Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Bonbardaketak

Leire Narbaiza 2007/04/25 19:05

Gernikako bonbardaketa oso presente egon izan da beti gure etxean, ama Mariangelesek bizi izan zuelako. Askotan kontatzen zigun zelan gertatu zen, zer egin zuten eta zelako angustia pasatu zuten.

Mariangeles Muruetako neska gazte bat zen, lehengusinaren etxean lanean, Gernikan. Bonbardaketa hasi zenean ez dakit non zegoen, baina esaten zigunaren arabera noraezean ibili ziren, eta azkenean Lumora joan eta bertako elizako kanpandorrera igo zuten, han seguruago egongo zirelakoan. Bertan zekizkiten errezo guztiak egin zituzten, euren azkena zelakoan.

Bonbak nola botatzen zituzten, eta ondoren hegazkinak baxu-baxu jendea metrailatzen. Amaitu zenean, familiaren bila: ezer gertatu ote zitzaien. Zorionez, denek onik irten zuten.

Denborarekin, Eibarrera ezkondu zen eta gure ama izan zuen. Gure amak ere bonbardaketaren ondorioak jasan zituen eskolan: Formación del espiritu nacional-en maistrak esan zien: Los rojos bonbardearon Gernika. Bera altxatu eta ezetz esan zion, ama bertan izan zuela eta alemanak izan zirela. Jakina, zuzeneko lekukotasunak ez zuen ezertarako balio izan, eta zigortu egin zuten.

Durangoko bonbardaketan ama Virginia etxe barik laga zuten. Kale Barrian bizi zen alargundu berri bere zortzi seme-alabekin –txikienak lau hilabete zeuzkan–. Ahalegindu naiz jakiten non zeuden bonbardaketa egunean; baina Durangon ez egon arren, euren etxea txikitu eta ospa egitera behartu zituzten. Ezin dut imajinatu zer izan litekeen horrela gelditzea: goian zerua, behean lurra. Horiek ziren emakumeak!

Atzo bete ziren 70 urte Eibar bonbardatu eta erre zutenetik. Eibar ere txikituta gelditu zen. Oraindik pagatzen ari gara ondorioak!

Nire etxean argi-patioa dago, baina ezker aldekook baino eza daukagu. Beti bitxia egin izan zait. Bertan bizitzen jarri eta denbora batera jakin nuen bonbardaketan bonba bat erori zela gure etxean, ezker aldean. Berreraiki zutenean, patioa egitea erabaki zuten (lagun/etsai batek dio bigarren bonba nirekin erori zaiela)

Jakin nuenean, zirrara berezi bat sentitu nuen. Zirkulua itxi zela iruditu zitzaidan, amamekin lotzen ninduela kointzidentzia horrek. Badakit tontakeria dela, baina eurek ez badaude ere, eta denbora pasatu bada ere, begitantzen zait orain 70 urte gertatu zena presente dagoela, ondorioak hemen daudela. Nire iraganak eta orainak bat egiten dutela patio xume batean.

Beti antxitxiketan

Leire Narbaiza 2007/04/16 19:49

Beti nabil antxitxiketan, lekuetara aillegau ezinda. Nere sensaziñua da iñun ez dodala astixa hartzen, ez dakadala denborarik nahi neuken moduan ibiltzeko. Eta ez jatan neri bakarrik pasatzen, holan ikusten dittut belaunaldiko guztiak, umiak izan edo ez izan.

Lagunekin egoteko astirik ez dogu hartzen. Bizitzia txarto antolatuta dakagu, rutiniak eruan egitten gaittu, eta egunerokotasunak jan. Burpilletik urtetzia ez da bape erreza.

Pare bat lagun haundi dakadaz bai Arrasaten eta bai Zumaian. Hong Kongen biziko balitzaz gehixago ikusiko nittuke. Seguru nago. Eurekin berba egitten dodanian beti maitzen dogu esaten “ia egoten garan”, “bai, datorren hillian” Eta sei hillebete pasatzen dira.

Guraso diranak esaten detsue umiekin ez dabela hartzen astirik. Eta guraso ez garanori be fenomeno bera gertatzen jaku; batez be, arratsaldez egiten badogu bihar, orduan bai ez dogula izaten lagunekin, famelixiakin egoteko aukera, ezta Euskal Jaixa antolatzeko be ez! Estraeskolarrik barik, lagunik barik, famelixa barik, astian zihar internet eta lankidiak baiño ez jakuz gelditzen!

Gizartia holan dago montauta. Oin badabiz famelixa bizitzia-eta konziliaziñuan gaiñian berba egitten, baiña susmua dakat alde batetik propagandia baiño ez dala; eta bestetik, guraso ez garanondako kaltia izango dala.

Ez dakitt zelan aurre egiñ arazo honeri. Kezkatu egiten nau, eta ni moduan, inguruko asko be bai. Guk; Amaiak, Elik eta hirurok hamabostian behin alkarrekin bazkaltzen dogu. Ordubetetxo bat, toki askotatik etarata, hiruron ordutegixak akoplauta. Eguen hórretan be antxitxiketan urtetzen dot. Baiña era bakarra da alkartzeko. Eta merezi dau.

Pozarren alkartzen gara. Egun hórrek oso berezixak izaten dira, desiatzen egoten gara noiz aillegau. Eta bazkaldu baiño ez dogu egitten! Sarri etaratzen dogu gaixa, eta hamen kontautakua aittatzen dogu hirurok. Alkartzen garanotan iraultza egitten dihardugula begittantzen jaku, sistemari jarki, matxinada txiki-txikixa gure gizarte-moduari, burpill zoruari dragia jartzen detsagula, eta 120xan ibili biharrian, 100ian dabillela.Gogorra, ezta? Haldan da be, guk garaipen txikitxotzat hartzen dogu, eta horrek juntadizua goxuagua egitten dau.

Holako gehixago egin biharko dogu, bestela iruntsi egingo gaittu bizimodu honek. Ez da hala?

365 egun

Leire Narbaiza 2007/04/05 00:02

Hirurehun eta hirurogei egun —365, hurrengo urtea bisustua da-eta— gelditzen zaizkit hogeitaka urteak edukitzeaz, urtebete. Hamabi hile berrogeiak izan aurretik. Bai, gaur hogeita hemeretzi betetzen ditut.

Inpresionatu egiten du. Nik laster berrogei! Nork esango luke! Gaztetasuna loriatzen duen gizarte honetan, urteak betetzea lotsagarria da, tragedia. Badirudi norberari helduaroa ez zaiola inoiz etorriko, bat gaztea dela, eta horrela izango dela betiko. Baina noiz bihurtzen gara heldu, eta noiz lagatzen diogu gazte izateari? Gure aita 73 urte betetzear hil zen, eta azkenera arte gaztea zela zioen.

Gaztetasuna ez ote da jarrera bat, mundua ikusteko modua? Ni baino askoz gazteagoek esango dute hau zahartzen dihardugunon aitzakia dela, geure burua zuritzeko era bat. Egia esan, izan liteke engainatzeko modua; baina benetan gazte izatea ez dago jaiotze datan, buruan baizik. Hau ere makinatxo bat bider esaten da justifikazio gisa, baina egia berdaderoa da.

Eskailerak antxitxiketan jaistea, parrandak, jendea ezagutzea, mundua ikustea, ikasteko gogoa, dibertitzeko premia, zorakeriak egiteko tirria, proiektu berriak martxan jartzeko bultzada, barrez lehertzeko joera, inozentzia guztiz ez galdu izana…Pertsona askok gaztaroaren ezaugarritzat hartuko lituzke hauek. Galdu beharko genituzkeenak, antza, heldutasuna lortzean. Baina ez da hala, horiek guztiak jende heldu askok dauzka, nik barne. Gizarteak jarritako moldeak direla uste dut, katalogatzea gustatzen zaigulako, mugak jarri, klasifikazioak eta kartelak maite ditugulako.

Baliteke guztiz inoiz ez zahartzea; ez itxuraz, bihotzez baino. Zimurrak, ile urdina, okela ez tentea dira kanpoko ezaugarriak; hala ere, gorputz horren barruan gazte bat egon liteke. Gaur egun, borroka egiten da seinale horien kontra: botoxa, liftingak, operazioak. Baina ez da ezer egiten gaztetasun mentala mantentzeko: jarrera kontestatarioak, irudimena, desberdin bizi nahi izatea,…

Orain hogei urte ez nuen neure burua horrela imajinatzen berrogei urterekin, ezta nire bizimodua ere. “Señorago” izango nintzela uste nuen, lan egonkor batekin, lau seme-alaben ama…Ez da horrela, sinistu ere ez dut sinisten daukadan adina. Dena hain bizkor pasatu da! Era berean, ezer egin ez dudala ere begitantzen zait. Errealizazio pertsonalerako hiru gauza egin behar omen dira: zuhaitz bat landatu, liburu bat idatzi, eta ume bat izan. Ez dut bat bera ere egin! Ai, ama! Zelako desastrea! Zuhaitzarena, ez dut hain gaitz ikusten, landare asko landatu ditut, baina ez du balio. Liburuak, idatzi ez, baina zuzendu, hiru-lau bat; horrek ere ez du balio. Eta ume bat ekartzearena….enfin, oso-oso zaila.

Lasai nago, laster hori guztiori blog bat izatearekin parekatu eta homologatuko baitute! Warhol-ek esan zuen denok 15 minutuko fama izan behar genuela. Orain, Luistxok dixit, blogean gure 15 jarraitzaileak izan behar ditugu; hortaz, bete-betean asmatu dut.

Zaharragoa izango naiz, baina ilusioz beteago ere banago. Gure gaztaroko “no future” hura desagertu zen, gu geu gara-eta etorkizuna. Eta bagara!

Katilluk laurogei urterekin galdetu zuen beste gizon batek zenbat urte zituen, eta hirurogeitaka zituela erantzun ziotenean berak hau esan zuen: “Edozein kakaumek jakaz hirurogeitamar urte!”. Hori, bada, gu beti gazte, besteak dira zahartzen direnak!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua