Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Egunkarian aldeko erretratua

Leire Narbaiza 2009/11/29 00:24
Konzentraziñuaz aparte, erretratua be etara deskue.

...eta kitto.com-etik "ostu" dot erretratua, eta parkatuko deste. Nahiko illuna da, eta izan leike pipàrrik be ez ikustia. Igarri, baiña, igartzen da zenbat jente alkartu garan.

 Argazkiak.org | Egunkaria Libre Untzaga © cc-by-sa: etakitto

(ikusi nahi baduzue argazkia haundi-haundi danon arpegixak ikusteko moduan egin klik hemen

)

Ez dogu ahaztu bihar epaiketia hillan 14an hasiko dala, eta Gaur Martxelo Otamendiri entzun detsadan moduan, Audientzia Nazonalak ez desku esukaldunori ezer onik ekartzen.

Kaltia egin zeben oin zazpi urte itxi ebenian Egunkaria. Baiña katia haundixagua izan leike, kartzela zigorra, eta zelakua, gaiñera.

Ikusiko dogu. Mobilizaziño gehixago egongo dira, eta adi egon biharko gara.
Egunkaria, LIBRE!

Egunkariaren aldeko konzentraziñua Eibarren

Leire Narbaiza 2009/11/27 11:00
Epaiketa laster izango da.

 

Argazkiak.org | Egunkaria © cc-by-sa: txargain

 

Datorren zapatuan hilan 28xan, eguerdiko ordu 1etan, Egunkariaren aldeko elkarretaratzea egingo da Untzaga plazan. Eibartar guztiak dagoz gonbidatuta. Gero eta hurrago dago Egunkarixan epaiketia. Zentzugabekeria hori salatzeko deittu da konzentraziñua.

Gu gara euren azken esperantza!!

Ez dute uzten maitatzen gauean

Leire Narbaiza 2009/11/26 14:00
Eten barik!
no time for love 

Gaur pasatuko dira hogeita hamalau gazteak epailearen aurrera. Eurak gogoan, post hau.
Hertzainak taldearen kantuak hogei urte luze dauzka; baina, zoritxarrez, aktualitatea ez du galdu. Ez dute uzten maitatzen gauean.....
Entzun kantua letra irakurtzen duzuen bitartean:


No time for love
Hoien legea guretzat apartheid,
gartzela, ihesa, hauspena ta isiltzea
hoien legea,
zu ta ni euren gisara edukitzea.
Gordeak dituzu arma ta izpien
kontrako altzeiru atzean
eta gu negar gasen mende gaudenok
oker omen gaude

Ez dute uzten maitatzen gauean

Tortura sufritzen, zeldatan usteltzen,
gutunak idazten eta bertan hil.
Eutsi zioten minari baina
bakardadeak irentsi.
Gorteek justizia egin zieten
matoi txukunen gisan.
Maiz borrokatuak iraun gogoz
baina maizago hiltzea nahi

Ez dute uzten maitatzen gauean
ez agurrik, ez negarrik gauean
ez zergatik, ez norarik gabe
sirenotsa garraisi bakarra gauean.

Eraman zuten Francis Hughes gaztea,
baita haren lengusu Tom McElwee ere
etorri ziren Patsy Ohara,
Bobby Sands ta lagunen bila.
Bostonen, Chicagon, Saigonen,
Santiagon, Varsovian,
Gasteizen eta Belfasten
eta beste hainbat lekutan.
Hau zerrenda amaigabea!

Zatozte anaiei borrokan
lagundu nahi duten guztiak.
Gerrara ohitu zintezke,
baina gerra egon badago.
Arrainak itsasoa behar du ta
herriak zu behar zaitu.
Gure gogoak iraun artian
ez da beldurra nagusituko.

Ez dute uzten maitatzen gauean
ez agurrik, ez negarrik gauean
ez zergatik, ez norarik gabe
sirenotsa garraisi bakarra gauean.
Sirena garraisi bakarra gauean. 

Icebergaren tontorra

Leire Narbaiza 2009/11/25 18:02
Azaroaren 25a dugu gaur, emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna.
Puntu lila

Ez naiz egun seinalatuen zalea, egia esateko. Baina, zoritxarrez, horrelakoak beharrezkoak dira emakumeon kontrako erasoekin amaitu gura badugu.

Komunikabideek gaur behin eta berriro aipatuko digute zenbat andrazko hil dituzten euren bikotekideek edo bikotekide ohiek. Zenbat salaketa jartzen diren, zenbat atxilotu.....dena oso gogorra, dena oso larria. Baina inoiz galdetzen dute zergatik? Zer dela eta horrelako zenbakiak, kopuruak?

Argi dago genero biolentzia icebergaren tontorra baino ez dela, egunero hainbat eraso gertatzen direla. Eta horrela esanda, badirudi bortxaketaz edo sexu jazarpenaz dihardudala. Ez, arazo honen hondoan generoen arteko desberdintasuna dago. Gizon batzuek esango digute euren inguruko andreak ez direla eurak baino okerrago bizi, antzera bizi direla, eta arrazoia izango dute; izan ere, gizarteak aurrera egin du arlo honetan, eta gauzak pittin bat aldatu direla esan genezake.

kartel instituzonala

Hala ere, arazoa sakonagoa da. Jaiotzatikoa, esango nuke. Oraindik ere jaio berriendako arropa erostera joanez gero, neska ala mutila den galdetzen dute, janzki arrosa ala urdina erakusteko, eta hainbat familiak ez dio mutikoari arropa arrosa jarriko, eta alderantziz. Hau lehen ez zela hainbeste gertatzen esango nuke, ekografiarik ez zegoelako, eta sorpresa izaten zelako umearen sexua. Hortaz, arropatxo asko zuria zen, edo arrosa, urdina eta zuria.

Jende askok hainbesteko garrantzia ematen dio mutikoa urdinez janzteari! Zergatik? Ez daukat erantzunik, baina neska izan ez dadin, kutsatu ez dadin dela esango nuke. Horrela sumatu dut. Badirudi neskak urdinez janztea "baimenduago" dagoela; mutilak, ostera, ez.

Zuetako askok pentsatuko du hau sekulako tontakeria dela. Eta hala litzateke hor geldituko balitz. Baina ez, hori hasiera baino ez da. Jostailuekin jarraitzen du, printzesekin, arrosaz pintatutako gelekin, mozorroekin.....horrela nerabezarora arte.

Hori icebergaren ipurdiko zatitxo bat da, adibiderako. Beste gauza batzuk ere badaude, larriagoak. Iruzkin iraingarriak, esateko. Gure bular, ipurdi eta sexu organoez egiten diren komentario zabarrak. Nik neuk jaso dut horrelako erantzun bat asteon, eta benetan uste dut bota zidanari ihes egin ziola. Baina ez diot damurik igarri. Ni, ordea, iraindua sentitu nintzen, umiliatua, oso gaizki. Esan nion, jakina, ez naiz isiltzen den horietakoa. Hala ere, ez dut uste berak asko hausnartu zuenik.

Horrelako gauzak emakumezko guztiok sufritu dugu. Denok egin dugu antxintxiketan kale ilunetan, edo eskailera batzuk saihestu beldurra ematen zigutelako. Gizonezkooi gertatu ote zaie horrelakorik? Beldur hori zergatik da geurea bakarrik?

Lan munduan ere gure lekutxoa egiten ari garen arren, oraindik bidea luzea da. Horregatik Ela, Lab, Esk, Eilas, Ehne eta Hiru sindikatuek sexu jazarpenarekin amaitzeko protokoloa eskatu dute. Hemen behean jarri dut:

Azaroak25 2009 Eu
View more documents from txargain.

Eilas-en webean kartel hau topatu dut. Ikusita neukan eta asko gustatu zitzaidanez, jartzea pentsatu dut. Web horretan  unitate didaktiko bat ere badaukate ikasleekin gai hau lantzeko. Oso interesgarria iruditu zait.

 

Kartela

Eta amaitzeko Kantu bat Eutsi taldeak garbatutakoa egun dela eta. Beldur barik dauka izena

 

Hori desio dut, beldur barik bizitzea, kalean trankil, erasorik existituko ez direlako.

Guipúzcoa, Bilbao

Leire Narbaiza 2009/11/18 21:18
Televisión españolan ikusitakoa.

Domeka arratsaldean, sofari ipurdiarekin distira ateratzen ari gintzaizkiola, aho bete hagin laga gintuen infografia bat ikusi genuen. Zur eta lur, sor eta lor, zurtuta, harrituta esateko topa litezkeen esamolde eta esera guztiak erabili genituen

Izan ere, España directo saioan astakeria hau ikusi genuen:

 

Argazkiak.org | Gupuzcoa, Bilbao © cc-by-sa: txargain

 

 

Flipatuta! Egin liteke okerrago? Lehenengo herria jartzen dute; ostean, probintzia. Horretara, Guipúzcoa herria da eta Bilbao probintzia. Behin ere ez dute asmatu! Primitiban irabaztea ez dute esperoko, ezta?

Estatuko komunikabideei zer gertatzen zaie, baina, hemengo geografiarekin? Zergatik kostatzen zaie hainbeste ulertzea probintzia bakoitzaren hiriburuak izen bat duela? Eta bakoitzaren izena? Eta herriak non dauden? Oso erraza da! wikipedia, google, mapak, atlasak....Gaur egun ez dago aitzakiarik! Mila baliabide dauzkagu klik batean!

Utzikeria da, berdin zaie gurea. Espainiar nahi gaituzte, baina euren erara! Basko deskafeinatuak, gatz bako ogia baino txepelagoak. Ezjakin koadrila! Eta ortografiaz ez dut ezer esan! Horretaz blog oso bat idatz liteke. Zer egin genezake? Ez dute erremediorik, barren!

Post scriptum: Posta argitaratu ondoren, Luistxo Fernandezek (mila esker) bidali didan beste perla kultibatu bat, oraingoan ABC egunkarikoa. Honek ere badu komentatzeko hainbat gauza: 

 

Argazkiak.org | ABC: Victoria © cc-by-sa: sustatu

 

 

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua