Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Euskeriak lotsia emoten desku

Leire Narbaiza 2006/10/04 18:20

Ez naiz Donostiako Zinemaldian egon, baiña telebisiñotik jarraittu dot. Galetan ez da euskeria existitzen. Gabon, eskerrik asko. Kitto! Amaittu da. Hori da Zinemaldixan bihar dan euskeria.

Beti aurkezle bi egoten dira: Edurne Ormazabal eta aktore espaiñiar bat. Edurne Ormazabalek esaten dittu hórrek berba horrek eta beste guztia gaztelaniaz, edo inglesez. Aktore espaiñiarrak, jakiña, gaztelaniaz baiño ez dau egittten.

Aurten inaguraziñuan Marisa Paredes egon da. Bai, Auria enea aurrian egon zan berbera, Manos limpiasekuekin, Ibarretxen dimisiñua eskatzen. Aktore ona izango da, baiña aurkezle kazkarra betetan. Behin baiño gehixagotan sartu zeban hankia. Horregaittik ez dot aitzen zelan hartu zeben. Ez dot konprenditzen.

Ez dogu iñoiz ikusiko aktore euskaldunik aurkezten, ezta baskorik be. Nahikua kategorixa ez dake. Badirudi pleitesia zor detsala Zinemaldixak espaiñiako aktorieri. Festibala Salamancan bardin-bardin. Zelako tritistia.

Euskeriak ez daka glamurrik, euskaldunok ez dakagu glamurrik. Jakiñekua da basokuak garana, takarrak, ikasi eta hezi bakuak, eta gaiñera zatarrak. Zelan jantziko gara, ba, soiñeko luzez eta trajez? Ez, ezkutau egin bihar gaittue irudixa zikindu ez deigun. Horreri soziolinguistikan autogorrotua deitzen jako.

Legia hausten dabiz. Euskeria ofiziala da. Baitta Donostian be. Itxieran eskerrak emon zetsen. Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru aldundiari, Kutxari eta Eusko Jaurlaritzari. Geure diruakin dago antolatuta. Ez dau legia betetzen. Eta dirulaguntzak jasotzen jarraitzen dau. Lotsagarrixa.

Euskeriak prestigiua emoten detsen ekitaldixak bihar dittu. Ezinbestian. Eredu billa gabiz. Gure gaztiak hizkuntziakin atxikitzeko. Baiña betiko moduan, aukerak alperrik galtzen gabiz. Eta galdera bat, Zinemaldixa Bartzelonan balitza, hizkuntza tratamientua bardiña izango litzake?

Bideak

Leire Narbaiza 2006/10/02 11:38

Barikuan Elgetako Espaloia kafe antzokian izan nintzen Aukeran dantza konpainiak eskainitako “Bideak” ikuskizunean. Lana garaikidea da, baina euskal dantzetako urratsak ditu oinarri. Nire asmoa ez da kritika egitea, egia esan gustatu ez zaidan zer edo zeri ez nioke publikoki egurrik emango, ni ez bainago kualifikatuta horrelakorik egiteko. Beraz, trankil ibili. Hori bai, “koipea” ematea ere ez zait gustatzen.

Hainbat pausu erabili dute koreografia muntatzeko, eta batzuk konstanteak dira Aurreskukoak kasu. Nik gustuko ditut gure urrats tradizionalak erabiltzea dantza garaikidea egiteko, eta orokorrean gustatu zitzaidala esan behar dut.

Momentu batzuetan “Lord of the dance”, “Mayumaná”, “Le cirque du soleil” eta Ballet de Biarritzen eragina topatu nion. Horrek dakarren gauza on eta txar guztiekin. Gutxien gustatu zitzaizkidanak zati bi izan ziren: arropa beltz-zuriekin agertu ziren koadroa, eta azken zatia. Arropa beltz-zuria erabili zutenean hainbat ekilibrio eta akrobazia egin zituzten, baina ez nuen ikusten zelan akoplatzen ziren koreografian, fortzatuak iruditu zitzaizkidan. Azken zatiaren ideia ederra eta estetikoa begitandu zitzaidan lokarri zuriekin, Aurreskuaren estatikotasuna apurtzeko erabili zituzten mugimenduak…., baina uste dut mugimendu horiek gehiago sakondu behar dituztela.

Asko disfrutatu nuen dantza soltea oinarritzat hartuta egin zituzten lotura batekin eta beste koadro batekin. Loturak Derbitxeen mugimendua gogorarazi zidan, eta koadroak umetan egiten genuen esku-joko bat: sehaskarena (hari bat hartu eta biren artean mugimendu batzuen bitartez eta haria elkarri pasatuz, sehaska bat egin). Horrela dantza soltea zinta-dantza bihurtu zuten. Hori bai, dena lotu ostean ez zuten askatu, eta ondotxo dakigu hori izaten dela gaitzena…

Koadroen artean eta lotura egiteko neska bat irteten zen panderoa jotzen eta kantuan. Perkusioa zen oinarria eta sarritan erritmoa baino ez zen markatzen dantza egiteko, musika barik. Nire iritziz, horrek indar handia ematen dio ikuskizunari. Pena da kantuaren letra ez zela apenas ulertzen.

Arropari ere tarte bat gorde behar diot. Ez nuen pentsatzen mutilak hain guapo egongo zirenik gonekin. Egia esan, gonaren “bueloa” beti oso estetikoa izaten da.Lehenengo gona ez zitzaidan gehiegi gustatu, eta, gainera, batzuetan deseroso gertatu zitzaielakoan nago, batzuek salto egitean zapaldu egin zuten-eta, luzeegiak zirelako.

Eta dantzarien gainean zer esan! Zelako gorputzak, fondoa, erresistentzia. Pare bat dantzari ia ikuskizun osoan egin zuten dantzan. Itzela! Ea nork agoantatzen duen intentsitate horrekin espektakulu osoa.

Azkena Elgetako Espaloi kafe antzokiaz. Bere txikitasunean proiektu sendoa eta ederra egin dute, Eibarrek, adibidez ez daukana. Zorionak baino ezin dizkiet eman. Hurrengoan kontsumituko dugu, garagardo bat-edo! (Ez haiz kejauko, ez dok Iban?)

Cibeles eta Corporación dermoestética

Leire Narbaiza 2006/09/21 19:23

Egunotan hainbat komunikabidek darabilte “Pasarela Cibelesen” gertatu dena. Modelo emakumeak neurtu, pisatu; eta eragiketa matematiko baten bitartez, gorputz-masa zehaztu diete. Minimo batzuetara iristen ez zena kanpoan laga, eta ez diote lanerako aukerarik eman.

Hau guztiau anorexia eta bulimiaren kontrako neurrietan sartu dute. Eta egia da, desfilatzen ikusten ditugun emakumeak hezur eta azal baino ez dira. Altuak, meheegiak eta glamur-dunak. Hauek, seguru, eragina daukate neskengan; baina, eragiten duten bakarrak ote?

Zein da ematen den emakume irudia? Jakiteko, nahikoa dugu telebistan iragarki tarte bat ikustea: Kremak, 30 urtetik aurrera zimurren kontra; jogurtak andreen “linea” zaintzeko; azukre bako gozokiak emakumeendako, zerealak nesken hesteak kontrolatzeko;….

Eta Corporación dermoestéticaren gainean zer esan? Iragarki guzti-guztiak emakumeontzat dira, nahiz eta barizeak eta hortzen gainean jardun. Gizonezkoek ez omen daukate barizerik edo hortzik! Nik, behintzat, behar izanez gero, ez nuke joko bertara, itzelezko amorrua ematen didate eta. Hainbat iragarki iraingarriak ere begitantzen zaizkit. Gure duintasunaren kontra doazelako.

Altuak, ederrak, argalak, politak,ondo jantziak …perfektuak gura gaituzte. Langile eta sakrifikatuak izan behar dugu. Baina ez gara horrelakoak: kartutxerak dauzkagu, edo txikiak gara, edo ipurtandiak, edo zatarrak, edo ez-estandarrak. Eta zer?

Baliteke hori izatea publizistek bilatzen dutena: gure autoestimu falta. Horrela, hain inperfektuak izanda oso kontsumitzaile onak gara. Dena erosiko dugu: kremak, jogurtak, gozokiak, zerealak…

Perfekziorik ez dago, nik ez dut perfektua izan nahi. Ezta nahi ere perfekturik nire ondoan.Ez dut esango mutil guapo eta ederrak gustatzen ez zaizkidala, ez dut gezurrik esango. Baina edertasun biribila baino, gehiago gustatzen zaizkit tipo interesanteak. Beti gustatu izan zaizkit. Gainera, gero eta gehiago gustatzen zaizkit ile gutxiko mutilak, eta tripatxoa daukatenek ere badaukate morboa. Baina morboa ez diete ematen tripak edo alopeziak, morboa bada estiloan eta airean daukaten zerbait. Nahiago dut gizon interesante bat beste ezer baino. Eta emakumeekin ere berdin. Jende atsegina, dibertigarria eta elkarrizketa ona daukana. Hori dut gogoko.

Esan beharko genieke jostun, publizista eta Corporación dermoéstetica-koei burmuina ezin dela operatu! Lastima, negozioa pikutara!

Eustakion alabia

Leire Narbaiza 2006/09/11 19:07

Eibarren jende nagusixak “zein zara, ba?” galdetzen destanian, nik“Eustakion alabia” erantzutzen dot, eta beti nahikua izaten da jakitzeko zein naizen. Amak esaten dau arratoiak be ezagutzen dabela, zebela.

Izakeraz oso desbardiñak gara. Baiña berak laga dau nigan bere ikutua. Behin Serafin Basaurik (aittan laguna eta eibartarrak zerrendakidia) esan zestan: “hamen gure saltseria”, edo holako zeozer. Nere erantzuna izan zan:“Nolako zura, halako ezpala”. Serafiñek barre egiñ, eta errezoia emon zestan.

Munduarekiko kuriosidadia transmitidu zestan. Eremu guztiak dirala interesantiak. Baitta inplikaziñua eta konpromisua inportantzixia be. Horretan izan geinke antzekuak.

Gauza asko maittatzen erakutsi zestan: Gure ipoin tradizionalak, Eibar, mendixa, naturia,...eta euskeria. Euskera guztiak, baiña batez be Eibarko euskeria, nahi ta bera Durangokua izan….

Bere ipoiñ eta istorixak grabatzeko asmua nekan, banekixalako ez zetsela grabaziñorik egingo “Eibartarren ahotan” proiektorako, esan doten moduan Durango jaixo zalako...(ez dakixe ez daguala eibartarragorik eibartarra izatia erabagitzen dabena baiño!)

Baiña juan zan, espero baiño lehenago, abixau barik, dieciochodejulio baten...Ironiaz beteta dago Bizitzia eta Heriotzi...bera biktimia bi bidar izanda…

Izan leike blog honetan sekziño barrixa zabaltzia: “Eustakion ipoiñak”. Lantzian lantzian, berak guri kontautako anekdota, ipoin, kontakizun, leienda urbanuak...hamen lagatzeko, eta neri emon zestazen moduan, zeueri emoteko

Loibarik ez zeban ezagutu. Horrek pena ikaragarrixa emoten desta, holan bere ahotik entzungo zeben ume hórrek aittittak kontautakua. Baiña, ezin danez, zuek eta zuen umiak jaso ahal izango dittue blog honen bittartez.

Ez ahaztu! Leire naiz, Eustakion alabia

Forma berreskuratzen

Leire Narbaiza 2006/06/30 12:01

Azken bolada honetan nahiko abandonatuta laga dut bloga. Egia esan ez dut indar handirik izan ia ezer egiteko. Gogorik ere ez. Baina pasatu da, eta orain ekin nahi diot.

Gaitza egiten zait gaiak aurkitzea, edo gaiei gustuko enfokea ematea. Uste dut azken artikuluak haserre puntu bat izan dutela, erretxinduta banengo bezala, umorea inondik agertzen ez dela.

Egia da erraz sumintzen naizela, ozpindu egiten zaizkidala iritzi batzuk. Matrallakoko Martxeliñok dioen moduan, guztiari atera behar diot akatsa. Baliteke. Kritikoegia naizela? Fijo! Baina gauzak asko gustatzen zaizkidanean, mireslerik onena naiz. Dena da perfektua. Eta gauza guztiengatik zoragarriak direla esango banu, konformistegitzat hartuko nindukete, nindukezue.

Lokartu baino lehenxeago askotan bururatzen zait zer idatzi. Orduan, akabo! Pentsatzen hasi, eta ezin dut lorik egin. Gainera, jaiki eta idatziko banu, gaitzerdi! Baina ordenagailua "bahituta" daukat, beste baten etxean. Ia laster berreskuratzen dudan, bestela ez dut ganoraz deskantsatuko!

Umorea ere erabili beharko nuke, baina bere musak ez nau bisitatzen ordenagailuaren aurrean. Ahaleginak egingo ditugu

Spam birtualak, spam telefonikuak eta papelezkuak

Leire Narbaiza 2006/06/29 19:38

Posta elektronikua erabiltzen dogunok keja haundixak egitten dittugu spamangaittik. Egixa esan, aspergarrixa da borratzen ibilli bihar izatia hainbeste mezu eta hainbeste tontokerixa. Molestau egitten nau, baiña askoz gehixago hasarratzen nabe papelezkuak edo telefonokuak

Azken aldi honetan, hamar bat bidar deittu deste adsl-ia eskintzeko. Konpaiñia guztietatik, Telefonicatik bi bidar jarraixan!

Teleoperadoriekin nahiko amablia izaten naiz -Sekula ez dakigu nun amittuko dogun-. Beti pentsatzen dot eurak ez dakela kulparik, eta soldata kutre horrekin nahikua kalbarixo dakela. Baiña aspertu nabe. Behi bat hasarratu jatan eskintza onartzen ez nebalako. Takar erantzutzeko egon nintzan, eta azkenian lortu neban eskegitzia.

Jakiña nahi dodala adsl-ia eukitzia, baitta "direkzion asistidia" dakan automobilla be, baiña ez naiz danera aillegatzen.

Beti lagatzen detset berba egitten, gero edukaziñoz ez jatala interesatzen esateko. Zenbat esplikaziño emon bihar dan! Horrek sutan jartzen nau!

Eta azkenerako buzoiana lagako dot. hillan azkenian baso batek produzitzen daben beste papel izaten dot nerian! Gaiñera panfletuak kuatrikomian, papel satinauan...diru mordua alperrik botata.

Behi ohartxo bat pegau neban buzoian: mesedez, ez bota propagandarik eskerrik asko. Por favor, no echar propaganda, gracias. Alperrik, egunero buzoia beteta. Batzuetan doble be botatzen zesten!

Beste estrategia bat be jarraittu neban: buzoia ez hustutzia. Ez egin sekula! Korreosekuak nere posta erretenidu zeben, baiña buzoian propagandia jarraitzen zeben sartzen.

Nik honezkero ez detset atia zabaltzen. Kaka botatzen deste-eta. Nik ez dot nahi, halan da be aguantau egin baihar dittut. Zer egin?

Auzoko batek beti esaten destean moduan: buzoian gastatutakua guri emongo balekue....

Spamari ez!

Foballa*

Leire Narbaiza 2006/06/27 18:55

Aitortu bihar dot, sasoi baten foballa gustokua nekan. Bai, aspadixan. Gustora juaten nintzan partiduak ikustera. Ondo pasatzen neban, eta kirol hori ikustiak emoziñoz betetzen ninduan.

Gero ez dakit ze pasau jatan. Ezin dot aguantau! Erretzaille ohieri moduan pasatzen jata: oin kontrarixorik haundixena naiz. Uste dot azkenian defraudauta amaittu nebala, foballak sortzen zittuan hasarriak absurduak begittantzen jatazen. Eta azkenian, ixa gorrotatzen amaittu dot.

Oin mundiala dogu gure artian. Iñoiz baiño indatsuago, iñoiz baiño erasokorrago. "A por ellos"-ka dabiz. Oso oihu biolentua su-eten sasoian.

Piper-potuak zientoka. Hainbeste ikusi dozu iñoiz? Nik ez. Nazionalismua sendotzeko atxakixa galanta. Bat eginda Mundua konkistatzera. Ez ahaztu sasoi baten Inperiuan ez zala Eguzkixa iñoiz ezkutatzen...Irabazi ezkero, planetia eurena berriro be?

Gaur Espaiñia eta Frantzia. Eta gu erdixan. Aho-haundi batzuk ixiltziarren -gaurkuagaittik- ni Frantzian alde. Total, irabazten dabenak ixa seguru Brasillen kontra egingo dau!

Hala bedi! Bestela, zeiñek aguantau?

*Foballa: Eibarren holan esaten detsagu futbolari.

Badire urte bi

Leire Narbaiza 2006/06/21 12:57

(Eibartarrak zerrendatik berreskuratuta eta modatuta. Gure amama goguan)

Badire urte bi joan zanetik. Udeko lehelengo egune, euridxe egiñ baeban be. Paseu dire hgeta lau hillebete ikusten ez dogunetik, eta ez dogu nehikoa negar egiñ, ez dogu nehikoa malko bota. Zelan doien denporie! Nok kanteukoste “Txikitxuterik”, nok jokoste panderoagaz “Marijuana lutudune”?. Nok konteukostez gerrako kontuek, Gernikako bonbardeoa, Lumoko kanpantorrien errezeuteko errosaridxoak? Non geldittu direz lehengo agirikek, hasarriek? Urte bi paseu direz, astiro, bizkor. Baye joan arren, hamen dau, nigaz, gugaz, beti

Ikuslea, dantzari eder

Leire Narbaiza 2006/06/01 18:41

Dantzan egitea gauza liberatzaileenetakoa da. Batzuendako kirola egietea liberatzailea da, baina dantza, niretzat liberatzaileagoa. Ariketa egiteaz gain, burua, gorputza eta arima sintonia berean jarri eta bat egiten dute. Barruan dagoena adierazteko eta askatzeko. Unerik onena da, ez da ezer behar, musika besterik ez. Zorionatasun osoa. Baina askatzailea den guztiarekin gertatzen den moduan, errepresioa ere existitzen da. Ez dute jasaten pertsona oreka horretan egotea, bere barruarekin hain konektatua, hain pertsona eta hain norbanako.

Lehen Elizak erreprimitzen zuen, lizuna zelakoan, eta orain hainbat ikuslek. Aspaldi, zapatu gauetan tabernetan dantza egiten zenean (irten da atzera ere Amama Kipuleta) nire burua askotan erreprimitu dut dantzatzerakoan: hainbat mugimendu ezin ziren egin oso fama txarra ematen zutelako -gehiago jakin izan banu, dekubrikuko nuen fama hori ona zela gauza askotarako-. Ingurukoak, isilean, erreprimitzen.

Orain ere dantza-errepresore mota bi daude: dantzari-profesional-orojakileak eta dantzarako-inutil-kritikatzaileak. Dantzari-profesional-orojakileak irribarre kondeszendientea du, berak dantzan disfrutatu beharrean begira dago: dantzan dabiltzanak ezjakin-infantilak dira, eta gainera ze txarto egiten duten!

Dantzarako-inutil-kritikatzaileak nahikoa dauka garagardoari eusken. Lotsatia da, eta lotsa hori harrotasunez kamuflatzen du. Dantzariondako kritikak, oihuak eta barreak baino ez dauka. Bere inpotentzia dantzariei botatzen die.

Baina eurek galtzen dute, beti. Gai ez direlako dena ahaztu eta disfrutazteko, barruko energia askatzeko. Erreprimitzen segituko dute, baina jarraituko dugu dantzan irribarrez

ETB-1 ez da niretako

Leire Narbaiza 2006/05/23 12:09

Telebista erosi dut. Orain hilebete. Nire lehenengo telebista. Lau urtean bizi izan naiz horrelako barik. Nire burua probatzen. Sintonizatu nuenean militantziaz, dena esan behar bada, ETB-1 lehengo kanalean jarri nuen. Alferrik!

Euskaldun zahar alfabetatua naiz, soziolinguistikan AB esaten dena. Bizkaieraduna, baina beste euskalki batzuk ondo ulertzeko kapaza. Begitu zein arraroa naizen, liburuak euskaraz irakurtzen ditut! Hala ere, ETB-1 ez da niretako. Norendako da, niretako ez bada?

Nik ezin dut ETB-1 ikusi: ez zazkit ez futbola ez pilota gustatzen, ez daukat umerik eta Goenkalerekin izango da hamarkada bat nazkatu ninduena. Eta neguko programazioaren gainean dihardut, udakoarekin sartu barik!

Film bi astean, bata umeendako, eta bestea aspaldikoa. Ez dago telesailik; bai “kulebroi” bat, baiña umeendako!!! Bertako monjak abitu larrosa daukate! Eta “Gag for laugh”, zer diostazue? Edozein ordutan, edozein momentutan. Teleberriak ere ETB-2koak baino laburragoak, estudioa ere txikiagoa eta argi gutxiagorekin!

“Kalaka” hasi zenean esperantza isiotu zitzaidan. Lehenengo gaia ausarta. Baina kaka morralean! Gaiak azaletik tratatuta, jende gehiegi iritzi-emale…Eta hori erreportaiak zeukan soinuaz ezer esan gabe. Horrek aparteko “post”-a beharko luke-eta. Eta Eguzkitze? Zelako “poseak”! Boris Izagirre ematen zuen barren!

Ikus dezakedan bakarra “Bertatik bertara”, baina egunero ere ez da. Eta “Firin faran” goizeko seietan jaiki behar ez dudalako eta hontzaren modukoa naizielako: gauekoa “Mihiluze” eta “Wazemank” ere polito daude; oraindik, baina, ez diet puntua hartu.

Esango didazue horrela nola lehiatuko den erdaraz dauzkagun kate mordo horiekin. Zaborra eskaintzen digute kate guztiek. Konforme. Kritiko izan barik irensten dugu. Ados. Baina ETB-1ek zaborrik ere ez digu eskaintzen. Baina kalitaterik ere ez. Euskaldunok tontoak gara, ala? Zertarako sortu zuten ETB-1? Euskara bultzatzeko? Ala kirol-telebista egiteko?

Morauk “Surper-euskalduna” kantan dioen moduan:”Tripazorro isil, bihotz onekoa, primitibo engina erreza, etxekoen nagusi, kanpokoen morroi, zerbitzari oso leiala” horrela nahi ote gaituzte ETB-1eko buruek?

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua