Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

ETBk "Alpenpanorama" programa kopiatu beharko luke

Mikel Larreategi 2019/08/03 19:44
Iaz eta orain bi urte, lana dela eta, maiatza/ekaina inguruan Bonnen egon nintzen, lanean darabilgun Plone tresnaren inguruko garapen sprint baten. Goizero esnatu eta te bat hartzeko hoteleko logelako ur-berogailua berotu bitartean telebista pizten nuen eta tonto bat bezala 3sat kateari begira gelditzen nintzen. Hemen zergatia.

3sat Alemania, Austria eta Suitzako alemaniera hizkuntza gisa duten telebisten artean sortutako kate publikoa da, wikipedian irakurri dezakezue gehiago berari buruz.

Gauza zera da, goizero kate horretan "Alpenpanorama" izeneko programa bat ikusi nuela eta bertan ordu erdi inguruz Alpeetako hainbat txokotako webcama erakusten zuten, bertako eguraldi iragarpen, tenperatura, altuera eta informazio gehiagorekin. Internet bidez ere ikusi daitezke momentu honetako irudiak.

Etxean, bere garaian erositako satelite bidezko telebista deskodegailu bat nuen, etxeko satelite zulora engantxatu nuen eta bertan agertu ziren hainbat kanaletakoen artean, bat 3sat zen. Orain, noizean behin gogoratzen banaiz jarri egiten dut eta goizeko 7:30tan txundituta Alpeetara begira gosaltzen dut, Tirol aldeko musikarekin lagunduta gainera

ETBk ere horrelako zerbait behar du: webcamak jarri Euskal Herriko txoko batzuetan eta berauek erakutsi bai webgunean eta baita egunero ere pare bat bider (horrela Eguraldirako irudiak ere izango dituzte). Helburua bikoitza: gure herrian dauden txokoak ezagutaraztea eta bertako eguraldia erakustea. Hainbat eta hainbat jendek eskertuko nuke zalantzarik gabe, goizean telebista piztu eta Arantzazun lainoa ikusten den ala ez ikustea, Gamarrako eliza puntan zikoina etorri den ikustea, Bakioko hondartzan olaturik dagoen ikustea, Larrundik Hondarribi ikusten den ala ez ikustea, edo Belaguan lehenengo elurtea egin duen ala ez ikustea.

Hainbat webcam zerbitzu badaude (gure kostaldeko hainbat AZTIren KostaSystem zerbitzuak ematen ditu), baina hau ikusgarriagoa litzateke, telebistan zuzenean ematea egunean pare bat aldiz. Hor doako ideia ETBko pentsalarientzat.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.