Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Abuztuan off

Leire Narbaiza 2007/07/30 18:17

Oporretan ez juan arren, uste dot hillabete honetan ez dala post barririk agertuko. ez dakat konexiñorik, eta Eibarren ez dago nun konektau, KZgunia eta liburutegixa itxitta dagozelako. Horregaittik, ez dot, printzipioz idatziko. Baiña batek daki!

Ondo pasau agostua eta setienbrian gauza pilla bat izango dogu kontatezko.

Disfrutau, relajau, asko ligau eta toki exotiko horretan akordau nerekin, herrixa zaintzen egongo naiz-eta.

Laztanak danori

Berakatz freskuak

Leire Narbaiza 2007/07/18 17:25

Urtebete baiño gehixago nago berakatz freskorik jan barik, ikaragarri gustau arren. Urte honetan ezin izan dittut jan, ezta dendan ikusi be.

Oso gauza berezixa da. Fruterixan edota surpermerkauan ikusten badittut, barruak bueltia egitten desta, eta apal horretatik begiradia kendu bihar dot. Holan hamabi hillabetian.

Ez detset alergixarik, intoxikau be ez naiz egin. Hornitzaille nagusixa falta jata. Hori da. Aitxakin lotzen dittut, eta ezin izaten dot aguantau, triste jartzen nabe, horregaittik hurreratu be ez naiz egitten.

Aittak ortua zekan eta bazekixan zenbat gustatzen jatazen berakatz freskuak, gaiñera ni nintzan gehixen apreziatzen zittuana. Hori dala ta, zekan guztietan beti neretako izaten ziran. Bazirudixan munduko altxorrik preziauena eskintzen zestala, landara hórrek emoteko zekan gauza bakarra balitza moduan. Hori bai, askotan poltsakadak ekartzen zestan, larregi neretako bakarrik, eta nik ez zetsan eskertzen bihar zan moduan. Aitta-alaben arteko gauzak, badakizue. Eta damutzen jata, barru-barrutik

Uste dot damu hori dala torturatzen nabena. Horregaittik ezin dot berakatz freskorik ikusi, merezittako estimaziñua ez netsalako beti emon. Eta iñoiz halako poltsakadia ikusitta “ondo” esan emoziñorik barik.

Batzuek maittasuna lorekin edo erregaluekin adierazten dabe. Gure aitxak, neri berakatz freskuekin. Horregaittik gaur, 18 de julio izanda, post hau. Eustakio gaurko egunez hiltzia be!

Espero dot daguan lekuan egonda, iñoiz ez jakozela berakatz freskuak ahaztuko. Nik , behintzat, nere bihotzian beti izango dot multzotxo bat landatuta.

Munduko 7 mirariak (1)

Leire Narbaiza 2007/07/13 16:27

Sanfermin egunean ematen dituzte munduko 7 mirari berrien emaitza. 07-07-07 egunean, hain zuzen ere. Hainbeste zazpik larritasuna baino ez du eragiten. Xehetasun honek lehiaketa honen nondik norakoa erakusten digu: inpaktatu nahia eta publizitatea egitea.

Edertasuna ia edonon aurki daitekeela uste dudanez, edonora joanda ere, zerbait polita aurkitzen dut. Izan liteke eibartarra naizelako, eta gure herriaren ezkutuko edertasuna aurkitzen jakin dudala –ez didazue ukatuko meritu makala ez dudala! –. Hala ere, txikitatik argi izan dut zeintzuk ziren nik ikusi beharreko hiru marabillak: Santa Sofia, Istanbulen; Petra, Jordanian eta Ekain, Deban

Santa Sofiaren berri eskolan izan nuen 13 bat urterekin. Itzela iruditu zitzaidan Istanbul izen exotikodun hirian eliza-meskita izandako eraikin paregabea zegoela jakitea. Orduan pentsatu nuen nagusitzen nintzenean bertara joan behar nuela. 2001ean izan nintzen Istanbulen, eta Santa Sofia bisitatu. Ikaragarria da tamainaz, zoragarriak bertako mosaiko bizantziarrak, eta letra arabiarrak. Hiri osoa da miragarria. Amets bat, beteta

Nire bigarren ametsa Petra zen. Indiana Jones-en filma baino lehenago izan nuen haren berri. Telebista bitartez. Dokumental batean azaldu zuten zelan aurkitu zuten hiri oso bat basamortuaren erdian, misterioz betea, abandonatuta. Nerabea nintzen eta zerrendan apuntatu nuen. 2004an izan nintzen bertan. Ezin dut deskribatu. Petraren sarreran zintzur bat dago eta bertatik gindoazela ni laino batean bezala nindoan, hotzikara gorputzean, emozioz betea. Lagunak besoan kolpetxoak jotzen zizkidan “bai, Leire, benetan Petran zaude” esanez. Une gutxi izan ditut horrelakoak nire bizitzan. Bigarren ametsa beteta.

Ekain Barandiaranen liburu batean deskubritu nuen. Lehenago eskolan ere, euskal kulturan Ekainen gainena hitz egin ziguten. Hala ere, Santimamiñeren antzeko zerbait izango zela uste nuen (Santimamiñera hamaikatxo bider joandakoak gara). Gaztetxoa nintzen liburua eskuartean hartu nuenean, eta argazkiak beltz-zurian daude, baina hango margoak sinestezinak begitandu zitzaizkidan, marabillosoak.

Denbora pasatu da eta nire hirugarren ametsa ez da bete, eta gaitz ikusten dut betetzea. Bai, kopia egin behar dute, baina nire ametsa benetakoak ikustea da. “El Clan del oso cavernario” idatzi zuenari erakutsi zioten. Blogari erdipurdiko bati egingo liokete kapritxoa? Ez dut uste, baina norbaitek “entxuferik” badauka, badaki zer opari egin diezadakeen.

Momentuz marabilla berri bila nabil neu ere!

Hizkuntza irakasleon lanak

Leire Narbaiza 2007/07/12 10:52

Forges maisuak ederto azaldu du txiste batean hizkuntza irakasleon hamaikatxo lanak. "Español" jartzen duen tokian "euskara" jarrita nire/gure erretratua irudikatuko duzue. Geniala!

ChistedeForgesELE

Automobilla hil jata

Leire Narbaiza 2007/07/06 17:00

Bai, ondo irakorri dozue, autua hil egin jata. Holan, abiso barik. lehengo egunian biharrera juateko hartu neban, eta bide batez errekautxo bat egitteko aprobetxau. Stop baten pro-pro-pro-pro-pro egitten hasi zan, traktor bat zirudixan!

Malo-maolo, pentsau neban. Halako zaratia egitteko zeozer gogorra izan bihar da. Horregaittik, zuzenian garajera eruan neban, baiña gure garajistia ez zeguan. Deittuko zestala esan zesten.

Deittu zestan, bai. Eta asunto txarra zala esan, baiña ahaleginduko zala, bertan prisa barik lagatzeko, eta esango zestala.

Pare bat aste pasautakuan, eta deittu barik zeguanez, bertara juan nintzan. Notizia txarrak baiño ez zittuan. Motor barrixa bihar zebala, konponketiak 500.000 pezeta inguru izango zala (bai, pezetetan eta mekanikuak hori diñuanian 600.000 be izan leikez). Gaiñera gauza gehixago be bazittuala, eta ez zebala merezi.

Buf! Oporraki, pikutara! Automobilla biharrerako erabiltzen dot, eta dirutzia balio dabe. Negarguria sentidu neban

Gastuagaittik, pentsauko dozue. Ba, ez. Kotxe horrek balixo sentimentala daka neretako, aitxana zalako, eta laga zestan gauza materixal bakarra dalako. Berak ikaragarri maitte zeban autua, eta anai-arrebak emon zestenian, aitxa hil ostian berakin ondiokan lotura fisiko bat nekala begittantzen jatan. Desguazera eruan eta gero, hori be desagertu egingo da.

Sentimentalegixa naiz, badakitt. baiña uste dot guk gauzeri arimia emoten detsegula, gure personalidadia hartzen dabela. Ikutu eta laztandu egitten dittugu asko gure parte txiki bat be badiralako

Autua bat-batian hondatu da, gure aitxan moduan. Ha be bat-batian hil zan abisu barik. Erreakzionatzeko denpora barik. Halan eta be, guk aurrera egin bihar.

Apurtu eta berria egin

Leire Narbaiza 2007/07/04 11:35

Umetatik izan naiz gauzak gordetzekoa. Gauza bat ondo badago, nekez botatzen dut. Eta zerbaitengatik objektu bat kendu behar badut, ahaleginduko naiz norbaiti ematen, behar duenari eskaintzen. Askotan harritzekoa da zenbait pertsonak zelako etekina ateratzen dioten besteok botatzen dugunari. “Traperos de Emaus”-ekoek bazkide honorifikoa egin beharko nindukete!

Batzuetan joera hau txarrerako da, batez ere etxe txikian bizi izanez gero, nire kasuan, hain zuzen ere. Etxea trastez betetzen zait, eta gero oso gaitza egiten da hori guztiori gainetik kentzea.

Gizarte honetan, beraz, “out” samar nago. Gauza zaharrei ez zaie estimaziori. Dagoeneko ez da ezer konpontzen, dena da erabili eta botatzekoa. Horrek niri bihotzeko mina ematen dit, izan daiteke hazi nindutenek gerra eta gerraostea bizi izan zutela, eta gauza materialei daukaten balioa ematen zietela. Edo “zimurregia” naizela, xuhurra, zekena, zikoitza….baliteke.

Beharbada, nirea joera baino gehiago bizioa izango da, ez dut ezetzik esango, badakigu dena neurriz egin behar dela, egia da. Hala ere, hainbat berrik uste dut eskandalizatu egin beharko gintuztela, ez bakarrik ni, gizartea oro har. Baina ez pozik eta alai kontatzen dira.

Madrileko hotel batek erreformak egitea erabaki du. Horretarako estresatuta dagoen jendea konbokatu du mailukadaka hormak botatzeko. Horra arte, ondo. Graziosoa ere begitandu zait. Baina irudiak ikusitakoak haluzinatu egin dut, hotela beteta eta osorik zegoen: Logelak erabat jantzita, lanpara, gortina, koltxa eta guzti. Komunek komuneko papera ere bazeukaten! Asaldatu egin naiz, ez zait normala iruditu. Jende askok gustura asko hartuko luke han zeuden hainbat gauza, berri-berriak zeuden eta.

Gehiegikeria iritziko dio askok nire eskandaluari, seguru. Esango didate munduan badagoela egoera gogor eta injustuagorik. Egia da, nik hori ere badakit. Baina notizia eman duten modua ere itzela izan da, oso arina izan delako, bitxikeria bat. Makinatxo bat herritarrek nahiko lukete telebistan agertu den komuna izatea! Ni neu, tartean

Ekologiaz, Kiotoz eta birziklapenaz egiten dugu berba, baina egunerokotasunean indarra ahotik galtzen dugu, eta horrelako detailetan agertzen da gure benetako izaera. Egia da, askotan ez garela kontua jausten, ez diogula erreparatzen txikikeriei. Baina txikikerietan dago gauzen esentzia.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua