Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ondo janzteko Euskal Jaixan (buruko zapi, gerriko eta abarkak)

Leire Narbaiza 2008/05/31 01:41
Duintasuna da gauzarik inporantia gure bizitzako ia momentu guztietan. Basarrittar janzten garanian be egoki eta politto juatia komeni da.

Horretarako beste talde batzuek egin daben biharra aprobetxauko dot. Lehengo Kezka dantza taldiak prestautako bidioa bat jarriko dot. Oso era labur eta onian azaltzen desku zelan jarri buruko paiñelua, kalian ikusten diran "enjendruak" ebitatziarren. Errez-erreza da, begittu:

Antzerkixa egitten nebanian nere buruari jartzen ikasi neban, espillu barik, baiña belarri handixa dotore jarri ezinda. Ordura arte, dantzari denporetan beti jarri izan zesten. Ointxe ikasi dot bidio honekin askoz hobeto jartzen. Sarian Kaezkakuen bidiauan kodiguan billa nenbillela, beste bidio bat topau dot, osatuagua, zapixaz gaiñ, gerrikua eta abarkak be zelan lotu azaltzen dau-eta. Abarkak, paiñeluan moduan, beste gai konfliktibo bat da. Ikusi, ikusi:

Paiñelua nik zintta barik jartzen dot, bandiak nere buruan formiagaittik beti atzera juaten jatalako. Ez jausteko trukuetako bat egun horretan burua ez garbitzia da, ze garbitzen dogunian zapixa labandu egitten da.

Abarkena konflitibua da, ze danok dakagu joeria bidiuan agertzen dan bigarren moduan letxe jartzeko; hau da, dotore, luze, belauneraiño. Baiña hanka-pelotak (bolak) edarrak izan ezkero (eta dantzarixen eta datzari ohien bolak holakotxiak dira), jausi egitten dira. Oso gatxa da politto eta dotore mantentzia. Era eranginkorrena lehenengua da, esperientzixak esan desta.

Nesken samako paiñelua be, ganoraz jarrizue: korapillorik ez! saman bueltan, bular gaiñian puntak alkartuta eta orratz edo brotxe vintage

batekin lotuta. Eibartarrak izanda, damaskiñaua egoki-egokixa da. Belarritxakuak, txikixak eta antxiñako erakuak. Diskretuak.

 

Dana ondo lotuta, azpikogona eta pololo. Dana garbi eta plantxauta, mesedez. Hortaz, zapatu-domekan dotore eta guapo ikusi nahi zaittuet. Eta konplemento hórretako batek (edo danak) arazuak emoten badetsuez, eskatu laguntzia. Beti egongo da baten bat prest ondo jartzeko, lotzeko edo aholkatzeko. Eskatu bildur barik, eta inportantiena: DISFRUTAU!!!!!!!!

Eibartarrak zerrendiak emon destana

Leire Narbaiza 2008/05/27 21:29
Apririllia bete ziran hamar urte eibartarrak posta zerrendia sortu zanetik.

 

Fetxa hori atxakixa hartuta -berandu bada be-, kontatzia nahi dot zein izan dan nere esperientzixia posta zerren da honetan, eta zer emon destan eibar.org alkartiak.

Izena emon nebanian, justo-justo nekixan e-mail bat idazten. Ordenadoriari beldur punto bat netsan, beti definitzen nebna nere burua preteknologikotzat. Ez nekan ezer kontra, baiña aparatu honek errespetua emoten zestan; gaiñera, gatxa eta ulerteziña zala uste neban.

Oiñ, adikta bihurtuta ze esango dot, ba? Mundua hain rarua egingo lejatake ordenadore barik.

Eta horren “kulpia” gure zerrenda honek daka. Konfiantzia emon desta, informatikan alfabetizau nau, eta interneten jantzi. Ze gehixago eskatu leike! Eta duan, horraittiok!

Nik zenbat ikasi dodan ezin dozue imajiñau. Bloga sortzeko orduan be. Zerrendian babes barik, nik sekula ez neuken sortuko. Animuak emon, eta autoestimia igo zesten. Eta hamentxe nago, abarketia joten, pozarren, blogana hainbeste gustatzen jata….

Erramintta pillo bat jarri deste eskura, baliabidiak erakutsi. Eta teknikiaz aparte, ideak ordenatzeko, informaziño barrixa jasotzeko, eta barrixen alkartrukerako be itzela da zerrendia. Eta ondo pasatzeko! Zenbat barre egin izan dittudan mezuak irakortzen! Iñoiz hasarratu be egin naiz, jakiña. Behin edo behin, mindu be bai. Danerako izan dogu astixa. Hori da berba komunikatzerakuan gertatzen dana, gaizki ulertuak be egon izan diralako. Baiña beti zelanbaitt konpondu dittugu. Hori be edarra da, gero!

Eta azkerako lagunena laga dot. Zenbat lagun egin dittudan! Zenbat jente on eta interesante tokau jatan ezagutzia! Zerrendan, alkartian blogan bittantez,…Asko aportau destan jentia, momentu onak emon destana, eta gauza desbardiñak eta polittak egiteko aukeria emon destana. Ziberlagunak, asko estimatzen dittudanak, maittasuna emon destenak, eroso eta ondo sentidu eragin destenak, espazixo bat egitten lagundu destenak. Zeiñek esan dau Internet hotza dala?

Toki gitxitta sentitzen naiz bertan bezin ondo. Milla esker danori!

AHT gelditzeko, Gelditour

Leire Narbaiza 2008/05/26 21:00
Herrik herri dabil Gelditour ekimena, maiatzaren 4tik 31ra

Oraingoan ere, berandu nabil, baina hobe berandu inoiz ez baino. Aht gelditu elkarlanak abian jarri duen proiektua da Gelditour. Blog bizia dute, eta informazioz gainezka dator. Zerbait egin behar da jaurlaritzaren desinformazio eta informazio ezaren aurrean, ezta?

Fermin  Muguruzak egin die kantua,  martxosoa eta alaia, behar den modukoa. Hemen jarri dizuet entzun dezazuen.

Azken aldi honetan, milaka "informazio" ematen dizkigute medioek, baina propaganda hutsa baino ez dira. Desinformazioa da nagusi abiadura handiko trenaren gainean. Denok nahi omen dugu lan hau. Hala ere, trena pasatu behar den tokietan jendea kontra dago.

Badakigu tren honek gure behar izanak ez dituela asetuko, behar duguna daukagu trena hobetzea da. Ez itzelezko gastua eginda, gure baztez eta txoko guztiak txikitu. Gero zer, egin ostean damutzeko? Alde guztietatik da jasangaitza: ekologikotik lanen momentuan, ekonomikotik egin bitartean eta martxan jartzen denean. Ingurumen-inpaktua ikaragarria izango da, eta energia kontsumoa jasangaitza. Zer dago honen atzean?

 

Zergatik ibiltzen zaizkigu horrela beti agintariak? Hain premiazkoa eta beharrezkoa bada, zergatik ez digute argi eta garbi esaten? Beldur dira? Egin eta gero damutu, Orion

gertatu den bezala? Argi hitz egin diezagutela, mesedez, ganorazko informazioarekin, hiritarron parte-hartzearekin. Gure iritziak entzun ditzatela, gurekin konta dezatela.

Bitartean, kalean, blogean aldarrikatzea beste erremediorik ez dugu, beste tarterik ez digute lagatzen. Burubakokeria dela ikusten dugu, gure etorkizuna hipotekatuko duena. Baina ez dugu etsiko, ezta pentsatu ere. Segi beharrean, jarraitu ozen esaten! Maiatzaren 31n Donostian, Boulebardean

mani-aht

mila esker, Eneko!

XLIII. Euskal Jaia Eibarren

Leire Narbaiza 2008/05/26 12:30
Berandu, egitaraua martxan dagualako honezkero, baiña osorik jarriko dot zer antolatu daben Deportibuak aurtengo jairako
43 Euskal Jaia Eibarren
Kartela: 43 Euskal Jaia Eibarren

 

  • Maietzak 23, barixakua.

Gabeko 22,00etan Coliseon KEN ZAZPI
    Antolatzaillia: Eibarko Udala

  • Maietzak 24, zapatua

"Tantanez tantan, Eibarren euskaraz blai"
12,00xetatik 13,00etara giza katia Urkuzutik Untzagara.
    Antolatzaillia: Eibarko euskalgintza.

  • Maietzak 27, martitzena

"Lore Jokoak Eibarren: 1908-2008" Antxon Narbaiza Azkuen liburu digitalan aurkezpena
Arratsaldeko 19,30etan Portalean liburu aurkezpena.
    Ediziñogillia: Ego Ibarra batzordia, Eibarko Udala 

  • Maietzak 30, barixakua.

"Kalian jolasian" Umiendako jolasak famelixa giruan. Arratsaldeko 18,30etan Untzagan
    Antolatzaillia: Eibarko Udala

“ Filamento Farolaria ” Clown, mimoa. Xabi Larrea
Publiko guztiendako 20:30ean Karpan.
    Antolatzaillia: Arrate Kultur Elkartea

  • Maietzak 31, zapatua

Goizian
Artisau eta basarrittarren ferixia 10,00etatik 14,00etara (Toribio Etxebarria kalian).
    Antolatzaillia: Eibart elkartia.

Eguerdiko 12,00etan herri kirolak eta bersolarixak.

13,00etan eskolen arteko herri kirol lehiaketa: La Salle, Itzio, Mogel-Isasi eta Aldatze.

Goiz osuan zihar talopostua.
    Antolatzaillia: A.E.K      (dena Toribio Etxebarria kalean)

Arratsaldian
19,30 kale animazioa.

Zpeiz mukaki taldearekin dantza tradionalean oinarritutako kale animazio umoretsua.

Gabeko 22,00etan kantu afarixa karpan
    Sarrerak salgai Deportibon eta Kulturalian
   
23,00etan kantua eta erromerixia Jainaga eta Narbaizakin (karpan)

  • Ekaiñak 1, domekia

12.00xetan: Euskal Jaiko kalejiria Urkuzutik Untzagaraiño: Arku-dantzen jaialdiko talde guztiak, gaiteroak, joaldunak eta Eibarko, Musika Eskolako eta Jainagan eskolako trikitilarixak.

-12.30: Ezpalak, Arku-dantzen naziñoarteko jaialdixa Untzaga plazan. Euskal Herriko eta atzerriko arku-dantzen erakustaldixa:
∑ Danzas Burgalesas Justo del Río – Burgos: Arco de Frías eta La Campiña.
∑ Danzas gremiales de marineros y labradores Xovenes do pobo – Betanzos (A Coruña) – Danza de marineros.
∑ Grupo de danzas de Chimiche – Chimiche (Santa Cruz de Tenerife): Danza de varas de Chimiche.
∑ Le Poutou – Toulouse: Les treilles.
∑ Arkaitz, Añorgako dantzariak – Añorga: Gipuzkoako uztai handien eta uztai txikixen dantzak.
∑ Danzantes de San Lorenzo – Iruñea: Danzas de San Lorenzo.
∑ Oinatz dantza taldea – Oñati: Oñatiko Corpus dantzak.
∑ Kezka dantza taldea - Eibar: Ibartzabal arku-dantza

14.30etan: Herri bazkarixa Untzagako karpan.
Sarrerak salgai Deportibon eta kulturalian
    Preziuak: 12E eta 20E
17.00:Erromerixia Untzaga plazan Patxi eta konpainia taldearekin.
19.00: Larrain-dantza popularra Untzaga plazan.

Oharra: Euria egingo balu, arku-dantzen jaialdixa Coliseon izango litzateke, eta arratsaldeko ekitaldixak, Untzagako karpan.




Gantxilla eskutik eskura

Leire Narbaiza 2008/05/25 22:20
"Tantanez tantan, Eibarren euskaraz blai" egin zan zapatu goixian

Tantanez tantan


Eurixak be errespetau zeban, eta nere lagun batek esaten zeban moduan ez genduan eguraldi faxistarik euki. Hortaz, problema barik pasau genduan gantxilla katian Urkuzutik Untzagaraiño.

Tantanez tantan

Urkuzuan jente mordua, baitta Ibarkurutzian eta anbulatorixuan be. Edade guztietakuak, baiña ugarixenak eta bizkorrenak, umiak. Beti prest botijua hartzeko eta antxitxiketan ibiltzeko.

Tantanez tantan

Untzagara aillegau eta Amañako jai batzordekuak txosnia jarritta. Manix Mandiolak manifiestua irakorri zeban, bera izan zalako azkena gantxilla hartzen. Ostian, Amañakuak antolatuta, Kupela taldian kontzertua. Hori bai, bolumena brutala zan, diskoteketan bezin altua.
Tantanez tantan
Oso ekimen politta eta parte hartzaillia, herri erdi okupau zebana euskerian izenian,
Bideo batzuk Erralen blogian.
Ia beste baten Amañaraiño aillagatzen garan!

Jokua testatzeko afarixa

Leire Narbaiza 2008/05/25 00:19
Barixakuan afaritxo bat egin ostian, jokuan ibili giñan Estrella soziedadian.

Izan be, eibar.org-ko batzuk beste proiekto baten gagoz sartuta: Eibarren gaiñeko joko bat. Tribial moduko joko bat da, gaika, azkeneko hillabetietan prestatzen diharduguna. 1200 bat galdera prestau dittugu, eta oin zuzentzen fasian gagoz: Euskeria ez ezik, estilua, hutsak,...Garbitze sakon bat be egitten gabiz, galderak egokitzen, laburtzen, aukerak emoten, "zensuratzen". Azken baten, fintzen. Gure herrixan esaten dan moduan, akabatzaille biharretan dihardugu.

Beste alde batetik, eta batera Patxik, Zaloak eta Maitek marrazkixak eta diseiñua prestau dittue: koloretsua, interesantia, eta oso-oso eibartarra.

Barixakuan probau egin genduan jokua. Lehelengo afaldu, eta kafe orduan diseiñatzailliak tablero diseiño biren artian emon zeskuen aukeratzen. Komentau ostian, jokuari ekin zetsagun. hor ikusi bihar zan ia jokagarrixa zan, galderak erantzutzeko modokuak ziran, tableruan daguazen "tranpak" onak ziran.....

zalantzan

Zortzi izan giñan afaltzen, eta jokatzen sei, biñaka. Antzar jokuan antzekua da, baiña tribial ikutu batekin. Galderak hainbat arlokuak dira: historixia, geografixia, ohitturak, euskeria, toponimixia, bitxikerixak, jaixak, kirola....dana sei multzotan batuta eta koloriekin desbardinduta.

adi-adi

   

Egixa esan, pozik urten genduan soziedadetik. Pare bat bider jokatu gendua, eta oso ondo pasau genduan. akats batzuk detektau genduazen, eta galdera batzuen zailatsauna be konpondu genduan. Oin hori danori kontuan hartuta, gure biharrak egin biharko dittugu.

Pentsatzen dot urtetzen dabenian (Gabon aldera) bonba bat izango dala, eta gustora jokatuko dogula danok etxietan. Momentuz, zain egon biharko dozue!!

Tantanez tantan, Eibarren euskaraz blai

Leire Narbaiza 2008/05/23 11:00
Eibarren euskalgintzan diharduen taldiak oso ekimen politta antolatu dabe zapaturako.

Kontseiluak hamar urte bete dittu, eta hori dala eta, Eibarren oso ekintza originala antolatu da: Urkuzuko itturrittik Untzagaraiñoko giza kate bat. Itturrixan gantxil (botijo) bat beteko da, eta eskurik esku Urkuzutik Untzagaraiño eruango dogu. Bostehun bat persona biharko dira ganoraz eruan ahal izateko hori gantxillori, lurrera jausi barik, eta pasiorik egin barik.

Edarra begittantzen jata. Dana sinbolikua. Eibar itturriz beteta dago; jakiña, zulua izateran, mendixetatik ura besterik ez jaku etortzen. Ura, eta uretara juaten ziran gure taillarretako bihargiñak, gantxillak betetzera. Holan dogu Urkuzuko itturri aurrian brontzezko botijerua. Eta alkarrekin egindako biharra: nik emon, zuk jasotzeko. Nik emon, neri be emon egin destelako. Eta hartu dodan moduan, beteta; emon hurrenguak be ahalik eta onduen jaso eta emon daixan. Danona dalako, guria dalako. Gu transmisiño katia baiño ez gara: zainduta eta beteta mantendu bihar dogulako. Esku artian altxor itzela dakagulako: ura/euskera.

Danok zagozie gonbidauta, danok zarielako parte. Eta ahalik eta jente gehixen bihar dogulako. Hori bai, kuadrodun paiñelu urdiña ekarri, samian bueltan lotuta. Hantxe eukiko nozue, eguerdiko hamabixetan zain!

Poltsikoko telefonoa eta zentzubakokeria

Leire Narbaiza 2008/05/22 18:36
Orain hilabete batzuk patrikako telefono zaharraren ordez berri bat "oparitu" zidaten kontratura pasa nintzelako.

Aukera guztien artean, argazki kameradun bat hartu nuen, batez ere blogean pentsatzen. Behin berria lortuta, argazkiak ateratzeko aukera nahi nuen. Kutxa zabaldu nuenean hainbat gauza zekarrela konturatu nintzen, baina ez kablerik ordenagailura konektatzeko, erretratuak deskargatzeko, musika kargatzeko ( aurikular batzuk ere bazekartzan).

Oporretan, argazki batzuk atera nituen eta beti deskargatzekotan nenbilen. Azkenean, horrelako baten joan nintzen Vodafonera kablea erostera. Non esaten didaten eurek ez dutela saltzen eta Bluetooth bitartez deskarga nitzakeela, eta nik ez daukadanez bluetooth-ik ordenagailuan, USB bat saldu zidaten. Nik, Mac Kintosh-duna naizenez, esan nien ea konpatibleak ziren, eta berak baietz, trankil egoteko, ze gaur egun....Ez denez nire lehenengo esperientzia txarra, ea dirua itzuliko zidaten galdetu nien, eta baietz. Horrela izanda erosi nuen. Jakina, PC gora eta PC behera idatzita zegoenez, ia seguru nengoen ez zuela funtzionatuko. Eta efekibamente, ez zebilen!

Itzuli nintzen dendara, bueltatu zidaten dirua, eta The Phone Houser bidali. Gaur joan naiz bertara, eta "mision imposible" dela esan didate, LG-k kable hori ez duela komertzializatzen. Orduan, txartelaren soluzioa eman didate. baina nire ordenagailuak ez dauka tarjeterorik!!!

Zer egin? Zein logika dago honen atzean? Mobilak zulo bat dauka kablea sartzeko -jakina, beste kable batzuek klabija desberdina daukate-, baina enpresak dagoeneko ez du saltzen, eta bere sasoian ezta banatzaileak ere. Hortaz, zer egin dezaket? Inork ulertzen du ezer? Zergatik ez zetorren kablerik kutxan? Klabijak zergatik ez dira lege dekretuz bateratzen? Zegaz pentsatzen dute fabrikatzaileek, ipurdiko zuloarekin? E!

GPSa euskaraz!

Leire Narbaiza 2008/05/20 18:46
Iturrirekin Istanbulera joan nahi duzula? Ibanekin Finlandiaraino? Amatiñorekin Johanesburgera? Nirekin munduaren akaberaraino? Orain oso erraz duzu! Segi, segi irakurtzen!

TomTom GPSa baldin badaukazu, dagoeneko euskaraz ibil zaitezke munduan zehar. Aurreko batean kontatu nuen bezala, itzultzen eta ahotsak jartzen ibili ginen lau lagun. Jatsu Argaratek egin zigun grabazioa eta Gari Araolazak  teknikako kontuak egin ditu, lanik zailena. Azpimarratu nahi dut Gariren lana, aurreko post hartan ezer ez nuelako esan beraren gainean: ideia berarena izan zen, berak zuzendari lanak egin zituen, argazkiak atera (bai, flickr-koak nireak balira bezala agertzen dira, baina berak eginak dira), montajea egin, argitaratu, ...dena! Hortaz, mila esker! Diseinua Zaloa Etxanizek egin du.

Ez da bertan parte hartu dudalako, ez. Uste dut horrelako gauzak oso inportanteak direla euskararen normalizaziorako, beste edozein hizkuntza "handik" dituen baliabideez hornitzen dugulako geurea, eta enpresek eta gobernuek egiten ez badute, betiko legez, guk, euskaltzaleok egin beharko dugu. Nahi dugun moduan, ahal dugun moduan.

Badakit askok kritikatuko dutela Ibanen eta nire grabazioa, euskalkian daudelako. Ez nau kezkatzen. Barruak eskatzen zigun horrela egitea, eta horrela egin genuen, geurean. Hori bai, batuaz ere grabatzeko prest nengoen, baina nahikoa zela esan zidaten. Gainera , aginduak hain dira laburrak, ezen ondo ulertzen den, problema barik.

Nik, momentuz, ez daukat automobilik; beraz, GPSrik ere ez. Hori bat, argi daukat egunen batean, erosiz gero, TomTom erosiko dudala, euskaraz bidaia egin ahal izateko, eta nire grabazio lagunekin bidaiatzeko.

Probatzen duzuenok esango diguzue/didazue, zer moduz, eta noraino eraman zaituztegun!

On dagizuela!

Informazio gehiago hemen:
http://eibar.org/albisteak/euskaldundu-ezazu-zure-tomtom-a/
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1211192208
Instruzioak

 

Taila handiak

Leire Narbaiza 2008/05/15 22:39
Edo neurri handiko arropa. Inoiz, taila bereziak ere esaten zaie.

Horrela esango zaie, baina ikerketa baten arabera, estatuan emakumeen %60 baino gehiagok 44 taila edo hortik gorako erabiltzen du. Beraz, andrazkoen erdiak baino gehiagok ez du aukerarik denda arruntetan erosteko. Gainera, denda ia guztietan aurkitzen diren tailak (40-42-44) neurria baino txikiagoak dira.

Zergatik, ordea, taila falta hau? Zergatik ez dute taila gehiago egiten, merkatua badago? Ez da ulertzekoa, neurri handiak dendara iritsi eta eskuetatik kentzen diete, gelditzen direnak 38 ingurukoak dira. Fabrikatzaileei eskatu taila gehiago, eta ez dutela esten omen dute.

Mundua aldrebesa da hau, gero. Lehengo egunean neurri "arruntak" saltzen duten denda batean nengoen, eta bertan geunden ia guztiak, arropari konponketaren bat egin behar izan genion gure gorputzetara ondo egokitzeko. Gure taila izanda gure gorputzetara egokitzen ez bada, norendako diseinatzen dute diseinatzaileek? Buruan duten emakume imajinario perfektu batendako? Ez ote gara errealak kaleko emakumeak, ez ote dugu dirurik gastatzen jantziak erostean?

Moda diktatu egiten da (oso ondo dago aukeratuta berba: "diktatu"), eta zirkin egitea oso zaila da, ezinezkoa ez esateagatik. Adibidez, duela urte batzuk nire lagun bati udan eskote barkua zeukan niki laranja bat erosteko gogoa izan zuen. Bere herriko eta inguruko denda guztiak bisitatu zituen: ezer ez. Exijentzia maila jaitsi, eta laranja edo eskote barkuduna baino ez zuen eskatzen. Alferrik! Ez zegoen modan ez eskote hori, ezta kolorea ere.

Eta zer esan taila handietan espezialdutako dendei buruz? Mota bikoak daude: Batetik, emakume nagusi klasikoendakoak arropak dituztenak, moda zer den ere ez dakitenak, bertako arropa gure amamak ere ez zukeen jantziko. Eta bestetik, "modernoak" omen direnak, "look" moderno/txoni daukatenak, oso "in" biharko "off" egoteko.

Beste gauzatxo bat: prezioak! Zer diostazue prezioez? Badirudi 46 egiteko 42 bat egiteko baino kilometro bat gehiago oihal behar izan dutela, aldea zentimetro batzuk baino ez direnean....

Azkenik, zer esan estanpatu erraldoi horiei buruz? Eta marra horizontalez? Marra horizontalak! Eta hizki super-mega-hiper-handien gainean? Edo pega-pega eginda joan (preta-preta), edo patata zaku baten moduan, nasai-nasai joan beharraz? Ez dago erdiko terminorik? Ez dakite horiek denak askoz lodiago egiten gaituztela? Dagoeneko nahikoa okupatzen dugula, gehiago nabarmendu behar izateko. Mesedez, faborez, otoi eta arren: Pentsatu guregan, demontre!!

Arropa normala nahi dugu!!!!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua