Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Depilazioa

Leire Narbaiza 2007/11/29 21:30

Emakumeok ez omen dugu ilerik gorputzean, buru gainean besterik ez. Hori da saldu nahi digutena, irrealitate bat, kosmetika eta depilazio laserraren mesedetan. Auto-estimarekin jokatuz negozioa egiteko. Ile beltz eta gogorra izatea bekatua eta zatarkeria da, denok burla egiteko akatsa. Nahiko nuke, bai, ilehoria eta alemaniarra izatea, sekula ere ez depilatzeko, gustura eta natural ibiltzeko. .

Gorrotatzen dut depilazioa, beharbada oso beltzarana naizelako, eta ile faltan ez nagoelako. Inposatutakoa dela badakit, baina ez dut ausardiarik depilatu barik ibiltzeko. Niri ere zatarra begitantzen zait, hain da bortitza gurekin egindako buru-garbiketa. Hori dela eta, noizean behin pasatzen naiz tortura kamara horretatik.

Ikusten duzuenez, kontraesanez betea nago, gizarteak beste kontraesan dauzkat. Ideal estetikoak diosku buruan ile ederra izan behar dugula. Pelo Panten, hain zuzen. Eta gorputzean; berriz, ilerik ez.

Emakume izan behar dugu, femenina, baina pubisa ume edo zaharren moduan eduki behar, ilerik barik.”Ingle brasileñoek” zelako kaltea egin diguten! Baina kontuan izanda dena moda dela, dena inposatzen digutela… 70. hamarkadako filmak ikustea besterik ez dago. Konparatu itzazue gaur eguneko pelikula pornoekin. Ikusiko duzue depilazioarenak zelako bidea egin duen!

Modaz gain, ba ei dago argumentu higienikoa: ilea zikina omen da. Zikina? Halakorik! Emakume askori entzun diet depilatu bako hankek zikin-usaina daukatela. Mesedez. Esan zatarra dela, baina zikina... Zikinago sentitzen naiz besapeak depilatu, eta izerdia beso barrutik behera doakidala sentitzen dudanean, besoak itsasten direnean, eta depilazioaren ondorioz zaldarrak irteten direnean. Inoiz ez diozue zeuen buruari galdetu  gizakiok zergatik dauzkagun ileak gorputz atal delikatuetan? Arrazoiren bat egongo da, ezta? Nire ustez, atal horiek babesteko daude hor.

Bota ditudan gauzak gutxi balira, esan behar dut depilazioak asko mugatzen gaituela. Bat-batean, udaberrian eguraldi oso-oso ona eta depilatu barik! Ahaztu zaitez hondartza edo igerilekura joateaz, gona janzteaz,…batzuk abenturaren bat izateari ere uko egiten diote! Merkatua dagoen moduan egonda!

Hala ere, andrazkook depilaziotik askatu beharrean, gizonei ere inposatu zaie. Bularraldea ile barik, hankak karreristenak bezalakoak, betile depilatuak,…Bekain bakar (unicejo) izatea ere ez da polita, baina dena bere neurrian, pentsatzen dut.

Niri gizonak ilearekin gustatzen zaizkit, hartzik ez baina bai besoetan izatea, eta hanketan ere sexya iruditzen zait, batez ere doratua bada. Bularrean ile bat ere ez izatea niri arraroa egiten zait, asko ere ez zait gustatzen, baina neurrian ondo dago. Batez ere marra fin hori tripako ziletik pubiseraino doana, fin eta zuzena, non amaitzen den ikusten ez dena. Zelako morboa. Uf! Laga egingo diot deskribatzeari, bat-batean hemen bero handia egiten hasi da eta!

Gustuak gustu, gizarte honek zelako mania daukan naturala dena aldatzen, batez ere negozioa mutur aurrean jartzen zaionean!

Bularretakoa

Leire Narbaiza 2007/11/21 18:29

Blogosfera ar honek izenburua irakurrita irribarre maltzurra egingo du. Mezu berde edo sexuala esperoko duelako batek baino gehiagok, baina sentitzen dut defraudatzea; jantziaz baino ez dut berbarik egingo, egunero erabiltzen dugun arropa horretaz, ematen digun pozez eta buruhaustez

Bularrak askotan arazoak baino ez dizkigu sortzen. Bat-batean irteten digu, eta ohitu egin behar gara betiko eramatera. Bestetik, asko aldatzen da bizitzan zehar, baita ziklo hormonalekin ere. Horregatik, zaila izaten da puntua topatzea. Gero tamainak ere ematen ditu problemak: txikiegi, handiegi, jausiegi…Beti arazo. Txiki dauzkanak handiago nahi, eta handi dauzkanak, txikiago erosoago. Baina, egia esan, irudi pertsonalaren zati garrantzitsua da, eta papar polita izateak norberaren irudia gustura izaten asko laguntzen du. Eskote dotore bat gauza ederra da, gero. Aurpegieran ere eragina du.

Bularrak dauzkan berezitasunengatik andrazko askori arazoak ematen dizkigu; izan ere, ikerketa batek dio emakumeen ehuneko handi batek ez dagokion bularretakoa erabiltzen duela, bere bularraren ezaugarrietarako darabilen sujetadorea ez da egokia. Ez da erraza bat topatzea. Merkatuan aukera asko daude, baina ezin dituzte exijentzia guztiak izan. Askotan bularraren forma arazo iturri da, ez txikia edo handia izateagatik; hori ere bada, baina batzuek titiak oso elkartuta dauzkate, erretentxoarekin, itsulapiko itxuraduna. Beste batzuek, ordea, oso banatuta dituzte, ia estrabikoak: bata Moskura begira eta bestea New Yorkera; edota Buenos Airesera eta Kalkutara. Beti arazoa. Eta berezitasun hauetako batzuk elkartuz gero, titizorroa aurkitzea oso gaitza bihurtzen da. Gainera, bularretako erosoak eta egokia topatutakoan, erabilerarekin ikaragarri zahartzen da, eta askotan modelo beraren bila joan eta egiteari utzi diotela esaten digute. Kaka zaharra!

Niri askotan gertatu zait hori. Horregatik ematen dit pena handia bularretakoak zahartzea, nik zapatekin konparatzen ditut: hasieran gogorrak eta zurrunak izaten dira, baina erabilerarekin, gustura eta eroso izaten ditugu. Ondoen dauzkagunean, zulatu edo gehiegi eman dutenez, bota egin behar.

Egia da. Normalean, niri behintzat, bularretako berriak deserosoak egiten zaizkit. Aipatu gabe bularretako politak, sexyak, farfailekin, bular zoragarria egiten dutenak, ia beti tortura tresna bihurtzen dira. “Zein ederra, zein guapa nagoen” bi minutuan. Ondoren, edo uztaiak inkatu egiten zaizkit, edo ixtekoa estu daukat, edo egokia ez dela ikusten dut. Hau da, diru mordoa gastatu dudala, sufritzeko. Lehen esan dudan moduan, bularretakoekin zapatekin moduan gertatzen da: bi minutu jantzita dendako aldagelan, zoragarrienak dira, baina gero, kalean eta lanean orduak eta orduak jantzita, nork jakin egokiena den?

Ezagutzen ditut neskak probadorean trikitixa pausu batzuk egiten dituztenak, ikusteko zelako mugimendua izango duten gerora kalean. Hala ere, sekula ezin da jakin azkeneko emaitza zein izango den, batzuetan hilekoaren zain taila erdi ere hazten delako bularra, eta askotan mingarria izaten delako. Hortaz, egun horietarako, izan liteke sujetadore horrek ez balio izatea. Hala, beste baten bila hasi behar.

Emakume guztiok dakigu bularretakoa jantzi klabea dela. Kamiseta edo jertsea ez da berdin gelditzen wonderbra, erreduktorea, kirola egitekoa, betegarriduna, koloreduna, farfailduna, uztaiduna, silikonazko tiranteak dauzkan, tirante bakoa, zaharra…janzten badugu. Eta hori kopekin konplikatu barik…. Badakigu bat edo beste aukeratuz gero, arropa hori hobeto edo txartoago geldituko zaigula.

Bestetik, esan beharra dago, lehengo bularretakoa erostea askorendako iniziazio moduko bat dela. Emakume bihurtzen da neskatila lehengo bularretakoa erosi eta janzten duenean. Hilekoa lehenengoz etortzeak baino emakumeago sentiarazten du. Nire inguruan horrela izan zen, behintzat. Jakina, bularretako behar izatek esan nahi du neska horrek bularra daukala; beraz emakumea dela. Nik sekula ez dut ahaztuko nolakoa zen eta nola sentitu nintzen. Baita nola nengoen jantzita ere.

Kontrako gauzak idatzi ditudan arren, ikaragarri gustatzen zaizkit bularretakoak. Pena daukat hainbat eta hainbat ezin dudala erabili, lehen esan dudan hainbat berezitasun batera ditudalako. Baina niregatik balitz…kolore, forma eta berezitasun guztiak erabiliko nituzke. Gainera, bularretako egoki eta polita jantzita, eta eskote eder batekin; edonora joan liteke, eta triunfatu!

Post-posta: Hau idatzi ostean nire inguruko batek esan zidan bularreko minbizia zeukala. Gaixotasunak sortutako kezkaz gain, bularra galduko duen beldur da, berarendako benetan gauza gogorra, beti kezkagarria izan dena. Postean azaldu dudan moduan, bularra gure ikurra da.
Gaixotasuna krudela da, ez bakarrik heriotza eta sufrimendua eragiten duelako, andrazkoon irudi pertsonala ere alda dezakeelako. Ostiralean egingo diote ebakuntza. Onena opa diot, baita trantze honetan dauden guztioi ere. Animo!

Postaren post-posta: Xabier Mendigurenek (alias Mendigreen-ek) zerrendakideak liburu berria atera du. Hona hemen liburuaren azala: Elvis azala:azalak def 135x205.qxd

Izenburu eta erretratuaren artean ez dut erlaziorik ikusten, baina ez dudanez irakurri, ezin gehiago esan. Baina post-a ilustratzeko oso ondo datorkit. Mila esker, Xabier!

Sangre

Leire Narbaiza 2007/11/14 17:39

Sangre Mercedes Abadek idatzitako liburu bitxia da. Berrehun horri inguru dauka, ez da oso mardula, bai benetan interesgarria. Kontakizun erreal-fantastiko-oniriko bitxia da. Harrituta behin baino gehiagotan laga nauena. Amaiera, benetan horrela izan balitz errealitatean, ona izango litzateke. Pena da horrela gertatu ez izana

Sorpresa izan da liburua, kontatzeko moduarengatik, istorioarengatik. Aspaldi ez ninduen liburu batek hainbeste harritzen. Eta hori atsegina da benetan.

Irrikatan hartuko dut Mercedes Abadek idazten duen hurrengo nobela. Kostatuko zaio, baina, honekin lortu duena lortze: aho bete hagin lagatzea

Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak

Leire Narbaiza 2007/11/08 14:22

Badaramat bolada luzetxo bat gure lanaz eta gure miseriez hausnartzen, eta uste dut badela sasoia ordenatu eta plazaratzeko. Beharbada, hainbat sektoreri ez zaizkio gustatuko. Benetan, ez zait larregi inporta, egia normalean deserosoa baita. Nire ikuspuntua da, ia hamazortzi urte lan honetan eta udal euskaltegi askotan dabilen eta diharduen baten ikuspuntua.

Gure lanak ez dauka prestigiorik. Gure lana zerbait probisionala da. Gure funtzioa adabaki bat baino ez da jaurlaritzarendako. Ez daukagu formazio espezifikorik. Askotan gure lantokiak desegokiak eta deserosoak dira. Gure baliabideak urriak eta zaharrak. Sarritan gure zentroetan egiten diren inbertsioak ez dira existitzen. Gure ordutegiak zoratzeko modukoak izaten dira. Duela hogeita bost urteko planteamenduekin ari gara lanean.

Aurreko paragrafoak beldurra ematen du, ezta? Bai, nik berdina sentitzen dut buruari bueltak ematen dizkiodanean. Ondoren, banan banan urkulduko ditut:

Prestigioa: gai honen gainean asko hitz egin dut lankideokin Karrajua-n ere agertu da honen inguruko artikuluren bat Vaya semanita-n ere txisterik egin dute. Baina guk hori igarri, kalean igartzen dugu ezagunek askotan galdetzen digutenean: Oraindik zabiltza euskaltegian? Gure lana gaztaroan egiten den lanbidea balitz bezala, astialdiko begiraleak bagina moduan. Ia berrogei urte eta euskaltegian lanean? Arraroa. Askotan, ikasleek eurek ere ez dute aintzakotzat hartzen gure profesionaltasuna, batez ere izena ematera-eta datozenean, emandako aholkuei ere ez diete jaramonik egiten, euren iritziaren kontra baldin bagoaz, behintzat. Etorri zaizkigu pertsonak EGA nahi dutenak. Guk sarrera proba egin eta beherago jarri. Konforme egon ez eta askotan edo istilua sortu, edo matrikulatu ez. Beste ikasle batzuei esan komeni zaiela kurtso hori errepikatzea eta ezetza ematen dute. Oker gaude, guk baino gehiago dakite, antza.

Askotan uste dut gure gremioak ere bultzatu egin duela iritzi hori. Aspaldi batean gau eskoletako sasoian-eta, esaten zen euskaldun guztiok irakats genezakeela, ekintza herrikoia zela. Esperientziak diost gezurra dela. Gehiago esango nuke, formazio espezifikoa beharko genukeela, eskatzen zaigun titulazioa irakasle ikasketak (magisterio) edo lizentziatura da. Edozein lizentziatura, euskal filologia zein kimika. Formazio espezifikorik ez daukagunez, esperientziak erakusten dugu, askotan itsu-itsuan jokatuz, intuitiboki. Egiten ditugu ikastaroak baina gustura hartuko nuke formazio unibertsitario espezifikoa, benetan.

Beste arazoetako bat da, —sortzezko bekatua esango nuke— eusko jaurlaritza hasi zenean, euskalduntzea eskolaren eskuetan laga zuela. Baina errealitateak diosku ez dela egia, batez ere momentu honetan. Helduen euskalduntzea laugarren mailakotzat izan dute beti gobernu autonomoan. Hori dela eta, euskaltegiak behin-behineko txaplatak izan ziren gobernuarendako. Horixe da Haberen akatsetako bat. Askotan gure azpiegitura probisionalak, egonkor bihurtu dira. Ikustekoak dira hainbat euskaltegi! Lantokiak, sarritan, desegokiak eta deserosoak dira. Behin-behinekotasun horregatik. Zelan inbertituko da lokal baten urte gutxi batzuetarako baino ez bada? Eta euskaltegi publikoez ari naiz… Pobrezia eta inbertsio falta ikaragarria da, leku askotan. Sarritan gure zentroetan egiten diren inbertsioak ez dira existitzen, edo hutsaren hurrengoak dira. Karga bat gara beti, guk gastatzen duguna beti da larregi.

Horren harira, logikoa denez, gure baliabideak urriak eta zaharrak dira askotan. Material espezifikoa irakasle bakoitzak sortzen du, edo zentroak. Argitaletxeek ez gaituzte kontua hartzen. Eurendako gu farmazeutikendako gaixotasun arraroak dauzkatenak bezalakoak gara: gutxi eta etekin ekonomikoa, berez, hutsaren hurrengoa.

Beste alde batetik, gure ordutegiak zoratzeko modukoak izaten dira. Ikastaro bateko irakasleak esan zigun moduan “kabaretera ordutegia”. Niri denetarik eskaini didate. Talde bat goizeko bederatzietan, beste bat arratsaldeko zortzietatik hamarrak arte, Muskizen adibidez. Herritik kanpora. Goizean goiz eta iluntzean berandu.

Aurretik esan dudanaz gain, esan nezake orain hogeita bost urteko planteamenduekin ari garela lanean, ez guk hala nahi dugulako, baizik eta Habetik diru-laguntzak jasotzeko oso modulazio zurruna eskatzen zaigulako; ikasleek beste ordutegi batzuk eskatzen dizkiguten arren. Jende asko galtzen dugu egunero-egunero ordu bi delako modulu arruntena. Ezagutzen ditut euskaltegiak beste ikastaro batzuk hasi direnak eskaintzen, baina orduak betetzeko egun osoan egon behar dute euskaltegian talde pila batekin eta oso maila desberdinekin. Horrek guztiorrek lan gehiago eta handiagoa dakarkigu, eta gure lan-baldintzak gaiztotu. Hobera joan beharrean, okerrera goaz.

Ikastaldeak sortzeko orduan ere, Habetik euskaltegi guztioi jartzen zaizkigu kopuruak eta ratioak oso zurrunak dira. Euskaltegi batzuek arazoak izan dituzte talde gehiegi zeuzkatelako, eurei talde gutxiago tokatzen zitzaielako mapan. Zer esanik ez ikasleei kobratzen zaien prezioez, horrek ere beste post bat beharko luke oso-osorik berarendako.

Hizkuntza eskolarekin parekatuz gero, aldea ikaragarria da: funtzionamenduan, ordutegiak, prezioak, ……Euskara ikastea garestia da. Gaztelania ikastea Eibarren, adibidez, doan da. Irakasleen lan baldintzak ere, askoz hobeak dira. Hezkuntzako langileak dira hizkuntza eskolakoak; gu, berriz, kulturakoak gara. Oraintxe bertan marko europarra dela eta asko eta asko liberatuta dagoz. Guk ikastaro horiek denbora libreetan edota ordutegi ez lektiboan egiten ditugu. Nire kontratuan “irakasle” dio, baita “erdi mailako teknikaria” baina nire soldata ez da teknikariarena, eta delegazioko zerrendetan gure esperientziak ez dauka punturik, euren aurrean gu ez gara eta irakasleak. Nire ia hamazortzi urteek 0 (zero) puntu daukate. Eta ez naiz sartuko behargin ebentualon ordezkapen zerrenda eta abarrekin, beste post oso bat beharko nuke azaltzeko-eta! Gauza bakar bat: euskaltegiz euskaltegi baldintzak eta egoera aldatu egiten da, bakoitzak zerrenda propioa daukalako (daukanean) eta berezitasunak tokian tokikoak dira. Zoramena, hartaz.

Soldatarekin jarraituta, ez naiz kexatuko; jakinda Aek-ko lankideak gure erdia inguru kobratzen dutela lan gehiago eginda. Horrek ere Udal Euskaltegietako irakasleok isildu gaitu askotan, eurekin inork ez zezan agrabio konparatiborik egin. Baina aipatu dudan moduan, ez bagara irakasle hezkuntza sailaren aurrean, zer edo zer izan beharko gara. Gure maila tekniko erdiarena bada, soldata hori tokatu biharko litzaiguke, ezta? Bada, ez. Lan linbo baten gaude: ez gara irakasle, baina bagara; ez gara teknikari, baina izen hori daukagu.

Beste alde batetik, jendeari esan behar zaio ez dagoela autonomia erkidegoko hiriburuetan euskaltegi publikorik (ez naiz sartuko Aek-k daukan bokazio publikoarekin, ez, publiko diodanean eskola publikoarekin edo ospitale publikoekin parekatzen ari naiz) Homologatuak azpikontrata bihurtu dira. Lehen hain txarto egonda, orain akordioarekin…. Baina jarraitzen dute txosnak jartzen, pegatinak saltzen eta dirua biltzen. Bestela ailegatu ezin. Imajinatzen du inork Bilbon, Gasteizen eta Donostian eskola publiko guztiak ixtea, eta eskola homologatuekin umeak heztea? Ez, ezta? Bada, hori gertatu zen duela hamabost bat urte. Inor ez zen enteratu, ordea; eta ez zen ezer gertatu. Horregatik diot. Jaurlaritza eta udalendako zama baino ez gara, polito geratzen dena euskarari buruz hitz egiten denean, baina azken finean, inori ardura ez diona.

Pena hauek guztiauek bota arren, nik lan hau maite dut, gustura nabil eguneroko borroka honetan. Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken baten, floreroa baino ez da. Polit egiten du programa eta paperean. Baina eguneroko jardunean, enbarazuan dago. Hori, kontatu dudan honetan garbi asko ikusten da. Guk egunero ikusten dugu

Amaitzeko, zorionak bukaerara iritsi bazara, ausarta izateaz gain, miopiari ez diozu beldurrik! Beste alde batetik, gremioko lankide guzti-guztiei animoa eman, eta ea gure artean elkartasun puntu bat lortzen dugun, behar dugu-eta. Besarkada bana, eta musu bina.

Euskañol

Leire Narbaiza 2007/11/07 17:32

Eibarko kiroldegixan aspaldittik ikusi leiken kartela

kiroldegixan

Denbora luzian ei dago toki berian, baiña iñork ez dau protestau antza!

Los Borbones, a los tiburones

Leire Narbaiza 2007/11/05 17:41

Eibartarra izanda, ez daukat beste erremediorik errepublikarra izatea baino. Sakrilegioa litzateke bestela balitz. Hala ere, errepublikartasun hau ez da genetikoa soilik, arrazionala ere bada. Zer egiten du estatu moderno batek erregetza moduko instituzio batekin, desfasatua eta desorekatua? Gainera, bertako burua horrelako lotsabako eta ganorabakoa izanda?

Modan dago egurra ematea. Nik ere aprobetxatuko dut, pentsatzen dudalako oso ona dela jendilaje horren jarduna kritikatzea, baita subditoon artean kontzientzia kritikoa zabaltzea. Seguru nago monarkiarekin amaitzeko ezinbestekoa dela aurkako klima soziala sortzea.

Monarkia berez instituzio arkaikoa eta modaz pasatakoa izateaz gain, Francok jarritakoa da. Diktadura faxista baten eskutik datorrena. Gero gauza gutxi batzuk aldatu zirela? Konforme. Baina ez dugu ahaztu behar orain erregea denak aitaren gainetik ere egin zuela salto bere lan fijoa lortzeko. Movimientoaren legeei zin egin zien, gero konstituzioari. Berdin dio. Karguan segitzeko edozer egiteko kapaza da. Bolo-bolo ibili da urteotan 23-F-n (euskaraz O-23) zer ikusia izan zuela, eta egoera okertzen hasi zenean berak kolperen aurka egin omen zuela. Helburua, beti, berak eta bere familiak prebendak izatea, odolarengatik. Belaunaldiz belaunaldi endogamiak eta odolkidetasunak lortu duen nagusikeria monstruoso eta okaztagarriaren aitzakiarekin.

Bai, hasieran txisteak egiten genituen Juan Carlosekin, tontoa zelakoan. Bai, tontoa. Nire lankide batek esaten zuen moduan:”Tonto, tonto; erdiko trontzo!” Prentsak saltzen digu campechanoa dela, sinpatikoa, katxondoa,…bere lana ondo egiten duela, berari eskerrak Espainia librea dela…Hori guztiori publizitate kanpaina hutsa da. Telebistan-eta beste gauza batzuk ikusten dira: gizon nagusia aktoetan lokartzen dena, ez dakiena paper barik berba egiten, gure kontura yate eta belaontzietan dabilena publizitatea atzean daukala, familia guztia kolokatu duena, semeari 800 m koadroko babes ofizialeko etxea lortu diona, seme-alaben ezkontzak musu-truk irten zaizkiona, estatuko patrimonioa berea balitz bezala erabiltzen duena. Hori bai, txiste eta irribarre artean.

Gure aitak askotan kontatzen zuen Donostiako Miramar jauregia Juan Carlosen aititari edo birraititari (ez dut gogoratzen) Donostiako udalak prezio sinboliko batean saldu ziola (pezeta batea, adibidez?). Handik urte batzuetara, udalak erosi nahi izan zuenean, erregeak eta familiak prezio errealean saldu zioten. Hori ez ote da espekulazio urbanistiko eta aberaskeria garbia?

Europako errege-etxe pobreena dela ere esaten digute kazetari koipe-emaileek. Pobreak? Nik hilean mila euro emango nizkieke, ea ikasten duten zer den bizirautea, edo bestela lanbide arteko soldata minimoa, bakoitzari. Orduan ikusiko lukete zer den pobrea izatea.

Hau ere esaten dute:”erregina hain da apala, non soinekoak errepikatzen dituen”. Ene, zelako desgrazia! Jantzi bera bi bider janztea. Ezin dut imajinatu gauza krudelagorik.

Ez diote konturik ematen inori; ez kontu ekonomikorik, ez bestelako konturik ere. Hori bai amama! Nahi dutena, gura duten moduan egin.

Ezin da kritikatu erregea, ukitu ezina da. Beldurrez hitz egiten da bere gainean, epaileen beldurrez. Denon gainetik dagoelako, gu bere subdito eta menpekoak garelako. Gero hau demokrazia dela diote. Nik berdintasunik ez dut inon ikusten, eta teorian demokrazia berdintasuna da, ezta?

La Pollaren kantu batek, gutxi gorabehera, hau zioen:”Los reyes no lo son por gracia divina, sino porque sus antepasados se lo montaron divinamente”. Esaldi benetan biribila. Evaristo, betiko moduan, zorrotz eta zuzena. Berak baino hobeto, ez dut nik esango.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua