Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Blogari ez konektatu baten odiseak

Leire Narbaiza 2008/03/26 00:00
Dagoeneko ez naiz blogari ez konektatua, baina horrela urte bi eta erdiz ibili naiz

Pen drivea izan da nire lagun leiala. Word-en posta-ak idatzi eta gero ahal nuen tokian kargatzen nuen: lanean, liburutegian, kzgunean, lagunen etxean, …azkenen boladan amaren etxean. Edozein leku zen ona blogekoa argitaratzeko. Kontuan izan behar duzue horrela kargatu behar izateak bizkor ibiltzea dakarrela. Era furtibo baten, esateko. Horrek esan nahi duen guztiarekin: gauzak edozelan kargatu, denbora barik,…

Inoiz gertatu izan zait pen drivea etxean ahaztea, eta egun konkretu bat izan, zehatza, eta berriro idatzi behar izatea post osoa. Gainera, hori pasatzen zitzaidanean beti izaten zen artikulu “on” batekin,  oso gustura idatzitakoa eta biribil samar irten zitzaidana. Oso gogorra da, atzera ere idaztea, topatutako itzuli, konparazio, eta abarrekin.
Beste batzuetan, blogak beste diseinua zeukanean, zuzenean kargatzen nuen; hau da, word-en idatzi barik. Bizkor eta arin egin nahi izateak akatsak egitea zen. Konfunditu, atzera egin eta idatzitako guztia galdu. Askotan amaiera aldera izaten zen. Beraz, dena pikutara! Frustrazioa!

Baina hau guztiau amaitu da. Konektatuta nago, nahiz eta ordenagailua egongela erdian eduki eta sukaldeko aulki etzan baten jesarrita egon, ordenagailua altzari txiki baten gainean dagoelako. Izan ere, Euskaltelekoek ez didate instalazioa amaitu. Hala ere, pozik nago, nahiz eta ehun liburu baino gehiago lekuz aldatuta eta gelaren mahai gainean egon.

Orain beste arazo bat daukat: ordenagailua. Zahar gelditu zait. Sei urte dauzka, eta orain arte, konektatu barik, ez neukan inongo arazorik musika, dokumentuak eta abarrak erabiltzeko. Orain Mozilla Firefox bertsio berria ezin dut instalatu, sistema operatiboak ez duelako onartzen, nirea zaharregia delako. Zer egin? Ez daukat asmorik ordenagailu berria erosteko, baina banketa honetan erdi makurtuta idazten, eta hainbat plugin eta programa instalatu ezinda. Zer egin dezaket? Beti zeozer, ai ama!


Tibet free, tibetarrak libre

Leire Narbaiza 2008/03/24 20:58
Denon ahotan dabil "Free Tibet" edo "Tibet free". Denok ezagutu dugu tibetarren bandera.

Gar olinpikoak hasi du Pekinerako bidea. Tibetarren protestak ere hasi ziren pasa den astean. Tibetarrek askatasuna nahi dute, ez baitute horrelakorik inoiz ezagutu. Badirudi iritzi publikoa alde dutela; hala ere, beti dago norbait txinatarren nagusitasuna defendatzen duena, esklabutza deuseztu duelakoan. Bestela, irakurri artikulua. Bertan kontatzen du Tibet duela 700 urte dela Txina. Bai, Trebiño Burgos den bezala. Baina Trebinarrek gaztelarrak dira, nahiz eta hori jarri paperetan?

Lamek esplotatuko zituzten, ziur nago. Kasta sistemak, berraragiztatzean oinarritutako erlijioak, lagunduko zuen esklabutza ezartzen eta mantetzen, baina Txinako gobernua ere ez da ona izan. Euren adierazpe kulturalak debekatuta daude (gutxi eta kontrolatu batzuk izan ezik), txinatarren emigrazioa sustatu dute, tibetarrak euren lurraldean gutxiengoa izan arte. Dalai Lamaren lidergoa ere zalantzan jarri dute, salatu dute aprobetxatu dutela joko olinpikoak Txinan izango direla protestak egiteko. zein gaiztoak diren tibetarrak, alajaina!
.
Pekingo gobernuaren nahia gar olinpikoa Tibetetik pasatuta, Everest tontorrera igo nahi dute. Horretarako, Everesterako igoerak debekatu dituzte, baita Nepalgo gobernua presionatu ere, gauza bera egin zezan.

Txinak ez ditu giza eskubideak errespetatzen, baina hori ez da oztopo mundu "demokratikoko" agintari guztiak goxo-goxo egoteko berarekin. nork egingo dio aurre horrelako potentzia bati? Nork egingo dio uko ekonomia berri horri? Nor jarriko da kontra, denak batera salto eginez gero itzelezko lurrikara sortzeko modua badute! :-)

Gutxiagogatik AEBek inbaditu zuten Irak. Eta boikota egin zitzaion Hegoafrikari apartheid sasoian. Kubak ere jasaten du blokeoa alderdi politiko aniztasun ezagatik. Txinak, baina, mila eta berrehun milioi pertsona dauzka; hau da, 1200 milioi kontsumitzaile....eta la pela, es la pela!

Tibet free ondo dago, baina onena litzateke tibetarrak libre! aldarrikatzea, eta gauzatzea!

 

 

Aste Santua

Leire Narbaiza 2008/03/24 00:03
Opor sasoi hau oso ondo etortzen zaigu, gabon eta udako oporren artean. Batez ere, opor luzeak dauzkagunoi, hiruhilekoen arteko etena egiteko balio digulako.

Eibarrek basamortua dirudi, nahiz eta pentsatzen dudan inoiz baino jende gehiago dagoela. Beste Aste Santu batzuetan nonahi aparka zitekeen, baina aurten ez da hainbeste toki egon. Geldituz gero, beti dago planen bat egiteko aukera, eta hori ere oso ondo dago. Beti esan izan dut: Aste Santua Eibarren, lagunekin eta gogoarekin oso ona da. Txarrena lagun barik egotea da. Aurten, ni horrela nago, baina Pazkoa astean joango naizenez, ez dit larregi ardura. Gainera, deskantsatu, lo egin, eta familiarekin egoteko aukera izan dut. Irakurri ez hainbeste, liburutegia itxi ziguten abisatu barik, eta ez daukat nobeloirik irakurtzeko. Lastima!

Egun hauetako penitentzia, baina, telebistako programazioa da. Pelikula guztiak bilikoak dira: Hamar mandamenduak, Moises, Jesukristoren bizitza, Jesukristoren heriotza, erromatarrak, ebanjelio apokrifoak, Jesusen tentazioak, Madalenaren perbertsioak….Higuindu egiten dute azkenerako. Eta ostean, prozesioak!
Prozesioak bai ez ditudala aditzen: kapiroteak, guardia zibila, legionarioak, Espainiako himnoa, trajeak, peinetak, tronpetak eta atabalak, musika martziala….egia esan munduaren nire ikuskeratik urrun daude eta arrotzak zaizkit.
 
Birritan baino ez ditut ikusi; bata, Granadako herri batean Huescar-en, eta bestea Toledon. Esperientzia biak oso desberdinak izan ziren. Lehengoan, jendeak katxondeo handia zerabilen. Pausoetan zihoazenak neska-mutil gazteak ziren, itzelezko giroa zegoen eta bazirudien parte hartzen zutela euren tradizioak aurrera ateratzeko, guk euskal jaian moduan-edo. Toledokoa desberdina izan zen, Gaztelako seriotasun horrekin. Hala ere, haluzinatu egin genuen prozesioak Espainiako himnoarekin hasten zirela ikusi genuenean, ez genuen ezer ulertzen. Zerikusia dauka Espainiak eta prozesioak? Gainera, ez dute errespetatzen ordena. Hasieratik ateratzen dute Jesus gurutziltzatuta, nahiz eta ostiralera arte ez gertatu hori. Berdin amabirjinaren irudiekin, negarrez sasoia baino lehenago. Uste dut ateratzen dituztela irudiak horrela ordena barik eta nahi duten moduan.

Ulertzen ez dudan beste gauza bat guardia zibilen presentzia prozesioan. Zer egiten dute ia pausu guztiak “babesten”? Imajinatzen duzue ertzain konpainia bat Segurako prozesioaren atzetik? Ertzaintzak, dena den, erraz edukiko luke: makinatxo bat bider “eskoltatu” ditu “prozesioak”, batez ere, gustatzen ez zaizkienenak.
Eta legionarioak ahuntz eta guzti? Denon artean pagatutako autobusetan Malagara joateko? Kristo bat eramateko? Je ne comprends rien!. I don’t understand! Non capito! ¡No me entra en la cabeza!

Ostegunean telebistan Sevillako prozesio bat ikusi nuen. Ohera joan ezinda egon nintzen, ahoa bete hagin. Zelako dirutza zegoen bertan gastatuta! Zenbat bordatu, lore fresko, oihal fin, zilar, urre! Lizuna egin zitzaidan hainbesteko ostentazioa. Gainera, arratsaldean ikusle ibili zirenak ere, traje eta gorbata jantzita, eta andrazkoak peineta eta mantelina beltza! Ikaragarria! Ez da edozeinentzat. Kofradiari ere urtean zehar ordaindu beharrekoa ez du egiten edozeinendako.

Azkenik, heriotzaren eta sufrimenduaren goraipatzea azpimarratuko nuke. Jesus hiltzea ospatzen dute, ez piztea. Nire ustez, hori da bitxiena eta goraipatzekoa. Ez dute berpiztea ospatzen, esan nahi duen guztiarekin. Prozesioa eta barreaz ulertuko nuke. Tragikotasuna baino ez dute goratzen, ez berri ona. Ze erlijio klase da sufrimendua eta iluntasuna baino ospatzen ez duena?

Garizumako liburuak

Leire Narbaiza 2008/03/23 02:20
Garizuma deitu diot Gabonak eta Aste Santuan artean irakurri ditudalako liburu hauek. Aratuste bueltakoak ere dei niezaioke post-ari, baina tarte laburragoa denez, Garizuma euskaraz beti luzeago...

 

pijama

“Pijama marradunaz jantzitako mutikoa” John Boynerena: Liburu hau, gaztelaniaz, behintzat, best-seller-a da. Nire ustez, liburu hau euskaraz argitaratzea ia gaztelaniakoarekin batera, poztekoa da, horrelako liburuak ere behar ditugulako, askotan aldarrikatu dudanez, ezta? Erraz irakurtzen den horietakoa den arren, zer pentsatua ematen du. Protagonista hamaika urteko ume bat da, kontzentrazio esparru betera bizitzera joaten dena, aita esparruko arduraduna baita. Hamaika urte badu ere, txikiagoa dirudi bere berba egiteko eragatik. uste dut idazleak horretan ez duela asmatu. Zortzi urte jarri izan balitzaio, askoz sinisgarriagoa egingo litzaiguke.

Bestetik, esan behar dut itzulpena nahiko ondo dagoela, baina zuzentzaile ortografikoa ere existitzen dela. Ile berba "hile"  dago idatzita. Enfin! horrelako txikikeriek niri asko adierazten didate. Gaur egun dauzkagun baliabideak edukita....tristea da.

Orain amaieraren gainean egingo dut berba; hortaz, irakurri nahi duenak (eta nik gomendatu egiten dut) ez dezala hau irakurri. Amaiera itzela dauka, beldurgarria, nik orri batzuk lehenago igarrita ere, gorputzaldi txarra laga zidan. Ukituta amaitu nuen liburua. Hasierako ahots atseginak gerraren gordina erakusten digu. Gogorra.

zu-bezain-ahul“Zu bezain ahul”
Karmele Jaiorena. Laneko kontuengatik irakurri nuen liburua. Honezkero jakina denez, momentu honetan ipuin liburuak ez ditut oso gustuko.  Baina, hala ere, liburu hau ikaragarri gustatu zait,. Ipuinak oso laburrak dira, zuzenak, ez dago buelta gehiegi. Hori bai, protagonistak oso errealak dira, edozein izan liteke protagonista: zu, auzokoa, supermerkatuko kajera, bakuko zuzendaria, parkean dagoen ama, ni, neba, laguna, Karmele Jaio,...edozein. Istorioek ere badaukate egunerokotasun puntu bat, ez dira estrabaganteak, arruntak dira. Eta hau modu onean diot, sinisgarriak dira. Iraganaren presentzia ere badago. Baina presentzia hori ez da oso nostalgikoa, edade konkretu baten seinale baino ez da.

Asko gustatu zait liburua, bai. Freskoa, atsegina eta erreala iruditu zaidalako; eta, gainera, mundu paralelo bat asmatua ahal izan dudalako. Benetan, joiatxo bat da liburu hau. merezi du. Birplanteatu beharko dut ipuinena.

 

bidaiak

“Bidaiak scriptoriumean zehar” Paul Auster-ena. Esan zidaten ez zitzaidala gustatuko "Brooklyngo erokeriak" komentatu nuenean. Gustatu zaidan, ez dakit. Ezin dut esan. Ez da nik espero nuena. Hori ere esan zidaten. Nirea da errua. Irakurle askok daukagu joera hori: liburu bat gustatu, eta autore horren beste liburu batzuk irakurri, antzeko zerbaiten bila. Askotan funtzionatu egiten du, baina beste askotan, ez. niri hori pasatu zait: beste gauza baten bila nenbilen. momentu honetan behar ez dudan liburuetako bat da. Kafkaren "Prozesua"-rekin konparatuko nuke -nahiz eta zerikusi gutxi duten, irakurri bitartean liburu hori etortzen zitzaidan burura behin eta berriz-. Zergatik egin konparazioa? Bietan egoera jakin baten gaude, ez dakigu zergatik, eta ez dugu zergatik jakingo. Hortaz, ez da misterioa azkenean argitzen.

Egindako teoria guztiak, pikutara joan zitzaizkidan, bata bestearen atzean. Eta oraindik jakin minez nago, ea nire teorien zatitxoren batzuek istorioaren oinarria diren, edo behintzat, zati. ez naiz oso irakurle interesgarria, eta ez zait liburuei buelta asko ematea gustatzen. Nahigo dut idazleak berak kontatzea, irakurrita disfrutatzen dut nik eta. Horren gainean beste egun batean jardungo dut, interesgarria da eta.

Itzulpenak ere nahiko urduri jarri ninduen, hainbat kasutan ohiturazko -t(z)en erabiltzen du narrazioan: komunean sartzen da, prakak kentzen ditu, jesartzen da, ....Hainbestetan ikusi ditut horrelakoak itzulpenetan, euskaltzaindiaren EGLU-ra jo nuela, ea ni oker nenbilen, edo. Ez, jaun-andreok! txarto dago! Talibana izango naiz, baina zeharo urduritzen naute tontakeria horiek, zuzentzen jarduten dut, disfrutatu beharrean. Deformación profesional!!

xakeemakume-ezezegunDurangoko irakurlearen txokorako (bertara ikasleekin joaten naiz) Stefan Zweig-en liburu bi irakurri behar izan genituen: "Xake nobela" eta "Emakume ezezagun baten gutuna". Biak desberdinak, biak antzekoak.Bietan buruari bueltak emateko gaiekin. "Emakume ezezagun baten gutuna" hamasei bat urte nituela irakurri nuen lehenengoz, gaztelaniaz. Asko gustatu zitzaidan, eta negar pila bat egin nuen orduan. Banekien oraingoan desberdina izango zela, maitasun ukatuen gaia beste era batean biziko nuela. Eta egia esan, horrela izan zen: Nerabezaroan tragikoa eta dramatikoa zena, heldutasunean pasatuegi dago. Beharbada, izango da emakumerik gaur egun horrelako gauzarik egiten duenik, baina zorionez gero eta autonomoagoak eta burujabeagoak gara. Darabilen hizkera ere, apala eta horrelako emakume bati dagokiona da. Azken momentura arte zain gaude ea zer erreakzio duen gutunaren hartzaileak. Baina andrearen hitzak baino ez zaizkigu agertzen.

"Xake nobela"-n, aldiz, darabilen hizkera oso jasoa eta landua da, protagonistaren edo narratzailearen neurrikoa. Itzulpen ona baina gaitza. Berba arraroak eta ardrebesak. Horrela eskatzen omen du originalak.

Nobela labur honetan judu baten bzizpenak kontatzen dizkigu: naziek atxilotu ondoren, ez zuten eraman kontzentrazio esparru batera, hotel batera baizik. Hotel horretan, baina, ez zeukan ez leihorik, ez zer irakurri, ez zer idatzi, ez zer margotu. Ohea besterik ez. Tortura gogorra. Bakar-bakarrik dago. Galdeketa saio batean liburu bat lortzen du ostea. Zoriontsua da, liburua xake partidaz beteta dagoela jakin arte. Horixe da argumentua. Hausnartzekoko bidea emanten digu bakardadeaz, beste pertsonen beharraz, zerbait egin beharraz...Isolamendua zein gogorra den adierazten digu.

Liburu biek badituzte antzeko gauza batzuk. Biak oso laburrak dira, ez dute apenas kapitulurik edo atalik, eta biek obsesioez dihardute. Obsesioa eta gaixotasun mentalaren arteko gauzaren bat. Bietan bakardadea eta pertsona bere buruaren kontra. Interesgarriak!

belarrarenahoa"Belarraren ahoa" Harkaitz Canorena. Canori irakurri diodan liburu bakarra da. Ez dakit zergatik baina ez dit atentziorik ematen. Egia esan, liburu berezia da. Hainbat istorio nahasten ditu ehun orriotan. Batetik, protagonista baten istorioan kontatzen da, zelan Frantziatik AEBetara polizoi joaten den Askatasunaren Estatuaren barruan. Beraz, irudi horri betiko lotuta geratzen da. Bestetik, Hitler Amerika konkistatzera doa, Eurapa osoa menpean artu ondoren. Itsasontzi berean Charles Chaplin daramate atxilotuta "Diktadore handia" filma egin duelako. Charlot eta polizoiaren istorioak nahastu egiten dira, eta elkar ezagutzen dute.

Liburu honetan hitzaren, hitz idatziaren indarra da azpimarratzekoa. Baita ilusioek eman ahal dizkiguten indarrak aurrera egiteko ere. Nobela desberdina, gustura irakurri nuena.

los crimenes “Los crímenes del número primo” Reyes Calderónena. Jakin ez banu liburu honek Leire duela kokaleku nagusietako bat ez nuke hain arin liburutegian hartuko. Baina, izenak tiratzen duenez,....Aipatu ere ez nuke egingo blog honetan, horrelako makinatxo bat irakurri dut-eta. Orduan? Morboagatik aipatzen dut. Idazleari egindako elkarrizketa bat ikusi nuen eta orduan sumatu nuen zerbait: bederatzi seme-alaba dauzka eta Universidad de Navarran uste dut dekano-ordea edo dela. Beraz, Opusekoa. Jakin nahi nuen nola egiten zion aurre nobelari horrelako pentsakera duen emakumeak.

Egia esateko, estamentu eklesialak ondo kontrolatzen ditu, baina euren arteko harremana hain da formala eta protokolarioa....ez da nik elizetan eta eskoletan bizi izan dudana. Hori bai, beste katoliko batzuk ezagutzen ditut nik, berak nobelan "Oveja descarriada" deritzon motakoak, hain zuzen ere. Bai, bai, "cristianos de base" edo oinarriko kristauak (euskaltermen arabera), edo elizan aldaketak nahi dituztenak, berandako "ardi galduak dira. Eta ikustekoa da nola deskribatzen duen Iruñeko alde zaharreko Nabarreria auzoa! "tomada po ocupas y radicales pro vascos". Aibalapetra! Horrelakoak dira barren Iruñeko nire ezagun/lagun guztiak!

Ordura arte, horrelako adierazpenekin irribarre eginterik baino ez nuen. Gauzak aldatu ziren homosexualitatea hiesa, bizioa eta deprabazioarekin lotzen hasi zenean, oso era sotilean batzuetan, eta beste batzuetan zuzenago. Horrek ez zidan batere graziarik egin, jakinda dakigun moduan, bizioa eta deprabazioa toki guztietan daudela. BItxia.

katilinarenak"Katilinarenak" Amélie Nothombena. Toki gzutietatik gomendatzen didate idazle honen liburuak: lagunak, liburuzainak,...Inguruan ere hainbat liburu iritsi zaizkit; Gaztelaniaz, euskaraz fratsesez....ezin laga, bada, libururen bat irakurri barik. Honi eman nion aukera, eta egia esan, hasieran zeharo flaxeatuta laga ninduen: egoera hain zen arraroa eta absurdoa...Abisatuta nengoenez, aurrera egin nuen, baina, laburra izan arren, momentu bat izan nuen beherantz egin zidala atentzioak.

Gero, esan behar dut, itzulpen honi ez diola inork gainbegiraturik jo! Euskaltzaidiaren hainbat arau, orain hamar urte luze emanak, ez ditu errespetatzen. behin eta berriro "arratsaldeko lauak" eta "arratsaldeko zazpirak". Zabarkeria delabegitatzen zait, benetan. ganorazko itzultzaile batek horrelako gauzak zaindu beharko lituzkeela uste dut. Ni haserretu egiten naiz, eta ezin izaten diot hariari jarraitu. Uf! nire maniak!

Amaiera ere aho zabalik lagazteko modukoa da. Beste bat ere irakurriko diot, dagoeneko etxean daukat....

 

Udabarri on!

Leire Narbaiza 2008/03/22 23:31
Etorri jaku udabarrixa!

Espero dot 2008ko Udabarrixa ahalik eta onena izatia danondako. 68ko Udabarrixa bezin indartsua, baiña oparuagua.
Lora gaztiak eta fruta barrixak indarra eta esperantza ekarri deiguezela, bihar dogu-ta!
Zueri guztieri maittasuna eta zoriona, zakukadaka.
Guztondako irribarre bat ezpanetan, eta euro batzuk poltsikuetan laguenekin kaña batzuk hartzeko.
Laztanik haundixena nere partetik pantalla aurrian zagozienondako!
MA!!!

Bost urte eta gero hau!

Leire Narbaiza 2008/03/20 00:11
Orain bost urte Estatu Batuek inbaditu zuten Irak, Erresuma Batua eta Espainiaren bedeinkapenarekin, besteak beste.

Gezurrak erabili zituzten inbasio hura justifikatzeko. Arma bakteriologikoak omen zituen Saddam Husseinek. Omen, baina. Inbaditu, gerra piztu, lapurreta masiboak eragin, herrialdea hustu, Saddam harrapatu et urkatu, negozioak egin eta aberastu, suntsipena eta etsipenak nagusi. Baina Irak duela bost urte baino hobeto omen dago. Omen. Boto eskubidea daukate; hortaz, demokrazia! Berba bedeinkatua, bere izenean negozio egiten dute.

2003a oso urte berezia izan zen; batez ere, otsail amaiera martxo hasiera. Gogoan dut kalean geundela takian potian: Egunkaria itxi zigutelako, Irak inbaditu zutelako. Hilabete mobilizaziorik mobilizazio. Egun baten  ordu beteko geldialdia, hurrengoan Donostian makro manifestazioa, hurrengo,  kontzentrazioa kandelekin; bestean, mega manifestazioan Bilbon.....pegatina, kartel eta pinez beteta guztia.

Orduan hartu nion gustua interneti. Igarri nuen zein interesgarria zen, eta zenbat balio zezakeen. Komunikazio bizkorra eta ona, ia edozeinen eskura. Hori ere oso ondo gogoratzen dut.

Ez dut uste ezertarako balio izan zuenik, baina ez geneukan beste biderik, egin genezakeen gauza bakarra zen. Era  askotako jendea elkarrekin zer edo zeren alde, edo kontra. Gogorra, baina ederra. Emozionantea. Malkoak behin baino gehiago begietan. Amorrua tripetan.

Oso jendetsuak izan ziren elkarretaratzeak. Eibarren ordu beteko geldialdiak lagun asko batu zituzten. Aspaldian inoiz baino pertsona gehiago zerbait aldarrikatzen. Donostiakoa itzela izan zen, ez zen inor gehiago kabitzen. Bilbokoa, gerraren kontrakoa, bertan egon den manifestaziorik handienetakoa izan zen. zirraragarria egin zitzaigun manifarantz gindoazela, Parisen izan zenak zenbat jende zeraman. Munduarekin geunden.

Egunkariak itxita jarraitzen du, eta hainbat pertsona inputatu eta epaiketaren zain. Irak desastre bat eginda. Egunero hildakoak, biztanleak erbesterantz; demokrazia izan arren, goseak akabatzen umeak. Hau guztiau ikusita neure buruari galdetzen diot ea egin genuenak ezertarako balio izan zuen. Ezetz erantzuten diot, baina egin genezakeen bakarra zen, eta egin genuen.

 

"Gorda" antzezlana

Leire Narbaiza 2008/03/17 01:14
Barixakuan konbidau ninduen "Gorda" antzezlana ikustera, unibersidade laboralian, antzerki jardunaldixen barruan.

Zenbat urte Eibarko antzerki jardunaldixetan egon barik! Eta hori teatrua gasko guztatzen jatala. Baiña batetik, nere kabaretera ordutegixak; eta bestetik, sarrerak lortzia hain da gatxa! Hori dala eta izango dira bost urtetik gora ez naizela bertara juan. Azntzezlan horretara juan nintzan amak sarrera bi zittualako, eta neri esan zestan juateko. Bestela aurten be ez.
Egixa esan, erostera juan ezkero, nik ez neuke holako obra bat aukeratuko, aktoriak hain ezagunak izanda, telebisiñotik gaiñera.Holakuak beti atzeradia egin izan deste. Bai, badakitt oso snoba naizena, bai. Eta? Badakitt jakin, jentiari orokorrian hórrek lanok emoten detsela atentziñua. Baiña neri neuri, justu kontrara.
Bertara juan eta tout Eibar zeguan! Ze zan ha! Eibarreses de toda la vida! Nere lagun batzuek esaten daben moduan, eibarrinos varios! Beraz, fauna eta flora.
Antzezlana ez jatan asko gustau. Luis Merlo bai, baiña andrazko bixak, ez larregi. Funtziñua luziegixa egin jatan, eta hori gertau ezkero, seiñale txarra! Momentu eta egoera batzuk onak ziran, baiña behin baiño gehixagotan begiratu netsan erlojuari. Akto baten aspertu be egin nintzan.
Dana dala, gitxien-gitxien ikuslien jarreria gustau jatan. Antzokixa gaiñezka zeguan eta kriston berua egitten zenban. Jentia berriketa baten zebillen hasieran, latak zabaltzen! ni flipauta neguan!
Beste gauza bat be esango dot, eta ezagutzen naben guztiak be esango dabe: barre errezekua naiz, eta gaiñera barre algarak errez urtetzen deste. Halan da be, lan horretan neretako asko jota irribarria zana, jentia barrez lehertzen zeguan. Predispueto etorri ziran, gero! Iñaki Miramonek ahua zabaldu, eta algarak! Gure illaran, danak hotz. Pentsatze dot askok "Aquí no hay quien viva" eukiko zeban buruan, bestela ez dot aitzen.
Algara hórrek oso deseroso sentidu eragitten zesten; lehen be esan dot, oso snoba naizela, ze egingo detsagu, ba? Seguru beste toki baten, txikixagua, eta nere modoko snobekin, gehixago disfrutauko neuken, zigur!
Ezin da hain sibaritia izan!

Itxurian indarra

Leire Narbaiza 2008/03/14 20:10
Badagoz egun batzuk hamabost zentimetro gehixago neurtu eta pare bat talla gitxiago euki biharko neukena indarra eta konfiantzia izateko

Bai, nahiko neuke altuago eta argalago izatia, jende askon moduan. Baiña egun konkretu batzuetan uste dot bizitzari aurre egitteko oso ondo etorriko lejatakela. Egun batzuetan nahiko neuke andrazko haundi, indartsu eta segurua izatia; batez be nekiak, izerdiak eta buru-arintasuna hartzen nabenian. Gaiñera, holako egunetan normalian, erropa txarrena eta txartuen gelditzen jatana daroiat. Murphiren legia dirudi.

Bizitzatik pausu firmez pasatzia nahiko neuke; argixa izatia, brillantia. Iñoiz lortzen dittut holako segundu batzuk, baiña gehixenetan argi bakarra fluoreszentiak emonten desta.Enbidixia detset seguridade hori erakusten daben andreri. Eurengandik ikasi  nahiko neuke, andrazko heldu pontentia zateko; halan da be, badakitt hori misión imposible dala, nere oiñarrixan zalatzia, bromia, zorokerixia eta seguridade faltia daguazelako.

Hau ez jata egunero pasatzen, ez. Normalian ez naiz arduratzen. Baiña badagoz egun batzuk.....erretratu baten agertu bihar betiko interneten jartzeko, persona interesgarri bat ezagutu bihar dogunian, gizon zoragarriren bat (etxerako modokua edo gehixago) aurkezten deskuenian, norbera baiño argixagua danakin bat-batian alkartzian, emakume seguru eta potente batekin egon bihar garanian.....

Eta erropiak zelako garrantzixa dakan: egun klabe hórretan estuegi geratzen jakuzen prakak daroiaguz, fardel itxuria emoten deskun abrigua jantzi dogu, erretenian sartzen jakuzen kuleruak ipinitta dakaguz,.... eta burua garbittu barik!
Auto-estima faltia be bada, baiña beste batzuetan espilluak itzultzen deskun arpegixa askoz hobia eta atsegiñagua da, gustagarrixagua.

Ez dakit zergaittik pasatzen jakun, baiña gaur holako egun bat dakat. Eta antzerkira konbidau nabe! Eskerrak argixak amatauta egoten diran!

Trena eta liburuak

Leire Narbaiza 2008/03/12 18:51
Atzo biharretik lehentxuago urten ahal izan neban, eta horrek aukeria emon zestan "zuzenian" Bilbo-Durango- Eibar-Zarautz-Donostia egiten daben trena hartzeko

Geltokixak beti dira leku literarixuak, gauza asko gertzen dalako bertan, agur eta ondoetorrixen testigu diralako...baiña Durangoko estaziñua, Eibarkuan moduan, ez da hórretakua. Illunpian dago, jarleku gitxi eta ittokindunak dakaz, eta gabeko bedratziretan oso jende gitxi dabil

Betiko moduan, bankuan jarri eta liburua etara neban. Oinguan liburukote mardul nobelita edo nobeloi hórretako bat zan. Abixu bat emon zeskuen megafonixatik. Liburutik burua altzau eta begiradiak beste liburudun batekin egin zeban tope: Harkaitz Canokin. seguru ez, bera zanik eta atzera be begiratu netsan. Bera zan bai, duda barik. Jende gitxi horren artian bakarrak giñan liburu eta antiojuekin. Eta ni "Los crímenes del número primo" irakortzen! Bere liburuak titulo haundixa zekan. Seguru nago zeozer sofistikauagua eta cool-agua zala! Holan, Leire, antioju pastaduanak eta bloga euki arren sekula ez haiz inteltualen elitian sartuko!

Uste dot bera be konturatu zala ezagutu nebala. Gogorra izan bihar da, gero, norberan anonimatua ez gordetzia! Euskaldunen artian, ze samia jokatuko neuke zain geguazenon artian ni nintzala ezagutzen zeban bakarra, arpegiz zein liburuz!

Trenera sartutakuan burutaziño hau izan neban: "Los crímenes del número primo" irakortzen ibili biharrian, "Belarraren ahoa" leitzen jardun ezkero?. Trenian hasi eta amaittu neban, oin 3 bat aste. Ze arpegi jarriko zeban? Ze sensaziño egin bihar dau norberan liburua irakortzen dabizela ikustiak? Hurreratu egingo jatan eta eritxixa eskatu? ez ikusixana egingo zeban? Ze jarrera eukiko zeban?

Tren "zuzenian" iñoiz baiño gehixago tardau neban Eibarrera aillegatzen: 40 miñutu! To, abiadura handia!

Etxetik

Leire Narbaiza 2008/03/12 00:29
Oe, oe, oe, oe, oe!!!!! Azkenian!!!!

Ez, ez naiz zoratu. Ez, ez dakat transtorno bipolarrik. Nahiko ziklotimikia banaiz, baiña benetan diñot. Post hau etxetik nabil idazten eta editatzen!
Konektauta nago! Kostau jata, baiña. Eta ez bakarik luzaruan nagualako internet jartzeko, ez atzo jarritta (oindiok gauzatxo bat falta dot eta 100 bat liburu tokittik kanpora dakaraz, ordenadoria sala erdixan, apal baten gaiñian)
Arazo mordua izan dittut Firefox instalatzeko, baitta exploren zaharrakin blog hau ikustia be. Baiña eibar.org alkarte zoragarrixari, eta nere Diogenesen mini-sindromiari esker, konpondu ahal izan dot. Erralek be jarri dau interesa eta ezagutxa. Milla esker, Mikel!
Oin bost bat urte, blogen mundua ezagutzen ez nebanian, eibar.org-k ikastaro bat antolau zeban, eta CD bat eman ziguten. Bertan Mozilla bersiño zahar bat eguan.
Nik CDia gordeta izan dot denpora horretan guztiorretan. Eta ointxe etara. Firefox bajau ezin nebanian.
Bertsiño zaharrak lortu, eta oin bersiño nahiko barrixakin nabil, eta zaharra izan arren bloga kudeatzeko aukeria emoten destaz, Eskerrak!!!!
Hemendik aurrera amaittu dira pen-drivea nun sartu billa ibiltzia, informaziñua galtzia, oporretan aut egotia....c'est fini, mes amours!
Leire luzarorako, ai ama!

Berba barik

Leire Narbaiza 2008/03/08 22:53
Gatxa da ni berba barik lagatzia. Halaxe nago!

Zer esan? Gogo barik ezertarako be ez! ohian sartu, eta gehixago ez jaikitzeko moduan!

Mikel Lizarraldek baimena emongo destalakuan, Ruperren kanta zati bat:

"Inork ez zidan esan

Euskaldun izatea zein nekeza dan,

Hobe nuela hautatzia

Munduko hiritar izatia".

Kokoteraiño!

 

Fadoak Elgetan

Leire Narbaiza 2008/03/06 18:37
Zapatu gabian "Ventos de Saudade" talde plaentxiarrak jo eban Elgetako Espaloian. Berandu banabil be, nahiko neuke kontau bertan zelan pasau genduan, eta entzundakua

Faldo talde honek lehenagotxuago Eibarko Coliseon jo eban, eta ez dakit zergaittik ezin izan nintzan juan. Faduak gustatzen jataz, asko ezagutzen ez dittudan arren. Eta aukera haundik izaten ez dogunez Espaloian jo bihar ebela jakin nebanian automobilduna konbentzidu, beste lagun batekin geratu eta bertan alkartu.

Espaloian ez naiz gehixegittan egon, egixa estaeko bost bat bidar-edo egongo nintzan, baiña guztietan sentidu naiz ondo. Ibanen harrera be halakotxia izaten da! Holako rezibimientuakin beti ondo! Oingiuan bokadilluak jan genduazen eta edarrak dira benetan; edarra berbiak dakan esanahi guztueki; hau da, haundixak eta gozuak.

Zerbezia, kafia, konpaiñia ona....faduak! Gabak oso itxura ona zekan, horraittiok! Eta hala izan zan. Ventos de Saudadeko plaentxiarrak portau ziran. gaztiak baiña oso ondo prestatuta. Musikuak baltzez jantzitta, neskia, Ariane be dotore-dotore jantzitta, abots horrekin....kantu hórrek kantatzen. Ze ondo! gozada bat! Nik benetako inbidixia pasau neban, nere artista arimiak eszenarixora urtetzia eskatzen zestan koruak egittera. Baiña ridikulua baiño ez neban egingo!

Espaloia bete egin zan. Eta esango neuke alkartutako guztiak gustora egon giñala kontzertua ondo antolatuta egon zalako, kantu guztiak esplikauta, eta taldekide guztiak parte hartuta, euren plaentxiako berba moduakin: ts guztiak ahoskatzen! Gaiñera, kantu baten danak kantau zeben, eta hori benetan gustatu jatan, "danok dakagu fado bat/patu bat, eta txarto fadauta jaixotzen danak ez dau fado hoberik eukiko" abestu eben, bakotxak betso bat. Taldian espiritua erakutsi eben.

Amaittu zanian, berriketa apur bat egiñ, eta Villabajora itzuli giñan, zapatu diferentia eta gozagarrixa pasau genduan sensaziñuakin. A! taldekuak korista bat bihar badabe, hamen kabaretera bat prest! Akordau daittezela nerekin!

Beste blogari batzeuk be idatzi dabe taldian gaiñian: Asier Arregik, Elena Lakak eta Iban Arantzabalek. Nik baiño pofesionalago eta hobeto, seguru. Kontsultau eurena!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua