Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Urkusuko sagarrondua

Leire Narbaiza 2007/03/29 17:53

Askotan esan dot gehixen gustatzen jatan arbolia mimosia dala, loratzen dan lehelengua dalako, bere lora horixengaittik, loren usaiñagaittik. Martzuan sartzen garanian, nere arbola faboritua almendro japoniarra dala iruditzen jata, anbulatorixoko parkian ikusten dittut danak rosa, loran herrixari natura ikutu bat emoten...

Pagua be ikaragarri gustatzen jata, pagadi eder hórrek. Eta elorrixa., eta lizarra, eta arkazia, eta astigarrak, eta gorostixa, eta magnoliua, eta….danak. Tira, koniferak ez jataz asko gustazten, baiña izan leike gure artian oso fama txarra izan dabelako insignis piñuari esker.

Halan da be, benetan sagarronduak lagatzen nabe zoratzen. Itziartik Zumaixarutz jeisterakuan, eskuma aldian badago sagasti txiki bat, zelaitxo baten. Zelako lasaittasuna emoten daben!

Sagasti hori zoragarrixa da, baiña ikaragarri maitte neban Urkusuko torrien aurrian, zulo baten sartuta zeguan sagarrondua. Zuluan, hainbat ufal pasauta, kutsadura eta zikin artian, han altxatzen zan. Loratzen zanian, porlan eta galipot artera udabarrixa ekartzen zeskun. Ostian, sagarrak etortzen ziran, gorrixak. Ez zekan meriko makala! (zugaitz hau zan eibar.org-n aittatu nebana udazkenian loratu zalako).

Zegaittik egitten dot berba iraganian? Honezkero ez dagualako. Obrak egitten dihardue aspaldixan, eta egunotan kendu egin dabe. Ni gaur konturatu naiz, eta disgusto handixa hartu dot. Pasa dan astian, lanak inguratzen hasi jakozenian, imajiñau neban kenduko zebela. Baiña romantikegixa naizenez, pentsau neban errespetauko zebela. Ba ez da holan izan. Bota dabe, eta bere ordez, hormigonera bat porlana botatzen zebillen!

Karmeliten eliza atzian orube huts bat zeguan. Bertan automobillak aparkatzen genduazen, eta arbola mordua zeguazen. Etxiak egitteko danak kendu zittuen. Lagun batek bertan erosi zeban etxia, eta esan zestan blokien erdixan, jardiña zoiala, ez eukitzeko penarik arbolengaittik. Lau jardinera jarri dittue, Kutxako buleguetan dagozenen modukuak, baiña landara gitxiagokin!

San Andres pasialekua eta Legarre artian etxiak egitten dihardue. Egitteko bertan zeguazen laranja eta limoionduak kendu zittuen. Seguru ez dabela ezer sartuko. Gauza bera gertatu zan Bidebarrixetako etxeoste batekin. Kaki edar-edarra zeukan, baiña mendi erdi kendu zebenez, oin ez dago ezer.

Lehenengo Bidebarrixetako blokietako mimosia, oin Urkusuko sagarrondua. Hurrenguan ze ete da? Otolako artia?

Untzaga barriko arbolak Belgikatik ekarri zittuen itzelezko diru pillua pagauta. Baten bat hiltzeko egon zan, Untzagan daguan trafiko eta zaratiakin estresauta zeguazelako. Ondo ikusten dot arbola dotoriak ekartzia, baiña ez litzake hobia izango dakaguzenak zaintzia? Foru zaharretan, oker ez banago, arbola bat kendu ezkero bi sartu bihar ziran. Nun geldittu jakuz ganorazko ohitturak?

Omenaldi apala baiño ezin detsat egin sagarronduari, eta zer hoberik Atxagan poema bat Ruperrek kantauta baiño?

Sagarrondo bati sehaska kanta
Geldiro haziko zara, mara-mara,
sagarrondo xume, zipriztin, ttotto;
doi doi gizenduz sagarrondo ttipi
hogei urtez gero egonen zara potolo.
Zure abarrez txintxilikatuko dira
armiarmak, euritxuaren ttanttoak,
zure txulotan gordeko kattagorriak,
kattagorri lapur buztan haundiak.
Zirt zart etorriko zaizu apirila,
sagarrondo maite sagarrondo txuri;
txuriago maiatzaz sagarrondo loti
soineko berriaz printzesa irudi.
Ekainean bareak zuri begira,
zure fruituak noiz jausiko ote behera,
banketea nahi dugu zure kontura
sagarrondo txintxo, sagarrondo ona.

Korrika sentimentala eta sentimentuen Korrika

Leire Narbaiza 2007/03/26 18:19

Radixuan Korrikian informaziñua. Aautomabillian noia eta ezin detsat emoziñuari eutsi. Malko batek urten desta begixetatik. Kontau dodan hau Korrika guztiekin gertatzen jata, baiña iñoiz ez naiz ausartu iñori esaten. Oiñ gutxi, aekako irakasle bateri aitortu netsan, zihero lotsatuta, eta berak esan zestan bardiña pasatzen jakola!. Handik aurrera jende gehixagori komentau, eta danak emozionau eta ixa guztiok negar egitten dogula jakin dot. Zenbat reprimitzen dittugun sentimentuak!.

Badakat lehelengo Korrikako pegatiña bat aitxak emondakua, Korrika hárek Eibartik ordu txikixetan pasatzen ziran, eta guk ikusi ez. 0 km jartzen dau, eta haundi-haundixa da. Altxor baten moduan gorde izan dot emon zestanetik, baiña oiñ hobeto zaintzen dot.

Ez dakit zein izan zan nere lehelengo Korrikia. Badakit hamasei bat urte nekala zapatu gaba baten pasau zana. Atxakixiakin, baimena eskatu genduan kalera urtetzeko. Kriston girua zeguan, ordu batak aldera zan pasatzekua, baiña oso atzeratuta zetorrenez, gu etxera itzuli bihar izan giñan ikusi barik. Hori bai, gabaz urtetzeko aukeria izan genduan!

Goguan dakat, Eskoriatzan ikasten nenbillela, Arrasatetik birrittan pasau zala, baten gabaz. Bertara juan giñan, eta AEDko lagun batzuek esan zeskuen jendia bihar zebela lastazauak (antortxak) eruateko. Korrikia Kanpantzarretik zetorren. Halako baten, txalapartian soiñua mendittik zetorkigun, dana illun eta gu lastazauekin Korrikiari laguntzen, babesa emoten. Arrasaten sartu, eta jendia txaloka. Zelako momentua, zenbat emoziño!

Aurten hirugarrenez eruan dot tatiagua —Lau urteko Larraitzek oso ondo egitten dau berba, baiña bere gelako tatigua eruan zebala kontau zestan—. Beti izanda oso pozgarria eta itzelezko ohoria, oso hunkigarrixa, momenturik emozionantienak. Lehelengoz seigarren Korrikan Eskoriatzako Ikasle eskolakua eruan neban. Benetako kilometrua, goizeko zazpiretan, Gatzaga eta Eskoriatza artian! Entregau neban Eskoriatza jartzen zeban kartelan onduan. Gero gure pisuan txokolatadia egin genduan. Oso emozionantia izan zan. Erretrato mordua etara zeskuen, baiña karretiari zeozer pasau, eta hondatu egin ziran. Lastimia!

Bigarrenez hamahirugarrenian, Eibarko Klub Deportibokua. Domeka eguerdixa, Eibarren zentruan, kriston egualdi politta, furgonatik nere izena esaten, aupaka! Hain edarra izan zan, irribarre baiño ezin neban egin. Ni oso urduri, pozik. Oso egun edarra izan zan, Galerias parkian bazkari popularra egon zalako, eta oso giro berezixa sortu zalako.

Aurten, azkeneko momentuko erabagixa izan da. Matrallako irratikua eruan dot, eruan bihar zebanak azken unian ezin izan dabelako. Zapatuan jakin neban, eta gabaz txarto egin dot lo, benetan. Laua izan da gure kilometrua, eskerrak! Amañako azken torretik lehelengora. Antxon Narbaizan eskuetatik jaso (laztan eta guzti) eta Jon Egigureneri emon. Jende gitxi egon da zati horretan, eskerrak Kontxi eta Garbiñeri, nere laguneri, hantxe egon diralako eskuma-ezker ni eskoltatzen, Los angeles de Txarli emoten genduan!

Eskoriatzakuan, pentsau neban lekukuari erreparau bihar netsala. Momentu baten ondo-ondo begiratu, eta pentsau neban zenbat jendek hartu zeban bere eskuetan, zenbatek ikutu genduan seigarren Korrika haretan. Oso espeziala izan zan.

Gaur be begiratu detsat. Eta gero gabian ETBn emondako reportajian Juan Gorritik kontau dau oso gauza politta: bigarren lekukua egin zebanian (lehelenengua Remigio Mendiburuk egin zeban pagoz, eta nahiko hondatuta zeguan) eta pare bat Korrika pasau ostian, antolatzailliak eruan zetsen lekukua garbittu zeixan. Berak ezetz esan zetsen, hori ez zala zikiña, hori jendian maittasuna zala. Ba, hori. Artista batek haiñ ondo esandakua nik ez dot hobeto esango.

Eskuz eskuz pasau dogu lekukua, sentimentuen Korrikan. Kilometroz kilometro egin dogu Korrika sentimentala, gure barruko goguak eta indarrak bertan jarritta, etorkizuna hobia izango dalako esperantzan, iñoiz Korrika gehixago premiñiagaittiki egiñ ez deigun.

Ondo etorri, Udabarri!

Leire Narbaiza 2007/03/21 20:33

Udaberriko lehen eguna dogu gaur. Egutegixan arabera, jakiña. Herrixa edurtuta, eta hankak izoztuta jaiki gara. Edurra mara-mara, udabarrixari ondo etorrixa emoteko. Paradoja bat dirudi, baiña hala izan da. Otsuak be hasi dira Urkotik jeisten.

Itzela da edurte batek zelan konplikau leiken gure bizimodua. Asko nerbioso jartzen dira, ezin dabe automobilla erabilli! Beste askok, ostera, Babes zibillak eskatu arren, kasurik be ez, autua etara, eta errepidian gelditzen dira, ez atzera ez aurrera.

Beste batzuen kasuan, gustora geldituko litzakez etxian epeletan; baiña Madrilletik deitzen detse, eta eziñ ezetzik esan, nahi eta Burgosen kateatuta geratu. Hori bai, Madrillen ikusi dabe Burgos-Madril bidia garbi eguala. Hortaz, zelan ez da aillegau elgoibartarra? Kapritxua euki, eta etxera itzuli. Hurrenguan, helikopteruan eruan ahal dabe, edurrak ez dau-eta eragotziko!

Bestiok, trenian ibiltzen garanok, egunotan jendetzia aguantau bihar dogu; bai, egun normaletan autoz juaten diranak, baiña edurrakin bildurtu eta trena hartzen dabenak. Oiñ ez dake atxakixarik: autua kapritxoz erabiltzen dabe. Beste alde batetik, Eusko Trenekueri esango netseke, kalefaziñua traiekto osuan jartzeko, azkeneko geltokixan jeitsi arren, txartel osua pagau dogula! Badakitt abiadura handiko trenandako aurrezten dabizena; baiña trankill egon daittezela, horrendako seguru daguala dirua!

Edurrak ez desta animua lasaittu, bistan danez. Bihar be ez! Gustora juango nintzake, ba, ointxe bertan Somportera edurrakin disfrutatzera eta lasaitzera. Pixka bat eskiau, kafia hartu, eta hamakan eguzkittan egon, Um! Ezin leike diruakin pagau! Udabarrixan, baiña gatx ikusten dot.

Hoi ba, ondo etorri, Udabarri!

Fruitu siku tarta

Leire Narbaiza 2007/03/20 20:13

Ez naiz oso gozozalia, naiña ikaragarri gustatzen jata postriak egittia. Sukaldian be ez naiz ona, sukaldari kaskarra naizela esango neuke. Baiña gaztetxotik dakat afiziño hori, nundik dakorkidan be ez dakitt.

Ez naiz primerako reposteria; egixa esan, gatxa da postre txarra egittia. Katastrofe haundixa gertatu bihar da txarto-txarto urtetzeko. Itxuria, igual eskasa, baiña gustua ona.

Eibartarren afarirako tarta bi eta sanblasak egin nittuan. Fritu siku tartia lehelengoz egitten neban, aprobetxau egin neban hainbesteko audientzixa nekala esperimentua egitteko. Hogei bat hamster neretako bakarrik:-)

Enekok esan zestan moduan, uste dot tartaletiak miñutu gehitxuago bihar zittuala laban. Hurrengorako badakitt. Hainbatek eskatu zestan errezetia, eta blogian holako sekziño bat zabaltzia erabagi dot. Erabagi, kaparradia jo, eta Asier Sarasuak egin. Eskerrak berari! Milla esker, Asier

Lantzian-lantzian kargauko dittut postriok. Sugerentzixak be onartzen dittut. Jarrittako guztiak lehelengo eginda eta dastatuta egongo dira, eta hamsterrak oneritzixa emonda.

Beheian jarri dot errezetian loturia, baten batek nahi badau hartu eta egitteko. Hori bai, egindakuan esan zelan urten detsuen!

Fruitu siku tarta

On egin!

Beti ikasten

Leire Narbaiza 2007/03/16 18:00

Gaur goizian Asier Sarasuak emondako ikastaruan praktikak egin bihar dittut. Hau da nere lehelengua:

Argazki ederra, ezta? Ba, Euskalerrixa da, asko maitte dodan lekua, ameserako tokixa. Ia zeiñek identifikatzen daben!

Itoitz

Leire Narbaiza 2007/03/14 18:19

Askotan bidaiak nora baino, zelan eta norekin dira garrantzitsuak. Gizartean badago zabalduta horrelako uste ustel bat: ahalik eta urrunen, hobe. Denoi gustatzen zaigu ikustea Australiako kanguruak euren habitatean, Chichen Itzá-ko piramideak edota Islandiako geyserrak. Baina bidaiak beti gogoangarriagoak dira bertan bizi izandakoagatik, eta horretarako ez da Poloraino joan behar. Horrela gertatu izan zait pare bat bider; biak oso gertu. Bata Itoitz ezagutu genuenean.

Gazteak ginen, zoroak ginen eta gure lehengo asteburu-pasa elkarrekin. Hiru neska ilusioz beteak Euskal Herria hobeto ezagutzekotan joan ginen Piriniotako ibarrak bisitatzera. Bageneukan bertako herri batean lagun bat beti ari zitzaiguna esaten joateko eta joateko. Halaxe egin genuen.

Gure asmoa lagun honi bisita egin, kafetxo bat hartu berarekin, eta ospa, gu gure aldetik eta bera beretik. Baina ez zen horrela izan. Hainbeste poztu zen gu ikusteaz, kafeaz gain asteburu osoan ere egon ginela elkarrekin. Gure automobila aparkarazi, bere ford fiesta gorrian sartu gintuen eta bazter guztiak erakutsi zizkigun. Gainera, bere etxean egin genuen lo, eta Irati irratiko jaia ere parean tokatu zitzaigun. Gauean hara eraman gintuen, eta beste lagun batekin bertan elkartu. Zoragarria izan zen, guztiak egiten zigun ilusioa, dena zen nobedadea, berria. Begiak ere marrazki bizidun japoniarren moduan genituen, handi-handi, biribil-biribil. Ederra eta zoragarria delako paraje hori, baita gure bertako lagunak ere.

Zati gazi-gozo bat ere izan zuen bidaiak: Itoitz bertatik bertara ezagutzea. Gozoa, obrak hasi aurretik ezagutu genuelako, oraindik ezer ukitu barik zegoenean. Gazia, gure lagunak oso modu sotilean azaldu zigulako zer zen proiektu erraldoi hori. Baina apologia egin barik. Mila konturen artean, esaten zigun, adibidez, “ikusten duzue marka laranja hori? Horraino iritsiko da ura urtegia egiten dutenean” eta ondoren, eskualdeko ohitura bat kontatu. Gau hartan gutako batek ametsetan egin zuen ito egiten zela, ura goraino zetorkiolako. Ordudanik hirurok urtegiaren kontrakoak izan ginen.

Harrezkero makinatxo bat aldiz itzuli naiz bertara; ez baina, azken urteotan. Lanak aurrera joan ahala, gogorragoa zitzaidan egiten ari ziren astakeria, zentzu gabea. Bihotzean min ematen dit. Iaz joaten ausartu nintzen. Ikaragarria eta zentzugabea da zer egin duten, inoren interesen izenean gune zoragarria hondatu, herriak hil, eta jendea etxe gabe laga.

Itoitz gure historiako puntu beltzetako bat da. Gobernuen prepotentzia legeen aurrean. Beti esaten dut Itoitz proba-banku bat izan dela, zenbat egin daitekeen tira. Noraino iris daitekeen gobernu beten indarra, legeak aurka izanda. Itoitzen gertatu dena, toki gutxitan gertatu da: a posteriori legeak aldatu, egindako proiektua ilegala zelako. Azkenean, tribunal batzuk kontra, baina fidantza multimillonarioak jarriz obra bermatzeko. Beti gobernuaren alde, nahiz eta gobernuari arrazoirik ez eman, kontraesan nabarmenak.

Itoitz injustiziaren kontrako borrokaren sinboloa da, hain nabarmena izanda proiektuaren burugabekeria, eta hain gogor eginda gobernuak interes ekonomikoen alde, erakutsi digute Espainian ez dagoela bote gabekoentzako justiziarik, beti gobernu, dirudun eta boteretsuek irabazten dutela.

Bidaia iniziatikotzat hartu izan dugu lagunok. Horregatik dago azpitituluan, beti bihotzean daramadalako, nire bizitzaren zatia delako, galdu egin dugulako, bere alde borrokatu garelako.

Itoitz Euskal Herri eder eta kementsu hori delako; azken bataila galdu duen arren, beti burua tente, badakielako arrazoia bere alde dagoela. Horregatik, bidegabekeriei jarkitzen zaio, beste irtenbiderik ez dauka-eta

Eskubideak denontzat ote?

Leire Narbaiza 2007/03/13 18:42

Batzuetan ez dut jakiten nola hasi gai baten gainean idazten, askotan ez da erraza izaten post bati ekitea. Gutxi gorabehera buruan badaukat zer jarri, baina ez zein sarrera egin. Eta hau horrelako kasuetako bat da. Igual, hasieratik hastea onena, ezta?

Madrilen 18/98 epaiketa amaitzen ari da. Denbora luuuze baten ostean, laster epaia emango dute, eta jakingo dugu zein den epaituen etorkizun hurbila, baita hurrengo sumarioen nondik norakoa ere.

Sumario hauek desberdin pentsatzen dugun guztion kontrakoak dira. Egunkariaren kontrako operazioa azkena izan zen, baina segitu izan balute lehenago edo beranduago joango ginen euskaldun pilo bat erreskadan, hainbat sarekada polizialetan barruan. “Euskal” izena daraman edozer daukate euren zerrendetan. Argi dago zer nahi duten: antolakuntza ahuldu, militantzia makaldu, eta etsipenean jausi.

Hau guztiau salatzeko eta bertan auzipetutakoei elkartasuna adierazteko, zapatuan manifestazioa egin zen Bilbon. Handia espero zen hainbat kolektibo, alderdi eta sindikatuk babesten baitzuten. Legala zen guztiz —baina konstituzio santuak ez digu ematen, bada, denoi manifestazio eskubidea, ala?— edo ez zuten, behintzat, legez kanpokotzat hartu.

Baimenduta egotea garrantzitsua da arrakastarako, otsailaren 24ko aurrekariak izanda, batez ere. Ertzaintzak edo beste edozein poliziak egurra banatuko ez duela jakiteak jende gehiago erakartzen du; edo hobeto esanda, besteak jendea uxatu.

Hala ere, gure eskubidea urratu zuten, baimen barik, harrokeriaz eta kontrol soziala ezarriz. Guardia zibilen gainean ari naiz. Toki askotan zeukaten jarrita kontrola, autopistan, poligono industrialetan, auzoetan…Ni autobusean joan nintzen, eta jakin genuen Iurretan, ordaintokiaren ostean zegoela kontrola. Horregatik autopistatik irten eta errepidetik joan ginen. Baina han zeuden gure zain Euban. Beste autobus bi ere geldituta zeuzkaten. Gurean sartu, eta banan-banan DNI-a eskatu eta jaso zizkiguten. Berrogei bat minutuan egongo ginen han geldi! Gure nortasunak ordenagailuan aztertu ondoren, itzuli zizkiguten karnetak, eta joaten utzi. Bitartean, probokazio isilen bat ere egon zen: patrol bat iritsi, derrapatu eta “los hombres de Harrelson”-en moduan irten ziren autotik. Batek zeukan armarik handiena atera zuen eta bulta-bueltaka ibili zen autobus inguruan denoi ondo erakusten. Berria izango zen-edo.

Guardia zibil guztiak UAR-ekoak ziren : altuak (armaduna ez), morroskoak, Madonnaren mikroa belarrian, militar botak, txaleko anti-balas,…parafernalia osoa! Zenbat balio ote du horrelako despliege batek?

Dena zertarako? Berandu ailegatzeko, gu amorrarazteko, pertsona batzuk hurrengoan ez itzultzeko. Inork ez zigun galdetu nora gindoazen, euren suposatu egin zuten. Hori bai, betiko geldituko zaigu pikoloek egindako anotazioa: manifestaziora joan zen, hurrengo makrosumarioan erabiltzeko modukoa.

Euren begietan errudunak gara, euskaldunak garelako, eta beraiek sinisten dutena guk sinisten ez dugulako. Espainiar nahi gaituzte; baina ez digute gura, ez gaituzte garen modukoak maite. Horregatik ez gaituzte onartzen.

Manifestatzea gure eskubidea da, euren konstituzioak dio. Baina hemen ez da onartzen. Beraz, eskubiderik ez. Hori da arrazoia? Jakin nahiko nuke egun horretan bertan Madrilera manifestaziora zihoan autobusik gelditu ote zuten. Ziur nago ezetz. A! baina haiek benetako espainiarrak dira, ahaztuta nengoen!

Zorionak, gizonok!

Leire Narbaiza 2007/03/08 17:33

Ez, ez naiz zoratu, badakit gaur martxoak zortzi dela. Ordu betean egon naiz irratia entzuten eta kokoteraino amaitu dut zorionekin. Ez dira konturatu gaur ez dela zoriontzeko egun bat, gaur errebindikazio eta hausnartze eguna da; nondik gatozen eta nora goazen pentsatzeko eguna; zenbat gauza on lortu, eta zenbat gauza galdu diren bidean; zertan okertu garen, eta zer egin dugun zuzen. Eta batez ere, hemen gaudela eta hemen jarraitzen dugula: lanean eta borrokan berdintasunaren alde.

Beharbada zorionak emanez banalizatu egin nahi dute egun hau, ospakizun hutsean laga, zentzuz hustu, eta komertziorako eta ostalaritzarako negozioa bihurtu. Emakumeen eguna, egin oparitxo bat! Munduko andreok, elkartu eta afari bat egin! Eta kito, amaitu zaizue martxoaren zortzia! Agian, ez kontzienteki, baina horrelako bidea hartzen ari dela iruditzen zait.

Ez dut esaten nik ospatu ez dudanik, ezta egun hau berezia ez denik ere. Esan nahi dut, askotan zorion emate horretan amaitzen dela gaurko guztia, eta maiteminduen eguna, aitaren eguna eta beste hainbat egunen moduan amai dezakeela. Horregatik, ez dugu ahaztu behar zer den, eta zertarako markatu zen morez egun hau egutegian.

Hori dela eta, proposamen berri bat dakart: gizonak zoriontzea. Bai, badakit, gure eguna da, eta gizonezkoei tarta zatitxo bat ematea? Bati baino gehiagori ez zaio gustatuko nire proposamena, baina pazientzia hartu eta amaierara arte irakurri. Amaitutakoan, nahi duzuen iruzkin, kritika eta abar egin nik beso zabalik hartuko ditut-eta.

Zorionak gizonok, gaurtik aurrera bizitza berria izateko aukera duzuelako. Zorionak, gaurtik hasita mundua alda zenezaketelako. Zorionak, gaur zuen bizitzen lehenengo eguna izan litekeelako. Zorionak, nahi izanez gero, honek zuen gizontasuna agerian utziko duelako.

Hemendik aurrera zuen inguruko emakumeei gehiago eta hobeto entzungo diezue; badakit zaila dena eta ikerketek diotela, andrazko ahotsek deskonektarazten zaituztela. Lasai, pazientziarekin dena lor daiteke. Hobeto entzunez gero, ikusiko duzue zenbat gauza interesgarri deskubrituko duzuen.

Enpatia pixka bat izan; hau da, zuen emazte, ama eta lankide emakumezkoen ardurei erreparatu; beharbada, zuek gehiago konprenituko dituzue euren lekuan jartzen bazarete. Agian, deskubrituko duzue etxeko intendentzia lanak zein gogorrak diren, eta garbigailuak botoi eta programa pilo bat dauzkala, telebistak beste, ia-ia.

Publizistek ere badaukate lantxo bat, zorionak ematea nahi badute behitzat. Lehengo eta behin ez erabili topikoak: nire lagunek inbidia izango didate, ze ondo; andrazko guztiok euren gorputzen atalen bat ez dugu gustuko; titi batzuek ezerk baino gehiago saltzen dute…Amaitu da! Horrela ez! Asmatu gauza kreatiboago eta modernoagoak!

Aita zaretenok, kontuan izan umeak paseatzeagatik lehen zoriontzen zituztela aitak, baina gaur egun dagoeneko, ez. Medikuarenera ere eroan behar dira umeak, eta irakasleekin egiten diren batzarrak aitentzat ere zabalik daudela. Ikusiko duzue, musu eta era guztietako errekonpentsak jasoko dituzue!

Hurrengo gomendioa gizonezko heterosexual guztientzat da. Zorionak jasotzeko, pentsamendu eta hizkera batzuk aldatu behar dituzue. Arrazoia daukazue, titiak eta ipurdia dauzkagu, zuek ere bai; edukiko ez bagenitu munstroak ginateke. Baina gauza gehiago ere badauzkagu; baita zuek ere. Zakilaz gain, gorputz oso bat daukazue, eta askotan ohartu ere ez zarete egiten. Zenbat atal alferrik galduta. Kontura zaitezte, pentsatu buruarekin, eta mila gauza deskubrituko dituzue, baita plazerean ere. Eta benetan, zorionak emango dizkizuete zuen ondokoek, baita zuon buruak ere

Ohar hau gizon guzti-guztientzat da. Zorionak jaso nahi izanez gero, emakumezkoen kontrako pentsamendu bat datorkizuenean, pentsa ezazue zuen berdin-berdin sentitzen dugula, gure zuen modukoak garelako. Eta honek balio ez badizue, zuengan eta zuen sexukoengan pentsatu: emakume hori alaba, ama, arreba, amama, emazte eta lagun izan litekeela; eta bera ofendituz gero, beste gizon batzuk ere ofenditzen diharduzuela. Gure azalean jarri ezin bazarete, jar zaitezte, behintzat, beste gizon baten larruan.

Badakit oso zaila egingo zaizuela, poliki joan behar zaretela, izan liteke zuentzako gauza gehiegi eskatzea, baina hasi, gelditu barik; ekin eta jarrai. Nik konfiantza osoa dut jarrita zuengan. Jakinekoa da mendeak zaudetela inertzia honetan sartuta, baina gu hasi bagara, zuek gutxiago zarete, ala? Ez dut uste. Ez defraudatu, mesedez. Zuek zarete gure esperantza, eta maite zaituztegu.

Eta neskok, bidean lagundu. Proposamen honen aurka egingo ote du inork? Arrazoiz zoriondu ditut, ezta?

Beraz, gizonezkooi zorionak, aldatuko dituzuelako gauzak, eta mundu hobea lortuko dugulako.

Eklipsia

Leire Narbaiza 2007/03/07 18:13

Betidanik gustau izan jataz holako fenomeno atmosferiko-astronomikuak. Egixa esan, zeruari begiratzia nere afiziñuetako bat da, eta beste toki baten biziko banitza –altuagua eta argixagua– teleskopio bati zango neuke.

Ikaragarri gustatzen jata ikustia zelan doiazen laiñuak zeruan; sosiguz haize bako egunetan, eta aguro haizia zakar dabillenian. Demasa da iratargixari begiratzia, haundi-haundi daguanian, kolore horiz janzten danian. Pilla bat disfrutatzen dot udako ekaitzekin eta neguko edurrekin. Denak dake zeozer magikua

Eta zeresanik ez izar-lokak, meteorituak eta eklipsiak. Magikuak baiño, esoterikuak dira. Iñoiz ikusi bakua nintzan iratargi eklipsia. Eguzkikua bai, oiñ urte batzuk. Baiña iratargixana ez.

Eguzki eklipsia ikustera Kalamuara juan giñan, eta zapatukora, Arratera. Nire kapritxua betetziarren etorri ziran nerekin lagunak. Eurek izoztu egin ziran, baiña ni ondo prestatuta juan nintzan, badakitt-eta eguraldixa Arraten traidoria dala.

Bakarrik pentsatziakin gu garala eklipsia sortzen dogunok, flipau egitten dot. Lurra, nobixo zeloso baten moduan, tartian jarri eta iratargixa amatau! Edarra!

Oiñ arte galdetzen zestenian :"ze ikusiko zeunke gustora?" erantzun izan dot “Petra”, “Istanbul”, edo munduko txokon bat, galdua ala ez. Oiñ, aurora boreala erantzutzen dot. Bai, hori bai izan bihar dala itzela. Espero egunen baten suerte hori izatia! Nahiko neuke!

Bittartian, hazia, eurixa eta sargorixakin konformau bihar

Bost urte

Leire Narbaiza 2007/03/02 18:55

Orain bost urte jarri nintzen bizitzen etxe honetan. Hil batzuk lehenago erosi eta otsailera arte ez zen libre geratu. Erosi-edo, bankuarekin lortzen den tratu hori; lagun batek, aspaldi ikusi barik, esan zidan legez.Galdetu ostean ia zelan nenbilen, ezkondu egin nintzela esan nion. Haluzinatu egin zuen. Bere harridura sumatuta, bankuarekin ezkondu nintzela kontatu nion. Eta berak: orduan, con banco pero sin banquete erantzun zidan.

Holaxe da, ezkonduta bankuarekin. Baina berea den guztia berea da; eta nirea dena, erdibana. Hain da tristea hipoteka bat izatea. Bai, baten batzuk esango dute badagoela jendea aukera hori ere ez duena. Konforme; hala ere, ez dut esango suertekoa naizenik hipoteka daukadalako.

Gertuko batek esaten zidan bezala, kredituarena denok “bide zuzenetik, onetik” ibiltzeko dela, irten ez gaitezen; eta lorratzean sartuta anti-sistema ez bihurtzeko. Arrazoia zeukan, etxebizitzak gero eta garestiago egonda, eta Euriborra —letra larriz; bestela hitz-jokoak baiño ez zaizkit bururatzen!—gero eta altuago, nori geratzen zaio gogoa eta kemena kontrabidean ibiltzeko?

Ondo lotuta gauzkate. Urte sabatikoa hartuko nuke mila gauza egiteko, baina kredituarekin lana egin behar derrigor. Jardunaldi erdiarekin ere zoriontsu nintzateke, bizitzeko ez dut gehiago behar, eta lan aukerak handiagoak. Baina alferrik, hipotekari egin behar diot aurre.

Dena, baina, ez da txarra. Inork ezin dit ezer esan (ordaintzen dudan bitartean, jakina). Ni naiz nire etxeko erregina, errepublikana naizen arren. Erregina, printzesa, etxeko andrea, garbitzailea, otseina, dena! Horrek daukan libertatearekin (eta morrontzarekin)

Urte larregi geratzen zaizkit pagatzeko; baina, oraindik, ez zait damutzen holako saltsatan sartu izana. Aukera ona izan, eta aprobetxatzen jakin nuen. Horrek ez du esan nahi buruko minik edo artegatasunik sortu ez didanik; bai, makinatxo bat, baina balorazio positiboa egiten dut. Ondo nago.

Nire etxetxoa hegora begira dago, neguan eguzkia irteten denean bisita egiten dit, eta batez ere sukaldea, epeldu eta argitzen zait. Bizipoza! Lorategitxo bat ere badaukagu aurrean. Jakina, Eibarko jardin kontzeptua: parterre batzuk lorekin. Gure herrian lujo asiatiko!

Nahiko zentroan bizi arren, momentuz leihotik mendia ikus dezaket. Espero dezagun mendi magal horretan etxeak egitea ez bururatzea (Eibarren dena gerta liteke). Askotan ohean nagoela ardiei beeka entzuten diet, baita gauerdiko mozoloari uluka ere. Begiak itxi eta mendian nagoela pentsatzen dut. Ederra!

Hori bai, eguneko zaratekin desesperatuta nago. Inguruan azken bost urteotan lau etxe egin dituzte, edo egiten dihardute. Gaueko zarata mortala izango da, baina egunean zehar ere etxean egonda, ez da ona gero! Batez ere, zapatu goizetan zulatzen hasten direnean. Jakingo balute zenbat begizko egin diedan!

Historia ere badauka etxeak. Gertu jausi zen Gerra Zibilean lehengo bonba, eta kontatu didatenez, gure etxean ere erori zen bat. Hari “eskerrak” orain ezkerreko azkeneko pisuak barruko patiotxoa daukagu. Bitxikeriak

Behin eta berriro “nire etxea” esan dut. Bizitzeko modu berriak euskararen molde zaharrekin egiten dute talka. Etxea beti “gure” izan da, Baina nik orain “gure” esan behar dut? Beste inor ez da bertan bizi, eta kreditua —zin degizuet— nire izenean baino ez dago. Konfliktoa sortzen dit: ikasleei esaten “nire” ez erabiltzeko, baina horrelako kasuetan, zer?

Kontraesan filologikoak alde batera lagata, eta etxe honek behar dituen gauzak behar izanda ere (10 m2 gehiago, adibidez), ondo jokatu nuela uste dut. Bost urte hauetan nire txokotxoa topatu dudalako, bost urte hauetan etxeari lotu natzaiolako, berak bere exijentziak inposatuz, eta nik nire ukitua emanez, asoziatuta bizi izan gara, eta aurrerantzean ere horrela izatea espero dut. Hala bedi!

Blogeko irakurleak

Leire Narbaiza 2007/03/01 17:05

Bloga idazten hasi nintzenean, egia esan, ez neukan ideiarik nork irakurriko zuen nik idatzitakoa, inork leituko zuen ere zalantza neukan. Imajinatzen nuen eibar.org-ko baten batzuk eta gertu-gertuko lagunen batek jarraituko zuela. Baina denborak erakutsi dit pentsatzen nuena baino ezezagun gehiago ere sartzen direla.

Badakit izenburu hantustea dela, harroxkoa. Baina ez da hori nire asmoa, guztiz kontrakoa bazik. Bai, “Atxagaren irakurlea” izeneko lana badago, eta hau ez da neure burua horrelako mailan jartzeko, ezta gutxiagorik ere. Gainera izatekotan, gehiago izango litzateke “Corin Telladoren irakurlea” edo “Marcial Lafuente Estefaniaren irakurlea”. Baina nik oso argi daukat Proust existitzeko Rosamunde Plitcher ere existitu behar dela. Bada, berdin; bakoitzari berea.

Azken aldi honetan ezagun asko hasi zaizkit komentatzen blogaren gaineko gauzak. Batzuek kasualitatez aurkitu dute, besteek ez dakit nola. Gaur goizean, hain zuzen ere, ezagun batek kalean gurutzatu eta Epa! Esan beharrean, hauxe bota dit: “asko gustatu zitzaidan jogurtarena!” Glups, eta honek zelan deskubritu du? Jakina, lotsa baino ezin dut sentitu. Gainera edozein tokitan gertatzen zait. Uf, makillatzen hasi beharko naiz, gorritasuna ez igartzeko.

Kasualitateak ere ezagun batzuk ekarri ditu blog honetara. Nabigatzen, nabigatzen eta azkenean hau topatu. Denei esaten diet erantzuna lagatzeko, baina Maitek baino ez dit kasurik egin, eta oso eskertuta nago. Erantzunak “subidoi” handia dira, benetan. Eta gero eibar.org-ko kideen aurrean presumitzeko ere ematen du. Oraindik ezin izan dut egin, baina egunen batean hogei erantzun izatea espero dut.

Badaude, hala ere, erantzun haluzineanteak, anonimoak dira baina ematen duten informazioagatik ezagunak dira. Baina nik ezin jakin nortzuk diren. Egia esan, harrapatuz gero, esango nizkieke pare bat gauza.

Baina flipanteena ezezagunen erantzunak dira. Ezagutzen ez gaituztenak eta, hala ere, hementxe irakurtzen eta erantzuten. Errekonozituta sentitzen naiz, eta lotsarik sentitzen ez badut ere (ez ditut ezagutzen) arduratu egiten nau, errespontsabilitatea jartzen du nire jardun honetan.

Eta orain nabil gauza hauek igartzen, nire ustez lehengo txispa galdu dudanean. Bai, pentsatzen dut orain hilabete batzuk post dibertigarriagoak idazten nituela. Orain, momentuz behintzat, galdu egin dut umore puntu hori. Hala ere, berreskuratzea espero dut. Ez dakit noiz, baina etorriko zaidalakoan nago.

Orain dudan inpresioa da bihotza eskuan idazten dudala, askotan babes barik, sentimentalegi. Eta badakigu ze prentsa txar daukan gure artean sentimentalismoak! Batzuetan gehiegi “biluzten” naizela uste dut, nire sentimenduak ageriegian lagatzen ditudala. Ahalegintzen naiz hori saihesten, baina ezinezkoa egiten zait. Une honetan bai, behintzat. Oso sentibera nago, normala den moduan. Blog hau inoiz baino gehiago da orain “mi querido diario” hainbestek gorrotatzen dutena. Baina niri bost! Gustatzen zaionari, primeran; eta gustatu ezik, bada, oso ondo.

Nire helburua ez da sentimentalismoz bustitzea artikulu guztiak, baina ia denetan irten egiten zait. Lehen makarragoak idazten nituen, eta herri honetan amorrua sentimendua baino hobeto dago ikusita. Hori ere itzuliko zait, guztiz joan ez zaidalako. Hori bai, azken bolada honetan super-emankor nabil, ni ere haluzinatuta nago!

Dena den, espero dut inork disfrutatzea honekin. Nik, behintzat, ikaragarri disfrutatzen dut, eta horrekin –ia beti– nahikoa izaten da.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua