Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Kantu afariko koplak

Leire Narbaiza 2007/05/22 18:19

Euskal Jaiko kantua afarixan “Hanka motxak” bertso eskolakuak kantau zittuen koplak dira hónek. Ez jakuen larregi aittu, horregaittik, baimena eskatu, letria ostu, eta hamen dakazuez guztiok.

1
Kaixo, zer moduz zaudete?
Gu gara “Hanka motxak” (ber)
Benenoz beteta datoz
Gure mingain zorrotzak
2
Koplak ekarri ditugu
Zuek alaitu nahian (ber)
Esateko asko dugu
Hauteskunde garaian
3
Euskaldunak isiltzeko
Lege denak aldatu(ber)
Ba, ausartzen ba zarete
Gu ilegalizatu
4
Arriolak lan egin du Danok gara testigu (ber)
Arnasten dugun haizea
Berak ekartzen digu
5
Hauteskundeak baino lehen
Amaitu du guztia (ber)
Ez dalako ona gauzak
Gerorako uztia
6
Coliseo zabaldu du
Ze glamour, ze nibela (ber)
Baina entzun dugu nahiko
Erraaz betetzen dela
7
Alfa desagertu eta
Corte Inglesa jaio. (ber)
Alkateari Katxuliren
Antz oixkat hartzen zaio
8
Etxe zaharrak bota eta
Gora jaso berriak
Eta erosteko dirurik
Ba ote du herriak?
9
Hamaika zahar egoitza
ta denak berrituta (ber)
Gaztetxe bakarra, berriz,
Eta okupatuta
10
Arazo horretarako
Irtenbidea, hara! (ber)
Pikoloak bota eta
Bertan biziko gara
11
Eskilara mekanikoz
Herria josi digu (ber)
Martxa honetan ibiltzen
Ahaztu behar zaigu
12
Umore pixkat jartzea
Lortuko ahal dugu hori? (ber)
Besarkada bat aurkeztu
ezin zaretenoi
13
Hementxe agurtzen gara
Gu gara Hanka motxak
Petalo baino arantza
Gehiagoko larrosak.

Ikusiko dozue, ironixia kiloka erabilli eben. Hori bai, mikrua erabiltzen be ikasi bihar dabe! Baiña gatxena egin dabe.

Kuadrilla galantak igo eban oholtzara. Tartian, neska bat koruan. Espero deigun aurrera egittia era hurrenguan be pipardun bertsuekin gozatzia.

Pandemia

Leire Narbaiza 2007/05/04 18:57

Izurrite berria dago gure artean. Izurri beltza bezain kutsakorra, legena bezain baztertzailea. Ez dakigu nola kutsatzen den, baina hemen da, gure artean. Kontrol barik zabaltzen ari da, gainera. Housek ere ez luke jakingo zelan aurre egin.

Birusa izan daiteke, edo bakterioa. Inork ez daki. Radar berezi batzuekin detektatzen dute, urrunera. Madrilen baino ez daukate antzemateko modua. Madrilen oso bizkorrak baitira.

Gaixoek oso itxura ona daukate. Inork ez luke esango kutsatuta daudenik. Madrilen bai, jakina. Gaixo batzuen osasunak ere oso ona dirudi. Baina kutsatuta daude. Izan liteke erradiazio batek kutsatu izana, hori ez dakigu. Gauza bakarra jakin litekeena da kutsatuta daudela.

Hain izurrite larria izanda, kutsatuak ez dituzte bakartzen toki berezietan, kalean dabiltza denok arriskuan jarriz! Lehen, behintzat, leproseriak eta lazaretoak zeuden legenardunak hartzeko, baina orain libre dabiltza. Ez dakit inor salbatuko den!

Bitartean, euron senideak kezkatuta gaude. Hain gutxi dakigu kutsaduraz, gu ere kutsatuta gauden beldur gara. Egia esan, bizimodu normala egin liteke kutsatuta egonez gero. Hori bai, inor ezin da hauteskundeetan aurkeztu, kargu publiko izatea oso txarra baita. Kutsagarria zeharo.

Umetan harrapatzera ibiltzen ginen. Bazegoen jolas berezi bat:gelditzen zenak ukitzen gintuenean, gu gelditu eta eskua gorputz-atal horretan jarrita eraman behar genuen. Hau ere berdina da: ukitu eta kutsatu.

Nik ez nekien kutsadurak pertsona ilegalak sortzen zituenik. Pentsatzen nuen eskubide zibil barik gelditzeko, lehengo epaile batek pertsona horri kendu behar zizkiola epaiketa baten ostean. Orain, modernitatearekin, ukituz gero, edota izena zerrenda betean idatziz gero, ilegala! Idatziaren magia, boterea.

Sortzez Birjinaren misterioa baino, sortzez kutsatuaren mugimendua errebindikatu behar dugu. Zikina izatearen plazera, bekatudun hobe, garbi, aratz eta garden baino.

Kutsatu barik dauden beste batzuk, bada, nik ikusten ditut eskuak zikin dituztela. Korrupzioz eta saldukeriaz zikin. Zer ote da hobea? Nik argi daukat!

Maiatzaren Lehena

Leire Narbaiza 2007/05/02 18:34

Maiatzaren Lehena bakoitzak gauza batekin lotuko du. Informatiboetan langileon eguna dela esango digute, eurak beharginak izango ez balira bezala. Batzuendako jaunartze eguna, eta ia gehienondako jai egun atsegina.

Langileon eguna errebindikaziorako eguna izan beharko litzateke, baina atzoko manifestazioei begiratuta, ez dirudi horrela hartzen dugunik. Edo bestela langile gutxi dago, edo egoera onean, edo…

Alde batetik zein da behargin? Aldatu dira mende hasierako kontzeptuak: proletalgoa, burgesia…Klase kontzientzia desegin egin da. Beste alde batetik, “mileuristak” izan arren, hipotekarekin itota badaude ere, ondo hezita (bere adiera gogorrean) gaude; protestatu, zertarako?

Eta arazorik handiena, sindikatuetan daukagun konfiantza falta. Noren alde egiten du sindikatuak arazo baten aurrean? Behargin finkoaren alde. Prekarietatea sufritzen dutenekin ez da inor gogoratzen. Hitzarmen kolektiboa eztabaidatzerakoan behin-behineko kontratua daukatenak ez du inork aintzat hartzen. Berba handitan esango dute, baina errealitatean ez dugu balio, hutsaren hurrengoa gara; azkenean, sindikatua langileek egiten dute, askotan egoera hobean dauden beharginek.

Horregatik, eskatuko nieke aldarrikapen hutsetan ez lagatzeko euren jarduna, eta euren negoziazioetan tartetxo bat egiteko txartoen daudenei. Maiatzaren Batean kaleak beteta ikusi nahi badituzte, behintzat.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Cadena Ser-ek, Eibarko emisoratik gertaera jazo ... Sosola, 2017/05/05 19:35
Begiratu BERRIA, ARGIA, EiTB, DEIAn... horietan ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/03 13:11
Ezkutatu? Nik ustezko hiltzailearen izen abizenak ... Sosola, 2017/05/03 12:32
Jakina gizonek hiltzen dituztela, gizonak ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/03 12:15
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua