Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik / Eibar Kirol Elkartea K.E.A.ren administrazio kontseilua izendatzeko prozedurari buruz bi hitz

Eibar Kirol Elkartea K.E.A.ren administrazio kontseilua izendatzeko prozedurari buruz bi hitz

Mikel Larreategi 2017/05/11 19:25
Azken aste eta egunotan Eibarzaleen artean komentario asko dabiltza Elkartearen administrazio kontseilua izendatzeko prozedurari buruz. Botoa emateko txartelak ikusi ostean, hemen nire iritzia.

Aurten lehenengo aldiz "hauteskundeak" egongo dira Eibar Kirol Elkartean administrazio kontseiluko kideak izendatzeko. Komatxo artean jarri dut, hhituta gauden hauteskunde prozesuen guztiz besteko prozedura izango delako jarraituko dena, izan ere Elkartearen Estatutuetan ez baitago ezer horren inguruan, eta ondorioz Legeak dioena jarraitu behar da.

Ez dut zalantzarik prozesura aurkeztu diren "plantxa" edo "zerrenda itxiek" dituzten abokatuek prozedura goitik behera gainbegiratu dutela eta legezkoa izango dela, horrek baina ez du kentzen prozesua argiagoa izan ezin zitekeenik.

Batetik, hasiera hasieratik egungo administrazio kontseiluak izendatutako "antolaketa batzordeak" garbi utzi zuen (lehenengo prentsaurrekoa hemen Youtuben eta bigarrena ere bai), bozketa ezin zela "plantxaka" edo "zerrenda itxia" erabiliz egin, ez Estatutuek eta ez Legeak ez zutelako hori horrela aurreikusten.

Pentsa daiteke modu garbiena horixe dela: hautagaitza bat aurkeztu administrazio kontseilu osoa betetzeko, bati eman botoa eta boto gehien duena irabazle. Baina hori zehazten den araurik ez dago.

Aurkako prozedura, "zerrenda irekien" antzerako sistema bat, ere ez dago inon zehaztuta (hautagai guztien zerrenda aurrean izanda hortik 13 aukeratu).

Nola jokatu orduan? Bada, administrazio kontseilua bazkideen batzar nagusiak aukeratu behar duenez, aurkeztu den hautagaietako bakoitza batzar nagusiak onartu beharreko proposamen gisa bozkatzea, hau da, hautagai bakoitzeko galdera bat egin beharko litzateke: "XXXX jauna/anderea administrazio kontseiluko kide izendatu nahi duzu?" eta horren aurrean akziodunek 4 erantzun posible dituzte: alde bozkatu, aurka bozkatu, zuriz bozkatu edo ez bozkatu -abstentzioa- (edo boto-paperarekin bozkatuz gero, boto baliogabea eman).

Hala ere, ez egungo administrazio kontseiluak ezta aurkeztu diren hiru hautagai-taldetako bik ere prozesua ez dute horrela bideratu nahi, edo hori dirudi behintzat. Euren artean adostu dutenez "goiko moduan bai, baina plantxaka ere bai" erako bozketa sistema bat antolatu dute: akziodunok boto txartel bat jaso dugu, eta bertan A moduan edo B moduan eman dezakegu bozka:

  • A moduan plantxa bateko kide guztiei ematen diegu aldeko bozka eta aurkakoa beste plantxetako kide guztiei.
  • B moduan bakarka aukeratu beharko ditugu aldeko botoak, aurkakoak, abstentzioak edo boto zuriak.

"B modua da orduan egokiena zuk diozuna egiteko" esan dezakezu irakurle. Bai baina ez.

B moduan bozkatu nahi duenak, zera ikusiko du boto-txartelean: hautagai bakoitzaren ondoan X bat egiteko laukitxo bat. Bat eta bakarra. Bere gainean azalpena, eta hauxe da:

  • Hautagai baten alde bozkatzeko, jarri X laukian.
  • Hautagai baten aurka bozkatzeko, ez idatzi ezer laukian.
  • Hautagai baten aurrean abstenitzeko, AB idatzi laukian.
  • Hautagai baten aurrean boto zuria emateko, VB idatzi laukian.

Niretzat, hori ez da botoa era garbian eta ulerterrazean azaltzeko modua. Legezkoa izango da, baina ez da gardena (ez duelako inork azaldu zergatik egin den hori horrela) eta ez da azaltzen erraza. Noiztik zerbaiten aurka bozkatzeko txartel baten ez da ezer idazten? Noiztik adierazi behar da espresuki abstenitzeko nahia?

Errazagoa izango litzateke hautagai baten izenaren ondoan 3 lauki agertzea: alde bozkatzeko, aurka bozkatzeko eta zuriz bozkatzeko. Abstentzioa, hautagai horren izenaren ondoan ezer ez jartzea izango litzateke.

Lehen esan dudan bezala, nire ustez bi hautagai-talde nagusiek ez dute nahi administrazio kontseilu pluralik, euren neurriko "amen-amen" erako kontseilu bat baizik. Hori, baina, ez da legeak aurreikusten duena, eta zirrikituak erabiltzen ari dira eurek nahi dutena lortzeko. Nire ustez oso aberasgarria izan beharko litzateke administrazio kontseilu plural bat lortzea, udalerako bozketak izaten direnean bezala: 21 zinegotzi daude, baina denak ez dira alderdi berekoak.

Bestalde, zerbait ere esan daiteke hauteskunde prozesua antolatzeko egungo administrazio kontseiluak izendatutako antolaketa-batzordeari buruz, bertan klubeko langile batez gain, hautagaitza jakin bateko bi kide baitzeuden. Badakit abokatuak direla, euren profesionaltasuna zalantzan jartzeko arrazoirik ez dut, legeetaz badakite, baina horrek ez du kentzen prozesua kontaminatu ezin dezaketenik.

Urrutitik botoa eman behar dutenen inguruan ere esan daiteke zerbait. Orain hiru urte kapital handitzea egin zenean, Elkarteak munduan zeharreko ehundaka akziodun berri lortu zituen. Dirua eta laguntza eskatu bakarrik ez, Elkartearen erabakietan eskuhartzeko aukera ere erraztu egin behar zaie. Prozedura konplexu bat ezarri da horretarako: boto-papera bete, ordezkari baten izen-abizenekin bete eta notaritza batera bidali. Horrek ere plantxa baten aldeko botoa bultzatzen du erraza delako notaritzara hautagaitza talde baten buruaren izenean ordezkaritza bidaltzea, ez ordea era "irekian" bozka eman nahi baduzu, nork ordezkatuko zaitu kasu horretan? Noren izena jarri ez baduzu inor ezagutzen? Eta garaiz iritsiko dira sobreak notaritzara munduko bazter guztietatik?

Ulertzen dut gure Estatutuetan ezer ezarrita ez dagoenez hori ere arautzea zaila dela, baina irtenbide errazagoren bat egongo zen, ala?

Hauteskundeen inguruan, administrazio antolatzaileak izan behar duen inpartzialtasunaren ispilu Erresuma Batuko Hauteskunde Batzordea jarri daiteke. Beren webgunean argi eta garbi azaltzen dute (eta hainbat txostenetan azaldu), nola erabaki zuten Brexit-aren inguruko erreferendumeko galdera. Laburbilduz:

Gobernuak proposatutako galdera hauxe zen:  "Erresuma Batua Europar Batasuneko kide izan beharko litzateke?".

Lehenengo pauso gisa, hitzak aldatu egin zizkion proposatutako galderari: "Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izaten jarraitu behar du?" galdera erabiliz, Erresuma Batua jada bazelako Europar Batasuneko kide.

Ordura arte Bai/Ez erako galdera planteatzen zen. Hala ere, ulertu zuten "Bai" eta "Ez" erako galdera bat jarriz, jendea erantzun jakin bat ematera bideratzen zela. Askotan esan ohi da, erreferendumetako galdera berau egiten duenaren aldeko erantzuna emateko eran idazten dela, gehietan Bai esateko gainera. Hori horrela, hainbat proba egin ostean berriz aldatu zuten galdera, eta azkenean boto paperetan idatzi zena hauxe izan zen:

"Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izaten jarraitu behar du ala Europar Batasuna utzi egin behar du?

  • [ ] Europar Batasuneko kide izaten jarraitu
  • [ ] Europar Batasuna utzi"

Eta horretarako, hainbat lan-saio, ikerketa eta inkesta egin zituzten, beti ere gauza batzuk buruan izanik: administrazioak ezin zuela aukeretako baten ere aldeko jarrera erakutsi, galdera guztiz neutrala eta lerratzerik gabekoa izan behar zela, eta galdera era erraz eta ulergarrian idatzita egon behar zela.

Galderaren aukeraketari buruzko datu gehiago lortzeko, webgunean argitaratuta ditu Hauteskunde Batzordeak txosten eta dokumentu guztiak.

Zer esan nahi dudan honekin? Horrelako erabakiak hartzeko prozesu batek ezin duela zalantzarik eragin boto-emaleengan. Eta Eibarren kasuan, ez da boto-emale bat zalantza duena, asko dira.

Hau guztia ikusita, nire iritzian, hobe izango litzateke prozesu hau egin beharrean, lehenengo benetako hauteskunde prozesu garden bat antolatzeko modua aztertu izan balitz. Adibidez batzar nagusi bat deitu eta hauteskunde arau garbi batzuk prestatu eta Estatutuak aldatuz.

Ez dirudi horrelakorik ikusiko dugunik eta bai ordea bi plantxa nagusietako baten aldeko boto asko (bataren edo bestearen). Azkenean hasiera-hasieratik izen behar ez zena esan zutena egi bihurtu dutelako prozedura okertuz: plantxakako bozketa izan ezin zena, plantxakako bozketa bihurtuz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hamar gehi lau? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.

Flicker-en
www.flickr.com
Elementos de erral Ir a la galería de erral
Twitterren