Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Txargain

Leire Narbaiza 2007/02/27 17:00

Andia mendi-katean dago Txargain. Txintxeta bat da, erraza egiteko. Baina bertatik dagoen bista ikaragarria da! Olloibarko sakana, Iruñea, eta eguraldi onarekin Pirinioak. Goñin umeekin igotzen genuen, arratsaldeko irteeratxoa izaten zen. Tontorrera iritsi, eta guk begiraleok motxilan igo genuen askaria jan.

Txargain ez da apenas inon agertzen. Lehen Googelen bilatuz gero blogaren erreferentziak ziren nagusi. Orain gauza gehiago kargatu dituzte, eta mendiaren hainbat ibilbide eta xehetasun ikus daitezke.

E-mail kontu bat ere izen horrekin daukat. Goñikide batzuek uste zuten udalekuetako sasoiaren falta gehiegi igartzen nuela, nostalgiaz beteta nengoela. Baina alde batetik oker daude. Egia da, une haiek bizi izan ditudan momenturik onenetakoak direla, eta nostalgiarako joera dudala; baina ez dakite tontor konkretu hori magikoa dela niretzat. Horregatik, e-mail izena, eta blogeko izenburuan.

Izango dira pare bat urte eibar.org posta zerrendan “epifania” berbak irten zuela. Epifania errebelazioa da; nahiz eta DRAEn eta Euskal Hiztegi Modernoan horrela ez definitu. Une konkretu batean sentitzen dena, argitasun berezia. Bada, nik Txargainen sentitu nuen hori.

Pedantea, ezta? Hori ere banaiz, eta zer egingo diogu, bada? Baina, hori da gertatu zitzaidana. Beharbada, geobiologoren batek hobeto azalduko luke; badakizue: mendi tontorra, erpina, triangelua, piramidea,…energiak. Beste batek paisaiaren edertasunagatik dela esango du; beste batek endorfinak; Goñikoren batek nire emozionatzeko joerari leporatuko dio, eta besteak guztiaren konjuntzioa pentsatuko du. Ez dakit, baina berdin dit.

Hara iritsi, bokadilloak banatu, eta lurrean jarri. 150 ume, hogeita piku nagusi. Ez da, ez, inguru lasaiena. Hala ere, zerbait gertatu zitzaidan, bertan zoriontasuna ezagutu nuen, minutu gutxiz, baina zoriontasuna.

Bakarrik nengoen jesarrita, aurrean begirale batzuk zeuden euren lagunen gainean berbetan, umeak jolasean, eguzkia aurpegian, bista ederra…Bat-batean, nire burua kanpotik ikusi nuen, eta gutxitan sentitu naiz hain ondo, hain beteta. Irribarrea ezpainetatik kendu ezinda. Handik gutxira dena normalidadera itzuli zen, baina sentsazioa hortxe gelditu zitzaidan.

Horregatik, blogaren izenean sartzea erabaki nuen, eta , horrezaz gain, nire ibilbide pertsonala adierazi nahi nuelako. “Txargainen” epigrafean sartzen ditudan post-ak ere, sentimenduekin daukate zerikusia, barrutik gertatzen zaidanarekin, ezin dut-eta sentimendua alde batera laga, nahiz eta askotan gehiegi erakutsi.

Hori da Txargain, nire sentimenduen erpina, nire sentitzeko era, nire senti-mendia

Txargainen.JPG
Txargainen, egun horretan. Ni eskuman nago, bizkarrez zapi arrosa-beltza buruan

Korrika

Leire Narbaiza 2007/02/23 18:55

Korrika ate joka dator, laster da hemen 15.a. Karrantzan hasi eta Iruñean amaitu. Urtero norbait omentzen du; aurten norbaitzuk, euskal emakumeok omentzen gaitu

Behi baino gehiagotan entzun dut emakumeen errua zela euskara galtzea. Egia esateko, sasoi bateko andrazkoen artean euskara gutxi entzuten da, euskaraz berba egitea desprestigioa zelako euren gazte-denboran. Zorionez, bolada hori pasatu da, eta gure inguruan prestigio apurtxo bat (gutxi) irabazi du.

Esanak esan, hasiera-hasieratik, eskola-ikastola zein euskaltegietan irakasleen gehiengoa emakumeak izan da, da eta izango da. Euskaltegietako gelak ere andrazkoek betetzen dituzte (askotan talde batzuetan, gizonezkorik ere ez da egoten). Beraz, kezka eta gogoa hortxe dago.

Beste alde batetik, aspalditxo Bergaran egindako ikerketa baten konturatu ziren neskek euren adineko mutilek baino gehiago egiten zutela euskaraz. Hortaz, esan liteke hori dela etorkizuna.

Beherago itsatsi dizuet manifestua. Korrikako webgunean sartuta atxiki zintezkete. Gizonezko gutxik sinatu dute, ez dakit zergatik, baina zuek gizonok hori alda zenezakete, ala ez?

***********************************************************

Euskal Herriko hiritarrok, agur t'erdi:

Euskal Herriko mendebaldean, Karrantzako Pozalagua izeneko kobazuloan, ohiko estalaktita eta estalagmiten artean, estalaktita berezi-berezi batzuk ageri dira: estalaktita eszentrikoak. Egitura hauek, beste lekuetan ez bezala eta beste inon baino gehiago, goitik behera "erori" beharrean, ezker-eskuin zabaldu eta sare moduko egitura ikusgarrietan biltzen dira. Elkar jo gabe, nork bere nortasunari eutsiz, baina, sarea behar den moduan egituratzeko, ondokoaren laguntza eta itzalaren babesean. Estalaktita hauek bezala, ezker-eskuin zabaldu eta, euskaraz hitz eginez, herri bat osatu dugu euskaldunok: Euskal Herria, euskararen herria. Gure arbasoek ez zioten beren buruari euskaldun alferrik deitu, ezta beren herriari Euskal Herria ere. Mintzairak nortasunaren adierazgarri dira, eta guk, euskaldunok, euskaraz mintzatuz adierazten dugu geure euskaldun izaera, euskaraz hitz eginez egiten dugu Euskal Herria.

Eta lan horretan Euskal Emakumeak izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi ditu korrika 15ek. Korrika 15ekin bat eginez, behean sinatzen dugun emakume euskaldun zein euskaltzaleok, belaunaldi, adin, mota, esparru eta ideologia guztietakoak, ezagunak eta ezezagunak, urtetan eta urtetan euskal emakumeok izan dugun indarra, adorea eta balioa azpimarratu nahi ditugu.

Garai desberdinetan zehar, emakumeok izan gara, euskararen aurka izan diren legeei aurre eginez, gure hizkuntza etxeetan gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi dugunak. Dela gerra garaian, dela baserrian, dela itsasaldeko herrietan gizonak kanpoan zeudela,... euskal emakumea izan da, belaunaldiz belaunaldi, gotorleku garrantzitsua. Berak bermatu du gaur arteko transmisioa, eta ezkutuko lan hori ere azalarazi eta aldarrikatu nahi dugu.

Denbora aurrera joan ahala, eta Francoren diktaduraren edota Frantziako estatu jakobinoaren lege itotzaileek agindutakoaren kontra, ikastola, gau-eskola edota euskara elkarteak sortu eta berauei eusteko prozesuan euskal emakumeak izan duen paperaren garrantzia inork ukatu ez arren, ezta ukatuko ere, paper horren garrantzia azpimarratu eta plazaratu nahi dugu geuk ere.

Gaurko Euskal Herrian euskal emakumeak euskarari eta euskal kulturari eusteko egiten duen ahalegina ere begi-bistakoa da: hasi herri txikieneko gau-eskola edota eskola/ikastoletan, segi edozein kultur esparrutatik (kantagintza, bertsogintza, literatura, antzerkia, artea, dantza,...), eta Euskaltzaindiraino. Lekukotasun eta parte-hartze zuzen horiek ere geure errekonozimendu osoa dute.

Baina ondo merezitako ezagutza eta onarpena adierazteaz gain, etorkizunean, euskarak aurrera egin dezan, emakumeok izango dugun lanaren garrantziaz konturatuta, ekimen horretara geure indarrak batzeko konpromisoa hartzen dugu agiri honen sinatzaileok. Oraindik asko daukagulako egiteko, eta gaur fruitu hori jaso dugunoi aurrekoen lana aintzat izan eta lekukoa hartzea dagokigulako.

Geure konpromisoa adieraztearekin batera, dei egiten diegu bereziki Euskal Herriko emakume guztiei, bakoitzak bere esparruan eta bere ahalmenaren arabera, ikasiz zein erabiliz, gurekin bat egin dezaten. Eta horrekin batera, mundu bidezkoago bat erdiesteko bidean, parekidetasunean oinarritutako Euskal Herria eraikitzea ezinbestekoa zaigunez gero, Euskal Herri osoari egiten diogu dei. Euskararen eta euskal kulturaren iraupen, berreskurapen eta etorkizunean denok izan behar dugulako geure eginkizuna, izan gizon zein emakume.

Euskal Herrian, 2007ko otsail-martxoan.

Eibarko monstruarixua (eta 3)

Leire Narbaiza 2007/02/22 21:20

Egin nahi daben azkeneko monstrua da, Arragueta bota eta barrixa egiñ.. Arragueta, kantua dakan kalia. Aurrekuetan esan dodan moduan, kale horrek erreformaren bat bihar dau, baiña alde oso bat bota eta barrixa egiñ, etxe askoz altuaguak eraikiz, ez dot uste irtenbidia danik. Gaiñera, etxietako batek 300 urte inguru dakaz, bertan jentia bizi da eta barriztu egin dabe. Barrutik ez dakit zelan daguan, baiña kanpotik oso politta laga dabe, fatxadia egin eta urdiñez pinttau ostian.

Gehixago jakin nahi izan ezkero hona hemen helbidia Klikatu eta informaziño gehixago lortuko dozue

Honen alde zeozer egin nahi badozue behian nik jasotako mezu bat pegau dot. Azaldu egitten dau labur etxian historixia eta ondare historiko izendatu nahi dabela. Interesa eukitzekotan, segi irakortzen eta agindutakua bete. Inmobilismuan aurrian, hau zeozertxo da. Gehixago egin ahal izango bagendu! Biharbada, hurrenguan martxan jarri aurretik birrittan pentsauko dabe. Gaiñera laster hauteskunde sasoian sartuko gara bete-betian. Ez izan alperra eta bialdu e-mailak! Bestela ze pentsauko ete dabe Patxika txikixak, Kattaliñek, Manuelak, Petrak eta Marixak? Nun egingo dabe merianda haundixa? Zelan formatuko da, orduan, Eibarko ibaixa?

***************************************************************

"LA CASA NUEVA DE GUENENGUA"

XVII. mende amaieran Atanasio de Arizmendik, Eibarko Udalbatzako Sindiko Prokuradore Nagusia, San Andres Parrokiako fabrikako maiordomoa eta Domingo de Olaalde jaunaren benefizentziako Patroia eta Administratzailea izan zenak, Eibarko Arragueta kalean etxe bat eraiki zuen.

1. urteko urriaren 12an Atanasiok honako hau idatzi zuen: "hypoteco la cassa nueva que tengo en arragoeta", Martin Lopez de Ybarra eskribauak jasotako testuak dioenez. Etxe honi "Guenenguako etxe berria" deitu zitzaion 1860. urtera arte. Hortik aurrera 5. zenbakia jarri zitzaion, gero 7na, eta gaur egun Arraguetako 9. zenbakia dagokio. Herri barruko etxerik zaharrenetakoa dugu.

300dik gora urte hauetan hainbat gertaeren testigu izan da etxe hau, besteak beste, 1794ko abuztuaren 29an, frantsesek Eibar txikitu zuten, 116 etxe guztira, eta 1937ko apirilean, Francoren tropek Eibar suntsitu zuten berriro.

Etxe honek aurrera egin du denboran, hainbat gerrateri aurre egin die, baita suteei ere, baina orain mehatxu berri batek arriskuan jarri du etxea: ESPEKULAZIO INMOBILIARIOA!

Etxea ez botatzeko Ondare Babestu izendatzea da konponbidea. Zure laguntasuna behar dugu: etxeak, gure historiaren lekuko, dagoen lekuan jarraitu beharko lukeela uste baduzu kopiatu eta berbidali mezu hau honako helbide hauetara:

cultura.ei@eibar.net

kultura@ej-gv.es

arraguetakalea@gmail.com

Lehenengo biak Eibarko Udaleko Kultura saileko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura-Ondarearen zuzendaritzako helbideak dira; hirugarrena, berriz, Arragueta kalearen aldeko helbidea. BERBIDALI MEZU HAU zure kontaktuei, ados baldin badaude, gurekin bat egin dezaten.

Eibarko monstruarixua (2.atala)

Leire Narbaiza 2007/02/21 18:07

Bost urte barru kanpuan egondako eibartar batek ez dau herrixa ezagutuko. Auzo eta etxe multzo osuak bota dira eta botatzeko asmua dake, barrixak egitteko. Juan daneko berrogei urtian eraiki barik zeguazen tokixak etxez josiko dittue. Marbella, baiña itsaso barik.

Oingo politikak hori dira: zaharra bota eta barrixa egin. Egixa da etxe eta auzo batzuk degradauta daguazela, eta barrizteko premiñia dakela; halan da be, gauzak gustoz eta bihotzez egin bihar dira, ez karteriari eta kontu korrontiari begira. Txonta eraldatzia ondo dago, baiña auzo txiki bat izatetik txindurri-etxe izatera pasatzia larregizkua da.

Errespetau egin biharko litzakez arau estetiko eta harmoniko batzuk. Etxe alturik ez egin, esaterako. Edo kanon batzuen barruan kokatzia. Eta ez erankin bakotxa bere amana/arkitektuana! Hori udalan biharra da, uniformidadia emon, herrixan karakterra ezarri.

Zaharra koserbatzen ez badogu, ez dogu antxiñakorik izango. Gaiñera, eraikin barri hónek beste arazo bat sortzen deskue: argixa. Aurreko post-ian esan neban moduan, Eibar estua da, kale asko illunak dira. Egitten diharduten eta egingo dittuen etxiak lehenguak baiño askoz altuaguak dira. Horrek esan nahi dau herrixa gero eta illunagua izango dala.

Beste alde batetik, berdeguniena. Udaleko persona batzuek behin baiño gehixagotan esan dabe Arraten eta inguruko mendixetan nahikua berdegune bagenkagula, eta gaiñera. herrixan jardiñak jartziak txakurrak kaka egitteko baiño ez dabela balio. Hori bai, ezin da kakarik egin gure berdegunerik haundixenian, guardia zibillen kuartelian. A! eta berdegune honek ez detse arazorik sortzen. Hori ondo ei dago daguan lekuan.

Ederto flipauko dabe kanpotarrak Bista eder eta Jardiñeta kalietara doiazenian: Ez jardiñik ez bistarik, dana porlana eta ladrillua.

Eta holan dabiz konstruktorak, alkarri konpetentzia egitten, baiña lobby modura, dunping-a egiten, merkiago lortzeko dena. Gaur konstruktora baten daguana, hurrenguan bestian. Oso gauza bitxixak.

Eibarrek gero eta jende gitxiago daka, sasoi baten biztale bat eguneko galtzen zeban. Hori bai, eraiki eta eraiki. Etxe hutsak be mordua dira. Alokairu merkia eziñezkua da, eta pisuen preziuak ixa Donostiako preziuen parian.

Bigarren desarrollismo salbajia bizi dogu. Oin berrogei urte gauzeri ez jakuen hainbeste begiratzen, baiña gaur egun hau gertatzia itzela da. Ba ete dogu hau gelditzerik? Nere esku balego, behintzat!

Eta monstruarixuak ez daka akaberarik, jarraittu egingo dau daguazen planak egonda. Erisono, Bolingua, udaletxe osteko txaletak. Eta azkenekua Arragueta kalia. Bixar Arragueta kalekuak bialdutako proposamen bat jarriko dot...

Eibarko monstruarixua (1)

Leire Narbaiza 2007/02/20 21:26

Ezagun batek drogerixia zekan, eta egun baten andra bat etorri jakon ulerako tinte baten billa, eta esan zetsan:”-¿Me enseñas el monstruario? “. Barriari eutsi ezinda muestrarixua etara zetsan. Berak monstruo kuadrilla bat urtetzen imaginau zeban, bakotxa bere monstruosidadia erakusten.

Askotan egin dogu barre anekdota honekin, imajinatzeakin monstruo guztiak desfilatzen andrian aurrian. Baiña izen hau Eibarko desastriak izendatzeko be erabiltzen dogu Martzinkus jaunak eta bixok.

Eibar asko sufridu daben herrixa da. Ez-dakit-zenbat gerratan erre dabe, azkenenguan erre eta bonbardeau. Orografixia be ez daka alde; ibar estu eta sakona da, urbanismorako zihero desegokixa. Honeri gehittu bihar jako 60 eta 70. hamarkadetan eraikuntza eta desarrollismo salbajia izan zebala, urte gitxittan ikaragarri hazi zala. Edonun eta edozelan egin zittuen etxiak; errekia tapau zeben, torre ikaragarrixak egiñ, eta berdegune bakarra guardia zibillen kuartela.

Ez dakagu antxiñako gauzarik, zaharrak be gitxi. Alde zahartzat hartuko gendukena hiru etxe baiño ez dira. Erretratu zaharrak ikusitta, konturatu gara Eibar politta zala, oin baiño bizigarrixagua. Eta horrek demaseko penia sortzen desta, diruagaittik eta interes personalengaittik dagualako holan.

Nik monstruarixuari Indianokua palaziuakin emoten detsat hasiera. Palazio hau Aldapatxon zeguan, eta portada platereskua zekan. 50. hamarkadan bertan etxia egittia erabagi zeben. Hori dala eta, diputaziñuak fatxadia harriz harri desmontau eta gorde egin zeban. Eta galdu. Desagertu egin zan. Nun ete dago? Optimistia naiz eta AEBetako dirudun bate erosi, eta bere herrixan dakala jarritta uste dot.

Jarraittuko dot monstruarixuakin: UNED Bergaran jarri aurretik, Eibarreri egin zetsen proposamena. Ezetz erantzun. A-8xak basarri pilla bat bota eta Txonta auzua tapau zeban. Autopistiari ez zetsen urterarik egiñ. Kiroldegixa hamar bat urte tardau zeben egitten: diru mordua gastau, bi didar jarri bihar izan zetsen lurra, lelehengo egurra hondatu egin zalako. Bariante kontraperaltau kutria.

Markeskua konpondu zan, jakin barik zetarako erabilliko zan. Barriztu ostian, luzaruan egon zan itxitta, La Europa de los pueblos erakundian egoitza izan bihar ei zan. Inagurau zeben, pintxo eta guzti. Hori baiño ez zan egin. Zorionez, oiñ UEU dago.

Arrateko kolonixa konpondu zeben. Oso ondo. Baiña ha be ez zekixen zetako erabilli. Orduan, erabagi ostian, atzera be konponketak egin zittuen egokitzeko. Azulejodun hormak bota ziran.

Portalea kutur etxia erosi aurretik, arma taillarra zan, eta erosi ostian analisi batzuek erakutsi eben aluminosixa zekala —diru mordo bat alperrik galduta—. Eta udaletxeko obren gaiñian zer esan? Zazpi bat urtian obretan, kapirixuak kalian eguzkixa, umedadia, hotza, izotza, edurra, eurixa…jasatzen, azkenian soziedade baten erre zittuen.

Koliseuakin be zenbat buelta. Badira hamabost urte atzera eta aurrera gabizela gai honekin. Eta bittartian, herrigunian antzoki barik. Ia, oiñ, elekziño aurretik inaugurauko dabe.

Alfa osorik bota, ofiziñak be ez zittuen errespetau, zeguazen marmolekin, bibliotekia eta zine-aretua. Gure historixiak ez dau ezertarako balio, Korteinglesak eta lujozko etxiak prioridadia dake!

Eta Azittaingo errotandako zubixa? Hori be desmontau eta gorde egin zeben! Baiña ez zan agertzen! Beraz, hargiñak ekarri urriñetik eta ixa osori barrixa egiñ. Hori bai, jarri ostian, benetako harrixak agertu ziran.

Musategi bota bihar zeben ezeri erreparatu barik. Eskerrak eibartar batzuk geure latorrizko joiatxueri erreparatzen detsen! Bestela gargolak-eta ez ziran salbauko. Salbau-salbau…desmontatzerakuan bat apurtu zeben! Eta botata egon dira.

Urkiko krutzian modua. Botata topau zeben nere lagun batzuk, eta alkatiak hori baiño lehen, gordeta zeguala esan zeban!

Isasiko adokiñaua be ez da errespetauko. Ez da antxiñakua, zaharra baiño ez da. Baiña zelan eukiko dittugu antxiñako gauzak lehengo zaharrak izan barik?

Hau oiñartekua da. Bixar gehixago idatziko dot. Iñork badaka monstruarixo honetan zeozer sartzeko, erantzutzia baiño ez daka. Gure memorixa historikuangaittik, gure herrixangaittik, gure seme-alabengaittik.

Jogurt bat naiz

Leire Narbaiza 2007/02/19 18:55

Jogurt bat sentitzen naiz. Kaduzitate data daukat. Eta oraindik ez dut mundura ekarri nauen eginbeharra bete. Kezkatuta nago, denbora eskuetatik doakit-eta.

Begirada maltzur batzuk sumatu ditut, esamesen bat ere zabaldu da. Eginkizun gorena ez dut egin. Gizartea, familia eta Euskal Herria defraudatu ditut. Edo defraudatzeko bidean nago, denbora amaitu ez zaidalako.

Ez naiz sentitzen bifudus-dun jogurta, ezta sojazkoa ere. Jogurt naturala, ezer bakoa, modan ez dauden horietakoa. Baina klasikoa beti egongo diren horietakoa. Gainera, kadukatzeko bidean dagoena; supermerkatuan topatuz gero, oparitu egiten dutena.

Zertaz dihardudan? Zoratu ote naizen? Ez. Berrogei urtetik nahi baino hurrago nago eta emakumea naiz. “Arroza pasatuko zaizu” diote gaztelaniaz orduan paella sentitzen naiz. Badirudi andrazkoon lan nagusia hori dela: ugaltzea.

Oso berandu omen 41 urterekin umeak ekartzea. Jakina da nekea, alferra, gainera zelako arriskua! Baina gizonendako ez da berandu, ala? Zenbat gizon daude gazteago batekin elkartu eta 50, eta 60 urterekin umeak ekarri dituztenak? ez ote dira nekatzen edo alfertzen? Bai, badakit obuluak galtzen goazela, baina gizonek ez dituzte espermatozoideak galtzen eta hauen kalitatea eskasten?…

Ugaltzea emakumeon esku dago, antza. Gizonezkoek ez dute parte hartzen, itxura. Jaiotze tasen gainean jarduten dutenean 1- 2 ume andreko esaten dute. Eta gizonezko bakoitzeko? Hain gutxi balio dute?

Baina amorru handienak guraso diren askoren buruan dagoena: “Zuk ez daukazu umerik eta nik bai. Beraz, nik eskubide gehiago dauzkat, betebehar sakratuarekin bete baitut. Eta zuk ez.” Horrelako komentarioak entzun behar dira (agian ez hain zakarrak) lanean-eta ordu aukera egiterakoan. Zer uste dute, nik ez dudala familiarik, lagunik eta konpromisorik gizarte honetan?

Beste batzuek “Kontuz haurrak!!” pegatina daramate automobiletan. Gu, ume bakook kontuz ibili behar gara guraso arduratsu horiekin. Eta euretako asko? Ume barik doazenean ederrak makarrak!

Baina inoiz ez duzue jogurt kadukaturik jan? Nik bai, sarritan. Eta beti onak egoten dira. Errezeloarekin, hasieran; baina lehengo koilarakada ahoan sartu ondoren, besteekin (ez iraungitakoekin) sentitzen den plazer berbera disfrutatuz. Gehiago esango nuke: plazera handiagoa da, gizarte hiper-babesle honi, gangarra buruan, partida irabazi diodan sentsazioa baitaukat.

Kalamuatik

Leire Narbaiza 2007/02/16 20:00

Kalamua Eibarko mendi txiki bat da. Ez da Eibarri nortasuna ematen diona, edo Eibarrekin edozeinek lotzen duena, baina bada paseatzeko, mendi-buelta txiki bat egiteko aukeratzen duguna. Txikia da, baina atsegina. Tontorretik itsasoa ikusten da, eta inguruko hainbat herri.

Kalamuaren benetako izena Max ei da: Max mendixa. Horrela zioen, behintzat, gure aitxak. Eustakioren arabera, Kalamua izena Ondarroako arrantzaleek jarri zioten, itxura denez: itsasoan zeudela, portuan sartzeko Max mendia ikusi, eta esaten zuten “Hor da gure kalamua” eurendako kostaren erreferentzia puntu bat zelako. Kalamua, kalamua,…azkenean Kalamua.

Ez dakit izena ondarrutarrek jarri zioten, ez dakit historia hau benetakoa ote den, baina niri beti esan dit hori. Egia esateko, kontatzen dudan bakoitzean, Max izenarena ere ez didate sinisten. Hori bai, kartografia ofizialean; hau da, ejerzitorenean, horrela dakar, eta horrela dago jasota toki askotan.

Sinisten ez didaten beste gauza bat tontorrarena da. Tontorra ez da Eibar. Eta ez dakizue eibartarroi zelako mina egiten digun horrek! Tontorra erdibana Markina eta; oi, anatema! Elgoibarkoa. Nolatan? Ez da Eibarkoa? Ez, zoritxarrez, ez. Hain gurea, baina ez da gure propietatea!

Normala da horrelako jabetza sentimenduak izatea, gure mapa sentimentalaren zati garrantzitsua delako. Kalamua umetan igotzen dugun lehengo mendia izateaz gain, badauka (edo bazeukan) kromlech bat, orain ia desagertuta dagoena, pinuak sartzeko. Gerra zibilean ere gure nagusiak bertan tiroka ibili ziren, eta eraikitako lubakiak umetatik erakutsi izan dizkigute. Bestetik, Kalamuako Parlamentua dago. Bertara jendea eztabaidatzera eta berba egitera joaten zen; hortik datorkio izena. Orain iturria, erretegitxo bat eta mahaiak daude, eta Eibarko Klub Deportiboak hiru zuhaitz dauzka landatuta klubeko hiru bazkideren omenez, eskiatzen eta mendian hil zirenak. Hileta-errito gehiago ere egiten dira Max mendian, hainbat errauts zabaldu dira, tartean gure aitxarenak.

Hain esanguratsua niretako, hainbeste gauza bertan bizi izanda, blogaren izenean jartzea erabaki nuen. Eibar esan nahi nuen Kalamua esanda, eta epigrafe horren azpian sartzen ditut Eibarrekin zer ikusia duten post-ak. Eta “nondik” deklinazioarekin; Kalamuatik, alegia, nik neuk Eibar daukadalako oinarri eta Eibartik abiatzen naizelako mundura, Kalamuatik

San Balentin

Leire Narbaiza 2007/02/15 18:44

Atzo kargatu nuen mezu hau blogean, baina badirudi arazoak izan direla, eta nire sorpresarako ez da ezer agertu. Nahiko odisea izan denez artikulu hau agerraraztea(beharbada beste post batean azalduko dut), kargatzea erabaki dut. Gainera maitasun mezurik jaso ez dudanez, ez daukat ezer aldatzeko.

***********************************************************

San Balentin, maiteminduen eguna omen. Denda eta zentro komertzialetako eguna, batez ere. Gaur maiteari loreak, koloniak, bonboiak,…erregalatu behar zaizkio. Eta gauean, afari erromantikoa. Hau egin ezik, otsailaren hamalaua ez da behar den moduan ospatzen.

Telebistan iragarki kopuruak gora egin du, batez ere, lurrinena. Hainbat lore-dendatan lazo gorriak eta bihotzak nonahi. Ogia erosten dudan okindegian ere, bihotz formako pastelak egin eta marmelada gorriarekin bete dituzte. Dena da maitasuna, dena gorria…Dena negozioa. Gabonetan saldu ez dutena, orain dute aukera.

Eta denok kritikatzen: “San Balentin komertzioa baino ez da”; “ni ez naiz holako gauza baten jausiko”; “urtean 365 egun daude maitasuna adierazteko, zergatik egun konkretu hau?”; “Kontsumismoak gure sentimenduak ere komertzializatu behar ditu, edozein gauza bihurtzen du salgai”. Egia da, guztia. Baina urterik urte, dendetan kartel, bihotz, lazo gehiago ikusten ditut. Horrek esan nahi du gero eta jende gehiagok erabiltzen duela data hau maitasuna adierazteko.

Nik ere uste dut San Balentin edo San Polikarpo, berdin-berdin dela horretarako. Baina nork egongo lioke uko maitasun oparitxo bati? Nik ez, behintzat. Kritikatu egiten dut egunarena, baina pozik jasoko nituzke admiradore baten loreak, adibidez. Dena den —eta badakidanez gaur premiarik edukiko ez dudala—, nire lore-poto guztiak beteta daude, atzo loreak erosi nituen-eta: tulipan gorri-gorriak, etxea indarrez eta pasioz betetzen didatenak. Nik oparitu neure buruari, por que yo lo valgo!

Aratusteak debekatu dituzte

Leire Narbaiza 2007/02/13 17:28

Francoren diktadurapean, beste hainbat gauzaren artean, Aratusteak debekatu zituzten, jai askeak zirelako, jendeak inhibizioak alde batera laga eta zena, izan nahi zuena, izaten ahalegintzen zelako. Ez zegoen ez jainkorik, ez elizarik egun horietan libertadea kenduko zienik.

Trantsizioan Inauteriak legeztatu, eta atzera ere, Karnabalek garrantzi ikaragarria izan zuten, jairik zoroena eta ederrena. Denbora pasa ahala, indarra galtzen joan ziren, eta jende askok koko janzteri uko egin zion, ume kontua zen aitzakiarekin. Edozein gauza ume arlora mugatzen denean, malo! txorakeria eta inuzentekeritzat hartzen delako, nagusiok inportanteegiak omen garelako, serioegiak, aspergarriegiak…

Eta orain azkena! Tenerifen epailek batek Inauterietako gaueko desfilea debekatu du. Zergatik, eta zarata gehiegi egiten duelako! Falta zena! Hain gara modernoak, eta “cool”-ak —hau da, guai, “in”— dena zabarra, kategoria gabekoa iruditzen zaie; euren kaleei prestigioa kentzen diena (kalea esan dut, horien etxeak ez baitaude auzoetan, faborez!)

Hori bai, ez dira kexatzen obretako konpresorerekin, trafikoaren eta obren zaratarekin ere ez. Eta kexatzen badira, ez dago epailerik horiek guztiak debekatuko dituenik. Gure onerako omen direlako: garapenerako, hobetzeko. Hori bai, urtean asteburu bakar bateko dibertsioak debekua merezi du, ikaragarri molestatzen du-eta. Baina zerk molestatzen die, zaratak ala herritarrak dibertitzeak? Hor dago koska!

Garazi

Leire Narbaiza 2007/02/12 18:02

Garazi umetatik ezagutzen dot, Goñiko nere lelehengo urtian ume izan neban. Gero, Eibarren jarraittu neban ikusten zelan hazten zan, eta azkenian bera be Goñin begirale egon zan, begirale izan ginttuanakin batera. Neska zintzua, buru argixa, bihargiña. Gauza asko pasau dittugu alkarrekin, eta bolada txar baten oso lagungarrixa izan jatan.

Lau urtian egon zan kartzelan, askotan ahalegindu nintzan bisitatzen, baiña zorionez beti zekan nork bisittau, eta zerrendan azkenetakua nintzan. Halan da be, behin ikusi neban beste presa bat ikustera juan nintzanian. Zelako poza, gitxitta sentidu dot lokutorixo haretan sentidu nebana.

Lau urte euki zeben barruan, hórretatik hiru baiño gehixago epaiketa barik. Prebentiba, "enemigo público número uno" zalako, bere kidiekin batera. Epaiketian lehengo sententzia lau urtekua izan zan, eta beteta zekanez, kalera etara bihar izan zeben, danon pozerako. Baiña epaitegi gorenera eruan zeben beran eta beste gaztien kasua. Mendekuz, daneri sei urte. Oin barriro be barrura, beste bi urte Alacantera, etxetik urriñ. Talde armatuko kide ei da, arma bako talde armatukua. Gatxa da armauta egotia arma barik, baiña justizia itsua da; gauza batzuendako itsua, ez guretako, ostera.

Berak eta bere hamazazpi kidiak euren burua entregau zeben pasa dan domekan Bilbon. Euren burua entregatziagaittik be kritikia euki zeben. Banan-banan atxilotu izan balittue be kritukau eingo littueke, ez entregatziagaittik. Egiñak egiñ, kritikia eukiko zeben.

Guztien artian ezagutzen dodan bakarra da, baiña danak dittut goguan. Eurak eta euren famelixak; Mikel, Mireia eta Biteri, batez be. Espero dot gutun gitxi idatzi bihar izatia, eta segiduan Eibarren ikustia. Hala bedi!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua