Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Josu Leokanne

Pikillo pudina

Josu Mendicute 2008/01/07 23:57
Errezeta erreza, aldez aurretik prestatua, merkea, txukuna eta originala. Sukaldean errezeta barik gustorago aritzen naiz eta behin baino ez dut hau egin, baina ideia bat egiteko baliagarri izango delakoan...

Puddin de Piquillo

Osagaiak

  • Bizpahiru tipula
  • 400 gramo (2 pote) pikilloko pipar
  • Olioa
  • Gatza
  • 200 g esnegain
  • Dozena erdi arrautza
  • Gurina
  • Ogi birrindua

Nola egin

 

Tipula zuritu, zatitu eta oliotan egin. Gatz apur batek hobeto egiten lagunduko dio. Bitartean, piparren ura taza batean bereizi, eta piperrak garbitu (erditik moztu eta pepitak kendu). Tipula bigundutakoan piparrak zatituta gaineratu eta guztia ondo egiten utzi. Piparren ura gehitu daiteke eta lurrintzen laga. Guztia batidoran pasa (aurretik, olioa kentzeko, koladorea pasa daiteke eta koipe hori beste batean aprobetxatu, adibidez arrautzak egiteko).

Batidoran pasatakoa esnegainaz nahastuko dugu. Gero arrautza irabiatuak ere nahastuko dizkiogu. Kontuz, nahasketa oso beroa baldin badago, ez dadin arrautza gatzatu.

Arrautzak gehitu aurretiko saltsa hori, egokia izan daiteke baita ere haragiak, piper beteak, arrautzak edo pudin hau bera laguntzeko (azken kasu honetan hoztu ondoren, bestela beroan hobe).

Molde baten barruko aldea gurinaz estali ondoren, ogi birrindua jarriko dugu gurinaren gainetik molde osoan zehar. Honek ahalbidetuko du gero pudina modu errezean ateratzea.

Nahasketa guztia moldean sartu, eta posible bada molde hau urez betetako beste ontzi handiago batean jarriko dugu eta aldez aurretik berotutako labean sartu (beroa goitik eta behetik, edo behetik bakarrik? 180ª?).

Eginda dagoen itxura duenean, laban bat sartuz konprobatu gatzatu egin dela. Hozkailuan utzi zenbait orduz. Kontu handiz atera. Laguntzeko hiru proposamen:
-Piper gorriak.
-Mahonesa. Egiteko: arrautza bat eta gatz apur bat irabiatu (berakatza ere gehitu dakioke), girasol olioa pixkanaka bota batidoraz irabiatzen dugun bitartean, saltsa potolotu arte. Potolotu arte beharrezko kantitatea erabili. Nahi dugun loditasuna lortutakoan, ozpina bota.
-Mahonesari piper gorri batzuk gehitu eta birrinduz saltsa apropos bat lor dezakegu.

Edukaziñua

Josu Mendicute 2008/01/03 19:15
Los Chicos del Coro hunkigarrixa iruditu jata ezagutu nebanetik, eta urtia hasteko plan eziñ hobia irudittu jatan hauen kontzertura juatia. Donostian, Bilbon ta Gasteizen kontzertuak eman dittuez urteko lehelengo hiru egunetan, ta ni bigarrenian egon nitzan, Bilbon. Egixa esate aldera, asko haserretu nitzan kontzertuan ikusittako hainbat jokabideren eragiñez, eta hórrek jokabidiok aipatuko dittut.

Lehelengo ta behiñ, ez dot aitzen zelan antolau leiken kontzertu hori La Casillan. Donostian 5 euro gehixagotan Victoria Eugenian ikustia zeguan, etxakit zelan ez nitzan bertara juan. Pentsatzen dot Bilbaok badazkala beste ganora bateko tokixak kontzertu hau egitteko, eta ez dot esaten elegantziagaittik: komodidade aldetik be, ikusentzulietatik gehixena albo baten geuazen. Tokixa mejorablia, baiña ez zan fuertiena izan. Etxetxora (La Casilla) sartu eta zer antzemango? Palomita usaiña, izugarrixa. Jendia eskuan palomitaz betetako kartoi kajekin. Eziñ neban siñistu, baiña rematia izan zan ikusita rezintuan bertan ari zirala palimitok saltzen. Falta zana!

Harrittuta, sartu giñan barruraiño. Eseri, ta ondo (ez zan 5 miñutuko retrasora aillegau) hasi zan kontzertua. 20.00tan hastekua zan, baiña batzuk 20.20tan heldu ziran. Hori be ezin dot ulertu, gisa honetako kontzertu batek 45 miñutu irautia gauza normala izanik. Horren aurretik, solistetako batek ongietorrixa emon zeskun. Euskeraz. Bi hitz esaten zittuan bakoitzian, publikuak txalo ta txalo. Gero geu jo ta ke erderari, hori bai, kanpoko umiak datozenian ze politta dan eurek euskeria erabiltzia.

Palomita usaiñaz aparte, pipen zaratia be entzuten neban inguruan. Oso higuingarrixa hori aguantau biharra, publiko horrek foballa ikusten zeuala pentsatzen zeban ala? Ardo garrafia ta purua ataratzia falta jaken. Horrekin gitxi ez eta, modan lez, telefono bat entzuten hasi zan. Bost tono ez zittuan ba emon!! Poltsa baten-edo sartuta zekan afortunauak, eta atara zebanerako danak zeuazen begira. Atara eta pare bat tono-edo bihar izan zittuan zaratia kentzeko. Azkartasunan kontzeptua Erregian Aurpegixan (=ipurdixan) dake batzuek. Ba justu momentu horretan argi gehixago zeguan ixa publikuan, eszenarixuan baiño. Zenbat segapoto derrepentian!! Batek jo arte itxaron bihar dau jendiak beria amatatzeko??

Rematiak amaieran. Txalo artian propina kanziño bat joten hasi ziran, eta publikokuak erritmora txaluak emoten, Zuzendarixak iñongo baimenik emon barik. Publikuan partaidetza sustatzia gustatzen jata, baiña kontzertu baten ez naiz ni izango, Zuzendarixan baimen barik, txaloka erritmua eruaten hasiko naizena. Gehixago: bukaeran, txaloartian, txistuak eta oihuak. Berbena baten primeran, baiña ez jatan egokixa begittatu. Txalo hutsak hunkigarrixaguak ziran. Okerrago txaluak baiño lehenago alde egin zebenak, edo abesbatza eszenatokixan zeguala urtetzen hasi ziranak.

Ez dot amaittuko abesbatzako umien edukaziñua aipatu barik. Horrek bai, kontzertu guztixa tente, eskuak bizkar atzian helduta, ondo jantzitta eta alkandoria prakatik atara barik. Gaur egunian galduta daguan diszipliniaz egon ziran ixa bi orduz eszenatoki gaiñian. Solistak banaka agurtu zeben, danek batera agurtu be eiñ zeben, eta bakotxak bere sasoian urten zeban, lasai lasai. Publikuan, barriz, edade guztietako jendia... gaztetxo horietatik edukaziño apur bat ikasteko aukeria izan zeben. Lotsatuta Bilbon euskaldunok emondako irudixaz, eskaeria bertaratutakueri: palomitak jatera juan, hurrengo baten, Max Centerreko zinietara. Eta irrifarretxo batez amaitzeko, Los Chicos del Coro asko gustatzen jatan kanziño bat abesten: Caresse sur l'océan (Caricia sobre el Océano).

Bideoa eguberria zoriontzeko

Josu Mendicute 2007/12/24 03:47
8 segunduko bideoa zintzilikatu dut YouTuben gabonak zoriontzeko.

Larunbat goizean iritsi zen nire azken nobia etxera, eta gaur probak egiten aritu gara. Lehenengo mahaian, eta orain ohean gaude. Norbaitek ez baldin bada enteratu jakin dezala nire MacBook portatilaz ari naizela.

Kamaratxo integratua dauka eta Photo Booth programarekin efektu desberdinak erabili daitezke argazki eta bideoetan. Programa hori erabiliz egin dut di-da batean gabonak zoriontzeko bideoa, fondo moduan Steffe-ri esker, CC 2.0 lizentziapean lortutako irudi bat jarrita.
 

 

Eguberri on!!

Tiroketa Eibarren

supermendikute 2007/12/14 15:00
Gaur Pasalo, Gente eta horrelako programetan Eibar ezagutzera emongo dabe, suposatzen dot. Antza, ijitu bat armaz erahilda, Polonia Etxeberria kaleanEguerdian zihar hainbat sirena entzun ditut eta eitb24.com-en ikusi dot albistea.

Udal enrollatua daukagu

josu 2007/12/13 14:44
Behin baino gehiagotan esan dut zer izan nahi dudan nagusian: jubilatua. Baina horretarako lehenago lan egin behar, eta horretan gabiltza, ahal dugun heinean. Tira, enbidia apurtxo bat badiet jubilatuei, baina ez diet ukatzen dituzten zerbitzuak merezituak ez direnik. Horrek ez du esan nahi zerbitzu publiko duina jasotzeko jubilatuak izan behar dugunik. Ala bai?

Tristura handiz ikusten dut nolako desberdinkeriaz tratatzen diren gazteak eta nagusiak instituzio publikoen aldetik. Arduradun politiko bati entzun nion gazteokin ez dagoela ezer egiterik, ez garelako mugitzen. Kasu askotan egia bada ere, mugitzen garen kasu askotan jasotzen dugun babes eskasa ere aipatzea falta izan zitzaion, noski. Babes eskasa, oztopoak ez direnean, noski.

Urte gutxi batzuk atzera egingo ditut gaur, oraindik piska bat kakaumeagoa nintzenera itzuli nahi dut une batez. Kakaumea, baina gerra ematen hasitako adinean. 14 urte ingururekin, larunbat arratsaldetan Punto y Aparte diskotekara joaten ginen. Udalaren dirulaguntza du diskoteka honek, 12-16 urte bitarteko gazteek alkoholik gabeko diskoteka izan dezaten. Noski, sarreran joaten zaie gazte hauei pagaren zati handiena. Nik sarrera eta txokolatina bat erosteko haina izaten nuen larunbatetan, gurasoen pagarekin. Hori bai, sarrerarekin batera edari bat (alkoholik gabea) ematen dute!

Ondo deritzot horrelako zerbitzu bat egoteari, baina larritasun apur batez ikusten dut gazte hauek, 14 urte ingurukoek, bere paga osoa ekimen honetan xahutu beharra. Larritasunez ikusten dut, batez ere, beste batzuei dantzaldia doan eskeintzen hasi behar zaienean Astelena frontoian. Noski, beste horiek jubilatuak dira. Antzina bezela berbena izango dute doan, eta benetan poztu nintzen jakitean. Oraindik ulertu ezin dudana da zertan dabilen Eibarko Udala, bertaratzen diren jubilatuei edariak doan ematen.

14 urteko gaztetxo batek bere paga hipotekatuta dauka: larunbatean diskotekako sarreran eta txokolatina batean gastatu behar du. Jubilatuek, pentsio baxua izan arren, badute edari bat ordaintzeko haina, baina etxean utzi dezakete kartera: badakite Udalaren ekimen batean parte hartzeak doako edaria dakarrela.

Egunkari batean irakurri dut ikustear dagoela zelako erantzuna izango duen, gaur arratsaldean, horrelako lehen dantzaldiak. Ikustear? Edaria doan emanda nola ez dira hurbilduko ba, jubilatuak? Biharko edo etziko prentsan "éxito rotundo" irakurriko dudala ez daukat zalantzarik. Ba, zorionak. Eta bide batez proposamen bat Eibarko Udalari: gazteentzat dantzaldia larunbat gauetan Astelena frotoian. Lehen edaria Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren kontura, noski. Izan ere, Udal enrollatua daukagula ez daukat zalantzarik!

Eguneraketa. 2007/XII/15
Aurreikusi moduan, gaurko DVk "Valoración positiva" dio.

Gautxoria

Josu 2007/12/07 04:01

Gauerdian esnatzen da benetan Josu, eta bere burua hegaka hasten da. Logureak hegan ihes eta inspirazioak aterrizatu egiten du Josuren logelan, eta bere ordenagailuko teklak laztantzen ditu hitz goxoen bila.<br /><br />Bi hitz mota omen daude. Egunekoak, arrazoiaren hitzak... eta gauekoak, sentimenduen hitzak. Eta Josuk gauez aritzea atsegin du. Josuk hildako poeten klubeko kide izan nahi luke, eta txoko ezkutuetan poesiak kanta. Eta badaki ez dela horretan onena, baina batzutan poeta sentitzea gustatzen zaio. Basoa isilegia litzateke hoberen abesten duten txorien kanta hutsaz. Norbaitek jarri behar dio musika gauerdiari.<br /><br />Gabon, poesiaren lagun. Egun on, arrazoiaren maitale.

Elkarrizketa KTBn

josu 2007/12/06 23:02
San Andres egunean KTB Eibarko Vocentoren Telebistakoek harrapatu ninduten jaien inguruan galderaren bat egiteko. Momentu kritikoena seguraski elkarrizketatzeko: umeak zain, Udaletxeko atean utzita nere kotxea, Udalak ekarri beharrekoak ez ziren agertzen... baina hala ere galdera batzuei erantzun nien. Pena moztu dutena moztu izana. Udalari botatzen dizkiodan purrustadak gustatzen zaizkie Eibarko kazetariei. Eta pena interneten KTBk ezer ez egitea, Goienan egiten duten bezala. Baina tira, halanola grabatu eta Youtubera igo dut.



Eskerrik asko KTBri gure informazioak herriko telebistan hedatzeagaitik.

Julen blogari

josu 2007/12/03 22:35
Bloga izatea dagoeneko gauza arrunta da. Nere anaiak askotan entzun izan dit bloga gora eta bloga behera, baina ez diot sekula ganoraz erakutsi zer demontre ote den bloga. Gaur euskararen eguna dela eta, ospatzeko zeozer berezia egin behar genuen. Boteprontoan esan diot: egin zure bloga. Eta espero ez nuen baietza eman dit!

Ez dakit zer demontre kontatuko duen hamaika urteko nere anaiak bere blogean. Agian Eibar KEaren kontutxoak, Jaimitoren txisteak edo eskolarako idazten dituen ipuinak, ez dakit. Agian, pixkanaka interneteko erramintak erakusten joateko bidea ireki ahal izango dizkit blog honek. Ez litzateke gutxi izango.

Amak dio agian gazteegia da. Baliteke, baina bai berak zein bere lagunek msn messengerrean jarduten dute, eta inork ez du esaten horretarako gazteegiak direnik. 13 urterekin msn Spaces eta Fotologak egiten hasi dira, eta inork ez du esan gazteegiak direnik. Txorakeria horiek egiteko kapaz badira, zergaitik ez bloga bezalako erramintak erakutsi? Animo, Julen!
Josu Mendicute

Goizaldean jaio nintzen, gurasoek koadrilarekin afaria amaitu eta Korrika Eibartik pasa artean. Urte batzuk geroago Eibarko Alkate izateko hautagai izendatu naute.