Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Zikloia!

Leire Narbaiza 2009/01/24 14:02
Zikloi baten erdixan ei gagoz. Haizia, eurixa, txingorra.....

Alerta gorrixan gagoz atzotik. Zikloi bat gaiñian dakagu. A Coruñan atzo ume eta gaztetxoak ez zeben klaserik euki, 14 metroko olatuak, Donostian paseo Berria itxitta eta bentanak oholez jositta....Itzela!

Atzo arratsaldian biharretik trenera nindoiala (5 miñutu oiñez) mela-mela amaittu neban, guardasol eta guzti! Zirimirixa, haizia....Erropa batzuk nittuan eskegitta kanpuan baiña babesian, eta blai zeguazen. Bertan lagatzia pentsau neban, baiña gabeko 12xetan erabagi neban kentzia bustitta egon arren, bestela Mallabixan agertuko jatazen, gitxienez.  Persiania jaso, eta erropa guztia siku! Etxe aurreko parkeko lurra be bai! Haluzinauta! Lur horreri asko kostatzen jako sikatzia, egunak. Termometruari begiratu eta 16ºC! Gaiñera, momentua horretan ez zebillen haizerik, haize-zaratia, ostera, bai! Oso gauza rarua, gure herrixan gaiñetik haizia ibiliko balitza moduan, baiña herrixan ez.

Zaratia, itzela. Bart oso berandu hartu nau luak, fiuuuuka, persianak astintzen, gauzak botatzen....ikaragarrixa. Azkenian, lortu dot, eta ondo. Hori bai, goizian auzuak tinbria jo, eta esan desta patixoko luzero zati bat haziak eruan dabela, egurrezko habe zatixa eta tejabania. Ni ez naiz enterau, goizeko 6retan izan da. Zati horrek teillatuan jo, eta etxe aurreko kontenedore gaiñian jausi da. Zorionez, ordu horretan izan da, ixa jenterik ez dabillen orduan. Horretaz gain, ez da automobil baten gaiñian jausi eta txikittu. Suertia izan dogula esan leike.

Holan geratu da luzerua (euripian eta ahoz gora etaratako erretratua da):

Luzerua

Oiñ, patixuan eurixa danez, ura darixola dakagu. Ezin labadorarik egin.

Zatixa, jausteruzkuan, kontenedore bat bota dau. Beste auzo batek esan desta San Andres eskolako kontenedoriak karreteran ibili dirala kotxiak balitzaz moduan! Txomoko parkian be nunundik jausi da zaborra. Momentu honetan eurixa dihardu, eta patixua bustitzen dakagu. Eta zapatua da!

Zikloian eragiña izan da hau. Espero dogu kaltiak handixaguak ez izatia. Zueri pasau jatzue ezer?

Nire zapi palestinarra

Leire Narbaiza 2009/01/22 21:13
Armairuan daukadan benetako zapi palestinarraren historia.

Zapi palestinarraHona hemen zapien sarreka, palestinoa gain-gainean duela.

Orain hogei bat urte modan jarri ziren zapi palestinarrak. Ia denok geneukan bat. Egia esan oso zapi goxoa eta erosoa da: handia eta berogarria. Nik, benetan badiotsuet, samaren bueltan eta lepo gainean aparte, buruan eta gerrian lotuta ere erabili izan dut. Buru gainean, belarri sentiberak ditudanez, haize hotzarekin min izaten dut, eta zapi honek makinatxo bat bider lagundu izan dit babesten. Gerri bueltan ere, hotzagatik, edo antzerkiren baten...

Baina paineluaren historia ona da. Izan ere, zapi hau ez zen nirea, aitarena baizik. Ez pentsa Eustakio oso modernoa zenik janzten, bere sasoiko ia gizon guztien moduan, klasiko-klasikoa zen. Baina zapia opari ekarri zioten Palestinatik, Jerusalemetik, hain zuzen ere. Badirudi, bere lagunen bat Lur Santura (horrela dakar euskaltermek Tierra Santa) joan zela, eta Takiorekin akordatu, kontizu! Kafiya jantzita arabiarra emango zuela, gure aldeko ia narbaizatar guztiok oso beltzaranak garelako. Broma egitearren ekarri zion, buruan jartzeko moduan, kordoi beltz eta guzti. Seguru aski turistentzako dendaren baten egongo dela erosita, beltza ez baitago bordatuta, eta ia guztiak horrelakoak direlako. Lehen kalitate hobea zuten. Jordanian izan nintzenean, denak ziren bordatuak eta kolore guztietakoak zeuden. Ahizpari gorrian ekarri nion, oso polita benetan.

Eta horrela ibili zen bueltaka zapi hori etxean, nik berreskuratu eta kalera ateratzen hasi nintzen arte. Neguko osagarririk preziatuenetakoa zen: epela, erosoa eta modakoa. Halako batean, baina, armairuan geratu zitzaidan, erdi ahaztuta beste painelu, bufanda, pashmina eta fularren artean. Eta nik ezer botatzen ez dudanez, gordeta daukat sarrekan (kajoian), ateratzeko zain.

Egia esan "Vaya semanita"ko esketxek ez zidaten asko lagundu, hainbeste barre egin dutenez estilo horren kontura. Baina, berriro ere modan jarri denean, ateratzeko asmoa izan dudanean Israelek Gazaren kontrako esterminioari ekin dio, eta zapia errebindikazio bihurtu da. Horrela, berriro ere atzera egin dut, eta ez dut jantzi, pena handiz. Lotsa puntu bat ematen dit!

 Dena dela, nire zapia zahar dago, goxoa segitzen du izaten, baina urteak eta trotea nabaritzen zaizkio. Izan liteke, blogean idatzi ostean jartzea eta erabiltzea. Eta txartoegi badago, agian, ahizpari Jordaniakoa ostea....Erostea ez du merezi, denak kaskar samarrak dira-eta.

El Cascanueces

Leire Narbaiza 2009/01/12 00:24
Dantza emanaldian izan nintzen Gabonetan

Dantza asko gustatzen zait, txikitatik. Bai egiteko, bai ikusteko. Ahal dudan guztietan joaten naiz ikuskizunen batera. Baina beti euskal dantzak edo dantza garaikidea ikusi izan dut, eta aspaldian neukan gogoa ballet klasiko bat ikusteko, tutua darabilten dantzariekin eta malladun printzearekin.

Horregatik "El Cascanueces" Txaikovskiren lana Bilbon, Euskaldunan hain zuzen ere, zegoela jakin nuenean, sarrera bi erosi nituen, zirt-zart. Amaren urtebetetzeko oparia egiteko oso ondo zetozkidan: txori bi harri batekin!

Joan ginen igande horretan Euskaldunara. Askotan izan naiz bertan, baina beti beheko aretoetan, biltzarretan-eta. Sekula, baina, areto nagusian egon barik. Eta haluzinatu egin nuen. Zein ederra den! Telebistan ikusita neukan, baina zuzenean itzela begitandu zitzaidan! Oso-oso polita!

Justu-justuan iritsi ginen, Biboko domeka arratsaldeko ataskoak ez nituen kontuan hartu-eta. Jesarri eta hasi egin zen, komunera joateko astirik ere ez zigun eman. Argia itzali, eta hasi zen ikuskizuna. Hor ere gure lehenengo dezepzioa: musika grabatua zen. Ez dakit orkestra oso espero nuen, baina ez behintzat musika grabatua.

Dantzaldia aurrera egin ahala, konturatu nintzen dantza taldea (cuerpo de baile nahi dut esan, baina ez dut inon aurkitzen); hau da, dantzari protagonisten atzean dantzan egiten duten dantzariak, sinkronizazio gutxi zutela; batzuk besoa jaisten ari zirenean, pare batek igotzen. Ilarak nahiko desordenatuta, batera gauza gutxi egiten zituzten. Pentsatzen dut entsaio asko falta zela, eta gainera dantzariren bat ez zela besteen mailakoa....

Gaiztoa naizela esango duzue, baina dezepzionatuta geratu nintzen. Eta ezin dezaket esan disfrutatu ez nuenik. Hala ere, uste dut horrelako propaganda egin zaion ebentoak kalitate handiagoa izan zezakeela. Sarrerak merkeak ez ziren horratio!

Gainera esan behar dut hartzeko zegoen triptikoan; hau da Gabonetako ikuskizunak iragartzen zituena, erdera hutsean  zegoela. Euskarazko berba bakarrak "Euskalduna" edo "Euskalduna jauregia " ziren, eta euskaraz egiten zuten bakarrak, gu. Oso giro arraroa eta arrotza.

Azken batean, esan behar dut disfrutatu nuela, lekuagatik, giroagatik, dantzari batzuengatik. Baina ahoan laga zidan gustua gazi-gozoa izan zen. Beharbada, beste ikuskizun batzuekin, teorian apalagoak zirenekin, gehiago disfrutatu dut, antzoki txikiago eta xumeagotan, oso urrun joan gabe. Eta euskaraz!

Dena den, nahiko nuke ikusi orkestradun balleta, tutu eta tularekin, klasikoetan klasikoena. Dantzariak puntetan ia ikuskizun guztian, eta koroitxoekin buru gainean. A! Eta printzea malla zuriekin jantzita!

 

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua