Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Josu Leokanne

Zortzi urte kalez kale putz egiten

Josu Mendicute 2009/09/02 18:44
2001an jo nuen lehen aldiz txarangarekin, Mendaron. Nire bizitzaren heren bat baino gehiago daramat, beraz, herri batetik bestera, jairik jai, saxofoia jotzen. Izugarrizko esperientzia izan da niretzat.

Beste batzuk futbolean aritzen diren bezala, nire gaztetako hobbia fanfarre batean jotzea izan da, eta izaten jarraitzen du, oraindik ere. Askori jarduera baldar samarra iruditzen bazaio ere, beti aldarrikatu dut txarangako kide izateak asko aberastu nauela.

Txarangan ezagutu ditut Euskal Herriko jai mordo bat, eta txarangan ikasi dut gaupasa egiten, edaten, poteatzen, afariak noiznahi egiten... eta bertan ikasi dut estatutuak idazten, aktak jasotzen, fakturak egiten, bezeroekin negoziatzen, diru-kontuak egiten, artxiboak kudeatzen, pregoi bat egiten, prentsa oharrak idazten, giza-taldeak kudeatzen, jaiak antolatzen... gazte talde autogestinatu bateko kide aktibo izateak izugarrizko esperientzia ematen duelakoan nago. Esango nuke partaidetza honek lanerako prestatu nauela.

Eta aurretik 7 urtez egindako oinarrizko musika eta saxofoi ikasketek zentzua izan dute txarangari esker. Ustekabe ikasketa horien ondorengo zubi bat da duela 9 urte 16 gazte kementsuk taldea sortu zutenetik, eta datorren urtean X. urteurrena iritsiko zaio. Biba!

 

Idazkariaren anekdota

Irakasle batek askotan esaten zidan horrelako gauzetan denbora larregi galtzen nuela. Irakasle hark puntu erdi eskeini zuen galdera bat erantzuten zuenarantzat. Bilera historiko bat aipatu zuen, eta bilera horren idazkaria nor zen esan ondoren, horrek zein garrantzia zuen galdetu zuen. Nire harridurarako, inork ez zuen erantzun, eta nik erantzun nion: idazkariak aktak idazten dituelako. Lotsagarria iruditu zitzaidan nire ikaskideek hori ez jakitzea. Irakasleak galdetu zidan ea zergatik nekien nik hori, eta orduan konturatu nintzen: "txarangako Estatutuetan hala jasoa daukagulako". Amorru eman zion, baina isildu behar.

 

Ustekabe fanfarrea Teleberri saioan (ETB)

10 essential sites

Josu Mendicute 2009/06/14 00:05
Internet aurkezten dugu guztion ahotsa entzuteko toki moduan. Baina zer diren gauzak, gutxi batzuen indarrari aurre egiteko, bakar bati eman diogula kontrola.
Time aldizkariaren ustez hauek dira 10 'ezinbesteko webguneak'. Ondo. Pentsatu dut blogean idaztea zeintzuk diren euskal Blogosferaren 10 ezinbesteko webguneak. Ez da zerrenda erraza: sustatu, zabaldu, euskaltube, blogak.com ... Askoz errezagoa da beste modu bateko zerrenda egitea: zer behar dut nik interneten?

 

  • bilatzaile bat
  • e-posta
  • mapak
  • agenda (egutegia)
  • dokumentuak partekatzeko sistema
  • feed irakurgailua
  • bideoak
  • e-posta taldeak
  • albiste bilatzailea
  • argazkiak

 

Alegia...
  1. google
  2. gmail
  3. google maps
  4. google calendar
  5. google docs
  6. google reader
  7. google video
  8. google groups
  9. google news
  10. google images

 

Hara, horra hor ezinbesteko hamarren zerrenda.

San Juan jaien jarraipena, sare sozialen bidez

Josu Mendicute 2009/06/13 18:35
Tuenti eta Facebook sare sozialen aukerak probatzen ari gara Eibarko Sanjuanen jarraipena egiteko. Kaxkajo Eibarko koadrilen maskotari perfila sortu diogu eta informazioa hedatzeaz gain, argazkiak konpartitzeko ere erabiliko dugu.

Pasa den urtean webgunea sortu genuen: sanjuanak.com. Lanez gainezka gabiltza Sanjuanetan GASTE elkartekoak, baina egunero minutu gutxi batzuk dedikatzea erabaki genuen bideo eta argazki batzuk sareratzeko. Erabiltzaileek ere argazkiak igotzeko tresna jarri genuen martxan, eta gure webguneaz gain, eta kitto! Elkarteak argitaratzen duen Bixamona aldizkarirako erabili genituen argazkiak.

Erreferentziak prentsan: DV, Correo.

Esperientzia polita izan zen. Partehartzea ez zen oso handia izan, gutxi batzuek utzi zituzten bere komentarioak eta gutxik igo zituzten argazkiak; baina bisita ugari izan genituen Sanjuanetan, eta jaiak pasa eta hurrengo egunetan.

Sanandresetan berriz, Tillate fenomenoaren ildotik, webgune hori erabili genuen San Andres bezperako 700 argazki sareratzeko. Ez zegoen inon iragarrita, baina San Andres egunean bertan bisitari uholdea izan genuen. Hurrengo egunetan, prentsan agertzearekin batera, milanaka kontatu genituen bisitak.

Azken ekimen honetan genuen beldur handiena pribazitate eskubidea zen. Argazki zalantzagarrienak ez genituen sareratu, beste batzuen kasuan baimena eskatu genuen, eta norbaitek hala eskatuta, beste batzuk ezabatu genituen. Baina aparteko arazorik ez, eta zentzu horretan, pozik geratu ginen.

Sanjuanak.com ataritik argazki asko hartu zituzten erabiltzaileek Tuenti eta Facebook-era igotzeko. Eta hortik etorri zaigu ideia: zergatik ez zuzenean guk igo sare sozialetara, eta norberak bere burua etiketatu?

 

Kaxkajo Facebook eta Tuenti erabiltzaile egin dugu

Horretarako abizenak jarri behar izan dizkiogu: Kaxkajo San Juan Eibar. Tuentin 769 lagun, eta Facebooken 372 lagun dauzka Kaxkajok. Eta egunero ditu lagun berriak. Guzti horiei ekitaldietarako gonbidapenak egiten die (Dultzaineroei ongietorria, Kuadrilen jokoak... edo Eibartik kanpora hedatzeko ekitaldia: Sanjuanak Eibarren). Facebooken "Sanjuanak Eibarren" orria ere sortu dugu, bere aukerak probatzeko. 286 zale ditu, spameatuak izateko prest.

Sare sozialen bidez jaien inguruko mugimendua suspertzeko helburua daukagu, ekitaldien informazio hutsaz haratago. Pertsonak eta taldeak harremanetan jarriz, ikusiko dugu harreman horiek nonbaitera eramaten gaituen. Hori da gure esperantza.

Ikaskidearen laguna

Josu Mendicute 2009/05/21 01:16
Badakit fitxatuta naukala. Ikaskide baten laguna da bera. Ekitaldiren batean ikusi izan dut, eta askotan gurutzatu naiz berarekin kalean. Badakit nor den, eta badakit berak ere ezagutzen nauela.

Elkar ikusten dugunean nabaritzen dut nola pentsatzen duen "kabronzete, fitxatuta zaude", eta irribarre txiki bat antzematen diot. Baina sekula ez dugu hitz egin. Gurutzatzen garen bakoitzean pentsatzen dut ea agurtu beharko nukeen, baina inozoa iruditzen zait ezertaz ezagutu gabe agurtzen hastea.

Azken hileotan, baina, gogo biziagoa sentitzen dut kalean geratu eta besotik gogor heltzeko. Animo txo, segi aurrera esateko. Lagunak eta familia badituen arren, babestuago sentitzeko. Eta ez berarekin bakarrik, gauza bera sentitzen dut bere lankide askorekin. Horietako asko dauzkat fitxatuta, eta askotan izaten dut gogoa eurei besarkada bat emateko. Badakidalako ETAkoek ere fitxatuta dauzkatela, eta mutil baten hitzek horren aurrean kemena emango dielako. Bada garaia beldurrak astindu eta, armen aurrean, hitzak askatzeko. Animo.

eta kitto!, 2009/V/22 (ale osoa, pdf)

Tuenti berritxuratzen ari dira

Josu Mendicute 2009/05/07 13:52
Oraindik aplikatu ez duten arren, ABC egunkariari erakutsi diote nolakoa izango den Tuenti aurki. Itxura berria, baina aparteko nobedaderik ez: dagoeneko Facebookek badaukan aukera: kontaktuen lagun komunak ikustea.

Perfilaren portadan argazki gehiago ikusten dira. Orain duten ratioari eutsi nahi diote (ia 2 milioi argazki berri egunero). Bideoak ikusteko sistema bat ere gehitu diote.

Oraindik ez dute argitaratu, baina ABC egunkarikoei erakutsi diete Tuentik izango duen diseinu berria. Aurrekoaren oso antzekoa, baina erabilterrazagoa dirudi. Hain zuzen, erabilterraztasuna aipatzen dute erabiltzaile gazteenek, Facebook beharrean Tuentin aritzeko. Hala ere, azken hilabeteotan Tuenti erabiltzaile hauetako asko hasi dira Facebookera saltoa ematen. ABCn ez dakar hizkuntzari buruzko informaziorik. Oraindik Tuenti gaztelera hutsez dago. Euskara berandu iritsiko da hona ere, iristen bada.

 

Kazetari monomedia iragana da

Josu Mendicute 2009/04/30 02:08
Lagun bat daukat hiri bateko telebista txiki batean lanean, eta dio ez dagoela lanik, ez dagoela dirurik mantentzeko. Bera kamara da, ez du besterik egiten. Dio, grabazio on bat egiteak lan asko ematen duela. Ez nago ados. Errentagarri izateko... edo kazetari multimedia zara, edo sakoneko kazetaritzan trebea.

Ezin dut ulertu nolatan herri batek eman dezakeen hainbat egunkaritako korrespontsalak, bizpahiru irrati, telebista, aldizkaria, internet... medio bakoitzak bere kasa bizitzeko.

Ez dut ulertzen, ezta ere, telebistatik grabatzera doan batek zergaitik ezin duen irratirako kortea hartu eta laupabost argazki  atera. Eta ez dut ulertzen telebistarako prestatutako minutu bateko erreportajea nolatan kazetari berak ez duen sareratzen. Eta, bide batez, zergaitik ez dituen laupabost lerro idazten.

Albiste bakarrak lan gehiago emango dio kazetariari, baina, orotara, 5 kazetarik landu beharra baino lan gutxiago, hala ere. Krisi garaietan hortaz ez ohartzea ere!

Kazetari multimedia da kazetaritza 'normalaren' etorkizuna. Sakoneko kazetaritzarako baino ez du balioko medio bakarreko espezializazioak.

Tuenti erabiltzaileen greba deitu dute gaurko

Josu Mendicute 2009/04/15 00:16
Erabilera baldintzen aurkako greba deitu dute zenbait Tuenti erabiltzailek gaurko, apirilak 15. Tuentiren bitartez konpartitutako informazioaren jabetza Tuentik bereganatzen du, eta horrekin amaitu nahi dute erabiltzaileek.

Tuentiren erabilera baldintzen 4. puntuaren aurkako greba deitu dute. Bertan, Tuentik, "obra kolektibo" horretan parte hartzen duten eduki guztien jabe izendatzen du bere burua, eta debekatu egiten du bere baimenik gabe erabiltzaileek beste zerbaiterako erabiltzea. Tuentira argazki bat igotzen duenak, ezin du argazki hori saldu, beraz, jabetza galtzen duelako.

Jabetza, erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikorako eskubideak eskuratzen ditu Tuentik artikulu horren bidez, eta baita eduki horiek bere "behar editorialen arabera" moldatzeko.

Honen aurrean Tuenti erabiltzaileek ebentoak sortu dituzte grebara deituz. Apirilaren 15ean, 00.00etatik 24.00etara Tuenti ez erabiltzeko deialdia egin dute.

Tuentin bertan egondako komentarioek ez dute arrakastarako leku handirik uzten, baina deialdiak ohiartzuna lortu du medio konbentzionaletan ere, eta horrek balio dezake Tuenti estualdi batean sartzeko.

Euskara, berandu

Josu Mendicute 2009/03/23 10:31
Fotolog.com euskaratu dute duela aste batzuk. Argazkiak.org sortu denean, erabiltzaileak Tuentira joan direnean, eta Tuenti euskaratzeko eskatzen ari direnean. Eibarren esaten den moduan: 'Ura juandakuan, presia'.

Fotolog zerbitzuak izugarrizko hazkundea izan zuen gaztetxoen artean mundu osoan, baita EHn. 2007ko irailean 200 fotolog zeuden ofizialki Eibarren, horietako 120 bizirik (azken hilabetean eguneratuak). Baina horiek datu ofizialak besterik ez ziren. Hortik datu errealera egon daitekeen desfasea bikoiztetik gora egon daiteke, erabiltzaile askok beste toki batzuetakoak direla jartzen baitute. Herriaren izenean "Niñooo ponte el" idazten dute, eta herrialdean Jersey aukeratu. Edo "Merry, Christmas Island". Eta holakoak, zientoka. Beste askok ez dute "Eibar, Guipúzcoa, Spain" ikusi nahi eta "Eibar, Euskal Herrixa" idatziz jartzen dute. Horiek ere klasifikatu gabe geratzen dira. Beraz, izango ziren 500-600 Eibarren bakarrik. Proportzioak mantenduko balira, 30.000tik gora Euskal Herrian.

2008an zehar erabilpena jausten joan da, seguraski Tuentiren eraginez. Eta orain, jendea Tuenti euskaraz jar dezaten eskatzen ari denean, eta argazkiak.org agertu denean, Fotolog euskaratu dute. Txalogarria da Argazkiak.org-en saiakera merkatu hori (fotologero euskaldunak) bereganatzeko, baina zaila zeukan eta ez du lortu. Izan ere, Fotolog-en arrakasta ez zen argazkiak igotzeko erraminta hutsa (hortan hobeak dira argazkiak.org edo Flickr), baizik eta erabiltzaileen artean sortzen zen harremana. Lagunen fotologak egunero bisitatu eta komentatu behar zituzten erabiltzaileek, batzuen artean bazegoen nolabaiteko konpetizioa ea nork komentario gehiago, lagun berriak egiteko ere balio zuen... baina ez da batere konfidentziala. Edonork irakur ditzake bi erabiltzaileren arteko elkarrizketak. Hori izan da azken urtean zehar Tuentira iritsitako erabiltzaile-uholdea eragin duen argumentu nagusia.

Momentu honetan, gazteen harremanak ezin daitezke ulertu hiru tresna gabe: msn messenger, tuenti, eta sakelekoa. Eta edukia euskaraz bada ere, hiru tresna hauek gazteleraz daude gehienetan.  Eusko Jaurlaritza badabil sakelekoak euskaratzeko kanpainak egiten. Tuenti euskaratzeko eskaerak egin dituzte zenbait erabiltzailek. Baina Fotologen kasuak erakutsi digu beste erremediorik ez dugunean baino ez digutela egingo kasu. Tuentiren modak ere egingo du ihes eta erabiltzaileak Facebookera etorriko dira, aukera berrien bila. 2009an. Garaiz iritsi gara hona.

El cambio

Josu Mendicute 2009/02/27 12:02
Es tiempo de cambio. En política todos nos plantean cambios. Cambio de status para solución de un conflicto político, cambio por "higiene democrática", o incluso lo que plantea Ibarretxe es cambio. Cambio es búsqueda de nuevos mercados y adaptar nuestro tejido económico a esas nuevas expectativas que demande el mercado post-crisis. Es tiempo de cambio, dicen.

Toda salida airosa de una crisis pasa por cambiar. No pasa por intentar poner parches a una situación que ante la crisis se muestra débil. La clave no está en otorgar subvenciones por doquier, sino en preparar -y dar el suficiente apoyo para ello- a la sociedad para un escenario próximo en que deberemos tratar de ser protagonistas. Y en ese período hemos de detectar con urgencia los errores cometidos previo a la crisis, y buscar las oportunidades que ésta nos depara.

Al igual que las situaciones financieras o las empresas, los colectivos de personas y los indivíduos mismos también sufrimos crisis de las que debemos aprender a salir más fuertes. Nuestros proyectos de vida también sufren crisis, no siempre para mal; muchos aprenden a ser mejores tras un divorcio. Y no se quedan atrás los proyectos profesionales... perder un trabajo puede llevarnos a buscar uno mejor.

Cuando fracasa un proyecto, conviene estudiar las causas que nos han llevado a tal fracaso. La infidelidad, el desconocimiento de unas normas o el no saber dar lo que esperan de nosotros son compañeras habituales de las fases críticas de un proyecto. Así ha sido en el caso de Errebal, en que nadie imagina hasta qué nivel de subsuelo puede caer este proyecto. A quienes confían en su construcción, recuerden que nadie apostó por el hundimiento del Titanic. No estaría de más, por tanto, que responsables municipales, comerciantes y vecinos acordaran un proyecto conjunto que haga de Errebal un polo comercial capaz de convivir con las necesidades que el pueblo de Eibar demanda para los próximos años. El cambio es posible y quienes calientan los asientos del Gobierno Municipal deberían ser los primeros en detectarlo.

Krisirako errezetak: oilaskoa aprobetxatu

Josu Mendicute 2009/02/02 13:41
Hilabete amaierara poltsikoak zulatuta iristen bazara, edo beste barik, janaria alperrik botatzea gorroto duen horietakoa bazara, hemen kontatuko dizut nola aprobetxatzen ditudan nik oilaskoaren sobrak.

Oilaskoa modu askotan jan dezakegu. Gure etxean, bularkiak (petxugak) jaten ditugu maiz. Lehen, oliotan egiten genituen, aspaldi plantxa deskubritu genuen arte. Duela gutxi, baina, petxuga egosia jaten hasi gara. Benetan diotsut, zaporez, gustorago jaten dudala.

Petxuga egosten dudanean, lapikoan geratzen zaidan ura zopa egiteko aprobetxatzen dut. Oilasko zati batzuk gehitu, eta frigorifikoan aurki ditzakedan beste soberakin batzuk (haragia, porrua, tipula, azenarioa, urdailazpikoa, tomatea... edozer gauza). Fideo batzuk bota eta kitto. Lan bakarrarekin etekin bikoitza.

Oilasko errea

Asteburu askotan, baina, oilasko errea bazkaltzen dugu. Gehienetan prest erosita. Ia beti larregi izaten da guretzat, eta afarian mikrouhinean berotu ezkero, zaporea ez da hain ona. Nik nahiago dut oilaskoaren haragia zati txikitan moztu, eta beste zerbaiterako erabili:

  • Zopa baten osagai gisa.
  • Kroketak egiteko.
  • Entsaladan gehitzeko.
  • Artoarekin jateko (ilarrak urdailazpikoarekin jaten diren bezelaxe).
  • Tortilarako: tipula xuabe-xuabe potxatu, oilaskoa gehitu eta nahastu, eta ondoren patata-tortila bezela egin. Benetan mamitsua geratzen da.

Oilasko errearen hezurrak ere aprobetxatzen ditut. Egosi egiten ditut, geratzen den haragia hezurretatik banatzen da. Hezurrak kendu eta oilasko-salda prest zoparako, arroza egiteko...

Benetan min ematen dit janaria alperrik zakarrontzira botatzeak. Ezin dut jasan, jan behar duguna baino gehiago erosi eta zakarrontzira botatzea. Zure poltsikoagatik ez bada, egizazu animalia gutxiago hil ditzaten. Landu dezagun imaginazioa.

Josu Mendicute

Goizaldean jaio nintzen, gurasoek koadrilarekin afaria amaitu eta Korrika Eibartik pasa artean. Urte batzuk geroago Eibarko Alkate izateko hautagai izendatu naute.