Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Y---H?

Leire Narbaiza 2006/01/20 15:45

(mezu hau ironiaz irakurri behar da!)

Y, U, AHT, TGV, TAV, H...Letra zopa honek ez dauka akaburik! Hasieran euskal Y grekoa izango zela. Gero ezetz, euskal U-a izan biharko litzatekeela. Orain H-a izango da? Nafarroako gobernuak bere lotura ere izango du eta Nafarroa ez da atzean geldituko, Nafarroak ez du aurrerapenaren trena galduko! Zein polita!

Ez dira konturatu Yz hasten den berbarik ez dagoela Euskaltzaindiaren hiztegi batuan? Euskaltzaindiak y hizkia kanpoko hitzak idazteko hartu zuela? Beraz, “euskal Y grekoa” ezinezkoa da. Euskaltzaindia dixit

Gainera, orain H-a. Baina hauek ez dakite 1968an euskara batua egin zenean zelako istiluak sortu zituen hizki bedeinkatu horrek? Atzera ere letra hori! Hainbete hauts harrotu zituen! Eta hori mutua dela! 38 urte eta gero hau! Ez dute, bada, bakean bizi nahi, ala?

Orain letrei emanten diete garrantzia. Baina zifrak, non daude zifrak? (“cifras y letras” “des chifres et des lettres”) Nik bat emango dut: 4000 milioi euro. A! Eta gure poltsikotik! Hori bai zifra ederra!

Esperantzari hiru leiho

Leire Narbaiza 2006/01/18 11:53

Finlandia, Txile eta Liberia. Hiru kontinentetan hiru bihurtuko dira lehendakari: Tarja K. Halonen, Michelle Bachelet eta Ellen Johnson-Sirleaf. Hiru izen, hiru emakume.

Asteburua more etorri zaigu. Finlandian Halonenek lehengo itzulia irabazi, Txilen Bacheletek irabazi eta Liberian Johnson-Sirleaf-ek kargua hartu. Finlandian izan da lehen ere emakume hau estatuburu. Txilen eta Liberian, ostera, ez. Liberiakoa, gainera Afrikako lehenengo emakume presidentea izango da.

Ordua da goi karguetan gure presentzia areagotzeko, andrazkoak ere existizten direla esateko, eta munduko partea ere bagarela aldarrikatzeko.

Baina onerako izan dadila. Justizia, elkartasuna eta sentiberatasuna ekar diezagutela. Txiki, behartsu, eta gutxietuenganako errespetua zabal dezatela. Tradizionalki andreon baloreak izan direnak transmititzeko, martxan jartzeko.

Emakumeak gobernuan egoteak horretarako balio behar du. Bestela, berdin jarraitzeko edo okerrago egiteko nik ez dut nahi. Hor dugu Margaret Thatcher. Emakume izan zein gizon izan, berdin-berdin. Inoiz baino gogorrago, zurrunago eta tinkoago aritu zen gobernua.

Esperantzari hiru leiho zabaldu zaizkigu

Lotsia

Leire Narbaiza 2006/01/16 13:04

Lotsaz, blog hau ez zabaltzeko egon nintzan. Lotsaz, bestiak zer esango bildurrez. Eta lotsaz, kritika gaiztua eta mingarrixak ez jasotzeko, nire inguruko askok ez dakixe holako gauza baten sarturta naguanik.

Lotsiagaittik eskatu neban blogan nire izena ez agertzia. Baiña Arrateko amak ezetz esan zestan. Zalantza asko izan nittuan. Lotsiak paralizau be egin ninduan.

Lotsia sentitzen dot Virginia lehengusiñiak, Gotzone lankidiak, Ibai irratikuak edo Xamar lagunak blog hau deskubridu dabela jakitzerakuan.

Lotsia sentidu dot beste blogari batzuk aurrez aurre blogian idatzi dodanan gaiñian berba egitten destenian.

Baiña pozik nago, ez jata damutu bloga zabaldu izana. Ezin detsagu laga lotsiari kalte egitten. Patxitraperok bere blogian diñuan moduan.

Jarraituko dot idazten, batzuetan oso inspirauta ez egon arren. Segiduko dot txapia emoten. Eta erantzunak jasotzen jarraitzia espero dot. Ez dakizue zelako ilusiñua egitten daben. Itzela

Amaitzeko oparitxo bat. Kirmen Uriberi ostutako poema edarra. Disfrutau!

Lagun bat (haur kanta)

-Bada gorroto dudan lagun bat./ Zuhaitzean gora egin nahi dudanean/ “ez, ez, ez, hobeto ez", esaten dit,/ “laprast eroriko zara lurrera".

-Bada gorroto dudan lagun bat./ Futbolean jolastu nahi dudanean/ “ez, ez, ez, hobeto ez", esaten dit,/ “ipurdi azpitik sartuko dizute gola".

-Bada gorroto dudan lagun bat./ Gustoko neskarengana hurreratzean/ “ez, ez, ez, hobeto ez", esaten dit,/ “ez du zurekin nahiko berak"./

-Bada gorroto dudan lagun bat./ Anaia txikiari muxu eman nahi diodanean/ “ez, ez, ez, hobeto ez", esaten dit,/ “esnatu egingo da berehala".

-Bada gorroto dudan lagun bat./ Lagun horren izena Lotsa da./ “Ez, ez, ez, inola ez", esaten diot gauero/ “bihar ez dizut kasurik egingo bada".

Premiñia eta kapritxua

Leire Narbaiza 2006/01/11 12:04

Goizeko zazpiretako trena hartu neban atzo. Ordu horretan juaten naizenian Berrizeraiño ezagun batzuekin juaten naiz. Eurak jeitsi eta andra bat jarri jatan onduan beste neska batekin. Trena gainezka, ni alde egiñ ezinda. Bere alabian bizitza erdi kontau zetsan pareko neskiari. Ni apuntietan sartu nahixan, baiña ezin! Gero jarraittu zeban berbetan beste neska baten gaiñian, bigarren umia enkargau eta hirukixak etorri!

Pareko neskiak esan zetsan hirukixekin eta beste umiakin ezingo zala biharrera juan. Andriak erantzun zetsan premiñarik be ez zekala (tira, "tampoco le hace falta trabajar" esan zetsan). Aurretik pare bat bidar kontau zeskun lau umion aittak posiziño ona zekala. Eta atzera be repetidu zeban neska horrek ez zekala lan egitteko premiñarik.

Gauza bera esango leuke emakumiak euki izan baleu "posiziño on" hori? Gizonak bihar egitteko premiñarik ez dakala esango leuke?

Argi dago, emakume bihargiñon lana askotan "segundakua" konsideratzen dala. Premiñia edo kapritxua. Gure benetako biharra etxia, umiak eta zaharrak zaintzia dalako, kobrau barik, opor barik.

Holan gaizki goiaz. Pentsakera horrekin gizonezkuak ez dira famelixaz kargu egingo. Emakume batzuek ez dabe euren karrerak lagako umiak ekartzeko, batera eziña dan bittatian, behintzat.

Eta amaitzeko anekdota bat: Eusko legebiltzarrerako hauteskundiak izan ziranian, gabero Radio Euskadiko "Ganbara" saiuan lehendakari gai bat elkarrizketatzen zeben. Maria Sangileri tokau jakonian Dani Alvarez aurkezliak esan zetsan: "Señora Sangil, ya sé que es muy tarde para hablar con usted, teniendo niños". Ni aho bete hagin geldittu nintzan. Ibarretxek, Lopezek,...ez ete dake umerik?

Q

Leire Narbaiza 2006/01/10 11:10

Aspaldi ibili naiz eibartarren zerrendan ea best-sellerrak gomendatzen zizkidaten. Jaso nituen batzuk eta , oso zintzoa eta esanekoa naizenez, irakurri. Horien artean “Q” zegoen. Lehenago ere Matrallakoko lagun batek, Txinok hain zuzen ere (aupa Txino!), gomendatu zidan. Gomendatzen jarraitu, mesedez!

Luther Blissetek sinatzen du, baina ez ei da pertsona bat, lagun talde italiar bat baino.

Seiehun orritik gora dauka. Ondo. Zer gertatu zaidan? Brad Pittekin gertatu zitzaidana: denek “ze guapo!” “ze ondo daguan!” “Iñoiz ikusi doten tiporik katxarruena!”. Gero zinemara joan, eta bai ondo dago, baina...

Gustatu zait (konforma erraza naizela konturatuko zineten). Hasieran, nahasgarri samarra da. Antzeko gauzak kontatzen ditu, atzera-aurrera gehiegirekin. Gaia interesgarria da. Baina zeozer falta zaiola uste dut. Espektatiba handiegiak nituen, beharbada. Onartzen dut. Estiloa ere (estilo epistolarra askotan....) ez dut gustuko.

Dena dela, gauza asko ikasi dudala pentsatzen dut, sasoi historiko horren gainean, erreformaz eta erlijio gerrez. Eta pertsonaia bitxiak eta bereziak azaltzen dira. Tira, ez da gaizki egon.

Irakurri eta zuek esango didazue.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua