Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Tortura

Leire Narbaiza 2009/03/29 18:25
Luzaroan nabil buruan idazten post hau. Gau batean ere, ohetik jaiki, ordenagailua isiotu, eta idaztea beste erremediorik ez ez nuen izan. Ez zen nahikoa izan, hala ere; berba eta tonu egokia ez baitzaizkit etortzen. Ea oraingoan.

Melitón Manzanasek torturatutako baten alaba naiz. Umetatik ikusi izan dut torturak lagatzen dizkien marka fisiko eta moralak, torturak uzten dituen zauri psikologikoak eta osasun arazoak. Torturak betiko markatuta uzten duelako, betiko gaindituta.

Ikusi dut osasun arazo txiki horrek zelan gogorarazten zion jasandakoa, marka fisikoak nola lotsarazten zuen. azkenean torturak lotsa sentimendu bat lagatzen duelako torturatuarengan, agoantatzen jakin ez zuelako, edo larregi agoantatu zuelako. Torturak hor jarraitzen du betiko.

Torturak pertsona markatu egiten du, beste maila batera apaldu, despertsonalizatu egiten duelako torturatua. Hau guztiau ez dut jakin torturatuaren ahotik, inoiz ez baitzidan ezer kontatu. Beste batzuek esan dizkidate gauzatxo batzuk, eurek ere bere osotasunean ez zekizkitelako. Gero, behaketak eta hausnarketak beste guztia ezagutarazi didate. Ez dago kontakizunik, torturatuak lotsaz bizi duelako tortura sasoia, eta kontakizunak berriro biziarazten diolako jasandakoa.

Tortura ez omen da gurean gertaten, ordea. Isabel Coixetek "Viaje al corazón de la tortura" izeneko dokumental bat errodatu zuen, torturatuen testigantzekin, ederto. Baina denak Sarajevon, Istanbulen, Indian...Gure Mendebalde polit eta garbian, ez, ez da gurean geratzen! Zer esanik ez, estatu europar demokartiko honetan. Berdin dio NBEk salatu izana. NBEk nahi duena esan dezake, ezta? Gainera, nortzuk dira Nazio Batuak? Patxi Lopezek esan zuen, justiziak inor kondenatzen ez duen bitartean ez dagoela torturatzen den frogarik; hortaz, torturarik ez da. Euskaldun guztion lehendakaria izango ei denak dio hori! Ai, ama!

Guk, baina, beste alde batera begiratzen dugu, gurekin zerikusirik ez balu bezala. Nahiz eta Unai Romanoren argazkiari ikusi, edo Martxelo Otamendiren malko arteko kontakizuna entzun, Agurtzane Juanenaren "Esan gabe neukana" irakurri, edo gure tarteko horren orbanak ikusi. Guri ez zaigulako inoiz gertatuko, beste batzuen kontua delako, edo beste garai batekoa. Batzuei gertatzen zaie; guri ez, ostera (hori da pentsatu nahi duguna).

Nola ez dugu, bada, horrela pentsatuko? Gau eta egun telebistan eta filmetan justifikatzen digutenean, teleberrietan isildu, eta nolabait gauza ona litzatekeela iradokitzen digutenean? Zer egin pederasta hiltzaile batekin? Torturatu, dena aitortu arte, jakina. Fikzioan, zenbat polizia eta militar heroi eta justu agertzen zaizkigu galdeketetan biolentzia motaren bat erabiltzen, akusatuak konfesa dezan? Eta gainera sinpatikoak egiten zaizkigu pantailan, gure bizitzaren parte direlako.

Horrela gertatzen dira gero, inpunitate osoz, gertatzen direnak. Epailearen aurretik guztiz desfiguratuta pasatu, baina  makillajearen errua izango da, komisarian ez dago-eta torturatzeko eskubiderik. Edo epaileak, agian, atxilotuaren betiko aurpegia dela pentsatzen du?

Abu Grahib-eko irudiak ikusita, asaldatuta, estatubatuarrak kritikatuko ditugu. Baita Guantanamokoaz entzutean. Hala ere, urruneko gauza denez, eta gerran gertatu zenez, ahaztu egiten ditugu. Hor dago, baina, gure ate ondoan. Eta gu ez gaude libre. Hurrengo baten, goizeko lauretan gure etxeko atea ere bota baitezakete, eta trantze horretatik pasarazi gutako edonor. Eta ez da izango esneduna, ez horixe!

Erraza litzateke, bada, honekin amaitzea. Errazena eta merkeena inkomunikazioarekin amaitzea litzateke. Baina holakorik egingo ez dutenez, kamerak grabatzen jartzea, kalean dauden moduan, 24 orduz grabatzen. Eta inkomunikazioa desagertzen ez den bitartean, dagoen protokoloa (gaztelaniaz baino ez dut aurkitu)  zorrotz betetzea.

Horrela inork gehiagok ez du idatzi beharko bere blogean torturaren gaineko beste post bat, aitaren sufrikarioa kontatuz. Inork ez du biktima baten kalbarioa salatuko. Eta tortura desagertu arte, ez da giro izango, ez hemen, ez inon.
Hemen behean torturak jasandako batzuk Wislawa Szymborska 1996ko Nobel sariaren irabazlearen "Tortura" poema irakurtzen. Ostean, Trunboik idatzitako bertsoak berari egindako torturak kontatzen. Azpian, nahi izanez gero, lotura gehiago torturaren gaineko artikuluekin baita Xabier Makazagaren "Torturadores & cía" liburua pdf-n:


Ahaztu? Iñoiz bez!_

i
Aittatzia nahi neuke
torturiarena
nire kasua eta
beste askorena
munduak jakin deixan
Españiarena
ahozko demokratak
baino eztirena

ii
Hogetazazpi ziran
martixan urtiak
on egingo al desta
barruak hustiak!!!
beterano nintzala
ustelak ustiak
nahiko meritu zekan
bizixai eustiak

iii
“Arregin hiltzailiak
libre libre jazak
bildurgarrixak dittuk
hemengo gaupasak
guri sartzen diharduk
porru eta azak
aurki probauko dittuk
torturaren jasak «

iv
Bakarra hasi jatan
hankazpixak jotzen
aitorpenen bat hola
ete zeban lortzen
luzaro jardun arren
kalluak jorratzen
barri zaharrak bakarrik
netsazen eskeintzen

v
Gero ginasiuan
kukumixo dantzan
hankak luzatuz ondo
kosakuen martxan
txakur kuadrillia be
begiratzen han zan
ni alde egiteko,
berriz, esperantzan

vi
Okerrera jo zeban
Murfyren legian
eskuak gogor lotuz
belaunen parian
burdiñatik zintzilik
burua han behian
behin ta berriz astintzen
ahalegindu zian

vii
Gaua zoragarrixa
harrizko kamañan
atsedena urrixa
luaren tamañan
berriz noiz etorriko
geldi geldi zain han
txitxarian zarataz
esnatuko ziñan

viii
Armozuan ordaiña
ginasiokua
han beratu ondoren
barraren jokua
agindu zesten baiña
nekanez nahikua
bidia hartu neban
kanposantukua

ix
“Qué has hecho hijo puta”
orruaka jiran
ostikoz barrabillak
jotzen hasi ziran
bizirik nenguala
nekixan sikiran
etsi bihako zeben
pertsonak baziran

x
Eurak bazkaldu zeben
gero madrilera
puerta del sol ondoko
txakur hotelera
hanguak egin zesten
egundoko jera
kura modukuakin
lehengora atzera

xi
Zazpi zortzi bat gizon
aurre ta atzian
galdera ta txilixo
batera antzian
gerrixa jarri zesten
maixaren ertzian
ondorengo orduak
gozuak etzian

xii
Honen ostian zeben
gaindituko marra
ezesten ba eskeini
diruaren harra!!!
geratu nintzanian
suitean bakarra
bihotz begixetatik
zeridan negarra

xiii
Nahiz guzur saltsa-maltsan
jendia nahastu
nahiz birrindutakuon
imajina sastu
nahiz bizitza baldintzak
españiak laztu
humillaziño hori
ezingo da ahaztu

xiv
Sinistu nahi ezbada
aittatu diranak
alper alperrikuak
egindako lanak
egixak dira baiña!!!
esandako danak
sinistu bihar leuke
demokrata danak

xv
Hemen esandakua
ezta ahaztekua
kronikia da eta
astebetekua
nire moduan asko
torturautakua
hara hor Españia
demokratikua!!!

Doñua: Orioko balia 2008-10-8
Txaba Payes-en artikulua; Mattin Sarasola eta Igor Porturen tortura kontakizunak; Manex Castrorenak, eta "Torturadores & cía" Xabier Makazagaren liburua, pdf-n jaisteko moduan.

Mundua lo dagoen bitartean

Leire Narbaiza 2009/03/25 21:30
Patxi Zubizarretaren azken liburua
"Mundua lo dagoen bitartean"

Hauxe da Patxi Zubizarretak 2008an atera duen liburuetako bat. Liburu asko idatzi ditu dagoeneko, eta bere bibliografia zabala den arren, hainbatek bigarren mailako idazletzat -edo autore minortzat :-)- daukatela uste dut. Niri, baina, asko gustatzen zait nola idazten duen, zein gaitzu tratatzen dituen, zelan enfokatzen dituen nobelak....

"Eztia eta ozpina" nobela uste dut izan zela irakurri nion lehena. Gozoa, mingotsa, izenburuak iradokitzen duen moduan, maitasun istorio ederra. Geroago, "Jeans-ak hozkailuan", "Atlas sentimentala", "Barrikadak", "Pospolo kaxa bat bezala",.... etorri ziren. Gustura irakurri nituen haiek ere, nahiz eta haietako batzuk haur eta gazte literaturan sailkatuta egon (ulertzen ez dudan sailkapena, "Behi euskaldun baten memoriak" ere gaztetxoendako ei da, eta lasagna batek baino geruza gehiago dauzka, zein baino zein sakonagoa!).

Nire ustez, hortik datorkio bigarren mailakotzat hartzearena, ume eta gazteendako asko idazten duelako, eta jakina, ezin lehen mailakoa izan. Ni ez nago ados. Erabiltzen duen hizkera samurra eta gozoa da (nesken txotxolokeriak, badakizue!); euskara maila ona eta aberatsa izan arren, euskara ikasle askok polito ulertzen dituzte liburuak eta gainera disfrutatu! Zer esango dizuet, bada, sarri askotan aholkatzen ditut, niri neuri gustatzen zaizkidalako, eta ikasleek ere gustura irakurtzen dituztelako. Zer gehiago eska dezaket?

Zentra dadin, baina, "Mundua lo dagoen bitartean" lanean. Berritzailea dela esango nuke, gidoi batetik abiatuta, interesa pizten duen istorio oso bat muntatu duelako. Ahotsak eta musika garbi "entzun" litezke irakurri bitartean; izan ere, gaueko irrati-saio batean gertatzen da dena, konfidentziak kontatzeko irrati-saio horietako batean. Pertsonaiak, tentsioa, jakin-mina,....dena dago, eta nobela ez den arren, narrazioak istorio oso bat kontatzen digu, biribila.

Gustatu zait esperimentua, bai horixe! bAita kontatzeko modua ere. Jarraituko dut gomendatzen....

 

Erabili eguzkitako krema!

Leire Narbaiza 2009/03/17 18:24
Posta elektronikora heldu zait gaur bertan.

Luzetxoa da; hala ere, amaierara arte ikustea merezi du. Niri neuri ikaragarri gustatu zait. Izan daiteke mamala hutsa izatea, hunkiberegi egotea, baina uste dut bideo honek gauza positiboak baino ez dituela esaten, eta denok behar dugula horrelakoak noizbait entzutea. Pena  da ingelesez eta gaztelaniaz baino ez egotea!

Gure handitasunaz eta hauskortasunaz dihardu bideoak, gu geu garelako garrantzitsuena eta ederrena.

Zer gustatu zaizue? Bai? Benetan merezi duzuelako!

Bidaia intimoak

Leire Narbaiza 2009/03/12 23:47
Durangoko Plateruenean ikusi dut gaur iluntzean

Korrika 16ren omenaldirako egindako dokumentala da "Bidaia intimoak", Jon Maia bertsolariak zuzendutakoa. Gaur Durangon eman dute, Korrika kulturalaren barruan. Horrelakoak pasatzen uzti ezin direnez, ikasleekin joatea erabaki dut. Eta betiko moduan, XXI. mendean gaudenez, ia gehienek nahiago zuten baldintza lantzeko ariketa analitikoak egin, Platerenuenera joan baino; oraindik ere, hainbat ikasleren buruan sartuta dagoelako horrelako emanaldiak denbora galtzea direla. Desertzio batzuk izan ditut, eta batzuk nire errosarioaren ostean, tartetxo baten egotea erabaki dute.

Nik trailerra ikusita neukan, baita oso itxura ona hartu ere. Hona hemen ikusita nuena:

Zelan edo halan, samatik oratuta eroan ditut sei ikasle. Ez zegoen jende larregirik, eta lagun batzuk agurtu ostean, jesarri egin gara. Egia esateko, oso berandu hasi da dokumetala bera, berandu hasteaz gain, Korrikako kantuaren bideoklipa aurretik bota dutelako. Jakina, bertan zegoen errodatua, eta ikusi egin behar.

Orduan, animatuta igerri ditut ikasleok, bideoklipa jarrita nielako klasean, eta oso martxosoa delako. Lehenengo irribarreak ikusi ditut. Dokumentala hasi da ondoren. Hunkigarria, ederra, samurra...Lau esperientzia, oso desberdinak; batzuk euskara ikastearena, urrunetik etorrita, urrutian maiteminduta euskararekin. Beste biak, ostera, euskaldun galduak, berreskuratuak. Ni bezalakoak.

Zenbat negar egin dudan! Uf! Ondo, baina! Korrikarekin-eta beti emozionatzen naiz gehiegi. Ona dala uste dut. Negarrarena, berriz, ezin dut kontrolatu. Malkoek segituan irteten didate. Horrelakoa naiz, edo horrela nago, ez dakit nola esan. Martxoaren 3aren aipamenarekin ere busti zaizkit begiak, batez ere "Campanades a mort" kantuaren lehen kanpaikadak entzun direnean (Emozio hori, hala ere, ez da ona izan, tristea baizik). Lluis Llachen Gasteizko kontzertua izan nintzen orain hiru urte... Honekin musika ere azpimarratu nahi dut: Ruper eta Mikel Laboa. "Hautsi da anfora" diskoko hainbat kantu, Mikel Laboaren "Gure hitzak" kantua: Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean, txori hanka arinek, utzitako arrasto sail, ederra bezalaxe. Kantu itzela. Jon Maiaren off ahotsa ere, ondo, edoerto. Mapak marrazten, bideak egiten, galdutakoak berreskuratzen.

Testigantzak ondo aukeratutakoak. Dena dela, nik gustura ikusiko nukeen euskarara nolabait derrigotuta edo presionatuta hurbildu denarena, gero gure mundua deskubritu duena, beste dimentsio bat. Horrelako lekuko batek ere gaur egunean gauza ederra izango litzateke.

Eta nire ikasleak? Bai, samatik eroan ditudanak? Mugitu ere ez dira egin, nahiz eta 9,30etan amaitu dokumentala, eta gure klasea 9etan. Gustura egon dira, bestela laster egingo zuten ospa. Asko lagundu diete azpitituluek, hainbaten hizkera ez zen-eta eurendako hain ulergarria. Pozik irten dira, eta emozionatuta. Ikusi ote dute euren burua pantailan? Nik bai, eurena eta neurea.

Ederra!

 

Nire treneko laguntxoa

Leire Narbaiza 2009/03/09 21:26
Garraio publikoak hori dauka, publikoa dela eta jendez beteta dagoela.

Kabaretera ordutegia daukadanez, lanetik berandu irten, eta Eibarrerako azken trena hartzen dut, 21.42an. Beti tren erosoa etortzen da ordu horretan, zoragarria izaten da beharretik nekatuta gatozenondako. Gainera, gehienetan berogailua puntu egokian egoten da. Egia esateko, niretzat eguneko momenturik onenetako bat. Bakarkako jarlekua hartu, parekoan nire traste guztiak laga, liburua atera eta irakurri egiten dut. Plazera!!! Umm!!!

Aitortu behar dut garraio publikoan bakarrik eta isilik (arraroa) joatea gustatzen zaidala. Tira, nire ondoan dagoena laguna, lankidea, ikaslea edo oso ezaguna bada, gustura joaten naiz kontu kontari, baina ezin dut jasan ezezagunekin edo oso gutxi ezagutzen ditudan pertsonekin berbetan jardun beharra. Horretarako nire liburu/egunkari/irakurgaiaren konpainia nahiago dut. Ez dago gauza agobianteagorik mintzatu nahi ez duzunarekin derrigor hitz egitea baino. Horregatik erabiltzen dut beti parapeto irakurgarriren bat.

Orain hiru bat aste, baina, ziklogenesi esplosiboari "esker" (Iparraldekoentzat, Klaus ekaitza) Mallabian trenbidea jausita egon zen. Hori dela eta, aste luze batean trena eta autobusa hartu behar izan genituen gure bidea egin ahal izateko. Horrelakoetan lagunak egiten dira, askotan Euskotrenek inongo informaziorik ematen ez duelako, eta bidaiariok gure artean argitu behar izaten ditugulako zalantzak (alde horretatik, Euskotrenek asko dauka ikasteko, benetan). Horrelako zati batean, Durangon trena hartzen duen neska bat hurreratu zitzaidan, azken berriak komentatzeko. Lehen ere ikusita neukan, eta biok geltoki berean egoten ginen. Baina trenarenagatik berbetan hasita geunden. Behin, gainera, bere ondoan ere jarri izan behar nuen.

Handik aurrera igerri nuen geralekuen agurtu eta hurreratze saioak egiten zituela, estrategia argiak zituen nire ondoan jarri eta berriketan hasteko: "¡Qué frío!, ¿no?" eta horrelakoak. Nik, halere, "SÍ" esan eta trena ailegatutakoan beste ate batetik sartzen nintzen, eta bakarkako aulkietan jesarri. Beti bera saihesten. Behin telefono dei bat ere hartu nuen aitzakitzat berarekin ez esertzeko, famatuak aireportuetan bezala, kazetarien galderei ez erantzuteko.

Seguru neska jatorra dela, baina Durangotik Ermura (bera bertan jaisten da) zer deomontre esango diot? Gogorik ere ez dut izaten ezer esateko, ezta pentsatzeko ere. Oso desatsegina eta deserosoa egiten zait, nahiko daukat musika denondako jartzen dutenekin. Zergatik ez naute errespetatzen? Zergatik ez dute nire espazioa gordetzen?

Irtenbidea aurkitu diot: euskaltegia estaziotik zein geralekutik antzeko distantzara dago; hortaz, lehenxeago irten eta geltokira joaten naiz, eta bakarkako jarlekuan jesarri, liburua atera eta irakurtzen hasi......umm, plazera!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua