Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ikasleen grabazioak

Leire Narbaiza 2008/04/30 16:41
Formazio ikastaro bat egiten ari naiz. Ikastaro honetan podcast-ak egiten ikasi dugu

Ikasleekin egin beharreko grabazioak dira. boluntarioak eskatu ostean, euren gustuko gauza bat eskatu nien. Esan nien, batetik, egin zezaketela irakurri ditugun liburuetatik pasarte bat hartu eta grabatu. Bestetik eurendako garrantzia izan zezakeen edozer.

Horregatik Izaskunek "Sua falta zaigu" liburuko "Sandra" ipuina irakurri zuen. Esan zidan berari asko gustatu zitzaiola eta horregatik aukeratu zuela. Hona hemen:

 
Jessicak, ostera berri bat aukeratu zuen, aktualitateko gai bat: tratu txarrak. esan zidanez, oso sentsibilizatua dago gaiarekin, eta horregatik aukeratu zuen. Honatx: http://www.archive.org/details/EmakumeenKontrakoIndarkeria_281 

Proba bat besterik ez denez izan, ez dugu gehiegi landu, baina gustura gaude, hurrengoan ere egiteko moduan. Eta hobeto, seguru, musika eta guzti!!

 

 

Konpainia noblean

Leire Narbaiza 2008/04/28 01:48
Egia aitortu behar dut, Anjel Lertxundiren fan amorratua naiz, eta liburu honetan ere erakutsi dit zergatik naizen hain fana

 

konpainia noblean


Istorio laburrez dago osotua liburu hau. Protagonista erretiratu bat da zahar-etxe baten bizi dena, eta liburu bat idazten diharduena. Pasadizo bakoitzean nahasten du, edo hobeto esanda, sartzen du euskal ahozko literaturaren pasarteak, literatura unibertsalekoak eta protagonistari gertatutakoak.

Gure ahozko literaturarekin jolas eginez, eta ustezko goragoko maila batera igotzen du unibertsalarekin ere nolabait nahasten duelako. Hori da gure konplexua, homologatu beharra munduaren aurrean.

Gure literatura pobrea dela uste badute, guri zer? Ezer gertatzen da? Nire iritzian, ez. Hori da daukaguna, eta aurrera egin behar dugu. Ahozkoa dela gure literaturaren atal onena? Primeran! Baina akaso, beste hizkuntza batzuetan idatzitakoa ez da gurea? Bai, jakina!

Liburu honetan, hain zuzen ere, gure pertsonaiak unibertsalekin nahasten dira, gureak ere besteak bezain unibertsalak direla esateko.

Poliki-poliki irakurri beharreko liburua, txikiteo luuuuze bat balitz bezala, tartean beste liburu batzuetako pintxo edo errazioak janez. Joia txiki bat, merezi du, “Letrak kale kantoitik” merezi duen beste. Ederrak biak, bai horixe!

Egun betea, egun berezia

Leire Narbaiza 2008/04/20 23:05
Ostirala egun berezia izan zen niretako. Hainbat gauza egin nituen, eta guztiak oso desberdinak. Gainera, eibartarrak posta-zerrendak hamar urte bete zituen.

Bai, halaxe etorri zitzaigun ostirala, nahasia eta oparoa, oso gustukoa dudan egun horietako bat; baina oso noizean behin egiteko, jakina. Ederrak direlako, baina oso nekagarriak.

Hilaren 18an eibartarrak posta-zerrendak hamar urte egin zituen. Egun horretan bertan ere, berrogei urte bete ziren Toribio Etxebarria hil zela. Batzuetan kointzidentziak bereziak dira oso, baina ez hutsak. Arrateko amak kudeatzen gaitu, baina Toribio da gure patroia.

Jo ta sua, etxeko lanak egitten
Lanera goizean joan nintzen. Lauretarako Codesyntasexen egon behar genuen GPSrako ahotsak jarri behar genituelako. Bertan sartu eta estudio bat muntatuta zeukaten:mikrofonoa, aurrean grabatzeko erabiltzen den horrelako “erraketa” bat, eta pantaila bat, Ikeako sofa batekin egina! Lan eta lan jardun ondoren, pare bat ordutan itzulpenak eta grabazioak eginda geneuzkan.

Iban eta Jatsu biharrian

Denoi, baina “we are the world” kantatzeko gogoa eman zigun, baina Jatsu oso tekniko arduratsuak, ez zigun musikarik jarri karaokerako. Enfin, oraintxe, aukera duzu Finlandiaraino joateko Iturrirekin, adibidez. Edo eibarreraz….Hori bai, bidez konfundituz gero, guri errietarik ez!

Iturri Jatsu gure teknikua


Ostean, Elgetara joan ginen “Gainsbourg gainbegiratuz” zegoelako “Espaloia” kafe-antzokian. Betiko moduan, bertan etxean bezala. Hurrengo baten, baina, kantatu egingo dut, aviso! eta hirurak baino lehen!

Eibarnautak

Zer esan, baina bertan entzundakoaz? Hamahiru euro ordaintzea bajera bateko entsegurako…Pena, proiektua ona eta interesgarria delako, eta euretako asko oso artista onak direlako. Hurrengorako entsaiatuko ahal dute!

Parte hartzaille guztiak, hasi aurretik

Dena den, diskoa oso ondo dagoela esan du Iturrik. Neuk ere kantu bat entzuteko aukera izan dut eta ederto dagoela iruditu zait.

Sanchiz y Jocano

Osteko egonaldia Espaloian primerakoa izan zen, barre eta berba egin genuen, gustura egon, etxean bezala. Toki berezia da benetan Espaloia. Hurrengoan ere joateko moduan, hori bai alkoholemia kontrol barik! a, eta eskerrik asko. Elenari etxera ekarri ninduelako.

Euskarak langile porrokatu bat galdu du

Leire Narbaiza 2008/04/15 18:50
Berrogeien krisiaren gaineko izan zen nire azken post-a.

Betiko moduan, zein zaharra naizen pentsatu eta esan nuen, aukera galduez, itzuliko ez diren sasoiez. Gaur baina, bizirik jarraitzen dudala pentsatu dut, eta dudan suerteaz hausnartu, eguerdian jakin baitut Axun Aierbe hil dela, berrogeiak bete barik, egun gutxi falta zitzaizkiola. Orduan konturatu naiz harro esan dezakedala iritsi naizela, konta dezakedala, hemen nagoela.

Axun aspaldi ezagutu nuen "Adorez eta atseginez" mintegiko partaide ginelako. Egia esan, Axunek gure adina eduki arren, guk baino esperientzia handiagoa zuen euskalgintzan, guk baino soltura handiagoa zuen berba egiterakoan, eta guk baino gehiago ulertzen zuen soziolinguistikaz. Hogeita lau urte geneuzkan. Ni kakaumea nintzen; bera, ostera, goitik beherako emakumea.

Hala ikusten nuen orduan sasoian, eta urteak joan ahala, parekatzen geniharduela esango genuke. Beti ere, bera nire aurretik. Kontziente nintzen asko bizi arren, eta pila bat irakurrita ere, ez nuela inoiz harrapatuko, bera buruan zihoan tropelean zegoen-eta. Ni, ordea, erdiko tropelean, gregario lanak egiten.

Azkenekoz, Durangoko azokan ikusi nuen. Askotan moduan, beltzez jantzita, ziur, berritsu. Urrezko eraztunak sartu eta atera, urduri. Betiko moduan gauza pilo bat zeuzkan kontatzeko bere lan eta ikasleen gainean. Guk baino gehiago, benetan.

Gauzak kontatzen bazekien, eta beti zeukan zer edo zer interesgarria kontatzeko, batez ere afarietan-eta. Hona hemen elkartu ginen azken aldiko argazkia. Luistxo Fernandezek atera zigun, eta Fernando Muniozgurenen omenaldian izan zen, Fernando ere mintegi kide zelako.

Lili, Marije, Lourdes, Amaia, Axun eta ni.

 

adorez eta atseginez

Handik pare bat egunetara gure aita hil zen. Gogoan ditut egun haiek, bai horixe!

Azokan tope egin genuenean, afari kontuak aipatu genituen, ea noiz egingo genuen afaritxoren bat. Bai, bai, esan eta asmoak, beti asmo! Ez dugu afaririk egingo!

axun

Bere familia eta lagunei besarkadarik handiena. Bihar izango da hileta zazpietan, eta penaz, baina ezin izango naiz joan. Nire ordutegi bedeinkatuak!

Baina gogotik ezin izango dut kendu egunotan, barrena zeharo nahastuta laga dit-eta.

Espero dut Tolosaldean omenaldiren bat edo egitea. Merezi zuelako. Lan besterik egin ez zuelako egin euskararen alde.

Agur, Axun!

40

Leire Narbaiza 2008/04/05 00:52
Serratek disko bat dauka “Hace 20 años que tengo 20 años”. Nik ere gaur duela hogei urte, hogei urte bete nituen.

Berrogei urte! Pasada bat da! Kartzela zigor maximoa Espainian! Berrogei ziren Ali Babaren lapurrak, berrogei egun irauten dute kuarentenak eta garizumak. Berrogei urtez ibili zien juduak basamortuan.Duela berrogei urte sortu zen euskara batua. Pragan Udaberria izan zuten, baina Parisen ez zuten adokinen azpian hondartzarik aurkitu

Aurten, berrogei betetzen dugunok asko gara, baby-boom-ekoak garelako. Ez dut oso jende garrantzitsua aurkitu (nire lagunez eta nitaz aparte, jakina!): Céline Dion, Chayanne, Sabrina (boys-boys), Felipe Borbon, Aitana Sanchez Gijon, alejandro Sanz, Carla Bruni…. Urte honetatik aurrera ez dugu gehiago esango hogeita piku urte daukagula…..
Niri gogorra egingo zait hamarkada aldaketa. Depre txikitxo bat daukat, berrogeien krisia. Pentsatzen dudan bakoitzean…

Ez da txarto nagoelako, beharbada hau da nire bizitzako momenturik onena: pertsona orekatuagoa naiz, eta hau asko esatea da oso desorekatua naizelako; nahiko pozik bizi naiz, gauzak hobetu ditzakedan arren; gustuko lana daukat, leku egokian.

Baina edozeinek balantze moduko bat egingo du hona iristean. Amestu eta pentsatutako asmoak bete diren. Heldutasuna zer den edo existitzen ote den, bizitza erdi eman dugu eta. Gainera, andreondako etapa berri baterako atea da: menopausia, mamuz beteriko zonaldea. Ama ez bagara izan, jakin dakigu ia ezinezkoa egingo zaigula ugaltzea behin hona ailegatuta.

Zimurrak ez zaizkit inporta, espero dudalako amama Maria Angelesen kutis kalitatearen laurdena izatea —herentziaren bat izatea ere ez legoke gaizki—, eta buruko zimurrek ardura didatelako. Aspaldi esan zidaten lehenengoz: “Señora, ¿me dice la hora, por favor?”. Ile zuriendako ere aspaldi asmatuta dago zer egin. Ez, zahartze horrek ez dit inporta, gazte asko baino gazteagoa naizelako espirituz. Hogei urte neuzkanean baino gazteagoa naizela esango nuke, gainera! (batek baino gehiago infantila ere banaizela esango du).

Berrogei, nahi barik, konturatu orduko. Uf! Baina gaur nire eguna da, eta ospatu beharra dago, ezta? Ba, hori. Ospatzeko mordoa daukagu! Txin-txin!!


Nire bihotzeko okupa abandonatuak

Leire Narbaiza 2008/04/03 12:55
Ana, Karmele, Susana, Iñaki, Bego, Ibon, Asier,……

Izen hauek dabilzkit buruan, buelta eta buelta. Eurek jakingo balute zenbatetan gogoratzen ditudan! Beti gutun bat idazteko, e-mail bat bidaltzeko, telefonoz deitzeko…beti gogoan, baina inoiz ez dut astirik hartzen eurendako.
Maite eta estimatzen ditudan lagunak dira. Batzuk minak, beste batzuk gertukoak; nor edo nor, agian, ez hain hurbila, baina oso barruan sartuta. Sarritan, norbaitekin arratsalde oso bat eman ondoren betiko bihurtzen zaigu buruko polizoi eta bihotzeko okupa; nahiz eta, beharbada, atzera berarekin ez egon. Horretakoren bat harrituko litzateke zein barruan daramadan baleki, zein sakon eragin zidan kontatuko baliote.

Eurek jakin ez arren, ia beti daude nire pentsamenduan. Beraiek abandonatu ditudala uste izango dute, ez da hala, baina. Oherakoan gogoratzen naiz, batez ere egoera txarrean daudenekin. Akorduan dut lagun hauetako bat, oso hurrekoa ez zena, oso gaixorik izan zenean egunero neukala momentu bat berarentzat. Bere adiskide minari hauxe esan nionean, harritu aurpegiarekin begiratu, eta aditzera eman zidan ni ezagun hutsa baino ez nintzela. Beti egon dira klaseak, baina nire bihotzak ez du kategoriaz eta hurrenkerez ulertzen. Beste polizoi hauetako bat desagertutzat emanda zegoen. Gauero sufritzen nuen berarekin oroitzen nintzenean: non egingo ote zuen lo, zein egoeratan ote zegoen….Berak, hala ere, ez zuen horrelakorik inoiz jakin.

Nire galdera da, hor galtzen dugun energia —hau da, euregaz gomutatzen, baina ezer ez egiten— alferrik gastatzen da? Edo, iristen ote zaizkie nire pentsamenduak? Eta, maitasun horrek badu eraginik eurengan? Pentsamendu, nahi eta desio positiboak direlako, kulpaz beteta dauden arren.

Eta, eurekin kontaktatzen ez badut, ahaztu egingo naute? Jakin beharko lukete konprenditzen bizi gaituen zoramenak astirik lagatzen ez digula, ordutegiak asozial bihurtzeko bidean naramatela.
Jakin, benetan jakin beharko lukete ez ditudala ahaztu, estimatzen ditudala, gura diedala. Azken baten, baimen barik sartu zitzaizkidala bihotzean eta “beltz” anti-disturbiosak ere ezin izango dituztela bertatik atera. Zain egon, ederrok, beteko dut nire berba!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua