Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Jokuan aurkezpena

Leire Narbaiza 2008/11/25 22:46
Portalean aurkeztu dogu jokua gaur arratsaldian.
Aurkezpen ofiziala

Egualdi txarra, konzentraziñua Untzagan, eta gu aurkezpena egin Portalea kultura etxian. Jente gitxi etorri jaku, eta danak famelixa, lagun eta ezagunak. Ekitaldixa laburra izan da, biharbada laburregixa. Galdera batzuk jarri dira gero jokua zozketatzeko. Galdera hórren erantzuna be emon ahal genduazen, jentiari galdetu eta gero.

Hori bai, hasi jaku jentia akatsak topatzen. Markia da, gero! Hainbat bider zuzendu, errepasau, begi pare askok ikusi eta, halan da be, hankia sartu. Baiña akatsak topatzia ona da, hobetzeko, eta gaiñera erabili daben seiñale. eta hori da gure helburua: eibartarrak jokatzia eta dibertiduta herriko kontuak jakitzia.

Jaten eta berriketan

 
Saldu be politto egin da, eta juan garan taldekidiak pozik agertu gara

Joko egille batzuk aurkezpenian

 

Oier Araolaza falta da, baiña saltzaille zeguan:

Oier saltzaille!

 

Oin bere bidia egin biharko dau, eta jokatu biharko dogu

A! Anekdotatxo bat. Udaletxeko bateri tabernakuak galdetu detse: ¿Esos del .com qué son, algunos chavalitos? Eta berak esan detse, ez euren edadekuak edo. Onena da ni egon naizela tabernarixakin piskolabisan gaiñian berba egitten!! Horretara, ni, txabalita! Edo euren ama nintzala pentsau dau? Enfin!

 

Badakizue, erregalu edarra egin nahi badozue "Kalamuako Parlamentua" merke, ona eta politta! salgai Eibarko dendetan! Animau eta erosi!

 

Kalamuako Parlamentua

Leire Narbaiza 2008/11/25 01:52
Horixe da Eibarren gaiñeko jokuan izena.
Kalamuako Parlamentuko tablerua

Gaur egingo dogu jokuan aurkezpena Portalean arratsaldeko 7,30etan. Bazan ordua! Urte bi biharrian emon eta gero esku artian izan dogu, eta politta da gure kumia.

Eibar.org-ko kuadrilla bat ibili gara horretan, 1200 galderatik gora prestatzen, zuzentzen, atontzen, diseiñatzen, maketatzen, danon eskura jarri ahal izateko. Umorez eta maittasunez egin dogu, horrelako produktu bat afektotik baiño ezin leikelako egin.

Eta izen hori zergaittik? Kalamuako Parlamentua leku bat dalako, Kalamua mendixan daguan toki berezixa. Bertan, jentia berba egittera juaten zan, "dibinuaz eta humanuaz"; hau da, mundua konpontzera. Horregaittik parlamentua. Horregaittik jokuan izena; geografixia, historixia, kirola, kulturia, euskeria, industrixia, naturia....gure herixakin zer ikusixan dakan ixa guztia hartzen dabelako!

Ikusi nahi badozue ze edarra dan, gaur bertan aurkeztuko detsuegu. Gaiñera, gaur 14 erotan erosteko aukeria izango da. Bixartik aurrera, 17 eurotan. Aprobetxau bihar dira aukera hónek krisis sasoi honetan, ezta? Horretara, animau eta erdu!

Izena eta izana. Izan diralako, gara.
Amaittu aurretik, esan gura neuke joko honetan parte hartu dodala gure herrixa maittatzen erakutsi zestelako, zestalako aitxak, Eustakiok. Berak kontautako hamaika bitxikerixa, istorixa, ipoiñ eta kontu galdera bihurtu dittugu. Hori dala eta, nik egindako bihar guztia aitxari dedikau gura detsat, berak zabaldu zestalako bidia. Beragaittik izan ez balitza, nik ezingo nebalako proiekto honetan parte hartu, ez nebalako ezer be jakingo gure herrixan gaiñian. Eibartarra jaixotzez ez izan arren, eibartarra izaten erakutsi zestalako. Milla esker, aitxa!

Urteko afarixa

Leire Narbaiza 2008/11/22 16:41
"Edozer" soziedadian atzo egin genduan afarixa.

Eibartarren zerrendako afarixa izan genduan atzo. Zerrendan ehun bat garan arren, hamazazpi baiño ez giñan juan. Gitxi, baiña onak!

denok

Juan nintzanian atian Serafiñekin alkartu nintzan. Barruan Asier, Josu eta Elena zeguazen biharrian. Asier sua ixotzen ....uleko sekadoriakin!

Asier sua egitten uleko sekadoriakin!!!!

Bittartian, Elenak, Serafiñek eta hirurok mazedonixa egittiari ekin zetsagun. Handik gitxira Xabier etorri, eta nahikuak giñanez biharrerako, berbagaixa emon, eta berriketa baten jardun genduan (batzuk mazedonixa egitten dogunian tonta arpegixa jartzen dogu)

Mazedoniagilliok

Afarixa ez zan oso ziber izan. Iñork ez zeban ordenadorerik eruan, eta ez genduan interneten gaiñian berbarik egin. Eztabaidetako bat izan zan Iruña-Veleian afertutako graffittixetan Euzkadi ala Euskal Herria agertzen zan :-)

Atzoko afariko izarra gure kume bat izan zan: Kalamuako Parlamentua jokua izan zan. Gure taldiak egindakua. Kajia esku artian izan genduan, baitta jokatu be. Asierren erretratuan ikusi leikenez, oso ondo pasau genduan:

afarixan jokatzen

 

Egixa esan, munduan dominaziñua planeau, GPSrako abotsak jarri edo Eibarko jokuana egin afarixetan urten daben gauzak dira. Oinguan, jokua aurkeztu barik daguanez (martitzenian, hillan 25ian) besterik ez zeban urten, ondiokan amittu barik-edo dagualako. Baiña seguru, laster urtetzen dabela beste idearen batek. Hori seguru.

Ederto pasau genduan. Kuxkuxeatu nahi badozue hamentxe hiru helbide:

http://www.flickr.com/photos/txargain/tags/edozer/

http://www.flickr.com/photos/asarasua/tags/edozer/

http://www.flickr.com/photos/garaolaza/tags/edozer/

HABEk 25 urte

Leire Narbaiza 2008/11/11 07:00
Gaur HABEk bere urteurrena ospatzen du.

Badira egun batzuk HABEk (Helduen Alfabetatze Berreuskalduntze Erakundea) bere urteurrena iragartzen dabilela. Irratian, ikasbilen, komunikabideetan....

Urtarrilean 19 urte beteko ditut euskaltegietan beharrean. Ia bizitza erdi, eta ia beti (ikastaro labur batean izan ezik) udal euskaltegietan. Ia jende gehienak Habe euskaltegiak deitutako horietan. Hainbeste urte, eta oraindik azaldu behar ez naizela Habeko langilea, eta sekula ez naizela izan. Durangoko lagun bati fitxatzeko txartela erakutsi behar izan nion sinis ziezadan, bere udaleko behargina nintzela, berak eta bere herrikideek ordaintzen zidatela, eta ez eusko jaurlaritzak {dena minuskulan, letra xehez, nahiz eta eurek larriz idatzi}. Txartelak baino ez zuen konbentzitu.

Toki guztietan nabil entzuten Habek euskaldundu duela jendea, berari esker daukagula ikasteko sistema hau diruz lagundua. Hori entzundakoan begiak handi-handi geratzen zaizkit, euskaldundu euskaltegietakook euskalduntzen dugulako, ez Habek. Berak dirua banatu eta baldintzak jarri baino ez ditu egiten. Baldintza zorrotzak, Batzuetan, drakonianoak ere esango nuke. Ratioak, baremoak, ordu kopuruak, talde zurrunak,......inposatzen digu, gurekin kontsultatu barik. Berandu baino lehen desagertuko ginelakoan hasi zen. Baina gure lanak etorkizun luzea dauka, zoritxarrez. 

"Ekin, ukan, ekin", "Pixka bat es mucho" eta horrelako kanpainak egiten ditu Habek. Dirua xahutzeaz gain, zertarako balio dute? Nik ezetz esango nuke. Horrela, biribil. Hori bai, zein garrantzitsua den diaspora euskalduntzeaz jardungo dute etengabe. Argentinan euskara ikastea doan da. Hemen ez, ostera

Bai, baina diru laguntzak daude.....Bai, aprobatuz gero. Eta azterketarik egin nahi ez bada, zer? Askotan ikasleei azterketak egitea debekatuko nieke. Horrek sortzen duen estresak eta urduritasunak higuindu egiten nau. Karrera amaiezina bihurtzen du euskalduntzea. Loterian bezala ahalik eta gehien jokatuz gero, tokatuko zaielakoan; azterketarik azterketa, kalejira mugagabean murgiltzen zaizkigu ikasleok, titulu edo diru-laguntzen bila. Horrela denok kokoteraino eta aspertuta amaitzea besterik ez da lortzen!

Zorionez, egunotako argazkietan Aek zein euskaltegi homologatuetakoak agertzen ari zaizkigu. Badirudi lehengo auziak alde batera lagata daudela, eta elkarlana hasita. Bazen garaia. Hala ere, pastelaren zati askoz-askoz handiagoa merezi dutela uste dut, egin duten lanarengatik, eta egiten duten ahaleginarengatik. Gogora dezagun gure erkidegoko hiruburuetan ez dagoela zentru publikorik (publikotasuna ere hertsian ulertzen badugu). Donostia, Bilbon eta Gasteizen funtzionatzen duten euskaltegiak diru laguntzak jasotzen dituzte, baina ez dira ez udalarenak, ez diputazioarenak, ez jaurlaritzarenak, ez ministerioarenak. Ulertuko genuke hiru hiriotan eskola publikorik ez egotea, eta denak kontzertatuak izatea? Ez, ezta? Bada, hori.

Bada ordua gure lanaren garrantziaz ohartzeko, serio hartzeko, ez garela gauera arte beharrean gabiltzan zoro batzuk, aspertuta daudenak. Euskalduntzea gauza sakona da, eta ezin dugu inor bazterrean utzi. LAgundu egin behar da, gauzak erraztu, inoi Euskal Herria euskalduna izango bada.

Eta gaiztakeria batekin amaitu nahi dut. Urteurrenaren ekitaldia gaur iluntzean da. Gaizto jarriko naiz. 25 urte edo gehiago klasea ematen daramatenak gonbidatuta daude Kursaalera. Ederto. Baina gaur klase eguna da, eta nork emango ditu euren klaseak? Eta ematen ez badira ordu horiek nola zuritu? Ahaztu egiten zaie gutako askok 7etan klasean gaudela, lanean. Ez diete inoiz gure beharrizanei erreparatzen. Lastima!

 

 

 

Kometa Ehiztaria

Leire Narbaiza 2008/11/09 17:09
Pozik hartzen dut gaztelaniaz modan dauden edo arrakasta izan duten liburuak euskaratzea.
kometa ehiztaria


Hori dela eta, Durangoko liburutegian ikusi nuenean hartu egin nuen. Egia esan, gaiak ez ninduen gehiegi erakartzen, baina uste dudanez itzulpena babestu behar dela, eta euskarazko maileguak sustatu, ekin nion irakurtzeari.

Azken bolada honetan, liburu tristeak saihestu egiten ditut. Dolu fase batean egonda, ez dut nahi izaten horrelakorik irakurri. Eta liburu honek nahiko gauza triste eta gogorrak kontatzen ditu. Afganistanen gertatzen da ia trama osoa, azken 20 urteko Afganistanen. Hori esanda nahikoa esan dut, ezta?

Liburuak ez dit ezer berezirik esan. Seguru nago gaztelaniaz irakurri izan banu, ez niokeela post oso bat emango. Beharbada, beste liburu batzuekin batera aipatuko nuke, edo ez.

Post honen hausnarketa ez da liburua, edo egilea, ez. Itzultzailea da. Nola itzul dezake liburu mardul bat aditzik ez dakien itzultzaileak? Zelako kalitate-kontrolak pasatzen ditu horrelako lan batek? Ba ote zegoen zuzentzailerik? Horrela izanez gero, askoz larriagoa litzateke gaia; itzultzaileak ez ezik, zuzentzaileak ere ez lituzke-eta jakingo!

Hain haserre amaitu nuen argitaletxeari e-mail bat bidaltzekotan egon nintzela. Are gehiago jakin dudanean argitaletxe berak itzultzaile berarrekin eta idazle beraren "Mila eguzki eder" atera duenean!

Esango duzue oso exigentea naizela. Egia da. Gauza batzuk toleratzen ditut, hala ere. Zuek toleratuko zenukete, baina, nik jasan nuena?
-Baldintzak ez dakizki. Gutxienez 5 topatu nituen txarto. Txarto, existitzen ez direnak: Adib. Bazenida
-Gutxienez ergatibo bi faltan
-Bezala/bezalakoa-ren arteko desberdintasuna ez daki zein den. Beti "bezala" erabiltzen du.
-"Jario" aditza Nor-Nori izatetik Nor-Nori-Nork bihurtu du, "zerioten" moduko munstroak sortuz.
-Inkongruentziak. Batzuetan "lagundu" aditza Nor-Nork, beste batzuetan Nor-Nori-Nork
-Euskaltzaindiaren arau batzuk ez ditu ezagutzen.
-Errore tipografikoak: letrak aldatuta, berba bi batera,....

Denok egiten ditugu akatsak. Idazle batzuek euskaltzaindiaren arau batzuei ez ikusiarena egiten diete, baina itzultzaile batek ezin du horrelakorik egin. Sentitzen dut.

Denon ahotan dabiltzan liburuak ikasleei gomendatzea gustatzen zait, gaztelaniaz irakurri beharrean euskaraz irakur ditzaten. Baina hau ezin dut gomendatu, ez. Eta pena handia ematen dit.

Literatura eta frustrazioa

Leire Narbaiza 2008/11/03 00:18
Irakurtzea nire zaletasunik handiena da, jakina denez.

Lehengo batean ezagun bati entzun nion bera “irakurle handia” zela; “un gran lector”, alegia; gaztelaniaz esan zuelako. Neure buruaz ez nuke sekula horrelakorik esango, nahiz eta asko, sarri eta ia denetarik irakurtzen dudan. Baina krisian nago.

Krisia, modan dagoen berba. Baina ez dut krisi ekonomikoaz jardungo, krisi literario pertsonalaren gainean arituko naiz. Dena aurreko post-eko erantzun bat jaso nuelako pribatuan, liburu batzuk gomendatuz. Bidaltzailea liburuez asko dakien lagun bat da, bera izan da nire inspirazioa, liburu bi baino gomendatu ez didan arren. Inspirazioaren bideak bihurriak dira, ezta?

Mezu horrek pentsarazi dit. Fase arin baten nago, nobelatxoak irakurtzen. Hala ere, ez dut lehen aurkitzen nuena topatzen. Uste dut, aspaldi batean deskubritu nuen mundua, dagoeneko agortu zaidala; hau da, ez daukadala esploratzeko ezer berririk. Ez nau ezerk harritzen, eta hori triste samarra da.

Orain hogei bat urte literaturaren mundua deskubritu nuen. Beti izan naiz oso irakurtzalea, umetatik. Gogoan daukat, libre neuzkan arratsaldetan (beti izan ditut eskolaz kanpoko asko), askaltzen nuen bitartean, irakurri egiten nuen. Ia liburu guztiak laranja edo mandarina zipriztinez beteta neuzkan! Orduan sasoian Enid Blyton-en liburuak irakurtzen nituen/genituen.—Oraintxe bertan wikipedian begiratu dut eta oso gaizki jartzen dute: “la pobreza de su estilo y de su léxico, que no favorece el desarrollo de la afición por la Literatura. Se trata, a grandes rasgos, de un tipo de literatura que "no alimenta y engorda"”. Nire ustez, asko horrela zaletu ginen, hala ere!—. Niri, gehien “La traviesa Elizabeth”-en trilogia gustatu zitzaidan. “Los cinco” baino gehiago.

Liburu hauek adin batera arte irakurtzen ziren. Behin 13-14 urteak betez gero, gure sasoiko neskak “Nacida inocente” serieko liburuak irakurtzen genituen: erreformatorioak, bortxaketak, alkohola,….Estatu Batuetako neskei gertatzen zitzaien gauza izugarriak. Benetan gogorrak, bortitzak latzak. Buf. Eskerrak Agatha Christie-ri! Berak salbatu ninduen gogorkeria hartatik!

Zazpigarren mailan literaturako gure irakasleak bakoitzari eskolara liburu bina eramatea agindu zigun. Gustatu zitzaizkigun liburu bi, klasean elkartrukatzeko. Horrela, “Iglús en la noche” irakurri nuen. Antropologikoagoa, gustukoagoa. Kurtso horretan bertan koaderno bat geneukan gure pentsamenduak, poemak eta gauzak idazteko. Eta irakasleak, astean behin irakurri egiten zuen altuan, denon aurrean. Guk bertan anonimoki edo sinatuta idatz genezakeen. Oso ideia ona, gaur egun blog bat izango litzateke.

Hamabost urterekin, eta “El conde Lucanor” derrigor irakurri ostean, nire mahaikideak, lotsatuta, umeendako liburu bat laga zidan “La historia interminable”. Eta hor deskubritu nuen magia, imajinazioa, nahiz eta jendeak barre egin didan inoiz hau kontatzean. Beste mundu bat erakutsi zidan, eta liburuek gorde litzaketen fantasia, bertsatilitatea, zenbat gauza egin litezkeen literaturan, ordura arte dena errealista baitzen.

Batxilergoan, gainera, gurasoen etxean zeuden liburuak irentsi nituen. Garcia Lorcaren ia lan guztiak, Stendahl, Oscar Wilde, Dickens, “Guerra y paz”, “Miguel Strogoff”….

Horrela Irakasle Eskolara iritsi nintzen. Lehenengo mailan Euskal Literaturako hainbat liburu irakurri nituen, nire klasekide ikastoleroek BBBn irakurrita zituztenak (eta ia denek gorrotatzen zituztenak, esan beharra dago. Honek post oso bat merezi du): “Ehun metro”, “Zergatik, panpox”, “Egunero hasten delako”, “Hamaseigarrenean, aidanez”…Gainera, klasean “Bi anai” , “Emea”, “Babilonia”….ere irakurri genituen. Mundu berria, interesgarria, freskoa…eta euskaraz!

Uda horretan Joan Mari Irigoienen “Poliedroaren hostoak” irakurtzen ari nintzela Deban, uretara jausi zitzaidan. Zeharo kateatua ninduen, eta sikatu arte, irakurri ezinda egon nintzen, gogo handiz, mimoz zaintzen liburua leitzen segitu ahal izateko. Harrezkero, titulu horri kariño berezia diot.

2. mailan Munduko Literaturako azterketara aurkeztu ahal izateko 17 liburu irakurri behar izan genituen. Aurreko urtean “Cien años de soledad” irakurrita neukan, eta hortik aurrera irakurri beharrekoak eta beste asko: “La conjura de los necios”, “La insoportable levedad del ser”, “Trópico de cancer”, “El proceso”, “La mujer rota”, “Gran Sol”, “Primavera con una esquina rota”,….Eta nahikoa lan izan arren, eskuetara eroritako edozer ere leitzen genuen. Euskal literaturan kurtso osoan Lizardi, Lauaxeta eta Miranderen poesia eta lanak aztertzen eman genuen….Paradisua!

Hiru urte horietan ikaragarri disfrutatu nuen. Alde batetik euskal literatura kontenporaneoa deskubritu nuelako: Sarrionandia, Atxaga, Izagirre, Irigoien, Lertxundi,….Eta bestetik, munduan zeuden estilo eta modu literario asko ezagutu nituelako.

Jakina, horren ostean, bideari jarraitu nion, eta ezagututakoetan sakondu. Baina harrezkero autore gutxik harritu naute, idazki gutxik markatu. Baliteke, adinak eta ezjakintasunak deskubrimenduetan  eta harritzeko gaitasunean laguntzea, zeren momentu honetan inpass batean nagoela iruditzen baitzait. Irakurtzen disfrutatu arren, ez da lehengoa, ez dago freskotasunik ematen didan libururik. Ezerk ez nau txundituta uzten. Gustura leitzen dut, ondo pasatzen dut, baina ez da lehengoa.

Aitatutakoez gain, faktore asko egon litezke; baliteke irakurle guztiei gertatzea; litekeena da liburu larregi irakurtzea, eta asko (gehiegi) erdipurdikoak izatea; egoera pertsonalak ere eragingo du, agian. Dena dela, sarritan, liburu bat amaitzean frustrazio moduko bat sentitzen dut; ez amaitu dudalako, ez. “Honek ere ez nau bete”. Mikrosegundu baten hustasuna sentitu, eta irakurtzearen absurdoan pentsatzen dut. Mingotsa, benetan.

Normala da gertatzen zaidana, doktore jaun-andreok?

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua