Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Kafesnea=café con leche!

Leire Narbaiza 2009/02/25 11:35
Ez da hain zaila, demontre!!!

Aurreko asteburuan kafetera hondatu zitzaidan, goma alferrik galdu eta ez zuen kaferik egiten. Hori dela eta, etxe inguruko tabernetan gosaldu nuen hiru egunetan. Eibarren. Taberna bat Ibarkurutze kalean, beste bat Errebalen eta bestea Bidebarrietan. Datu hauek garrantzitsuak dira, ez zait Sanlucar de Barramedan gertatu-eta.

Lehenengo egunean Kili-kilira joan nintzen. Atenditu ninduen kamarerak atzerritar itxura zeukan, hegoamerikarra, hain zuzen ere. Nire artean duda egin nuen zelan eskatu, gaztelaniaz ala euskaraz, eta kafesne bat eskatu behar nionez, euskaraz eskatzea erabaki nuen...... Ez dakizue zelako keinua egin zidan!!! eskuak zabal-zabalik, bakarrik falta zitzaion hatz erakuslea lokira eroan eta zoroei egiten zaion planta egin! Bene-benetan diot, ez zaio beroarena kendu behar! ¡¡¡¡QUÉ!!!! ere esan zidan, eta gero "¿un cortado?". Nik ezetz, gaztelaniaz, "con leche", badaezpada ere.

Zerbitu zidan, eta amorruaren amorruz zerbait esatea pentsatu nuen. Ordaintzerakoan, dena "en perfecto castellano", esan nion: "Mira, kafesne es café con leche: kafe esne, café leche. Para la próxima vez". "Si, si, si" egin zidan, eroei moduan, eta joan egin nintzen, ernegatuta. Nora? euskara irakastera? Zein polita!!!

Hurrengo egunean, Trinketera joatea pentsatu nuen. Atzera ere kamarero hegoamerikarra, "buenosdias-ka". Berriro ere, kafesnea eskatu nuen, euskaraz. Bera, edukatuago, "¿Cómo? ¿un cortado?". Nik, "no, con leche". Honi ez nion ezer esan. Negar egiteko gogoa baino ez neukan. Kafesnea hartzen nenbilen bitartean burutik pasatu zitzaidan inortxok ere ez ziela inoiz ezer euskaraz eskatu, euren itxurarengatik, ziur. Baina ez dut sinesten zonalde horretan bezero euskaldunik ez daukatenik. Gero, Atoan interesgarria irakurtzen ari nintzela kanpainia honen berri izan nuen:

 

Jakina, Katalunian da kanpainia hau!

Baina, harira itzuliz, kafesneen esperientzia ez zen Trinketen amaitu, ez horraittiok! Hurrengo egunean, kafeteraren goma eskuan erosi berri nuela, azken  inkurtsioa egin nuen Ibaiondo tabernan. Kamareroa ez zen hegoamerikarra, gizon arrunta baizik, ez oso gaztea. Uf! esan nuen, honekin ez dut arazorik izango! Ja! Nik kafesnea eskatu, eta ez zidan, bada, esan "¿un café cómo?". Negarrez hasteko nengoen! Fernando Muniozguren zenak beti esaten zuen Eibarren dendetan-eta, euskaraz ez jakin arren, edozeinek ulertzen zuela eskatutakoa. Ni ados egoten nintzen, baina badirudi atzera egin dugula.

Frustrantea izan zen, ezin nuen sinistu ni nintzela euskaraz kafesnea eskatzen lehena. Gainera, ez nuen "kafitesnia" eskatu, Eibarren esaten den moduan. Era errazena eta argiena, beharbada: kafesne bat!

Lehenengo bien kasua gure utzikeriari egotzi nion, "konfliktoa" (atzerritar baten aurrean) saihestea, errazkeria. Baina hirugarrenaren kasuan ez nuen ezer ulertzen. Gizon hura ez dakit nongoa zen, eibartarra, seguru aski, ofizioan luzaroan ibilitakoa. Eibarren. Behin eta berriro aipatzen dut datua gure herrian ezagutza %50etik gorakoa denean.

Hau guztiau gertatu ondoren Mertxe Mujikari Argian egindako elkarrizketa irakurri nuen eta hauxe zioen Sustrai Kolinaren galderaren aurrean:

Argia-Etorkinek euskarara hurbildu behar dutela esaten dugu.

M M-Bistan da euskara integraziorako bide bat dela. Asko esaten da etorkinak euskaldundu behar direla, baina hemen jaio diren Mujika abizeneko erdaldunak zer? Horiek ez badira euskarara hurbildu zergatik hurbildu behar dira etorkinak?

 

Eta arrazoia duela pentsatzen dut. Ez badugu lortu Ibaiondokoak kafesne hitza aditzea, zer dela eta etorkin berriengan ardura hori jarri, Burgosko etorkinei, edo bertako zortziabizeneuskaldundun-Oerreatxenegatiboei presiorik egin ez diegunean?

Dena den, uste dut ez dela beranduegi aspaldiko kanpaina horri ekiteko, eta Katalunian atzera ere martxan jarri dutena guk ere kopiatzeko: Lehenengo hitza euskaraz!

EREdun!

Leire Narbaiza 2009/02/21 01:46
Krisisan aurrian, umoria!

Ardau hau zerbidu zeskuen bazkari baten: Eredun ardaua EREDUN
Eredun, krisiserako ardaua! ezin aproposagua sasoi hónendako!
Umoria bihar da, nahitta baltza izan!

Titi ikaratua

Leire Narbaiza 2009/02/18 21:26
Baina ez lotsatua

Hizkuntza minorizatuetako hiztunok askotan gure berbeta horren lotsa sentitzen dugu. Euskaldunok oraindik pairatzen dugu gaitz hori, zoritxarrez: lotsa, ikara, beldurra, deserosotasuna, beti gurea defenditzen ibili behar izatea, ignoratuta sentitzea gure etxean bertan....

Jakin dut, baina, Berlinalea kitxuaz zati handi batean errodatutako film batek irabazi duela. Arraroa begitandu zitzaidan, baita poztu ere. Ohean nengoen oraindik irratia entzun nuenean berria, erdi lo. Hala ere, zeharo esnatu nintzen protagonistak eskerrak ematean, gaztelaniaz egin ondoren, kitxuaz mintzatu zenean. Emozionatu egin nintzen, ia negarrak irten arte.

Segituan, Donostiako zinemaldiarekin akordatu nintzen. Bertan euskara exotismo pixka bat emateko baino ez du balio, gure janaria eta "marco incomparablearekin" batera. Iraindua sentitzen naiz beti.

Hona hemen aktorearen eskertza, baita kantatu zuena ere:

Erreferentzia "Instituto lingüístico de invierno"

blogetik jaso dut. Denontzat da eredu eta argia, denok barku berean goaz eta!

Bejondeiola!!!

Ametsak

Leire Narbaiza 2009/02/17 21:15
Sarritan gogoratzen ditut gauez egindako ametsak.

Askok diote eurek ez dutela ametsik egiten, gero esnatzean gogoratzen ez dituztelako. Nik, ordea, sarri askotan akordatzen naiz gauean egin dudan pelikularekin. Gutxitan izaten dira amesgaiztoak, zorionez. Izatekotan, estutasuna sentitzekoak edo bestela erruduntasuna agertzen dutenak. Amets erotikoak ere, zoritxarrez, gutxitan.

Beste batzuetan, baina, ederrak dira, politak, atseginak, esnatzerakoan erlaxazioa eta umore ona lagatzen dutenak. Pena ematen dit askotan ametsetan ibili naizela jakiteak, benetan gertatu ez zaidala; izan ere, gauez unibertso paralelo horretan murgiltzen naiz, eta Hendaiara naraman topoa, eskola-patioa bihurtzen da, baserritar jantzita nagoen bitartean. Abarkak janztea benetan ekintza limurtzaile eta erotikoa dirudi, nahiz eta abarkon lokarria berezi samarrak izan....

Pozik esnatu naiz, eta pozik segitu dut dei batek (beste egun batean, agian) haserrarazi nauen arte. Eta poztasun edo alaitasun hori ametsetan bizi izandakoak eman dit. Gustura egon naiz, irribarre erdi bat ahoan (beharbada ergel musua izango nuen goiz osoan). Mundua konkistatzeko gai sentitzen nintzen, edo eibartarrak posta zerrendako afarietan esaten dugun moduan: munduaren dominazioa nire eskuetan zegoela sentitzen nuen. Orain ia urte bete post honetan "Itxurian indarra" idatzi nuenaren kontrara, hain zuzen ere. Edozertarako gai nintzen, emakume indartsua nintzelako.

Mundu onirikoa benetakoa ote da? Geure buruak sortzen du esnatze hobeak izan ditzagun? Egunerokotasunean ez duguna, gauez konpentsatzen dugu? Endorfinak jariatzen ditugu? Burmuinak beste errealitate batzuk behar ditu funtzionatu ahal izateko? non zaudete, Freud eta Jung?

Asteburu konplikaua

Leire Narbaiza 2009/02/13 23:42
Azken asteburuari bistazua jo ezkero, emongo dau nere agendia beti bete-betia daguala. Baiña ez da holan, aspaldi ez nekan ebentorik eta hillabete bittan euki ez dodana, asteburu bakarriak. Enfin!

Ez da egoten gure esku denpora libria antolatzia, hainbat hitzordu "inposatu" egitten jakuz, eta neri holan pasau jata asteburuan, tartian bizitza eta heriotza. Eta askatasuna. Hiru hórreri zeiñek jarri leikixe mugia, ba?

Aste amaiera barri zoragarrixakin hasi genduan: Gari jaixo zan eguenian, eta burua hegan nekan ezagutzeko goguakin, konzentrau ezinda ibili nintzan biharrian, eta arratsaldian bertan Mendarora juan nintzan ezagutzera. Zoragarrixa! Emoziñua gaiñezka.

Zapatua be bete-betia zetorren. Alde batetik, lagun eta ezagunen zorion-emotiak, irribarriak eta besarkadak. Bestetik, Garazin ondo etorri bazkarixa. Garazi etxian dago, bere alabatxo Amaiurrekin. Zapatu ona, barrez eta laztanez betea. Kartzela gehixagorik ez, kalian libre, aldapara behera eta gora. Bazan ordua, sei urte hónek askatasun barik batzuen kapritxuagaittik. Ez dakitt Garazi ezagutzen dozuen, baiña nik bai, umetatik. Goittik beherako neskia (andria), berangan konfiantzia jarri leike, eta argi dakaz gauzak. Ikaragarri estimatzen dot; horretara, bere ondo etorrixan egotia benetan pozgarrixa izan zan. Ondo etorri, potxola!

Baiña zoriona ezin da ioiz osua izan, eta bizperan jakin neban umetako lagun baten aitta hil zala, kuadrillako Elvirana, hain zuzen. Zelako txokia! Derrigor juan bihar nintzan funeralera, nahi ta berakin 20 segundo egon, ezin netsan kale egin. Beraz, Azittaingo bazkarittik, San Andres elizara. Bertan, batzuk neri zorionak emoten, eta ostian, dolumiñak emoten. Zelakua dan bizitzia!

Gero  afarixa euki neban, batetik Garbiñen eguna izan zalako, eta betsetik Kontxiña izan bihar zalako. eta atzera buelta, ospakizuna!! Eta zorionak. Emoziñuak txiribitak egitten nittuan: barre, irribarre, negar,....

Zorionez, baiña, domekan Mendarora bueltau giñan Gari ikustera, eta berak emon zeskun ume jaixo barri batek baiño emon ezin daben pakia eta lasaittasuna. Bittartian, gure espiritua Maite Rementeriakin zeguan, bagekigulako paritorixuan zeguana, eta luzaruan gaiñera! Zorionak, guapa!

Jakiña, astelehenera leher eginda aillegau nintzan, sentimientien burpil zoruan sartuta, emoziño larregi bizi izanda. Beste asteburu bat bihar neban rekuperatzeko! Hainbeste bizi izanda hain ordu gitxittan, pot eginda geratu nintzan. Baiña irribarretsu.

Gari

Leire Narbaiza 2009/02/06 23:58
Izeko egin nabe!

Atzera be besuetan hartu dot apenas eguna dakan umia. Txikixa, azal suabia, usain gozua....Halako pakerik emoten dabenik ez dago munduan. Luzaruan euki dot gaiñian, laster burrukak be izango dittugu zeiñek eutsi beso artian. Sensaziñua ikaragarrixa da!

Aillegau da gure loibatxo Gari! Santa Ageda egunian jaixo da Mendaron. 3,100 kilo izan dittu eta 50cm luze. Kordoia saman bueltan zekarren eta horregaittik forzepsak erabilli zittuezen etara ahal izateko. Koitxaua!

Oso mutiko bizixa da, begixak haundixak eta zabal-zabal dakaz ixa denpora guztian esnarik daguelako. Eskuak eta oiñak haundixak eta atzamarrak oso luziak dakaz, horretan Narbaiza da, horraittiok! Arratsalde osua eskuak zabaltzen eta ixten emon dau, diskursua botatzen balego moduan, edo pentsatzen edo tai-txi egiten...ez da geldirik egoten!

Eta ni adurra darixola ikusi leiken moduan:

Leire eta Gari

Beheko erretratua ikusten da ze bizixa dan

Gari

Guapua mutilla ezta? Ba, ia zelan jarratzen daben aurrerantzian. Guri, behintzat ekarri desku zoriona eta ilusiñua. Milla esker eta ondo etorri, txikitxo!

Akordatzen

Leire Narbaiza 2009/02/03 12:51
Joseba Sarrionandiaren liburua.
Akordatzen 

Hamazazpi urterekin "Ni ez naiz hemengoa" irakurri nuenetik, Joseba Sarrionandiaren fana naiz.Orduan sasoian irakurketa berriak egiten hasita nengoen, eta kartzelako eguneroko sui generis hark kontatzeko beste modu bat erakutsi zidan. Eta, kontizu, Sarrik orduan ez zeukan gaur egun daukan fama, ezta gaur egun bere egoerak sotutako aura hori ere. Jakina, uda horretan egin zuen-eta ihes Martutenetik!

Sarrionandiarekin ikasi nituen sinonimoak eta hizkuntzarekin olgetan ibiltzea zer zen. Asko kostetzen zitzaidan ulertzea, nire euskara maila kaskarra zelako. Hala ere, bere idatziek niri zerbait ematen zidaten, magia berezia zeukate, eta bere liburu guztiak erosi eta iretsi egiten nituen. "Lagun izoztua" agertu zen arte, liburu horrek beldur puntu bat ematen zidan, ez dakit, defraudatu egingo ninduela uste nuen. Luzaroa izan nuen ez irakurrien apalean, baina azkenean animatu nintzenean ikaragarri gustatu zitzaidan.

"Akordatzen" agertu zenean, haseretu egin nintzen. Durangoko azokarako atera zuten eta tamaina eta prezioa ikusi nuenean, denetarik esan nuen. Uste nuen adar jotzea izan zela, Sarrik asko saltzen duenez, negozioa egiteko amarru hutsa. Egia esan, "Kolosala izango da" liburuaren tamaina (ipuin luzea) ikusita, eta ostean "Akordatzen", bazirudien gu engainatzeko eginda zegoela, dirua egiteko. Hainbesteko amorrua eman zidan, non ez nuen erosi, ezta irakurri ere.

Baina lehengo batean, irakurtzen niharduen liburua amaitzear neukan; hau da, itzultzeko trenean ezer barik geratuko nintzela. Orduan, apaletik hartu egin nuen, buelta atseginagoa egiteko.

Eibar-Durango-Eibar -nire lehenengo nobelari izen hau jarriko diot :-)- bidaiak ez dira oso luzeak, liburua ere ez. Lehengo aiputik harrapatu ninduen; izan ere liburua paragrafo txikiz, aipuz osatuta dago. Ia denetan "akordatzen naiz" esaten du, edo oroitu, edo gogoratu, .....baina gehienetan "akordazten naiz".

Bizitzako xehetasun txikiekin akordazten da, gauzak, pasadizoak. Nostalgia eta oroimena. Eta ni trenean, altuan irakurtzeko gogoz. Itzela. Oraintxe bertan ere, liburua eskua artean hartu eta edozein pasarte leitzen badut, altuan egiteko gogoa etortzen zait. Pentsatzen nabil grabatzeko modukoa dela, eta gogo ikaragarria daukat hori egiteko. altuan irakurri, eta disfrutatu. Taldean eginez gero hobeto. Beharbada, nire eibar.org-ko GPS kideei komentatzeko moduko kontua izan liteke....

Liburura itzuliz, esan behar dut, hizkera arrunta darabilela, laua. Baina era berean oso-oso poetikoa, pedantea izanez gero, iradokitzailea esango nuke. Nostagikoa delako, agian, bihotzekoa eta txikikerietan zentratutakoa, eta azken finean bizitza hori delako, gure historia pertsonala hori baino ez delako: gauza txikiak, gomuta apurrak buruan.

Ni liluratu egin nau liburutxoak, joiatxo bat dela uste dut, noizean behi zatitxoak irakurtzeko, eta disfrutatzeko. Formatua ere asko gustatu zait, koaderno itxura horrekin, erlojuak nonahi. Ez nuen uste 2004an irten zuenean hau esango nuenik: kostatzen duena, balio du.

Guztiz gomendagarria, intimismoa gustatuz gero, behintzat! Ia grabatzen dugun!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua