Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Mittagskogel (2145 metro)

Mikel Larreategi 2016/09/03 21:40
Autria eta Eslovenia arteko Karawanken mendizerran, Finkenstein (Austria) eta Kranjska Gora (Eslovenia) herrietako lurretan, Austriari Karintiako inguru hori zaintzen duen gailur ikusgarria igo genuen abuztuan, hona kontakizuna.

Abuztuaren 10an ilunabarrean iritsi ginen Villachera. Asteburuan hasteko zen Faaker See xake txapelketaren 32. edizioa jokatzeko joan ginen hara. Sarri egin izan dugu oporrak eta xakea uztartzeko ekinaldi hori eta oraingoa Austria inguruan egitea erabaki genuen.

AirBNBrekin apartamentu bat hartuta genuen eta maleta desegiten geundela, taldekide batek leihotik begiratu eta hauxe ikusi genuen

Mittagskogel Villachetik

Hurrengo egunean inguruak ikustera joan ginen eta Faaker See ondoko turismo bulegoan galdetu genuen. Hainbat mapa eta ibilbideren inguruko informazioa eman ziguten eta espreski galdetu genuen mendi horrengatik. Igotzeko zailtasuna "ertaina" zela esan zigun bulegoko langileak, ibilbide orrian horixe agertzen zen. Gainera nahiko gora arte kotxean igo gintezkeela esan zigun, jende asko ibiltzen zela-eta.

Etxean, mendiari buruz gehiago irakurri genuen: Austria eta Eslovenia arteko Karawanken mendizerrako gailurrik altuena da Mittagskogel 2145 metrorekin. Esloveniarrentzat Kepa du izena, eta gailurrean "bi gailur" balira bezala dira eurentzat.

Pare bat egunetan eguraldiari begiratu ostean, abuztuaren 16an igotzea erabaki genuen. Goiz esnatu (aurreko egunean xake partida berandu amaitu ostean), eta han joan ginen Mittagskogela konkistatzeko asmoarekin. Kotxearekin mendian gora hasi eta ez genuen parkina aurkitzen. Bat batean aurrera ez jarraitzeko kartela zegoen, baina kotxeak handik ibilita zeudela garbi ikusten zen. Aurrera jarraitu genuen, jendea aurreratu genuen eta jada kotxeak aurrera jarraitu ez zuen leku batera iritsi ginen. Hango kartelaren arabera 900 metroan geunden, baina aparkalekuaren arrastorik ez oraindik.

Kotxea utzi eta gure lehenengo geltokirantz abiatu ginen: Bertahütte. Mittagskogelera bidean 1567 metroko altueran dagoen babeslekua. Pista lehenengo eta ondoren pista utzi (bazegoen, baina nahiago izan genuen bestea) eta mendi bidea, pinudi eta beste baso batzuetan zehar gora eta gora. Atsedenik gabeko ibilbidea baina ederra. Eguna ederra izango zela argi zegoen, zuhaitzen artetik goi lainoak aldentzen zoazela ikusten genuen eta.

Nahiko azkar iritsi ginen babeslekura. Bideko kartelek zioten denbora baino dexente azkarrago. Gure erbia benetan azkarra zen eta! Aupa Asier! Han ura edan, zerbait jan eta gure helburuari begira gelditu ginen.

20160816_090936.jpg
Bertahütte eta atzean Mittagskogel, gure helburua

Handik gorako bidea hasi genuen. Bidea oso ondo markatuta dago bidea, dena marka gorriz seinaleztatuta. Bidea ona da, toki batzuetan kontuz pasatzeko lekuak daude, baina ez du arrisku edo zailtasun nabarmenik. Babeslekuraino, bidean gora beste pertsona batekin egin genuen topo. Gero hura ere Mittagskogelera bidean harrapatu genuen, eta beste hainbat mendizale ere bai, baina gehieneak bueltako bidean zetozen.

Azken aldapa benetan gogorra egin zitzaigun. Zeruko ateraino iritsiko ginela zirudien. Argazkietan agian ez da ondo apreziatuko, baina aldapa benetan gogorra zen.

Aldapa

Aldapa beherantz

Eta aldapa gogor hori bukatuta, ahoa bete hortz gelditu ginen:

Gorako aldapa bukatu eta gailurraren azpitik ikusten zen panoramikoa
Gorako aldapa bukatuta ikusten zen panoramikoa (egin klik handiago ikusteko)

Hortik gora, azken aldapatxoa eta bertan tontorra. Eginda!!!

Buzoia!
Buzoia!

Gailurretik ikusten zena benetan zoragarria zen. Iparraldera Villach, Finkenstein eta Faaker See, lautada zoragarri baten eta mendiz inguratuta. Ekialdera mendiak, mendebaldera mendiak, eta hegoaldera Eslovenia.

Gailurreko gurutzea eta Villach
Gailurreko gurutzea eta Villach

 

Gailurreko ikusmira
Gailurreko ikusmira (egin klik handiago ikusteko)

Ah, eta gailurretik nire anaia zoriondu nuen, bere urtebetetzea zen eta. Agian bideoan zerbait gehiago apreziatuko da bista zoragarria.

Hitzik gabe gelditu ginen, beno eta gose eta egarriz ere bai. Gailurreko bi buzoietan zeuden bi liburuetan sinatu, gose eta egarria baretu eta beherako bideari ekin genion berriz ere Bertahütteraino. Han garagardoa ia tragoan edan, zerbait jan eta berriz ere beherantz joan ginen, kotxea hartu asmoz.

Eguna zoragarria izan zen. Ea datorren urtean zein mendi igotzen dugun!

Egin genuen ibilaldia hauxe izan zen (gutxi-gora behera): https://eu.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=18553140

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.