Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Aste Santutik honako liburu interesgarriak

Leire Narbaiza 2008/10/26 23:30
Denbora tarte luzea. Liburu asko, baina aipatzeko gutxi.

Sei bat hilabete pasatu dira irakurritako liburuen aipamenik egiten ez dudanik. Egia esan, irakurri, nahikotxo irakurri dut, baina janari azkarra dagoen moduan, literatura (horrela deitu ahal bazaio) azkarra ere badago. Hanburgesei batzuek janari zaborra ere deitzen diote, nik "nobelitei" ez diet horrela deituko, bere zerbitzua egiten dutelako, eta bizitzan momentuak ere badaudelako. Hori bai, Michelineko hiru izardun liburu bat disfrutatzeko gogoz ere banago.....

Esan behar dut, frantsesez ere irakurtzen hasita nagoela, baina maila apala (zerbait esategatik) dudanez, gauza errazak irakurtezn ditut, eta nobela poliziakoekin polito moldatzen naiz. Ezin da sakona edo asko pentsatzekoa izan. Emakumea naiz, baina ezin dut hainbeste gauza batera egin {:-)}: kontzentratu, irakurri, frantsesa ulertu, hariari jarraitu eta hausnartu. Momentuz gauza erraz eta linealak baino ez ditut irakurtzen frantsez. Honek beste liburu  interesgarri batzuk irakurtzeko astia ere kentzen dit, eta irakurritakoak ez dira blogean sartzeko modukoak. Hori bai, sujerentziarik baduzue frantsez errazean, edo istoria sinple batekin....

Hasi egingo naiz:
Cosmetica del enemigoAmèlie Nothomb-en bi:"Cosmética del enemigo" eta "Durduzaz eta dardaraz". Inguruan durduzaz eta dardaraz badaukat amèlienothonbmania bat. Zenbat jendek hitz egin didan idazle honen gainean! Olatu horrek eroanda irakurri ditut hauek biak eta "Katilinarenak". Zer esan? Flipatuta, aho bete hagin, haluzinatuta...laga ninduten liburu haunek. Desberdinak, zeharo desberdinak. Nothomb-ena beste gauza bat da. Bakoitzak probatu behar duena! Gainera, euskaraz, eta boligrafo gorririk ez nuen erabili behar izan! Bata aireportu batean, bestea Japonian. Biak laburrak, erraz irakurtzeko modukoak. Irakurri eta kontatuko didazue





Todo bajo el cielo"Todo bajo el cielo" Matilde Asensirena. Denbora emateko, liburu paregabea. Fantasiosoa, nahi baduzue, baina kateatu egiten duen nobela. Matilde Asensiren nobela gehiago irakurri ditut, eta beharbada, gehien zein pertsonaia mota aukeratzen dituen gustatzen zait. Ez dira prototipikoak. gazteak, ederrak,... ager litezke horrelakoak, baina ez beti. Azkenean liburuak ginkana bat dira (ez dakit horrela idazten den). Oso modan dagoen generoa. Trenean edo hondartzan irakurtzeko ona!


En el nombre del cerdo

"En el nombre del cerdo" Pablo Tusset-ena. Aurreko liburua irakurri nion "Lo mejor que le puede pasar a un cruasán" eta asko dibertitu nintzen, liburu zoroa eta desberdina begitandu zitzaidan. Honek izen epatantea dauka, hasiera potentea, baina gero jaitsi egiten da, nolabait esatearren. Dena dela, irribarrea ere atera zitzaidan irakurtzean, eta gustora jardun nuen. Beste barik, gehiagorik ere ez nion eskatzen. 



"Baina bihotzak dio"
Xabier Montoiarena. Bigarrenez irakurri dut  liburua hau, laneko kontu batzuengatik. Ederra, ona, polita...Lehenengoa irakurrio nuenean  ikaragarri gustatu zitzaidan, eta  bigarrenean ere berdin.  Ederto idaztenBaina bihotzak dio du Montoiak, edozein euskalkitan, gainera. Hainbeste gustatzen zait, bere fan konfesatua naiz, ia bere liburu guztiak gustatzu zaizkit, daukan umore eta ironia  gordin eta errealista honetik. Liburu honek, baina, badauka ikutu melakoliko bat bihotzean kilikili egiten duena. Oso gomendagarria!

 

Un pequeno inconveniente

"Un pequeño inconveniente" Mark Haddon-ena. Nobela garrantzi bakoa, baina zoroa. Familia normal baten gorabeherak, aita hipokondriako flipatu baten inguruan. Dibertitu egin nintzen, baita batzuetan barre ere. Izan liteke ni sinplea izatea, baina gustatu zitzaidan. Pertsonaia batzuk hain gertukoak egin zitzaizkidan. Ia gustiok ezagutzen ditugu liburuan egertzen diren modukoak. Momentu atsegin bat pasatzeko ena! 

"Estanbul" Orhan Pamuk-ena. Asko gustatu zait bere autobiografia hau. Hiri zoragarri horren deskripzioaren batera bere historia kontatzen du. Gaur eguneko Turkia hobeto ulertzeko ere balio digu. Asko gustatu zait. Oso ona dela esango nuke!Estambul

El asombroso viaje de Pomponio Flato

"El asombroso viaje de Pomponio Flato" Eduardo Mendozarena. Laburra den arren, puntua hartzea asko kostatu zitzaidan. Gero, konturatu nintzen zenbat keinu, zenbat txiste, egiten dituen. Hori bai, komenigarria da kultura kristaua izatea, bestela ez da ezer uertzen. Umore fina, istorio beltza Jesukristoren sasoian. Disparatia dirudi, baina hala da. Irribarre egiteko behin eta berriro. Penaz amaitu nuen. Merezi du!

"Nola hustu nuen gurasoen etxea" Lydia Flem-ena. Emakume batek gurasoen etxea hustu behardu hil egin direlako. Denbora gutxian bere bizitza zein familiarena aurretik pasatzen zaio: pasadizoak, sekretuak, gurasoak nolakoak ziren gaztetan,....Buruari eragiteko, batez ere horrelako trantze bat pasatu dugunontzat, neurri baten edo bestean, oso baliagarria. Gu joandakoan guztaz geratzen dena gauzak dira, eurek baino ez dute lekukotza ematen izan garenaz, edo bizi izan dugunaz. Sakona, baina erreala.

Nola hustu nuen gurasoen etxea

 

 

Hauetxek dira. Gabonetarako beste entrega bat.

 

Frantsesaren irakaskuntza eta euskararena

Leire Narbaiza 2008/10/20 08:00
Bakaziñuetako biajia (eta X)

Beti esan izan da irakasleak garela ikaslerik txarrenak. Gaztelaniaz badago esaera bat "No sirvas a quien sirvió, ni ames a quien amó". Beharbada, erraz ikusten ditugu irakasleok gure irakaslearen akatsak eta hutsuneak, eta sorgin samarrak ere bagarela esan behar dut.

Frantsesa ikasten hasi nintzeanean nire lehenengo irakasleak esan zidan asko ikasiko nuela, baina irakaskuntzaz, bera ere inglesa ikasten ari zelako. Eta egia da. Azken hiru urteotan gauza onetatik eta txarretatik ikasi dut. Baita Royanen emandako deboran ere.

Hemen Carelen ikusitakoaz egin nahi dut berba. Alde batetik, hango bitartekoak. Telebista estudio bat zegoen grabazioak egiten, tekniko batekin.Gurean moduan. puf, zein interesgarria, prestatu, grabatu eta klasean ikusi. Kalitate onarekin eta txapuzarik gabe. Irakaslea ordua hartzeaz baino ez ze arduratu behar. Gurean moduan!

Bestetik, laboratorioak. Entzun errepikatu eta grabatzeko aukera zeukatenak. Irakasleak gure saiakerak entzun zezakeen, "paseatu" gure lanetatik. Ahoskera lantzeko. Gurean moduan. Hemn ahoskera ez da lantzen era formal baten, ahoskera irakasle batzuek intuitiboki lantzen dugu, bat-batean boz goran irakurtzean, edota gauza laburrak kontatzean. Hala ere, nahikoa ez dela deritzot. Gure metodoetan ez zaio garrantzirik ematen, alde batera uzten dugu eta zerbait egin beharko litzatekeela, sistematizatuagoa, uste dut. Ni prest egongo nintzateke taldetxo batean gauzak montatzeko.

Laboratorioa

Esan behar dut, hemen irakasleok zoratuta ibiltzen garela gai baten inguruan, gure ataza famatuak garatzen. Han ez. Han gaiak-eta bazeuden, baina askoz ere puntualago. Gramatika era tradizionalean, baina ez zen aspergarria. Bost ordu irakasle berarekin eta ez zen ez luzea, ez aspergarria egiten. Uste dut askotan, gurean, hainbeste lotu, biribildu nahi ditugunez gaiok ikasleok aspertu eta gogaitu egiten ditugula. Gaur ere jaiei buruz hitz egingo dugu? Puf!

Zentro hartan irakasleek ez zute erreparurik Frantziako edo frantses kultur gaiak lantzeko. Gurean moduan. Beti beldur tonto horiek: ai, baina ohiturak, tradizioak, kantuak ez dira perfiletan edo Egan eskatzen....Ai, ez dakit ba, euskal musika, gure literatura.....Han konplexu barik. Jakina, eurek oso argi zeukaten hizkuntzaz gain kultura ere transmititzen zutela, eta euren kultura estatu poteten batekoa da, inperio izandakoa. nire klasean mutur luze batzuk izan ziren, eta piper batzuk ere bai. Irakasleari bost, programan zetorren. Eta kontuan izan behar dugu, ikasleak Europa, Afrika eta Asiatik gentozela, erlijio eta kultur pilo bat elkartzen zen klase bakoitzean.

Asko ikasi neban, zentzu guztietan. Eta orain irakasle hobea naizela uste dut. Tira, hori nire ikasle gizajoek esan beharko dute!!!

Irailaren bateko gogoetak

Leire Narbaiza 2008/10/19 21:23
Bakaziñuetako biajia IX.

Irailaren bata egun gogorra izan zen. Hamar minutu erabaki garrantzitsu bat hartzeko. Inoren txotxongiloa sentitu nintzen, borodaterik gabea. Dena erabaki ostean hau idatzi nuen. Gaur agertu da nire paperen artean. Gogoeta asko, anitz oroitzapen. testu txarra, baina barrutik jaioa.

L'absence de toute liaison
lotura afektiboak
Hemen ez dago familiarik, lagunik, betiko ezagunik.
Ez gara inor.
Toute seule.
Zaharrak petankan jokatzen,
Beti inoren morroi.
Non da Askatasuna, la Liberté?
Arnaldo kalean, libre.
Moi, je suis esclave de tous.
Nous sommes otages de notre tête.
La voz de su amo.
Txakur txikien modura, beti besteen esanetara.
Oú est la Liberté? Freedom?!
Libre, yo soy libre como el mar....
Il n'y apas de Liberté dans ma monde.
Mais j'ai fait l'unique choix libre que je pouvais faire.
Libertatia, Askatasuna........
hirbide baten izena baino ez da chez nous.

Est-ce que vous êtes espagnole?

Leire Narbaiza 2008/10/08 18:18
Bakaziñuetako biajia VIII

Sarri entzun dot galdera hau oporretan batez be ikastarua egitten ibili nintzanian. Egixa esan, hegoaldekuok frantsesez egitten dogunian ahoskera espaiñola dakagu, hortaz galdera hori egitten deskue, nahiz eta euskeraz jardun.

Nere erantzuna ez da ez oui, ez non. Nere erantzuna "basque" da. Neure burua aurkezten nebanian "Je viens du Pays Basque" esaten neban. Baiña txino batendako zer da hori? Oso inportantia da s eta q hórrek ahoskatzia, bestela galdetzen dabe ia holandarrak garan. Eta nere doiñu eta itxuriakin.....Iñoiz be argittu bihar izan dot "basque" izanda zer egitten neban frantsesa ikasten. Jakiña, Iparraldekua nintzala uste zeben hori esaten zestenak.

Arpegi raro batzuk be ikusi nittuan. Española esaten ez nebalako. Baiña eskozeseri galdetzen badetse nunguak diran, iñork esaten dau "british"? Ez, ezta? Gu eskozesak baiño gitxiago izango gara? Ez, horraittiok!

Hori bai, batzuetan galdera horri oui erantzutzen netsan. errezagua zalako. Ez iñork gure konfliktuaz galdetzen zestalako, ez. Esplikau bihar nebalako zer zan hori. eta azkenian espagnole esaten zebelako. Hori bai, ofiziuaz galdetuta nik "professeur" esaten neban, eta galderia beti zan zer emoten neban, eta nik "du basque" Atzera be esplikaziñua.

Ixa iñork ez zekixan ze zan hori. Zelan aldatu diran gauzak. Alemana unibersitaria batek galdetu zestan ia gure traje tipikuan peinetarik eruaten dogun! Eta ia Espaiñian, nere herrixan, beti egualdi ona egitten daben, eta ....eta ni nintzan Royanetik gertuen bizi zana!!

Zelan aldatu diran gauzak, baiña. Oin hamabost urte, Europan esan ezkero euskaldunak giñala, beti egitten zan berba gure "arazuaz". ez zan atsegiña, halan da be gure ezagutza bazeken, txarra, baiña bazeguan zeozer. Oin, ostera.entzun be ez dabe egin gutaz. Ez dakitt ze dan hobia, benetan!

Txarrena, halan da be, Royanen topau neban tabernia. Honekin konturatu nintzan guztiz akabauta gagozela, ez dakagula etorkizunik, guztiz etsita amaittu neban.

Paellak egitten zittuan eta dekoraziñua penagarrixa zan. Neri hotzikaria eta negarguria emoten zestan. Erretratuak txarrak dira, baiña ezkutuan dagoz etarata.

Fijau kartel honetan:

Taberna

 

Tabernian goiko aldian. Behian gehixago

Taberna 8 

 

Eta segidu egitten dau: dantzarixak eta toreruak! 
DSCF0439

"Veritable churros basque" jartezn dau beheko kartelian. Ez nekixan txurruak euskal espezialidadia ziranik. Igual gaztetxeren baten :-)

Taberna 5

 Paellera barruan dantzarixak. Erdixan, Osborneren zezena, urdaiazpikuak zintzilik. Brotxetak, paella, tapas....very typical!

Taberna 6

 

Taberna 2

 Instrumento eta toreruen artian, ia ikurriñia topatzen dozuen! Plaza de toros! Eta dana BAionatik 300 kilometrora!!

DSCF0432 ToreruaGabian argixa bajaueta zoramen girua hasten da!

 Olé!!!! Galdurta gagoz! Hau da emoten dogun irudixa! Ai, ama!

Udan bota dittudan oiñetakuak

Leire Narbaiza 2008/10/07 16:00
Bakaziñuetako biajia VII

Oiñetakuekin dakadakan afiziñuan gaiñian sarrittan egin dot berba. Gaiñera, hanka raruak dittudalako, arazuak dakadaz oiñetakuekin eroso ibiltzeko. Horregaittik, zapata zaharrak asko maitte dittut. Trajedixa bat izaten da oiñetako on eta erosuak botatzia, eta uda honetan pare bi bota dittut!

Lehenenguak trekiñeko zapatillak:

 
Argazkiak.org | zapatillak © cc-by-sa: txargain

Oiñ hamar bat urte nittuan. Erosuak, onak edarrak. Elik erregalau zestatzen urtebetetze baten. Trekiñekuak dira, baiña gitxittan jaun nazi eurekin mendira. nahixago dot-eta botak erabiltzia, orkatillak babestiarren. Hori bai, mundua eurak jantzitta ikusi dot. Basamortuko haria, eta Arrateko lokatza, Petrako hautsa eta Pariseko galipota, Somporteko edurra eta Kalamuako bedarra, Bretañako eurixa eta Estanbuleko kutsaduria. Danak jaso dittue zapatillok. Baiña apurtu egin jataz, eta Royanen laga nittuan, bota nittuan. Ez dt holakorrik topauko. Hankak sartu eta itzela zan sentitzen nebana, erosotasuna eta konforta. Beste batzuk begiratzen ibili naiz, baiña danak dira hain psikodelikuak! Neri gorri-gris-baltz konbinaziño hori gustatzen jata, modaz pasauta daguan arren

Bestiak sandalixak hónek dira:

Argazkiak.org | sandalixa zaharrak © cc-by-sa: txargain

 

 

Ez zeken hainbeste denpora baiña kendu barik ibilli naiz uda joan eta uda etorri. Karu pagau nittuan, nahitta sandalixa onak gura nebalako. Eta onak urten dabe. eta erosuak. Kriston penia emon desta botatzeiak, baiña zer egingo neban? ez zeken konponbiderik!

Badittut beste sandaliaxa zoragarri batzuk Bretaiñan erosi nittuanak: polittak, erosuak, zoragarrixak, gorrixak. azkenetan dagoz, baiña biharbada, konpoketak egitteko moduan dagoz. Ikusiko da. Bai, hórrek botatzen dittudanian benetan negar egingo dot!

Diogenes sindromia izatia gogorra da gero!

 

Supermerkauan ligatzen

Leire Narbaiza 2008/10/06 17:00
Bakaziñuetako biajia VI

Gitxi ligatzen dogunondako edozer gauza da ligatzia. Gaztetxua nintzanian ligau berbiak zentzu zabalagua zekan. Esan geinkian "Zapatu gabian pilla bat ligau genduan". Horrek ez zeban esan nahi askokin enrollau giñanik, esan nahi zeban mutil askokin egon giñala berbetan, eta jente barrixa ezagutu genduala. Besterik ez.

Pelikuletan esaten dabe supermerkauetan-eta ligatzen dala. Jakiña, guri aillegatzen jakuzen pelikulak danak estatubatuarrak dira, eta hori han normala izango da, baiña niri neuri Euskal Herrixan ez jata iñoiz pasau, ezta gitxiagorik be. Beti pentsau izan dot amerikanuen gauzia zala.

Aurreko post-ian esan neban moduan, Royanen, Frantzian egon nintzanian ez neban euki zeiñekin zerbeza bat hartu. Hortaz, esan neike ez dakidala zelakuak diran bertako tabernak. Pena puntu bat be emoten zestan, baiña bakarrik egotia be taberna ezezagun baten...

Tira, harira. Egun baten, eskolatik urten eta erosketa baztuk egittera juan nintzan. Goizian fresko eta zirimirixa egiten zeban; horregaittik sudaderia eta zapatillak jantzitta nenguan, Baiña arratsalderako altzau zeban. Hori dala eta, bero egitten zeban; eguzkixak, jo; sudaderia eskuan; erosketetako poltsak dindilizka; jentia terrazetan garagardo freskua edaten...Nik ahua siku nekan, eta kriston enbidixia emoten zesten terrazetan zeguazen hárek guztiarek.

Pentsau neban supermekauan zerbeza bat erosi eta etxeko jardintxuan hartu.

 

Argazkiak.org | Royan-eko jardiña © cc-by-sa: txargain

 
Halan ba, egin neban. Supermerkaura juan eta zerbeza bat aukeratu. Baiña zein? Nik ezagutzen nittuan markak hamabiko paketan zeguazen. Ez neban hainbeste bihar, laster nintzan juatekua-eta. Gaiñera, nik garagardo hori bat nahi neban, blonde bat, eta bakarka saltzen ziranak danak ziran gorrixak. Hantxe neguan ni, txorimalo baten moduan, pòltsa, jertse, karpeta....dana besotik txintxilik, tonta arpegixakin zerbezen aurrian, aukeratu ezinda. 

Nere atzian, berbetan hasi ziran. Halako baten, konturatu nintzan nerekin ziharduela gizonezko ha. Hasiertan galduteiro bat zala pentsau neban, baiña buelta erdi egin nebanian mutil guapote bat zala ikusi neban. Ni flipauta, gaiñera frantsesez, neka-neka eginda, iñoiz baiño anti-erakargarrixago. Eta bestia tar-tar-tar, jardun eta jardun. Munduko esplikaziño guztiak emon zestan apal háretan zeguazen garagardo guztien gaiñian. Tesis doktoral bat!

Ni iñoiz baiño euskaldunago, oui, non, lotsatuta. Berak bat hartu eta konbersaziño haundirik emoten ez netsanez, kajara juan zan, "Bonne soirée" opatuta. Hain neguan harrittuta...Neu be kajara juan bihar nintzan, baiña erreparua nekanez, prezio batzuk begiratzen geratu nintzan, ez nekixalako zelan saludau bihar neban, eta, bueno oso gauza bitxixa izan zan.

Gero esango dabe fratsesak bordiak dirala. Neri supermerkauan iñoiz ez jata ezezagunik berbetan hasi. Buerno, bai, andre zaharren bat preziuari begiratzeko eskatzen, antiojuak etxian ahaztu dittualako. "Oye, guapa, ¿ya me dirás cuánto vale el jabón?". Besterik ez.

Garagardua edan bittartian pentsau neban oso motz jokatu nebala, eta penia emon zestan. Etxeko andriari kontau netsan eta barre mordo bat egin genduan, supermerkauko nere ligiakin!

Portzierto, kasurik ez netsan egin zerbezia aukeratzeko momentuan, eta edan nebana ez zan oso ona. Ai, aholku emoliari jaramonik egin ez, eta damutu! Gauza raruak benetan.

Euskaldunon izakeria eta bakardadia

Leire Narbaiza 2008/10/05 16:01
Bakaziñuetako biajia V

Frantses ikastaruak gauza asko erakutsi destaz, ez bakarrik frantsesa. Neure burua be hobeto ezagutu dot. Eta harrittuta geratu naiz. Harrittuta, ordu mordo bat pasau ditudalako bakarrik, nik gura barik. Ez dot lagunik egin. Biharbada, holakuetan ez dira lagunak egitten, ezagunak baiño; halan da be, horren faltia igarri dot.

Ezagutzen naben jentiak badaki ez dakadala problemarik ezezagunekin berba egitteko, hartu-emonetan jartzeko. Ohittuta nago. Ehunka alkartetan hartu dot parte, sarri askotan aldatu lantokiz, millaka ikastaro egin, bederatzi urte udalekuetan, nere biharra jente artian/aurrian da....Beti egin bihar izan detsat aurre jende ezezagunakin egotiari. Baiña oinguan porrota ikaragarrixa izan da.

Ez dakitt zergaittik; batetik klasez aldatu nintzalako, bestetik oso jende gitxi sartu zalako gure txandan, eta ordurako taldetxuak eginda zeguazelako. Zaharrena nintzalako....Ez dakitt, oso gaizki pasau nebala esan neike. Hamar egunetatik, zortzittan bakarrik bazkaldu neban! Triste, triste, triste.

Bigarren taldera aldatu nintzanian esperantza pittin bat izan neban. Nere taldian euskaldun bi zeguazen (izen-abizenengaittik deskubridu neban). Poztu egin nintzan. Baiña hortan geratu zan, ixa kasurik be ez zestelako egin. Gero jakin neban batek hamazazpi urte zittuala, eta normala ikusten dot, bere ama izan neikelako. Baiña ez zesten bape lagundu. Lehenengo egunean ia nungua nintzan, eta kitto! C'est fini!

Oso euskaldun portau ziran. Hasieran tap-tap bizkarrian (imajinarixuak) eta gero, karrajuetan, Epa! burakin eta kitto! Hor konturatu nintzan zelakuak garan, jarreria zihero euskalduna zalako. Harrittuta laga ninduen, baiña etxian hausnartzen pentsau neban euren jarreria oso euskalduna zala, batez be gizonezko euskaldun tipiko topikuana. Estereotipuak zeozegaittik existitzen dira, eta etxetik larehun kilometrora bizi izan nittuan.

Hurreratze saiuak be egin nittuan. Baiña alperrik. Atsedenaldi baten klaseko biñ onduan jarri nintzan makiñako kafiak urtetzen zeban bittartian. Normalena, ezta? Ez ziran gaztenak, prezisamente. Bata etiopia, bestia euskalduna. Ni onduan. Euskalduna komunera juan zanian, etiopiakin berbetan hasi nintzan. Eta gure herrikidia itzuli zanian ez zan jarri, ba, inglesez berba egiten bestiakin, ni alde batera lagata! Aitzen netsen, baiña eurek ez zekixen hori! Gaiñera, taillarraz, makiñaz eta biharraz ziharduen. Jakiña, buelta erdi hartu eta beste toki batera juan nintzan. Nahixago neban bakarrik egon!

Nik ez neban nahi iñork eskutik eruatia, planak proposatzia. Bazkal orduan, atsedenetan baten batekin egotia baiño ez zenban nahi. Eta klasiak eta gero zerbeza bat hartzen bagenduan, ederto. Ba, edan neban zerbeza bakarra etxian edan neban eta bakarrik (hori bai, supermerkauan "ligau" egin neban!). Ezin dozue imajinau zelan sentitzen nintzan! Negarrez hasi, eta ez amaitzeko moduan. Pentsau, zapatu gabian 9,30etarako ohian neguan....

Esan biharra dago, nere bigarren klasia oso maskulinua zan. Ixa danak gizonezkuak ziran. Eta musulmanak. Klaseko girua institutero xamarra zan: atzera hogei urte egin izan nebala pentsatzen neban. Ez dakit zelan esan. Neskak gitxi, zintzuak eta fiñak. Mutillak builla egitten eta barrezka. Holan. Baiña batxiller garaixan, ni buillosuen artian egoten nintzan...ez neguan ohittuta formalen aldian egoten. Horrek be jentiangandik hurrindu ninduan, empollioak beti itxixaguak diralako, eta hurreratzia gatxago.

Bigarren asterako, askok alde egin zeben. Klasian jente gitxiago geratu zan, eta girua hobetu. Ramadamama be hasi zan, eta beste giro bat sortu zan klasian. Ni hobeto, zoragarri klasian. Hori bai, handik kanpora, bakarrik. Eskerrak gallega bateri. Harek galdetu zelan nebillen, eta nik dana kontau. Behintzat, Bordelera juan giñanian eskursiñuan berakin eta Donostiako neska batekin egon nintzan. Bueno, pegau egin nintzan. Ze egin bihar neban, ba?

Azkenerako, hobeto neguan eta ez urtetzianak ez zestan hainbeste ardura, kafia hartzeko momentuetan, gitxiago giñanez, gehixago alkartzen giñalako. Eta betikua, onduen nenguanian itzuli egin bihar!

Horregaittik uste dot ni ez naizela uste neban bezin soziablia, bezin zabala. Deskubridu dot nere barruan hartu-emonak egitteko ezinttasuna, hurreratzerako orduan enbarazua, gaizki pasau dot. Eta ez nago ohittuta, krisisak pasau dittut, lagunekin-eta. Txarrak, baiña errezoi bat zeguan. Oin, baiña hain da rarua! Distantzia honetatik begiratuta be, ez detsat esplikaziñorik topatzen.

Askotan esan deste nere izakeria ez dala oso euskalduna. Baiña euskal era horrek, sentitzen dabena adieraztia, hartu-emonak egittia kostatzen jakonak urten zestan. Eta hori bada euskaldun izatia, edo euskal izakeria eukitzia, ez dot nahi! Ez dot izakera hori euki gura, gogorra dalako holan bizitzia. Et, et et!

Formala, enpolloia eta bakartixa, hori da izan naizena Royanen. Ni? bai! Leire ezkutu hori, neuk be ezagutzen ez nebana!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua