Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Hiru olatuak

Leire Narbaiza 2020/11/15 19:15
Euskadi Irratiko Baipasa saioko Zesuma atalerako prestatutakoa. 2020-11-08an
Hiru olatuak

Wikipediatik hartua


Badirudi martxotik surf ikastaro baten izena emanda gaudela. Olatuak gora, olatuak behera… Olatuez baino ez dugu berba egiten. Orain, antza, bigarrenean gaude. Bigarren Uhin pandemikoan, alegia. Ez dakit, baina, gai izango garen olatu hau surfeatzeko, ez dakigulako bera zein momentutan dagoen eta guk zer egin behar dugun: kukurusta betean, eta hartu nahian gabiltzan; edo tutu perfektua sortuta, barruan gauden taula gainean orekari eutsi nahian. Nahiko genuke uhainak indarra galdu, eta itsas-ertzera hurreratzen ibiltzea, osasuntsu eta salbu. 


Olatu bi izan ei ditugu, martxo-apirilekoa eta oraingoa, baina tartean ere izan dira uhin txikiagoak, herri batzuetan eragina izan dutenak, uztail-abuztuan. Ez dakigu oraingo olatu hau zenbat denboratan izango den gurean, ez zein indarrez eragingo digun ere. Ziurtasun gutxi daude sasoi honetan. Jakin ere  ez dakigulako zenbat olatu izango ditugun oraindik. Ezta tsunamirik etorriko ote den ere. Nahiko genuke, bai, jakin. 


Badago kostako herrietan kontatzen den “Hiru olatuak” izeneko ipuina, Arakistainek argitaratua. Bertan 3 olatu suntsigarri agertzen dira. Lehenengoa esnezkoa, bigarrena malkozkoa eta hirugarrena odolezkoa, eta suntsigarriena. Spoiler pixka bat eginda, leiendak dio arrantzaleek arpoi batekin deuseztatu zutela hirugarren uhina, eta lortu zutela euren bizitza salbatzea.


Izurri honetan ere lortuko ahal dugu bigarren olatuaren mende ez jaustea, eta hirugarrena ez etortzea! Oxala! Baina hala izan dadin lan mardula dugu aurretik herritarrok, baina batez ere agintariek. Oraingoan arpoia izan liteke zerbitzu publikoak indartzea, eta dirua ez xahutzea alferreko lan faraonikoetan. Bestela, olatuak  (malkozkoa eta odolezkoa) tsunami bihurtuko zaizkigu, eta surfeatzen jakinda ere urak hartu eta ito egingo gaituelako!

Osasuna eta maitasuna!

Baipasa saioa 1:52:00tik aurrera

Zatarra, eta?

Leire Narbaiza 2020/11/09 00:00
...eta kitto! aldikarixan 2020-10-30ian agertutakua
Zatarra, eta?

Eibar eta Arrate zerutik. Egoibarra.eus-etik etaratako erretratua

Oin urte batzuk, sare sozial baten ezezagun batek, ni iraindu nahixan, zatar deittu zestan. Neri barre egitteko asmotan perfilleko erretratu bat hartu, eta burla egin nahi zestan jentiaren aurrian. Haluzinau egin neban, batez be ezagutu ez,eta txiripaz jakin nebalako. Kontua da, beste argumenturik ez zekanez, fisikua zala geratzen jakon eraso egiteko arma bakarra

Oso zabalduta dago atakatzia itxura kontuengaittik, batez be andrazkuori; izan be, kanpoko plantiagaittik juzgatzen gaittue zorrotz, edertasun estardar konkretu (eta ixa eziñezko) batzuk bete bihar dittugulako zihero onartu gaixezen. Azkenian, badirudi kanpuak baiño ez dabela inporta. Itxurakerixia.

Eibartarrori be behin eta berriro esaten deskue herri zatarra dakagula. Badakigu zer herri dakagun, badittugu begixak-eta. Zatarra dala bota, txiste moduan esan eta? Zer? Zer lortzen dabe horrekin? Sinpatikuak izatia ez, gero! Ez dake beste ezer esateko Eibarren gaiñian, barren! Eta Pragako alde zaharrekuak edo Tiroleko mendi aldekuak balitzaz, tira. Baiña inguruko jirakuak dira, euren herrixak edar-edarrak balitzaz lez!

Ez zagozie kokoteraiño hori entzutziakin? Ez ete da besterik ez dakela esateko gure herrixaren gaiñian, Eibar ezagutzen ez dabelako? Gaiñera, zer ardura detse herrixa zatarra izatiak? Badakixe zergaittik dan halakua? Zelan sufridu daben historixan zihar? Orduan, zer egin bihar dogu zatarrok, hil? Zer egin Eibar zatarrakin, atzera be bonbardeau barrixa egitteko?

Graziarik ez daka. Originala be ez da. Lagako gaittue inoiz bakian?

...eta kitto!n

Aldaketa, bizitzeko

Leire Narbaiza 2020/10/31 00:00
Gipuzkoako Hitza 202ko urriaren 30ean argitaratua

Udazkeneko ordu aldaketa izan genuen pasa den zapatuan. Beti hizpide ematen diguna, beti eztabaida sortzen duena, beti nahasten gaituena. Nik neuk ez daramatzat batere ondo kanbio hauek, nahiz eta azken hau izan ondoen daroadana; ordubete gehiago ematen diolako asteburuari, seguruenera.

Ingurukoei baino gehiago eragiten didatela ere konturatu naiz. Izan liteke, oro har, edozein aldaketarekin oso txarto konpontzen naizelako; urtaroek eragindako eguraldi aldaketekin, esate baterako. Beti gertatzen zait, neure buruari galdetzen diot ea zer janzten nuen sei hilabete lehenago, biluzik edo barruko arropa hutsean ez nintzelako kalera irteten, eta armairua arropaz gainezka egonda.

Kanbioa kontu latza da, buruan geneuzkan ustezko segurtasunak deuseztatu egiten dituelako, eta, askotan, ziurtasun ez seguru horiek eusleku bihurtzen zaizkigulako, bizitzan aurrera egiteko modu bat balira legez, zeri atxikitzeko edukiko bagenu bezala, flotagailu bat itsasoan (bizitzan) igeri egiten ez dakigunondako. Baina egindako planak lehertu eta desagertzen dira gutxien espero dugunean, ondo ikasi dugun bezala.

Dena den, hori da bizitza, aldaketa hutsa. Bestela, nola bizi mudantza barik, bada? Beti ume denboran edo nerabezaroan egongo ginateke. Gizartean ere kanbioak egongo ez balira, eskubide indibidualik ere ez litzateke egongo, emakumeok boto eskubiderik ez genuke edukiko, esklabotza legala litzateke. Kostatuta ere, mudantza ezinbestekoa da. Kontua da gehienetan soseguz eta patxadaz gauzatzen dela, hazten dabiltzan umeen moduan: ezin dugu ikusi haurrari zelan luzatzen zaizkion hezurrak, zelan sortzen zaion azal eta haragi berria. Prozesu ikusezina da gertatzen ari denean, baina denbora igarotakoan ederto igartzen dugu.

Horregatik, tupustean gertatzen denean da durduzagarria aldaketa, deskolokatu egiten gaituelako; lehen aipatu dudan moduan, segurtasunak desagerrarazten dizkigulako, ezeren arrimu barik. Hala gaude ia guztiok izurrite honen erdian, gure bizitzeko era aldatu digulako, inoiz esperoko ez genuen bezala. Larrialdi egoera etengabean gaude aspalditik.

Martxo-apiril urrunetan esaten ziguten hobeak irtengo ginela pandemiatik. Zalantza handia daukat, jakin ere ez dakigu-eta noiz irtengo garen! Argi daukat, ostera, bizi dugunak aldatuko bagaitu ere, ez duela gizartearen oinarria kanbiatuko, epe laburrean, behintzat. Pertsonak aldatu beharko genukeelako, eta hori nekez gertatzen delako.

Hobeak ez gaitu bihurtu, baina bai, begi-bistan geratu dira gure sozietatearen itoginak, oinarrian dauden desberdintasun eta injustiziak. Era berean, agerian laga du gure hirien eta herrien egitura fisikoak berak ere ez digula balio. Herri bizigarriagoak behar ditugulako, plaza eta berdeguneak dituztenak, ume eta zaharrak lasai ibili eta jolasteko. Herri gozoagoak, abegikorragoak. Gune publikoak ere birdiseinatu beharko lirateke: zahar etxeak, eskolak, ospitaleak… Lorategi eta espazio zabalak izan ditzaten, erabiltzaileen beharretara egokituta. Lekuak pertsonendako izan daitezen, eta ez porlan eta automobilen erresuma hutsa. Goitik behera kanbiatu behar da herrien egitura, eta pertsonen beharrak zentroan jarri.

Tokiak kanbiatzeko gu ere aldatu behar gara, dena bizigarriago egin dezagun denon onerako.

Gipuzkoako Hitzan

Prestutasuna

Leire Narbaiza 2020/10/20 15:10
Argia aldizkarian 2704. zenbakian argitaratua

Udazken hasiera honetan Rodríguez Zapatero, Espainiako presidente ohiaren berba ikonoarekin gogoratu naiz: talantea. Talantea berez ez da ezer, jarrera esan nahi duelako, borondatea. Baina gizon horrek desberdindu nahi izan zuen bere jarduna aurreko Aznar zorigaiztoko eta gaiztotik. Zapaterok entzuteko prestutasuna eta guztien ona lortzeko borondatea adierazten zuen makulu-hitzarekin. Ikur bihurtu zuen, gainera.

Eusko Jaurlaritza berriak ekarri dit akordura talantea. Alderdi politiko berberak, lehendakari bera eta ia sailburuetan aldaketarik egin barik, berriek aurrekoenganako distantzia jarri nahi izan dutela dirudi. Mendia, Bildarratz eta Sagarduik bilerak egin dituzte, edo egitekoak dira sindikatu eta arloko eragileekin. Badute prestutasunik, orduan? Zapateroeraz, talanterik?

Ala, sindikatuek dioten moduan, plantetan dabiltza? Galeriarako egindako mugimenduak dira, azaluskeriak? Antzerki usaina hartzen diezue zuek ere?

Ez ahaztu: talanteak eta talentuak antza izan arren, zerikusirik ez.

Argian

Leloon leloak

Leire Narbaiza 2020/10/16 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2020ko urriaren 16an argitaratua

Ziurgabetasuna da orainaldi berriko marka eta ezaugarria. Azken boladan pertsona askok sentitu izan dute hanka azpiko zorua, lurra, desegin eta deuseztatu egin zaiela, eta heldulekuak ere desagertze prozesuan dabiltzala. Euren buruari non eutsi jakin ezinda, egonezina orokortu da. Goian zerua, eta azpian lurra esamolde zaharrak ere ez du ganoraz funtzionatzen mundu nahasi honetan, ezustekoak eta aldaketak etengabeak dira eta: zeruan buru gainean dugu oraindik; lurrak Iruñerrikoa dirudi, dar-dar egiten duelako, eta, hortaz, ikara eragiten.

Pandemiak handitu egin du aurreko urteetako egoerek —neoliberalismo basatiak, dei diezaiogun duen izenez— lagatako ezegonkortasuna. Segurantza gabetasun hori ekonomikoa eta lan arlokoa ez ezik, afektu eta ohiturena ere bada, kolokan utzi duelako segurutzat geneukan kontu ugari. Esate baterako, nork esango zigun herriko jai bako urte bat biziko genuela? Besarkada bariko bizitza, edota isolamendua etxean? Gainera, aldi baterako izan behar zena erdi iraunkorra bihurtu da, epeak etengabe luzatzen dabiltzalako. Zulo pandemiko honi irteerako argirik ikusi ezinda goaz aurrera, kate honetan denok batera, gogorki loturik gaudelako. Baina tatarrez daroagu bizitza, tipili-topolo, estropezuka etengabe, itsuka eta ahal dena eginda. Nork bere burua salba dezala goiburua txertatu digute (txerto barik) barru-barruan. Egin dakizuna eta Egin ahal duzuna ere bihurtu dira lelo horren azpilelo, denok lelotu arte. Hor konpon, Mari Anton! Euskadi, auzolana.

Krisia deitu diote ziurgabetasuna eragin duen horri. Ez dakit, ordea, krisi gabeko sasoirik ezagutu ote dudan. Batzuk ofizialak ziren, estatuari edo munduari eragiten zieten; beste batzuk, eskualdekoak, gureagoak, antza; eta besteak aurreko motibo bien ondorio konpondu barikoak sortutakoak. Beti eskas, beti ezinean. Krisia bizimodua da, bizitzeko molde leloondako.

Oraingoan, zorionez, ez gabiltza entzuten aurreko krisi ofizialean, 2008koan, entzun ziren zenbait lelo. Oraingoak bere lelokeria propioak ditu. Aurrekoan, gau eta egun esaten zitzaigun krisia aprobetxatzeko abagune aparta zela, gauza berriak sortzeko, geure burua berrasmatzeko, beste bide batzuk jorratzeko. Baieztapen horiek argudiatzeko, guru motibazionalek esaten zuten txineraz krisi arrisku eta aukera karaktereekin idazten zela krisi. Beraz, krisia aukera zela. Txinatarrak asko dira, zerbait jakingo dute. Argumentu bikainak guztiak, egoeraren larritasuna makillatzeko. Lelotzat hartu gintuzten berriro ere. Era berean, inoiz ez ziguten argitu zer lortzeko okasioa zen. Porrot absolutuan jausteko, akaso. Ezer onik ez. Aurrera doan herria.

Apiril-maiatzean lau haizeetara aldarrikatzen zuten askok izurriteak hobeak egingo gintuela. Aukera (hori ere txineraz?) itzela zela mundu hobea egiteko, hartu-emanak lantzeko, gizarte orekatuagoa egiteko… Dena bikaina. Baina lelo hori ahaztu dugu, zeren zulotik ateratzeko betiko irtenbideak proposatu baitira: etxeak eraiki behar ez diren lekuetan, behar ez diren tren eta metroekin aurrera segi, karpetan gordeta zeuden proiektu megalomanoak atzera ere mahai gainean jartzea. Berrikuntza izugarria. Porlana, berriro ere. Gizakia, helburu.

Lehengo lepotik burua. Ez dugu ikasten. Lelo hutsak gara. Gizakia da bi aldiz harri berean behaztopatzen dena. Gu, hamaikatxotan. Zatoz, eta konta ezazu!

Gipuzkoako Hitzan

Gipuzkoar txarra izanda ikasitakoa

Leire Narbaiza 2020/10/09 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2020ko urriaren 2an argitaratua

Mugalaria naiz, ez Ruper Ordorikarekin jotzen dudalako (nahi bai!), baizik eta jaio eta bizi naizelako Gipuzkoako mugako herri batean. Gainera, ia egunero muga zentzubako hori zeharkatzen dut, ia beti beste aldean egokitzen zaidalako lan egitea.

Batzuendako, ia bizkai-txarra naiz, beste batzuendako guipuchi-a, eta beste batzuek uste dute —nire antzeko egoera bizi dutenek— Errepublika Independenteko kidea naizela (nahi bai!).

Nahikoa gipuzkoar ez izatea ere leporatu zait, nahiz eta Bizkaian irabazitakoaren gaineko zergak Gipuzkoan ordaindu (ederra tontakeria!). Euskaraz ere ez dugu gipuzkera deitutakoa egiten, bizkaiera baizik. Koldo Zuazo hizkuntzalari herrikideak sartaldeko sortaldeko euskara izendatu du gurea. Gipuzkoar nahikotasun mailarik ez dugu ematen, beraz.

Deba arroko askori, barrendarrei eta goiendarrei, arrotza egin zaigu lurralde-partiketa hau. Bazterreko sentitu izan gara sarri. Izan ere, Gipuzkoa Zarauzko autobidearen ordainlekuan amaitzen da probintziano askorendako. Hortik aurrera, lurralde urruna eta exotikoa. Imajinario gipuzkoar murritzak bazterreko gipuzkoarrok ez gaituelako barnean hartzen.

Bazterrean bizitze honek, baina, aukera ematen digu ikasteko zein absurdoak diren probintzien arteko (edo kontrako) hainbat kontu. Absurdoak dira kontatzen diren txisteak, ondokoak ergelagoak direla nabarmentzeko. Absurdoa da lurralde biak zeharkatzen dituzten garraiobide eta autobideek tarifa desberdina izatea alde batean edo bestean erroldatuta egoteagatik. Absurdoa da elkarri bizkarra emanda bizitzea, pentsatzea alboko probintzia askoz leku okerragoa dela. Absurdoa da lehia eternoan egotea, erresuminetik sortutako konpetentzia, mesfidantzan oinarritutakoa. Ez da lehia sanoa, gogo gaiztoz eraginda dagoelako. Absurdoa da, zeren galdetuz gero zergatik diren uste horiek guztiak… inor ez da gai erantzuteko, eta, buruari pixka bat eraginez gero, beti agertzen delako futbola! Aurkari izateko motibo bakarra gizonezkoen futbola da! Absurdoagoa mugako herri honetan: hiriburuetako talde bietako zaleak dauzkagulako, eta orain lehenengo mailan talde propioa edukita, askoz absurdoagoa bihurtu delako.

Futbolak sor litzake halakoak. Baina hainbesterako? Sortu ostean, elikatu ere egin behar dira ezinikusiak, eta batzuei oso ondo etortzen zaizkiela begitantzen zait. Batez ere, prentsa talde bati, mantxeta birekin konfliktoa hauspotzen du-eta. Talde horren begi bistako interesez gain, ezkutuagoak ere badaudelakoan nago.

Estrategia honek kalteak eragiten ditu. Jakina, mugalariok argi dugu guri zer ondorio txar dakarzkigun. Ez ahaztu ezin izan ginela probintziatik irten —ondoko herrira joan— konfinamendua arindu zenean. Beste kontu praktiko batzuetan ere kalte: gutako askok Mugi eta Barik txartelak behar ditugu, biak. Arau desberdinez aparte, euskal komunitateari eragiten dio kaltea, gure herria trinkotu eta indartzeko enbarazua delako. Esajerazioa iritziko diozue askok, Euskal Herria zazpi probintzia direla, eta ez zaizue arrazoirik falta. Baina kontu askotan motorra diren probintzietako biztanleen artean horrelako ezinikusiak badaude, zelan elkartu eta aurrera egin? Mesfidantza ez da lagun ona ezer eraikitzeko, eta hori dabiltza xaxatzen aspaldi luze baten.

Gipuzkoako Hitzan

TikTokerrak

Leire Narbaiza 2020/10/06 00:00
Argia astekariko 2698. zenbakian argitaratua

Heldu gehienok TikTok zer den ere ez dakigu. Baina 9 urtetik gorako ume/gazteak zoratuta dabiltza aplikazioarekin, euren denborapasa gogokoenetakoa delako.

Hainbestetan entzunda, deskargatu egin nuen. Edukiak ikusteko ez da izenik eman behar, gainera. Oso bideo laburrak agertzen dira, aliritziz, klik egin barik. Erpurua pantailan gora eta behera erabili nuen ordubete luzez arratsalde pare baten, telefonoaren bateriak nahikoa! esan arte.

Txiste, meme, challenge eta estiloko jolasak ikusi nituen, asko errepikatuta, batzuk aspergarriak, bat edo beste gogokoa. Voxeko larregi. Ia denak gaztelaniaz, gutxi batzuk ingelesez eta bat-edo euskaraz.

Horrelako giro jostarietan sortzen dira hizkuntzari bizindarra ematen dioten argot eta gazte-hizkerak. Horregatik, gure gaztetxoak txundituta dituelako, ezinbestean TikToker euskaldunak behar ditugula uste dut. Baliabide guztiak (batez ere ludikoak) aprobetxatuta lortuko dugulako hizkuntza indartzea. Gainera, txikiek sortu eta erabiliko lukete, dibertituta. Birus sasoian euskara biralizatuko litzateke, eta jolasgai izango lukete.
Noiz TikTokertuko gara?

Argian

Mundu zoroa eta euskara batua

Leire Narbaiza 2020/09/30 11:35
Gipuzkoako Hitzan 2020ko irailaren 18an argitaratua

Sasoi bitxiak bizi ditugu, ez bakarrik pandemia batek inguratu, bizitzaren arlo guztiak bete, eta solasaldi oro zipriztintzen dituelako. Martxo aurretik ere garai abozinatuak (eszentrikoak, bitxiak) ziren gureak "se ixen be ondo sorue da au mundu au bixi gariena", Kiromantzidxe poeman Sarrionandiak dioen moduan. Zoroa da bizi garen mundu hau; ez da oraingo gauza, ostera, aspalditik dator kontua. Begi bistan —ipurdi bistan ez esatearren— dakusagu orain, baina arrazoia da sare sozialek nabarmendu egin dutela giza espeziaren jatorrizko lerdokeria. Ez du esan nahi denbora hauetan jende tentelagoa denik, ez. Garai hauetan sarriago irakurtzen dizkiegu jakintsukeriak koinatuei, besterik ez.

Hala, egunotan jakin dut orojakile ahohandi horietako baten eskutik, idazteko darabildan hizkuntza hau asmatua dela, ez dela antzestrala (antzinakoa), ezta benetako euskara ere. Engendro (munstrokeria) hutsa dela, Sabino Aranak diseinatu eta sortua. Gainera,—O, sorpresa!— asmakeria honek ez du hitzik Twitter esateko. Hori gutxi balitz, berba teknikoak eskuratzeko ere maileguetara jotzen du; beraz, beste mintzaira batzuetatik lapurtzen ditu hitzak, hain da pobrea euskara batua! Bai, lagunok, halakoak takean-potean leitzen dira txioetan, gaiaz ezer gutxi dakitenen eskutik (edo atzamarretik?). Euskara batua zer den ere ez dakiten sasijakintsu horiek pare bat ideia —oker— solte lotu, Sabino tartean sartu, eta voilà, zirberespaziora jaurti! Erraz-erraza! Filologoak nonahi!

Sasiletradu horiek batzuetan ezjakintasunetik dihardute. Besteetan —gehienetan— maltzurkeriatik dabiltza, jakin dakitelako euskara batua sortzeak daukan garrantzia gure hizkuntzarendako. Kontzienteki edo inkontzienteki botako dituzte iritziak, baina guztiaren azpian badago arrazoi handi bat: batuak gaitu egiten duela euskara gaur eguneko mundurako, homologatu hizkuntza modernoak deitutakoekin, etorkizunerako erreminta erabilgarri bilakatu jakintza arlo guztietarako.

Batua gure hizkuntza komunitateko ezinbesteko zutoina bihurtu da. Etxe zaharretan igogailua eraikitzea bezalakoa: eraikin barrutik zutabe bat altxatuta, etxea indartzeko eta irmotzeko balio duela, euskarri argia delako. Ahaztu barik, solairuen arteko komunikazioa errazten duela, baita kalera irtetea ahalbidetu ere. Hori da batua. Eta astakeria horiek idazten dituztenek batuaren garrantzia sumatzen dute, hizkuntza kontuetan tutik ere jakin ez arren. Euren adierazpenak irakurrita, argi lagatzen digute euskarafobia dutela, ustezko kosmopolitak (kosmopaletoak) direla, edota Espainia bat, handi eta librearen zaleak.

Horrelakoekin zer egin da galdera. Barruan daramagun borrokazaleak diosku erantzun behar diegula, edo barregarri utzi denen aurrean. Senak, ordea, iradokitzen digu ez ikusiarena egiteko, erraza ez den arren odolberoa izanez gero. Zer egin beharko genuke horrelakoekin, jakinda ez dutela iritzia aldatuko? Baina, era berean, horrelako laidoak isilik jasan beharko genituzke? Ez dira odoluzkiak, lagunok. Estrategia komuna beharko genukeela uste dut zentzuzko eran, beti ere gure onerako, irainak gehitu egingo direlako, zalantza izpirik barik.

Harrigarria da bizi duguna, estrainioa. Zeren, izan ere, ondo zoroa da mundu hau bizi garena.

Gipuzkoako Hitzan

Ez gaitezen higuingarriak izan!

Leire Narbaiza 2020/09/18 00:59
Gipuzkoako Hitzan 2020ko irailaren 4 argitaratua

Kanpineko igerilekuan nago, gerizpetan arratsaldeaz disfrutatzen. Oso ondo dago guztia prestatuta pandemia sasoirako, eta hiru metroko distantzia mantendu egiten da hamaka artean. Eskerrak! Zeren nire ondoan dagoen ama bartz-orrazia (liendrera: zorriak izan edo, egoteko susmoa edukiz gero, erabiltzen den hortz estuko orrazia) ari zaion pasatzen semeari. Haluzinatuta nago, orrazi pasada bakoitzeko, paper baten gainean astintzen baitu, eta atzazalekin bartz edota zorriak akabatu. Higuingarria leku publiko baten.

Gauean bertan, familian afaltzen gabiltzala, gaiaz jardun dugu. Pasadizoa erabili dugu umeei esateko zer den onargarria eta zer ez leku publiko baten gaudenean. Aprobetxatu dugu jakinarazteko jatorduetan ezin dela ahoa zabalik jan, gureetako bat hala dabilelako ahokoa besteoi erakusten eta zaratak egiten murtxikatzean. Hori ere nazkagarria dela adierazi diogu, oso konforme geratu ez bada ere. Edukazioa ona dela esan arren, ez du ulertzen ondo, eta eztabaidan ibili gara.

Orduan, horrelako nardagarrikeriak etorri zaizkigun burura, ranking bat egin nahian bagenbiltza legez. Aurreko baten ikusi eta entzundakoa gogoratu dut: udako egun eguzkitsua, parkean paseatzen genbiltzan, eta klak-klak-klak entzuten zen. Hurreratu, eta zer izango? Gizon bat atzazalak mozten bankuan! Baina nori otutzen zaio halakorik? Irten egin behar da, gero, asmo horrekin kalera! Zelako enpagua hots hutsa entzunda!

Norbaitek esan lezake atzazalena ez dela hainbesterako. Baliteke. Higienikoa, behintzat, ez da. Antihigienikoagoa da, zalantzarik gabe, txakur kakak ez jasotzea. Hori nazkagarrikeria handienetakoa da. Oinez espaloian, eta mokordoa jaso barik. Zapalduz gero, zorte ona dakarkigula esan, kontsolatze aldera. Itzela. Halako hamaikatxo anekdota nardagarriak dituzte lorezainek, herrietako zelaietan belarra mozten ibiltzen direnean kirten luzeko makinarekin. Puntan helize zorrotz bat du, eta mina batekin topo egitean, goitik behera zikintzen dira gorotz zipriztinez langileak, zergatik, eta jabe burubakoek txakurrak “berdean” kaka egitea nahi dutelako, ekologiaren aitzakian gorozkia ez jasotzeko. Alfer berekoiak besterik ez dira txakurdun zikin horiek.

Segituz gero higuingarrikeriekin, top 3an sartuko nukeena lehenengo postuan ez bada, kalean tu egitea da. Karkaxaren zarata, gorrodun txistu hori, eta jaurtitze-hotsa baino gauza lohiagorik gutxi, nahiz eta umeen eredu diren futbolari hiper aberatsek ere egin futbol zelaian. Ez da edukazio edo sentsibilitate kontua soilik, osasunarekin ere badu zerikusia. Kerru horretan birus eta bakterio asko egoten direlako. Beti pentsatzen dut, laprast egin eta karkaxa baten gainean jaus gintezkeela… Gurpil aukian dabilen bati irakurri nion eskuak erroberetan jartzen dituztela, eta tu horiek ukitzen dituztela. Aj! Lagun baten amak esaten duen bezala: pena ez dutela errebotatzen ta pla! aurpegian eman jaurtitakoari. Justizia litzateke.

Sasoi asaldagarriak bizi ditugu, hala da. Inoizkorik gehien gabiltza zaintzen higienea eta garbiketa. Eten barik geure buruaz eta elkar zaintzeaz dihardugu, baina badirudi oinarriko edukazio kontuak ez ditugula barneratzen erabat. Bada, edukazioa eta hurkoarenganako errespetua ere zaintza da, ez dezagun ahatz

Gipuzkoako Hitzan

Non dago Kilimon?

Leire Narbaiza 2020/08/31 23:52
Gipuzkoako Hitzan 2020ko uztailaren 24an argitaratua
Non dago Kilimon?

debabarrenaturismo.com-etik hartutako argazkia

Errepidez bidaia bat egiten dudanean beti izaten dut gogo bera: bide bazterrean dauden seinaleei jaramon egin, eta iragartzen dituzten eliza, etxe, zubi eta abarrei bisita egitea. Automobila gelditu, eta ezagutzea panelean iradokitzen duen guztia. Seguru nago sorpresa on asko hartuko nituzkeela. Txarren bat ere bai, ez dut dudarik.

Umetatik horrela ibiltzeko guraria badut ere, ez dut inoiz egin, helmugak beti agindu duelako, iritsi beharrak frenatu duelako nire nahi hori. Zer esanik ez bidaiakideen betoa, alderrai ibiltzeak jende gutxi erakartzen duelako.

Bulkada hori edozein bide-tartetan agertzen zait, beharrera noala ere pultsio hori izaten dut, edo horrelako desplazamendu errutinazkoetan. Zenbat bider pasatu ote naiz Zaldibartik eta San Andres eliza XII. mendekoa jartzen duen kartela irakurri? Zenbatetan autoa geratzeko gogoa izan? Ehunka, eta oraindik ez dut egin.

Halako zerbait gertatu izan zait Astigarribiarekin, Mutrikun, batez ere Gipuzkoako elizarik zaharrena bertan zegoela jakin nuenetik (hau ere San Andres). Etxetik 19 kilometro eskasera egon arren, uztail honetako egun baten erdipurdiko eguraldiak lagundu dit bisita egiten.

Txango berean Kilimon bailara bisitatu genuen. Ziur nago hegoaldeko guztiok entzun dugula Guadiana ibaiari zer gertatzen zaion, desagertu egiten dela badakigu. Baina ez dakigu Gipuzkoan bertan badugula halako erreka bat, Kilimon, Andaluziakoa baino askoz txikiagoa, baina fenomeno bera duena: agertu eta desagertu egiten da —dakidala beste bat ere badago Nafarroan, Urrobi ibaia—. Mendaron dago, etxe ondoan.

Irtenaldiek Kilimon ezagutzeko ez ezik, beste kontu batzuetarako ere balio izaten dute. Gure herria hobeto ezagutzea beti da onuragarria, laguntzen digulako gehiago maitatzen, eta, ondorioz, babesten eta zaintzen. Noraezean ibilita aurkikuntza handiak egin litezke, haran harrigarriak, txoko txukunak, eraikin erakargarriak eta paraje paregabeak. Ederrak guztiak. Baina toki hauen ifrentzua ere topa genezake, ia alboan. Horrela, egunotan galdu-gordean ibilita, konprobatu dugu bertatik bertara zer sarraski egiten dabiltzan mendietan. Katastrofe bat konpondu beharrean, beste handiago bat eragin. Pinuak kendu, eta sail osoak soilduta ikusi ditugu, matarrasa eginda, gorri, malda handiak inongo babes begetalik gabe lagata, lurrari eutsiko dioten landare barik, substratu emankorra lehenengo zaparradarekin galtzeko arriskuan; eta hori gertatuz gero, lurra lokatz bihurtu eta ibaiak hondatzeko moduan. Mendi-hegiak ebakiondoz josi dituzte, arbolak ateratzeko eraikitako pistak zaurituta, basoa urbanizatuta. Eta errematerako, eukaliptoa sartuta. Hondamendi ekologiko bat beste hondamendi larriago batekin ordezkatuta. Ederra, oso ederra dena. Ez dugu ezer ikasi.

Hiztegian begiratuta jakin dut kilimon egin porrot egitea dela, erreka jotzea. Gure bazterrak maitatzeko, lanbroak ezkutatzea ez da nahikoa, ezagutu behar ditugu, hori da lehenengo pausoa balioesteko. Balioa emanda estimatuko ditugu, eta horrela bakarrik zaindu eta babestu. Horregatik da hain garrantzitsua Kilimon non dagoen jakitea, gertukoa ezagutzea, kilimon ez egiteko.

Uda atipiko honetan hasi gara gu. Zuetako nor animatuko da Kilimon ezagutzen?

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua