Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

20 urte Sustatuk

Mikel Iturria 2021/11/28 09:15
Bilbon ospatu zuen Sustatu-k 20. urtebetetzea. Ospakizun gutxi, baina pulamentu asko.

Joan ez joan egon nintzen astean zehar, eguraldi aurreikuspenak txarrak zirelako, korona(birusa)renak zer esanik ez. Azkenean ostiralean bazkaldu ondoren hartu nuen Sustatu 20 urte ekitaldira joateko erabakia.

Eta ez nintzen damutu. Aspaldiko jende xarmagarriarekin egoteko aukera izan bainuen.

Bostak izateko ordu laurdenaren faltan iritsi nintzen Deustuko uhartera, Zorrozaurrera. Hots, 45 minutu berandu.

Maite Goñik gidatutako mahai-inguruan Patxi Gaztelumendi (Armiarma), Iñaki Lopez de Luzuriaga (Wikipedia), Oier Araolaza (Dantzan) eta Luistxo (Mr. Sustatu) aritu ziren. Sustaturekin batera edo zerbait lehenago sortutako proiektuak denak.

Ondoren PechaKucha formatuan hainbat aurkezpen egon ziren. Batez ere, birekin geratu nintzen ni neu.

Baga, Sustatu vs Zuzeu, Artxietsaiak aliatu? aurkezpena egin zuen Anartz Bilbaok. Grazia handiz aritu zen Anartz, eta guri irribarrea marrazteaz gain, batzuetan algarak ere aterarazi zizkigun. Hemen Ibanek aipatzen duen #momentikoa.

Gaurko #momentikoa eta txalo naturalak atera dituena, artxietsaiaren eskutik. #20urte pic.twitter.com/CSxMp10Nvq

— Iban Arantzabal (@iarantzabal) November 26, 2021

Luistxok atzo goizean bertan argitaratutakotik (Internet egiten da behetik gora, aurrera eta hor konpon) beste irudi bat.

Hauntza! Con hache. RT @hasier: @luistxo Nola esaten da euskaraz estás como una puta cabra?

— Luistxo Fernandez (@luistxo) May 26, 2011

Oteiza eta Txillida. Hasier eta Luistxo. Bi basurde maitagarri... batzuetan. Beste batzuetan ez. Kar, kar, kar.

Biga, Londresen Facebook-entzat ari da lanean Mikel Artetxe. Haren webgunea jarri behar nuen, baina ez dabil, eta ni ez naiz FB loturak ipinizalea. Bego Artetxeren Twitter lotura.

Bideo-dei baten bidez sartu zen Bilbon, etxeko ohea ganoraz eginda, irudietan ikusi ahal genuenez.

Gaur egungo mundu hiperespezializatu eta atomazituan (bakoitzak bere mikroalorraz dakigu, zerbait jakitekotan) ondo dago jakitea deabruarentzat jende gaztea eta euskalduna ari dela, haien beharra ere izango dugu eta.

Ondoren Goizalde Landabaso eta Leire Narbaizaren txanda izan zen (espero laster klikatzeko moduan egotea nonbaiten aurkezpena, html edo pdf formatuan). Genero ikuspegitik landu zuten Partehartzea eta eztabaida Internet. Proposamenak ere egin zituzten.

#20urte @Sustatu@GoizaldeL eta @txargain
Señorak! 😍❤️ pic.twitter.com/tej7eQa05K

— Irati Iciar Madinabeitia #ahizpa*🟣 (@IratiIciar) November 26, 2021

Azkenik, Crossover ikuskizuna egon zen, Sustatu bultzatzen duen Code Syntax enpresaren Egunean Behin jokoaren hiru partida jokatzeko aukera tarteko. Partida bakoitza gai baten inguruan: lehena, Ana Moralesen Xerezaderen Artxiboa, bigarrena Maite Goñiren Gaurko Hitza eta hirugarrena Luistxoren hitzaldiari buruzkoa.

Total, nik irabazi nuela sari nagusia... bosgarren geratuta. Apunte honen ilustrazio da etxean jada kokapena duen ziborio gisa erabil dezakedan garaikurra.

Eta irabazle nagusia @iturri izan da! Zorionak zuri ere! pic.twitter.com/UqGlkx705I

— Sustatu Albisteak (@Sustatu) November 26, 2021

Gero Zorrozaurreko taberna batean hartu nuen zerbeza bat eta poz-pozik abiatu nintzen etxera uhartean bizitutako giroagatik eta garai bateko jendea bertatik bertara agurtu ahal izateagatik.

Espero laster elkarrekin egoteko aukera gehiago izatea.

Ekitaldia bere osotasunean ikusi nahi izanez gero, hona hemen aukera.

Sustatu cumple 20 años, este apunte en castellano.

Tüsüri eta Oier Iruretagoiena

Mikel Iturria 2021/11/21 20:00
Oier Iruretagoiena aukeratua izan zen «Artea Abian» izeneko programan eta horrek eraman du San Telmo Museoko laborategian «San Sebastian eta fantasma» erakusketa jartzera. Urtarrilera arte ikusgai, bisita bat gidatu zuen pasa den ostegunean artistak berak.

2003 urtearen bueltan ezagutu nuen Oier Iruretagoiena errenteriarra. 15 urte zituen orduan eta Tüsüri zuen ezizen artistikoa. Txesus Garate Tzesne-k eman zidan haren berri. Xabier Erkiziak eginiko bidetik abiatutako soinu artista, laburbilduz.

Unibertsitate garaian, Arte Ederrak egitera joan zen Bilbora. Pista galdua nion, nahiz eta jakin Le Larraskito gunean, Bilboko Rekalde auzoko artista tailerrean, aritzen zela (gaur egun bertan du estudioa). Gero noizean behin haren artikuluren bat ere ikusi dut Berrian.

Goian esan bezala, aurten San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak elkarrekin bultzatutako «Artea Abian» egitasmoan aukeratu dute eta horrek eraman du urriaren erdialdetik aipatu museoan dagoen San Sebastian eta fantasma erakusketa museoko Laborategian paratzera.

Pasa den ostegunean, hilak 18, bisita gidatua zegoen programatua eta hantxe agertu nintzen ni neu ere.

Oierrek kontatu zigun aretoak berak asko markatu duela erakutsi beharrekoa; hots, museoaren pisuak eta aretoaren ezaugarriek (porlana, tarima, lurrean jarritako entxufeak) baldintzatu dutela bere burua lana egiteko garaian.

Lau pareta jantzi ditu bere lanekin eta ezkerrekoa garai batekoei eskaini die, artelan horiek nolabait babesa eta konfiantza ematen ziotelako.

Hortik aurrera San Sebastian santu martiriaren inguruan hausnartuz aritu da lanean bere tailerrean; egurra, porlana, plastikoa, txikleak, ardoa eta abar erabili ditu. Museoan bertan dagoen San Sebastianen koadro bat eta XVI. mendeko hiriko grabatu bat (oker ez banago, azken hau Urgullen magalean izeneko erakusketan agertu zena) izan ditu inspirazio iturri.

Fantasma, berriz, zuzeneko irrati baten emisioa da. Lurrean hainbat entzungailu daude, bigarren mailan dagoen zarata hedatzen dutenak bazter guztietatik.

Anekdota moduan kontatuko dut bost minutu utzi zizkigula aretoan zehar buelta bat emateko eta nik entzungailu horietako bat jarri nuela belarrian. Oierrek esan zidan hori ez zela bere asmoa, baina tira, hori atera zitzaidan.

Berrian argitaratu duen azken zutabeak Komunitatea du izenburu, eta artistek komunitatearen beharra dutela garatzen du bertan.

Joseba Irazoki eta Lagunak ikusi nituen larunbatean Intxaurrondon. Bigarren diskoko kantu bat jarriko dut soinu banda: Lehiakortasuna.

Pozgarria izan zen berriro ere Oierrekin topo egitea eta jakitea aurrera jarraitzen duela bere artista ibilbidean zehar.

Tüsüri y Oier Iruretagoiena, este apunte en castellano

Rafael Chirbes eta Pancho Ramos, ia 40 urteko harremana

Mikel Iturria 2021/11/07 21:00
Chirbesen Argentinako lagun batek idatzitako lerro batzuk.

Duela zenbait aste Pancho Ramos aipatu nuen blogean. Javier Ortizen irakurle argentinarra da Pancho, eta Ava Gardner-en kanta kuttunen zerrenda helarazi zidalako agertu zen hemen.

Gauzak ez ziren bere horretan geratu baina. Chirbes-en Diarioen lehen liburuxka irakurtzen nuen bitartean, hara non agertzen baita Rafaren lagun argentinar bat, izen-abizen berdinak zituena. Honen berri eman nion Panchori eta honek adiskidetasuna berretsi zidan. Gainera, testu bat bidali zidan, 2015eko urtarrilean Beniarbeig-era eginiko bisita bat kontatzen duena; hots, Chirbes hil baino zazpi hilabete lehenagokoa, bien arteko azken topaketa.

Gustatu zitzaidan testua eta galdetu nion ea non argitaratu zuen. Esan zidan ez zuela inon plazaratu, soilik gertuko lagunei helarazi ziela bere garaian.

Esan nion Pedradas-en kaleratu nahi nuela. Birpasatzeko denbora eskatu zidan. Duela egun batzuk jaso nuen behin-betiko testua.

Gaztelaniaz dago eta, beraz, gaztelaniazko blogean agertu da. Erreparatu, mesedez, Valentzian barna Chirbesek proposatzen duen ibilbideari.

Esker bereziak Panchori bere eskuzabaltasunagatik.

Irakurri nahi baduzue, hona hemen lotura: Rafael Chirbes y Pancho Ramos, casi cuarenta años de relación.

Ricardo Echepare Zugasti zendu da

Mikel Iturria 2021/10/31 08:55
79 urterekin hil da aste honetan bertan Ricardo Echepare irakaslea.

Duela hilabete gutxi ikusi nuen azken aldiz. Etxetik ari nintzen oraindik lanean. 11:00ak aldera kafe bat hartzera hurbildu nintzen Donostiako Artikutza tabernara.

Bi lagun, hirugarrena handik gutxira gehitu zen mahaira, mano-mano arrautza frijituak eta urdaiazpikoa jaten terrazan, ardo botila baten laguntzaz. Etxerako bidean konturatu nintzen haietako bat Ricardo Echepare zela.

Apenas izan dut berarekin harremanik, baina bai gogoan dudala selektibitate azterketa egitera ekarri ninduela 1986ko ekainean Donostiara.

Semearekin, Ricardo Etxepare, egin bainuen batxilergoa Irungo Pio Baroja institutuan. 1982ko irailean hasi eta 1986ko ekainean bukatu.

Egun hartan Renault (11 modeloa?) markako autoaren atzeko aldeko ateetako bat zabaldu, eserleku batean eseri eta isil-isilik etorri nintzen Amarara aita-semeekin. Oker ez banago, garai hartan Donostiako Ingeniaritza Eskola Politeknikoko zuzendari zen, Gobernu Zibilaren beste aldean zeukan orduan egoitza Eskolak, eta guk azterketa aldameneko institutuan.

Bertako zuzendari zela, semeak kontatu zidan anekdota polita dut gogoan iltzatuta. Aitak "Echepare, cabrón" idazten harrapatu zuela pertsona bat eskolako bulegoko atean. Eta ez, ez zen ikasle bat egilea: irakasle bat baizik. Kar, kar, kar.

Ezaguna izan da Echepare unibertsitate munduan egindako ibilbideagatik: Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako zuzendari hogeitik gora urtez, besteak beste.

Baina sartu-irtenak egin zituen politikan 1980ko hamarkadan.

Nik gaurkoan gogoratu nahi dut Irungo alkate izan zela hilabetez, 1983ko maiatzaren 23an izendatua izan ondoren. Ekainaren 30ean (bai, San Martzial egunean) Iruñeko (bai, Nafarroakoaren menpe zegoen orduan Gipuzkoa judizialki) Lurralde Auzitegiak atzera bota zuen izendapena, Alderdi Sozialistaren izenean Fernando Mugica Herzogek egindako helegitea onartuz. Epaileen arrazoia: alkatea aukeratzeko botoa sekretupean egin behar zutela zinegotziek, ez eskuak altxatuta.

10 zinegotzi zituzten sozialistek, 8 EAJk, 2na Euskadiko Ezkerrak, HBk, CPk eta bakarra Uranzu hautagaitza independenteak. Jeltzaleez gain, maiatzean HBko eta gaur egungo PPren aitzindari izandako zinegotziek (Coalición Popular marka zuen garai hartan Alianza Popular alderdiak) eman zuten Echepareren aldeko botoa.

Uztailaren 11n errepikatu zen botazioa eta orduan Alberto Buen Lacambra izan zen aukeratua (loturan El Paísek argitaratutako kronika).

Oihartzuna izan zuten uztaileko egun hartako gertaerek, hautestontzia balkoitik behera bota baitzuen pertsona batek. Oker ez banago, nire auzoko bat izan zen.

Atzoko prentsa digitala zerbitzua erabiliz, kontsultatu ditut 1983ko uztailaren 12ko Gipuzkoako periodikoak: DV eta La Voz de Euskadi (Pepe Rei zuzendari). Egin ez dago eskuragarri sarean. El País egunkariaren webgunean ikusi dut egun hartako azala. Latzak kontakizunak.

Gipuzkoako politikaren baitan izen potoloa zuten batzuk egon ziren udako egun hartan Irungo pleno aretoan: Roman Sudupe, Enrique Casas, Gregorio Ordóñez, Kepa Aulestia, Odón Elorza...

Geroztik Irunen sozialistek izan dute alkatearen aginte makila: Alberto Buen Lacambra eta José Antonio Santano.

Beti galdetu izan diot nire buruari zer gertatuko zen Echeparek 1983ko hartan alkatetza eskuratu eta mantendu izan balu. Baina hori politika fikzioa egitea litzateke.

Bere onerako urte asko egin zituen unibertsitate munduan, alderdietako politikatik aldenduta.

Gugan bego, Ricardo Echepare Zugasti (argazkia bertatik hartu dut)

P.S.: Zer esango zukeen Zientziaren Museoaren lekualdaketaz? Lagun batek atzo zioen bezala, mende baten bueltan hainbat gipuzkoarrek lortutako aurrezkiak ari da bankua (Kutxabank) urte gutxi batzuetan xahutzen.

Ha muerto Ricardo Echepare Zugasti, este apunte en castellano.

Azaroaren 1eko eguneratzea. Markosek komentarioan aipatzen duen Baionako Ikerketa gunearen lotura.

Peio Garcia Amiano, gastronomia bokaziotik Zaporeak-eko militantziara

Mikel Iturria 2021/10/24 08:55
Maria Ortega Zubiatek Zaporeak elkarteko sortzaileetako bati, Peio Garcia Amianori, eginiko elkarrizketa irakurri nuen atzo larunbata.

Ostiralean argitaratu zen Gipuzkoako Hitzan, baina atzo ikusi nuen elkarrizketa Berrian: «Gure taldearen gisakoek alde egitea nahi du Greziako Gobernuak».

Zaporeak elkarteko sortzaileetako bat da Peio Garcia Amiano donostiarra.

Bide batez, webgunean dohaintza egiteko aukera dago.

Argazkiaren kreditua: Maialen Andres (Foku).

Gastronomia munduan urte luzez aritutakoa da Amiano eta berak dio ikuspuntuz aldatu zela 2015ean Etiopiara egindako bidaia batean:

«Bai. Beti kontatzen dut hau: nire gastronomia ibilbidearen garairik gozoenean nengoenean, Etiopiara egin nuen bidaia bat; Angel Olaran misiolaria dago han, eta elkartean egin izan ditugu dirua lortzeko bazkariak. Hara gonbidatu ninduen, eta han aldatu zen nire ikuspuntua: egunero ari nintzen jatetxerik garestienetan jaten, eta han ez zuten jatekorik ere. Olaranekin lanean hasi ginen; gure helburua zen han sukaldaritza eskola bat sortzea. Eta horretan genbiltzala ikusi genituen Siriako errefuxiatuen irudiak, eta erabaki genuen haiei laguntzeko zerbait egin behar genuela, eta, kozinatzen baino ez genekienez, lau lagunek furgoneta bat hartu genuen, eta Kioseko uhartera, Greziara, joan ginen laguntzera. Itsas salbamendukoei jaten ematera gindoazen hasieran, baina hara heldutakoan ikusi genuen errefuxiatuek ere ez zutela ezer jaten: biei ematea erabaki genuen orduan».

Gainerakoa irakurri hemen: «Gure taldearen gisakoek alde egitea nahi du Greziako Gobernuak».

Gaztelaniara itzuli dut ez osorik baina bai asko: Peio García Amiano, de la vocación gastronómica a la militancia en Zaporeak.

Ava Gardner, Javier Ortiz eta Pancho Ramos

Mikel Iturria 2021/10/15 19:25
Aktorearen kanta kuttunen zerrenda lortu dut azkenean.

Ava Gardner, Javier Ortiz y Pancho Ramos, este apunte en castellano.

2002ko azaroan Javier Ortizek El grabador pirata izeneko zutabea idatzi zuen. Esango nuke Bilboko musika hornitzaile bati buruz ari zela.

Zaplastekoa eman zion SGAEri eta kartak bidali zizkioten elkarri, besteak beste zutabea El Mundon plazaratu zelako.

2018ko udaberrian arreta jarri nion blog honetan zutabean Javierrek aipatzen zituen Ava Gardner-en kanta kuttunei. Ortizek zioelako bere lagunak aktorearen gustuko ziren abesti batzuk grabatu zizkiola.

Lozorroan geratu zen gaia...

... 2021eko irailaren 22an Argentinan bizi den Pancho Ramos izeneko batek Pedradas-en komentario bat utzi zidan arte. Bazuela berak ere zerrendaren berri.

Mezu pribatua bidali nion huraxe eskatuz. Egun batzuk behar zituela, baina lortuko zuela.

Lortu eta bidali zidan urriaren hasieran.

Gaur sortu dut Spotify-n Ava Gardner-en kuttunak izeneko zerrenda (The Real Thing, Carol Sloane falta da, Youtube-n entzun dezakezue).

Irudia Ramosek helarazitakoa da.

Mila esker, Pancho.

Aste honetan irakurri eta entzundakotik

Mikel Iturria 2021/10/11 11:10
Aspaldiko partez hainbat audio eta podkast jaitsi nituen igande goizeko buelta eman aurretik.

Entzun nuen lehena SER katean larunbatean Javier del Pinok Ibrahima Balde eta Amets Arzallusi eginiko elkarrizketa izan zen.

Gaztelaniaz eta katalanez kaleratu zuen astean zehar Miñan Blackie Books argitaletxeak: Hermanito gaztelaniaz, Ander Izagirreren itzulpena, eta Germanet katalanez.

Ez nituen inoiz gaztelaniaz entzun ez Ibrahima ezta Amets bera ere. Gutxi dira Madrilgo irratietan Del Pinoren errespetuarekin horrelako elkarrizketak egiten dituztenak, eta aukera ona da Irungo Harrera Sareak egiten duen lana anplifikatzeko, bertako boluntario gisa abiatu zuela liburua kontatu baitzuen birritan Ametsek.

Miñan-i buruz esan beharrekoak hemen esan nituen: Paperik ezean liburua. Beste behin irakurri beharko dut, gertu edukitzekoa baita.

Ondoren Barruan gaude denboraldi berriko lehen gonbidatua. Oier Aranzabalek Bernardo Atxagaren etxean sartu gaitu. Gustura entzuten dut Atxaga eta, zer esanik ez, Mariano Ferrer eta Javier Ortiz aipatzen baditu (besteak beste, Ortizen artikulu bilduma goratu zuen).

Ematen du Zalduondoko fabrikan bikote-sortzailea (Asun Garikano da beste hanka) beti ari dela lanean. Eta Bernardok ez dakit, baina Joxe Irazuk 70 urte bete ditu aurten, eta lasaiago ibiltzeko eskubidea irabazita dauka.

🖊 #BernardoAtxaga, lan egiten duen lekuan bertan, @BarruanGaude sasoi berriko lehen gonbidatua @oaranzabalek 🎙@eitbpodkast@eitb @EiTBKultura@euskadi_irratia@ulumedia

🎧 eta 📲harpidetu 👇https://t.co/KSRnxuLhRx pic.twitter.com/khHfKB85ta

— Euskadi Irratia (@euskadi_irratia) October 10, 2021

Behitasunaren kontzeptua ekarri zuen Atxagak eta hori entzun baino pixka bat lehenago egin nuen topo hausnarrean zegoen behi koadrilarekin. Horra hor apunte honen irudia.

Gero Juan G Andres-en Estamos dentro podkastaren denboraldiko lehen gonbidatuaren txanda izan da, Aitziber Garmendia aktorearena: hastapenak eta garapena, gertuko zein urrutiko erreferentziak, Zuzenbide ikasketak, feminismoa, eta bere buruaz beste egin zuen bikotearena.

👋 Gabon, arratsalde on, egun on...

🎙️Ya en el aire el décimo tercer episodio de 'Estamos dentro': esta semana @foteropanico accede al ático de @AitziGarmendia

🏡Pasen y escuchen en @eitbpodkast o en su plataforma de audio favorita.https://t.co/8fKlBFguhe#estamosdentro pic.twitter.com/sFwzWC015X

— Estamos Dentro 🎙 (@Estamos_Dentro) October 8, 2021

Beharrean hasi nintzen pasa den astean, ume txikiak eskolara joaten diren bezala: negar batean. Kaguensos! Asko kostatzen zait bueltatzea, baina aurtengoak markak apurtu ditu.

Eskerrak astearte gauetik Rafa Chirbesen koadernoen lehen entrega irakurtzen ibili naizela zauriak leuntzeko.

Eta Rafaren zauriekin egin dut topo liburua zabaldu bezain pronto. 1984ko udaberrian 35 urte betetzear zegoen Chirbes (ekainaren amaierakoa baitzen) eta gorputza jada ederki kolpatua. Udaberri hartan ustez fistula zena fisura bihurtu eta gorriak ikusi zituen valentziarrak hainbat astez. Hortik abiatzen da liburua.

Apunteei ekin aurretik zalantzatan egon nintzen Marta Sanz-ek eta Fernando Valls-ek idatzitako hitzaurreak irakurri ez irakurri. Martarena asko gustatu zitzaidan eta animatu nintzen Fernandorena irakurtzera. Ez zidan ezer esan azken honenak.

Sexu eta amodio kontu batere gozoak (Jesus Toledo Madrilgo Movidaren urteetan, Parisko François 80ko hamarkadaren bigarren zatian...), drogak eta alkohola, Hiesa, depresioak, baina baita idazlearen fabrika, Carmen Martin Gaite eta Jorge Herralde, irakurketa mordoa, pelikulak ikusi ondorengo inpresioak, pintura, bidaiak eta abar.

Irakurketen artean, besteak beste, XX. mendeko kronista izandako kazetari eta idazle espainiar bat ezagutu dut: Corpus Barga.

Ez dut liburua amaitu (bi heren irakurrita ditut eta 2004ko testuetan nago murgilduta). Beniarbeig-en (Alacant) hartu zuen etxea mende hasieran, baina deigarria egiten da ez zuela ezer salbatu Extremadurako urteetatik, Valverde de Burguillos herrian pasa zituen 8 bat urte 1990eko hamarkadan. Ez zuen ezer idatzi koadernoetan? Idatzitakotik ez zuen ezer salbatu?

Argitaratu behar al dira horrelakoak? Hasiera batean lotsa ematen du ezagutzen zenuen idazle baten intimitatean hain modu gordinean sartzea, baina berak prestatu zituen bezala argitaratu dituzte hura hil eta sei urtera.

Nik eskertu dut Rafaren munduan murgildu ahal izateko.

Atxagaren elkarrizketan, Bernardok idatzi eta Ruperrek musikatutako Berandu dabiltza kantaz aritu dira. Kanta ederra apunte honi amaiera emateko.

De lo escuchado y de lo leído esta semana, este apunte en castellano.

Bueltan

Mikel Iturria 2021/10/03 22:07
Piztu ordenagailua etxean. Azken hilabeteetako argazkiak telefonotik ordenagailura pasa. Igande euritsua, udazkena bete-betean.

Abuztuaren 31tik hementxe ezer argitaratu gabe nago. Irailean ezer ez argitaratzea erabaki bainuen, besteak beste, hiru aste eman baititut oporretan.

Irailaren hasieran, etxean oraindik, Mataró-ko Maria eta kuadrillarekin egin genuen bazkaria. Bidean jada, Suancesen Santanderreko beste hainbat lagunekin.

Harri koskor batek autoko haizetakoa (parabrisa ez du onartzen Xuxen-ek) kolpatu zuen Avilés-erako bidean. León-Benavente errepidearen amaieran, frogatu ahal izan nuen Carglass-ekoak onak direla.

Portugalgo Chaves herriaren lasaitasunean murgildu ginen.

Galizian mambo gehiago izan genuen: pulpo a feira; Celia eta Xepe lagunekin bi egun zoragarri pasa genituen Doaden (Sober, Lugo) ostatu hartu ondoren; Puri Díaz Ferreirok bodega, ardoa eta mahastiak erakutsi zizkigun Vilachá de Salvador herrian (Ander Izagirrek idatzitako erreportajea irakurri, mesedez; gehiago Adegas da Memoria izeneko webgunean); San Lorenzoko proiektu arkeologikoa (nahiz eta Xurxo Ayán ez ikusi), Lois Pereiro poetaren murala Monforte de Lemosen; katamarana Sil ibaian barrena; Chantadako A Faragulla jatetxea (pena bidean harrapatu genuela eta ez genuela patxadaz egoteko aukerarik izan); O Grove eta A Toxa-ko golf zelaia, bost izarretako hotela, Davos galegoa... eta marisko-biltzaileak makurtuta eta butano banatzaileak kale estuetatik barrena; Cano Pontevedrako Libraría Paz-eko liburu-dendaria (gaizki ulertu ez banuen, Galizia da Espainiako estatuan liburu-denda gehien dituen herrialdea, eta 80.000 biztanleko Pontevedran 10en bat omen daude; Irun-Hondarribia-Hendaian, 2 bakarrik); Vilagarcía de Arousan igande pasa...

Eta bihar derrepente lanera.

Amaitu da uda.

De vuelta, este apunte en castellano.

2021eko iraila: oporrak 

Dibertigarri eta beste -garri batzuk

Mikel Iturria 2021/08/31 22:20
Ez espero gauza handirik gaur. Hilabetez isilduko naiz, gainera. "Win-win", beraz.

Pasa den astean, aspaldiko partez, Jon Basaguren-ek Euskadi Irratian gidatzen duen Zidorrean entzun nuen.

Errepikapen bat zen, goizaldean, Rompan todo dokumentalari buruzkoa. Hots, 1980ko hamarkadako Latinoamerikako hainbat musika eta musikariri buruzko filma. Musika jarri eta hainbat xehetasun eman zituen Basagurenek.

Movimiento divertido (Mugimendu dibertigarria) izeneko musikaz aritu zen, besteak beste. Ez nuen ezagutzen, behintzat ez nuen gogoratzen zera hori inoiz entzun izana. Eta grazia egin zidan.

Irakurri goian jarri dudan lotura mugimendu horri buruz informazio gehiago izateko.

Gauza da pandemia garai hauetan ahaztu egin zaigula dibertitzea, eguneroko bizitzaren gorabeherei aurre egiteko ditugun eta genituen erremintak ahaztuta utzi ditugula nonbait. Umorea, adibidez.

Nigandik hasita: jada ez dut neure burua aguantatzen, beraz imajinatu albokoak.

Txorakeria bat kontatuko dut nire tenperatura zein den jakin dezazuen.

Igande iluntzean Sanse Fuenlabradaren aurka partida Anoetako soropilean. Bakarrik joan nintzen eta ez nuen nire tokian esertzeko aukerarik izan, harmaila guztiak ez zituztelako zabaldu.

Ezagutzen ez nituen hiru pertsona nituen alboan, gertu samar, baina ez ondo-ondoan.

Halako batean, horietako batek: «¡Árbitra.... que está fuera!» esan zuen ozen. Biratu egin nintzen eta esan nion: «No viene a cuento lo que has dicho. Y además no tiene gracia», serio-demonio. «Pues no te rías», berak.

Akabo.

Futbol zelaira begira jarri berriro, eta orduan konturatu laugarren epailea emakumezkoa zela.«Diossss!».

Segundo batzuk pasatzen utzi, arnasa hartu, burua biratu eta hanka sartu nuela esan nion.

Atsedenaldian, eserlekutik altxatu tabernara joateko eta barkamena eskatu nion berriro. Ez nintzela konturatu laugarren epailea emakumezkoa zela eta, gainera, berak esandakoa ez zela iraingarria.

Anekdota txoro hau termometro gisa.

Baina ematen du inguruan, sareetan zer esanik ez, jendea ez dabilela askoz ere lasaiago.

Gero arte esan baino lehen, kontatu nahi dizuet larunbatean Tatxers Dabadaban izango dela. Eguerdiko eta iluntzeko saioetarako sarrerak aspaldi agortu ziren. Gaueko pasera noa ni.

Agur!

Tiempos «indivertidos», este apunte en castellano.

Txikitako paisaietan barrena oinez

Mikel Iturria 2021/08/22 21:25
Pandemiarekin batera uko egin behar izan nion korrika egiteari, nahiz eta motel jardun, "trote kotxinero" kategorian. Mina gailendu zen. Orain oinez nabil.

Kosta egin zitzaidan korrika egiteari uko egitea. Asko, gainera. Azkenean, minak irabazi eta utzi egin nuen.

Badira jada hilabete batzuk astean zehar lauzpabost saio egiten ditudala oinez. Batzuk bakarrik, besteak lagunekin.

Hasiera batean, Igeldo bihurtu zen nire toki kuttunetako bat. Etxetik atera eta bi kilometro eskasetan ateratzen bainaiz auto eta abiaduraren eremutik bestelako mundu batean sartzeko.

Bakarrik joaten naizenean gehienetan podkastak eramaten ditut konpainia moduan. Elkarrizketak, solasak ditut gustuko. Lagunekin ateratzen naizenean, berriz, bestelakoa izaten da jarduna, noski.

Uda hasieran, Wikiloc-en sartu nintzen, asmoa bainuen txikitako lurretan barrena paseotxo bat egitea lagunekin batera. Horren lekuko da uztaileko hirugarren igandean egindako hauxe.

Pasa den asteburuan bakar-bakarrik bueltatu nintzen kamio horietara. Gaur ere errepikatu egin dut.

Aldaketaren bat sartzen dut normalean. Amaren etxetik atera naiz autoa bertan aparkatu ondoren, eta Arretxeko gainetik zein Ugaldetik barrena abiatu naiz Mendiola baserrira, handik Olakineta, Ebanjeli(e)ta eta Altzi baserriak. Buelta eman dut Oiartzungo Gurutzeko kaskora begira eta Irunera abiatu naiz: Aizabe, Txirripa, Urune, Altzubide, Lizardi, Altzulegarrea eta Txenperenea baserrietatik barrena, besteak beste.

Zerbait berezia gertatzen zait niri txikitako lur hauetatik barrena berriro oinez pasatzen naizenean. Kosta egiten zait esatea zer den.

Bide hauetako batzuk, Katea (Ventas) auzotik gertukoenak, Luis Aranburu gimnasia maisua gidari zela egiten genituen. Korrika saioak izaten ziren, eskolan ez baitzen kirol instalakuntzarik.

Bestalde, duela gutxi Gorka Juliok aipatu zidan oinez ibiltzeari buruzko liburu batzuk irakurri behar zituela. Ez dakit nola doan irakurketa.

Bitartean, duela egun batzuk ikusi dut sarean Altaïr liburu-dendak El arte de caminar (Oinez ibiltzearen artea) izeneko saila duela webgunean. Baten bat irakurria daukat lehenagotik, baina asmoa da horietako beste batzuk irakurtzea.

Apuntearen irudian Altzi baserriko astoa ageri da, duela hilabete egindako argazkian.

Gaur ere ikusi dut astoa, baina atentzioa eman dit handik berrehun metro eskasera teilatu baten gainean azaldu den ahuntz parea.

Recordando la infancia a pie, este apunte en castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter