Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Alatristerekin hasi eta Lekunberrirekin bukatu

Mikel Iturria 2006/09/07 22:06

En castellano

Aurreko batean aipatu nuen ondo baino hobeto ibili dela abuztuan zehar Alberto Moyano kazetaria Gipuzkoako Orakuluan duen blogean. Pasa den ostiralean, irailaren lehenean, elkarrizketa bat argitaratu zuen periodikuan Alatriste filmari buruzkoa, espainiar zinemaren azken produkzio erraldoia.

Irungoa omen da Agustín Díaz Yanes zuzendariaren aholkularietako bat, Alatriste kapitainaren maisua arma kontuetan. Baina hori ez da filmak Irunekin duen harreman bakarra.

José Carlos Iribarren

Iribarren 1944an jaio zen Irunen eta XVI. mendeko armetan aditua omen da, Urgull Histórico eta Aranzadi elkarteetako kide izateaz aparte.

Ez dut ezagutzen baina xelebrekeri batzuk bota zituen. Adibidez:

"El teniente coronel Guerrero estaba muy impresionado por el hecho de que yo haya participado durante 35 años seguidos en el Alarde de Irun. Cuando un pueblo es capaz de poner a 8.000 hombres en armas, perfectamente encuadrados en compañías y bajo una disciplina que no procede de arriba, sino de abajo, igual que sucedía en los Tercios, es que se saben hacer las cosas".

Guerrero proiektuaren aholkulari militarra izan da, Armadaren Museoko zuzendariorde.

Alatrista baserria

Esan bezala, Iribarren ez da Alatriste filmarekin harremana duen irundar bakarra. Arturo Pérez-Reverte idazleak XVII. Mendeko Espainian kokatutako nobela sailaren protagonista den kapitainaren abizenak Irunen omen du jatorria. Abizen hori espainiarraren lehen editore mexikarra izandako Seatiel Alatristeri zor zaio.

Iribarrenek dio elkarrizketan, abizena galduta dagoela Europan, baina Mexikon eta Perun mantentzen dela.

Egilea: José Carlos Iribarren

Josetxo Riofrío Aizpurua

Baserriaren argazkia dela-eta, Alatriste filmarekin harreman zuzenik ez duen Josetxo Riofrío aipatuko dut orain. 1999ko udaberrian Irungo baserrien erretratuak atera zituen eta urte horretan bertan argitaratu zuen Irungo baserriak-Caseríos de Irun argazki-bilduma. Eta liburuaren 65. orrialdean ageri da Alatrista baserri berritua, antena paraboliko eta guzti.

Sarreran dio Josetxok, "mende honetan Irunen bideratu den hiri eta industria hedapenaren ondorioz baserri kopuru handia galdu da. XIX. mendearen erdialdean, gure hirian 370 baserri ageri ziren erregistroan. 1999ko udaberrian berrehundik gutxi gehiago soilik identifikatu ahal izan dira. Horietako batzuk, Altzukaitz baserria, esate baterako, argazkiak egin eta handik egun gutxira eraitsi egin zuten".

Ez bakarrik Altzukaitz. Gure baserria ere, Lekunberri izenekoa, handik gutxira bota zuten. Industriak, tailerrak, egiteko erabili baitzuten lurra.

Itxuraz hain urrutikoa zen istorioak etxera eraman/ekarri nau.

Riki Lopez gustatzen zait

Mikel Iturria 2006/09/05 17:00

Abuztuaren 16an ikusi nuen azken aldiz Riki López, Ondarroako Jaietan, Artabideko Plaza Gorrian (ez ginen 100 lagun hurbildu). Ezaguna da Euskal Herriko zenbait tokitan, askotan egon delako antzoki txiki eta tabernetan. Donostiako Poltsiko Antzerkian, 2005eko maiatzean, adibidez.

Orain, jende askok ezagutzen du. Zergatik? Espainiako saskibaloi selekzioko jokalariek haren kantu bat erabiltzen zutelako giroa berotzeko. "El busto es mío" du izena kantuak.

"Parafernalia. Cultura Skate" erakusketaren inaugurazioa

Mikel Iturria 2006/09/03 08:00

Ostiral arratsaldean inauguratu genuen Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean "Parafernalia. Cultura Skate" izeneko erakusketa. 100 bat lagun bildu ginen areto nagusian. Ondoren, jaiak Atabal tabernan izan zuen jarraipena bi talderen kontzertuarekin: Kissin´Cousins (punk-rock, Bartzelona), Geriatric Youth (youth brigade, Lasarte-oria). DJ Kuolema aritu zen musika jartzen.

Erakusketa egunero bisita daiteke irailaren 23rarte (jai-egunetan izan ezik) 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera, 16:30etatik 20:30etara larunbatetan. Pinturak, diseinuak, argazkiak eta bideoak egongo dira ikusgai, Mikel Arbiza Goenagak gidatutako erakusketan. Asmoa da monopatina (objektua) eta skateboarding-a (tresna kontrakulturala) ezagutzera ematea ikuspuntu antropologikotik.

Hona hemen Nagore Irastorza, Irutxuloko Hitza egunkariko kazetariak, Mikel Arbiza eta Juanma Fernandezi ateratako argazkia.

Erakusketari buruzko informazioa gazteleraz, baita irailaren hasieran abiatuko den Street Zinema Jaialdiari buruzkoa, antolatzaileek elikatzen duten blogean.

Interesgarria da erakusketa eta Donostialdean, batez ere, mugimendu honen garapena adierazteko balio du. Jarraian prentsa-oharretik ateratakoa.

Eskuz margotutako oholak

Girl Skateboards konpainiako diseinugile grafikoa den Andy Jenkins estatubatuarraren "Anything can be a skateboard graphic" (Edozer izan daiteke skate-ko grafiko bat) izeneko proiektuan oinarrituta, erakusketaren hasieran Donostialdeko eta Bilboko hainbat diseinugilek, irudigilek eta street-artistek eskuz margotutako oholak erakutsiko dira: Fame (CU3), Batch (CMV), Panoly (ygh), Wallijai, Savage Girl, Naiara Goikoetxea, Iñigo Lorenzo, Iker Ayestaran, Santos Bregaña eta Juan Pérez Agirregoikoa.

Irungo Jart Factory-n egindako marrazkirik gabeko skateboardak oinarritzat hartuta, belaunaldi ezberdinetako patinatzaileen marrazki-lanak bildu nahi dira, guztiek duten zaletasunaren haritik: sormen artistikoa.

Gainera, erakusketaren logotipoa kamisetetan eta oholetan serigrafiaren bidez estanpatuta erakutsiko da sail honetan, diseinu grafikoko Edición Limitada estudioaren laguntzaz.

Tutti Pazzi records diskoetxearekin elkarlanean

Lasarte-Oriako patinatzaile beteranoa da Juanma Fernández, Tutti Pazzi diskoetxeko koordinatzailea eta 80ko hamarkadako skateboard-oholen eta materialaren bildumagilea. Lehen aldiz egiten den erakusketa honentzat ekarpen handia da ohol-bilduma zabal eta baliotsua (skatearen giroko grafiko mitikoak dituztenak). Izan ere, erakusketaren helburua gazteenei skateboardingak edo patinetak historian zehar atxikita beti izan duen izaera kontrakulturala erakustea baita.

Gainera, bere bilduma pertsonaleko aldizkari-sorta zabala, zapatilak eta osagarriak erakutsiko dizkigu Juanmak, baita Pushead (makarra-estilo berezia duena) izenarekin ezagutzen den artistaren material originala eta skate-rock musika-estiloko LP saila ere. Tramankulu eta objektu horiek guztiak erakusteko instalazio bat egingo da, nerabe baten logelak izan dezakeen estetikaren itxurazkoa, baina museoen testuingurura moldatuta. Eta Juanma bera izango da, irailaren 1ean (inaugurazioaren egunean) Atabal tabernan izango diren kontzertuen arduraduna.

Peru Izeta: eskuz egindako bi monopatin

70eko hamarkadako surfer tradizioari jarraiki, garai bateko patinaje-jarduerarako bi skateboard egin ditu Peru Izetak. Diseinugile grafikoa eta web diseinugilea da, asmatzailea, musikaria eta artista bereziki, artisau-lan freskoa eta xehetasunez beterikoa ekarri digu oraingoan.

Irudi izoztuak vs. sekuentziak mugimenduan

Argazkigintzari eta bideogintzari eskainitako atalak dira "Parafernalia" erakusketaren garrantzizko beste atal batzuk. Skateboardingaren hedapenean ezinbestekoak dira bi jarduera horiek eta, gainera, patinatzaileen sormen-iturri emankorrenak izan ohi dira, modu autodidaktan orokorrean. Bertako argazkilarien (Lance, Mikel Arbiza, Javi Cobo, Alex Mosterin) zein kanpotarren (Richard Gilligan irlandarra) lanak erakutsiko dira.

Erakusketara hurbiltzen denak azken hiru hamarkadetako bideo mordoa ikusi ahal izango du ordenagailuan, eta gainera USB memoria bat eramanez gero, beretzat ere kopiatu ahal izango ditu.

Loretopetik (V) Bikotea, hirukotea eta otxotea

Mikel Iturria 2006/09/01 13:00

En castellano

Irutxuloko Hitzan irailaren 1ean argitaratutakoa.

Euskal Errepublika sortu da. Armak utzi eta independentzia lortzeko sinaturiko hitzarmenari esker, etakide ohi batzuk Ertzaintzan sartu dira. Betiko ertzaina da Jokin Etxaniz eta Alexander Pedrosa egokitu zaio bikotekide gisa. Jokinek, batez ere, ez du egoera gustuko eta zaila egingo zaio lankide berriari berak zipaio kontsideratzen duenarekin lan egitea. Gauzak konplikatzeko, independentziaren urteurrena betetzear dagoela, FUL izeneko taldearen hilketak ugaritu egingo dira. Euskal Errepublika Espainiara buelta dadin, fulgentzioek Ertzaintzan sartutako etakide ohi batzuk akabatzen dituzte.

Zertan ari naizen? José Javier Abasolo idazlearen El aniversario de la independencia nobela beltzaren trama hona ekartzen. Udako irakurketetako bat.

Euskal Herritik kanpo irakurri nuen ere abuztu hasieran Concha Buika abeslariari eginiko elkarrizketa bat. Mallorcan jaiotako jatorri ginearra duen musikaria da Concha. Pare bat disko argitaratu ditu jada eta azkenarekin lortu du ezagunagoa izatea. Garai batean hiruko harremana mantendu zuela aitortu zuenean, kazetaria hortik abiatu zen, amodioa, sexua, bikotea eta hirukotearen inguruan eginiko galderak lehenetsiz.

Fikzioa fikzioa da eta paperak (ia) dena agoantatzen du, baita Euskal Errepublika ere. Baina oporrak amaitu egin dira eta itzuli naiz etxera, lanera. Betikoarekin egin dut topo; fikzioaren arrastorik ez, beraz. Joan naizenean baino okerrago dago prozesua, itxuraz.

Pako Aristik abuztuaren 22an Berria egunkariko "Hitzerdi patsetan" sailean argitaratutako zutabean zioen, besteak beste, gauzak dauden bezala nolatan joan diren politikariak oporretara. Bost urte lanean jarraian aritzeko prest agertu zen bera egoera ikusirik (eta politikari izanez gero, suposatzen da).

Beste plan bat proposatzera ausartuko naiz ni, ordea. Oporrak bai emango nizkiela nik politikari batzuei (a ze pakea!), baina Concha Buika ekarriko nuke gurera hauetako batzuei bikotea, hirukotea eta otxotea zein onuragarriak diren esplikatzera.

BlogDay 2006

Mikel Iturria 2006/09/01 00:15

En castellano

Duela minutu gutxi ikusitako La 2 Noticias informatiboagatik enteratu naiz gaur dela BlogDay, Blogaren Nazioarteko Eguna edo antzeko-parezido.

Telebista itzali eta ordenagailu piztu dut. Nire bloglines.com-eko jarioa ikustera joan naiz eta harpidetutako blogen artean batek bakarrik aipatzen du eguna: Processblack-ek.

Honen arabera, egun hau ospatzeko ondorengo bost gauza egin behar dira:

  1. Interesgarri iruditzen zaizkizun 5 blog berri topatu.
  2. BlogDay dela-eta, gomendatutako edo aukeratutako egileak jakinaren gainean jarri.
  3. Blog bakoitzaren deskribapen laburra egin eta loturaren bat jarri.
  4. Abuztuaren 31n, BlogDay egunean, apunte berri bat idatzi zuk gomendatutako 5 blogak aipatuz.
  5. Technoratiren BlogDay tag-a edo etiketa gehitu, baita Blogday.org webgunera lotura egin.

Hona hemen nire gomendioak:

  1. Love of 74. Musika maite duelako, argia delako, kabroi bat delako eta, besteak beste, Gipuzkoako Foru Ogasunaren eraikina erre zeneko argazki sorta hura primizia moduan jartzeagatik.
  2. Loretxoa. Gazteleraz idazten duen kazetari burlatarra (itxuraz). Abuztuan zehar topatu dut sarean eta merezi du hemen agertzea.
  3. Javier Ortiz. Sei urte bete berri dituelako egunero hausnartzen, idazten eta sarean jartzen.
  4. Etiam. Normalean lozorroan dagoen bloga, baina pizten denean 2004ko uda hartako post zirraragarri haiek gogoratzen dizkidalako eta blog honen diseinua berea delako.
  5. Ana M.-ren Pravda txikia, abuztuaren hondarretan blogosferara jaio berri den bloga. Zorionak.

Amen.

Udako irakurketak

Mikel Iturria 2006/08/29 22:34

En castellano

Gaztelumendik jarritako gaiari helduz, hona hemen irakurritako liburuak. Azken uda hauetan baino gehiago irakurri dut aurtengoan. Gogoz nengoen-eta. Hori bai, gero eta memoria txarragoa daukat, liburu batzuk ia ahaztuta baitauzkat. Okerrena da hori ez zaidala gertatzen soilik liburu txarrekin, gustuko izandakoekin ere berdin. Enpin…

Uztailaren hasieran Pedro Ugarteren Casi inocentes nobela. Ugarte komunikabideetatik ezagutzen nuen, batez ere. Pare bat liburu irakurrita neuzkan, baina hau da gehien gustatu zaidana. Familia, semea eta bikote-harremenei buruzko hausnarketa dago eleberrian.

Benjamín Pradoren "A la sombra del ángel. 13 años con Alberti". Pradok Rafael Alberti poetarekin izandako harremana kontatzen du kronika liburu honetan.

Joseba Zulaikaren ETAren hautsa. Elkarrizketa interesgarria egin zion pasa den igandean Imanol Murua Uriak Berrian. Liburua gustatu zait, nahiz eta oporretara joan aurretik irakurri (nekatuta nengoen orduan).

Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten. Grezian irakurri nuen. Lehen eleberria helduentzat. Eman zioten sariren bat eta horregatik erosi nuen. Errez irakurtzen da eta ondo eramaten zaitu Igerabidek. ETAren hastapen garaietan, Gipuzkoako herri batean kokatua.

José Javier Abasoloren El aniversario de la independencia. Nobela beltza. Euskal Errepublika sortu da eta lehen urteurrena ospatu behar denean, fulgentzioek Ertzaintzan sarturiko etakide ohiak akabatzen ari dira. FUL taldeak Euskal Herria Espainian nahi du. Ez du irakurtzeko gogoa pizten?

Toni Strubellen Un català entre bascos. Katalanez irakurri dudan lehen liburua. Hitzaurrea Martxelo Otamendirena da. Euskal Herria interesatzen zaien kataluniarrei begira idatzitakoa. Ez digu egur askorik ematen, azken atalean izan ezik (gutxi bada ere). Eta hori da gehien gustatu zaidana.

Eduardo Mendozaren La aventura del tocador de señoras. Barrez lehertzeko moduko eleberria, oporretarako aproposa.

Javier Reverteren Corazón de Ulises. Duela zenbait urte irakurri nuen "Vagabundo en África", kontinente horretara joateko gogoa pizten duen liburua. Hau, berriz, Grezian egonik, beste modu batez irakurri dut. Gomendagarria da herri horretara joan nahi izanez gero, baina ez da derrigorrezkoa bertara joatea liburuarekin gozatzeko.

Eta esku artean dut Mihail Sebastian jatorri judua duen idazle errumaniarraren diarioa, Philip Rothen esanetan "Ana Frank-en diarioaren parekoa". Izan ere, 1935-1945 urteetan idatzitakoa baita. Bi urte daramatzat irakurtzen. Tristea baita, batez ere II. Mundu Gerra piztu eta juduen aurkako pertsekuzioak hasten direnean. Martxa honetan bi urte barru bukatuko dut.

Zezenketak Donostian

Mikel Iturria 2006/08/22 19:04

En castellano

Joan den mende bukaeran Donostiak zezenplaza behar zuela-eta, Ilunben plater bolantea jarri zuten. Zenbat komeri eta sesio plaza hori egiteko! Nahikoa da Nuevo Desarrollo de Anoeta jartzea googlen jakiteko legeak nola toreatu zituzten.

Gustatuko litzaidake jakitea urtean zehar zenbat aldiz erabiltzen den. Oker ez banago, buruz ari bainaiz, bere garaian aurkeztu ziguten plangintzan 50 bat erabilera aurreikusten zituzten urtean zehar. Erabilera gutxi zirela ihardetsita, bultzatzaileetako batek esan zuen Anoeta Estadioa gutxiago erabiltzen zela. Eta arrazoi zuen.

Zorionez, zezenketetara gero eta jende gutxiago doala dirudi eta zezenplaza kontzertuetarako toki aproposa ez denez, Gipuzkoa Basket taldeak ACB txapelketan aritzeak salbatuko du aurten behintzat plaza madarikatua.

Aste Nagusiari kasu gutxi egin diot aurten ere, baina pasa den astean Donostian egoitza duten bi telebista lokaletan bota dituzten zezenzaleen solasaldiren bat edo beste ikusi dut. Kasposoak izanik ere.

Grazia egin zidan Vocentoko telebista lokalaren solasaldian, berriz, zezenketen aurka daudenek eginiko zerbaitetaz ari zirela, aurkezle lanetan zebilenak Joaquín Sabinaren esaldi bat botatzea zezenketak goraipatzeko.

Uste dut honetaz ari zirela. Abuztuaren 12an eginiko manifestazioaz. Gogorra da kartela, ezta?

Arrantzale Eguna Ondarroan

Mikel Iturria 2006/08/18 22:00

En castellano

Abuztuak 17. Goizeko 10:00etan esnatu gara. Kafe Marinan Noticias eta Berria erosi ondoren, Maddin ebatxakoa gehi kruasana erantsi eta Arrigorriko hondartzara (aurten estrainekoz). Itsasoa zoragarri, bare bare, eta bertan igeri egitea gozada.

Hondartzan dutxa hartu, arrantzale arropak jantzi eta kalera berriro Orkatz Beitiaren lagunek antolatu eta eguerdiko 12:00etan hastekoa zen Calatrava Zubiko Sprint Txapelketa ikustera. Pájaro Rodríguez atletak irabazi dio sprint-a Orkatzi.

Ondoren, Alde Zaharrera. Rokodromoa Zubi Zaharrean. Erortzen zena, uretara. Antzarrak ez ditut ikusi, baina aurten gezurrezkoak zirela aipatu didate.

Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak ikusi ditugu Alaiko aurrean. Alamedan ibili dira lehen. Trago bat hartu eta 15:00ak baino lehen Plazagainin geunden bazkaltzeko txanda hartzen. Jatetxe herrikoi hau izugarrizkoa da, zientoka lagunek bazkaltzen dugu hemen horrelako egun batean. 14 eurogatik marmitakoa, atun errea eta ardoa. Kafeak Alamedan.

17:00etan Ordago enpresak antolatu eta Udalak pagatutako bi pelota partida egon dira frontoian. Bigarrengoan Mikel Goñi eta Pinedo, Atxa eta Zezeagaren aurka. Inoiz ikusi gabea nengoen Oronoz Mugairiko morroia frontoi batean zuzenean. Erraz irabazi du mekaguendios eta laostia batzuk, ikuskizunaren barruan jada, bota ondoren. Ez dakit nola dagoen Goñi, baina Maradona 2. B Mailan ariko balitz bezalako sentsazioarekin alde egin dut handik.

Kalean zehar koadrilak abesten eta dantzatzen ikusi ondoren, 20:00etan Arbaso talde metaleroaren emanaldia Kantxopin. 21:30ak aldera, agian beranduago, hasi da The Solanos.

Aurten ere komeriak izan dira Udala eta herriko elkarte eta talde batzuen artean. Ondorioz, bi programa egon dira, gehi biak biltzen zituen Lea Artibaiko Hitzak kaleratutakoa.

Kontua da gauerdian zegoela iragarrita Musika Plazan The Solanos-en emanaldia eta, gorabeherak tarteko, Kantxopira pasa zutela 20:00etatik aurrera. 20 minutuz egon nintzen Xabi Solano, Oskar Benas, Sergio Ripiau eta abarren show farreroa ikusten. Kontzertu asko omen dituzte aurtengo udan eta taldea forman ikusten da. Katalunian ere bolo asko atera zaizkie. Haizearen Orrazian, Donostian daude larunbatean.

22:00ak jo ondoren, Boga Boga tabernara jamoi bokadiloak jatera. Kafea 22:45etan Gaztedin. Handik ikusi ditugu 23:00etako suak (Caballer oker ez banago). Dzangako terrazan geunden jarrita Leokadi eta tropa guztiak agur esan dionean aurtengo jaiei. (Bide batez, Gaztetxekoek ongi etorria eman zioten estreinakoz Turubiri, baina ez al diote agur esateko asmorik?)

Gau erdia pasa ondoren, Kepa Junkeraren kontzertua uztaileran amaieratik Itsas Aurren jarrita dagoen Karpan. "Bilbao 00:00" egin zuenetik errepikakorra iruditzen zait Keparen musika. 10-15 minutuz egon nintzen hari begira eta ez nuke asmatuko adierazten bilbotarraren eskaintza zein den. Nire ezintasuna izango da.

Musika Plazan hiruzpalau txozna egon dira aurten ere, gehi betiko Jai Braian taberna. Eszenatokian giro horretan estimatzen den erromeria. Ez dut taldearen izena gogoratzen, baina ondo aritu dira.

Handik erretirada. Guk, jende asko gelditu baita kalean.

Oharra: ea datorren urtean ez zaidan argazki kamera ahazten.

Silvio Rodriguezen elkarrizketa eitb24.com-en

Mikel Iturria 2006/08/16 08:00

En castellano

Gutxitan sartzen naiz Rebelión webgunean, baina atzo sartu nintzen zerbait begiratzera. (Bide batez, XX. mendeko webgune gisa txukuna izan daiteke, baina jada XXI. mendean gaude eta oraindik ez dute RSS bidez berriak jarraitzeko aukerarik ematen. Noiz arte?) Abuztuaren 20ko eguneratzea: Galderrek utzitako komentarioagatik jakin dut nik ere hanka sartu dudala, Rebelión-ek RSS bidez jarraitzeko aukera baitu. Dena dela, ez da erraza jakitea eta bistan jartzea eskertzekoa litzateke.

Pascual Serranok sinatutako artikuluak atentzioa deitu zidan:

"Una pregunta y una respuesta inventada en una entrevista de la televisión pública vasca a Silvio Rodríguez"

Dirudienez, Eitb24.com webguneak Silvio Rodriguez kantari kubatarrari elkarrizketa egin zion, laster kaleratu behar duen diskoa eta horren ondorioz Euskal Herrian egingo duen biraren berri emateko. Serranok dioenez, inoiz eginiko galdera-erantzuna gehitu zioten, Kubako egoerari buruzkoa.

"¿Cómo ve la situación en la isla desde que Castro delegara el poder en su hermano Raúl?"

"Creo que hay que esperar, todavía es pronto para hacer una valoración al respecto, de momento prefiero no pronunciarme".

Eitb24.com-en gaur bistan dagoen elkarrizketan ez dago Serranok aipatzen duen galdera, baina elkarrizketaren berri ematen duten euskarazko eta gaztelerazko albisteetan, bai.

"Kubako eta Euskal Herriko egoerak ere izan ditu hizpide. Euskal Herrian abiatutako prozesua txalotu du eta AEBek Kubari egiten dioten boikota kritikatu. Fidel Castro aldi baterako gobernutik alde egiteak eta ardura Raul anaiaren esku uzteak ze ondorio izango dituen galdetuta, ez du iritzirik eman nahi izan".

Rebelión-ek jarri ditu ere abeslariak e-mail bidez erantzundako galderak.

Salaketa Pascual Serranok egin du (kubatarraren gertuko norbaitek esanda, seguruenik). Eitbk eta Silviok ez dute, nik dakidala, ezer esan kontu honetaz.

Inork ez du ezer esan behar EITBn?

Eguneratzea goizeko 10:40etan:

Pasa egin zitzaidan Pascual Serranok sinatutako informazioan, berak aipatzen duela Silviok salatu duela kontua.

Makarrovskik ere aipatu du.

Bestalde, Serranok Eitb.com-eko editore den Lontxo Sainzen erantzuna kaleratu du, baina, oraingoz, ez dut ezer aurkitu euskal komunikabidearen webgunean.

"Desearíamos enviar estas líneas como muestra de disculpa ante el malentendido producido por la entrevista concedida por Silvio Rodriguez a eitb24.com.

La asociación vasca Habana Kultura propuso realizar esta entrevista a través de Internet a lo cual accedimos entendiéndolo por nosotros como todo un honor.

Así, fueron remitidas 10 preguntas que amablemente y con celeridad fueron respondidas por el cantante Silvio Rodríguez.

Días antes de la publicación de la entrevista, se produjo el traspaso de poderes de Fidel Castro con lo cual entendíamos que, lógico y normal, dar la oportunidad a Silvio Rodríguez de manifestarse al respecto.

Así, tal y como hicimos en la anterior ocasión, se remitió una pregunta a Habana Kultura sobre la cuestión.

La asociación entendió que no era el momento ni la entrevista para plantear la cuestión.

Al recibir la respuesta en eitb24.com, entendimos que había sido el propio Silvio, a través de su representante, quien había declinado ofrecer una respuesta.

Nada más lejos de la realidad. Ahora a través del titular de Rebelión, hemos comprendido la magnitud del error en unos momentos delicados en Cuba.

Reiteramos nuestras disculpas y lo que sí hubiéramos agradecido es una llamada por vuestra parte para contrastar la información, que a nuestro humilde entender, lejos de tratarse de una manipulación, se trata de un malentendido en el contexto de una situación sensible".

Hiroshima eta Nagasaki gogoan Atenasen

Mikel Iturria 2006/08/14 15:00

En castellano

Grezian pasa ditugu egun batzuk uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran. Abuztuaren 8an Atenasen Hiroshima eta Nagasakiko sarraskiak gogoratzeko ekitaldi batean egon ginen kasualitatez.

Egun horretan Acropolis-aren behealdean gogoratu zuten 1945 urtean Hiroshiman eta Nagasakin botatako bonbatzar nuklear haiek. Gaur egungo kontuak ere ez zituzten ahaztu, Libano eta Palestinako egoera besteak beste. Edo hori izan zen nik ulertu nuena, grekeraz aritu baitziren.

Argazki hauek igotzeko nengoela gogoratu naiz azken Argia aldizkarian elkarrizketa egin diotela 1908 urtean Tolosan jaiotako Condor Legioko Jose Ramon Calparsoro gerra pilotuari. Gizona 1938an inkorporatu zen talde horretara eta, beraz, ez zuen parte hartu Gernikako bonbardaketan.

Hona hemen zaharraren bi kontu:

"Gerran dena egin nuen gustura. Dena. Bonbak bota beharrak mina ematen zidan ordea. Egin kontu zenbat eta zenbat tona bonba jaurti ditudan nik. Batzuetan 2.000 kilo bonba hartuta aireratzen nintzen. Eta mina ematen zidan, politikak politika, nire herria zelako hura, eta jende asko hil nezakeelako, akaso ezagunak ere bai. Hala ere goitik, 4.000 metrotatik, ezinezkoa da behean gertatzen dena jakitea".

(…)

"Momentu egokia dela iritzita galdera egin diogu: Sekula ez al zenuen bidezkoa iruditu ez zitzaizun agindurik bete behar izan? «Jakina. Askotan egin behar izan nuen. Frontea marra bat besterik ez zen eta inguruko herriak ez ziren frontea baina... aginduak betetzen genituen guk; geu eraitsi ez gintzaten. Biziraupen kontua. Soldaduon artean ez zegoen eztabaidarik, denok geunden ados eta denok desiratzen zerbitzuak egiteko». Eta Gernika? «Ni ez nintzen han izan eta ez nuen horri buruz alemaniarrekin hitz egin. Momentuan zerbait izan zela jakin genuen; zehatz-mehatz zer pasatu zen ordea ez. Gaur ere ez dakit. Pedroak, nireak, Heinkel 111 bonbarderoak, han izan zirela badakit».

Ez da argazki oso ona, baina Partenon-arekin bukatuko dut apuntea. Eraikin honek bereak eta bi ikusi baititu mendeetan zehar. Calparsorok baino gehiago. Eta honek baino argiago ditu zenbait gauza. Itxuraz.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter