Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Eibar inguruan oinez: Untzaga - Urki - Lekamendi - Txonta - Arane - Errekatxu - Portalea

Mikel Larreategi 2016/10/17 10:00
Urki eta Txonta arteko bidean zehar, Eibarren beste ikuspegi bat eta askok ezagutzen ez duten inguruan zehar ibiltzeko aukera izango dugu.

Untzagan hasiko dugu ibilaldi hau, jubilatu-etxearen ondoan. Bi aukera ditugu hemen: eskilara mekanikoak erabiltzea, ala oinez Txaltxa Zelaiko parkean zehar igotzea. Goazen tokitik goazela, Armagin kalearen hasieran dauden eskilara mekanikoetara iritsiko gara. Eskilara horiek ala arruntak igota Urki kalera iritsiko gara, Cepa taberna ondora. Han hilerriraino joango gara eta espaloiari jarraituz Jose Antonio Iturrioz kalean zehar Arrateko Amaren ikastetxeraino helduko gara.

Aldapari jarraitu eta Urki kurutzekuako etxeak eskuman utzita, autopista gaineko zubia gurutzatuko dugu. Hementxe hasten da Txontarainoko bide ederra. Lekamendi baserria pasatuta, beste pare bat txabola ere ikusiko ditugu eta baita Eibarren beste ikuspegi bat ere. Tekniker alde baten, Legarreko dorrea bestean, eta Jardineta-Urkizu-Azitain inguru guztia ikusteko aukera.

Pixka bat aurrerago, jada ia Txontan gaudela, pagadi txiki bat ikusiko dugu bide bazterrean.

Pagaditxo bat Urki eta Txonta artean
Pagaditxo bat Urki eta Txonta artean

Pagaditxo bat Urki eta Txonta artean
Pagaditxo bat Urki eta Txonta artean

Pistatik jarraituta, Txontatik Salbadorrera doan bidearekin bat egingo dugu. Bertan ezkerrera egin eta Txonta kaleraino jeitsiko gara. Han, ezkerrera egin eta Galizia pasealekuan zehar Arane kaleraino iritsiko gara. Han, zuzen jarraituko dugu Arane eta Errekatxu arteko errepidetik. Errekatxura iristean, eskumara egin eta Portalea kultura etxera iritsiko gara.

Eibar inguruan oinez: Jardineta - Sakun - Miraflores - Arrajola - Sosola - Amaña

Mikel Larreategi 2016/10/14 17:00
Iparraldean orain ere, Arrajola eta Sosola baserrien arteko bide zoragarrian zehar.

Ignazio Zuloaga institutuan hasiko dugu ibilbidea, eskilara mekanikoen ondoan. Eskilarak igo eta Sakunetik zehar bidean gora eginda Arratera doan errepidera helduko gara.

Errepidea gurutzatu eta Miraflores kalean gora egingo dugu etxeetara iritsi arte. Bi etxeen artetik pasatzerakoan aurrera doan bidea hartuko dugu beherantz doana ezkerrean utzita. Pistari jarraituz Arrajola baserrira iritsiko gara.

Arrajola eta Sosola arteko harrizko bidea

Arrajola eta Sosola arteko bidea

Hesia gurutzatu eta handik gutxira beste hesi bat ikusiko dugu. Bidea utzi eta bigarren hesi hau gurutzatu egingo dugu, bidezidor hestu baten zuhaitzen artean errekasto batera iritsi arte. Bidezidorra jarraituko dugu basoan zehar, harrizko bide eder baten zehar. Euria egiten duen egunetan erreka urez beteta egoten da.

Eibar iluntzean, Arrajola eta Aritxuleta arteko bidetik

Iluntzea Eibarren Arrajola eta Aritxuleta arteko bidetik

Bidean zehar beste hesi batera helduko gara, Sosola baserritik gertu. Han baserrira doala dioen kartelari jarraitu eta eraikin baten ondotik pistara helduko gara Sosola baserria ondoan dugula. Pistan zehar Amaña auzora jaitsiko gara.

Eibar inguruan oinez: Azitain - Altzubarren - Agarre - Naiorbe - Asua Erreka - Barakaldo

Mikel Larreategi 2016/10/12 17:00
Gaur iparraldean ibiliko gara, Azitaindik gora jarraituz.

Azitaingo gasolindegi ondoan hasiko gara, Barrena kalean zehar, Lidl supermerkatua dagoen etxeetatik aurrerantz sahiesbidera iritsi arte. Han, sahiesbide gainetik La Salle ikastetxera doan bidea hartuko dugu.

Behin ikastetxea pasatuta, ezkerreko pistatik jarraituko dugu industrialdera joan beharrean. Pistatik zehar Altzubarren baserrira eta haren ondoko frontoira iritsiko gara. Frontoia pasatuta, garbigunea ere pasatu egingo dugu eta berehala bidegurutze bat aurkituko dugu: eskumara beherantz doan bidea hartuta industrialdearen goiko aldera eta Arrateko bidera iritsiko gara. Ezkerreko bidea hartuko dugu, gorantz doan pista.

Pistari jarraituz, bidegurutze bat ere hartu gabe, Agarre gainekoa eta Agarre azpikoa baserrien sarrerara iritsiko gara. Bertatik Eibar luze-luze ikusi dezakegu Ego ibaiaren ibarrean.

Agarre eta Azaldegi baserri ingurua Iparragirretik
Agarre eta Azaldegi baserri inguruak Iparragirretik

Pistatik jarraituko dugu Azaldegi gainekoa eta Azaldegi azpikoa baserrietan zehar, Naiorberaino iritsi arte. Hemen, baserria pasatu eta berehala beherantz doan bidea hartu behar dugu. Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka gorri-zuriak ikusiko ditugu eta eurei jarraitu behar zaie. Bidea beste baserri batera helduko da, eta baserriaren bi eraikinen artetik doa beherantz. Txakur nahiko zaratatsuak aurkituko ditugu bertan, baina normalean lotuta egon ohi dira beraz, lasai pasatu ahal baduzue.

Mendi bidean zehar, inguru eder batetik Asua baserrira helduko gara. Hemen bi aukera ditugu: ezkerrera egin eta pistatik zehar Txarakua deritzon ingurunetik sahiesbideraino iritsiko gara. Baserria ezkerrean lagata beherantz doan mendi bidea hartuta (berriz ere GRaren marka gorri-zuriak dituena), Asua Erreka kalera iritsiko gara sahiesbidearen azpitik pasatuta, eta bertatik Barakaldo kalera.

Inguru hau oso ederra da, batez ere Naiorbetik Asua Erreka kalerako bide guztia. Basoa da, eta inguru benetan ederra herrigunetik bertan. Agarretik Naiorbera doan bidetik ikusten den Eibarren ikuspegia ere ederra da benetan.

Eibar inguruan oinez: Txonta - Salbador - Sautsi - Iparragirre

Mikel Larreategi 2016/10/10 17:00
Salbador gainera pistatik igo, eta gero GRaren markei segika Sautsira jeitsiko gara.

Agiñazpi tabernaren ondoan abiatuko gara, Txonta kalean zehar, kalea bukatu arte. Han Salbadorrera doan pista hartuko dugu eta pistari jarraituko diogu bidegurutze bat bera ere hartu gabe Salbador ermita edo baselizara heldu arte.

Baselizaren aurrean dagoen hesia gurutzatuko dugu iparralderantz, eta Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka zuri-gorriei jarraituz Sautsi gaineko Gisastu-depositu etxeraino. Jeisten ari garela, justu Gisastu baserriaren gainean gaudela, Eibarren bista ederra ikusi daiteke, herri guztia, Urko, Lindari eta Ermua ere ikusten da (mapan agertzen den bidea gutxi gora-beherakoa da, ez da bidea ondo apreziatzen-eta, baina bideak ez du galbiderik: marka zuri-gorriei jarraitu besterik ez da egin behar).

Eibar Gisastu baserriaren gainetik ikusita
Eibar Gisastu baserriaren gainetik

Hor bi aukera ditugu: ezkerrera eginez Gisastu baserria zegoen lekuraino iritsi gaitezke eta han pistari jarraituz Txontara jeitsi. Eskumara eginez, Eibar gaineko begiralekuan egongo gara, depositu-etxearen terrazan. Bertan Eibartik igarotzen den Gipuzkoako Itzuliari dagokion azalpenaren kartela ikusi dezakegu.

Eibarko ikuspegia Gisastuko depositotik
Eibarko ikuspegia Gisastuko depositotik

Pistari beherantz jarraituta, Sautsi auzunera iritsiko gara. Autopistaren zubia azpitik pasatu eta ezkerrera eginez, Iparragirre kalean zehar Urkusuko parkera jeitsiko gara.

Eibar inguruan oinez: Txonta - Salbador - Asurtza - Unbe - Txonta

Mikel Larreategi 2016/10/06 17:00
Gaurkoan, Txontan zehar, Salbadorrera igo eta handik Asurtzara joango gara Unbera jeisteko.

 

Agiñazpi tabernaren ondoan abiatuko gara, Txonta kalean zehar, kalea bukatu arte. Han Salbadorrera doan pista hartuko dugu eta pistari jarraituko diogu bidegurutze bat bera ere hartu gabe Salbador ermita edo baselizara heldu arte.

Oiz eta Urko Salbador gainetik
Oiz eta urko Salbador gainetik

Baselizaren atzean dagoen hesia gurutzatu, eta txabola eta baserriaren artean dauden bi mendi-bideetako eskumakoa hartuko dugu (ezkerrekoa Topinburu gainera iristen da pinudian zehar) Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka zuri eta gorriei jarraituz. Uneoro marka horiei jarraituta, Asurtzako bidera iritsiko gara. Une horretan, Bergararaino joan garela esan dezakegu :)

Salbadorretik Asurtzarako bideko zuhaitz koloretsuak
Salbadorretik Asurtzarako bideko zuhaitzak Txontatik ikusita

Bidera iristeaz bat eskumara egin eta beherantz doan mendi bidea hartuko dugu. Bidean behera eginda, Unbe gainean amaituko dugu. Han aurrerantz egin eta Altamira goikoa baserriraino iritsiko gara. Bideari beherantz jarraitu eta Txontatik Salbadorrera doan pistara helduko gara metalezko txabola baten ondoan. Bertan ezkerrera egin eta Txonta kalera iritsiko gara gure ibilbidea bukatuz.

Eibar inguruan oinez: Txonta - Unbe - Ipurua

Mikel Larreategi 2016/10/04 20:40
Amaña-Torrekuako pasealekuan, Aixolan, saihesbidean edo Olaberen zelaian oinez ibiltzen direnentzako alternatibak eskaini nahi ditut. Betiko pasealekuetatik ihes eginda, natura bete-betean eta ixiltasunean, lasaitasun pixka batekin gozatzeko moduko ibilbideak.

Azkenaldian, denbora libre gehiago dudalako-edo, lanetik irtenda ibilalditxo bat egiteko ohitura hartu dut. Egunero ez, baina sarri egiten dut ibilalditxoa. Udaberritik udazkena bitartean behintzat, ilundu aurretik etxera bueltatzeko bezalako ibilalditxoak egin nahi ditut, eta hemen azalduko ditut egindako batzuk.

Hemen aipatuko ditudanen artean denetik dago, batzuk gora beheratsuak dira aldapa asko dutenak, beste batzuk agian lasaixeagoak. Nire helburua ordubete edo ordu eta erdi inguruko bueltatxoak egitea da eta kotxerik hartu gabe egitea, guztiak etxetik abiatuz egin daitezkeenak.

Urkusutik Ipuruara Unbetik zehar

Maparen arabera, ordu eta erdi inguru eta 5 kilometroko luzera du ibilbide honek. Hasiera Txonta kalearen hasieran du, Agiñazpi tabernan. Txonta kalean zehar aurrera egingo dugu bukaerara iritsi arte, bertan Salbadorrera doan pista hartuko dugu. Pistan zehar Mertxete baserrirako bidegurutzeraino joango gara. Bidegurutzetik metro batzuetara, pista bitan banatzen da eta eskumako bidea hartuko dugu, Unbe dioen kartelari segika.

Aldapak gora egiten du eta pista Iraegi txikia baserrira helduko da. Han gorantz doan mendi-bidea hartuko dugu, BTT ibilbideen kartela duena eta Altamira goikoa baserrian bukatzen dena. Han 180 graduko itzulia egin eta segi egingo dugu, hurrengo bidegurutzeraino.

Altamira goikoa baserri aurreko zuhaitza
Altamira goikoa baserri aurreko zuhaitza

Bidegurutzean 3 bide bereizten dira: ezkerrekoa Azurtzara doa, erdikoa Galdaramiño puntara eta eskumakoak beherantz egingo du Unbe kirolgunera arte; azken hau hartuko dugu. Unbe kirolguneko goiko zelaira heltzean, ezkerrerantz doan pista hartuko dugu. Erreka gurutzatzean pista mendi-bide bihurtuko da eta aldapan gora jarraituko dugu.

IMG_20160418_190243719

Unbe eta Ipurua arteko bidea

Hemendik aurrera, bideari jarraitu besterik ez dugu egin behar, ez baitago bidegurutzerik. Mendi bidea amaitzen den tokian bidegurutze txiki bat dago: txabola bat dago eskumatan eta haritz handi bat haren ondoan. Ezkerreko bidea mendian gora abiatzen da, eta eskumako txaboletara doa. Erdiko bidetik jarraituko dugu Ipurua gaineko ur-arazgailura iritsi arte. Han pistari segika Elgetako bidera irtengo gara, eta han espaloitik, kiroldegi atzetik futbol zelaira iritsiko gara eta ibilbidea bukatuko dugu.

Eguneraketa 2016-10-7: Eskerrik asko Aimar Goenagari azken bidegurutze horren informazioa sartzeko gogoraratzearren.

@erralin Araztegira iritsi baino lehen, nahiz eta pista bideari segitzea den logikoena, alde banatara mendibide bana dagoen (1/2)

— Aimar Goenaga (@aimargoenaga) October 5, 2016
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.