Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Araba maite

Lisboa 3: Belémgo dorrea

trebi 2009/11/09 23:34
Hurrengo bisita Lisboan Belémgo dorrera izango da, Lisboa historiko eta turistikoaren sinboloetako bat.

             Belémgo dorrea Lisboako albo batean dago, itsaso alreruntz joanez, azken batean herria errekatik etorri zitezkeen erasoengandik babesteko dago altxatuta. Oso monumentu ezaguna da, nork ez du haren fotografiaren bat ikusi, eta hasiera baten ez ninduen erakartzen. Ikusi beharreko eraikintzat jotzen nuen baina ez nuen pentsatzen benetan gustatuko litzaidakenik. Bertan egonda orain bai esan ensáquela, askoz hobea da zuzen ikusita fotografietan baino, eta hauek gure erretratuek ere ez diote mesederik egiten. Ederra da benetan!

            Lehenengo santua ia txantxa bat da. Benetako dorrearen ondoan haren burdinezko maketa bat dago, etxea osorik zelan den lagunduko digu:

01. Belémgo dorrearen kopia, ikuspegi jenerala

 

            Dorrea errekan sartuta dago, irla baten modura, sasoi batean oraindik barrurago zegoela. Eta orduan, oraindik kanpoan garela, pssaa, ondo, politta, baina besterik ez, aparteko graziarik ez, beharbada larregi eskatzen dut.

02. Belémgo dorrea

 

            Sartzeko errekako legarran gainean dagoen egurrezko pasarela batetik igaro behar, eta gero, atea zeharkatzean, jakina, sarrera ordaindu beharko dugu.

03. Belémgo dorrea                       04. Belémgo dorrea

 

            Barruan garela, hasiera batean etxearen tripak ikusiko dugu, defentsarako egindako eraikina da, nahiz eta, orduko erregeen haunditasunaren seinale izan behar-eta, dotorea egiten ahalegindu, eta lortu.

 05. Belémgo dorrea barrutik

 

            Ederrena barruko patioetan eta goiko pisuetan gora eta behera gabiltzanean da. Hemengo fotografiek ez diote merezi. Pisuak zer izango dira? lau edo bost, eta guztietatik ibili daiteke libre. Zoragarria. Handiagoa da barrutik ikusita kanpotik dirudiena baino. 

08. Belémgo dorrea lehenengo pisutik

 

06. Belémgo dorrea barruko patiotik

 

            Jende asko dabil etxean, gu joan ginenean ez zen turismo sasoi nagusia izango, baina hala eta guztiz, Lisboako tokirik ezagunenetakoa delako, eta berez, berangatik, merezi duelako. Eta oraingoan, betiko moduan, fotografiek ez diote mesederik egiten. Pentsatzen egon naiz zergatik ote den horrelaxe eta, nik uste, errekan sartuta egoteagatik da, kanpokaldia ateratzerakoan beti albo bera fotografiatu beharko dugu, eta beste alboak ezinezkoa da ateratzea erreka zabalak ez digulako lagatzen; eta gero barruan dena dago gertuegi, gain-gainean eta ezin enkuadre txukunik lortu. Ondorio legez, ahaztu makina eta paseatu eta ikusi lasai, behin eta berriro errepikatuko dituzu tokiak. Ederra da.

09. Belémgo dorrearen patioa goitik ikusita

Tobacco days, Anjel Lertxundi-rena

trebi 2009/11/03 12:32
Eleberri hori irakurrita, hona ba nire eritzia

 

                       

            Kontrabandoan kontura egindako nobela bat da, argumentuak ez dauka aparteko bueltarik, baina idazkerak buruko mina reagiten zidan, batez ere dialogoak, ez beti baina bai askotan, lerroetan zehar sartuta daudelako inolako bereizketarik gabe -seguruenean erritmo biziagoa izan gura izateagatik- eta irakurketa niretako behintzat nahiko nahasia bihurtzen delako. Bai, hasi eta bukatu egin dut, baina nik ez nuke gomendatuko, hobeak bilatzen ez deritzat hain gaitza.

 

Lisboa 2: Alfama eta Baixa auzoak

trebi 2009/10/29 23:59
Alde zahar bietatatik hasiko gara hiriko bisita: Alfama eta Baixa, bata bestearen ondo-ondoan baina biak nahiko diferenteak

            Alfama eta Baixa Lisboako alde zaharra edo zaharrak dira. Auzo bi lez jotzen dira eta halaxe izango da baina biak aldamenean daude.

            Alfama gaur egun dagoen auzorik zaharrena da. Lurrikada bat izan zen eta beste barrioak hondoratu ziran bitartean honek beronek iraun egin zuen. Kale estu-estuak, bihurriak, herritxo batetik paseatzen zaudela ematen du. Gu pisua hartzekotan ginenean pentsatzen egon ginen hor hartzea. Dudatan ginen, zenbateraino izan zitekeen auzo marginala? Jon Arretxeren “Fatum” nobela irakurri berria neukan, hor girotua eta prostituzioaz-eta diharduena. Zalantzan egon ginen, toki aproposena izan zitekeen familian eta ume txikiekin joateko? Ezjakintasunean beste inguru batera joatea otu zitzaigun. Ezagutu eta gero txarto egin nuela deritzat. Trankil asko hartu liteke hor ostatu, halaxe iruditzen zait orain. Hona irudi batzuk, bai Lisboa da:

01. Alfama 1

 

02. Alfama 2a

 

03. Alfama 2b

 

           Baixa berriz, alde zaharra izanda ere, hondoratu zen orduko lurrikada horretan (18. mendea?) eta berritu egin zuten, urbanismo zeharo berriaz: kale zabalagoak, koadrikulan, beste estilo bat. Gaur egun Lisboako zentro politikoa (udal mailan behintzat) eta komertziala izan liteke, kaleko giro biziena hor ikusten da. Zati handi batean oinezkoentzako prestatuta dago.

04. Baixa 1

 

05. Baixa 2

 

          Bertatik San Jorjeren gaztelua ikusten da. Bisita bat egingo diogu beste egun batean.

05b. Gaztelua Baixatik

 

             Eta bertan dira Lisboako plaza nagusiak, Rossio eta Pedro V.arena –hauek ere bata bestearen ondoan-, bizitza kolektiboaren erdiguneak. Maitzaren bata zen eta aprobetxatu gura izan genuen Portugalgo kapitalean nola ospatzen zuten beharginen jai hori. Baziren hitzaldiak, bazen musika, baziren horrekin batera bertako jantzi tradizionalak... eta gainera eguraldi ona, zer gehiago behar da ondo pasatzeko?

06. Baixa maitzaren batean

 

07. Maiatzaren bata

 

            Hortik ere, bertan dago-eta, Carmo-ko komentua dago, tenplo gotiko bat eskeletoan dagoena. Aipatutako lurrikara horretan, edo beste ezbehar batean, hondatu egin zen baina bere zutabe eta arku nagusiek eutsi egin zioten, eta horrelaxe geratu da. Igogailu bat hartu eta bertaraino igo liteke, bertan bista politak izango dugu.

08. Convento do Carmo 1

 

10. Convento do Carmo 3

 

            Komentuaren sarreraren ondoko plazan ginela –komentuan ezin da sartu- alboko ate batetik hango guardia batzuk, guardia zibilaren modokoak baina bertakoak, “guardia errepublikana” izenekoak, gonbidapenak zabaltzen zituzten euren egoitza bisitatzeko. Eta zer egiten du euskaldun batek guardia zibil moduko batek esaten dionean “sartu, sartu, sartu gure etxea ikustera”, ba gutxienez bi bidarrez pentsatu, baina morboa eta jakingura morboa eta jakingura dira, eta beti esan genezakeen “tira, hauek diferenteak dira, hauek guardia errepublikanoak dira”, eta autu horrekin, ba barrura. Zer topatu, eta lehenengo tanketa batzuk, ze politak!, zelako turistik! “Barrutik ere ikus zenezakeen” “Zera, nahikoa, hobe ez”. Etxera sartu, bertako gelak ikusi, baita garai bateko espetxeak (hori ziren?) eta Carmoko komentua barrutik kuartel honetan sartzeagatik ikusi genuen, parez pare dira-eta eraikin biak.

11. Guardia Republikanaren etxean 1

 

12. Guardia Republikanaren etxean 2

 

13. Guardia Republikanaren etxean 3

 

              Eta bertako erakusgaien artean krabelinen iraultzarekin loturiko hainbat gauza. Alde batetik, eta fotografiarik ez badugu ere, gela bat non diktadorearen gobernua bilduta eta babestua egon zen auziak erabaki bitartean; eta bestaldetik, eta nahikotxo, armadak eta baita goardia errepublikanoak diktadura horren kontrako altzamenduan izandako protagonismoa erakusten duten objektuak (diktadura babesten egon eta gero). Begiratu, gure asmoetan ez zen sartzen halako etxalde eta erakunderik ikustea, baina ezustekoari bere tartetxoa laga behar zaio.

14. Guardia Republikanaren etxean 4

  

Lisboa 1: joaten

trebi 2009/10/13 23:52
Lisboara joan ginen aste batez. Orain joakeraren bidaia kontatuto dugu.

 

             Umeekin joateko bidai erreza egitea pentsatzen genuen eta lehenagotik bagenekien Lisboara trenez eta gauez egin genezakeela. Bileteak egun batzuk lehenago erosi, pisua Internet bitartez hartu eta prest ginen.

             Trenak gauerdiko hamabi eta laurdenetan irtetzen zuen. Gasteizko geltokira joan eta, ene ba!, zenbat jende! Ez ginen bakarrak izan ideia hori izan genuenok. Baina ez, oker ginen, antzeko asmoa bai, trenez lo egiten joatea bai, baina ez Lisboara, Parisera baino, kontrako zentzuan hamabost minutu lehenago. Denak- edo Disney Worldera. Gu bakarrenetakoak mundu zaharraren muturrera gindoazenak.

01. Gasteizen trena itxoiten

 

            Literetarako txartelak erostera joan ginenean adituta genuen bazirela lau oheko bagoiak. Hor ere huts erdia egin genuen. Bai, halakoak baziren baina Parisera joateko, Lisboara eginez gero hiru lastamarrekoak. Tira, txikienak amarekin egingo zuen eta ume nagusiak eta aitatxuk bana izango genuen. Ondo.

02. Gure litera bagoia

 

           Entzuna genuen, ezagunak genituelako bidai bera modu berean egin zuten lagun batzuk, biletearen prezioaren barruan armozua sartzen zela. Sinistu bakarrik erdizka egiten genuen baina horrelaxe zela konprobatu ahal izan genuen. Zoragarria, ondo lo egin, ama izan ezikan, ederto jaiki, eta oraindik Lisboara heltzeko ordu pare baten faltan garela, tripa baretuko genuen, bai geuk bai treneko beste bidaide guztiek.

03. Gosaltzen trenean              04. Trenaren bagoi jantokia

 

            Eguna zabaltzen hasia zen eta Portugalgo lehenengo paisaiak ikusten hasiak ginen, lanbro artean oraindik.

05. Portugalgo soro aldeak 1 

06. Portugalgo soro aldeak 2

 

            Lurralde lau samarrak, zuhaitzak tarteak, berde baina ez euskal kostaldean beste eta herriren bat hortik zehar. Egun eguzkitsu batek hartuko gaitu gure Lisboarako heldukeran.

07. Portugalgo soro aldeak 3 

08. Portugalgo soro aldeak 4 

09. Portugalgo soro aldeak 5

 

            Kapitalera ailegatzean ohiko inguru urbanoa ikusiko dugu, etxe eta pabiloi industrial gris, zaindubako eta erdijausiak. Tartean, beheko argazkian legeztxe, trenbidearen eraikinak portuaren mugimenduarekin nahastuta. Ez dago ez alde handirik Bilboko edo Errenderi-Pasaiako inguru batzuetan ikusi litekeenarekin. Baina tira, Santa Apoloniako geltokira heldu gara, eta pozik. Biajearen lehenengo atala ondo joan da.

10. Lisboara heltzean

11. Lisboako Santa Apolonia geltokia

"Ragga-ragga dator gaua", Paddy Rekaldek egina

trebi 2009/10/12 22:49
 
   Gogoa neukan Paddy Rekalderen zeozer leitzeko, atentzioa deitzen zidan gizon horrek. "Ragga-ragga dator gaua" nobela hori nobela beltzaren generoan sartu zuen komentario bat leitu nuenenean -segitzen dut genero horretan euskaraz zer dagoen kuxkuseatzen- neure artean erabaki nuen momentua zela eleberri hori nereganatzeko.
 
    Nobela motz samarra da, 143 orrialde, Susak 2006an aterata. Azkar leitzen da, neuk hiru egunetako asteburu luze honetan eta beste pare bat egunetan hasi eta bukatu egin dut. Batuaz dago idatzita baina bizkaierazko ikutu mordotxorekin, egilea Deustukua ei da eta akzioa Bilbo Handi horretan gertatzen da gehienbat, batera edo datoz hizkuntza eta ingurua.
 
    Ostian, kontatzen dena..., erdialderako kontakizuna noraezean zebilela ematen zidan, badoa, badator, baina, tira, gustora segitzen zen aurrera eta amaierara heldu eta bukaera aproposa eman, espero zitekeena, beharbada sorpresa gitxikoa. Gustatu zaidan? Bai. Merezi duen? bai. Gehiago espero nuela? ba bai, baina, dena dela, ondo.
 

Dulantziko igerilekuak

trebi 2009/10/01 00:40
Gasteiztik hogei bat kilometrotara Dulantzi herria dugu, eta bertako igerilekuak guri gehien gustatzen zaizkigunetakoak

 

            Dulantzi edo Alegria herria Gasteiztik nahiko gertu dago, ekialderuntz hogei bat minututara A-3110 errepidetik, eta beharbada gaur egun herri erresidentziala dago bihurtuta zati handi batean.

             Sarrerak merkeak dira, 2009 urtean umeek 2’30 pagatzen zuten eta helduok 5’80.

             Neri benetan gustatzen zaizkit, aldiro joaten gara. Badago putzu bat txikientzako:

01. Dulantzi-Alegria, umeen igerilekua

 

            Eta gero beste bat gaztetxuentzakoa nagusientzako osinari lotuta, batetik bestera uretatik urten barikan igaro ahal izateko. Igerilekuen atzetik ikusten den etxe kubo hori herriko frontoia da. Horretara, beste aukera bat zaletasun hori izanez gero.

02. Dulantzi-Alegria, nagusien igerilekua           03. Dulantzi-Alegria, igerilekua eta frontoia

 

            Etzateko ez dago problemarik. Putzuen ondoan badago nahiko toki, hor metatzen da jende gehiena:

04. Dulantzi-Alegria, igerilekuen ondoko etzalekua           05. Dulantzi-Alegria, igerilekuen ondoko belardia

 

            Eta atzean tabernatxo bat. Taberna hori ez da gauza handia, baina jaten ere ematen dutela uste dut.

06. Dulantzi-Alegria, taberna

 

            Atentzioa ematen duena berriz jarri duten karpa da. Itzela! Ederra! Bai zeozer edateko, edo kerizpean lasai egoteko, edo euria bada bertan aterpetzeko... ona.

07. Dulantzi-Alegria, karpa handia

 

            Horren ondoan ere berdegunea bertan gustora egoteko:

08. Dulantzi-Alegria, karparen alboko belardia            09. Dulantzi-Alegria, karpa ondoko belardia

 

            Eta horren atzean, nahi beste toki, umeentzako jolasteko traste eta guztiz. Bai, gustatzen zaizkit.

10. Dulantzi-Alegria, atzeko zabalgunea           11. Dulantzi-Alegria, atzeko zabalgunea 2

  

Artziniega herria

trebi 2009/09/28 00:12
Artziniegara bertako igerilekuetara joateko asmoz abiatu ginen, baina, benetan, hobea da herria bera.

 

           Artziniega nahiko herri monumentala da. Alde zaharra tontortxo baten gainean dago eta bertan hiru kale paralelo daude: Goiko Kalea, Erdiko Kalea, eta hirugarrenaren izena ez dugu ikusi. Etxeak benetan zaharrak, kaleen zoru harrizkoa... halako gutiziak gustatzen zaizkionentzako behintzat merezi du.

01. Artziniega herria igerilekuetatik ikusita

 

           Eraikinik deigarrienak dorrea eta eliza izan litezke. Bata alde zaharraren albo batean dago eta bestea bestian, eta tartean kaleak. Dorrea, atari neoklasikoduna nahiz seguruenean etxea bera dexente lehenagokoa izan, gaur egun hotela da. Ederra. Sarrera nobletik hauxe duzue:

03. dorretxea beste alderditik (hotela ere bada)

 

         Kontrako alderditik, dorrearen bizkarrak etxeak ongietorria emoten dio herrira hortik sartzera doazenei:

 02. dorretxea

 

        Kale batetik sartzen gara eta ikusten dutu etxeek garai bateko, edo batzuetako, estiloei eusten die. Puntu erdiko arkuak, arkitektura popularreko etxeak...

04. kale bat

 

         Bitxitasunen artean elizako ataria dugu bat. Baliteke arte liburuetan ez agertzea aipatua, bertan dauden pinturak berriak direlako, baina alderdi historikoa aparte lagata, merezi du ikustea, halakoak ohikoak ez direlako. Antxinako erara eginda, gusto onez gure eritziz, benetan polita gelditzen da.

05. elizako ataria 1                           06. elizako ataria 2

 

         Inskripzioak euskaraz eta erdaraz jarri dituzte, eta motiboak ertaroko lanbideak eta Artziniegako historiarekin lotutako kontuak badira ere, keinu bi jarri dituzte benetan noizkoak diren garbi lagaz: pilota pardidu bat traje zuriz eta guztiz, eta bonbilla bat Picassok Gernika koadroan pintatu zituen estiloan. Pelota partiduarena hemen ikusterik duzue, bonbillarena berriz ikusi gura baduzue hara joan beharko duzue, fotografiarik ez zaigu eta txukun gelditu.

 07. elizako ataria, pelotariak .

 

         Elizaren atzetik honako ikuspegia dago, herria goialde batean dagoenez bertatik ere panorama ederra dago:

 11. herri inguruko mendiak

 

         Eliza ikusita, hasierako dorretxera bueltatuko gara. Kaletik pasatzean sasoi bateko merkatuaren aterpea ikusten da:

08. herriko aterpeak

           eta jauregiren bat:

 09. jauregi bat

 

         eta aparkalekura itzuli garela inguruko etxeei ere erreparatu diegu, XIX. mendearen bukaerakoak eta XX.aren hasierakoak, oker ez bagaude:

10. XIX. mendeko edo XX. hasierako etxeak

Artziniegako igerilekuak

trebi 2009/09/22 23:32
Artziniegara joan ginen, lehenengo igerilekuetatik pasatzeko.

 

            Artziniegara joan ginen igerilekuetan ibiltzera eta bide batez herritik bueltatxo bat emateko. Euria goitik behera eta piszina horietatik ezin izan genuen larregi gozatu baina herria..., herria bai, dotorea da, merezi duten horietakoak.

           Honako mezuan igerilekuak aurkeztuko dizkizuegu, hurrengoan herriaren txanda izango da. Beharbada hurrengo kapitulua da politena. 

           Hasteko, eta Artziniegako igerilekuetara joan gura baduzue tentuz segi jarraibide hauek, bidea ez dago eta garbi seinalizatua, hobeto esanda, bertan ez dago batere baina batere seinalerik, hobe zurikerietan ez jardutea. Nik esango nuke hara bakarrik bertakoak doazela, kanpotarrekin ez dira ez asko ez gutxi akordatzen. 

           Gasteiztik abiatu bazara, Artziniega herria pasa eta Burgoserako irteeraren hasieran, 300 metrotara eta ezkerrera, Sojo-Sojoguti dioen seinaleari segiduz, jarrai bidegurutze bateraino, hor ezkerreko partean zubi bat dago, pasa eta orduantxe bai gaude kirol gunean, zera, futbol zelaian eta alboko igerilekuetan, gure helmugan. 

            Aparkatzeko tokia sobran izango duzue, problemarik ez. Sarrera, 2009 urtean eta lan egunetan, nagusiontzako 2'20 euro eta umeontzako 1'50. Bost urtetik beherakoek ez dute pagatzen. 

            Bi putzu daude, bat ume txikientzako oso-oso aproposa, beste bat ume hazitako eta helduentzako. Apurtxo bat hotza baina ondo. 

            Hemen neska-mutikoentzakoa:

01. Artziniega, umeen osina

 

            Eta hemen "zahartxoentzakoa":

                       02. Artziniega, nagusien osina

 

            Eta bideotan, osin biak batera ikusteko. Lehenengo nagusiena, gero umeena, atzera nagusiena eta baita umeena berriro ere:

 

    

             Eta orain berriro osin nagusia, tabernako talaiatik ikusita:

 

             Fotografietan ez da jenderik ikusten hantxe ginela euria hasi zelako. Han egon, euria hasi, tabernara joan -hortik goitik daude erretratu gehienenak aterata-, atertu, atzera belarrera, handik gutxira berriro euria, buelta tabernara eta han, tartetxo bat egin eta gero, ordua ere bazela, etxera.

             Etzanda egoteko behar beste toki, ez amaigabea beste toki batzuetan den legez, baina nahikoa eta sobran. Txarrena? Igerilekuak oso bereiztuta daudela etzalekuetatik, zuhaizka-hesi garaua dago tartean eta kanpotik ia ezinezkoa da barruan zer gertatzen den ikustea. Aita batzuei ez zaigu uretan egotea gustatzen, baina kanpoan egonda begi bat behintzat bai izan behar umeen atzetik, eta Artzeniegan zaindari lanak betetzeko... txarto.

             Taberna ondoan jatetxe bat ere bada, baina bertan bazkaltzea pentsatzen baduzu ez dakit ez ote den hobe aldez aurretik enkargatzea. Tabernan billar bat, futbolina ... ondo, kontutan izan denposa pasa behar genuela atertuko ote zen zain ginen bitartean:

                 05. Artziniega, igerilekuetako taberna

 

            Eta onenetarikoa? Hasieran esandakoa, Artziegan egotea. Artziniega nahiko herri monumentala da. Alde zaharra tontortxo baten gainean dago eta bertan ... zera, hori hurrengoan kontatuko dugu.

 

Gasteizko jaiak 4: txosnak, gaua eta bukaera

trebi 2009/09/11 00:07
Azken gaua da, paseada egiten dugu, giro ederrean, eta bai, txosnetatik igaroko gara

 

       Kotxez hurreratu gara erdialdera eta trenbidearen bestaldean, hegoaldean, aparkatu egin dugu. Unibertsita-teko paseobidetik erdialderuntz abiatu gara, lasai asko, girotzen joateko. Paseatzea besterik gozoa da, tenpera-tura ederrean, egonean egotea nahikoa gustora egoteko.  

Jaietarako bidean, Unibertsitatean Etorbidetik

 

            Azkenengo urteetan unibertsitateko campusean jartzen dituzte txosnak. Inguru hau gehinbat gaueko kontsertuengatik ezaguna da baina ez da hori bertan egin daitekeen bakarra. Bertatik igaro garenean jendea afaltzen zegoen, besterik gabe, mahaietan trankil eseri eta menua aukeratu, beti-edo ogitarte zerrenden artekoa. Beste batzutan gu izan gara eguneko azken otordua bertan egin dugunok.

Txosnak gauez, afaltzen

                       

Txosnak gauez, lasaitxu                Txosnak gauez trankil giroan

 

            Kontzertu tokiak ere ohiz kanpoko itxura dauka ordu hauetan.

 Txosnak gauez musika hasi aurretik

 

            Erdialdeko kale nagusietan gizasemeak gure modura zebiltzan, egotaroaz gozatzen. Ikusten denez ez ziren hankabikoak falta zirenak.

 Gasteizko jaiak, Dato kalean

 

            Tarteka ikuskizunen bat. Suarekin jolastuz egiten direnek, sardinak erretzeak legez, aproposak dirudite kanpoan egiteko, ez da kontua teatro bat erretzea. Ikusi duzue inoiz su malabaristen ikusgarri bat antzoki batean? Ezetz ez? Banengoen ba ni!

  Gasteizko jaiak, su malabaristak

 

                    Eta bai, gaur azken eguna da, Zeledon bueltatzen da bere dorrera eta ez da jaitsiko datorren urtera arte. Esaten dute jendea nekatuta bukatzen dituela jaiak eta deseatzen dagoela normaltasunera itzultzeko. Gezurra!! Etsita dagoenak egun bateko deskantsua har dezala eta ziur egon zaitezkete biharamunean sasoi betean dagoela atzera ere parrandan segitzeko, eta metro bateko irrifarrez. Auzi horren harira seguru ere ez dutela lagatzen halako herri galdeketa bat egiten.

     Gasteizko jaiak, Zeledonen igoera 2008

 

            Agur Zeledon! Agur! Ez ahaztu bidea datorren urtean, zain gauzkazu! Ba al dago inor zu baino maiteago Gasteizen? Bai zera!

 

Gasteizko jaiak 3: arratsalde-gau bat (umeekin)

trebi 2009/08/26 00:05
Arratsalde-gau bat nola pasa: kalerik kale ibili, topatzen ditugun ikuskizunez gozatu eta, hauxe ahaztu barik umerik izan ezkero, zezensuzkotara joan!

 

      Arratsalde honeta ez gara Prado parkera joango. Hainbeste-hainbeste! eta, beste barik, kalerik kale ibiliko gara.

      Urten eta blusen zezenetatiko etorrerarekin egin dugu topo. Blusak zezenetara doaz eta zezenetatik datoz, baina horrek ez du esan nahi tartean zezenetan daudenik, batzuk bai eta beste batzuk ez, baina joan ez arren joan-etorreraren paseo musikatu girotuan... hortxe bai, hor bai apuntatzen dira. Ikusleok berdin.

    Blusen zezenen etorrera (zezenetara joan barik)

       Festetan kaletan ibiltzeak berez nahiko zerikusi ematen du, jendea bera ere bada nahiko espektakulu, baina horrez gain badira hor dohan, bakoitzak gura dituen txanponen truke, guztien aurrean egiten diren ikuskizunak, eta, bai, gizaseme pila erakartzen dute. Gero bakoitzak baloratuko du eskainitakoak eskertzea, diruz eskertzea, merezi duen eta zein neurritan. 

Gasteizko jaiak, kale ikuskizunak                           Gasteiz jaietan, dantza afrikarrak

 

       Honek, esate baterako, merezi zuen: 

   

     Iluntzean, gorputzak beste lasaitasun bat hartzen du, dena diferente ikusten da. Betiko tokiak bestelakoak ematen dute, eta hotz-beroa egunekoa baino gozoagoa izan daiteke, aproposagoa paseatzeko.

                
Andra Mari Zuriaren plaza gauez jende gitxi dagoenean                             Gasteizko jaiak, gauez paseatzen   

 

Gasteizko jaiak, Foru Aldundia, Diputazioa, apainduta

 

     Hamaika eta erdietan, zezensuzkoak. Puff! umeentzako badira erakargarritasun bi: bolanderak, txapliguak, suzko erroberak,  suziriak, su artifizialak -deitu itzazue nahi duzuen moduan- eta zezensuzkoak.

     Txapliguekin ez dute lortu konponbide onik, ez dute asmatu toki on bat lortzen bota eta jendeak toki askotatik ikusi ahal izatea. Botatzen diren ingurura hurreratu behar zara, bestela ez da erraza Gasteizen toki bat izatea txukun ikusteko moduan.

    Susko zezenak berriz, eeeneee! hauek bai erakartzen dutela umeteria! Gure nagusitxuarentzako (8 urte) aurtengo 2009ean huraxe zen lagunekin elkartzeko punturik nagusiena. Huraxe ezin zen galdu! Besteak tira, baina hori? Egunero-egunero hantxe egon behar, gaueko hamaika eta erditan hasten badira, gutxienez hamabost minutu lehenago, ez gintezen hasita eta gero heldu. Txikitatik erakusten diegu
-aiuntamentuak lagunduta edo behartuta- gure txikiei gauez ibiltzen. Aitatxu kaskar honek ere ez du txarto ikusten. Edo ez genien utzi behar?

     Adi! zezensuzkoen txinpartek benetan erretzen dute, hurreratu gura baduzue -jolasa horretan datza, hurbildu eta zezena ikutu suei muzin eginez- hobe txapel, txano eta erropa zaharra eroatea. Badaezpada, ez da tontakeria, horrelaxe hondatu genuen guk kamiseta bat.
 

 

        Zezensuzkoak bukatuta (00:30) musika kontzertu onak egon litezke. Berez zezensuzkoak hasi eta orduantxe abiatzen dira (00:00) baina gure kimuei ez diete asko ardura, oraingoz behintzat, eta gurasoek badakite zein den beren eginbeharra: zezensuzkoak bukatuta etxera, lotara!, nahiko parranda izan dugu. Hori kontzertu hori ona zen, ikusiko genukeen, baina ala! denok ilaran etxera. Beste egun bat
izango da!

 

Aurkezpena

 

    Blog hau gai batzuen inguruan egiten da, egilea bera, berez, ez da eta batere interesante. Arlo bi jorratuko ditugu gehienbat:

1. famili artean Araban egin daitezkeen txangoak, eta

 2. liburu kritikak.

 Horrez gain, batek daki, idatzi ixilik ez egoteagatik, harrokeria.