Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Emakumeon exijentziak

Leire Narbaiza 2008/06/26 18:11
Aurreko post baten erantzun batek andrazkoon exijentzien gainean hausnarrarazi dit.

Afektuen deslokalizazioaren gainean jardun nuenean, Patxitrapero jaunak erantzun bat laga zidan. Bertan zioen exijentzia maila ikaragarri igo dela, alde guztietatik. Nik arrazoia eman nion, pentsatzen dudalako exijentzia ikaragarri handitu dela, onerako zein txarrerako.

Batetik, gizonekiko exijentzia handiagoa da, zorionez. Orain belaunaldi batzuk arte, emakukumeen etorkizuna bi eratakoa baino ez zen: komentua ala ezkontza. Ez zegoen besterik, hortik kanpo belditzen zena, arazoak baino ez zeukan: prostituta ala neskazaharra. Hortaz, ezkontzeko presioa oso handia zen, eta exijentzia txikia. Ahal zena. Gaur egun, gauzak zerbait aldatu direnez, presio hori ez da horrelakoa, sotilagoa da, eta jasangarriagoa (gai honek post oso bat merezi du, badaukat zer edo zer martxan). Zorionez, exijentzia altuagoa onerako izan daiteke, nahiz eta honek frustrazioa dakarren, printze urdinaren mitoa...(honek ere post oso bat merezi du, eta Elena Lakaren bidetik, hasi nintzen prestatzen, baina hor dago, neberan. Ikusten duzuenez, proiektu abandonatuz beteta nago, beti beste blogari batzueri kopiatzen.........)

Bestetik, gurekiko exijentzia ere ikaragarri igo dugu: profesionalak, kultuak, irakurzaleak, interesanteak, maitale bikainak, sexiak, emazteak, ulerkorrak, ondo jantziak, etxeko andre maratzak, amak, blogariak, informatuak, modernoak, onprometituak, lagun onak, guapak, gorputz lirandunak, depilatuak, alaiak, eleanitzak, zentzudunak, erakargarriak, osasuntsuak, kirolariak....izan behar dugu, eta gainera takoi altuetan. Baina egunak hogeita lau ordu baino ez dauzka, eta perfekziorik ere ez dago. Super-woman izan nahi dugu, baina askotan mini-neskak baino ez gara, bizitzak alde batetik bestera eroaten gaitu, gura ez dugu tokietatik; estupenda izan barik, narrastxo tatarrez goaz bizkarrean motxika erraldoi bat dugula. Horrela sentitzen naiz askotan.

Eta beste alde batetik, esan behar dut exijentzia horiek gizarteak ere inposatzen dizkigula, emakume eredu bat ematen du, aurreko super-woman hori baino fashion-agoa, baina buru hutsagoarekin, estetikari eta itxurari gehiago erreparatzen diona edukiari eta mamiari baino. Azalekoa, superfiziala, in eta out ondo desberdintzen dakiena, Manolo batzuengatik hilko lukeena (Manolo zapata marka bat da, ez auzoaren senarra!). "Mujeres desesperadas" edota "Sexo en Nueva York"-ekoen tankerakoa. Horiek dira gure muga-ereduak, horiek gure guru estetikoak...Patetikoak!

Orduan, zer esan? exijentzia igotzeak on ala kalte egin digu? Bietatik apur bat: emakume liberatuak gara, antzinako emakume tradizionalen zerebeloarekin. Estresatuta gaude, astirik ez daukagulako hori guztiori egiteko eta lortzeko; jakina, ezinezkoa denez, gehiago ahalegintzen gara. Beraz, pittin frustratuta ere bagaude, "nahi" duguna ezin dugulako lortu (ezinezkoa da!), eta gure buruari esaten diogu ondo gaudela, gure aurrekoeekin konparatuz gauza asko lortu ditugula; gure ondoan dagoen gizona (baldin badago) guk aukeratu dugula; eta gizonik ez badago, horrela ere oso ondo bizi garela, zertarako kaltzontzilo zikinak!, baina batzuetan gustura hartuko genituzke kantzontzilo zikin horiek kariño pixka baten truke....

Kontraesanez beteta gaude, baina hain denbora laburrean hainbeste aldatu dira gauzak, hainbeste lortu dugu; normala da, oraindik gure lekuan ondo kokatu barik eta loka egotea, gure espazioa atontzen eta egokitzen. Gizonok ere gurekin batera mugituko bazinete, errazago egingo genuke dena!

 

 

 

 

Telefono dei bat

Leire Narbaiza 2008/06/26 00:17
Telefono dei batek ilusioak eta albisterik txarrenak ekar diezazkiguke.

Deiak gurekin gustatuta dagoen pertsonaren irribarrea bidali ahal digu, lagunaren haurdunaldi bilatu horren berri eman, azterketa aprobatu dugula, bihar ikasle guztiek piper egin eta jai daukagula....gauza ederrak, politak.

Baina tristeziarik handienak, desgraziarik gogorrenak, notizia krudelenak sarri askotan telefonoz esaten dizkigute.

Bihotzeko okupa abandonatu batek deitu dit. Ikaragarri poztu naiz, betiko moduan gogoan neukalako, baina alegranzia bizkor joan zait, kontatu didana gogorra delako, oso latza.

Berba egin ostean, eskegi eta gero, mila gauza pasatu zaizkit burutik, berarekin bizitako gauzak, noiztik ezaguten dudan, zer egin dezakedan...Hausnartu arren, ezin izan diot irteerarik aurkitu; berarengan pentsatu baino ez. Eta sarriago deitu, jakina!

Hian ez deusak, ahulak eta makalak senttzengara horrelakoetan bizitzaren aurrean! Nondik atera indarra, nondik irribarrea, kemena? Hori gure papera denean, batez ere. Hain berba gutxi daude, hain jarrera konplikatuak bizi ditugu!

Zelan izan euskarri, oinarri eta makulu? Ez dakit, bilatu beharko dut, tokatu zait eta.

(segituko du)

 

San Juan, San Juan, nekez etorri eta bizkor juan!

Leire Narbaiza 2008/06/23 22:37
Gaur san Juan gaba dogu, urteko egunik luziena, eta gabarik laburrena. Gabarik majikuena.

San Juan sua egitten dozuenian ez ahaztu konjurua esatia:

San Juan, San Juan
Arrautza bi kolkuan
Beste bi altzuan
Lapurrak eta sorgiñak erre, erre!
Garixak eta artuak gorde, gorde!

Botaizuez momentu onen lapurrak sutara; jaurti sorgin manipuladoriak, loa kentzen deskuenak; sutara kalte egitten deskuenak, diruan baiño pentsatzen ez dabenak; erre herrixa porlanez betetzen deskuenak; bota danak, erre, kiskaldu!

Gorde, baiña, lagunak eta maitaliak; zaindu hazittarako moduan  mometo gozuak; eusti sustraixeri; babestu maitte dozun hori

Disfrutau solstizixo euritsu honetaz, ahal dozuenok behintzat. Uda on!!

 

"Pa amb tomaquet" kurtso amaieran

Leire Narbaiza 2008/06/21 15:24
Ostegunean kurtsoari amaiera eman genion afari-merienda batekin.

Azkenean lortu genuen ados jartzea, eta afaria egitea! Burua asko apurtu barik, menu sinple eta buru-hauste gutxirekin. Oilasko batzuk enkargatu genituen!! Hori baino errazago...Dena den, "Pa amb tomaquet" ere egin (eta jan genuen). "Pa amb tomaquet", zer da hori? Ba, pantumaka, Katalunian tipikoa dena. Izan ere, gure Josep -izenak adierazten duenez- katalana da, eta ilusio handia zuen.

Egia esan, janda nengoen pa amb tomaquet hori, baina ez hain gozoa. Hementxe erreportaje fotografikoa, pausuz paus erakutsiko digu nola egin genuen/zuen:

tomateak garbitzen

 

 

Lehenego, tomateak ondo garbitu behar dira. Ondoren, xehetzen hasiko gara: tomatearen artea!

 

 

Argazki artistikoak egin litezke, ezta? baiana hemen dugu benetako egilea lanean: tomatea xehetzen tomatea xehetuta

 

Gero, berakatza txikitu eta oliba olioarekin nahastu. Katiluetan sartu, jendeak zerbi dezan nahi duen moduan ogi gainean:

 

 pa amb tomaquet

 

 

Eta hau da emaitza, ogi gainean. Gero bakoitzak jar diezaiola txorizoa, pernila, solomoa..... pa amb tomaquet

Ummmmmmm! Zoragarria!

Honen ostean, mahaia bete-betea geneukan, eta oilaskoa soberan geratu zitzaigun; nahiz eta batzuek aho betean jardun.

zenbat gauza gozo!

 

 

Gainera, postrerako Florik "quesada" bat ekarri zuen, eta nik "plum cake" integrala egin nuen. azkenerako, denok betekada itzelarekin amaitu genuen. Gehiegi jan, eta lotara! Ez, ez. Izan ginen berriketan, eta gero Goienkalen terraza batean kafea hartzen, eguraldi zoragarria egin zigun eta.

 

Kurtso amaiera polita izan zen, denok gustura egon ginen. Ikasleak, beharbada, pozik egongo dira bukatu delako, baina niri beti kurtso-akaberak estresateak izateaz gain, malenkoniatsuak egiten zaizkit. amaitu da, eta bederatzi hilabetean sortu den komunitatea deseginda gelditzen da betiko, egindako harremana historia bihurtu da, oroitzapen bat.

 

Bizitzaren zikloa da era laburrean ikasturtea: hasi-amaitu=jaio-hil. Zerbait galdu dugun sentsazioa izaten dut beti. Bizkorregi doala dena. Malenkoniatsu baino triste jarri naiz, traszendental, eta ez du merezi, uztailean ere lana baitut. Indarrak gorde behar ditut!

Hnuy illa...

Leire Narbaiza 2008/06/16 21:24
Duela zapatu bi, hilaren zazpian, dantza espektakulu hau Durangon ikusteko aukera izan nuen.
Hnuy-kartela

Honen berri izan nuenetik ikusmina sortu zitzaidan, Joseba Sarrionandiaren poemetan oinarritutako dantza montajea zelako. Ez nekien zelan egin zitekeen dantza poemetatik sortu. Horretxegatik, joateko gogo ikaragarria neukan aspalditik.

kontuan hartu behar da Sarri asko gustatzen zaidala, eta dantza ere bai. Ondo lotuta egonez gero, ikuskizun ezin hobea nire gustuetarako. Baina nire beldurra  nahastea nola egin zuten zen.

Arduradunak Kukai eta Tanttaka dira; hortaz, postura ziurra. Eta ikuskizun ederra eskaini ziguten. Egia esan Sarrionandiaren poemekin gauza txar bat egitea gaitza da.

Eszenaratzea bikaina izan zen. Euri hotsak eman zion hasiera, eta hizki eta hitzen euria hasi zen. Poemak hainbat ahotsetan emanak zeuden (batzuk ezagunak,  Sarrionadiarena berarena, Ruper  Ordorika eta Mikel Laboa  kasu). Batzuetan kantatuak, besteetan

hnuy illa-sarri

musika hutsa. Olerki asko ezagunak, batzuk "Hnuy illa nyha majah yahoo"  poema liburu ederretik hartutakoak. Liburu hau joiatxo bat da, poemario zabala, txukun argitaratutakoa (pasta gogorrekin, paper ona eta ilustrazioekin).

Eta dantzaz zer esan? Dantzari onak dira, gero, Kukaikoak. Itzela, euskal dantzetako pausuak hartuta garaikidea egitea, sentsualitate horrekin,....Beti pentsatu izan dut, euskal dantzetan elkar gutxi ukitu arren, bazeudela batzuk oso sentsualak zirenak...Denek barre egiten zidaten, baina Durangon ikusitakoaren ostean, inork ez dit ukatuko sentsualitatearena!

Montajea ere modernoa eta ausarta. Normalean dantzan (balletean, garaikidean) bikoteen arteko musuak egonda ere, ez dira ematen, sujeritu egiten dira. Hemen ez, hemen eman egiten dira, behar den moduan. Bikoteak, gainera, neska-mutil klasikoaz haratago. Badago mutil biren arteko tango bat polita, hunkigarria, sentsuala, ikaragarria. Ez gaude ohituta, zoritxarrez, mutil bi dantza lotuan ikusten, eta harrigarria egin dakiguke. Baina hain naturala da tango hori, inor ez da konturatzen nolakoa den bikotea.

tanttaka-kukai-euriDena oso hunkigarria zian zen. Batetik, lehengo poema "Kiromantzidxa" izan zen, eta azkena "Sustraiak han dituenak". Biak oso ezagunak eta esanguratsuak. Gainera Durangon. Euria bezala, hainbat poema oso malenkoniatsuak dira, eta euriarekin hasi eta amaitu zen. Hainbat begi busti ikusi nituen, ni ere negar egiteko puntuan egon nintzen; emozionantea izan zen oso.

Oraindik ikusteko aukerarik badago; eta ni zuek banintz, ez nuke oportunitatea galduko, benetan. Informazio gehiago  dantza.com webean. Erretratua ere bertatik lapurtu dut.  Mila esker.



Bururik ez daukanak...

Leire Narbaiza 2008/06/12 20:40
...hankak erabili behar.

Gaur arratsaldean Durangon ikusia. Buru bako hauek jende artean lasai paseatzen.

Burubakotxiki

Hauek ere esamoldearen menpe?

Zenbait afekturen deslokalizazio eta horren zergatiak eta ondorioak

Leire Narbaiza 2008/06/04 21:58
Markos Zapiainen post bati erantzun eta gero, gure artean egon den mezu trukaketaren ondorio da post hau.

Markosek oso post sakona eta ona idatzi zuen: Amaren maitasunaren deslokalizazioa. Buruari bueltak eragiteko modukoa. Niri beste gauza bat bururatu zitzaidan: oporretan joan, norbaitekin maitemindu eta ezkotzen zirenak. Normalean hemengo gizonezkoak hirugarren munduko neskekin (askotan askoz gazteagoak). Askotan galdetu diot nier buruari zergatik, eta konklusio batzuetara iritsita nengoen. Ondorian, neure burutazioak.

Mutil askori pasatu izan zaie emakumeez paso egin dutela bere parranda sasoian. Koadrilarekin, lagunekin, mozkorrean, futbolean eman dute denbora. Ondo ikusten dut, denok egin ditugu antzeko gauzak-eta, baina andrazkoak euren munduan, itxura baten, ez dira existitu, ez zaizkie interesatu.

Hori bai, Karibera edo horrelako beste edozein herrialdetara joan, neska bat ezagutu, txora-txora eginda itzuli eta ezkondu egin dira. Zelan ulertu hau?

Alde batetik uste dut herrialde horietako andrazkoak kariñosagoak, goxoagoak direla; eta gu, ostera, hotzagoak, takarragoak eta latzagoak. Hortaz, erraz eror litezke haien xarman, normala den moduan. Baina horren atzean beste zerbait dagoela esango nuke. Nire ustez, gizonezko asko erosoago sentitzen dira emakume mota konkretu batekin: kariñosa izateaz gain, tradizionalagoa dena, nolabait esateko; hain independentea ez dena, gure aurreko belaunaldietako andrazko askok jokatzen duen rola jokatzen duena. Etxean etxeko lanak egiten eta senarra eta umeak zaintzen geldituko dena. Inplizituki badakite emakume horiek beste mundu batetik datozela, gutxiago exijituko dietela, eta gainera “mi amor”-ka….

Honetaz gain, pentsatzen dut gizonezko askori gaur eguneko emakume askok beldurra ematen dietela/diegula, ez dakitela zelan jokatu euren aurrean, andrazkook aldatzen gabiltzalako, baina gizon batzuk oraindik katakonbetan daudelako….

Trisiteena da afektu horien deslokalizazioa. Gu, hemengook sentimientoz beteta gaude, baina asko kanpora joan behar dira maitasuna, kariñoa edo sexua disfrutatzera. Tristea, oso tristea.

Bestetik, beste kualitate bat garatu dugu: sentimendu adierazpenen interpretazioa. Behin (hau niri gertatutako da) asko maite dudan mutil batek oso egoera latza pasau zuen. Denboratxo batera, ikusi nebanean lehenengoz, jende pilo batekin zegoen. Gure arteko broma eta krudelkeriak bota ostean, biok bakarrik geratu eta esan nion: Orain serio, zelan zaude? Gerritik oratu, mitxeliña estutu eta esan zidan: "ondo, gogorra izan zen, baiña ondo nago". Hor pentsatu nuen: "Jo, leire, benetan estimau dau zure preokupaziñua, keiñu horrekin esan detsu milla esker, estimatzen zaittut". Pentsa ezazue, ez zidan holakorik esan, baina hori eman zidan aditzera, seguru!

Zer gertatu liteke horrelako interpretazioekin? Interpretazioak okerrak izatea, eta dena baino gehiago, edo gutxiago dela sinestea. Gauzak argi inoiz ez jakitea.

Ez dizkiogu elkarri gauzak garbi esaten. Nire lagun batek dio ez dela behar, ez dela gure estiloa. Konforme, baina noizean behin estimatzen gaituztela, maite gaituztela, gura digutela entzutea ez dator batere gaizki. Gutxienez, autoestimarako. Eta gatazka asko (euskal konfliktua barne) sahiestu edo arinduko liratekeelakoan nago.

Honi buelta asko eman dizkiot. Sinestezina da suzkoak izatea, eta gero hain apatikoak, hain paralitiko emozionalak. Ez ditugu gure sentimenduak batere ondo kudeatzen. Barruan suan; kanpoan izotza.

Gure artean horrelako mugak jartzen ditugu bitartean, frustatuta jarraituko dugu. "Lanzatzen" ez bagara, zelan, bada? Karibera maitasun bila? Ez da naturala

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua