Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Eslovenia, mon amour

Leire Narbaiza 2006/12/19 18:43

Izango dira lau bat urte Eslovenian izan nintzela oporretan. Zelako herrialde ederra! Euskal Herriaren tamainakoa, bi milioi pertsona inguru bizi dira. Kostaldea (gutxi), Mediterraneoa. Mendia (asko) Alpeak. Lakuak, kobazuloak, errekak (eslovenieraz, erreka “reka” esaten da), eliza margotuak…..oso polita

Jendea ere lasaia, abegitsua, laguntzeko prest. Gidatzen oso pazifikoak, denak zebra-bideetan gelditzen ziren, jendeak izozkia jaten eta begiratu gabe pasatzen zituen. Errepideetan ez bozinarik ez makarradarik, dena trankil. Guk haluzinatu egin genuen!

Eta komun publikoak? Horrelakorik ez dut sekula ikusi! Garbiak, beti paperarekin, eskupainuekin, xaboiarekin…Gu ez gaude ohituta.

Oso esanguratsuak begitandu zitzaizkigun xehetasun horiek, detaileetan baitago izaeraren isla. Pentsatu genuen horiek guztiak edukazio onaren seinalea zirela, eta bertan heziketa primatzen zela.

Ez omen genbiltzan txarto. Durangoko azokara idazle esloveniar bi ekarri dituzte. Berrian irakurri dut euren literaturaren berri eta orduan bai haluzinatu dudala! Hainbeste liburu argitaratu, hainbeste idazle eta hainbeste mailegu! Zoratzekoa da!Zibilizazioa horixe da. Hau guztiau heziketa bitartez baino ez da lortzen, eskolan familian, lagun artean. Zelan egin? Inoiz helduko ote gara euren mailaren erdira?

Horrela balitz, izan liteke hobeto gidatzea eta komun garbiagoak izatera?

Ekin Ukan, ekin

Leire Narbaiza 2006/12/04 16:54

Badakit hainbat blogarik dagoeneko egin dutela berba Ukanen gainean. Seguru ez dudala ezer berririk esango, baina ezin isilik gelditu!

Hasieran birusa gora brusa behera ibili ziren esan barik zer zen. Gero kanpaina aurkeztu zuten. Niri ez zitzaidan argi geratu zein zen euren asmoa. Eta aste batzuk pasatu diren arren, oraindik ere ez zait garbi gelditu zer gura diguten transmititu.

Eslogana entzun nuenean, iruditu zitzaidan Euskaltelen eslogan birziklatua. Ez dago alde handirik eki, poliki-tik ekin ukan, ekin-era. Lehengoak oso txarto irten zien. Publizitate enpresa bera den ez dakit. Hala bada, aldatu gauzatxo batzuk, eta listo! Horrela ez bada, kopia hutsa. Eta kopina, zer begitantzen zaizue kopina? Enfin!

Nori dago zuzenduta kanpaina? Zein da helburua? Zein da mezua? Elkarbizitza? Elebidun izatea guai dago?

Euskarak behar ditu publizitate kanpainak, dirua, kontzientziazioa, borondatea, maitasuna, militantzia, irudi ona,…milaka gauza. Baina ondo pentsatuta. Lotsagarria ikusten dut hainbeste diru gastatzea ezer ez transmititzeko. Bihar euskararen eguna delako? Lartxo, ezta?

Askotan galdetzen diot neure buruari euskara ez ote den gure agintariendako apaingarri hutsa, oso ondo geratzen dena, bitxia, tolerantzia eta zabaltasuna adierazten duena; hau da, hizkuntza-flororeroa. Denok entzun dugu emakume-flororero-ena –eta ondotxo dakigu zer den–. Bada, orain hizkuntza-flororeroa ere badaukagu. Bestela egin errepaso bat: euskal hiriburuetako alkateak: 0 euskaldun. Europako parlamentuan parlamentari euskaldunak: 1 (Iturgaiz). Eusko Jaurlaritzako sailburuak: emakumeak uste dut denak direla euskaldunak (uste dut), gizonezkoak hezkuntzakoa baino ez. Ibarretxek bai, ikasi du, eta berea onartu behar zaio. Baina Zenarruzabeitiak? Tira, euskalduna da, bai, euskaldun zaharra, baina aurrekontuez hitz egiten duenean, badirudi amarekin ari dela eguraldiari buruz berbetan; ez du hobetu ezer.

Eskaparatismoa egiten dihardute; hau da, kanpotik polito apaindu baina barruti hutsik dago. Opari merkeekin bezala: erregalu kutrea baina paper eta lazo zoragarriak.

Ez dago benetako borondaterik. Konbentzituta nago. Xamarrek euskara salbatuta dagoela dioen arren, ni ez nago batere konbentzituta. Ez da aintzat hartzen, eta beti hamargarren mailako gaia da.

Komunitate autonomoan, gainera, susmo bat hartzen ari naiz, ez ote garen Euskaldunon Egunkaria sortu zeneko sasoira itzultzen. Habe egin zuteneko denboretara. Patxi Baztarrikan azken adierazpenek eta Elebide egiteak, susmo hori dakarkidate. Ez dakit orain zertara datorren Kontseilua kolokan jartzea. “Amen-amen” egiten ez dietelako ote?

Kokoteraino nago florero izatearekin. Hobe genuke euskarak gutxiago dekoratu eta gehiago erabiliko balute euren eguneroko bizitzan

San Andres eguna

Leire Narbaiza 2006/12/01 18:47

Atzo San Andres eguna izan zan, Eibarko patroia. Baziran urte batzuk egun hau disfrutatzen ez nebala, ixa beti Eibartik kanpora bihar egiñ izan dot-eta. Gaiñera, askotan bizperia eta egunan artian erabagi bihar izan dodanez –eta beti gabak irabazi dabenez– gitxittan ibili naiz egun honetan.

Hau da atzo arrapataka idatzittako kronikatxua, asko pentsau barik.

Egualdixa, primerakua; hotz baiña eguzkixa. Basarrittar jantzitta juan naiz lagunan etxera, hantxe lau mosketeruok (Beñat, Larraitz, Eli eta laurok) atondu dittuguz gure erropok. Hango paiñelua, pololua, gerrikua! Luzaruan ibili gara, gantxuak, katekorratzak eta orratzak ipiñi eta kendu atzera be jartzeko.

Askondako mozorrua izan leike, koko janzteko erropia; baiña mokor, ipurdi eta girgil guztiak agerixago lagatzen badittu be, “mesa kamilla” baten moduan, ni ikaragarri gustora ibiltzen naiz holan. Buruko paiñeluak be ez detsa estanpiari laguntzen, talo arpegixa geratzen jaku-eta. Halan da be, ni pozik.

Halako baten, urten dogu guapo-guapo. Tira, Larraitzek zuzendu destanez “guapos y guapas”.

Untzagara jeitsi eta talua txorixuaki. Makaleko illaria zeguan aek-ko talo-postuan! Bertan geguazela, hasi da Dantzara Plazara ekitaldixa. Momentuan desagertu jakuz talua eta txorixua. Gure txikixak jan deskuez, oso-osorik, guk haginkada bakarra emon ostian.

Dantza eta dantza. Zenbat disfrutau. Sarrixago egin biharko geunke holako zeozer. Gustora benetan. Lagunekin berba egin, dantzan ibili, zoragarri. Hori bai, ixa danak neskak giñan. Gutxi batzuk mutillak. Ume guztiak, neskak. Amak kejau egin dira, euren mutikuak ez dabelako dantzarik egitten, baiña eredu maskulinorik ez badake, zelan animauko dira, ba? Mutillak jakingo balebe ze erakargarrixak diran dantzan dabizenian…ni iñoiz enamorau izan naiz, benetan, dantzarin batekin plazan ikusi ostian…Hori jakin ezkero, dantza-taldiak mutillez beteko litzakez!

Hori bai, eguerdikuakin dana amaittu da. Arratsaldian, ezer be ez. Ez dau deretxorik! Jaixa egun guztirako izan biharko litzake. Udalak ez dau ezer egitten hori suspertzeko. Jaixa amatatzen doia, eta holan jarraittu ezkero, jai popularrak juango jakuz.

Baiña arratsaldian lanera. Kostau jata, baiña hain ondo ibili naizenez, eguna doblia pentsau jata. Danak holakuak balitzaz!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua