Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Artea

Leire Narbaiza 2007/01/31 17:03

Domekan Durangoko San Agustin aretoan "Artea" antzezlana ikusten izan nintzen. Aspaldian antzerkira joan gabe (badakizue, hitza irakasleok daukagun kabaretera ordutegiarekin) asko disfrutatu nuen. Egia esan, antzerkia ikaragarri gustatzen zait, ez dakit ze magia daukan, baina barruraino sartzen da.

Antzezlan honetan hiru aktorek hartzen dute parte. Aitzakia adiskidetasunaz berba egiteko koadro bat eta arte garaikidea dira. Lagunetako batek koadro bat erosi eta horrela sortzen dira eztabaidak eta haserreak. Lanak laguntasunaren hauskortasunaz dihardu; maite ditugunak batzuetan ezin ditugula jasan, hiru lagun izatea zein gaitza den,…Hori guztiori umore puntu batzuekin.

Umorea, batez ere, Joseba Apaolazaren pertsonaiak jartzen du. Bera da erdian dagoen laguna, inoiz haserretzen ez dena, sekula inoren alde egiten ez duena. Horrekin lagunak haserretu egiten zaizkio. Baina baten baten alde eginez gero, besteak txarto hartuko du. Real como la vida misma!

Serio baina era berean dibertigarria.askotan badirudi gauza garrantzitsu baten gainean berba egiten dugunean, gauza triste eta aspergarria izan behar dela. Hemen ez, dramatismoa apurtu eta umoreak laguntzen digu hausnartzen. Oso gomendagarria. Benetan gustura ikusi nuen lana. Ahal baduzue, joan zaitezte

Nitaz ez dakizkizuen bost gauza

Leire Narbaiza 2007/01/29 18:05

Mime bat egiten dabiltza. Hauda, gai bat hartu, idatzi eta beste bost edo X blogari gonbidatu gai horren gainean ere berba egin dezaten. Enbidoa jasoz gero, blogariek beste bosna blogariri, eta horrela ad infinitum.

Niri Iturrik bota dit. Eta nik eutsi, hona hemen nire bostak:

Un: Ematen ez duen arren, dantzaria naiz, gaur egun, izpirituz baino ez bada ere. Balletarekin hasi nintzen lau urterekin sei urtera arte. Hortik aurrera, euskal dantzekin jarraitu nuen, hogei urtera arte. Bizitza erdi dantzan!

Deux: Futbolera izan naiz, orain gorrotatu arren. Eibar ikustera joaten nintzen eta benetan gustuko nuen. Errealaren errege kopa final bat ere ikusi nuen Zaragozan, Atletico de Madriden kontra. Ez dakit ze pasatu zitzaidan, baina orain ezin dut futbola jasan

Trois: Tren bat gidatu dut. Eibar 2.B mailan zegoenean Lemoara trenez joan ginen, tren-charterrean, eta itzuleran mandoak hartzeko aukera eman ziguten. Zelan ezetz esan?

Quatre: Nire lehengo lana otorrinolaringologo baten kontsultan izan zen. Oso behar atsegina, harreran, jendea hartzen eta tapoiak kentzeko xiringak prestatzen. Zazpi hilabetean ibili nintzen gustura, nahiz eta oso diru gutxi jaso.

Cinque: Janari arau batzuk ditut. Familiak diosta nire arrarokeriak direla, baina nire ustez zenbat zapore ez dira ondo uztartzen. Ezin dut arraina jan ostean sagarra jan, ezta tomate eginaren atzean ere. Ahoan gustu metalikoa gelditzen zait, eta ez dut batere gogoko.

Askoz gauza gehiago konta nezakeen baina hau izan da nire aukera. Orain nik beste bosti bota nahi diet enbidoa: Asier Sarasuari, Oier Araolazari, Elena Lakari, Oier Gorosabeli, Markos Zapiani

Horra nire enbidoa, orain jakin behar blog hau irakurtzen duten, eta irakurrita ere eusten dioten. Nik neuria bete dut, behintzat!

Edurra!

Leire Narbaiza 2007/01/26 21:20

Aillegau jaku azkenian edurra! Ikaragarri gustatzen jata zelan mara-mara jausten dan, zelan zuritzen dittuan baztarrak, zelako lasaittasuna daguan…zarata gitxiago dago herrixan, automobil gitxiago dabil, danok trankillago. Eskola umiak eta gaztetxuak ikaragarri pasatzen dabe, gerrak egitten kalietan, plastikuekin mendixan. Magikua da

Edurrak danian nahi doguna janzteko baimena dakagu, antza. Armarixuetatik gorro, txapel, kapel, sonbrero eta buruko edozein gauza etara geinke, iñork ez desku-eta raro begiratuko, ezta komentarixorik egingo be. Abrigu zahar ha, txoko baten abandonatuta dakaguna, modaz aspaldi pasau zana; aitxan mendiko bota zahar haundi hórrek; amaman tokillia, beti gustau izan jakuna, baiña etaratzen atrebidu ez garana….hori guztiori dana batera, koloria eta diseñua alde batera lagata. Berba baten: libertadia

Hori bai, hurrengo egunian, edurra mendixetan baiño ez da gelditzen. Halan da be, bizperan baiño hotz haundixagua egitten dau, izotza bota eta termometrua zero azpitik dakagu. Hotzak gora (edo behera?) egiñ arren, tregua hori amaittu jaku. Oiñ modia itzuli da, bere legepian gagoz barrido: kanpora abrigu zaharra, tokillia, sonbrerua….c’est fini!

Zentzunbakua da, izotzakin edurrakin baiño gauza gehixago bihar dittugu-ta, baiña erdi zoruak garanez, sonbreroduneri begiratu egitten detsegu, zeozer anormala eruango balebe moduan.

Negua etorri jaku, hori da inportantia. Disfrutatzen nago egunotako euri, ekaitz, edur, hotz, txingor eta abarrekin. Martxan jartzia erabagi dot. Hamendik aurrera, indarrez, neguak emoten daben sasoiak, sasoia dalako, sasoia dakadalako.

Ursus eibarrensis

Leire Narbaiza 2007/01/17 18:59

Ez dakat ezer blogian idazteko. Lehen beti eukitzen neban gairen bat buruan, eta badira pare bat aste gaixak garra galdu dabena. Lehen pentsau, buelta batzuk buruan emon, idatzi eta bota. Listo!

Oiñ litro biko kokakola boteilla zabaldu batek gasa galtzen daben moduan galtzen dabe indarra gaixak. Pentsau baiña idaztzi orduko, hustu. Gaiñera, ez nau kezkatzen, ez naiz horretara be jartzen. Baiña ez da alperkerixia, beste zeozer da.

Eibartarrak zerrendarako be ez jata gairik sortzen. Askotan be, ez dakat batzueri erantzutzeko kemenik. Ai! Hau barrido be! Zer dala ta aittatu dau nere izena! Eta kitto! Afarixa, behitzat, lortu dogu antolatzia (hamen lehengo Leire, eskerrak)

Jozulin, Patxitrapero, Elena Laka, Iturri,....blogari lagunok: zuen blogetan erantzutziak be alperra emoten desta, sentitzen dot!

Liburutegira juatiak bere enkantua galdu dau. Durangokora juaten naiz baihar kontuengaittik, gaitzerdi!

Eta ze ondo zapatu gabetan sofan? Nere lagunak hasi dira moskeatzen, ni naizen golfiakin! Laxotasun laiño batek betetzen dau nere bizitza. Baiña ze ardura detsa, badakizue zenbat naguan irakortzen?

Frantseseko ariketak be justuan. Idazlan mordua zor dittut. Holan txarto nabil. Ez dot kursua etarako

Hartzak oindiok ez ei dabe hibernau. Bardin da, nik hartu dot euren ohitturia: katea ez da eten!

Hartz besarkada bat danondako

Leire, hartzama (ursus eibarrensis)

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Cadena Ser-ek, Eibarko emisoratik gertaera jazo ... Sosola, 2017/05/05 19:35
Begiratu BERRIA, ARGIA, EiTB, DEIAn... horietan ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/03 13:11
Ezkutatu? Nik ustezko hiltzailearen izen abizenak ... Sosola, 2017/05/03 12:32
Jakina gizonek hiltzen dituztela, gizonak ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/03 12:15
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua