsau, ba? Nahiko normaltxua naiz.

Internet bittartez egindako lagunak ezagutzia oso gauza berezixa da. Iñoiz ez da jakitzen aurrez aurre zelakua izango dan pertsona hori, zelan hartuko gaittuen, zelakua izango dan bere abotsa, ze filin egongo dan, alkar defraudauko dogun....Izandako esperientzia guztiak onak izan dira, zorionez, nere partetik, behintzat. Eibartarrak zerrendako afarixetan holakuetatik pasauta gagoz, baitta esperientzixia hartu be.

Afarixetak kanpoko esperientzixa bakarra Markos Zapiainekin izan zan. Kontauko dot, harira datorrelako eta oso argigarrixa dalako. Durangoko azokan izan zan, bera Susako estanean zeguan orduan "Txillardegi eta ziminoa" aurkeztu barri zebalako. Lagun batekin nenguan eta kasu egingo netsala esan netsan lagunari. Hara juan, Markos liburuak saltzen eta azokia nahiko hutsik. Galdetu netsan: "Badakizu nor naizen?". Estaneko guztiak aztorauta "fan bat, fan bat" pentsatezn. Orduan berak. "Ez", esaten moduan "jakin bihar dot , ala?" "Leire Narbaiza naiz". "A, Leire". Laztanik emon ezin (azokako mahaixak oso zapaltzailliak dira afektuetan, Gerediaga). Eskua bai. "Ze moduz?" "Ze ondo!" (Estaneko autubatzailliak zapuztuta) Eta gu berriketan. Luze. Laguna aspertu arte! Alkarreri agur esan, eta lagunak komentau zestan nik kontau ezkero, ez zebala siñistuko. "Aspaldiko lagunak emoten dozue", esan zestan. "Bagara-ta". http://eibar.org/blogak/leire/cs-taillarra-ondorixuak/base_edit

Holako zeozer gertau zan eguaztenian. Ezagutu bakuak, benetan ezagutu. Esperientzixa izan arren, beti kostatzen da, beti dagualako segurtasun falta bat. Batzuengana ez nintzan larregi hurreratu eurek ni ezagutzen ninduela ziurtatu arte. Ni horretan oso-oso segurolia naiz, makiña bat zaplazteko jasotakoa. Eta hanbeste jenten aurria, ez, eskerrik asko!

Errekonozimendu horren ostian, muxuak eta besarkadak. Gero esango dabe saria hotza eta inpersonala dala! Asko poztu ninduan Maite eta Patxi ezagutziak, errezoi desbardiñengaittik. Maite espero neban modokua da: jatorra, lasaixa, irribarretsua. Patxi, baiña beste erea baten imajinatzen neban: mobiduagua, ipurterriagua, berritsuagua, drogosogua....Baiña, ezetz esango neuke. Ixil-ixilik egon zan, zintzo, gitxi mobitzen. Gaiñera, zuzuen-zuzen begiratzen dau, fijo, begixak kliskatu barik. Adi. Dana behatzen, aztertzen eta neurtzen balego moduan.....

Afarixa interesgarrixa izan zan, baitta Luistxo botatako entziklikia be. ederki pasau neban, ezin hobeto nenguan inguratuata: Elena, Maite, Asier, Iban, Jozulin. Zer nahi da gehixago ba?

Espero dot sarrixago egittia holakuak. Blogs & beers hórrek be alde batera lagata dagozen sasoi honetan, interesgarrixa da beste blogari batzuekin mahaixa konpartitzia, ezta?

 

 

Blogintza eta Sustatu, CS taillarrera!

Leire Narbaiza 2009/07/08 06:00
Gaur bertan, arratsaldian Codesyntasen izango dogu ditxosozko taillar hori.

Egixa esan, ez dakitt ze eginten dodan izena emonda, halako geek guztien artia. Baina, egixa esateko, ez dakitt ezetz esaten; gitxiago ostian afari-meriendia badago. Tautik aitzen ez badot be, atxakixa perfektua da aspaldiko lagunekin alkartzeko, saltsan ibiltzeko (ez jata bape gustatzen :-)),......Nere motiborik potentiena, ostera betse bat da: Patxi Trapero in person ezagutzia. Nerbiosa nago, ez pentsa. Batek gitxittan ezagutzen dittu-eta bere idoluak! Ai!!!!

Beste alde batetik, kezka bat dakat. Zelan jaun bihar da jantzitta holako ebento batera? Neri erkutsi zesten zelan juan ezkontzetara, lanera, udalekuetara, mendira, txikiteatzera....baina blogari geek kuadrilla batengana ziber-espaziuaz berba egittera? Ez, gure amamak iñoiz ez leuke holako ebentorik aurreikusiko, sekula santan be ez. 

Ze itxura hartu bihar dot? Intelektualana? Pastazko antiojo fashion barrixak jantzitta, ala lentillekin?  baiña, beste alde batetik, geekak ez dakez granuak eta ulia koipetsua? Orduan ez dot burua garbittuko? Burua garbittu barik? Ez, horraittiokan! Eta marimoni juaten banaiz? Oso marimoni be ezingo naiz juan, luk kasual samarra topau biharko dot. Penia dakat, uda danez ezingo dot nere pashmina zoragarrixetako bat jantzi eta danak inpaktauta laga....Gaiñera, beste faktore bat: eguraldixa. Dabilkigu eguraldi zoro hau be ez da egokixena, pasa dan astian sargori, oinguan fresko....udako txamarra bat erosi bihar dot danakin konbinauko dabena, baltza, edo gris argixa. Baiña topauko dot? Ez dot iñungo eskaparatetan ikusi holakori. Rebajak dira, aprobetxau bihar da. Jo, gatxa da..........Parkatu, harixa galdu dot. Orduan bixar zer?

Betikua, azken momentuan erabgiko dot, biharretik buelta. Zertan nabil, gaiñera, geek hórrek, ixa danak, gizonekuak dira, eta bardin jakue kamiseta baltza, alkondara loreduna, ala takoidun zapatak janzten badittut. Eskotia eruan ezkerok, orduan bai igarriko zebela. Baiña hori ez dago nere kezken artian....

Bixar, bixarkuak. Hau aurrerapena baiño ez da. Jarraittuko dau, halan da be.

Golgota

Leire Narbaiza 2009/07/07 06:00
Xabier Montoiaren azken nobela irakurri berri dut.
Gogota 1

Jakina da Xabier Montoia ikaragarri gustatzen zaidala. Irakurri dizkiot prosazko ia liburu guztiak, eta ia denak gustatu zaizkidala. Asko. "Emakume biboteduna"-tik hasi, ironia finez betea, "Euskal Hiria sutan"-eraino. Beti pentsatu izan dut oso ondo idazten zuela, nahi zuen moduan erabiltzen zuela hizkuntza, erregistro eta euskalkiak. Nabarmena da hori "Baina bihotzak dio" zein "Euskal Hiria sutan". 

Maisutasun hori ere Gogotan erakutsi du. Baina pirueta bat gehiago eginez. Istorioa, emakume baten historia da, moja sartzen den emakume batena, eta bizitza erdi baino gehiago klausuran ematen duena, baztertua, zokoratua. Hala ere, interesgarri eta erritmodun bihurtzen du kontakizuna. Akzio batere ez daukan liburua, kateatzen duena bilakatu, engantxagarri. Pasarteak oso laburrak dira, orri batekoak-edo. Horrek markatzen dio dio nobelari erritmoa, nire ustez, behintzat!

Beste alde batetik, protagonistaren psikologian ere sakondu eta bere pentsamendu eta tristurak gure egiten ditugu. Bere sinismena eta fedea ondo baino hobeto ulertzen dira. Montoia ederki sartu da moja baztertu horren azalean, primeran hurreratzen digu andre horren bizimodua. Guztiz sinisgarria da, tristea eta hutsa bada ere.

Bere prozesu mental osoa oso ondo dago azalduta, mutur batetik bestera, baina logiko eta koherentea da, oso ondo dagoelako kontatuta.

Esan dudana, Montoiak magia egiten badaki. Guztiz gomendagarria

Behera Lotsaren Harresia!

Leire Narbaiza 2009/07/05 22:33
Palestinan erikitzen diharduena da ezaguna gure artean. Berlingoa ere denon ahotan ibili izan da. Baina nork ezagutzen du Mendebaldeko Saharako Lotsaren Harresia?

Sahararako gure bidaiaren helburuetako bat Harresiaren kontrako martxara joatea zen. Harresia Marokok eraiki zuen eta Mendebaldeko Sahara zati bitan banatzen du: Sahara okupatua eta Sahara liberatua.

DSCF0088

Ez da harresi bakarra, lurralde okupatuaren barruan hainbat harresi ere badaude, argazkian ikusten den moduan. Munduko luzeena da, 2.500 km baino gehiago baititu, eta 125 mila soldadu marokoarrek zaintzen dute gau eta egun. Harresiaren maketa bat ere ikusi genuen:

45290025

 
Horren aurrean aurkezteko asmoa geneukan, ziurtasun distantzia batera, zona militarra izaki beti dagoelako arriskua. Kontuan izan pertsonen kontrako minez josita dagoen espazioa dela. Horregatik, bertan dabil Landmine action GKEa minak kendu nahian.

Goizean goiz irten ginen kamioietan eta 4x4etan. Gu patrol batean joan ginen, baina asko eta asko euskal elkarteek emandako kamioetan:

Harresiaren kontrako martxa

Behin puntu batera ailegatuta hainbat tokitatik etorritakook elkartu ginen. Aurrerago utzi genituen ibilgailuak eta kilometro bat inguru oinez egin genuen. Guretzat martxa bat manifestazio moduko zer edo zer da, jende talde bat bata bestearen atzean. Hemen ez, basamortua hain da zabala, harresia hain luzea.....Ia-ia paraleloan joan ginen, eta denon artean emakumeak bisibilizatzea nahi zenez, aparteko zutabe bat egin zen, martxan integratuta zegoena.

Emakumeak Harresiaren kontrako martxan (praka zuriduna naiz)

Wilaya guztietan tapiz bat egin zen, eta ondoren josi, Emakumeen Mundu Martxan egin zen moduan. Pena da ezin izan genuela askorik zabaldu haizea oso bortitza zelako eta oso luzea zenez ezin ginelako ibili.

Emakumeak Harresiaren kontrako martxan

Haizea oztopoa zen, harea harrotzen zuelako, eta eskerrak turbantea janztita geraman, bestela akabo:

TurbantearekinHau ere ni naiz

 

Oso erosoa da, eta egia esan berotik, haizetik eta eguzkitik babesten du. Hamabi orduan edo ibili nuen janztita, eta oso ondo jasan nuen. jakina, Mustafak jarri zidan, berak egunero jartzen du, eta hori igertzen da!

Turbantea, makaleko inbentoa!

 
Batzuetan aurpegia estali barik, nahiko agobiantea delako.

harresia

Fondoan duna moduko batzuk ikusten dira. Hori da harresia, adobezkoa, harearekin konfunditzen da. Eta bertan ikusten diren puntu beltzak soldadu marokiarrak eta armak

Poliki-poliki oihu eta kantu artean iritsi ginen segurtasun kordoira. Halako batean esan ziguten ezin genuela aurrera egin, oso arriskutsua zelako. Guk, baina, jendea aurrera joaten ikusi genuen (beheko argazkian) eta emakumeak ginelako zela petsatu genuen. Gure aurrean zeudenak hain gogor jarri ziren, ezen guk bertan geratzea erabaki genuen, beste alde batzuetakoek aurrera egin arren.

Harresiaren kontrako martxa

 
Erabaki argia izan zen. Bertan gelditu eta erretagurdiatik begira egotea beste erremediorik ez guenuen izan. Halako baten, eskumatara begiratu eta gugandik oso gertu hauexek ikusi genituen:

Pertsonen kontrako minak desaktibatzeko taldea

 


Minak desatibatzeko taldea! Ikusi, hurreratu erretratua ateratzeko, lagunengana joan eta Plaf! siku bat entzun genuen! Ai, ama! Ze izan da hori? Tiroa? ez. Bonba bat? ez. Jende guztia korrika, desaktibatzaileengana. Kazetarien autoa ondan zegoen eta eurek ebakuatu zuten zauritua, Brahim Hussein 19 urteko mutilak hanka galdu zuen. Hemen jakin zen? Bai, estatuko hainbat kazetari bertan egon zirelako, baina etrorri eta hilera gizonezko bi hil ziren mina bat lehertuta. Jakin duzue? Ez. Blokeo informatiboa ikaragarria delako. Inori ez dio inporta han gertatzen dena! Hau da egia, ez dago besterik.

Mutila Tindufeko ospitalera eraman zuten, baina jai giroko protesta, tragedia bihurtu zen. Denok triste, gazteak amorratuta:

prakak, sahara

Erakusten duten ohial urdina, Ibrahimen praka odolduak dira!
Momentu horretan betaurrekoen atzean, asko negarrez geunden, euren amorrua eta etsipena ikusita. Egia esateko, Palestina usaina zegoen bertan. Hain gutxi dute galtzeko bertako gazteak, hain abandonatuta daude!

Horren ostean, asko automobiletara itzuli ginen. Gu ia gaupasa eginak geunden harresiaren manifestua idazten gaztelaniaz, inprimatzen, atontzen...Azkenenan ez zuten irakurri, ez zen amaiera ekitaldirik egon, bakoitzak ahal izan zuena egin zuen....

etsipena

denok buru makur haimara itzuli nahian

Itzulera luzea izan zen. Joana baino luzeago. Bazkaltzera geratu ginen, "arbolatxo" baten azpian, lasai baina hausnartzen, ia isilik. Harea alde guztietatik.

arbolatxoa

Panel bat ere inaguratu behar zer. Hori ere bertan bera geratu zen. Dena den, panela ikusteko aukera izan genuen, baita erretratu bat atera ere:

sahara liberatuan panela

Hemen haimako neskak gaude (Kontxi falta)

Hantxe bertan, paneletik hiru metrora gerraren aztarnak topatu genituen:

arrastoak

Hala ere, sorpresak ez ziren amaitu. Itzultzean bide ondoan imagen hau ikusi genuen:

mina markatzen

Patroletik martxan aterata

Gure galdera: Zeratn dabiltza gizon horiek? Mina bat markatzen, ikusi egin dute eta inor gainetik pasa ez dadin, marka berezi bat egiten diote. Gu, ordurako, aho bete hagin geunden, ezin sinistuta, gerra beten geunden, bene-benetan.
Hemen zooma erabilita zerbait gehiago ikus liteke

mina markatzan 1

Eurak eguinero bizi behar dira arazo hauekin, eta mina hauetako batzuk Gasteizen eginak dira. Lotsagarria, debekatuta egon beharko lirateke aspaldi. Jartzea oso erraza da, baina kentzeak diru asko balio izateaz gain, elbarrituak eta hildakoak lagatzen ditu, sortzen duten izua aipatu barik. Ikaragarria da! 

Hau da gure bidaiak eman dituen gauza batzuk. Baian garrantzitsuenak bihotzean ditut gordeta: ezagutu dudan jende zoragarria (estatukoa zein sahararra), pasatako momentu onak eta txarrak, egindako lantxoa, ikusitako guztia...denak egin du elkarlanaren garratziaz berriro ere jabetzea. Lagunak egitearen poztasunaz ere gozatu dugu, baita kamarada izatearen berdintasuna. Ederra!

Oharra: behean bideo bat, aurtengo Harresiaren Kontrako Martxako grabazioa Tenerife con el Sahara blog interesgarritik hartu dut.



 

 

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Progreak beti inmigranteak "onak" bezala jarri ... nazka nazka eina, 2017/04/20 12:47
http://www.diariovasco.com/[…]arrio-20170413010958... Ikusi eta begiak ireki, 2017/04/14 00:28
Ados nago zurekin Leire. Titularra tendentziosoa ... Sosola, 2017/03/30 11:43
Leire, eskerrik asko egin zenuenagatik eta idatzi ... Markos Zapiain, 2017/03/30 11:06
Arrasti on, Zegatik ez dago ergatibo famatua ... Aitzol Agirre, 2017/03/29 19:17
Zorionak zeure jarreriai, baña sarritan albora ... maite leturiondo, 2017/03/28 10:25
Eskerrik asko guztioi erantzuna lagatzeagatik! ... Leire Narbaiza, 2017/03/27 13:56
Leire-ri erantzuna. Kontua ez da anonimoekin ... Leireri erantzuna., 2017/03/27 12:34
Zorionak, Leire! TXalogarrixe hartu dozun jarrera ... Mari Eli Ituarte, 2017/03/26 13:26
Eskerrik asko Verónica, 2017/03/25 22:08
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua